2010-07-25

Kosovo

Munduan bizitako egun seinalatuetatik, gutxi dira Kosovoko independentzia bezain bereziak. 2008ko otsailaren 17a, arrastiko hirurak, Pristina jai erraldoia da. Burrundadaren erdian, bi gizon oroitzen ditut, elkarri besarkatuta negarrez, parlamentuak independentzia aldarrikatu berritan. Bizitza osoan zapaltzaile izan zuten serbiar boteretik guztiz libre ziren.

2006an montenegrotarrek doi-doi independentzia erreferenduma irabazi zutenean idatzi nuen benetako erronka Kosovo zela, han legea herritarren borondatearen aurrean ageri baitzen: Kosovoarren %90ek bultzatzen zuten independentzia, baina Jugoslaviako errepubliketako bat izan ez, eta ez zegoen Kosovoko estatua sortzeko legezko heldulekurik. Joan Puigcercos katalanak berretsi du egunotan (Nazioarteko Gorteak) «NBEko epai organo nagusiak aitortu du demokrazia lurralde batasunaren printzipioaren gainetik dagoela». Espainiak Serbiaren alde aurkeztutako argudio guztiak atzera bota ditu bidenabar.

Duela hamar urte, albaniarrek ezin abegikorrago hartu zituzten lagun batzuk espainiar pasaportea zeukatelako. Javier Solana NATOko burua zen horrek Serbia bonbardatu eta albaniarren garbiketa etnikoa eragotzi zuenean. Iaz itzuli nintzelarik, Espainiako banderak zerabiltzaten manifestari serbiarrek. Serbiar enklabe bateko eski estazio batean, «ez dut espainiarrekin berbarik egiten», gaztigatu zidan gazte batek. «Euskalduna naiz», zuzendu nuen aurkezpena, eskiatzailea albaniarra zela ohartuta. «A, orduan bai, badakizu Espainiak zuen erruz ez digula independentzia aitortzen, ezta?», bota zidan irribarretsu.

Turkiak asmatu zuen kurduei ukatzen diena albaniarrei aitortzen, auzia ez da gehiago eztabaidagai. Espainia bere matazan korapilatu da urteotan. Bagenekien gatazka politiko desberdinak zirela, baina Espainiaren beldurrak berdindu ditu. Eta Nazioarteko Gortea argia da: «Ez dago independentzia debekatzen duen nazioarteko legerik». Armadaren mehatxua daukaten konstituzio nazionalak baino ez daude.

2010-07-18

Uztailaren 18koak

Uztailaren 18a astebete aurreratu eta «garaipen banderak» itzuli ziren. Kuadrila bat auzoko tabernan ui eta ai-ka, bolandera batzuk partida amaitu osteko minutuan. Handik laster, erabateko bakea. Espainol asko dago, baina Bilbo ez da espainola.

Uztailak 18 dituenean duela hamabi urte egunkari bat itxi zigutela oroitzen gara. Ez da protesta ozenik egon, ez da nazioarteko begiralerik joan Madrilera, Kubako presoak hartzen dituen gisan gatibu dituen Egin-eko bederatzi kazetari eta langileak behingoan aska ditzan. Teresa Todak, Jabier Salutregik eta euskal prentsa independentea ahalbidetu zuten beste zazpi lagunek Espainiako ziegetan jarraitzen dute. Espetxera bidean nahi dituzte Udalbiltzako hautetsiak ere. Zuberoa laguntzea ez da haizu.

Espainia gorria futbolera desaktibatu dute. Espainia hautsia dute betitik buruhauste handiena, 1898ko traumatik altxatu ezinik, beren mapa noiz aldatuko beldurrez. Konkistaren mapa da, eta ondo dakite gaur astebete Bilboko Moiua plazan ospakizunetan zebiltzanek: Deia-k erakutsi digu PPko buruzagi mordoa Agirre lehendakaria inguratzen bandera horigorriarekin, abertzaleekiko irain merkean.

Uztailaren 18koak dira. Joan den astean Iñigo Urkullurekin bildu ziren berberak dira Agirreri espainola jarri diotenak, katalanei Espainiako mugak gogorarazi dizkietenak. Oposizioarekin legez, bere ezintasun eta gezurretan harrapatutako Zapaterorekin ere negoziatzeko prest jeltzaleak. Jaurlaritza kendu dioten alderdi biekin. Garesti daude Madrilgo sei boto jeltzaleak. Etziko bozketan PSOEri selekzioak, naziotasunaren aitorpena eta beste zenbait gauza eskatuz hasi du enkantea. Beldurra ematen du, onartuko ez dituzten hainbat eskarirekin batera Trebiñu eta Villaverde, gure mapako zuloak, tartekatu dituztelako. Horiek lortze hutsak merezi lezake Zapaterori agonia urtebete luzatzea. Baina aldundiei eustearekin aski dutela diote zenbait mihik. Ikasiko ahal zuten zerbait iazko hauteskundeetatik.

