Showing posts with label letonia. Show all posts
Showing posts with label letonia. Show all posts

2013-09-22

Europa gora eta behera

Katalunia ezin da estatu independente izan... eta izaten bada, Europatik kanpo egongo da. Graduazioa ulertzeko esaldi biak elkarren ondoan jartzea garrantzitsua da. Lehendabizikoak Diadara arte nagusi zen jarrera adierazten du. Bigarrenak asteon zabaldu den mezua. Eusko Jaurlaritzak legez, Europak ere zain egotea hobetsi du, eta herrialde baltikoetatik iritsi diren hitzek —«Letonia prest legoke aitortzeko...»—, Katalunia bera harritu dute. Goizegi delako. Egia da nazioarteak, Europak, printzipioz, ez duela sezesiorik nahi. Mundua eta nazioarteko erakundeak estatuek osatzen dituzte, eta estatuen amesgaiztoa egonkortasun hori haustea da. Baina sezesioak gertatu egiten dira. Sei urte, horixe Nazio Batuetan aulki berririk jarri gabe eman duten tarte luzeena, 1984tik 1990era.

Kataluniako estatua Europar Batasunean egongo ote da? Interesgarria izan liteke eztabaida, hala balitz, eztabaida, analisia. Baina Espainiaren ahotan, mehatxua da. Sarritan esan diet espainiar adiskideei gustura eztabaidatuko ditudala horiek, ea futbol ligak baino argudio garrantzitsuagoak bilatzen dituzten, ea Katalunia edo Euskal Herri independenteaz legez Espainia berri eta txikiago horretaz hitz egiterik dugun. Maite dut hitza eta eztabaida, eta Europako gaia interesgarria da, baldin eta horrek Kataluniako estatua posible dela adierazten badu.

Hala dela onartzen badu Espainiak, Katalunia independentearen onurez eta oztopoez beldurrik gabe eztabaidatu dezakete. Eta hel diezaiogun, bada, Europari: pentsa daiteke, estatu berri bat sortzean, zero puntu batean dagoela, inolako harreman diplomatikorik edo nazioarteko itunik gabe. Auzi horiek adosteak osatuko du estatua, izan ere. Teoria da hori: jatorrizko estatuaren oniritziarekin jaio diren azken estatuek urrats horiek automatikoki egin izan dituzte (Montenegro, Hego Sudan, Ekialdeko Timor), eta aldebakartasunetik gertatu denean, luzeago jotzen du prozesu horrek.

Sezesioen kontua, Europako agirietan aurreikusi gabeko egoera da. Funtsean, estatuen auzia da. Atzo manifestazio jendetsua egin zuten Edinburgon. 2014an erreferenduma independentziak irabazten badu, urte eta erdiko prozesua iragarri dute estatua jaio arte. Bitarte horretan adostuko dute dibortzioa. Gerta liteke Londresek oharra bidaltzea: «2016an Erresuma Batua zatitu egingo da, eta bi zatiek Europan gelditu nahi dugu» —paradoxikoki, Eskoziak ia ziur baietz, Ingalaterrak zalantza gehiago ditu—. Inork sinesten du Bruselak aurka egingo lukeela? Edo Flandria eta Belgika frankofonoa bereiziko balira? Auzia ez da Europa, baizik eta Espainiak, historikoki egin duen bezala, Kataluniako independentzia oztopatzeko bereak eta bi egingo lituzkeela. Elkarrekin hobeto da unionismoaren leloa Eskozian: David Cameronek berak esan du badakiela Eskozia bizi daitekeela bakarrik, baina halaber sinesten duela indartsuagoak direla elkarrekin.

Beraz, onar dezagun: Kataluniak independentzia aldarrikatu eta bere lurraldearen jabe egiten bada, ezegonkortasun une bat etorriko da. Ondo bidean —eta hor Europak izango du zeresan handia — gatazka ez da armetara iritsiko, eta eremu diplomatikoan jokatuko da: Kataluniak nazioarteko herrialdeen onarpena lortu ahala, Estatu gisa indartuko da, eta Espainia ahuldu. Europar Batasunean blokeatu ahalko du aldi batez, baina estatuek nahi dituzten harremanak izango dituzte Kataluniarekin. Blokeo horrek dirauen artean zer? Espainia ere Europatik ia kontakturik gabe geratuko da, lotura bakarra Pirinioetan eta Irunen (?) dituela. Katalunia isolatzen saia litekeela? Espainiak Katalunia aldarrikatzen badu, onartu behar die katalanei pasaporte espainiarra erabiltzea (independentista bai, ergela ez); Katalunia isolatuta ere, lasai asko bidaiatu ahalko dute katalanek. Eta agiriak ukatzen badizkie, espainiar herritartasuna kenduz gero katalan naziotasuna aitortzen ari da.

Hipotesi lar dira, badakit. Horrelako mehatxu asko etorriko dira datozen hiletan. Vicent Partalek ondo ezagutzen duen esperientzia ekarri zuen gogora: 1991ko ekainaren 23an Jugoslaviaren batasunaren alde mintzatu ziren Europako gobernuak, eta Esloveniari gaztigatu, inork ez zuela aitortuko. Esloveniak handik bi egunera egin zuen independentzia adierazpena. Belgradek 27an eraso zion Ljubljanari, eta uztailaren 4an, Amerikako Estatu Batuek eta Alemaniak onartu zuten independentzia. Uztailaren 7an su-etena iritsi zen, eta laster gainontzeko aitorpenak iritsi zitzaizkion Esloveniari.


BERRIAn argitaratua

2013-06-23

Territorio libreak

Korsikara zihoan ferry batean daukat lehen irudia, ez dakit zergatik; agian zorroa fakturatu egin nuen eta ordura arte ezin atera. Dena dela, Bastiara ginderamatzan ferry harekin lotzen dut BERRIAren lehen zenbakia. Pozik, harro baina kezkaz ere atera genuen ale hura motxilatik, beste inork ulertzen ez zuen dokumentu arriskutsua balitz legez. Hala zen, neurri batean. Lau hilabete lehenago ikusi genuen zeinen hauskorrak ginen, zeinen babesgabe geunden. Euskarak herri bat zeukan atzetik, euskal erakunde gehienek —abertzaleek baino ez, hasiera hartan— protesta egin zuten, elkartasuna adierazi. Baina hareazko gaztelu baten gisan ikusi genuen geneukan hura txikitu zigutela.

Korsikako bazterretan inbidia sumatu genuen. Urrun zekusaten horrelako zerbait egiteko aukera. Harrotasun berarekin inbidia bera sumatu dut munduko bazterretan, Ameriketako herri indigenetatik Europako hizkuntza gutxituetara.

Oso gutxi dira eguneroko egunkaria daukaten hizkuntza gutxituak. Kurduen Azadiya Welat, Turkiaren erasoetan dozenaka kazetari galdu dituena, eta kito. Europan bertan, Midas elkarteko zerrendari begiratuta, auzo herrialdean estatu hizkuntzak dira nagusi: alemanak Italian, hungariarrak Errumanian, suediarrak Finlandian eta abar. Katalanak dira salbuespen bakar egunkari bat baino gehiagorekin. Eta hortik kanpo? Galizierak duela urte bi galdu zituen Galicia Hoxe eta A Nosa Terra, PPren Xunta glotozidak itota. Irlanderak La Nua galdu zuen. Galeserazko Y Bid egitasmoa jaio ere ez.

Euskara eta katalana kenduta, bi hizkuntza gutxituk baino ez dute egunkaria Europan, biak ere aski txiki eta, gehienentzat, ezezagunak: Alemania ekialdeko sorabiarrek Sorbske Nowiny dute, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren garaian lortutako eskubideei esker, erakunde publikoek finantzatuta. Suitzan bizi diren erromantxera hiztunek ere La Quotidiana daukate, Konfederazioak eta Grisoniako kantoiak ordainduta.

Beste inork ez dauka egunkaririk. Arazoa ez da hizkuntza edo hiztun kopurua, gutxitu izaera baizik. 300.000 hiztun dituen islandieraz badira sei-zazpi egunkari, eta 50.000 hiztuneko faroerak ere baditu egunkariak. Hegemonia da gakoa. Irakurleak faroeraz edo islandieraz irakurtzen du; hortik aurrera helduko dio danieraz edo ingelesezkoari. Baina inoiz ez alderantziz. Estatua izanda eta hizkuntza normalizatzeko neurri zorrotzak egin dituzten Estonian eta Letonian, milioia pasatxo hiztunekin, badituzte dozena bat egunkari, eta errusierazkoak ere badauden arren, estoniera eta letonierazkoak dira jarraitzaile gehien dutenak. Ez dute euskarak baino askoz hiztun gehiago, baina hegemonia bai. Estatuak ematen duen hegemonia. Livonierak aitorpen ofiziala dauka oraindik Letonian, sinbolikoa agian. Livoniera ama-hizkuntza zeukan azken pertsona egunotan hil da, eta ikasi dutenak dozena batzuk dira.

Euskaldunon grina gogorarazi dit BERRIAren urteurrenak. Livonierak, okzitaniar auzoez oroitarazi nau. Atlantikotik Alpeetaraino arnasa hartzeko lekurik ez. Tira, bat bai, Pirinioetan bera. Aran ibarra Kataluniako zati da, eta pribilegioa da hori. Horri ere erreparatu baitiote estatu berria horrenbesteko mimoz landu dutenek. Ibarra Kataluniako eremu burujabe izango da, hala nahi balu estatutik bereizteko gaitasunarekin, egoki deritzon burujabetzarekin eta hizkuntza politikarekin. Aranerak Katalunia independentean dauka etorkizuna segurtatuen. Okzitaniako eremu libreena izango da Aran ibarra.

BERRIAn argitaratua

2012-01-22

Letonia-Nafarroa-Txillardegi

2001ean Adios herriko (orduan Adiotz deitu behar genion euskaraz, gerora gaztelerazkoaren parekoa erabiltzea onartu du Euskaltzaindiak) galdeketaren albistea egin nuen, Euskal Telebistako albistegietan. Uxue Barkos nuen editore, lanbide honetan konfiantza handienetakoa eman didan pertsona, beti zorrotz, beti euskaltzale.

Azken orduan agindu zidan Izarbeibarko udalerri haren berri ematea. Herria eremu ez-euskaldunetik mistoan sartzea bozkatu zutela uste dut (marka da interneten dena ei dagoen garaian duela hamar urteko albisterik ezin topatzea. Baina Egunkaria-ren absoluzio eta guzti, 1991-2003 arteko artxibo bikain hori desagertuta dago, liburutegi osoa erreta Iñigo Aranbarrik esan bezala). Kontua da, euskararen aldekoek irabazi egin zutela. Ez dakit zelan eman nuen albistea, baina gauza positibotzat hartu genuela bai. Biharamunean, Gara-k bestelako irakurketa egiten zuen: eskubideak ez dira bozkatzen. Hau da, gehiengoaren iritzia eremu ez-euskaldunean geratzea balitz ere, euskaldunek eskubideak izaten jarraituko lukete. Hau da, gehiengoak ez dauka gutxiengoari eskubideak ukatzerik.

Horixe ekarri dit gogora egunotan Letoniako kazetari adiskide batek esandakoak, eta Nafarroako Legebiltzarrean gertatu denak (eremu ez-euskalduna misto bihurtzeko proposamenari PSNk emandako ezetzak, PP eta UPNrekin batera). Txillardegi zenak aspaldi adierazi zuen herrialde baltikoetako bidea, independentzia lortu eta hizkuntza galdu zuen Irlandaren aurretik (hori Euskal Herriko paradoxa: euskarak estatua/independentzia behar du bizitzeko, baina independentziak erdaldunak —ere— beharko ditu, balizko galdeketan gehiengoa izateko). Estatu baltikoetako errealitatea, Letoniakoa batez ere, ondoen ezagutzen dutenetakoa da Asier Blas, eta ñabardura eta kritika ugari egin dizkio eredu horri. Aski interesgarria da Blasen blogean barneratzea, hizkuntza normalizatzeko ereduaren —eta balizko independentzia eta estatua eratzeari buruzko— porrotaren berri izateko. Datu soil bat: duela hogei urte independentzia lortu zuenean 2,6 milioi herritar zituen Letoniak, egun ez da bi milioira iristen. «Biztanleen % 25 baino gehiago galdu ditu, gerra gogor eta lazgarria sufritu duen herrialde baten datuak dira» argitu izan du Blasek.

Testuinguru hori ahaztu gabe, hizkuntzaren auzia berriz ere hizpide daukate Letonian. Eta errusiera ofizialtzea eskatzen duen erreferenduma egingo dute otsailaren 18an. Errusieraren aurkako neurriak gogortu ahala, eslaviar jatorriko herritarrak antolatu eta erreferendumaren aldeko 187 mila sinadura lortu zituzten. Letoniako zentsuaren %10ak (154 mila lagunek) erreferendum eskaera eginez gero, hala egin behar da. Ostiralean Auzitegi Gorenak galdeketa berretsi zuen, eta atzera bota eskuineko bi alderdiren eskaera, bertan behera gera zedin. Ez dago zalantza askorik emaitzari buruz: zentsuaren erdiaren botoak beharko lituzkete errusieraren aldekoek. Biztanleen ehuneko berrogei inguruk dute eslaviar jatorria, baina ehuneko hamabostek ez dauka herritartasunik (bote eskubiderik ere ez, beraz), besteak beste letonieraz ez dakitelako. Hala ere, letonieraz bikain dakiten milaka herritarren aurkako arrazakeriaren berri eman izan du Asier Blasek sarritan, eslaviar jatorria izan edo ezkerreko alderdietan (gehienetan bat datoz) aritzeagatik.

Bestelako politikak egon dira Lituanian, baita errusiar jatorriko biztanle asko dituen Estonian ere. Txillardegiren sokak merezi du jarraipenik, Baltikoko, Irlandako eta beste herrietako arrakasta eta porroten berri izateko. Baina hizkuntza-eskubideak eta herritarren borondatea ere aintzat hartu beharko lirateke. Duela 25 urte euskal eremuan sarturiko udalerri batzuetan zegoen euskaldun kopurutik gora daukate gaur eremu ez-euskalduneko zenbait udalerrik. Eta parlamentuek edo udalbatzek dena erabaki ordez, herritarrei hitza ematea ez da esperientzia txarra, norbere herria non kokatu erabakitzeko.
BERRIAn argitaratua