Showing posts with label indigenak. Show all posts
Showing posts with label indigenak. Show all posts

2013-06-23

Territorio libreak

Korsikara zihoan ferry batean daukat lehen irudia, ez dakit zergatik; agian zorroa fakturatu egin nuen eta ordura arte ezin atera. Dena dela, Bastiara ginderamatzan ferry harekin lotzen dut BERRIAren lehen zenbakia. Pozik, harro baina kezkaz ere atera genuen ale hura motxilatik, beste inork ulertzen ez zuen dokumentu arriskutsua balitz legez. Hala zen, neurri batean. Lau hilabete lehenago ikusi genuen zeinen hauskorrak ginen, zeinen babesgabe geunden. Euskarak herri bat zeukan atzetik, euskal erakunde gehienek —abertzaleek baino ez, hasiera hartan— protesta egin zuten, elkartasuna adierazi. Baina hareazko gaztelu baten gisan ikusi genuen geneukan hura txikitu zigutela.

Korsikako bazterretan inbidia sumatu genuen. Urrun zekusaten horrelako zerbait egiteko aukera. Harrotasun berarekin inbidia bera sumatu dut munduko bazterretan, Ameriketako herri indigenetatik Europako hizkuntza gutxituetara.

Oso gutxi dira eguneroko egunkaria daukaten hizkuntza gutxituak. Kurduen Azadiya Welat, Turkiaren erasoetan dozenaka kazetari galdu dituena, eta kito. Europan bertan, Midas elkarteko zerrendari begiratuta, auzo herrialdean estatu hizkuntzak dira nagusi: alemanak Italian, hungariarrak Errumanian, suediarrak Finlandian eta abar. Katalanak dira salbuespen bakar egunkari bat baino gehiagorekin. Eta hortik kanpo? Galizierak duela urte bi galdu zituen Galicia Hoxe eta A Nosa Terra, PPren Xunta glotozidak itota. Irlanderak La Nua galdu zuen. Galeserazko Y Bid egitasmoa jaio ere ez.

Euskara eta katalana kenduta, bi hizkuntza gutxituk baino ez dute egunkaria Europan, biak ere aski txiki eta, gehienentzat, ezezagunak: Alemania ekialdeko sorabiarrek Sorbske Nowiny dute, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren garaian lortutako eskubideei esker, erakunde publikoek finantzatuta. Suitzan bizi diren erromantxera hiztunek ere La Quotidiana daukate, Konfederazioak eta Grisoniako kantoiak ordainduta.

Beste inork ez dauka egunkaririk. Arazoa ez da hizkuntza edo hiztun kopurua, gutxitu izaera baizik. 300.000 hiztun dituen islandieraz badira sei-zazpi egunkari, eta 50.000 hiztuneko faroerak ere baditu egunkariak. Hegemonia da gakoa. Irakurleak faroeraz edo islandieraz irakurtzen du; hortik aurrera helduko dio danieraz edo ingelesezkoari. Baina inoiz ez alderantziz. Estatua izanda eta hizkuntza normalizatzeko neurri zorrotzak egin dituzten Estonian eta Letonian, milioia pasatxo hiztunekin, badituzte dozena bat egunkari, eta errusierazkoak ere badauden arren, estoniera eta letonierazkoak dira jarraitzaile gehien dutenak. Ez dute euskarak baino askoz hiztun gehiago, baina hegemonia bai. Estatuak ematen duen hegemonia. Livonierak aitorpen ofiziala dauka oraindik Letonian, sinbolikoa agian. Livoniera ama-hizkuntza zeukan azken pertsona egunotan hil da, eta ikasi dutenak dozena batzuk dira.

Euskaldunon grina gogorarazi dit BERRIAren urteurrenak. Livonierak, okzitaniar auzoez oroitarazi nau. Atlantikotik Alpeetaraino arnasa hartzeko lekurik ez. Tira, bat bai, Pirinioetan bera. Aran ibarra Kataluniako zati da, eta pribilegioa da hori. Horri ere erreparatu baitiote estatu berria horrenbesteko mimoz landu dutenek. Ibarra Kataluniako eremu burujabe izango da, hala nahi balu estatutik bereizteko gaitasunarekin, egoki deritzon burujabetzarekin eta hizkuntza politikarekin. Aranerak Katalunia independentean dauka etorkizuna segurtatuen. Okzitaniako eremu libreena izango da Aran ibarra.

