Showing posts with label Irlanda. Show all posts
Showing posts with label Irlanda. Show all posts

2014-03-09

Krimea eta irredentismoa

Demagun datorren asterako Krimean deitu duten bozketa antzeko gauza zabar hori zinezko erreferendum bat dela, behar besteko bermeekin, garaiz deituta, aldeko zein aurkako taldeei aurrekontu eta denbora-tarte bera emanda, eta abar. Eta gutxienean, Kievekin negoziatu ostean beste aukerarik ez dagoela ondorioztatuta.

Inbasio eta anexio zuzena izan ordez, benetako erreferenduma balitz ere, galdera pare bat egin litezke: Stalinek agindutako tartariarren garbiketa etnikoaren eskutik dator lehena, eta ez du berehalako erantzunik. 80 urtera, demografiari buruzko kontuak baloratzea ez da erraza: tartariar haiek —zeinak bizirik dauden biktimetako asko— konponbide eskatzen daramate 20 urte baino gehiago, behin ere ez dira saiatu Stalinek kendu eta egun errusiarrak bizi diren euren etxeak berreskuratzen. Galdera izan liteke, bidegabekeria bat noiz bihurtzen den atzeraezina: Stalinek Europako mapa berrehun kilometro ekialderantz bota zuen; horrek gaur ez du atzera bueltarik. Armeniarrek ez dituzte Turkiako lurraldeak berreskuratuko. Baina horrek esan nahi ote du palestinarrek edo Tindufeko sahararrek etxera —edo gurasoen etxera, askotan— itzultzea ahaztu behar dutela? Ariel Sharonen jarrera ei zen txakur gaiztoarena: «Nahi dutena dei diezadatela, baina nire lorpenek atzera bueltarik ez». Marokoko zein kolonok leukake boto-eskubidea Sahara mendebaldean? Bosnia-Herzegovinako Srpska errepublikari ez zaio aitortzen Serbiarekin bat egiteko aukera, horrek besteak beste Srebrenicako genozidioa justifikatuko lukeelako. Arau orokor bezala, erabakitzeko eskubidea lurralde bateko biztanle guztiei dagokiela onartu behar dugu, baina arau horrek garbiketa etnikoaren muga daukala onartu ere bai.

Edozelan ere, bigarren auzia da interesgarriago Euskal Herritik begiratuta. Krimeak Errusiarekin bat egiteari «sezesio», «separatismo» eta antzekoak deitu zaizkio. Teknikoki, Krimea ez da sezesionista, ez akademian hitz hori erabili den eran gutxienez. Sezesioak estatu berri baten sorrera dakar. Gutxitan gertatzen da, baina badira hainbat adibide: Hego Sudanek 2011n gauzatu zuen Sudanekiko sezesioa, Nazio Batuetan aulkia lortu duen azken estatua da.

Irredentismo deritzo Krimeak egin duenari. Argudia daiteke Krimea Errusia izan dela luzaroan, Sobietar Batasunaren baitan egindako muga-aldaketaren ondorio dela, biztanle gehienek hori nahi dutela, eta denak dira egia. Baina egia da, halaber, munduko ordenaren zutabeetako bat estatuek elkar aitortzea dela, elkarren arteko mugetan. Hala egin zuten Ukrainak eta Errusiak 1992an. Beraz, Sebastopolgo basearen erabilerarekin batera, Errusiak Ukrainari aitortu dio Krimearekiko subiranotasuna.

Erabakitzeko eskubidearen alde dagoenak esan dezake beti dagoela horren alde, erabakia edozein delarik ere. Baina alde nabarmena dago. Autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna aurrez aurre jarri ohi diren eskubideak dira, biak ere Nazio Batuek onartuta. Hagako Auzitegiak Kosovori buruz emandako ebazpenean argi dakar aldea: lurralde batasuna estatuen arteko harremanari dagokio, Nazio Batuetako 2625 erresoluzioan eta Helsinkiko 1975eko IV. Artikuluan jaso legez: «Estatu parte-hartzaileek estatu parte-hartzaile bakoitzaren lurralde-batasuna errespetatuko dute».

Auzi teknikoak bazter, errealitatea da irredentismo kasu asko egon zirela Europan II. Mundu Gerrara arte... eta bakar bat ez dela egon ordutik. Gertatu dira sezesioak, baina ez estatu bateko lurraldea beste estatu batera igarotzea. Londresek aitortu dio eskubide hori Ipar Irlandari, baina ez da egundo gauzatu. Ondorioz, sezesioa edo irredentismoa detaile txikia iruditu daiteke ikuspegi politikotik, baina ez da hutsala. Ez Ukrainan, ez eta Euskal Herrian lehenengo lurralde bat «askatzea» eta gero besteak etorriko direla diotenentzat. Euskal estatu bat sortzea oso zaila da. Estatu horrek auzo-estatuen lurralde berriak bereganatzea, ia ezinezkoa.

Alemania naziak Austriaren Anschluss edo lotura gauzatu zuenekoa konparatu da egunotan. Ez da egokiena, ziur aski. II. Mundu Gerra aurreko azken muga-aldaketa beste bat izan zen, Txekoslovakiako Sudeteak bereganatu zituen Alemaniak, bertako biztanleen bozkariorako. Chamberlainek horrekin munstroa baketuko zela pentsatu zuen, eta Churchillek asmatu aseezina zela. Mendebaldearen orain arteko jarrerak izan du orduko utzikeriaren antzik; abendutik izandako hanka-sartzeak, manipulazioak eta ukrainar ultrak hauspotu dituela onartu ezinik. Gerraostetik Italiarenak ziren Dodekanesoko uharteak eskuratu zituen Greziak 1946an, eta Frantziak kendutako —baina estatuan integratu gabeko —Sarre Alemaniara itzuli zen 1957an. Estatu berri asko sortu dira hamarkada hauetan: Maltatik Estoniara, hogei inguru. Baina ez da behin ere gertatu estatu batek beste baten lurraldea hartzea, Alemaniaren batasuna hala hartu ezean. Gauza asko gertatu dira egun gutxian: astelehenean, Putinek Krimea anexionatzeari ezetz ziotson, eta hara gaur. Datozen zazpi egunak ere zorrotz aztertu beharko dira.

BERRIAn argitaratua

2013-06-23

Territorio libreak

Korsikara zihoan ferry batean daukat lehen irudia, ez dakit zergatik; agian zorroa fakturatu egin nuen eta ordura arte ezin atera. Dena dela, Bastiara ginderamatzan ferry harekin lotzen dut BERRIAren lehen zenbakia. Pozik, harro baina kezkaz ere atera genuen ale hura motxilatik, beste inork ulertzen ez zuen dokumentu arriskutsua balitz legez. Hala zen, neurri batean. Lau hilabete lehenago ikusi genuen zeinen hauskorrak ginen, zeinen babesgabe geunden. Euskarak herri bat zeukan atzetik, euskal erakunde gehienek —abertzaleek baino ez, hasiera hartan— protesta egin zuten, elkartasuna adierazi. Baina hareazko gaztelu baten gisan ikusi genuen geneukan hura txikitu zigutela.

Korsikako bazterretan inbidia sumatu genuen. Urrun zekusaten horrelako zerbait egiteko aukera. Harrotasun berarekin inbidia bera sumatu dut munduko bazterretan, Ameriketako herri indigenetatik Europako hizkuntza gutxituetara.

Oso gutxi dira eguneroko egunkaria daukaten hizkuntza gutxituak. Kurduen Azadiya Welat, Turkiaren erasoetan dozenaka kazetari galdu dituena, eta kito. Europan bertan, Midas elkarteko zerrendari begiratuta, auzo herrialdean estatu hizkuntzak dira nagusi: alemanak Italian, hungariarrak Errumanian, suediarrak Finlandian eta abar. Katalanak dira salbuespen bakar egunkari bat baino gehiagorekin. Eta hortik kanpo? Galizierak duela urte bi galdu zituen Galicia Hoxe eta A Nosa Terra, PPren Xunta glotozidak itota. Irlanderak La Nua galdu zuen. Galeserazko Y Bid egitasmoa jaio ere ez.

Euskara eta katalana kenduta, bi hizkuntza gutxituk baino ez dute egunkaria Europan, biak ere aski txiki eta, gehienentzat, ezezagunak: Alemania ekialdeko sorabiarrek Sorbske Nowiny dute, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren garaian lortutako eskubideei esker, erakunde publikoek finantzatuta. Suitzan bizi diren erromantxera hiztunek ere La Quotidiana daukate, Konfederazioak eta Grisoniako kantoiak ordainduta.

Beste inork ez dauka egunkaririk. Arazoa ez da hizkuntza edo hiztun kopurua, gutxitu izaera baizik. 300.000 hiztun dituen islandieraz badira sei-zazpi egunkari, eta 50.000 hiztuneko faroerak ere baditu egunkariak. Hegemonia da gakoa. Irakurleak faroeraz edo islandieraz irakurtzen du; hortik aurrera helduko dio danieraz edo ingelesezkoari. Baina inoiz ez alderantziz. Estatua izanda eta hizkuntza normalizatzeko neurri zorrotzak egin dituzten Estonian eta Letonian, milioia pasatxo hiztunekin, badituzte dozena bat egunkari, eta errusierazkoak ere badauden arren, estoniera eta letonierazkoak dira jarraitzaile gehien dutenak. Ez dute euskarak baino askoz hiztun gehiago, baina hegemonia bai. Estatuak ematen duen hegemonia. Livonierak aitorpen ofiziala dauka oraindik Letonian, sinbolikoa agian. Livoniera ama-hizkuntza zeukan azken pertsona egunotan hil da, eta ikasi dutenak dozena batzuk dira.

Euskaldunon grina gogorarazi dit BERRIAren urteurrenak. Livonierak, okzitaniar auzoez oroitarazi nau. Atlantikotik Alpeetaraino arnasa hartzeko lekurik ez. Tira, bat bai, Pirinioetan bera. Aran ibarra Kataluniako zati da, eta pribilegioa da hori. Horri ere erreparatu baitiote estatu berria horrenbesteko mimoz landu dutenek. Ibarra Kataluniako eremu burujabe izango da, hala nahi balu estatutik bereizteko gaitasunarekin, egoki deritzon burujabetzarekin eta hizkuntza politikarekin. Aranerak Katalunia independentean dauka etorkizuna segurtatuen. Okzitaniako eremu libreena izango da Aran ibarra.

BERRIAn argitaratua

2013-05-26

Tahiti-Baiona

Frantziako zentralismoak mugimendu independentisten radarretik atera ohi du errepublika Erresuma Batuaren edo Espainiaren aldean. Baina Frantzia da urtetan independentzia-erreferendum bat adostuta izan duen Europako estatu bakarra. Noumeako akordioen arabera, Kaledonia Berriak 2014 eta 2020 bitartean gauzatuko du Frantziaren menpe jarraitu ala bereizi erabakitzeko galdeketa. Horri esker, Ozeaniako artxipelagoa Nazio Batuetako autogobernurik gabeko lurraldeen zerrendatik kendu zuten.

Joan den astean, berriz, Pazifikoko estatu txikiek bultzatuta eta estatu indartsuenak —Frantzia bera, AEB, Erresuma Batua— aurka egon arren, Polinesia Frantsesa lurralde ez-burujabeen, hau da, deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendan sartu zuen Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak. Erreakzio sutsua berehalakoa izan da, bai Parisen bai Tahitin, independentistei boterea kendu berri dieten autonomisten artean. Izan da gogora ekarri duenik denbora luzeago duela Polinesiak Frantziako zati, Hexagonoko zenbait lurraldek baino: Savoia eta Niza 1860an sartu ziren Errepublikan. Giusseppe Garibaldi Nizako seme zen. Historiak baino, ikerleek saltwater test edo itsaso-froga deritzena dago, azkenean: horren arabera, kolonia-izaera, eta horrek dakarren autodeterminazio-eskubidea, metropoliak itsasoaz haraindi dituen lurraldeei legokieke.

Paradoxa bat: 2004tik bost aldiz izan da lehendakari Oscar Temaru independentista, baina ezin izan du erreferendumera deitu, autodeterminazioa kolonia-egoeran daudentzat erreserbatuta dagoelakoan. Maiatzaren 15ean Gaston Flosse autonomistari eman zion aginte-makila, hil hasierako bozak irabazi baitzituen. Baina handik egun bira NBEren erabaki garrantzitsu hori gertatu da, eta hara zelan itzuli den Temaru New Yorketik Tahitira heroi gisa. Berehalako ondorioa izan du: «Deskolonizatu beharreko herrialdea, Jainkoarren! Ahalik bizkorren amaitu behar da horrekin», esan du Flossek. Eta zer hoberik NBEk agindutako autodeterminazio-eskubidearen aldeko ebazpena egitea baino, «gogorarazteko polinesiar herriak daukan eskubide ukaezina Frantziako Errepublikaren baitan bizitzeko». Independentziari ezetz esateko nahi du Flossek, hain zuzen ere, galdeketa.

Ipar Irlandan ere unionista batek baino gehiagok begi onez ikusi zuen Sinn Feinen proposamena, 2016an Irlanda batzeari buruzko erreferenduma egiteko. Hori irabazteak auzia belaunaldi baterako atzeraraziko duela sinetsita daude. Konparazioa aski erraza da: Nafarroaren borondatea argi dagoela esan ohi dutenak behin ere ez dira saiatu nafarrei horren argi zegoena galdetzen. Galdeketa hori irabazteak euskal abertzaletasunaren estrategia guztia hondora bidaliko luke, behin betiko garaipena litzateke espainolismoarentzat, baina ez dira behin ere ausartu.

Aurkako helburuekin izan arren, konponbidea herritarrei galdetzea dela argi dute Polinesiako autonomistek zein independentistek. Auzia hortxe dator, ordea: nortzuk dira herritarrak, zein da subjektua? Egoera kolonialetan ohi denez, independentistek ez dute uste metropolitik denboraldi bat egitera datozenek bozka dezaketenik. Oscar Temaruk argi esan du: «1966tik, saio nuklearren ondoren heldu diren guztiek ez dute bozketan parte hartzeko eskubiderik. Sakoneko aldaketa hori gurean saio nuklearrak egiteak ekarri baitu. Europako Justizia Batzordeak onartu du Kaledonia Berrian hamabost urtez bizi izana (bozkatu ahal izateko). Ni urrunago joango nintzateke; orain, eztabaidan jarri behar da». Gaston Flossek ezetz erantzun du, hori bazterketa litzatekeela.

Hara non, maiatzaren hamazazpian Frantziako oinarrietarik bi astindu ziren. Parisen ia espanturik sortu gabe, bidenabar. Korsikeraren ofizialtasunaren alde bozkatu zuten Aiacciun. New Yorken Polinesia Frantsesa kolonia bat zela aldarrikatu zuten. Heldu den astean autodeterminazio-erreferendumaz mintzatuko dira Tahitin. Aiacciu zein Tahitiko erabakiak, bistan da, Parisa doaz segidan. Lehenak zail du, bigarrenak erraz.

Parisek deskolonizazioa, Errepublikako beste hizkuntzak eta herritarrei hitza emateari buruzko ebazpenak mahai gainean izanen dituelarik, on litzateke Euskal Herritik ere mezurik igortzea. Eta argiena, heldu den larunbatean Baionako karriketan jendetza biltzea Lurralde Elkargoaren alde. Sekula une aproposagorik.

BERRIAn argitaratua

2013-05-05

Lurraldetasun kontuak

Eskozian ez bezala, Espainiaren menpeko nazioek lurraldetasunean dugu oztopo nagusietakoa. Euskal Herrian, inon baino gehiago. Katalunian ere hala zelakoan geunden duela ez hainbeste, baina han zirt edo zart egin dute. Herri Katalanak aintzatestea eskatzen dutenek ere ontzat ematen dute Kataluniako Printzerriak hartu duen bidea, gaur-gaurkoz posible den bakarra delakoan.
Erabakiak alde bi baititu: begi-bistakoa da nazioaren zati baten independentziak nazioaren zatiketa, partizioa dakarrela. Katalunian aspaldikoa da zatiketa hori, horratik, Euskal Herrian baino askoz zaharragoa. Gerraurreko Generalitateak ere ez zuen Herri Katalanekiko berehalako helbururik; euskal autonomiak bai. Baina alde positiboa ere ezin zaio ukatu: pentsaezina da prozesu demokratiko batean hainbat egiturak bat egin eta Estatu berri bat sortzea; aitzitik, egon dagoen egitura batetik bideratu behar da hori. Hori da Kataluniako helburua: herritarrei galdetu ostean, Artur Mas presidenteak erkidego autonomoa Estatu independente bihurtzen dela aldarrika dezala.

Katalunian kontsentsu zabala zegoelakoan, eztabaida lehertu da azken asteotan. ANC Biltzar Nazionalak Mallorcan zeukan taldeak gainontzeko taldeen antzera onartzeko eskatu zuen, biltzar orokorrean hitza eta boza izateko. ANCko gehiengo handi batek aurka bozkatu zuen. «ANCk argazki tristea eman digu; Katalunia izan nahi duen Mallorca eta halakorik nahi ez duen Katalunia» kritikatu du Gabriel Bibiloni Filologia irakasleak. ANCk baditu taldeak atzerrian, «baina eragotzi egiten da nazio katalanaren baitan ANCren lurralde-artikulazioa», esan dute Mallorcatik. Vicent Partalek ere kritika egin zion ANCri «eztabaida guztiz politiko bat auzi administratibo» bihurtzeagatik. «Gertatu behar» zuela uste du, eta «Mallorcako enbidoa, agian gustukoa izan ez arren, ezinbestekoa da: zein da katalanen nazioa?».

Izan da besterik uste duenik ere. Mallorcatik bertatik Davit Jordi Llobet kazetariak arrazoi eman dio ANCri: «Ondo egingo dute indar guztiak argi geratu diren helburuetan kontzentratuta: erabakitze eskubidea Kataluniako estatua lortzeko erabiltzea. Edozein distrakzio, edozein apeta pankatalanista, joko-mahai honetan eta une honetan, Kataluniak Espainiako estatuaren baitan jarraitzea dakar». Nazio kulturala eta politikoa bereizten ditu Llobetek, nazioa batez ere politikoa den fenomenoa deritzo. «Kataluniako Parlamentuak argi utzi du: Kataluniako herria da subjektu juridiko eta politiko subiranoa. Horri, mendebaldean eta iraultza liberaletatik nazio deitzen zaio […] mallorkinismo politikoaren helburua Balear Uharteetako estatua sortzea izan behar da, hori da gure nazio politikoa. Eta gainontzeko herrialde katalanekin (zeintzuekin nazio kulturala edo komunitate etnolinguistikoa partekatzen dugun) izaera konfederaleko elkarlan harremanak sortu, berdintasunean».

Subjektua erabaki behar da, eta oso bide interesgarria ari da urratzen Katalunia. Baina argi izan behar da, halaber, prozesu sezesionistak zailak baldin badira irredentismoa (lurralde batek Estatu bat utzi beste baten zati bihurtzeko) ia ezinezko dela. Irlanda bera adibide (eta han geografia alde dute, uhartea baitira), unionistek nahiago dute Londrestik bereizitako Ipar Irlandako Estatua, Dublinekin bat egiten duena baino. Hego Tirolek ere errazago leukake independentzia, ezen ez Austriarekin bat egitea. Kosovon beste horrenbeste, debekatu egin diote Albaniarekin bat egitea. Sarritan esan dugu: nazioartean lurralde batasuna errespetatzea aldarrikatzen denean, hain zuzen ere, Estatuei buruz ari da, Estatu batek bermea izan dezala beste Estatu batek ez diola lurralderik kenduko. Beraz, Kataluniako prozesu sezesionista arrakastatsua baldin bada, Espainiarekin akordio bat lortuko du, bien arteko mugak argi uzteko eta haren lurraldeekiko aldarrikapenik ez izateko. Arrazoi du Llobetek horretan: Valentziak edo Balear Uharteek errazago dute Estatu propioa eratzea, Kataluniako estatuarekin bat egitea baino. Estatua izanda, burujabea zara erabakitzeko zeure horretan jarraitu ala aldamenekoarekin konfederazioa osatu nahi duzun.


BERRIAn argitaratua

2013-01-27

Britainiar ereduak

Kataluniak beste urrats bat egin duen egunean, beste albistea Erresuma Batutik iritsi zaigu. Belfastetik, probokazioa barkatzen badidazue. Sinn Feinek uhartea batzeko erreferenduma eskatzea ulergarri ere izan liteke euskal ikuspegitik. Inbidia unionismoak dakar, horratik, erronka zelan onartu duten ikusita. Egiaz, aldaketa mugimendu errepublikanoan gertatu da. Ados, ez da berria, Ostiral Santuko akordioetarako ere barneratuta zeukaten ideia baitzen Sei Konderriek bazutela aski entitate, partizioa errealitatea zela alegia, eta erabakitze eskubidearen eremua aitortu behar zitzaiola. Gogoan izan behar da unionistek Ulster izenez gorpuztu gura zuten errealitateak 1921ko zatiketa zuela oinarri bakar, gehiengo britainiarzalea izango zuen ahalik eremu handiena bermatze aldera. Ulster osoa osatuz gero, katolikoak erraz gehiengo izan zitezkeela ikusita, kanpoan utzi zituzten Cavan, Monaghan eta Donegal —azken hori benetako Ipar Irlanda—, uhartean iparren dagoen konderria baita. Kontuak kontu, Ipar Irlanda errealitate da, eta onartuta dago estatusa bertako biztanleek erabakiko dutela.

Erabakitze eskubidea britainiar tradizioaren baitako oinarrietan sakon errotutako kontzeptua da. Sezesioen aurkako mila argudio eman litezke, baina ez ausartu herritarrei horrelakorik debekatzera. Alde ederra nafarren borondatea argi dagoela behin eta berriz dioen UPNren gobernuarekin; hiru mila laguneko herri batek, Etxarri Aranatzek, independentziari buruzko galdeketa proposatu eta berehala debekatu beharra azpimarratzen. Fribolitatea da agian, unionismoak Ipar Irlandan ekarri duen bazterketa eta samina gogoan hartuta, baina estimatuko litzateke Nafarroako unionistek britainiarrengandik zerbait ikastea.

Britainiar ereduak bere du herritarrei ahotsa ematea. David Cameronek Europako Batasunari buruzko galdeketa proposatu du hurrengo legealdian, euroeszeptikoak gustura geratzeko eran. Timothy Garton Ash Europar gaietako adituak Cameron zoriondu du, baina aurkako motiboengatik: europarzale delako nahi duela galdeketa gogorarazi du. Bidenabar, Angela Merkelek inposatzen duen Europa honi ezetz esatea zilegi den gisan saiatu beharko lukete euskal eta katalan independentistek euroeszeptizismoa uxatzen. Gure errealitate bakarra Europa baita. Latinoamerikan diasporak baino ez dira interesgarri ikuspegi independentistatik. Beste Europa bat posible eta behar da, EBtik kanpo egotea ere aukera bat da —ederto dago Norvegia—, baina europar herriekin bat egitea ideia bolibartarra baino zilegiago da: ez da kolonizazio espainolaren ondorio.

Beste Amerika ezezagun batean eman ditut egunok. Obamaren hitzaldia Antilletako aireportu txiki batean ikusten duzularik, esklaboen ondorengo biztanle guztiak adi-adi jarraitzen uharte batean, mundua txiki ere txiki gelditu dela iruditzen zaizu. Anguilla ez duzue mapa gehienetan aurkituko. Duela berrogei urte pobrezia gorrienean matxinatu ziren hamar mila lagun; gaur munduko aberatsen dolarrak jasotzen dituzte, euren hondartza zurietan eta ur gardenetan igeri egiteko. Bizi-maila polito igo die luxuzko baina hotel handirik gabeko turismoaren aldeko apustuak, masifikaziotik urrun. Baina britainiar lurralde da oraindik uhartea. Hubert Hughes lehen ministroa NBEko deskolonizazio batzordean mintzatu zen iaz, eta erabateko independentzia behar dutela berretsi dute. 1967an Anguillako errepublika aldarrikatu zuten, Londresek Saint Kitts uhartearen administraziopean jarri zuela eta. Erreferenduma irabazi eta St Kittseko Polizia kanporatu egin zuten. Handik urte bira beste galdeketa bat deitu, eta britainiar armadak inbaditu egin zuen, zorionez hildakorik gabe. «Gure historiako une erabakigarria izan zen, etorkizuna geure eskutan hartzen hasi ginena», diost Colville Petty historialariak.

45 urte geroago, Hughesek dio garaia dela bere bidea egiteko, beharrezko dela deskolonizazioa. Nazio Batuak ere bat datoz. Londresek ez lioke 1967ko eragozpenik jarriko, bistan da. Baina argudio horiek guztiak alde izan arren, ez du independentzia berehalakoan aldarrikatuko Anguillak. Herritarren esku utzi gura du lehen ministroak. Eta ez da aukera erraza, libre eta burujabe izateko borondate naturalarekin batera, beldurrak baitatoz: britainiar pasaporteak ate asko irekitzen ditu, EBkoa besteak beste. Duela mende erdiko independentzia prozesuak deskolonizaziotik etorri ziren. Egun, erabakitze eskubidea gailentzen zaio.

Anguillatik Ameriketako estatu txikienera jo dugu, St Kitts eta Nevisera. 1983ko independentziaz geroztik, herrialdeko konstituzioko 113. klausulak munduan ia beste inon onartzen ez den eskubidea aitortzen die Nevis irlako 4.000 biztanleei: federazioa utzita estatu independentea sortzeko aukera. 1998an saiatu ziren, eta 170 boto falta izan zituzten konstituzioak ezarritako %66 lortzeko. Karibea da, Antillak, urruneko kontuak, baina ez da deskolonizazioa, herritarrek etorkizuna erabakitzeko eskubidea da. Sezesioa dibortzioa bezain onartua izan dadin.
BERRIAn argitaratua

2012-05-20

Euro Galeusca

Duela hamalau urte argitaratu nuen Euskaldunon Egunkaria-n lehen artikulua —baina orduko ondare gehiena legez, desagertuta dago saretik 2003tik—. Stephen Frears zinema zuzendariaren trilogiako bigarren filma aipatzen nuen, The Van (Furgoneta). Lehendabiziko The Snapper-en —hegoaldean, Café Irlandés— arrakastarik lortu ez arren, Dublingo langile auzo bateko uda kontatzen duen film horrek badauka eszena gogoangarririk: Belfast balitz legez, kaleak laranjaz, zuriz eta berdez margotuta daude, oldar abertzale batek harrapatuta auzunea. Motiboa, Irlandako futbol selekzioa, ezustean, Italiako Munduko Txapelketara sailkatu izana. Lehen faseko taldean irlandarrei nor egokituko, eta Ingalaterra. Partida pubetik ikusten dugu, irlandarren gola, anglosaxoniarren berdinketa. Azkenean, parra, baina ospakizun izugarria daukate tabernan. Eta hooligankeria abertzale betean entzuten diogu gizon serio xuhurrari: «Winston Churchill, Arabiako Lawrence, Elton John, izorrai zuek guztiok!». Komedia sozial batean politika bete-betean sartu zen, edozein herri txikiren gozagarri. Une irrigarria da zinez, zentzumenik oinarrizkoenak piztuta futbolaren eta selekzioen zurrunbiloan guztiz murgilduta. Inoiz baino argiago ageri du eszena horrek berezko selekzioa izatearen garrantzia. Fribolitate puntua onartuta ere, soziologo gehienak bat etorriko direlakoan nago, masa fenomeno sozialak dituen aukerak ukatuak zaizkigula dagokigun estatuarekin nazionalki bat egiten ez dugunoi. Fribolitate horren ondorioz, selekzioen aldeko indar xahutzean uzkur ere izan naiz sarri. «Selekzioa eduki daiteke estaturik gabe ere; hara Gales» argudioa bestela bainekusan: estaturik ezean, edo hartara bideratutako egoerarik gutxienean, zertarako selekzioa? Baina, berriz ere, gaur egun kirolak —futbolak batez ere, tamalez— daukan botere sinboliko eta bateratzailea aintzat hartu behar da ezinbestean. Bilboaldean alarma bat baino gehiago zeuden piztuta, azken urteotako etorkinen seme-alabek —umeak ez dira etorkin, asko hemen jaio dira eta besteak gurasoek ekarri dituzte; eta noiz arte zaren etorkin galdetzera ere bagaramatza horrek, baina beste baterako utz dezagun orain hori—, Real Madril eta Bartzelonako kamisetak, garaileenak, zelan janzten zituzten; munduko talderik berezienaren habian bertan. Athleticen aurtengo denboraldiak Euskal Herriarekiko lehen lotura sentimentala eskaini die milaka euskal herritar berriri Bizkaian.

Eta egunotan irakurri dugu 2020ko Europako Futbol Txapelketa antolatzeko asmoa ere baduela Irlandak... Eskozia eta Galesekin batera. Entsalada zeltiko ederra. Baten batek esango du, berriz ere, kirola eta politika ez direla nahastu behar, baina Hegoaldeko telebistetan, Eurokopa aitzakia sumatzen den hispanokeriaren baitan, ez da kalterako begiratzea zer gertatzen den ez hain urrun: Londresek —Ingalaterrak, Erresuma Batuak, Westminsterrek, britainiar estatuak, deitu nahi bezala—, ez du berba erdirik esan proposamen zeltikoaren aurka. Esaterako, zer demontretan ari diren bere lurraldeko bi erregio atzerriko estatu batekin txapelketa bat antolatzen. Hain gutxi Irlandak, noski, zertan ari den mendeetan zapaldu dituen estatu bateko erregioekin elkarlanean kasu. Gales eta Eskozia nazioak dira, nor bere autonomia maila, bere hizkuntza egoera eta nortasun berezituarekin. Gales, Irlanda eta Eskozia dira, ez Bretainia ordea. An Oriant, Brest edo Roazhon berdin-antzera leudeke Glasgow, Cardiff eta Corken ondoan, kulturaz eta nortasunez. Baina Paris ez da Londres. Eta Madrilek Paris amets, ez Gibraltar kendu eta burla egiten dieten anglosaxoniar liberalak. Baina pertsonak botoa duela eta botoa dela erabakitzeko tresna lar barneratu dugu, eta gutxiegi nazio bakarraren kontua.

BERRIAn argitaratua

2012-04-29

Adierazpen askatasunaz

Datorren ostegunean prentsa-askatasunaren eguna daukagu. Euskal Herrian egunotan egin diogu gorazarre Gernika munduratu zigun George Steer Times-eko berriemaileari. Bestelako mezurik ere jaso dugu, Elgetan. Iraina eta umilazioaren mezua, zenbaiten iritzian, horren gainetik terrorea hedatzeko asmoa irakurri dut nik, «egin genuen eta formal ez bazabiltzate nahi dugunean egingo dugu berriz ere». Baina terrorea lehendik ere bazegoen seinale, mundu guztiak mugikorrean argazki kamera daroan sasoiotan militarren irudirik ia ez izatea da: Europa demokratikoan poliziak inongo ardurarik gabe jartzen dira kamerak dantzan, Berlingo manifestazioetan kameralariaren atzetik arineketan ibilia naiz, hura polizia baten aldamenera zihoala, mutil bat atxilotzen zebilenean. Eta poliziak berak ostentzen zuen bere burua, kamera aurrean ez agertzeko. Burutik pasa ere ez kazetariari agindurik ematea. Gurean, istripuz sutea egon den etxe baten atarian grabatu eta udaltzaina etorria zitzaidan irudi eske, duela ez hainbeste urte. Udaltzainak lizentzia horiek hartzen dituen demokrazian, nork grabatu militarrak.

George Steer omendu da, eta prentsa-askatasunaren egunotan oroitu beharko dira Steer eta besteen lanerako ezinbesteko ziren bertako laguntzaileak ere. Luxuzko fixer, Lauaxeta. Prentsa-askatasunaren lehen biktimetarik gurean. Eta Gernikaren ondoren, Eguna, euskarazko lehen egunkaria jaio eta hil zutela ere 75 urte dira.

Horiez gutxi entzungo dugu datorren astean, eta asko Iranez eta Kubaz eta Siriaz. Baina asteon bertan Hondurasen beste kazetari bat hil dutela, eta estatu-kolpearen ondoren azken urte biotan 18 hil dituztela, inork gutxik nabarmenduko du. Afrikako azal beltza eta Antilletako indigenen garinagu hizkuntza duten garifunen irratia isilarazi zuten iaz, baina kazetari-elkarte ezagunek oihartzun gutxi horiei, Egin-eko kazetari eta langileez ahazten diren legez. Jabier Salutregi, Teresa Toda eta gainontzekoek lau urte eta erdi bete dituzte preso dagoeneko.

Bahrain, Siria, Etiopia, Tunisia, Nepal, Israel, Azerbaijan aipatuko dira maiatzaren 3an. Ez dira konparatzekoak agian, bizia arriskatu eta galtzen duten berriemaileak (bertakoak gehienak, Siriako sunita zein Bahraingo xiita, eta gutxienak mendebaldetik bertara doazenak), eta prentsak dituen ibat edo bi galtzeak itxiera dakarkio. Hizkuntza Gutxituetako Telebistei buruzko jardunaldiak egin ziren Bilbon abenduan, eta galeserazko BBCko eta Irlandako telebista gaelikoko arduradunek hausnartzeko datuak bildu zituzten. «Nola esango diot erreskatea jasan duen gure herriko biztanleari, Nazioarteko Diru Funtsak agindu bezala hogei ospitale itxi behar direla, baina telebista estrategikoa dela?», eta herritarrei emandako zerbitzuez, eta zuhurtziaz egin zigun berba. Telebistak bizi dira, ez ordea gaelikozko egunkaria (hark ere «eguna» esanahi), eta galeserazkoa sortzeko egitasmoa ere ez zuten inoiz burutu.

Gurean, antzeko aitzakiez Nafarroako irratiak eta telebistak desagerrarazi dizkigute, ito-larrian daude hainbat hedabide, eta ez da inoiz berandu kazeta honek berak behar duen ziztada aldarrikatzeko. Armez ixterik izan ez zutenak oihartzun eta elkartasun olatua ekarri zuen, baina horien neurriko arriskuei aurre egiteko unea ere bada.

Une zailetan, ikusten ari gara diskurtso xenofobo eta aldarrikapen miserableenak irteten dira, Hendaiatik Estrasburgora Fronte Nazionaleko bozen ehizan. Hiltzaile islamista bat ibili da Tolosan, baina arrazismoa hauspotzeak dakarrena ere badakigu: Anders Breiviken epaiketa adibide. Eta horren esaldi gorrotagarrien aurrean, Norvegiako herriaz oroitu naiz. Hiltzaileak kultur aniztasunagatik salatutako Ostadarren umeak kantatzera irten dira Oslora. Ahotsa hartu dute, berba eta doinua. Kanta dezagun guk ere, Elgetatik Gernikara.

2012-04-15

Gure gazta zatia

Hegosudandar beltzak sudandar arabiarren aurka borrokatu dira egunotan, Hego Sudanek Hegligeko petrolio gunea berari dagokiola ebatzita. Khartumek, berriz, Kordofan hegoaldeko matxino beltzei laguntzea egotzi dio Jubari. Independentziak ez du arabiar eta beltz animisten arteko gatazka ezabatu, baina inori ez zaio otu lehengoratzea eta denak Sudan bakarrean bizitzea.

Tuaregak Azawadeko eremu zabalean ibili izan dira ahuntz eta dromedario taldeekin. Gaur jeep asiarretan arma modernoak darabiltzatela esan nahi diote munduari, basamortuko eremua beraiei dagokiela. Iparrera, Frantziara eta Aljeriara begiratu beharko dugu haizeak zer dakarren jakiteko. Baina Afrika mendebaldeko estatuek muturra sartzera, pentsatu beharko lukete, Nigerrek bereziki, etxeko tuaregak ere matxina dakizkiokeela.

Itsaspeko lurrak dardara egin du berriz Indiako Ozeanoan, eta Aceh hor dagoela jakinarazi, Sumatrako muturrean. Tsunamiak independentzia gerraren amaiera eta bake hitzarmena ekarri zuen. Urak gora egin ahala espetxetik ihes egitea lortu zuen Irwandi Yusuf independentista egon da ordutik agintean, Zaini Abdullah gerrillakide ohiak hauteskundeak irabazi arte. Eta Indonesiako beste muturrean Papua Askeko Mugimenduak.

Afrika mendebaldetik Asia ekialdera, tamilak, balutxeak, kurduak, uigurrak, tibetarrak, riftarrak, kabiliarrak, Myanmarko katxin eta karenak, Nigerko deltako ogoniak... Munduak hartu duen abiadan, zail dago zail hurrengo estatua non sortuko den iragartzea. Baina sortuko dela erraz esan daiteke, asmakeriatan ibili barik ere.

Ez dago urrun Nazio Batuetako Batzar Nagusian 200. aulkia jarriko den eguna. Hamarkada honetan, badaude lauzpabost galdeketa iragarrita, eta etorriko dira gehiago. Arma eta indar bidez askatu dute bere burua gehienek. Norvegiak 1905ean beste bide bat erakutsi zuen, Suediatik bereiztea bozkatu ondoren.

Europan izan dira gero ere erreferendum gehienak, baina baita odoluste handiak ere, estatuaren mugak noraino iristen ziren ebazteko. Herriek bere burua gobernatzera tematuta jarraitzen dute, eta estatu tradizional, itxi eta atzerakoiek hori eragoztera. Geroz eta gehiago, horratik, iparraldeko haize demokratikoak hartzen dituenak, herritarren borondatea aintzat hartzekoa dela sinetsita. Nork esan behar zigun asteon Le Monde-n agertutakoak irakurriko genituela: Azawaden hasi eta Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoarekin amaitu.

Jon Maiak bildu du hori guztia Gazta zati bat dokumentalean: mundua gazta handi bat bada, denok izan dezagun geure zatia. Aralarko artzain-borda batetik Eskoziako erreferendumeraino eroango gaitu Idiazabaldik abiarazitako Nazioen Munduaren bidetik. Larunbatean da estreinaldia, eta izango du segidarik han-hemenka. Eskozian piztu dute eztabaida, Katalunian bete-betean erantzun, Flandrian mahai gainean dago auzia, Irlandan ere jarri diote data, Faroeetan hurbil dute, eta Euskal Herriak ere bere gazta zatia behar du. Nork berea. Norbere gazta bakea ere bada, ingelesezko piece (zati) eta peace (bake) hitzekin jolas eginda. Afrikan, Europan zein Asian, herri bakoitzak bere bidea hautatzeko aukera izatea lasaitasunerako eta bakerako bidea da. Arbizun berriki arte egon den pintaketa batek zekarrenez: Hau zerbaiten hasiera da.
BERRIAn argitaratua

2012-03-11

Kataluniako Biltzar Nazionala

Nazioarteko PEN Klubaren azken bilera Serbian izan zen joan den irailean. Ez zen euskaldunontzako lekurik abegikorrena, baina Balkanetan abegikortasuna zabala izan ohi da. Kontua da horrelakoak sarri erabiltzen direla, ohiko bilkuraz haratago, lekua jartzen duen herria erakusteko. Kosovoko kideak ere parte hartu zuen azkenean, horratik. Ez dira urte asko elkarri txantxa egiten genionetik, nork izango zuen aurrena estatua. Haiek lortu dute, eta oraindik ez da euskal internazionalista talderik izan, ez elkartasuna adierazteko edo ukatzeko, ezta prozesua bera bertatik aztertzeko ere. Errazago omen espainolez lasai ibil daitekeen Latin Amerikan etxetik ekarritako ideiak berrestea, auzien konplexutasunean kontraesanak agertzen diren Europako herrialdeetara joatea baino.

2014ko PEN kongresua eskoziarrek eskatu dute, noski, Edinburgon nahi gaituzte. Erreferenduma urrirako iradoki du Alex Salmondek. Kongresuak irailean izan ohi dira. Hirugarren rakija pattarrerako, eskoziar azentua ulertzen hasi nintzaion Glasgowko lagunari. Txinatik erbesteratutako uigurra bildu zen eztabaidara. Xuan Bello asturiarraren ipuina zirudien, Bretainiako kongresuan bildu ziren nazioena, porrotak bildu zituela gogoan. Eskoziarrari galtzaileen kluba utziko zuela gaztigatu zion uigurrak. «Zuek ez gaituzue utziko, ezta?» segidan niri.

Urte batzuk lehenago, Ipar Irlandako Newry hiriko pub batean nintzen, Hegoaldeko mugatik hur. Karol Wojtyla Aita Santuaren argazkia horma batean —pub errepublikar batean ikusi dudan bakarra, hori ere egia da—, Salouko hotelean zegoela kanporatu zutela ziostan irlandar preso ohi batek, ETAk udan leku turistikoetan egin ohi zituen erasoren batean. «Han zeuden, brit guztiak asaldatuta; ni, barreari eutsi ezinik, egoeraren absurduan, Irlandatik lasaitasun egun batzuetarako ihesi joan eta euskaldunek harrapatu!». Salou Katalunia zela aipatu nion, eta gure antzekotasun eta desberdintasunak; Tennent's pintak erraz sartzen ziren. «Hara, orain ere eskoziar garagardoarekin ari gara. Zuek gure antzekoagoak zarete, astakiloagoak. Eta uste dut katalanek eskoziarren antz handiagoa dutela». Garagardo arteko konparaketak, estereotipoak, badakizue.

Parentesia itxita, goazen Belgradera bueltan. Itzuli gara hotelera, azken trago baterako geratu gara katalanekin. Alde handiak eta hurbiltasun handia ere badugu. Hispanitatea, baiki. Baina mahaikide ditugun bizpahiru lagunak izan ziren Egunkaria kasua Bartzelonatik mundu erdira haizatu zutenetarik. Egin digute konfidentzia. Eskozia baino lehen egin gura dute erreferenduma. Bide-orria argi dute eta 2012ko martxoan abiaraziko dute. Helmuga, 2014ko Diada, irailak 11 dituenean. «Galdutako independentzia berreskuratuko dugu».

Atzo izan zen, baina nik herenegun idazten dut. Behetik gora egingo dute. Murrizketaz murrizketa diharduen gobernu neoliberaleko alderdia, eta hari hortzak erakutsi eta greba egingo dioten alderdi, sindikatu eta herritarrak, bietarik bildu dira Kataluniako Biltzar Nazionalean. Bildu dira autonomian sinetsi zutenak (mea culpa-rik ez Pujoli, ongi etorri baino, leziorik ikasi nahi balitz), bildu dira Espainia federala nahi zutenak, Katalunian bai baina Espainian federalistarik ez dagoela konturatu direlarik.

Guaiegi ikusi dituzte katalanak euskal abertzaleek askotan, inora ez doazen ekintza sinbolikoetan galduta. Espainiar analista zorrotzenetako batek zioskun, ulermen handiagoa zuela espainiar nazionalismoak Euskal Herrikoarekin. Egurra eman eta jaso, Espainia oso ondo mugitzen den logika da. Baina zailago zaio muturrekoa ematea burgeskume Europazaleari, gorbatadun neoliberal independentistari. Juan Jose Ibarretxe umiliatu daiteke Madrilen. Kataluniarrek bozkatutako estatutua iraindu izana garesti irtengo zaie.

Iazko apirileko Bartzelonako erreferendumaz gero, 250 herri-biltzar eta sektorial eratu dira (Eskuadra-Mosoak, azkenak). Atzo Biltzarra eratu, uda osoan hamar zutabe nazional osatu eta irailean Diada batua dakar bide-orriak. 2013an udal erreferendumak bultzatuko dira, Parlamentuan egiten ari diren legea hartuta, eta horrekin, udal independentisten sarea eratuta, 2014ko erreferenduma prestatuko dute. Eskoziarrek baino hilabete lehenago. Lurraldetasuna argi utzita: egungo erkidegora mugatuta, Valentzia eta Uharteak ez, Ipar Katalunia ere ez. Baina katalan estaturako erlojua abian da. Bigarren argi bat piztu da. Edinburgoz eta Bartzelonaz ari gara, ez Sarajevoz, ez Grozniz. Bi urte eta erdi, 30 hil barru. Eguna jarrita dago.
BERRIAn argitaratua

2012-02-26

Hizkuntzak

Ama-hizkuntzen eguna izan dugu asteon, asteartean, hilaren 21ean. Yucatan maiatik Txile maputxera, Hegoafrikatik Malira, Asia Hegoaldean, Australian zein Kanadan, izan da ospakizunik. Bakea eta Demokraziaren Alderdi (BDP) kurduko diputatu batek, kurdueraz, armenieraz, grezieraz, lazeraz, asirieraz, zirkasieraz, arabieraz eta turkieraz esan zuen: «neba-arrebok, ohorea da norbere ama-hizkuntza». Amed hiriburuan Ehmede Xani Hizkuntza eta Literatura Kurduaren Institutua ireki dute. Ez da meritu txikia, azken urteotako turkiar oldarraldi basatienaren erdian.

Inperioetako hizkuntzek ez zituzten menperatutako herrienak ordezkatu oso berandu arte. Herrien sumisioa eta zergak ordaintzea aski izan ohi zuten otomanoek, austriarrek eta bestek, erabateko asimilazioa bilatu gabe ere. Egun, estatu-hizkuntza nagusitzeko ahaleginean dihardute askok oraindik, Pekinetik Riadera. Mendebaldean, berriz, ingelesa gailendu dela jakitun, hizkuntzak babesteko politikak nagusitzen dira Australiatik Estatu Batuetara. Beranduegi denean, ahal dena jaso, museoan eder geratu dadin. Hala diosku Joxe Manuel Odriozolak: «asimilazioak bere lana egina baldin badu (...) hildurak jotako hizkuntza eskolaratzeak zer-nolako ondorioak dakartza? Hutsaren hurrengoak, uste izatekoa denez. Ez dauka zertan kezkaturik Estatuaren nazionalismo totalitarioak» (Estatu etnozidaren kontra, 2011). Frantzian eta Ipar Euskal Herria gogoan hizkuntzaren folklorizazioa deitzen dio, «hainbat jende pozarren lehertu ohi da. Eta ez da harritzekoa, zeren ez baitu halakorik ezagutu seguru asko bizitza osoan». Bada, Nicolas Sarkozyk badu zertan kezkatua, nonbait, Frantzia maite duenak ezin baitu eskatu Europako Hizkuntzen Karta izenpetzea. Berak sinesten ei du hizkuntzen iraupenean, baina «gutxiengo guztiei hizkuntza eskubideen aitorpenean, horiek Europako Gorte baten kontrolpean uzteko, zeinak gure historia nazionala eta tradizio errepublikanoa aintzat hartu gabe jujatuko baitu». Ezin ukatu argi mintzo dela. Aitor Renteriak bikain laburbiltzen du kazeta.info-n: «Esklabista zaharren garaira itzuliz, jabe onak esklaboei erran zien askatasuna ezinezkoa dela, baina eskuzabala dela eta badakiela ezikusiarena egiten. Akta ofizialak frantsesez egiten direla eta ondoan euskarazko itzulpena jar daitekeela. Txineraz, bantuz edo proto-euskaran eginen balira bezala, apaingarri, exotiko».

Exotismoa ez da beti haizu, baina: Ama-hizkuntzen egunaren biharamunean, paragrafotxo baten irakurri genuen Izarbeibarko euskararen ordenantza Legearen aurkakoa dela, ezin dituela dokumentuak elebitan egin. Izena ere ukatzen dio, Valdizarbe soilik behar du. Izenik gabe izanik ez. Lehenago Tafallak legez, Miranda Argak eskatu berri du eremu mistoan sar dezatela herria.

Bitartean, BBCk, Txillardegitik abiatuta, galesaren eta euskararen antzekotasunak (azalera, hiztun kopurua), eta desberdintasuna nabarmentzen zituen: Hegoaldeko erakundeek Galeskoek baino lau aldiz diru gehiago ei darabiltzate euskara bultzatzeko. Politikoki britainiar pragmatismoa goratzen ari garen aldian, ifrentzuak beldurra ere badakar. Irlandako gaelikozko telebista zuzendariak hala zioen abenduan Bilbon egindako jardunaldietan: Nazioarteko Diru Funtsak erreskatatutako herrian, zelan konbentzituko ditut Gobernua eta herritarrak gaelikozko telebista beharrezko dela eta dirua behar duela, ospitaleak ixten ari direlarik?

Txillardegik berak esan zuen Irlanda ez zela eredu. Baina inspirazio iturri ziren herrialde baltikoek ere zer ez egin erakutsi dute berriki. Letoniak ezetz esan zion errusiera ofizialtzeari, espero bezala, duela astebete egindako erreferendumean. Eslaviar biztanleen hankasartze estrategikoa izan da, letoniar abertzaletasuna hauspotu du errusiar «mehatxuaren» aurrean. Estatu gisa hondoa jota dago, biztanleen ehuneko 15 boto-eskubiderik gabe oraindik eta ofizialki baztertuta egon arren, errusiera da nagusi bai Rigan bai hainbat hiritan, ekialdean bereziki.

Haserretu da Vladimir Putin Letoniarekin, lehen Estonian istiluak hauspotu zituen legez. Haserre egin zuen herenegun berba, datorren asteko hauteskundeetan datu guztiak alde ez dituelakoan. Errusiartasunez hanpatuta, hilak 23 zituela ezaxola. Txetxeniarren genozidioaren urteurrena da, Stalinen aginduetara nazio osoa trenetan sartu eta Kazakhstanera bidaliko zituenekoa. Erdiak ez ziren iritsi. 
BERRIAn argitaratua

2012-01-22

Letonia-Nafarroa-Txillardegi

2001ean Adios herriko (orduan Adiotz deitu behar genion euskaraz, gerora gaztelerazkoaren parekoa erabiltzea onartu du Euskaltzaindiak) galdeketaren albistea egin nuen, Euskal Telebistako albistegietan. Uxue Barkos nuen editore, lanbide honetan konfiantza handienetakoa eman didan pertsona, beti zorrotz, beti euskaltzale.

Azken orduan agindu zidan Izarbeibarko udalerri haren berri ematea. Herria eremu ez-euskaldunetik mistoan sartzea bozkatu zutela uste dut (marka da interneten dena ei dagoen garaian duela hamar urteko albisterik ezin topatzea. Baina Egunkaria-ren absoluzio eta guzti, 1991-2003 arteko artxibo bikain hori desagertuta dago, liburutegi osoa erreta Iñigo Aranbarrik esan bezala). Kontua da, euskararen aldekoek irabazi egin zutela. Ez dakit zelan eman nuen albistea, baina gauza positibotzat hartu genuela bai. Biharamunean, Gara-k bestelako irakurketa egiten zuen: eskubideak ez dira bozkatzen. Hau da, gehiengoaren iritzia eremu ez-euskaldunean geratzea balitz ere, euskaldunek eskubideak izaten jarraituko lukete. Hau da, gehiengoak ez dauka gutxiengoari eskubideak ukatzerik.

Horixe ekarri dit gogora egunotan Letoniako kazetari adiskide batek esandakoak, eta Nafarroako Legebiltzarrean gertatu denak (eremu ez-euskalduna misto bihurtzeko proposamenari PSNk emandako ezetzak, PP eta UPNrekin batera). Txillardegi zenak aspaldi adierazi zuen herrialde baltikoetako bidea, independentzia lortu eta hizkuntza galdu zuen Irlandaren aurretik (hori Euskal Herriko paradoxa: euskarak estatua/independentzia behar du bizitzeko, baina independentziak erdaldunak —ere— beharko ditu, balizko galdeketan gehiengoa izateko). Estatu baltikoetako errealitatea, Letoniakoa batez ere, ondoen ezagutzen dutenetakoa da Asier Blas, eta ñabardura eta kritika ugari egin dizkio eredu horri. Aski interesgarria da Blasen blogean barneratzea, hizkuntza normalizatzeko ereduaren —eta balizko independentzia eta estatua eratzeari buruzko— porrotaren berri izateko. Datu soil bat: duela hogei urte independentzia lortu zuenean 2,6 milioi herritar zituen Letoniak, egun ez da bi milioira iristen. «Biztanleen % 25 baino gehiago galdu ditu, gerra gogor eta lazgarria sufritu duen herrialde baten datuak dira» argitu izan du Blasek.

Testuinguru hori ahaztu gabe, hizkuntzaren auzia berriz ere hizpide daukate Letonian. Eta errusiera ofizialtzea eskatzen duen erreferenduma egingo dute otsailaren 18an. Errusieraren aurkako neurriak gogortu ahala, eslaviar jatorriko herritarrak antolatu eta erreferendumaren aldeko 187 mila sinadura lortu zituzten. Letoniako zentsuaren %10ak (154 mila lagunek) erreferendum eskaera eginez gero, hala egin behar da. Ostiralean Auzitegi Gorenak galdeketa berretsi zuen, eta atzera bota eskuineko bi alderdiren eskaera, bertan behera gera zedin. Ez dago zalantza askorik emaitzari buruz: zentsuaren erdiaren botoak beharko lituzkete errusieraren aldekoek. Biztanleen ehuneko berrogei inguruk dute eslaviar jatorria, baina ehuneko hamabostek ez dauka herritartasunik (bote eskubiderik ere ez, beraz), besteak beste letonieraz ez dakitelako. Hala ere, letonieraz bikain dakiten milaka herritarren aurkako arrazakeriaren berri eman izan du Asier Blasek sarritan, eslaviar jatorria izan edo ezkerreko alderdietan (gehienetan bat datoz) aritzeagatik.

Bestelako politikak egon dira Lituanian, baita errusiar jatorriko biztanle asko dituen Estonian ere. Txillardegiren sokak merezi du jarraipenik, Baltikoko, Irlandako eta beste herrietako arrakasta eta porroten berri izateko. Baina hizkuntza-eskubideak eta herritarren borondatea ere aintzat hartu beharko lirateke. Duela 25 urte euskal eremuan sarturiko udalerri batzuetan zegoen euskaldun kopurutik gora daukate gaur eremu ez-euskalduneko zenbait udalerrik. Eta parlamentuek edo udalbatzek dena erabaki ordez, herritarrei hitza ematea ez da esperientzia txarra, norbere herria non kokatu erabakitzeko.
BERRIAn argitaratua