Nazioarteko PEN Klubaren azken bilera Serbian izan zen joan den
irailean. Ez zen euskaldunontzako lekurik abegikorrena, baina Balkanetan
abegikortasuna zabala izan ohi da. Kontua da horrelakoak sarri
erabiltzen direla, ohiko bilkuraz haratago, lekua jartzen duen herria
erakusteko. Kosovoko kideak ere parte hartu zuen azkenean, horratik. Ez
dira urte asko elkarri txantxa egiten genionetik, nork izango zuen
aurrena estatua. Haiek lortu dute, eta oraindik ez da euskal
internazionalista talderik izan, ez elkartasuna adierazteko edo
ukatzeko, ezta prozesua bera bertatik aztertzeko ere. Errazago omen
espainolez lasai ibil daitekeen Latin Amerikan etxetik ekarritako ideiak
berrestea, auzien konplexutasunean kontraesanak agertzen diren Europako
herrialdeetara joatea baino.
2014ko PEN kongresua eskoziarrek
eskatu dute, noski, Edinburgon nahi gaituzte. Erreferenduma urrirako
iradoki du Alex Salmondek. Kongresuak irailean izan ohi dira. Hirugarren
rakija pattarrerako, eskoziar azentua ulertzen hasi nintzaion Glasgowko
lagunari. Txinatik erbesteratutako uigurra bildu zen eztabaidara. Xuan
Bello asturiarraren ipuina zirudien, Bretainiako kongresuan bildu ziren
nazioena, porrotak bildu zituela gogoan. Eskoziarrari galtzaileen kluba
utziko zuela gaztigatu zion uigurrak. «Zuek ez gaituzue utziko, ezta?»
segidan niri.
Urte batzuk lehenago, Ipar Irlandako Newry hiriko
pub batean nintzen, Hegoaldeko mugatik hur. Karol Wojtyla Aita Santuaren
argazkia horma batean —pub errepublikar batean ikusi dudan bakarra,
hori ere egia da—, Salouko hotelean zegoela kanporatu zutela ziostan
irlandar preso ohi batek, ETAk udan leku turistikoetan egin ohi zituen
erasoren batean. «Han zeuden, brit guztiak asaldatuta; ni, barreari
eutsi ezinik, egoeraren absurduan, Irlandatik lasaitasun egun
batzuetarako ihesi joan eta euskaldunek harrapatu!». Salou Katalunia
zela aipatu nion, eta gure antzekotasun eta desberdintasunak; Tennent's
pintak erraz sartzen ziren. «Hara, orain ere eskoziar garagardoarekin
ari gara. Zuek gure antzekoagoak zarete, astakiloagoak. Eta uste dut
katalanek eskoziarren antz handiagoa dutela». Garagardo arteko
konparaketak, estereotipoak, badakizue.
Parentesia itxita,
goazen Belgradera bueltan. Itzuli gara hotelera, azken trago baterako
geratu gara katalanekin. Alde handiak eta hurbiltasun handia ere badugu.
Hispanitatea, baiki. Baina mahaikide ditugun bizpahiru lagunak izan
ziren Egunkaria kasua Bartzelonatik mundu erdira haizatu
zutenetarik. Egin digute konfidentzia. Eskozia baino lehen egin gura
dute erreferenduma. Bide-orria argi dute eta 2012ko martxoan abiaraziko
dute. Helmuga, 2014ko Diada, irailak 11 dituenean. «Galdutako
independentzia berreskuratuko dugu».
Atzo izan zen, baina nik
herenegun idazten dut. Behetik gora egingo dute. Murrizketaz murrizketa
diharduen gobernu neoliberaleko alderdia, eta hari hortzak erakutsi eta
greba egingo dioten alderdi, sindikatu eta herritarrak, bietarik bildu
dira Kataluniako Biltzar Nazionalean. Bildu dira autonomian sinetsi
zutenak (mea culpa-rik ez Pujoli, ongi etorri baino, leziorik ikasi nahi
balitz), bildu dira Espainia federala nahi zutenak, Katalunian bai
baina Espainian federalistarik ez dagoela konturatu direlarik.
Guaiegi
ikusi dituzte katalanak euskal abertzaleek askotan, inora ez doazen
ekintza sinbolikoetan galduta. Espainiar analista zorrotzenetako batek
zioskun, ulermen handiagoa zuela espainiar nazionalismoak Euskal
Herrikoarekin. Egurra eman eta jaso, Espainia oso ondo mugitzen den
logika da. Baina zailago zaio muturrekoa ematea burgeskume
Europazaleari, gorbatadun neoliberal independentistari. Juan Jose
Ibarretxe umiliatu daiteke Madrilen. Kataluniarrek bozkatutako estatutua
iraindu izana garesti irtengo zaie.
Iazko apirileko
Bartzelonako erreferendumaz gero, 250 herri-biltzar eta sektorial eratu
dira (Eskuadra-Mosoak, azkenak). Atzo Biltzarra eratu, uda osoan hamar
zutabe nazional osatu eta irailean Diada batua dakar bide-orriak. 2013an
udal erreferendumak bultzatuko dira, Parlamentuan egiten ari diren
legea hartuta, eta horrekin, udal independentisten sarea eratuta, 2014ko
erreferenduma prestatuko dute. Eskoziarrek baino hilabete lehenago.
Lurraldetasuna argi utzita: egungo erkidegora mugatuta, Valentzia eta
Uharteak ez, Ipar Katalunia ere ez. Baina katalan estaturako erlojua
abian da. Bigarren argi bat piztu da. Edinburgoz eta Bartzelonaz ari
gara, ez Sarajevoz, ez Grozniz. Bi urte eta erdi, 30 hil barru. Eguna
jarrita dago.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment