Showing posts with label lituania. Show all posts
Showing posts with label lituania. Show all posts

2013-03-24

Edinburgo eta Diyarbakir

Eskoziak independentzia prozesuaren lehen detaileak argitaratu zituenean, duela urtebetetik gora, euskal independentista batek baino gehiagok galdetu zuen ea olatua hartzeko gai izango zen. Inplizituki, ezetz zioen erantzunak, ordura arteko olatuak, Quebec eta abar, hartu ez ziren legez. Kurduentzat historikoa izan den Newroz egun berean Edinburgon azken kartetako bat argitu dute: independentzia erreferenduma ez da 2014ko udagoienean izango, uda amaitzear dela baizik, irailaren 18an, ostegunarekin.

Entzun dut Abdulla Ocalan, ikusi ditut kurduak hunkituta, eta entzun dut Alex Salmond. Inbidia ematen du, baina ez duela urtebete beste. Kurdistan Ekialde Hurbilean dago, ustez hain urrun, eta, bertaratzean, gugandik uste baino askoz hurbilago dagoen nazioarekin egin nuen topo: ez gerrilla armatuagatik, horren balioa onartuta ere, estatuaren aurka bezainbat tradizio feudalaren eta patriarkatuaren aurka. Hizkuntzaren defentsak, ukazioak, berehalako zubia eratzen du. Baina begi bistakoa da 2013ko Euskal Herriak hurbilago beharko lukeela Eskoziako prozesutik Kurdistanen zabaldu denetik baino. Areago, Kurdistan bera Euskal Herriko urratsen arrastoan suma daitekeelarik.

Eskozia ere ez dut urruneko. Are hurbilagoko beharko luke, baina gaur-gaurkoz Kurdistanen dirudi begiak —gatazken konponketan, bakegintzan—, Eskozian baino gehiago —sezesio-prozesuan—. Berriz diot, maite dut Kurdistan, eta pozgarriak dira azken hilotan Euskal Herritik eta Euskal Herrirantz dauden loturak. Bakegintzan zer ikasia baldin badago, bikain. Kurduentzako gure lezio handiena gaur bertan eman dezakegu, Baionan, hamaika egunez egin dugun korrikaldian. Baina begiradak Edinburgon behar zuen, eta Newrozen suak liluratuta geunden.

Katalunian aurkako kasua daukate. Han Eskoziatik urrundu beharra nabarmendu dute, baina ez data goizegi delako, beranduegi baizik. Hala adierazi du Oriol Junquerasek, galdeketa 2013an bertan egitea proposatu duelarik. Katalanentzat gaur Londresek dauka interesa, ez Edinburgok.

Errezeloa handitzen ari da independentisten artean, Artur Masek ez ote duen isilpeko planik Madrilekin negoziatzeko. Estu hartu beharko dute. Urrunegi joan dira honezkero gutxienez, atzera egiteko. Joan den astean ANC Biltzar Nazional Katalanak argi erantzun zion aurtengo Diadako erronkari: iazkoa bikaina, perfektua izan zen, alferrik saiatuko lirateke —ai, euskaldun demazaleak— hura hobetzen, jende gehiago erakartzen. Giza-katera deitu dute. Hasieran manifestazio erraldoia baino gutxiago dirudi. Baina 1988an Baltikoko ekintza sinboliko garrantzitsuenetakoa izan zen, Vilniustik Tallinnera osatu zuten bi milioi laguneko giza-katea. Handik etorri zen independentzia aldarrikapena. Galdeketarako ate oro itxiz gero, Kataluniari ere geratuko zaion bide bakarra Parlamentuaren aldarrikapena izango da. Halaxe gertatu da gehienetan, azkena Kosovon, baina aurretik ere sarritan. Katalanak 1988ko Lituaniara begira, eta ni 1988ko Halabjara.

Galdeketa 2014ko maiatzaren 31 baino lehen egitea eskatu du ANCk; Europako hauteskundeekin batera izatea ere iradoki izan da. Urte bereko irailean erantzungo diote eskoziarrek «Eskoziak herrialde independente bihurtu behar al luke?» galderari. Galdeketa sezesionista bien artean, hirugarrena, beste bide bat planteatzen duena: 2014ko uztailaren 20an Belgikako hauteskundeek azken dibortziorako emaitza garrantzitsua ekar dezakete. N-VA Flandriako Aliantza Berriak argi esan du bozak irabazita ere ez duela independentzia aldarrikatuko. Baina iragarri ditu Walloniarekiko azken loturak eteteko asmoak: Gizarte Segurantza, fiskalitatea eta enplegu-politika Belgikatik Flandriara pasatzea nahi du N-VAk. Urratsez urratseko bide horri begiratu beharko dio halabeharrez Euskal Herriak, beste bi nazioen erritmoari jarraitzerik ez badu. Non eta, lehen galdeketa ez den Euskal Herrian bertan egiten, Nafarroako biztanleei hitza itzulita. Bakegintzaren ondoan lurraldetasunaren auzia baita oztopo nagusi, euskal alderdiak gerarazten dituena, prozesu independentistarik abiarazteko.

