2014-03-09

Krimea eta irredentismoa

Demagun datorren asterako Krimean deitu duten bozketa antzeko gauza zabar hori zinezko erreferendum bat dela, behar besteko bermeekin, garaiz deituta, aldeko zein aurkako taldeei aurrekontu eta denbora-tarte bera emanda, eta abar. Eta gutxienean, Kievekin negoziatu ostean beste aukerarik ez dagoela ondorioztatuta.

Inbasio eta anexio zuzena izan ordez, benetako erreferenduma balitz ere, galdera pare bat egin litezke: Stalinek agindutako tartariarren garbiketa etnikoaren eskutik dator lehena, eta ez du berehalako erantzunik. 80 urtera, demografiari buruzko kontuak baloratzea ez da erraza: tartariar haiek —zeinak bizirik dauden biktimetako asko— konponbide eskatzen daramate 20 urte baino gehiago, behin ere ez dira saiatu Stalinek kendu eta egun errusiarrak bizi diren euren etxeak berreskuratzen. Galdera izan liteke, bidegabekeria bat noiz bihurtzen den atzeraezina: Stalinek Europako mapa berrehun kilometro ekialderantz bota zuen; horrek gaur ez du atzera bueltarik. Armeniarrek ez dituzte Turkiako lurraldeak berreskuratuko. Baina horrek esan nahi ote du palestinarrek edo Tindufeko sahararrek etxera —edo gurasoen etxera, askotan— itzultzea ahaztu behar dutela? Ariel Sharonen jarrera ei zen txakur gaiztoarena: «Nahi dutena dei diezadatela, baina nire lorpenek atzera bueltarik ez». Marokoko zein kolonok leukake boto-eskubidea Sahara mendebaldean? Bosnia-Herzegovinako Srpska errepublikari ez zaio aitortzen Serbiarekin bat egiteko aukera, horrek besteak beste Srebrenicako genozidioa justifikatuko lukeelako. Arau orokor bezala, erabakitzeko eskubidea lurralde bateko biztanle guztiei dagokiela onartu behar dugu, baina arau horrek garbiketa etnikoaren muga daukala onartu ere bai.

Edozelan ere, bigarren auzia da interesgarriago Euskal Herritik begiratuta. Krimeak Errusiarekin bat egiteari «sezesio», «separatismo» eta antzekoak deitu zaizkio. Teknikoki, Krimea ez da sezesionista, ez akademian hitz hori erabili den eran gutxienez. Sezesioak estatu berri baten sorrera dakar. Gutxitan gertatzen da, baina badira hainbat adibide: Hego Sudanek 2011n gauzatu zuen Sudanekiko sezesioa, Nazio Batuetan aulkia lortu duen azken estatua da.

Irredentismo deritzo Krimeak egin duenari. Argudia daiteke Krimea Errusia izan dela luzaroan, Sobietar Batasunaren baitan egindako muga-aldaketaren ondorio dela, biztanle gehienek hori nahi dutela, eta denak dira egia. Baina egia da, halaber, munduko ordenaren zutabeetako bat estatuek elkar aitortzea dela, elkarren arteko mugetan. Hala egin zuten Ukrainak eta Errusiak 1992an. Beraz, Sebastopolgo basearen erabilerarekin batera, Errusiak Ukrainari aitortu dio Krimearekiko subiranotasuna.

Erabakitzeko eskubidearen alde dagoenak esan dezake beti dagoela horren alde, erabakia edozein delarik ere. Baina alde nabarmena dago. Autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna aurrez aurre jarri ohi diren eskubideak dira, biak ere Nazio Batuek onartuta. Hagako Auzitegiak Kosovori buruz emandako ebazpenean argi dakar aldea: lurralde batasuna estatuen arteko harremanari dagokio, Nazio Batuetako 2625 erresoluzioan eta Helsinkiko 1975eko IV. Artikuluan jaso legez: «Estatu parte-hartzaileek estatu parte-hartzaile bakoitzaren lurralde-batasuna errespetatuko dute».

Auzi teknikoak bazter, errealitatea da irredentismo kasu asko egon zirela Europan II. Mundu Gerrara arte... eta bakar bat ez dela egon ordutik. Gertatu dira sezesioak, baina ez estatu bateko lurraldea beste estatu batera igarotzea. Londresek aitortu dio eskubide hori Ipar Irlandari, baina ez da egundo gauzatu. Ondorioz, sezesioa edo irredentismoa detaile txikia iruditu daiteke ikuspegi politikotik, baina ez da hutsala. Ez Ukrainan, ez eta Euskal Herrian lehenengo lurralde bat «askatzea» eta gero besteak etorriko direla diotenentzat. Euskal estatu bat sortzea oso zaila da. Estatu horrek auzo-estatuen lurralde berriak bereganatzea, ia ezinezkoa.

Alemania naziak Austriaren Anschluss edo lotura gauzatu zuenekoa konparatu da egunotan. Ez da egokiena, ziur aski. II. Mundu Gerra aurreko azken muga-aldaketa beste bat izan zen, Txekoslovakiako Sudeteak bereganatu zituen Alemaniak, bertako biztanleen bozkariorako. Chamberlainek horrekin munstroa baketuko zela pentsatu zuen, eta Churchillek asmatu aseezina zela. Mendebaldearen orain arteko jarrerak izan du orduko utzikeriaren antzik; abendutik izandako hanka-sartzeak, manipulazioak eta ukrainar ultrak hauspotu dituela onartu ezinik. Gerraostetik Italiarenak ziren Dodekanesoko uharteak eskuratu zituen Greziak 1946an, eta Frantziak kendutako —baina estatuan integratu gabeko —Sarre Alemaniara itzuli zen 1957an. Estatu berri asko sortu dira hamarkada hauetan: Maltatik Estoniara, hogei inguru. Baina ez da behin ere gertatu estatu batek beste baten lurraldea hartzea, Alemaniaren batasuna hala hartu ezean. Gauza asko gertatu dira egun gutxian: astelehenean, Putinek Krimea anexionatzeari ezetz ziotson, eta hara gaur. Datozen zazpi egunak ere zorrotz aztertu beharko dira.

BERRIAn argitaratua

No comments: