Showing posts with label irredentismoa. Show all posts
Showing posts with label irredentismoa. Show all posts

2014-03-09

Krimea eta irredentismoa

Demagun datorren asterako Krimean deitu duten bozketa antzeko gauza zabar hori zinezko erreferendum bat dela, behar besteko bermeekin, garaiz deituta, aldeko zein aurkako taldeei aurrekontu eta denbora-tarte bera emanda, eta abar. Eta gutxienean, Kievekin negoziatu ostean beste aukerarik ez dagoela ondorioztatuta.

Inbasio eta anexio zuzena izan ordez, benetako erreferenduma balitz ere, galdera pare bat egin litezke: Stalinek agindutako tartariarren garbiketa etnikoaren eskutik dator lehena, eta ez du berehalako erantzunik. 80 urtera, demografiari buruzko kontuak baloratzea ez da erraza: tartariar haiek —zeinak bizirik dauden biktimetako asko— konponbide eskatzen daramate 20 urte baino gehiago, behin ere ez dira saiatu Stalinek kendu eta egun errusiarrak bizi diren euren etxeak berreskuratzen. Galdera izan liteke, bidegabekeria bat noiz bihurtzen den atzeraezina: Stalinek Europako mapa berrehun kilometro ekialderantz bota zuen; horrek gaur ez du atzera bueltarik. Armeniarrek ez dituzte Turkiako lurraldeak berreskuratuko. Baina horrek esan nahi ote du palestinarrek edo Tindufeko sahararrek etxera —edo gurasoen etxera, askotan— itzultzea ahaztu behar dutela? Ariel Sharonen jarrera ei zen txakur gaiztoarena: «Nahi dutena dei diezadatela, baina nire lorpenek atzera bueltarik ez». Marokoko zein kolonok leukake boto-eskubidea Sahara mendebaldean? Bosnia-Herzegovinako Srpska errepublikari ez zaio aitortzen Serbiarekin bat egiteko aukera, horrek besteak beste Srebrenicako genozidioa justifikatuko lukeelako. Arau orokor bezala, erabakitzeko eskubidea lurralde bateko biztanle guztiei dagokiela onartu behar dugu, baina arau horrek garbiketa etnikoaren muga daukala onartu ere bai.

Edozelan ere, bigarren auzia da interesgarriago Euskal Herritik begiratuta. Krimeak Errusiarekin bat egiteari «sezesio», «separatismo» eta antzekoak deitu zaizkio. Teknikoki, Krimea ez da sezesionista, ez akademian hitz hori erabili den eran gutxienez. Sezesioak estatu berri baten sorrera dakar. Gutxitan gertatzen da, baina badira hainbat adibide: Hego Sudanek 2011n gauzatu zuen Sudanekiko sezesioa, Nazio Batuetan aulkia lortu duen azken estatua da.

Irredentismo deritzo Krimeak egin duenari. Argudia daiteke Krimea Errusia izan dela luzaroan, Sobietar Batasunaren baitan egindako muga-aldaketaren ondorio dela, biztanle gehienek hori nahi dutela, eta denak dira egia. Baina egia da, halaber, munduko ordenaren zutabeetako bat estatuek elkar aitortzea dela, elkarren arteko mugetan. Hala egin zuten Ukrainak eta Errusiak 1992an. Beraz, Sebastopolgo basearen erabilerarekin batera, Errusiak Ukrainari aitortu dio Krimearekiko subiranotasuna.

Erabakitzeko eskubidearen alde dagoenak esan dezake beti dagoela horren alde, erabakia edozein delarik ere. Baina alde nabarmena dago. Autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna aurrez aurre jarri ohi diren eskubideak dira, biak ere Nazio Batuek onartuta. Hagako Auzitegiak Kosovori buruz emandako ebazpenean argi dakar aldea: lurralde batasuna estatuen arteko harremanari dagokio, Nazio Batuetako 2625 erresoluzioan eta Helsinkiko 1975eko IV. Artikuluan jaso legez: «Estatu parte-hartzaileek estatu parte-hartzaile bakoitzaren lurralde-batasuna errespetatuko dute».

Auzi teknikoak bazter, errealitatea da irredentismo kasu asko egon zirela Europan II. Mundu Gerrara arte... eta bakar bat ez dela egon ordutik. Gertatu dira sezesioak, baina ez estatu bateko lurraldea beste estatu batera igarotzea. Londresek aitortu dio eskubide hori Ipar Irlandari, baina ez da egundo gauzatu. Ondorioz, sezesioa edo irredentismoa detaile txikia iruditu daiteke ikuspegi politikotik, baina ez da hutsala. Ez Ukrainan, ez eta Euskal Herrian lehenengo lurralde bat «askatzea» eta gero besteak etorriko direla diotenentzat. Euskal estatu bat sortzea oso zaila da. Estatu horrek auzo-estatuen lurralde berriak bereganatzea, ia ezinezkoa.

Alemania naziak Austriaren Anschluss edo lotura gauzatu zuenekoa konparatu da egunotan. Ez da egokiena, ziur aski. II. Mundu Gerra aurreko azken muga-aldaketa beste bat izan zen, Txekoslovakiako Sudeteak bereganatu zituen Alemaniak, bertako biztanleen bozkariorako. Chamberlainek horrekin munstroa baketuko zela pentsatu zuen, eta Churchillek asmatu aseezina zela. Mendebaldearen orain arteko jarrerak izan du orduko utzikeriaren antzik; abendutik izandako hanka-sartzeak, manipulazioak eta ukrainar ultrak hauspotu dituela onartu ezinik. Gerraostetik Italiarenak ziren Dodekanesoko uharteak eskuratu zituen Greziak 1946an, eta Frantziak kendutako —baina estatuan integratu gabeko —Sarre Alemaniara itzuli zen 1957an. Estatu berri asko sortu dira hamarkada hauetan: Maltatik Estoniara, hogei inguru. Baina ez da behin ere gertatu estatu batek beste baten lurraldea hartzea, Alemaniaren batasuna hala hartu ezean. Gauza asko gertatu dira egun gutxian: astelehenean, Putinek Krimea anexionatzeari ezetz ziotson, eta hara gaur. Datozen zazpi egunak ere zorrotz aztertu beharko dira.

BERRIAn argitaratua

2014-02-23

Zipre, independentzia eta 'enosis'-a

Joan den astean, Mediterraneoko uharte handienetan bigarrenaz mintzatu ginen, Sardiniaz, eta independentismoaren gorakadaz. Handienetan hirugarrena estatu independentea da, independentismorik ia inoiz izan ez badu ere. Duela ia hamar urte bisitatu nuen Zipre, 2004ko udan. Balkanetara, Ekialde Hurbilera edo turkiar lurraldeetara egin nuen lehen aldia zen. Libanotik Greziatik baino hurrengo, geografikoki ez genuke Turkia baino europarragoa dela esango... nola ukatu europartasuna greziarrez osatutako nazioari? Turkia Europa ez dela argudiatzen dutenentzat: 1923an populazio trukea deitu zioten krimen izugarria egin arte, greziarrak Egeo itsasoaren alde bietan bizi ziren, egungo Grezian bezainbat Asia Txikian. Inork ukatu ote lieke Europa direla?

Bidaia haren berezitasuna, uharte osoa bisitatzeko aukera izan zen. Ordura arte, alde greziarrean edo turkiarrean egon behar zenuen; gehienez ere, egun bateko baimena lortzen zen iparraldera joateko. Baina, 2004an, EB 15 herrialdetik 25era igaro zen. 1973tik bereizi dagoen uhartea batzeko Kofi Annanen ahaleginak porrot egin zuen orduan, turkiarrek erreferendumean baietz esan arren greziarrek ez baitzuten onartu NBEko idazkari nagusiaren proposamena. Baina nazioarteak Zipreko errepublikari uharte osoarekiko legitimitatea ematen dionez (hegoaldearen kontrola soilik izan arren), teknikoki uharte osoa da EBko zati. Ondorioz, Zipreko (greziar) estatuak ez dauka eragozterik 1973an Turkiak inbaditu eta 1983an Zipre Iparreko Turkiar Errepublika aldarrikatutako lurraldera.

