Ama-hizkuntzen eguna izan dugu asteon, asteartean, hilaren 21ean.
Yucatan maiatik Txile maputxera, Hegoafrikatik Malira, Asia Hegoaldean,
Australian zein Kanadan, izan da ospakizunik. Bakea eta Demokraziaren
Alderdi (BDP) kurduko diputatu batek, kurdueraz, armenieraz, grezieraz,
lazeraz, asirieraz, zirkasieraz, arabieraz eta turkieraz esan zuen:
«neba-arrebok, ohorea da norbere ama-hizkuntza». Amed hiriburuan Ehmede
Xani Hizkuntza eta Literatura Kurduaren Institutua ireki dute. Ez da
meritu txikia, azken urteotako turkiar oldarraldi basatienaren erdian.
Inperioetako
hizkuntzek ez zituzten menperatutako herrienak ordezkatu oso berandu
arte. Herrien sumisioa eta zergak ordaintzea aski izan ohi zuten
otomanoek, austriarrek eta bestek, erabateko asimilazioa bilatu gabe
ere. Egun, estatu-hizkuntza nagusitzeko ahaleginean dihardute askok
oraindik, Pekinetik Riadera. Mendebaldean, berriz, ingelesa gailendu
dela jakitun, hizkuntzak babesteko politikak nagusitzen dira
Australiatik Estatu Batuetara. Beranduegi denean, ahal dena jaso,
museoan eder geratu dadin. Hala diosku Joxe Manuel Odriozolak:
«asimilazioak bere lana egina baldin badu (...) hildurak jotako
hizkuntza eskolaratzeak zer-nolako ondorioak dakartza? Hutsaren
hurrengoak, uste izatekoa denez. Ez dauka zertan kezkaturik Estatuaren
nazionalismo totalitarioak» (Estatu etnozidaren kontra, 2011).
Frantzian eta Ipar Euskal Herria gogoan hizkuntzaren folklorizazioa
deitzen dio, «hainbat jende pozarren lehertu ohi da. Eta ez da
harritzekoa, zeren ez baitu halakorik ezagutu seguru asko bizitza
osoan». Bada, Nicolas Sarkozyk badu zertan kezkatua, nonbait, Frantzia
maite duenak ezin baitu eskatu Europako Hizkuntzen Karta izenpetzea.
Berak sinesten ei du hizkuntzen iraupenean, baina «gutxiengo guztiei
hizkuntza eskubideen aitorpenean, horiek Europako Gorte baten
kontrolpean uzteko, zeinak gure historia nazionala eta tradizio
errepublikanoa aintzat hartu gabe jujatuko baitu». Ezin ukatu argi
mintzo dela. Aitor Renteriak bikain laburbiltzen du kazeta.info-n:
«Esklabista zaharren garaira itzuliz, jabe onak esklaboei erran zien
askatasuna ezinezkoa dela, baina eskuzabala dela eta badakiela
ezikusiarena egiten. Akta ofizialak frantsesez egiten direla eta ondoan
euskarazko itzulpena jar daitekeela. Txineraz, bantuz edo proto-euskaran
eginen balira bezala, apaingarri, exotiko».
Exotismoa ez da beti
haizu, baina: Ama-hizkuntzen egunaren biharamunean, paragrafotxo baten
irakurri genuen Izarbeibarko euskararen ordenantza Legearen aurkakoa
dela, ezin dituela dokumentuak elebitan egin. Izena ere ukatzen dio,
Valdizarbe soilik behar du. Izenik gabe izanik ez. Lehenago Tafallak
legez, Miranda Argak eskatu berri du eremu mistoan sar dezatela herria.
Bitartean,
BBCk, Txillardegitik abiatuta, galesaren eta euskararen antzekotasunak
(azalera, hiztun kopurua), eta desberdintasuna nabarmentzen zituen:
Hegoaldeko erakundeek Galeskoek baino lau aldiz diru gehiago ei
darabiltzate euskara bultzatzeko. Politikoki britainiar pragmatismoa
goratzen ari garen aldian, ifrentzuak beldurra ere badakar. Irlandako
gaelikozko telebista zuzendariak hala zioen abenduan Bilbon egindako
jardunaldietan: Nazioarteko Diru Funtsak erreskatatutako herrian, zelan
konbentzituko ditut Gobernua eta herritarrak gaelikozko telebista
beharrezko dela eta dirua behar duela, ospitaleak ixten ari direlarik?
Txillardegik
berak esan zuen Irlanda ez zela eredu. Baina inspirazio iturri ziren
herrialde baltikoek ere zer ez egin erakutsi dute berriki. Letoniak
ezetz esan zion errusiera ofizialtzeari, espero bezala, duela astebete
egindako erreferendumean. Eslaviar biztanleen hankasartze estrategikoa
izan da, letoniar abertzaletasuna hauspotu du errusiar «mehatxuaren»
aurrean. Estatu gisa hondoa jota dago, biztanleen ehuneko 15
boto-eskubiderik gabe oraindik eta ofizialki baztertuta egon arren,
errusiera da nagusi bai Rigan bai hainbat hiritan, ekialdean bereziki.
Haserretu
da Vladimir Putin Letoniarekin, lehen Estonian istiluak hauspotu zituen
legez. Haserre egin zuen herenegun berba, datorren asteko
hauteskundeetan datu guztiak alde ez dituelakoan. Errusiartasunez
hanpatuta, hilak 23 zituela ezaxola. Txetxeniarren genozidioaren
urteurrena da, Stalinen aginduetara nazio osoa trenetan sartu eta
Kazakhstanera bidaliko zituenekoa. Erdiak ez ziren iritsi.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment