Showing posts with label antillak. Show all posts
Showing posts with label antillak. Show all posts

2013-03-07

Ameriketako iraultzaile

Anekdota pare bat: lehenengoa Karibeko uharteetan, duela dozena erdi urte. Uharte txikiak, handienak ez dauka Zuberoaren neurririk, britainiar kolonia ohiak. Alban sartu horietako hainbat. Petrolio-merkea, lehiaren ordez kolaborazioa lantzea, ondo errotu ziren kontzeptuak izan ziren. Non eta, Karibe anglofonoan, telebista-kulturari esker Estatu Batuen eragina handiena den lekuan, auzo latinoekiko hurbilketa zegoen. Latinoamerikaren ondoan Karibea aipatu izan zuen beti Chavezek. Ez da erreferentzia hutsala: AEBek birkolonizatutako eskualdea historiako tragedia handienetakoaren ondorio da, indigenen txikizioa eta esklabo-trafikoa.

Venezuelan behin baino ez naiz izan, ustez antichavismoaren gotorlekuetarik zen Zulia petrolio-estatu aberatsean. Maracaibotik Guajirako penintsulara, wayuu herriari buruzko erreportajeak egiten. Kolonbian eta Venezuelan dagoen herri indigena handiena dira wayuuak. «Ez dakigu gai ere ba ote garen geure hizkuntza eta kultura Chavezek ahalbidetu digun beste lantzeko». Mugaz beste aldeko wayuuek, paramilitarren erasoen memoria zeukaten oraindik, «bi estatuen erdian gaude, eta biek ahaztuta, baina kolonbiarrak izan arren Caracas hurbilago sentitzen dugula uste dut».

Amerika munduko zabortegi da, indarkeria ankerrenak zizelkatutako kontinentea. Esklabotzaren, arpilatzearen, indigenen txikizioaren eta kolonialismoaren zutabeetan eraikitako etxea. Miseria eta luxua azal koloreak bereizten ditu han. Zuri aberatsen sistema astindu zuen Chavezek, deitu demokrazia-kristaua zein sozialdemokrazia. Politikari gehienek diskurtsoa leundu egiten dute boterea lortzean. Chavezek aurkako bidea egin zuen, berak sarritan aitortu legez. Alde izan du George W. Bushen zabarkeria eta Latinoamerikarekiko ahaztura. Obama joan zen Trinidadera 2009an —Chavezek Eduardo Galeanoren Latinoamerikako zain irekiak eman zion hartan—, eta diskurtso ederra ere egin zuen, baina hortik aurrera urrats gutxi.

Kontinentean sakontzea eta kolonialismoa astintzea ditu lorpen Chavezek. Latinoamerikako heldutasunaren domina, paradoxikoki, Brasilek jantzi du, BRICS taldean. Europatik eta Estatu Batuetatik kanpoko munduaren bultzatzaile nagusi izan da, Gerra Hotzeko Herrialde Ez-Alineatuen antzera. Latinoamerikatik irtetean desitxuratu egiten da Chavezen figura, baina gaur ez dugu horretarako lekurik (eta historiak ez du hori nabarmenduko).

Etxeko ilunak aztertzen zailago da. Gizartea zatituta dago, baina oposizio kolpista batekin ere ez da erraza batasuna. Militarra, harroputza, ahoberoa, ezjakina... ispiluan begiratu nahi ez duen Europa zuriaren kritikak oso neurriz egin behar dira, pertsonaia konplexuekin gertatu ohi denez. «Gerratik joandako euskaldunak antichavistak dira, ETAko iheslariak chavistak» laburbildu zuen IƱaki Anasagastik 2002ko estatu-kolpearen ingurumarian. Gerora hitz gogorrak izan zituen Chavezek berak Guardia Zibilak atxilotutako euskaldunen aurka («bi kriminal odoltsu»), baina bere enbaxadoreak Espainiako tortura salatu zuen era berean. Azken orduetako erreakzioak ikustea aski da, gurean ere zenbaterainoko ondorena utzi duen kargutzeko: Hugo Chavez gorabehera, mugimendu bolivartarraren eredua —boterea iraultza armatuetan barik hautestontzietan lortzea, eta gobernu-praktikak herria alde jartzea— aski erakargarria da askorentzat, ezker abertzalean bereziki.

BERRIAn argitaratua

2013-01-27

Britainiar ereduak

Kataluniak beste urrats bat egin duen egunean, beste albistea Erresuma Batutik iritsi zaigu. Belfastetik, probokazioa barkatzen badidazue. Sinn Feinek uhartea batzeko erreferenduma eskatzea ulergarri ere izan liteke euskal ikuspegitik. Inbidia unionismoak dakar, horratik, erronka zelan onartu duten ikusita. Egiaz, aldaketa mugimendu errepublikanoan gertatu da. Ados, ez da berria, Ostiral Santuko akordioetarako ere barneratuta zeukaten ideia baitzen Sei Konderriek bazutela aski entitate, partizioa errealitatea zela alegia, eta erabakitze eskubidearen eremua aitortu behar zitzaiola. Gogoan izan behar da unionistek Ulster izenez gorpuztu gura zuten errealitateak 1921ko zatiketa zuela oinarri bakar, gehiengo britainiarzalea izango zuen ahalik eremu handiena bermatze aldera. Ulster osoa osatuz gero, katolikoak erraz gehiengo izan zitezkeela ikusita, kanpoan utzi zituzten Cavan, Monaghan eta Donegal —azken hori benetako Ipar Irlanda—, uhartean iparren dagoen konderria baita. Kontuak kontu, Ipar Irlanda errealitate da, eta onartuta dago estatusa bertako biztanleek erabakiko dutela.

