Showing posts with label euskara. Show all posts
Showing posts with label euskara. Show all posts

2014-04-08

Irakurketa moduko bat V. Mapa Soziolinguistikoaz

Lehendabiziko datua: esanguratsua egin zait pesimismo orokortua; datu nabarmenena, titular handietarako beharko lukeena, euskaldunen hazkunde bikaina izanik. Zerbait adierazten digu: 20-30 urtean EH mendebaldea nagusiki euskalduna izango da!

Mapa bat nabarmendu dute hedabide gehienek: azpimarragarriena, eta poz handiena dakarrena, noski, berde kolore hori zelan hedatu den, zelan desagertu den urdina Gipuzkoatik, eta Bizkaian ere galzorian den, Ezkerralde industriala salbuespen. Enkarterrin, bederatzi udalerrik % 20tik gorakoen kolore berdea dute, eta sei urdinarekin daude oraindik. Eta zer esan Arabaz, erabat berdetutako Aiaraldeaz eta Lautadaz? Eskualdeka jarrita, Añana da % 20ra iristen ez den bakarra, baina hamar urtean bikoiztu baino gehiago egin da euskaldun kopurua, % 7tik 16ra.

Datuon ifrentzua, % 80tik gorako kolore gorria zelan desagertu den hainbat herritatik, Bilbotik hurbilen direnetan bereziki. Hirigintza eta Hizkuntzari buruzko eztabaida ezinbestekoa da kasu horietan. Zalantzarik ez, Bilboko hurbiltasunak eta urbanizazio berriek ekarri dute euskaldun kopuruak behera egitea Uribe-Butroeko (Mungialdeko) herri horietan. Baina ezin ahaztu, bestela ere, oso erdaldundutako (Plentzia, e.a.) herrietatik hurbil egoteak etorkizun iluna zekarkiela guztiz euskaldun iraun zuten herri horiei.

Makroan ikusita beraz, oso mapa itxaropentsua da, baina arnasguneen kezka ere hor dago. Behin baino gehiagotan esan dut, euskarari sendo eta bizi eusteagatik herri euskaldunei aitortza egiten diegun legez, Arabako udalerri horiei ere laster omenaldia egin beharko diegula. Horien artean dago “berreuskaldundutako lehen udalerri” izendatuko duguna; ez dakit noiz izango den, hamar edo hogei urte barru, eta zein irizpideren arabera, baina denbora-kontua da. Ez du arnasguneetako soslaia izango, erdaraz euskaraz baino hobeto dakiten herritar euskaldunak izango dira, baina berreuskaldundutako herria izango da. Eta merezi dugu geure buruari aitortza hori egitea. Munduan non berreskuratu dute galduta zeukaten hizkuntza, hizkuntza hegemoniko berri eta handiaren aurrean? Hau da, zein herritan gertatu da hizkuntza-ordezkapena burututa zeuden eskualdeetan (Arabako Lautada, esaterako), desagertutako hizkuntza hori berriz ere nagusitzea? Irlandan ezin izan dute, Finlandian diglosia egoerari buelta eman zioten eta finlandiera normaldu, baina hizkuntza hori zen finlandiarrek zerabiltena, eta Israel ezin azaldu Holokaustoa eta hainbat hizkuntzatako herritarrak estatu berean batu zirela ulertu barik. Gure eskualde erdaldunduetan ez zegoen/dago komunikazio-arazorik, euskara galdu zen baina espainolez mintzo dira/ziren herritarrak. Eta nolabait, miraria gertatzen ari da, herritarren euren borondatez: baditugu % 30era hurbiltzen diren herriak.

ERABILERAZ


Kezka ekarri duen datua etxeko erabileran dagoen jaitsiera da. Horri ekiteko, erabileraren diskurtsoa agerian utzi behar dela uste dut. Oso lurralde txikiaz baina aski errealitate ezberdinez ari gara. Horregatik, errezeloz begiratu diot beti euskararen erabileraren diskurtsoari, administrazioaren ardura euskaldunongan jartzen duelakoan: “hara, guk euskaldundu dugu herri hau, baina zuek abandonatu duzue eta ez duzue erabiltzen”. Nerabetan, institutuan hasi berritan, Atxagari bezala hautsi zitzaidan anfora: bilbotarra izan baina euskara hutsez bizi izan nintzen ordura arte, ikastolako umeekin euskaraz genbiltzan egunero -eta hala egiten dugu 25 urte igarota-, eta institutuan hasi eta ikaskideak erdaraz barra-barra entzutea oso mingarria zitzaidan. Gerora hobeto ulertu dut, baina arantza hori luzaroan izan dut. Kontua da, baina, sasoi hartan bertan udak oso herri euskaldun batean eman ohi nituela, eta han ere, ez denak zorionez, baina nerabe taldetxo bat txitean-pitean espainolera igarotzen hasi nuen. Hark, mina baino, ia barrea eragiten zidan. Erridikulua iruditzen zitzaidan euskaraz hain ondo, eta espainolez sarritan hain baldar moldatzen zen jende haren grina espainolez berba 

5.000 eta 25.000 biztanle arteko Bizkaiko eta Gipuzkoako herri euskaldun mordo bateko kezka da, eta susmoa dut erabilera aipatzean horri buruz ari direla asko. Gertatzen da, baina, herri abertzale euskaldunak direla horiek guztiak, udaletan euskarari arreta handia eman ohi zaiona, eta konplexu eta arlotekeria zaharkitu batek oraindik ere espainolera aldarazten diela jende batzuei. Euskara gauza atzeratua eta espainola mundu modernoarekin lotze hori, barkatu baina oso kasposoa da gaur egun. Eta hala nabarmendu beharko genuke.

Oso bestelako errealitatea da periferia erdaldunduetan bizi duguna. Gutxiengo oso txikia gara etxetik euskara jaso eta gure ingurua erabat edo ia erabat euskalduna dugunak; irudia oso egokia izan ez arren, nukleo oso euskaldundu txiki bat litzateke, eta hortik aurrera, zirkulu kontzentrikoak zabal litezke, euskararekiko harremanari buruz. Bigarren zirkulu bat osa lezakete euskaraz eta espainolez berdin-antzera elebidun direnak, hirugarren batean ustez berdin izan arren, ama euskalduna izan dutelako esaterako, espainola nagusitu dena, eta hortik aurrera, eskolak euskaldundutako herritarren profil ugariak: etxe erdaldun baina abertzale/euskaltzale izan duenak euskal kulturan murgilduta haziko zen neurri batean, eta azken muturrean, azken zirkuluan, ikastetxean euskaraz ikasi bai baina beste inolako harremanik izan ez duena euskaraz: euskaltzaletasunik ez, euskarazko jai edo kultur ekitaldirik ia ez, eta espainolezko munduan erabat murgilduta. Ikastoletan ikasitako jende bati euskara ia ahazteraino herdoildu zaiola onartu beharko dugu. Umearen bila goazenean ikusten dugu, ikastolako ikasle ohi den guraso batek baino gehiagok, espainolez egiten diola umeari... eta hala ez den askotan, jendaurrean umeari euskaraz eginda ere, umeak salatzen du etxeko errealitatea, espainolez egitean gurasoari.

Bigarren errealitate horri erreparatu behar zaiola uste dut. Erabileraren arazoa, lehen multzoko herri euskaldun horietan soilik da zinezko arazo, baina lekuan-lekuan aritu eta zaindu beharreko kontua da, bertako udal eta mankomunitateetako euskara arloetan landu beharrekoa. Ikuspegi makroan, bigarrenari erreparatu behar zaio batez ere, eta hor ezin gara eskolak euskaldundutako belaunaldi horiek euskara gutxi erabiltzen dutela-eta kexatu. Europako beste herri minorizatuen lekuan, betiko galdutako belaunaldiak lirateke. Gurean lortu dugu ezagutza zabaltzea eta unibertsalizatzeko bidean gaude. Ikusi dugu baina, ezagutza, handitu legez, gutxitu eta desagertu ere egin daitekeela. Euskaraz ikasi duen jende bat gaur egun ez da gai bost minutuko solasaldiari eusteko gure hizkuntzan, hainbeste urte da ez duela euskararik egin. Eta beraz, erabilerari zuzenean baino, euskararen prestigioari eta eskolaz kanpoko lekuari erreparatu beharko diogu. Bestea, etorriko da. Baina uste dut ez dela bidezkoa berdintzea herri euskaldunetan arlotekeriaz erdaraz dabiltzanak, eta periferia erdaldunduan euskararako irabazi dugun jende hori. Benetan, 2014an cool izateko espainolez egitea oso kasposoa da. Edozein hiritan erdaraz diharduen euskaldunak aitortuko dizu hori: erraztasunagatik, euskaraz baliabide nahikorik ez duelako egin ohi du hark erdaraz, baina herri euskaldun batekoak hala egitea kutrea da. Autogorrotoaren ideia hori landu behar dugu noizbait.

Espainolez askoz hobeto moldatzen den jende horri erabileran tematzea, eta euskararen gaitzak horiei leporatzea, ez da bide zuzenena. Esanguratsua da, bertso-eskoletako esperientzia: familia euskaldun zein erdaldunetatik etorri, esperientziak dio (Arabatik zenbat dagoen ikasteko!) euskara hutsezko gozamenezko eremu horretan murgiltzen denak, hiztun oso bihurtzen dela, euskaraz aritzeko berariazko motibaziorik landu gabe ere. Bertsoa lantzean, hitzarekin olgetan, ez dago zertan esan: “egin euskaraz”.

Eskubideez ari bagara, argi esan dezagun: elebiduna libre da nahi duen hizkuntzan erabiltzeko, eta ez gara nor zeinetan mintzatu esateko. Elebakarrak ez du hautatzerik. Areago, elebakarrak ez digu euskaraz bizitzen uzten. Erdaraz bizi den euskaldunak bai, bere lagunartean espainola erabilita ere, lasai asko egin dezakegu euskaraz. Bartzelona inguruko udalerri askotan ez da katalan askorik entzuten, baina katalan hiztunek lasai egiten dute katalanez, eta ez hizkuntzen antzekotasunagatik soilik. 

AISIALDIA EUSKALDUNDU

Baina bai, euskal herritarrak euskalduntzea nahi badugu, euskara Euskal Herriko hizkuntza nagusi eta normala izatea nahi dugulako da, nola islandiera Islandian edo esloveniera Eslovenian. Txikia baina normalizatua. Kontua da, ezin dugula mundu guztia bertso-eskolara eroan, eta ez dela zertan bertsozale izan, zorionez, euskaldun bizitzeko. Baina bilatu beharko dugu motibazio hori. Eta ondo egindakoen aldean, oso txarto egiten ditugunak ere nabarmendu beharko ditugu: aisialdian txarto gabiltza oso. Konparaziora: ikastolek lortu zuten euskarari eustea, familia abertzaleetan euskaldunek euskaraz ikastea eta abertzale erdaldunen seme-alabak euskalduntzea. Hori gabe ezin ulertu gaurko errealitatea. Baina ikastolak ere badiren Nafarroara begiratuta, aldea agerikoa da: D eredua orokortu eta espainolezko eskolak euskalduntzetik etorri da euskaldunen kopurua emendatzea.

Aisialdira etorrita, oraindik “ikastolen” fasean gaude, euskarazko ekimenak sortzen, baina ez egon dauden ekimenak euskaratzen. Ziur aski beharrezko urratsa izango da, baina euskarazko bizimodua egiteko, euskarazko ekimenak egoteaz gain ezinbesteko da erdarazkoen lekua hartzea. Kiroldegietan euskarazko hiruzpalau ikastaro sortzea eta espainolezko hogei horiei eustea, kultur-etxeetako hitzaldi, tailer, mahai-inguru eta abarrak nagusiki espainolez izatea, ume, gazte zein helduentzat, oztopo objektiboa da euskararentzat. Horietako gehienak gure erakundeetatik, diru publikoz egindako ekimenak dira. Udako ikastaroen berri eman dute gaur:

Umeen kasuan euskarazkoak izan daitezen egiten dugu ahalegina, tarteka gutxienez, baina helduaroan administrazioa euskalduna izatea baino ez dugu eskatzen. Eta euskarazko ekimenak egitea, gehien jota, ez ekimenak euskaraz izatea.

ETXEKO ERABILERA ETA TELEBISTA

Aisialdia esan eta etxetik kanpokoa datorkigu burura. Eta datuek diote, etxeko euskararen erabilerak egin duela behera. Bi datu: eguneko lau orduz ikusten da telebista EH mendebaldeko erkidegoan. Hitz egin nuen horretaz beste post honetan. Egunotan Xabier Landabidearen tesi ezin interesgarriagoaren berri ere badugu, telebista ohiturei buruz (hemen Euskadi Irratiko elkarrizketa). Eta argi diosku zer ikusten duten gazteek, zeinen beharrezko den sozializaziorako, zelan ezagutu behar dituzten telesaio batzuk, koadrilan egoteko, eta abar. Eta horiek guztiak, ia denak espainolez egiten dira. Ez erdaraz soilik, baita euskara ordezkatzen duen erdaraz ere. Arnasgunean zein periferian, euskararen supazter horretan ere, lau ordu egunean telebista aurrean. Kendu loa, kendu lan/ikas-orduak, bidean emandako ordua, otorduetako denbora, eta geratzen den ia denbora guztia da. Zati handi bat bai, behintzat. Telebistari emanak. Espainolezko telebistari emanak ia osoki. Eskolan euskalduntzen duguna, etxean lau orduko kolonizazio espainol etengabean hondatzen dugu.

LTDak kanalez bete zizkigun telebista-aparailuak. Euskara gure telebistan % 30 izatetik, 7-8 kanal izatera igaro zen, eta LTDak dozenaka kanal erdaldunen artean euskarazko kanal ertain-handi bat eta bizpahiru txiki utzi dizkigu. Mundu osoan arrakasta duten fikziozko telesailak ezin ditugu herri normaletan legez ikusi, baina ez zaizkigu ezezagun horratik: espainierari esker, munduarekin lotuta gaude. Mundua euskaratzeko apustua egin ezean, Jon Sarasuak esan bezala, botilak zuloa izango du, erdi bete zein erdi hutsik ikusi. LTDk ekarri dituen kanal ugariak, telezaborretik kanal espezializatuetara, MTVtik Discovery Channelera, halaxe ikusten dituzten Europako herri ertain-txiki guztietan: Greziatik Norvegiara, ingelesez emititu eta azpidatzita jasotzen dituzte. Guk, espainolera bikoiztuta. Azpidatzien beharraz nahikoa idatzi genuen hemen, gura izanez gero sakontzeko.

Post horretan azpidatzien argudioa indartzeko, euskaldunen errealitate berria ere aipatzen dugu. Etxeko erabileran dagoen puntu biko erabilera ulertzeko giltzarrietako bat etxe mistoetan aurki dezakegulakoan nago, EHUko NorTaldekoen grafikoak lagunduta. 1991tik 2006ra doa (aldiz, Mapa Soziolinguistikoa 2011raino). Zer dioskute datu horiek:

1991n euskaldunen % 63, edo 323 mila lagun beste euskaldun batzuekin bizi ziren, eta % 37 erdaldunekin batera (188 mila). 2006rako, % 40 baizik ez dira etxean euskaldunak baizik ez dituztenak, eta hamar euskaldunetatik sei erdaldunekin batera bizi da. Normalizaziorako ezinbesteko egoera, arriskua eta erronka dakartzan errealitatea da. Datu absolutuetara jotzen badugu, 304 mila euskaldun bizi dira etxe mistoetan, erdaldunekin batera. Aldiz, erdaldunekin bizi ez direnak -etxeko denak euskaldunak direnak- 306 mila dira. Hau da, % 5,26 inguruko jaitsiera (2006ra, gogoan hartu). Biztanleriaren igoera aintzat hartuz gero, etxeko erabileraren jaitsiera berez legokiokeena baino txikiagoa dela esango nuke.