2010-07-11

Kolono beldurtuak

Polita behar du gaur espainola izateak. Edo holandarra. Ahaztu langabezia, eta egun batez gozatu zure herria ordezkatzen duen futbol taldearekin. «Inoiz ez nuen pentsatuko hori-gorria aurpegian margotuta ibiliko nintzenik» aitortu zidan bere burua ezkertiartzat daukan madrildar lagunak. Ondo zegoela esan nion, baina galdetzen hasita, ez ote zeukaten beren taldea bultzatzea monarkia frankistaren koloreak hartu barik, faxismoak fusilatutako errepublikarren banderarekin.

Espainiar hedabideak barregarri geratu dira Plaza Eliptikoko dozenaka espainiazaleak erakutsita. Askoz handiagoa baita Espainiako taldearen aldeko sentimendua. Zenbat abertzale dabilen aztoratuta, semea -alabak gutxixeago- zaletuta dabilela eta. Etxean kamiseta gorria eskatu duen mukizurik ere ba ei dabil bazterrotan.

Hortxe dago Espainiaren gola. Frankismoa urrun ikusten duen belaunaldi gazteari hori-gorria gauza normalizatua dela sinetsarazten saiatu da, kutsu faxista edo antieuskaldunik gabea, eta izan du arrakasta pixka bat. Futbola norbaiten alde egoteko da. Egon liteke aurka, baina nekez gozatzen da futbolaz horrela. Ez da beti erraza azaltzen kamiseta horrek beste batzuk ukatzen dituela, estatu horrek gure udal ordezkariak eta euskal nazioko zutabe sendoenetakoa, Udalbiltza, auzipetuko dituela datorren astean. Bandera horrek ukazioa, tortura eta hilketa adierazi du beti Euskal Herrian, baina zelan azal hori talde ilusioak kutsatutako eskolan.

Espainia banderaz eta ilusioz beteta dago, eta normala da. Gure auzo batzuen oihuak jasan beharko ditut Espainiak golik eginez gero, badakigu milaka espainol daudela hemen ere. Eta are gehiago direla diote, baina beldur ei dira adierazteko. Kolonoaren prezioa beti da indigenekiko beldurrez eta mesfidati egotea. Beren etxean nahi dutena ospa dezatela, geurean egingo genukeen legez gure talderik bagenu. Baina ukatzen diguten artean, piperpoto hori probokazioa izango da gurean. Eta oso jarrera sanoa ukatzen zaituenari hortzak erakustea.

2010-07-04

'Eppur si muove'

«Country?», esan izan didate irribarre konplizearekin, Basque Country-koa naizela esan izan dudanean. Aspalditik dakigu hitzen eremu semantikoak ez duela zertan aldameneko hizkuntzaren berbera izan. País Vasco/Basque Country/Pays Basque, Euskal Herria adierazteko hainbat era dira. Baina País/Pays-ek, ez dauka ezkutuko esangurarik. Herrialde independentea izan daiteke, baina baita nazio baten barneko eskualde xumea ere, bereizgarri etnikorik gabe. Ingelesez, «Basque Region» esan izan ohi dute hedabideek, erkidego autonomoaren izen ofiziala, unionistek ere badarabiltena, Basque Country izanagatik.

Aurkako kasua daukagu nazio hitzean. Ipar Irlandan tiroka zebiltzan eta eskoziarrek parlamenturik ere ez zuten garaiko turismo liburuxka ofizial bat begiratu dut egunotan. Natural-natural aipatzen du Britainia Handia lau naziok osatzen dutela. País Vasco berba neutroa den Espainian, berriz, sei epaile nahiko dira nazio bakarra dagoela ezartzeko. Baina katalan eta euskal herritar gehienak euskal eta katalan nazioetako kide sentitzen dira. Hori ukatzen duenak erridikulua egiten du lehendabizi. Hurrena, beldur izugarria adierazten du, eta atzetik, beldur horri aurre egiteko erridikulua ez eze terrorea ezartzeko borondatea. Nazio izateak erabakitzeko eskubidea baitakar, egungo mugak aldatuta ere. Indarrez eraiki dute inperioa, 1713an, 1839an, 1937-1939an, 1978 eta 1981ean. Esan zuen Kissingerrek Txileri buruz: «Ez dut uste egonean egon behar dugunik ikusten nola herri bat komunista bihurtzen den herritarren axolagabekeriagatik». Komunistaren lekuan «independente» irakurri, eta hara espainiar mentalitatea. Konstituzioaren mugak ezin argiago geratu dira, inork zalantzarik baleuka ere. Euskal erregioak, erkidego autonomoak, badauka lekua Espainiako demokrazian. Euskal nazioak ez, eta, beraz, nazio horretako kideok ere ez.

Alderdikeriak utzita, independentistak kalean behar du uztailaren 10ean, Bartzelonan zein Donostian.