Showing posts with label Herri Katalanak. Show all posts
Showing posts with label Herri Katalanak. Show all posts

2014-03-23

Euskal estatuko hizkuntza

Ukrainan gertatutako istorio guztian badago Euskal Herriarekin lotura kezkagarri bat: eskualde errusieradunak eta ukraineradunak aurrez aurre jartzean, Euskal Herriko hizkuntza-maparen antzeko bat ikusten dut, gurean ere independentismoaren indarra parekoa izan baita. Azalekoa da antzekotasuna, badakit: Errusiak zapaldutako herrietan eskuindarra izan ohi da nazionalismoa, eta mendebaldean ezkertiarra. Badago beste ezberdintasun garrantzitsuago bat: herritartasuna eta naziotasuna argi bereizten dituzte ekialdean, eta hori onerako izan badaiteke ere, bereizketa etnikoa betikotzen du: borondatearen gainetik determinismoa dago, eta demografiak baino ez du aldatzen estatuaren banaketa etnikoa. Jakin dugu Krimeako ehuneko 58 errusiarrak direla eta herena ukrainar eta ehuneko 12 tatariar, elkarrengandik bereizitako konpartimenduak balira legez. Gurean ez gara gutxiengo etnikoez mintzatzen, eta ondorioz —zorionez—, ez dugu bereizten Euskal Herrian zenbat diren espainiarrak eta zenbat... euskaldunak? euskotarrak? Hitzik ere ez daukagu «euskal etnikoa» izendatzeko. «Euskal herritar» asmatu genuen euskaldun eta erdaldunez osatutako herri honetako biztanleentzat, baina ez daukagu bereizketa etniko hori egiteko berbarik. Ezta beharrik ere. Oso garrantzitsua da modu inklusiboan ulertzea gure herria. EH11Kolorek eztabaida beharrezko hori planteatu berri du. Baina gaitik pixka bat urruntzen ari naiz.

Irakurleei galdetuz gero, euskal estatuko hizkuntza ofiziala euskara izango dela esango lukete ziur aski. Ez al dugu urtetan eskatu, bada, euskara Euskal Herri osoan ofiziala izan behar dela? Euskal konstituzioan hitz ederrekin aldarrikatuko da «berezko hizkuntza», «euskal nazioaren zutabea» edo horrelako zerbait. Badakigu horrelako izendapenak eremu sinbolikoan geratzeko arrisku handia dagoela, Irlanda adibide. Sobietar Batasun ohiko estatu gehienetan ere, errusiera da oraindik hizkuntza nagusia, estatuko hizkuntza ofiziala bertakoa izanda ere. Hizkuntzok gaelikoa baino indartsuago daude, baina diglosiari ezin bueltarik eman, independentziatik bi hamarkadara. Hortik nire kezka: espainierak izango du aitortzarik euskal estatuan?

Viktor Janukovitx errusieraren aldeko hizkuntza-legea egitear zela 2012an, hala ziostan Refat Txubarov tatariar buruzagiak Krimean: «Errusierari babesa emateak ukrainera mehatxatzen du. Denok dakigu errusieraz azken batean, eta absurdua da Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna aipatzea, hizkuntza mehatxatuei baitagokie. Errusierak ez dauka inolako mehatxurik».

Katalunian ere bada eztabaida hori. Oriol Junqueras ERCko buruak aspaldi esan zuen espainiera ko-ofiziala izango dela Kataluniako Errepublikan. Berehala egin zioten aurre, horren arriskuaz gaztigatzeko: espainiera legez babestea katalanaren normalizazioaren oztopo izango da, hartarako eskubide legala aldarrikatuko baitute aurkariek. Badago planteamendu interesgarriagorik: Espainia kopiatu barik, Kataluniak ez dezala hizkuntza-ofizialik izan. Aldiz, estatu-hizkuntza katalana izango da, Parlamentutik epaileetara eta Poliziara. Administrazioak hizkuntza horretan lan egingo du. Herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartuko dira halaber, beste hizkuntza batzuk (espainola zein beste edozein) mintzatzen diren lekuetan. Bi mezu, bakarrean: espainierak ez du babesik behar, baina espainiera-hiztun, zaude lasai; herri hau denona da eta beste herritarren pareko eskubideak dituzu. Sezesiorako ezin dituzu herritarrak uxatu. Ez eta engainatu ere.

