Showing posts with label Gibraltar. Show all posts
Showing posts with label Gibraltar. Show all posts

2013-08-18

Dibortzioa eta aitapontekoak

Espainiaren helburuekin bat egin arren bestelako irakurketa egiten duten artikulu bi aipatu nahi ditut gaur. Miguel Gonzalez El País egunkariko kazetariak, argumentu berririk ez, eta katalan lagunei ohiko mehatxu zerrenda egiten die —EBtik kanpo, eta abar—. Baina segidan aitortzen du: «Hau guztia esaten diet [...] Baina badakit ez ditudala konbentzituko, urteotan zulatu dugun mesfidantzaren amildegia hain baita zabala ze, ez dut ikusten zubiak berriz eraikitzeko erarik».

Independentzia atzera bueltarik ez daukan zerbait bezala onartzen du: «Ziur aski beranduegi da. Ezkontzeko, beharrezko da bik nahi izatea, baina dibortziatzeko aski da batek etsitzea. Eta ezin diozu atzera eginarazi argumentu arrazionalekin, desamodioak ukitu duenean. [...] Beraz, orain bazoazela badirudi-eta, zu gerarazteko asmorik gabe, egindako akats-mukuruaz jakitun baina baita elkarrekin daukagun guztiaz ere, maite zaitudala jakin dezazun nahi dut». Kazetariak ederto darabil dibortzioaren konparazioa, harremana amaitzen denean nagusitzen den tristuraz eta porrot sentimenduaz.

Katalunia badoa. Espainiak berak botata. Gonzalezen moduan, Katalunia gehiago maite eta errespetatzen duten espainiar gehiago egon balira, 2014an ez litzateke independentzia erreferendumik egongo. Independentistak egongo ziren, noski, baina beti izan direnak gutxi-asko, ez urteotan estatua sortzea irtenbide bakar ikusi duten milaka katalanak. Kazetariak berak iradokitzen du Katalunian bizi zenean lagun zituenak independentista aurkitu dituela; hau da, lehen bestela uste zuen jendea aldatu egin dela. Eta ez du esaten kazetaria bera ere han geratu izan balitz, ziur aski, independentismoaren lerroetan legokeela gaur egun, Espainiak behartuta.

Espainiako kazetari onenetakoak —El País-etik kaleratua— antzeko tonua darabil Gibraltarri buruz. Ramon Lobok 1969tik 1982ra muga ixtearen ondorioez dihardu: «Espainiak ez zituen soilik Harkaitza, portua eta bestelakoak galdu, gibraltardarrak ere galdu zituen. Gaur Harkaitzean agintari den belaunaldia isolamenduan hazi zen. Hesia itxita (espainiar) hizkuntza galdu zen, ingelesak irabazi zuen».

Amarru ezaguna da etxeko miseriak ezkutatzeko kanpoko etsaia bilatuta esentzia nazionalistak xaxatzea. Baina munduko bosgarren armada indartsuena (eta Europako lehena) daukan eta NBEko Segurtasun Kontseiluan beto-eskubidea daukan estatuaren aurka joatea ez da oso zuhurra. Ez da, egoera arruntean; zure estatuaren lurraldetasuna sezesio-prozesu baten atarian dagoenean, burugabea da. Katalunia eta Gibraltar Espainiaren jarrerak batzen ditu: gorroto duen zerbait (Gibraltar/Katalunia) bere nahi du, eta horretarako, limurtu ordez, ahal duen okerren tratatzen du.

Kataluniak ez ei dauka autodeterminazio eskubiderik, ez delako kolonia. Gibraltarri, berriz, deskolonizatzea dagokio, baina Londresek egin behar du hori, gibraltardarrek ez daukate autodeterminatzerik. Auzia nazioarteko auzitegietara, Justizia Gortera eramateko mehatxua egin du Madrilek. Eta atoan gogorarazi dio Gibraltarrek hori beti eskatu izan duela eta Espainia izan dela arriskurik gura izan ez duena. David Cameronek bat egin du, eta tonua igo: «Autodeterminazioak lurralde-batasunak baino gehiago axola du». Ez du Gibraltar aipatu. Agian ez zen Gibraltarri buruz soilik ari. Herenegun Europari dei egin zion, udazkenera itxaron barik bidal ditzan behatzaileak.

Sezesio-prozesu gehienak potentzia handiren baten interes edo babesean gertatu dira, tamalez. Katalunia ere hasi ei da nazioarteko lanean: Islandia edo Eskandinaviako tradizio demokratikoan lehen aitorpena bilatzen estatua aldarrikatzean eta, era berean, Alemaniari independentzia «erostea». Hau da, Espainiako zorrari dagokion zatia eta are gehiago ordaintzeko prestutasuna agertzea, eta lasaitasuna ematea bidenabar Europar Batasunari.

Eta hara zelan Espainiaren baldarkeria tradizionalak, miseriak ezkutatzeko trikimailuak, are potentzia garrantzitsuagoa hurbilarazi dion Kataluniari. Aliatu interesatua, baina gutxienekoa da hori, jokoan hainbeste dagoenean. Eskoziak 2014ko irailaren 18an dauka erreferenduma. ERCk data horren aurreko bi igandeetako batean egin nahi du. Eskoziar foroetan ere gustuko dute ideia, Katalunian independentziak alde handiz irabaztea mesedegarri izango zaielakoan.

Katalunian badakite EB estatuen kluba dela eta inor ez dela Espainiarekin aldez aurretik etsaituko. Londres aski urrun iritsi da honezkero adierazpenetan. Baina ohiko jarrera Espainia ez haserraraztea izango da... Kataluniak independentzia gauzatu arte. Gero, uste baino interes handiagoa izan lezakete estatu batzuek Europako estaturik ustelenetakoa, buruko min handienetakoak dakarzkiona, pixka bat txikiagoa izan dadin.

BERRIAn argitaratua

2013-08-11

Gibraltar eske, Katalunia galdu

Politikan ohiko akatsa da pentsatzea memoria guk baino ez daukagula. Guri egin dizkiguten guztiak gogoratzen ditugun arren, ahaztu egingo dituztela guk haiei egindakoak». Hala esan ohi du lagun batek.


Erresuma Batuarekin batera, Alemania da ziur aski Estatu Batuen zaleen den Europako nazioa. Berlingo Luftbrucke edo Aireko zubiak badauka zerikusirik horretan. 1948an Berlin mendebaldea setiatu eta itxi zuen Sobiet Batasunak, hartara laster aliatuek hiri osoaren kontrola emango ziotelakoan. Baina, berehala, Tempelhof aireportu txikira AEBetako hegazkinak iritsi ziren, eta ia urtebetez airez hornitu zen hiriko mendebaldea. Alemanen AEBekiko esker ona gaur arte iristen da.


Argentinak ez zuen 1982ko gerra soilik galdu; Malvinak ere galdu zituen. Diktaduratik oso desberdina den gobernu ezkertiarra dauka gaur Argentinak. Baina Malvinetako auzia deskolonizazioan kokatzen du oraindik ere. Asteon bertan, Nazio Batuetan egon da Cristina Fernandez hori gogorarazten. XIX. mendeko gertaerekin argudiatzen dute malvinarrek aurten ia ehuneko ehun adierazitakoak ez duela balio. Baina orain hiru hamarkadako erasoaz berbarik ez.

Serbiarrak eta albaniarrak etsai historikoak izan dira, baina 1998ko erasoak ekarri zion Serbiari Kosovo galtzea. 1981ean Jugoslavia barruko errepublika bat gehiago izatea nahi zuten albaniarrek. Ez dira gutxi, Serbian bezala, Titoren garaian gomutan diren Kosovoko albaniarrak, baina ez eskatu Belgraden menpera itzultzerik.

Harekin lotuta, egunotan bete dira bost urte Hego Osetiako gerratik. Mikhail Saakaxvili georgiar lehendakariak auzi izoztua berehala konponduko zuela pentsatu zuen, Tskhinvali hiriari erasota. Errusiako armada mugan zeukan zain —askok uste dute Moskuren tranpan bete-betean erori zela Misha—, eta Washingtongo lagunik agertu ez. Georgia pieza ahulegia zen, George Bush Errusiaren aurkako gerran sartzeko. Moskuk Kosovoren mendekua hartu zion mendebaldeari, eta Hego Osetiako eta Abkhaziako independentziak onartu zituen. Lezio asko daude ordukotik, baina horietako bat da Georgiak egun bakarrean lortu nahi zuen hori, betiko edo oso luzerako gutxienez galdu duela.

Espainiak antzeko arazoa dauka. Gibraltarrekin azaleratu da egunotan, etxeko zikinkeria tonak ezkutatzeko maniobra aski zabarrean. Bestela ere, hori du berezko jarrera historikoa. Zurruntasunak hori du arazo, tolesterik ez bada, apurtu egiten dela. Britainiar inperioa da denetan tolesena ziur aski, Commonwealth eta bestelako egituren bidez: lurralde bakoitzak burujabetza eta estatua ditu, baina hortxe dirau Londresekiko lotura historikoak, Kanadatik Australiara eta Hego Afrikatik Indiara.

Gibraltardarrak hamahiru urtez egon ziren, 1982 arte, hiritik lurrez irten ezinik, telefonoz ere mugaz beste aldeko senideekin hitz egin ezinik. Espainiak mugan egunotan eragindako ilarek eta jazarpenek, horixe bera gogorarazi diete: auzoak beretzat nahi dituela baina, era berean, gorrotoz tratatzen dituela beretzat nahi duen lurraldeko herritarrak.

Espainiako gobernuak ustelkeria kasuak ezkutatzeko modurik baldarrena hautatu du, ziur aski. Kataluniatik formalki erreferenduma adosteko bilera eskatu zaion unean, gainera. Hilabete falta da ehunka mila lagunek Kataluniako kostalde osoa hartzeko independentzia eske. Gero, 360 edo 370 egun, eta galdeketa. Eskoziako erreferenduma baino egun gutxi batzuk lehenago, ERCk adierazteko borondatea betez gero.

Hori ikusirik, okerrena pentsatu behar dela dio Hector Lopez Bofill irakasleak, «Espainiak Jugoslaviaren gisa amaituko du. Kataluniak Esloveniaren egitekoa betetzea baino ez dut espero. Bisturi-mozketa azkar eta eraginkorra, hamar eguneko gatazka eta hildako gutxi». Espainiak «berunezko ukabila» erabiliko ei du «beldurrak eta historian hainbeste errepikatu den sarraski atabikoaren hurbiltasunak Kataluniako klase ertainen grina desegingo duen esperantzan (...) Espainiak denak hondora eraman dezake, biziraupen nazionaltzat daukana jokoan badauka». Katalunia galduta, Espainiak beste lurralde aberatsekin (Herrialde Katalanetako gainontzekoak eta Euskal Herria) zelan jokatuko lukeen, eta balizko Bosniaren lekua Nafarroak edo Valentziak izan lezakeela ere iradokitzen du Lopez Bofillek. Baina egunotako matxokeriak eta Espainiaren bular hanpatzeak, gutxienez, atezuan izan gaitzala, eta egoeraren neurria hartu. Hilabete falta da Diadarako, hamahiru hil Espainia apurtzeko. Lehenago Espainiak berak harakiria egiten ez badu, historian hainbestetan legez.

BERRIAn argitaratua

2013-07-14

Gibraltar


Britainiarrek 1704an konkistatu zuten Gibraltar, eta 1713an onartu zuen Espainiak, Utrechteko tratatuan, hiri hori britainiar koroaren menpera pasatzea. Atzo bete zuen hirugarren mendeurrena hitzarmen hark. Hiru mendetan hainbat aldiz setiatu du hiria Espainiak, eta behin eta berriz porrot egin du.

Lehen hamarkadetako ahaleginen ostean, britainiarrak munduko potentzia garrantzitsuena ziren XIX. mendean. Espainiak aspaldiko oroitzapen zuen posizio hori: Ameriketako ia lurralde guztiak matxinatu eta independentzia eskuratu zuten mende hasierako gerretan, eta amaieran azken koloniak galdu zituen, berriz ere inperio anglosaxoniar baten eskutan, AEB oraingo honetan.


II. Mundu Gerran hainbat negoziaziotako mintzagai izan ei zen hiria, Hitler eta Francoren artean ere bai. 1954tik Gibraltarren aurkako neurriak hartu zituen Espainia frankistak. Nazio Batuen lurralde kolonizatuen zerrendan sartzea lortu zuen Espainiak, eta 1964tik Londresen eta Madrilen arteko negoziazioak izan ziren. 1967an erreferenduma egin zuten; %95eko parte hartzearekin, %99,64k britainiar subiranotasuna hautatu zuten. Berrogeita lau lagunek baino ez zuten hobetsi Espainiako zati izatea, britainiar nortasuna errespetatuko zitzaiela agindu arren. Hala eta guztiz, hiriak bere burua autodeterminatu bazuen ere, NBEren zerrendan dirau Gibraltarrek. Espainiaren lurralde-osotasunaren aitzakian, gibraltardarren «interesak» aipatzen dira, baina ez da aintzat hartzen gibraltardarren «borondatea», ez eta subjektu gisa onartzen ere.

1969an Gibraltargo Konstituzioa onartu zuten. 1713tik hiriaren estatusean egondako aldaketa nagusia zekarren: britainiar gobernuak ez zuela inoiz adostuko Gibraltargo herritarrak beste estatu baten soberaniapera pasatzea, haiek demokratikoki eta askatasunez adierazitako borondatearen aurka. Francoren Espainiaren erantzuna muga ixtea izan zen. Hamahiru urtez egon zen Gibraltar bakartuta; berriz ere setioa sentitzen zuten gibraltardarrek.


Espainiak konkistan sinetsi du betitik, inor limurtzean eta borondatez bereganatzean baino gehiago. Mendeetako gainbehera «dena ala ezer ez» horretan oinarritu zaio, bere posizioari zurrun eusten, azkenean posizio hori guztiz hautsi eta erabat galdu arte.

Azken hogeita hamar urteotako jarreran une gogorragoan eta negoziaziora emanagoak izan ziren beste batzuk izan dira, baina elementu komun bat beti: gibraltardarrei hitzari jaramonik, subjketu izaera bera ukatzea, eta Londresi soilik aitortzea hitz hori balizko negoziazioetan. Baina zeinen bide laburra zen agerian utzi zuen horrek 2002an: Espainiak eta Erresuma Batuak subiranotasuna partekatuari buruz lortutako hitzarmena atzera bota zuten gibraltardarrek erreferendumean.

2003tik sortutako Espainiako gobernu sozialistak ez zuen Gibraltar bereganatzeko urratsik egin, baina gutxienez, mahaira onartu zuen lehen aldiz. Eskuindarrek gogor kritikatu zuten, eta boterea lortzeaz gero PPk berriz ukatu dio hitza, zuzenean Londresekin negoziatu beharra duelakoan. Erresuma Batuak, baina, aspaldi heldu zion autodeterminazio eskubideari oinarrizko printzipio gisa. Egia da hiriak deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendan jarraitzen duela, bai Gibraltargo gobernuak bai Erresuma Batukoak hiria lurralde «autodeterminatutzat» jo arren, behin eta berriz agerian utzi baitu britainiartasuna eta, batez ere, Espainiarekin bat egitearen aurkako jarrera.

Espainiak 1713ko akordioa du aipagai. Historia borondatearen aurka. Hiru mendetako porroten zerrenda da Espainia. Erresuma Batuak inperioa bortitza eratu eta desegin zuen, eta gaur eguneraino datorren lotura eta kolonia ohien sarearen zentro da Londres oraindik. Potentzien arteko gerrak sortutako subjektu koloniala izan zen Gibraltar, bai, baina horrek ez du atzera bueltarik. Etorkizuna da negoziatu beharrekoa, ez iragana. Eta etorkizuna gibraltardarren esku egongo da.

BERRIAn argitaratua

2012-05-20

Euro Galeusca

Duela hamalau urte argitaratu nuen Euskaldunon Egunkaria-n lehen artikulua —baina orduko ondare gehiena legez, desagertuta dago saretik 2003tik—. Stephen Frears zinema zuzendariaren trilogiako bigarren filma aipatzen nuen, The Van (Furgoneta). Lehendabiziko The Snapper-en —hegoaldean, Café Irlandés— arrakastarik lortu ez arren, Dublingo langile auzo bateko uda kontatzen duen film horrek badauka eszena gogoangarririk: Belfast balitz legez, kaleak laranjaz, zuriz eta berdez margotuta daude, oldar abertzale batek harrapatuta auzunea. Motiboa, Irlandako futbol selekzioa, ezustean, Italiako Munduko Txapelketara sailkatu izana. Lehen faseko taldean irlandarrei nor egokituko, eta Ingalaterra. Partida pubetik ikusten dugu, irlandarren gola, anglosaxoniarren berdinketa. Azkenean, parra, baina ospakizun izugarria daukate tabernan. Eta hooligankeria abertzale betean entzuten diogu gizon serio xuhurrari: «Winston Churchill, Arabiako Lawrence, Elton John, izorrai zuek guztiok!». Komedia sozial batean politika bete-betean sartu zen, edozein herri txikiren gozagarri. Une irrigarria da zinez, zentzumenik oinarrizkoenak piztuta futbolaren eta selekzioen zurrunbiloan guztiz murgilduta. Inoiz baino argiago ageri du eszena horrek berezko selekzioa izatearen garrantzia. Fribolitate puntua onartuta ere, soziologo gehienak bat etorriko direlakoan nago, masa fenomeno sozialak dituen aukerak ukatuak zaizkigula dagokigun estatuarekin nazionalki bat egiten ez dugunoi. Fribolitate horren ondorioz, selekzioen aldeko indar xahutzean uzkur ere izan naiz sarri. «Selekzioa eduki daiteke estaturik gabe ere; hara Gales» argudioa bestela bainekusan: estaturik ezean, edo hartara bideratutako egoerarik gutxienean, zertarako selekzioa? Baina, berriz ere, gaur egun kirolak —futbolak batez ere, tamalez— daukan botere sinboliko eta bateratzailea aintzat hartu behar da ezinbestean. Bilboaldean alarma bat baino gehiago zeuden piztuta, azken urteotako etorkinen seme-alabek —umeak ez dira etorkin, asko hemen jaio dira eta besteak gurasoek ekarri dituzte; eta noiz arte zaren etorkin galdetzera ere bagaramatza horrek, baina beste baterako utz dezagun orain hori—, Real Madril eta Bartzelonako kamisetak, garaileenak, zelan janzten zituzten; munduko talderik berezienaren habian bertan. Athleticen aurtengo denboraldiak Euskal Herriarekiko lehen lotura sentimentala eskaini die milaka euskal herritar berriri Bizkaian.

Eta egunotan irakurri dugu 2020ko Europako Futbol Txapelketa antolatzeko asmoa ere baduela Irlandak... Eskozia eta Galesekin batera. Entsalada zeltiko ederra. Baten batek esango du, berriz ere, kirola eta politika ez direla nahastu behar, baina Hegoaldeko telebistetan, Eurokopa aitzakia sumatzen den hispanokeriaren baitan, ez da kalterako begiratzea zer gertatzen den ez hain urrun: Londresek —Ingalaterrak, Erresuma Batuak, Westminsterrek, britainiar estatuak, deitu nahi bezala—, ez du berba erdirik esan proposamen zeltikoaren aurka. Esaterako, zer demontretan ari diren bere lurraldeko bi erregio atzerriko estatu batekin txapelketa bat antolatzen. Hain gutxi Irlandak, noski, zertan ari den mendeetan zapaldu dituen estatu bateko erregioekin elkarlanean kasu. Gales eta Eskozia nazioak dira, nor bere autonomia maila, bere hizkuntza egoera eta nortasun berezituarekin. Gales, Irlanda eta Eskozia dira, ez Bretainia ordea. An Oriant, Brest edo Roazhon berdin-antzera leudeke Glasgow, Cardiff eta Corken ondoan, kulturaz eta nortasunez. Baina Paris ez da Londres. Eta Madrilek Paris amets, ez Gibraltar kendu eta burla egiten dieten anglosaxoniar liberalak. Baina pertsonak botoa duela eta botoa dela erabakitzeko tresna lar barneratu dugu, eta gutxiegi nazio bakarraren kontua.

BERRIAn argitaratua