BERRIAn argitaratua

2013-03-07

Ameriketako iraultzaile

Anekdota pare bat: lehenengoa Karibeko uharteetan, duela dozena erdi urte. Uharte txikiak, handienak ez dauka Zuberoaren neurririk, britainiar kolonia ohiak. Alban sartu horietako hainbat. Petrolio-merkea, lehiaren ordez kolaborazioa lantzea, ondo errotu ziren kontzeptuak izan ziren. Non eta, Karibe anglofonoan, telebista-kulturari esker Estatu Batuen eragina handiena den lekuan, auzo latinoekiko hurbilketa zegoen. Latinoamerikaren ondoan Karibea aipatu izan zuen beti Chavezek. Ez da erreferentzia hutsala: AEBek birkolonizatutako eskualdea historiako tragedia handienetakoaren ondorio da, indigenen txikizioa eta esklabo-trafikoa.

Venezuelan behin baino ez naiz izan, ustez antichavismoaren gotorlekuetarik zen Zulia petrolio-estatu aberatsean. Maracaibotik Guajirako penintsulara, wayuu herriari buruzko erreportajeak egiten. Kolonbian eta Venezuelan dagoen herri indigena handiena dira wayuuak. «Ez dakigu gai ere ba ote garen geure hizkuntza eta kultura Chavezek ahalbidetu digun beste lantzeko». Mugaz beste aldeko wayuuek, paramilitarren erasoen memoria zeukaten oraindik, «bi estatuen erdian gaude, eta biek ahaztuta, baina kolonbiarrak izan arren Caracas hurbilago sentitzen dugula uste dut».

Amerika munduko zabortegi da, indarkeria ankerrenak zizelkatutako kontinentea. Esklabotzaren, arpilatzearen, indigenen txikizioaren eta kolonialismoaren zutabeetan eraikitako etxea. Miseria eta luxua azal koloreak bereizten ditu han. Zuri aberatsen sistema astindu zuen Chavezek, deitu demokrazia-kristaua zein sozialdemokrazia. Politikari gehienek diskurtsoa leundu egiten dute boterea lortzean. Chavezek aurkako bidea egin zuen, berak sarritan aitortu legez. Alde izan du George W. Bushen zabarkeria eta Latinoamerikarekiko ahaztura. Obama joan zen Trinidadera 2009an —Chavezek Eduardo Galeanoren Latinoamerikako zain irekiak eman zion hartan—, eta diskurtso ederra ere egin zuen, baina hortik aurrera urrats gutxi.

Kontinentean sakontzea eta kolonialismoa astintzea ditu lorpen Chavezek. Latinoamerikako heldutasunaren domina, paradoxikoki, Brasilek jantzi du, BRICS taldean. Europatik eta Estatu Batuetatik kanpoko munduaren bultzatzaile nagusi izan da, Gerra Hotzeko Herrialde Ez-Alineatuen antzera. Latinoamerikatik irtetean desitxuratu egiten da Chavezen figura, baina gaur ez dugu horretarako lekurik (eta historiak ez du hori nabarmenduko).

Etxeko ilunak aztertzen zailago da. Gizartea zatituta dago, baina oposizio kolpista batekin ere ez da erraza batasuna. Militarra, harroputza, ahoberoa, ezjakina... ispiluan begiratu nahi ez duen Europa zuriaren kritikak oso neurriz egin behar dira, pertsonaia konplexuekin gertatu ohi denez. «Gerratik joandako euskaldunak antichavistak dira, ETAko iheslariak chavistak» laburbildu zuen IƱaki Anasagastik 2002ko estatu-kolpearen ingurumarian. Gerora hitz gogorrak izan zituen Chavezek berak Guardia Zibilak atxilotutako euskaldunen aurka («bi kriminal odoltsu»), baina bere enbaxadoreak Espainiako tortura salatu zuen era berean. Azken orduetako erreakzioak ikustea aski da, gurean ere zenbaterainoko ondorena utzi duen kargutzeko: Hugo Chavez gorabehera, mugimendu bolivartarraren eredua —boterea iraultza armatuetan barik hautestontzietan lortzea, eta gobernu-praktikak herria alde jartzea— aski erakargarria da askorentzat, ezker abertzalean bereziki.

BERRIAn argitaratua

2012-08-05

Nortzuk egongo dira Rio 2016an?

Berriz ere gertatu da. Bretainiar bati bandera kenarazi zioten lehendabizi, gero Maialen Chourrauten jarraitzaileei eragotzi zieten ikurrina astintzea (eta Madrilen Espainia osoko bandera handiena jausi zen, lehenago erregea eta gerora Burtsa bezala). Futbol jokalari galestar eta eskoziarrek ereserkia kantatzen ez dutela eta, izan da polemikarik, baita Damien Hooper australiar boxeolariarekin ere, aborigenen bandera ederra zeramalako paparrean kamisetan. Cathy Freemanek 2000n Sydneyn atera zuen berbera, eguzkia hondo gorribeltzaren gainean. Debekatu egin diote hori janztea. Baina Hooper harro dago. Baita milaka indigena ere: «Malkotan atleta gazteak biltzen dituen bandera inperialak ez bezala, bandera indigenak ez dauka atzerriko lurren okupazio historiarik. Tamalez, estaturik gabeko jendeen ordezkapena da, haietaz hitz egitera ausartzen ez garen jendeena. Bandera debekatzea hain da patetikoa ezen, barregarria dela», esan du aktibista batek.

Lehengo astean esan genuen: duela lau urte ez zen zilegi Hego Sudango banderarik izatea. Kosovoarrek paradoxa daukate, NATOk aginduta sortu zuten estatuaren izenean ezin dute parte hartu (ezta banderarik izan, bistan da), Olinpiar Batzordean sartzeko Serbia eta hori babesten duten herrialdeen boikota baitauka Kosovok. Alabaina, askoz maiteago duten Albaniarekin ari dira lehiatzen, hau da, betidanik darabilten banderarekin, albaniar guztien banderarekin. Albania estatua delako, onartutako estatua. Hego Sudan den legez.

Gales eta Eskoziako salbuespenak ikusi ditugu banderen kasuan, lehen ere futbol selekzioekin ikusi bezala. Baina, osterantzean, estatuetakoak ez diren banderak ateratzea politika eta kirola nahastea ei da, eta badakigu ez direla politika eta kirola nahastu behar, hau da, estatua badaukazu eta bandera astintzen baduzu, kirola bultzatzen ari zara, baina estaturik ez baduzu, politika egiten zabiltza. Beraz, politika ez egiteko, estatua behar duzu.

Halaxe erabakiko dute eskoziarrek, eta horren arabera izango da edo ez Eskoziako selekziorik Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan. Esan izan da kultura liberal anglofonoarekin lotuta dagoela sezesio erreferenduma, eta iparraldeko herriekin, oro har, Groenlandia edo Faroe uharteen kasuari begira. Baina hara non errepublika jakobinoenak ere galdeketa aurreikusten duen. Hexagonotik urrun izanda ere, kanakiarrek estatua nahi duten ebatziko dute 2014tik 2019ra bitartean. Quebecen ere hauteskundeak aurreratu ditu azkenean Alderdi Liberaleko gobernuak, irailaren 4ra. Parti Quebecois independentista dago berriz ere inkesten lehen lekuan, Liberalarekin lehia estuan. Balizko gobernu independentistak ez luke automatikoki erreferenduma ekarriko, baina Quebecen estatus egokiari buruzko eztabaida bai, eta beti izan da interesgarri sezesio gaiak era demokratikoan landu gura dituen edonorentzat.

Estatua daukazularik —eta estatu hori aitortzen dizutelarik, ez ahaztu— automatikoa da Olinpiar Batzordea eratzea, selekzioek ofizialki jokatzea, eta estatu bihurtu berri den lurraldearen sinboloen erabilpen ofiziala lehiaketa eta ekitaldietan. Eta estatua ez daukazularik, horietako deus ere ez dago, noizean behin estatu aski aurreratu eta liberalek —berbaren estatubatuar zentzuan— emandako baimenik ezean, Danimarkak Faroe uharteekin legez. Espainia sekula ez da hurbildu eredu horretara, eta etorkizunean horrantz jotzeko itxura gutxi. Aitzitik, olatu zentralista berriak hartu du estatu hori. Euskal Herriaz ahaztuxe, Katalunia iraintzen eta umiliatzen dihardu azken asteotan, matxokeria historia errepikatzen. Kontzertatutako erakundeei ordaintzeko dirurik ere ez daukan autonomia erkidegoa sututa dabil; azkena, autobideetako ordainsarien igoerekin. Katalunia osoa autobidez josita dago, eta ehuneko zazpi garestitu dituzte... bildutako diruarekin Espainia osoko doako autobiak mantentzeko.

Lehertzear da Katalunia. Azken paragrafoa idazten hasteaz bat, espolimetre.cat webgunea ireki dut. Espainiarekiko Kataluniaren defizit fiskala neurtzen du. Lau minutu eman ditut paragrafoa idazten, eta espolimetre.cat-ek dioenez, 46.142 euroko defizita sortu da. Webguneak galdera argia dakar: noiz arte itxarongo dugu?

BERRIAn argitaratua