Euskal Herrirako abiapuntu izan daiteke. Dagoenetik abiatuta, jakinik hainbat udalerritan hamarkadatako bidea dagoela euskalduntzeko, bai; alde batetik administrazioa euskaraz ari dela, eta bestetik herritarrei nahi duten hizkuntzan aritzeko askatasuna emanda.

Kataluniako estatua jaiotzean, automatikoki, bertako biztanle guztiak Kataluniako herritar bihurtuko dira. Hala izango da Euskal estatuan ere, automatikoa eta unibertsala, euskaldun zein erdaldun izan. Hortik aurrera, baina, zehaztu beharko da zelan lortu herritartasuna, gainontzeko estatuek egiten duten legez: katalan nazioa Estatutik harago doanez, edozein valentziar edo mallorcarrek Estatu katalaneko herritartasuna hartu ahal izatea proposatu dute, moldaviar askok errumaniarra daukan legez. Euskal estaturik sortzekotan, Espainiako estatutik bereizita sortuko da, baina bermatu beharko lioke herritartasuna hala nahi lukeen lapurtarrari. Diasporarako ere mekanismoak bideratu beharko dira.

Baina hizkuntzak ekarri nau hona. Euskaraz jakitea eskatuko al zaie euskal herritartasuna nahi duten biztanle berriei? Hala egiten dute estatu askok, Espainiak zein Frantziak esaterako. Baina ez dut uste hizkuntza-azterketarik behar denik. Ez dugu esan administrazioa euskaraz ariko dela? Bada herritar berriei «proba» euskaraz egingo die. Horrek hurrengo puntura garamatza. Antton Lukuk dioenez, «euskalduna zira?» galdetzean ez gara jatorriaz ari, bost axola Gernikan zein Dakarren jaio zaren. Euskal estatuak ezingo lioke herritartasuna ukatu ezein euskalduni. Hau da, euskara jakitea ez da baldintza, bermea da herritartasunerako. Bestela esanda, ez litzateke azterketarik behar euskal herritar izateko; kafe bat, bost minutuko solasaldia euskaraz, aski da euskal errepublikako herritartasuna lortzeko.

Europako herritar bihurtzeko ate nagusia euskara ikastea izanen litzateke, hala. Eta gure leku erdaldunduetan espainolaren hegemonia hautsiko da hura ez dakiten baina beste dozenaka hizkuntza, ohitura eta sineskera darabiltzaten herritar berriekin. Denak ere euskararen zubiak lotuta.

BERRIAn argitaratua

2013-08-11

Gibraltar eske, Katalunia galdu

Politikan ohiko akatsa da pentsatzea memoria guk baino ez daukagula. Guri egin dizkiguten guztiak gogoratzen ditugun arren, ahaztu egingo dituztela guk haiei egindakoak». Hala esan ohi du lagun batek.


Erresuma Batuarekin batera, Alemania da ziur aski Estatu Batuen zaleen den Europako nazioa. Berlingo Luftbrucke edo Aireko zubiak badauka zerikusirik horretan. 1948an Berlin mendebaldea setiatu eta itxi zuen Sobiet Batasunak, hartara laster aliatuek hiri osoaren kontrola emango ziotelakoan. Baina, berehala, Tempelhof aireportu txikira AEBetako hegazkinak iritsi ziren, eta ia urtebetez airez hornitu zen hiriko mendebaldea. Alemanen AEBekiko esker ona gaur arte iristen da.


Argentinak ez zuen 1982ko gerra soilik galdu; Malvinak ere galdu zituen. Diktaduratik oso desberdina den gobernu ezkertiarra dauka gaur Argentinak. Baina Malvinetako auzia deskolonizazioan kokatzen du oraindik ere. Asteon bertan, Nazio Batuetan egon da Cristina Fernandez hori gogorarazten. XIX. mendeko gertaerekin argudiatzen dute malvinarrek aurten ia ehuneko ehun adierazitakoak ez duela balio. Baina orain hiru hamarkadako erasoaz berbarik ez.

Serbiarrak eta albaniarrak etsai historikoak izan dira, baina 1998ko erasoak ekarri zion Serbiari Kosovo galtzea. 1981ean Jugoslavia barruko errepublika bat gehiago izatea nahi zuten albaniarrek. Ez dira gutxi, Serbian bezala, Titoren garaian gomutan diren Kosovoko albaniarrak, baina ez eskatu Belgraden menpera itzultzerik.

Harekin lotuta, egunotan bete dira bost urte Hego Osetiako gerratik. Mikhail Saakaxvili georgiar lehendakariak auzi izoztua berehala konponduko zuela pentsatu zuen, Tskhinvali hiriari erasota. Errusiako armada mugan zeukan zain —askok uste dute Moskuren tranpan bete-betean erori zela Misha—, eta Washingtongo lagunik agertu ez. Georgia pieza ahulegia zen, George Bush Errusiaren aurkako gerran sartzeko. Moskuk Kosovoren mendekua hartu zion mendebaldeari, eta Hego Osetiako eta Abkhaziako independentziak onartu zituen. Lezio asko daude ordukotik, baina horietako bat da Georgiak egun bakarrean lortu nahi zuen hori, betiko edo oso luzerako gutxienez galdu duela.

Espainiak antzeko arazoa dauka. Gibraltarrekin azaleratu da egunotan, etxeko zikinkeria tonak ezkutatzeko maniobra aski zabarrean. Bestela ere, hori du berezko jarrera historikoa. Zurruntasunak hori du arazo, tolesterik ez bada, apurtu egiten dela. Britainiar inperioa da denetan tolesena ziur aski, Commonwealth eta bestelako egituren bidez: lurralde bakoitzak burujabetza eta estatua ditu, baina hortxe dirau Londresekiko lotura historikoak, Kanadatik Australiara eta Hego Afrikatik Indiara.

Gibraltardarrak hamahiru urtez egon ziren, 1982 arte, hiritik lurrez irten ezinik, telefonoz ere mugaz beste aldeko senideekin hitz egin ezinik. Espainiak mugan egunotan eragindako ilarek eta jazarpenek, horixe bera gogorarazi diete: auzoak beretzat nahi dituela baina, era berean, gorrotoz tratatzen dituela beretzat nahi duen lurraldeko herritarrak.

Espainiako gobernuak ustelkeria kasuak ezkutatzeko modurik baldarrena hautatu du, ziur aski. Kataluniatik formalki erreferenduma adosteko bilera eskatu zaion unean, gainera. Hilabete falta da ehunka mila lagunek Kataluniako kostalde osoa hartzeko independentzia eske. Gero, 360 edo 370 egun, eta galdeketa. Eskoziako erreferenduma baino egun gutxi batzuk lehenago, ERCk adierazteko borondatea betez gero.

Hori ikusirik, okerrena pentsatu behar dela dio Hector Lopez Bofill irakasleak, «Espainiak Jugoslaviaren gisa amaituko du. Kataluniak Esloveniaren egitekoa betetzea baino ez dut espero. Bisturi-mozketa azkar eta eraginkorra, hamar eguneko gatazka eta hildako gutxi». Espainiak «berunezko ukabila» erabiliko ei du «beldurrak eta historian hainbeste errepikatu den sarraski atabikoaren hurbiltasunak Kataluniako klase ertainen grina desegingo duen esperantzan (...) Espainiak denak hondora eraman dezake, biziraupen nazionaltzat daukana jokoan badauka». Katalunia galduta, Espainiak beste lurralde aberatsekin (Herrialde Katalanetako gainontzekoak eta Euskal Herria) zelan jokatuko lukeen, eta balizko Bosniaren lekua Nafarroak edo Valentziak izan lezakeela ere iradokitzen du Lopez Bofillek. Baina egunotako matxokeriak eta Espainiaren bular hanpatzeak, gutxienez, atezuan izan gaitzala, eta egoeraren neurria hartu. Hilabete falta da Diadarako, hamahiru hil Espainia apurtzeko. Lehenago Espainiak berak harakiria egiten ez badu, historian hainbestetan legez.

BERRIAn argitaratua

2013-05-05

Lurraldetasun kontuak

Eskozian ez bezala, Espainiaren menpeko nazioek lurraldetasunean dugu oztopo nagusietakoa. Euskal Herrian, inon baino gehiago. Katalunian ere hala zelakoan geunden duela ez hainbeste, baina han zirt edo zart egin dute. Herri Katalanak aintzatestea eskatzen dutenek ere ontzat ematen dute Kataluniako Printzerriak hartu duen bidea, gaur-gaurkoz posible den bakarra delakoan.
Erabakiak alde bi baititu: begi-bistakoa da nazioaren zati baten independentziak nazioaren zatiketa, partizioa dakarrela. Katalunian aspaldikoa da zatiketa hori, horratik, Euskal Herrian baino askoz zaharragoa. Gerraurreko Generalitateak ere ez zuen Herri Katalanekiko berehalako helbururik; euskal autonomiak bai. Baina alde positiboa ere ezin zaio ukatu: pentsaezina da prozesu demokratiko batean hainbat egiturak bat egin eta Estatu berri bat sortzea; aitzitik, egon dagoen egitura batetik bideratu behar da hori. Hori da Kataluniako helburua: herritarrei galdetu ostean, Artur Mas presidenteak erkidego autonomoa Estatu independente bihurtzen dela aldarrika dezala.

Katalunian kontsentsu zabala zegoelakoan, eztabaida lehertu da azken asteotan. ANC Biltzar Nazionalak Mallorcan zeukan taldeak gainontzeko taldeen antzera onartzeko eskatu zuen, biltzar orokorrean hitza eta boza izateko. ANCko gehiengo handi batek aurka bozkatu zuen. «ANCk argazki tristea eman digu; Katalunia izan nahi duen Mallorca eta halakorik nahi ez duen Katalunia» kritikatu du Gabriel Bibiloni Filologia irakasleak. ANCk baditu taldeak atzerrian, «baina eragotzi egiten da nazio katalanaren baitan ANCren lurralde-artikulazioa», esan dute Mallorcatik. Vicent Partalek ere kritika egin zion ANCri «eztabaida guztiz politiko bat auzi administratibo» bihurtzeagatik. «Gertatu behar» zuela uste du, eta «Mallorcako enbidoa, agian gustukoa izan ez arren, ezinbestekoa da: zein da katalanen nazioa?».

Izan da besterik uste duenik ere. Mallorcatik bertatik Davit Jordi Llobet kazetariak arrazoi eman dio ANCri: «Ondo egingo dute indar guztiak argi geratu diren helburuetan kontzentratuta: erabakitze eskubidea Kataluniako estatua lortzeko erabiltzea. Edozein distrakzio, edozein apeta pankatalanista, joko-mahai honetan eta une honetan, Kataluniak Espainiako estatuaren baitan jarraitzea dakar». Nazio kulturala eta politikoa bereizten ditu Llobetek, nazioa batez ere politikoa den fenomenoa deritzo. «Kataluniako Parlamentuak argi utzi du: Kataluniako herria da subjektu juridiko eta politiko subiranoa. Horri, mendebaldean eta iraultza liberaletatik nazio deitzen zaio […] mallorkinismo politikoaren helburua Balear Uharteetako estatua sortzea izan behar da, hori da gure nazio politikoa. Eta gainontzeko herrialde katalanekin (zeintzuekin nazio kulturala edo komunitate etnolinguistikoa partekatzen dugun) izaera konfederaleko elkarlan harremanak sortu, berdintasunean».

Subjektua erabaki behar da, eta oso bide interesgarria ari da urratzen Katalunia. Baina argi izan behar da, halaber, prozesu sezesionistak zailak baldin badira irredentismoa (lurralde batek Estatu bat utzi beste baten zati bihurtzeko) ia ezinezko dela. Irlanda bera adibide (eta han geografia alde dute, uhartea baitira), unionistek nahiago dute Londrestik bereizitako Ipar Irlandako Estatua, Dublinekin bat egiten duena baino. Hego Tirolek ere errazago leukake independentzia, ezen ez Austriarekin bat egitea. Kosovon beste horrenbeste, debekatu egin diote Albaniarekin bat egitea. Sarritan esan dugu: nazioartean lurralde batasuna errespetatzea aldarrikatzen denean, hain zuzen ere, Estatuei buruz ari da, Estatu batek bermea izan dezala beste Estatu batek ez diola lurralderik kenduko. Beraz, Kataluniako prozesu sezesionista arrakastatsua baldin bada, Espainiarekin akordio bat lortuko du, bien arteko mugak argi uzteko eta haren lurraldeekiko aldarrikapenik ez izateko. Arrazoi du Llobetek horretan: Valentziak edo Balear Uharteek errazago dute Estatu propioa eratzea, Kataluniako estatuarekin bat egitea baino. Estatua izanda, burujabea zara erabakitzeko zeure horretan jarraitu ala aldamenekoarekin konfederazioa osatu nahi duzun.


BERRIAn argitaratua