Ondorioa: euskaldunak, ahal duenean, euskaraz egiten du. Baldintza berdinetan, euskararen alde egiten du. Etxe mistoetan, eskuarki, guraso erdaldunak eta ume euskaldunak daudenean, baita gurasoetako bat euskalduna denean ere -aita denean batez ere- espainiera da jaun eta jabe, zelan komunikatu dira bada, osterantzean?

Etxeetan, telebista ikustea da gehien egiten den ariketa. Lau ordu, espainolaren uretan txipli-txapla, garai bateko supazterraren lekuan. Esan genuen: “ezin dugu bizilagun guztiak euskaldunak dituzten etxe horietarako soilik telebista egiten jarraitu. Hobeto esanda, ziur aski horri eutsi beharko zaio, baina pentsatu beharko dugu euskarak irabazi dituen hiztun berri horiek, gaur egun EAEko euskaldunen % 60 diren horiek, zelan mantenduko dituen euskaldun. Etxeko mistoetako euskaldun horien tipologia erraz asmatu baitaiteke: gazteak, guraso erdaldunak, espainolez askoz hobeto moldatzen dira, eta euskara eskolarako dute nagusiki (edo soilik). Ez dute arazorik euskarazko film edo telesaio bat ikusteko, baina ohitura eta pizgarririk ere ez: gurasoek telebista espainolez ikusi dute beti, etxeko hizkuntza espainola da, eta ez dago bien arteko zubi-lana egiteko modurik oraingoz”.

Azpidatziak espainolez, azpidatziak euskaraz eta azpidatzi bikoitzen aukera aipatzen genuen orduko hartan. Euskarazkoa indartzea, eta espainolezkoa zelan mugatu ere aztertu behar da. Frantziak ingelesaren eragina mugatu behar duela uste badu, zelan ez dugu euskararentzako gutxieneko babes-neurririk hartuko?

Euskaldunak, (gutxienez) elebiduna izan arren, euskararen alde egin ohi du aukera daukanean. Gaur, gehiegitan, ez du horrelako aukerarik. Euskarazko aisialdia bai, antolatzen da, baina aisialdia, adjektibo barik, erdaraz da. Telebistak, zinemak, ikusentzunezkoek oro har geroz eta leku handiagoa daukate gure bizitzan, Europa eleanitza etorkizun baino errealitatea da, hainbat hizkuntza nahasten dira gure kultur-kontsumoan, aisialdian; baina Espainiara - eta Hego Euskal Herrira berdin - espainolaren galbahetik datoz. Eta ia inor ez da horretaz arduratzen ari. Egiten ditugu euskarazko eskakizunak lanpostuetan, batzuek besteek baino gehiago, arduradun instituzionalek geroz eta euskara gehiago darabilte -batzuek besteek baino gehiago, berriz ere-, baina zoaz edozein herritako kultur agendetara, euskaldunena eta independentistena izan arren, eta hilero hilero izango dituzu dozena erdi nazioarteko ekitaldi, beti bezala espainolaren bidetik aurkeztuta. Estatuaren esku hartzerik gabe, geure erakundeetatik antolatzen ditugu ekitaldiak, sustatzen dugu espainola, eta itxuraz, ez da inorentzat kontraesana espainolaren makuluarekin ibili beharra. Euskaraz dugu euskaldunon kultur ekoizpena, eta munduko gainontzeko ia guztia espainolez. Espainolez Vila-Matas eta espainolez Kureishi edo Berger edo Pamuk edo Müller. Euskara etxerako eta mundua espainolez. Eta egunero 234 minutu zure, nire eta haren etxean telebista piztuta. Denak euskaldunak diren etxeetan, ehuneko 7-10 ei da euskarazko telebistaren jarraipena. Etxe mistoetan, egin kontu. Goizean ikasitakoa, arrastian hondatu. 
Eta guretik egiten dugunean ere, espainola sustatzen dugu eta euskaldunak baztertzen udalerri independentistetan. Hurrengo post-erako, gure miseriatxoak.

2014-03-30

Giza Eskubideak, baina espainolez

Lehen ere hitz egin dugu Euskal Herriko zinemaldietan, erakunde publikoek antolatu edo babestuak ia beti, euskarak daukan bazterketa. Bilbo ingurukoez mintzatu izan naiz, Euskal Herriko hiri handienean milaka euskaldun egon arren elebakartasun hispanikoaren bazterketa kronikoa baita. Izan eskuindar zein ezkerreko, erdaldun elebakarrarentzat euskarak zuzentasun politikoarekin edo keinu-politikarekin du zerikusia, ez hizkuntza-eskubideak errespetatzearekin. Donostiako kaleetan euskara gehiago entzuten da, erakundeetan eta kultur-ekitaldietan ere gure hizkuntzak askoz leku duinagoa dauka orokorrean. Baina horrek ezin du autokonplazentziarako aitzakia izan, eredu beharko lukeen lekuan 2014an etsigarriak suertatzen diren errealitateak ikusterakoan.

Giza Eskubideen Zinemaldia hasiko da Donostian datozen egunetan. Hedabide garrantzitsuenek eman dute horren berri, baita euskaltzaleek ere. Apirilaren 4tik 11ra izango da, eta Victoria Eugenia antzokia izango du gune nagusi. Programa zabaldu eta berehala dator zartakoa:


Victoria Eugenia Antzokiko gaztelaniaz ez diren film guztiak jatorrizko bertsioan emango dira, gaztelaniaz azpidatziak, O. je mets ma pudeur, GABRIELLE eta OMAR salbu, euskarazko azpitituluekin proiektatuko direnak.


Bai, kultur-etxeetako zikloan euskarak leku duina izango du, bederatzi filmetatik bat euskara hutsez da, beste hirutan espainola eta ingelesarekin batera euskaraz ere entzuten da, eta gainontzeko sei film atzerritarrek euskarazko azpidatziak dauzkate. Filmazpit programa ere hor dago. Txalotzeko ekimena da. Baina ezin dugu gure burua engainatu. Zinemaldiaren funtsa, lehiaketa eta gune garrantzitsuan katakunbetan egongo da euskara. Hortik apartean ziklo bat egitea ondo dago, euskaraz bada hobeto, baina horrekin ezin da zuritu Giza Eskubideen Zinemaldia izan eta euskara guztiz baztertuta dagoela. Datu gutxi batzuk:

Apirilaren 4tik 11ra 36 film proiektatuko dira, lehiaketan zein lehiaketaz kanpo, luzeak edo laburrak. Horietako bi euskara hutsezkoak dira eta beste bat espainolez eta euskaraz elebitan; hirurak ere espainolezko azpidatziekin proiektatuko dira. Beste zortzi film espainol hutsez dira, erdiak azpidatzirik gabe eta beste laurek ingelesezkoak dauzkate. Beraz, ez euskaraz ez espainolez ez diren 25 lan geratzen dira. Horietako hiru euskarazko azpidatziekin proiektatuko dira, gainontzeko 22ak espainolezkoekin. Tira, 22 horietako bostek bi azpidatzi izango dituzte, espainolez... eta ingelesez.

Laburbilduta:

3 film euskaraz (horietako bat elebitan), espainolezko azpidatziekin.
8 film espainolez, 4k azpidatzirik ez, 4k ingelesezkoak.
25 film beste erdaretan, 3 euskarazko azpidatziekin, 22 espainolezkoekin (horietako 5 ingelesez ere bai).

Ondorioa: zinemaldi honetaz gozatzeko espainolez jakin behar da. Espainol elebakarrak euskaraz azpidatzko hiru film ez beste guztiez gozatu ahalko du. Ingelesez baino ez dakienak, bere hizkuntzan ez diren bederatzi lan izango ditu azpidatzita. Euskaldunari berriz, mezu argia: utzi euskara etxean, ez du ezertarako balio zinema gustuko baduzu, edo mundu zabalean Giza Eskubideez kezkatuta bazaude.

Borondate ona egon liteke aldameneko programetan, baina egin behar ez denaren paradigma dirudi: zure kultur-ekitaldia diseinatu, era neutroan (neutroa, espainolez egitea da), eta gero euskaldun astun horiei zer emango pentsatu, lar kexa ez daitezen: zinemaldian zati txiki bat eskaini, baina gero aparteko zikloa eta programak han eta hemen. Dagoena euskaratu ordez, euskaldunak pozik egoteko gauza berriak asmatu. Euskarazko zinemaldi bat euskararen aldeko ekimena bada, espainolezko zinemaldia espainolaren aldeko ekimen gisa ulertu beharko dugu. Eta galdetu, zertan ari diren gure udalak inolako babesik behar ez duen hizkuntza indartsu hori sustatzen.

Keinu sinbolikoak, urrats euskaltzaleak ondo daude, baina independentismoak agintzen duen erakundeek ere ez badute barneratzen gauza ez dela euskarazko kultura edo euskarazko ekitaldiak egitea, baizik eta egon dauden kultur ekitaldi guztietan euskaldunen hizkuntza-eskubideak bete beharra, jai dugu. Eta hemen hori da gakoa, hizkuntza-eskubideak zokoratuta daudela. Eta ez dagoela egitasmo sendo bat zapalkuntza hori gainditzeko.

2014-03-23

Euskal estatuko hizkuntza

Ukrainan gertatutako istorio guztian badago Euskal Herriarekin lotura kezkagarri bat: eskualde errusieradunak eta ukraineradunak aurrez aurre jartzean, Euskal Herriko hizkuntza-maparen antzeko bat ikusten dut, gurean ere independentismoaren indarra parekoa izan baita. Azalekoa da antzekotasuna, badakit: Errusiak zapaldutako herrietan eskuindarra izan ohi da nazionalismoa, eta mendebaldean ezkertiarra. Badago beste ezberdintasun garrantzitsuago bat: herritartasuna eta naziotasuna argi bereizten dituzte ekialdean, eta hori onerako izan badaiteke ere, bereizketa etnikoa betikotzen du: borondatearen gainetik determinismoa dago, eta demografiak baino ez du aldatzen estatuaren banaketa etnikoa. Jakin dugu Krimeako ehuneko 58 errusiarrak direla eta herena ukrainar eta ehuneko 12 tatariar, elkarrengandik bereizitako konpartimenduak balira legez. Gurean ez gara gutxiengo etnikoez mintzatzen, eta ondorioz —zorionez—, ez dugu bereizten Euskal Herrian zenbat diren espainiarrak eta zenbat... euskaldunak? euskotarrak? Hitzik ere ez daukagu «euskal etnikoa» izendatzeko. «Euskal herritar» asmatu genuen euskaldun eta erdaldunez osatutako herri honetako biztanleentzat, baina ez daukagu bereizketa etniko hori egiteko berbarik. Ezta beharrik ere. Oso garrantzitsua da modu inklusiboan ulertzea gure herria. EH11Kolorek eztabaida beharrezko hori planteatu berri du. Baina gaitik pixka bat urruntzen ari naiz.

Irakurleei galdetuz gero, euskal estatuko hizkuntza ofiziala euskara izango dela esango lukete ziur aski. Ez al dugu urtetan eskatu, bada, euskara Euskal Herri osoan ofiziala izan behar dela? Euskal konstituzioan hitz ederrekin aldarrikatuko da «berezko hizkuntza», «euskal nazioaren zutabea» edo horrelako zerbait. Badakigu horrelako izendapenak eremu sinbolikoan geratzeko arrisku handia dagoela, Irlanda adibide. Sobietar Batasun ohiko estatu gehienetan ere, errusiera da oraindik hizkuntza nagusia, estatuko hizkuntza ofiziala bertakoa izanda ere. Hizkuntzok gaelikoa baino indartsuago daude, baina diglosiari ezin bueltarik eman, independentziatik bi hamarkadara. Hortik nire kezka: espainierak izango du aitortzarik euskal estatuan?

Viktor Janukovitx errusieraren aldeko hizkuntza-legea egitear zela 2012an, hala ziostan Refat Txubarov tatariar buruzagiak Krimean: «Errusierari babesa emateak ukrainera mehatxatzen du. Denok dakigu errusieraz azken batean, eta absurdua da Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna aipatzea, hizkuntza mehatxatuei baitagokie. Errusierak ez dauka inolako mehatxurik».

Katalunian ere bada eztabaida hori. Oriol Junqueras ERCko buruak aspaldi esan zuen espainiera ko-ofiziala izango dela Kataluniako Errepublikan. Berehala egin zioten aurre, horren arriskuaz gaztigatzeko: espainiera legez babestea katalanaren normalizazioaren oztopo izango da, hartarako eskubide legala aldarrikatuko baitute aurkariek. Badago planteamendu interesgarriagorik: Espainia kopiatu barik, Kataluniak ez dezala hizkuntza-ofizialik izan. Aldiz, estatu-hizkuntza katalana izango da, Parlamentutik epaileetara eta Poliziara. Administrazioak hizkuntza horretan lan egingo du. Herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartuko dira halaber, beste hizkuntza batzuk (espainola zein beste edozein) mintzatzen diren lekuetan. Bi mezu, bakarrean: espainierak ez du babesik behar, baina espainiera-hiztun, zaude lasai; herri hau denona da eta beste herritarren pareko eskubideak dituzu. Sezesiorako ezin dituzu herritarrak uxatu. Ez eta engainatu ere.

Euskal Herrirako abiapuntu izan daiteke. Dagoenetik abiatuta, jakinik hainbat udalerritan hamarkadatako bidea dagoela euskalduntzeko, bai; alde batetik administrazioa euskaraz ari dela, eta bestetik herritarrei nahi duten hizkuntzan aritzeko askatasuna emanda.

Kataluniako estatua jaiotzean, automatikoki, bertako biztanle guztiak Kataluniako herritar bihurtuko dira. Hala izango da Euskal estatuan ere, automatikoa eta unibertsala, euskaldun zein erdaldun izan. Hortik aurrera, baina, zehaztu beharko da zelan lortu herritartasuna, gainontzeko estatuek egiten duten legez: katalan nazioa Estatutik harago doanez, edozein valentziar edo mallorcarrek Estatu katalaneko herritartasuna hartu ahal izatea proposatu dute, moldaviar askok errumaniarra daukan legez. Euskal estaturik sortzekotan, Espainiako estatutik bereizita sortuko da, baina bermatu beharko lioke herritartasuna hala nahi lukeen lapurtarrari. Diasporarako ere mekanismoak bideratu beharko dira.

Baina hizkuntzak ekarri nau hona. Euskaraz jakitea eskatuko al zaie euskal herritartasuna nahi duten biztanle berriei? Hala egiten dute estatu askok, Espainiak zein Frantziak esaterako. Baina ez dut uste hizkuntza-azterketarik behar denik. Ez dugu esan administrazioa euskaraz ariko dela? Bada herritar berriei «proba» euskaraz egingo die. Horrek hurrengo puntura garamatza. Antton Lukuk dioenez, «euskalduna zira?» galdetzean ez gara jatorriaz ari, bost axola Gernikan zein Dakarren jaio zaren. Euskal estatuak ezingo lioke herritartasuna ukatu ezein euskalduni. Hau da, euskara jakitea ez da baldintza, bermea da herritartasunerako. Bestela esanda, ez litzateke azterketarik behar euskal herritar izateko; kafe bat, bost minutuko solasaldia euskaraz, aski da euskal errepublikako herritartasuna lortzeko.

Europako herritar bihurtzeko ate nagusia euskara ikastea izanen litzateke, hala. Eta gure leku erdaldunduetan espainolaren hegemonia hautsiko da hura ez dakiten baina beste dozenaka hizkuntza, ohitura eta sineskera darabiltzaten herritar berriekin. Denak ere euskararen zubiak lotuta.

BERRIAn argitaratua

2014-01-23

Horrela ez goaz inora

Badira idatezteko mingarriak diren post batzuk. Hau da horietako bat, minduta idazten diren horietako bat. Sentsibilitate bereziena beharko luketen ekimenetan, euskaldunon aurkako bazterkeria eta utzikeriagatik, esaterako.

 Zinema Ikustezina edo Zinegoak dira sentsibilitate bereziarekin egiten diren festibaletako bi. Munduari beste begi batzuekin begiratzen laguntzen digute, artea ohiko parametroetatik kanpoko prismatik egiten dela erakusten digute. Baina beti baldintza batekin: euskaraz ez begiratzea. Euskaldunok geurea baztertu eta espainolez begiratzen dugun neurrian ahalko dugu horren guztiaren berri izan.

Zinema Ikustezinaren datuak aurreko post batean eman nituen. Egunotan Zinegoak festibala daukagu Bilbon, eta euskara berriz ere katakunbetan dago: katalogoan ingelesaren antzeko trataera du, hau da, hizkuntza arrotzarena, espainieratik itzulita dena, eta hainbat akatsekin, "luzemetraiak" edo "laburmetraiak" izendatzea, esaterako (hizkera arruntean erabiltzen da oraindik, baina zinemaldi batek jakin beharko luke "film luze" eta "film labur" dela zuzena). Gero, arte eszenikoen atalean, euskarazko ipuin-kontalari bat ageri da. Beste hiruzpalau ekimenetan ez da hizkuntza ageri; espainolez izatea gauza normala baita. Azken emanaldi bat ingelesez iragartzen da, espainolezko azpidatziekin.

Filmetara joandakoan, desagertu egiten da euskara: 71 film zenbatu ditut guztira, dokumentalak, laburrak zein luzeak, espainolez gutxi batzuk, munduko hainbat hizkuntzatan besteak, beti espainolezko azpidatziekin. Euskaraz, baten batek ihes egin ez badit, zero patatero.
71 film, euskaraz bat ere ez. Espainolez ez direnek, espainolezko azpidatziak dituzte. Tarteka, azpidatzi bikoitzak ere bai... espainolez eta ingelesez.

Inoiz aipatu dut, Bilbo gisako hiri aski erdaldundu baina milaka euskaldun dituenarentzat (Euskal Herrian euskaldun gehien omen dituen hiria... baita erdaldun gehien dituena ere), azpidatzi bikoitzak aukera egokia izan daitekeela. Badakit, azpidatzietara ohituta ez dagoenarentzat, hasieran batez ere, azpidatzi elebidunak are erokeria handiagoa irudituko zaio. Baina alternatiba, euskararik ez izatea da (edo espainolezko azpidatzirik gabe egitea, baina praktikan badakigu zer gertatzen den). Zinegoak-eko film gehienak ez dira espainolez, eta halakoetan, espainolezko azpidatziak dauzkate. Tarteka, hara, azpidatzi bikoitzak ere badaudela ikusi dut... espainolez eta ingelesez, filma alemanez edo beste hizkuntza batean izanik. Eta euskaraz ezer ere ez. Zero. Euskaldunok badakigu espainolez, beraz, ez omen daukagu zinema euskaraz gozatzeko aukerarik (baina argudio horrekin, ez hartu katalogoa euskaratzeko nekerik ere). Horixe errealitatea: katalogoaren amaieran Kalderapeko taberna euskaltzalearen publizitatea, eta  Durango, DonostiaKultura, Hernani, Igorre, Errenteria, Leioa, Portugalete, Sestao, Sopela... hainbat udalen babesa, horietako askok udal-gobernu independentistak dituztenak, euskararik gabeko festibalak sustatzen. Bai, katalogoa euskarara ere itzulita badago, baina horixe da, opari-papera euskaratzea, eta oparia espainol hutsez ematea.

Baten batek esango du, ez ote dagoen kritikatzeko gauza garrantzitsuagorik, kolektibo berezi bati ekin ordez. Baliteke, baina orduan euskarazko gauzak euskara sustatzeko baino ez ditugu baliatuko, eta eguneroko gauzak, espainol hutsez, opari-paper elebidunean bildu arren. Batzuetan, gehiegitan, molestatu egiten dugula ematen du, bizitza errazago litzatekeela euskaldunik gabe. Edo erreserbetan, euskararen aldeko ekimenetan. Ez dugu euskararen aldeko festibal, jardunaldi edo ezer gehiago behar, egun dagoena euskaraz (ere) izatea da behar duguna.  Homofobiaren aurkako festibal batek, bazterkeriaren aurkako festibalak, ezin du euskara eta euskaldunon aurkako zinemaldia izan.

2014-01-16

Hizkuntza-eskakizunen aurka

Azken hiru urteotan ETBko oposaketetan buru-belarri ibili naiz. Kritikatzeko mila kontu egongo dira, baina badago oso ondo egin den eremu bat ere: kazetari izatea bai, baina euskarari buruz ez zaigu inolako agiririk eskatu. Ez PL2, ez EGA ez ezer. Eta geroz eta konbentzituago nago, administrazioa eta beste hainbat esparru euskalduntzeko probetan egiten ari garen akatsetako bat hizkuntza-eskakizunetan dagoela.

