2008-03-23

Saint Patrick, Newroz eta gu

Hiru aberri egun ikusi ditu asteak. Saint Patrick irlandarrek, uharteko mugak demografiak ezabatuko dituelakoan. Baina non egongo ote da gaelikoa ordurako? Sinn Fein agintean duen gobernua ez da gai irlanderazko egunkari bakarrari eusteko. Badakit ahaleginak egin dituztela horretarako eta hizkuntza legea lortzeko, baina emaitzak begibistakoak dira iparrean zein hegoaldean.
Kurduek Newroz ospatu dute munduko bazterrik nahasienean. Turkia, Iran eta Siria bezalako herrialdeak ezer gutxik batu ditzake, baina horratx kurduak Ankarak, Teheranek eta Damaskok txikikeriak ahazteko eta zapalkuntzan elkarrekin jotzeko.
Euskal Herrian tradizio bien loturatik daukagu, irlandarren katolikotasunetik eta Newrozek islatzen duen berpizkundetik, biak batean Aberri Egunean. Berpizkundetik baino beste edozertatik sumatzen da hurbilago herri hau, horratik, Lapurdi eta Nafarroa Behereko lan txukunaz gain.
Batzuk, iragarritako urratsa emateko bertigoarekin, inoiz iragarri izanaz ere damu eta Madrilera merkealdian, botoak doan ere emateko prest zelan irten ez dakiten bidean konponbide duin eta umiliaziorik gabekoren bat eskaintzen badiete, lehendakaria sakrifikatuta ere. Besteek iragarri gabe baina noizbait eman beharreko urratsa emateko biderik ikusi ezin, jakin arren orain bertan eragozpen direla Lizarrarako (Garazi gutxienez ari da lanean).
Eta Espainia? Eroso, oso eroso. EAJ beldurtua, ezker abertzalea preso eta klandestino, eta besteak bere horretan garaipenera bidean.
Goazen bai, goazen Zapaterorengana, zabal hartuko gaitu. Loiola? Ajuria-Enea!

2008-03-16

Enbataren ondoren

Enbatak jo du aspaldiko gogorren eta itsasora begiratu dugu Bermeon, Donostian, Donibane Lohizunen. Artean ez genekien Telesfororen agindua zela. Candido Saseta komandantea etxera bidean zela. «Harro hadi, Kantauri itsasoa ta heien betiko loa betiko kanta zak. Geroari esaiok olatuetan herri-izarrak ez direla itzaltzen». Telesfororen beraren izarra bahitu nahi izan zuten duela 27 urte Espainiako tankeek. Argalaren izarra bahitzeko aitzakian Arnaldo Otegi espetxeratu duten legez. Saseta, Espainiaren etsaia. Argala, terrorista. Gerrako heroiak, terrorismoaren biktimak.
Enbatak jo du aspaldiko gogorrenen, eta Matxitxako parean bou Nabarra aurkitu ei dute. Cecil Day-Lewis-ek idatzi zuen, ez Lauaxetak: «Guduan sartu ziren galduko zutela aurreikusirik/ eta galdu egin zuten. Bizkaiko tirainak anitzen hezur / tematsuen gainean ari dira orain goitibeheiti./ Gainontzekoek euren untzien patu herdoildu bera / dute zain espetxeetan».
Saseta hil zen. Nabarra hondora joan zen. Durangoko bonbardaketa etorri zen segidan. Erbestea. Fusilamenduak. Espetxea. Atzo berriz bildu ginen Durangon. Txillardegi omendu genuen atzo. Eskerrik asko, Jose Luis. Ezin izan zuen etorri. Joseba ere, semea, ez zen etorri Durangora. Beste Joseba ere ez. Matxitxako, Durango, Gernika, Bilbo, Turtziozko manifestua eta hogei urteko isilunea. Hogei urte altxatzeko, Nabarratik Leturiara. Geroztik, mende erdi ibiltzen, otsoak eskutik hartu gabe. Txabi, Txikia, Argala, Telesforo, Santi, Txomin, Jon. Atseden hartzeko ordua da, lagun zaharrak biltzeko. EH-Bai. Saseta etxean da. Etxean behar zaituztegu zuek ere.

2008-03-09

Galderak (akritikotasun barik)

BERRIAko Larrepetiterako idatzia

Atentatuaren desproportzioa izugarria da. Berdin salatuko lukete Rubalcabari heldu baliote, baina gerra estrategian mundu guztiak ulertuko zuen. Dorrea ezin jan, eta jadanik peoi ere ez denari jotzea ankerregia da. Bidenabar, ez diet onartuko akritikotasun salaketarik, torturen inguruan ikerketak eskatzera mugatzen direnen aldetik. Zer eskatu ikasi ez duenari, sistema demokratikoetan gobernuentzat hedabideak ukiezinak direla?
Kolpea izugarria izan da. Ez gaitu harritu, horratik. Aspaldi idatzitako gidoi makabroaren urratsa izan da; Rubalcabak aurreratu zigun hurrengo kapitulua, aurrekoak iragarri legez. Eta gehiago egon daitekeela dio. Bazekien torturen, legez kanporatzeen eta espetxeratzeen espiralak zein erantzun izango zuen. Zapaterok berak esana da edozein agintariren ardura dela heriotzak saihesten ahalegintzea. Bazekiten poliziarekin bakarrik ezingo zela, baina segi espiralarekin, hala ere. Ez naiz ezer zuritzen ari, espiralaren amaiera eskatzen bakarrik.
Irakurketa politikoak ukatzea ere itsukeria da. Zer eta noiz egin duten, erabateko gehiengoa eskura jarri diote PSOEri. Eskuak libre eta PP argi garaituta, Zapaterok ausardia handiagoa erakuts lezakeelakoan? Bidenabar, EAJri giltza izateko ametsa zapuzteko? Ostiralekoak edozein urrats atzeratzen du, baina lau urte daude aurretik.
Azken kontu bat. Larria da hilketa bat. Larriagoa eragoztea erraz samarra zelarik. Baina bat larria bada, zer dira Espainiako kanpainan hildako sei emakumeak? Zergatik horiek ez dute kanpaina eten? Ez al da hipokrisia mingarria martxoaren 8ko manifestazioak debekatzea eta ETAren aurkakoak bultzatzea? Konpon ezazue behingoan gatazka, eta heldu benetako arazoei.

2008-03-02

Gora elurra!

BERRIAko Larrepetit-erako idatzia

Turkia hego Kurdistandik erretiratzen hasi da, asteazkenean «elurragatik etenaldia» egin eta ostiralean «helburuak bete» dituztela iragarri ostean. Hamasek Gazan irabazi ez zuen legez, eta Hezbollak Tsahal uxatu ez zuen legez, ez dira kurduak izan eskualdeko bigarren armada garrantzitsua kanporatu dutena. Bego, baina gora elurra!
Kurduek bai, PKKk bakarrik ez baitu egin. Nazioarteko erakundeetan diharduten albaniarrei Kosovoren independentzia ospakizunetan ez parte hartzeko agindu zieten legez (eta albaniarrek bete, noski!), Irakeko presidente Jalal Talabaniren alderdiak ere Turkiaren aurkako protestetan ez parte hartzeko eskatu die jarraitzaileei. Eta kurduek esana bete, noski! Gora elurra!
Kirkukeraino iristeko asmoa zeukaten turkiarrek, eta hamar kilometrora atzera egin dute. Baina badakite hiriburu historikoa berreskuratu nahi badute historiak -hau da, AEBek- hartu duen korrontearen kontra igeri egin beharko dutela berriz ere. Jadanik Washingtonek ez ditu beharrezko. Baina alde guztietako kurduek elkar behar dutela ikasi badute, badakite guk baino gehiago. Gora elurra!
(Lagun batek diost ea ez dudan Espainiako hauteskundeez ezer idatzi behar. Baina interes apurrik al dauka hegoaldeko estatu ultra horretan nork agintzen duen? Faxistei egin dakiekeen onena jaramonik eza dela dioten arduragabeen eta legearen izenean faxistok babesten dituztenen gainetik Gernikan, Donostian, Iruñean, Bilbon behar bezala aurre egiten diezuen antifaxista ausart horiei: eskerrik asko eta biba zuek!)
Gora elurra!