Mende bat lehenago hasi zen Zipreren ibilbide berezia: 1878an britainiar inperioak bereganatu zuen otomandar inperiotik. Ondorioz, Turkiak izandako ibilbidetik bereizi zen. II. Mundu Gerrako deskolonizazioan, EOKA gerrilla abiarazi zuen uharteko greziar gehiengoak; britainiarrak kanporatzeko, bai, baina ez Zipreko estatua eratzeko: «Enosis» pintaketak oraindik ere ikus daitezke Zipreko mendietan. Batasuna esan nahi du; Greziarekin bat egitea, alegia. Greziarren estatua 1820ko hamarkadan sortu, eta hurrengo ehun urteetan hazi zen, otomandar eta potentzia kolonialen lurralde eta uharteekin, baita ia greziarrik gabeko eremuak bereganatuta ere (Salonika edo Mazedonia, artean nagusiki eslaviar zirela). 1947an, Dodekanesoko uharteak Italiari eskuratua lortu zuen Greziak gaur daukan lurraldea.

Baina Italia Mundu Gerrako galtzailea zen. Deskolonizazioa hasi zen laster mundu osoan, hainbat estatu sortu ziren, baina irredentismorik ez da ia-ia gertatu. Hau da, bereiztea zilegi da, baina ez beste estatu bati atxikitzea. Britainiarrek, ohi bezala, gutxiengo turkiarra armatu zuten EOKAri aurre egiteko, eta gatazka etnikoa hauspotu. 1960an lortu zuen independentzia Ziprek, eta estatua sortu zen, baina etxe bakar baten ez dut bandera ofiziala ikusi, greziarra edo turkiarra baizik. Inork eskatu gabeko estatua zen. Britainiarrek alde egin, eta gatazka sektarioa utzi zuten, beste hainbat lekutan legez. Gerokoa ezaguna da: 1974ko estatu kolpea, Greziarekin bat egiteko saioa, Turkiaren inbasioa eta biztanleria etxeetatik kanporatzea, eremu turkiar eta greziarren sorrera, eta gaur arteko bereizketa. Orain, saio berria dator, Estatu Batuek bultzatuta, eta Israel ere hurbiletik begira: Zipreko ur eremuan agertu den gasa gozoki itzela omen. Ezin esan zer ekarriko duen. Ñabardura askorekin, Kosovo edo Hego Osetiaren antzeko gatazka izoztua eta aitorpen gabeko estatua da Ipar Zipre. Argi geratu dena, baina, enosis edo Greziarekin bat egiteko ideia baztertu egin behar izan dutela Zipreko greziarrek.

Bidenabar, britainiar inperioa baino zenbait mende lehenago, beste ingeles batek inbaditu zuen Zipre: Richard Lionheart-ek (Lehoi-Bihotz), Lur Santuko gurutzadetatik itzulian, Isaac Commenus uharteko agintaria kanporatu zuen, gatibu hartutako emaztegaia askatzeko. Nafarroako Berengaria zen emakume hura. Limassolen ezkondu ziren, oraindik ere zutik den gazteluan. Handik gutxira, Antso VI.a Berengariaren aitak erresumako mendebaldeko lurrak galdu zituen. Zipren ez bezala, gurean independentzia eskatzen da, baina mundu guztiak dauka buruan mendebaldeko lurraldeekin enosis a. Eta argi izan beharko litzateke sezesio bat gertatzen denean, estatu berriak nekez izango duela lurralde zabalagorik, are gutxiago auzo-estatu bati lurra kenduta.

BERRIAn argitaratua

2013-05-05

Lurraldetasun kontuak

Eskozian ez bezala, Espainiaren menpeko nazioek lurraldetasunean dugu oztopo nagusietakoa. Euskal Herrian, inon baino gehiago. Katalunian ere hala zelakoan geunden duela ez hainbeste, baina han zirt edo zart egin dute. Herri Katalanak aintzatestea eskatzen dutenek ere ontzat ematen dute Kataluniako Printzerriak hartu duen bidea, gaur-gaurkoz posible den bakarra delakoan.
Erabakiak alde bi baititu: begi-bistakoa da nazioaren zati baten independentziak nazioaren zatiketa, partizioa dakarrela. Katalunian aspaldikoa da zatiketa hori, horratik, Euskal Herrian baino askoz zaharragoa. Gerraurreko Generalitateak ere ez zuen Herri Katalanekiko berehalako helbururik; euskal autonomiak bai. Baina alde positiboa ere ezin zaio ukatu: pentsaezina da prozesu demokratiko batean hainbat egiturak bat egin eta Estatu berri bat sortzea; aitzitik, egon dagoen egitura batetik bideratu behar da hori. Hori da Kataluniako helburua: herritarrei galdetu ostean, Artur Mas presidenteak erkidego autonomoa Estatu independente bihurtzen dela aldarrika dezala.

Katalunian kontsentsu zabala zegoelakoan, eztabaida lehertu da azken asteotan. ANC Biltzar Nazionalak Mallorcan zeukan taldeak gainontzeko taldeen antzera onartzeko eskatu zuen, biltzar orokorrean hitza eta boza izateko. ANCko gehiengo handi batek aurka bozkatu zuen. «ANCk argazki tristea eman digu; Katalunia izan nahi duen Mallorca eta halakorik nahi ez duen Katalunia» kritikatu du Gabriel Bibiloni Filologia irakasleak. ANCk baditu taldeak atzerrian, «baina eragotzi egiten da nazio katalanaren baitan ANCren lurralde-artikulazioa», esan dute Mallorcatik. Vicent Partalek ere kritika egin zion ANCri «eztabaida guztiz politiko bat auzi administratibo» bihurtzeagatik. «Gertatu behar» zuela uste du, eta «Mallorcako enbidoa, agian gustukoa izan ez arren, ezinbestekoa da: zein da katalanen nazioa?».

Izan da besterik uste duenik ere. Mallorcatik bertatik Davit Jordi Llobet kazetariak arrazoi eman dio ANCri: «Ondo egingo dute indar guztiak argi geratu diren helburuetan kontzentratuta: erabakitze eskubidea Kataluniako estatua lortzeko erabiltzea. Edozein distrakzio, edozein apeta pankatalanista, joko-mahai honetan eta une honetan, Kataluniak Espainiako estatuaren baitan jarraitzea dakar». Nazio kulturala eta politikoa bereizten ditu Llobetek, nazioa batez ere politikoa den fenomenoa deritzo. «Kataluniako Parlamentuak argi utzi du: Kataluniako herria da subjektu juridiko eta politiko subiranoa. Horri, mendebaldean eta iraultza liberaletatik nazio deitzen zaio […] mallorkinismo politikoaren helburua Balear Uharteetako estatua sortzea izan behar da, hori da gure nazio politikoa. Eta gainontzeko herrialde katalanekin (zeintzuekin nazio kulturala edo komunitate etnolinguistikoa partekatzen dugun) izaera konfederaleko elkarlan harremanak sortu, berdintasunean».

Subjektua erabaki behar da, eta oso bide interesgarria ari da urratzen Katalunia. Baina argi izan behar da, halaber, prozesu sezesionistak zailak baldin badira irredentismoa (lurralde batek Estatu bat utzi beste baten zati bihurtzeko) ia ezinezko dela. Irlanda bera adibide (eta han geografia alde dute, uhartea baitira), unionistek nahiago dute Londrestik bereizitako Ipar Irlandako Estatua, Dublinekin bat egiten duena baino. Hego Tirolek ere errazago leukake independentzia, ezen ez Austriarekin bat egitea. Kosovon beste horrenbeste, debekatu egin diote Albaniarekin bat egitea. Sarritan esan dugu: nazioartean lurralde batasuna errespetatzea aldarrikatzen denean, hain zuzen ere, Estatuei buruz ari da, Estatu batek bermea izan dezala beste Estatu batek ez diola lurralderik kenduko. Beraz, Kataluniako prozesu sezesionista arrakastatsua baldin bada, Espainiarekin akordio bat lortuko du, bien arteko mugak argi uzteko eta haren lurraldeekiko aldarrikapenik ez izateko. Arrazoi du Llobetek horretan: Valentziak edo Balear Uharteek errazago dute Estatu propioa eratzea, Kataluniako estatuarekin bat egitea baino. Estatua izanda, burujabea zara erabakitzeko zeure horretan jarraitu ala aldamenekoarekin konfederazioa osatu nahi duzun.


BERRIAn argitaratua