Erabakitze eskubidea britainiar tradizioaren baitako oinarrietan sakon errotutako kontzeptua da. Sezesioen aurkako mila argudio eman litezke, baina ez ausartu herritarrei horrelakorik debekatzera. Alde ederra nafarren borondatea argi dagoela behin eta berriz dioen UPNren gobernuarekin; hiru mila laguneko herri batek, Etxarri Aranatzek, independentziari buruzko galdeketa proposatu eta berehala debekatu beharra azpimarratzen. Fribolitatea da agian, unionismoak Ipar Irlandan ekarri duen bazterketa eta samina gogoan hartuta, baina estimatuko litzateke Nafarroako unionistek britainiarrengandik zerbait ikastea.

Britainiar ereduak bere du herritarrei ahotsa ematea. David Cameronek Europako Batasunari buruzko galdeketa proposatu du hurrengo legealdian, euroeszeptikoak gustura geratzeko eran. Timothy Garton Ash Europar gaietako adituak Cameron zoriondu du, baina aurkako motiboengatik: europarzale delako nahi duela galdeketa gogorarazi du. Bidenabar, Angela Merkelek inposatzen duen Europa honi ezetz esatea zilegi den gisan saiatu beharko lukete euskal eta katalan independentistek euroeszeptizismoa uxatzen. Gure errealitate bakarra Europa baita. Latinoamerikan diasporak baino ez dira interesgarri ikuspegi independentistatik. Beste Europa bat posible eta behar da, EBtik kanpo egotea ere aukera bat da —ederto dago Norvegia—, baina europar herriekin bat egitea ideia bolibartarra baino zilegiago da: ez da kolonizazio espainolaren ondorio.

Beste Amerika ezezagun batean eman ditut egunok. Obamaren hitzaldia Antilletako aireportu txiki batean ikusten duzularik, esklaboen ondorengo biztanle guztiak adi-adi jarraitzen uharte batean, mundua txiki ere txiki gelditu dela iruditzen zaizu. Anguilla ez duzue mapa gehienetan aurkituko. Duela berrogei urte pobrezia gorrienean matxinatu ziren hamar mila lagun; gaur munduko aberatsen dolarrak jasotzen dituzte, euren hondartza zurietan eta ur gardenetan igeri egiteko. Bizi-maila polito igo die luxuzko baina hotel handirik gabeko turismoaren aldeko apustuak, masifikaziotik urrun. Baina britainiar lurralde da oraindik uhartea. Hubert Hughes lehen ministroa NBEko deskolonizazio batzordean mintzatu zen iaz, eta erabateko independentzia behar dutela berretsi dute. 1967an Anguillako errepublika aldarrikatu zuten, Londresek Saint Kitts uhartearen administraziopean jarri zuela eta. Erreferenduma irabazi eta St Kittseko Polizia kanporatu egin zuten. Handik urte bira beste galdeketa bat deitu, eta britainiar armadak inbaditu egin zuen, zorionez hildakorik gabe. «Gure historiako une erabakigarria izan zen, etorkizuna geure eskutan hartzen hasi ginena», diost Colville Petty historialariak.

45 urte geroago, Hughesek dio garaia dela bere bidea egiteko, beharrezko dela deskolonizazioa. Nazio Batuak ere bat datoz. Londresek ez lioke 1967ko eragozpenik jarriko, bistan da. Baina argudio horiek guztiak alde izan arren, ez du independentzia berehalakoan aldarrikatuko Anguillak. Herritarren esku utzi gura du lehen ministroak. Eta ez da aukera erraza, libre eta burujabe izateko borondate naturalarekin batera, beldurrak baitatoz: britainiar pasaporteak ate asko irekitzen ditu, EBkoa besteak beste. Duela mende erdiko independentzia prozesuak deskolonizaziotik etorri ziren. Egun, erabakitze eskubidea gailentzen zaio.

Anguillatik Ameriketako estatu txikienera jo dugu, St Kitts eta Nevisera. 1983ko independentziaz geroztik, herrialdeko konstituzioko 113. klausulak munduan ia beste inon onartzen ez den eskubidea aitortzen die Nevis irlako 4.000 biztanleei: federazioa utzita estatu independentea sortzeko aukera. 1998an saiatu ziren, eta 170 boto falta izan zituzten konstituzioak ezarritako %66 lortzeko. Karibea da, Antillak, urruneko kontuak, baina ez da deskolonizazioa, herritarrek etorkizuna erabakitzeko eskubidea da. Sezesioa dibortzioa bezain onartua izan dadin.
BERRIAn argitaratua