BERRIA-n argitaratua

2012-01-22

Letonia-Nafarroa-Txillardegi

2001ean Adios herriko (orduan Adiotz deitu behar genion euskaraz, gerora gaztelerazkoaren parekoa erabiltzea onartu du Euskaltzaindiak) galdeketaren albistea egin nuen, Euskal Telebistako albistegietan. Uxue Barkos nuen editore, lanbide honetan konfiantza handienetakoa eman didan pertsona, beti zorrotz, beti euskaltzale.

Azken orduan agindu zidan Izarbeibarko udalerri haren berri ematea. Herria eremu ez-euskaldunetik mistoan sartzea bozkatu zutela uste dut (marka da interneten dena ei dagoen garaian duela hamar urteko albisterik ezin topatzea. Baina Egunkaria-ren absoluzio eta guzti, 1991-2003 arteko artxibo bikain hori desagertuta dago, liburutegi osoa erreta Iñigo Aranbarrik esan bezala). Kontua da, euskararen aldekoek irabazi egin zutela. Ez dakit zelan eman nuen albistea, baina gauza positibotzat hartu genuela bai. Biharamunean, Gara-k bestelako irakurketa egiten zuen: eskubideak ez dira bozkatzen. Hau da, gehiengoaren iritzia eremu ez-euskaldunean geratzea balitz ere, euskaldunek eskubideak izaten jarraituko lukete. Hau da, gehiengoak ez dauka gutxiengoari eskubideak ukatzerik.

Horixe ekarri dit gogora egunotan Letoniako kazetari adiskide batek esandakoak, eta Nafarroako Legebiltzarrean gertatu denak (eremu ez-euskalduna misto bihurtzeko proposamenari PSNk emandako ezetzak, PP eta UPNrekin batera). Txillardegi zenak aspaldi adierazi zuen herrialde baltikoetako bidea, independentzia lortu eta hizkuntza galdu zuen Irlandaren aurretik (hori Euskal Herriko paradoxa: euskarak estatua/independentzia behar du bizitzeko, baina independentziak erdaldunak —ere— beharko ditu, balizko galdeketan gehiengoa izateko). Estatu baltikoetako errealitatea, Letoniakoa batez ere, ondoen ezagutzen dutenetakoa da Asier Blas, eta ñabardura eta kritika ugari egin dizkio eredu horri. Aski interesgarria da Blasen blogean barneratzea, hizkuntza normalizatzeko ereduaren —eta balizko independentzia eta estatua eratzeari buruzko— porrotaren berri izateko. Datu soil bat: duela hogei urte independentzia lortu zuenean 2,6 milioi herritar zituen Letoniak, egun ez da bi milioira iristen. «Biztanleen % 25 baino gehiago galdu ditu, gerra gogor eta lazgarria sufritu duen herrialde baten datuak dira» argitu izan du Blasek.

Testuinguru hori ahaztu gabe, hizkuntzaren auzia berriz ere hizpide daukate Letonian. Eta errusiera ofizialtzea eskatzen duen erreferenduma egingo dute otsailaren 18an. Errusieraren aurkako neurriak gogortu ahala, eslaviar jatorriko herritarrak antolatu eta erreferendumaren aldeko 187 mila sinadura lortu zituzten. Letoniako zentsuaren %10ak (154 mila lagunek) erreferendum eskaera eginez gero, hala egin behar da. Ostiralean Auzitegi Gorenak galdeketa berretsi zuen, eta atzera bota eskuineko bi alderdiren eskaera, bertan behera gera zedin. Ez dago zalantza askorik emaitzari buruz: zentsuaren erdiaren botoak beharko lituzkete errusieraren aldekoek. Biztanleen ehuneko berrogei inguruk dute eslaviar jatorria, baina ehuneko hamabostek ez dauka herritartasunik (bote eskubiderik ere ez, beraz), besteak beste letonieraz ez dakitelako. Hala ere, letonieraz bikain dakiten milaka herritarren aurkako arrazakeriaren berri eman izan du Asier Blasek sarritan, eslaviar jatorria izan edo ezkerreko alderdietan (gehienetan bat datoz) aritzeagatik.

Bestelako politikak egon dira Lituanian, baita errusiar jatorriko biztanle asko dituen Estonian ere. Txillardegiren sokak merezi du jarraipenik, Baltikoko, Irlandako eta beste herrietako arrakasta eta porroten berri izateko. Baina hizkuntza-eskubideak eta herritarren borondatea ere aintzat hartu beharko lirateke. Duela 25 urte euskal eremuan sarturiko udalerri batzuetan zegoen euskaldun kopurutik gora daukate gaur eremu ez-euskalduneko zenbait udalerrik. Eta parlamentuek edo udalbatzek dena erabaki ordez, herritarrei hitza ematea ez da esperientzia txarra, norbere herria non kokatu erabakitzeko.
BERRIAn argitaratua