Gure kasuan,  lehenengo egunean, proba hasi berritan alde egin zuen neska batek. Burgos edo Kantabria aldeko kazetari bat zen, nonbaiten oposaketa-deialdia ikusi eta izena eman zuen. Gero, probako zati bat euskaraz zela konturatzean, jaiki eta alde egin zuen. Neska agian haserretuko zen, inork ez ziolako esan euskaraz jakin behar zela. Baina hala zen: TVEn espainol-agiririk eskatzen ez den legez, ETBn ere ez zen euskara-agiririk eskatu. Ez zegoen beharrik.

Hizkuntza-eskakizunak ezinbestean marra bat ipintzea dakar: lanpostu honek behar du, beste honek ez, hemen euskara maila altua behar da, hemen erdipurdikoa, hemen ez da behar. Eta beti eztabaida dakar: euskaltzaleok haserre, X edo Y lanpostuak ez delako euskararik eskatzen, edo oso maila apala eskatzen delako. Baina erdaldun asko haserre, halaber, baztertuta sentitzen direlako, "euskara jakitea lana ondo egitea" baino garrantzitsuagoa delako, eta abar. Badakit absurduak irizten diegula jarrera horiei, baina susmoa dut euskararen aurkako jarrera gehienak hortik datozela. Eta kontsentsu sozial handia daukan esparrua da euskara, gure giro politiko gaiztotuan, baina ez dakit betiko izango ote den horrela. Harritu egiten naiz Irlandan gaelikoari buruzko albisteak irakurri, eta zenbat jende dabilen haserre, "ezertarako balio" ez duen horretan hainbeste diru erabiltzeagatik. Gurean politikoki zuzenak ez diren jarrerak, naturaltasun handiz irakur daitezke Dublingo egunkarietan. Esan bezala, kontsentsu sozial handia dagoela uste dut. Baina aurkako jarrerak, motibo identitarioak dituen zati txiki bat salbu, hizkuntza-eskakizunekin lotuta daudelakoan nago. Hau da, onartzen dugu euskarak babesa, sustengua, e.a. behar duela, euskarazko esparruak sortu eta sustatzea, baina ni ez behartu mugitzera. Eta kontuz ibili beharko genuke inoren bizitza pribatuan sartze horrekin. Alegia, nik ez dizut eskatuko euskara jakitea -are gutxiago erabiltzea-. Esan nahi dut, ez dudala hori dioen araurik edo legerik aterako. Sinpleago egingo dut: euskaraz egingo dizut. Alemanian alemana eskatzen ez den bezala, edo Espainian espainola: Estatuak alemanez eta espainolez egiten dizu, eta probak espainolez dira Espainian eta alemanez Alemanian. Zu, herritar bezala, ez zaude alemana jakitera behartuta, baina Estatuak bere deialdiak alemanez egiten ditu.

Hizkuntzak jakitea geroz eta baliotsuagoa den sasoi honetan, euskarak diskurtsoa alde beharko luke. Baina esparru hori burokratizatzen dugunean, logikoa dena aurka bihurtzen zaigu. Zergatik eman Xri 10 puntu euskaraz jakiteagatik, eta Yk, lana hobeto egin arren, ez? Ez didazue niri erantzun behar, baina euskararen aurkako jarrerak desaktibatzeko bide errazena, hizkuntza-eskakizunak kendu eta proba elebidunak egitea delakoan nago.

Horrelakoa izan da ETBko oposaketa: testa hizkuntza batean, hurrengo proba bestean, albiste bat euskaraz idatzi, beste bat espainolez. Baten batek esango du, praktikan euskara jakitera behartzen dela, baina legalki ez dago horrelakorik, normaltasun batean jokatzea baizik. Azken finean, gizartearen isla da: batzuek espainolez eta besteok euskaraz. Bada, proba batzuk euskaraz izan beharko dira, eta beste batzuk espainolez. Eta lanpostu batzuetan, galdera batzuk ingelesez ere izan beharko dira, edo frantsesez, mugaldean aritzeko batez ere.

Edozein oposaketatan, galdetegi osoa euskarara itzultzen (jatorrizkoa beti espainolez) eta elebitasun sinboliko batean egin ordez, praktikoagoak izan beharko genuke: galdera batzuk, demagun erdiak, euskaraz, eta beste batzuk, espainolez. Eta horrela, kito hizkuntza-eskakizunak. Inork ez du lanpostua lortuko euskarak puntu gehiago ematen dituelako. Gizartearen eskakizunei hobeto moldatzen delako baizik.

Bide horretatik jo beharko genuke beste eremu batzuetan ere: unibertsitatean beti izan gara euskaldunok kexu, euskarazko ikasgaiak edo irakasleak falta genituela. Elebidunak kexu, eta elebakarrak lasai, nola da posible? Arazoa euskaraz jakitea da; euskaraz ez jakiteak lasaitasuna ematen du, bizitza askoz errazagoa da. Erdaldunak, lasai uzten duzun bitartean, aitortzen dizkizu eskubideak, baliabideen arabera joan dadila unibertsitatea euskalduntzen. Baina ez ukitu bere eremua. Eta bada sasoia arazoa non dagoen erakusteko: euskal adar "problematikoa" eta erdal adar "lasaia" izan ordez, ikasle guztiak, ikasgai batzuetan gutxienez, elkarrekin egon daitezen. Bai, min emango digu ikasgai bat edo beste espainolez hartu behar izatea. Baina erdaldunari mingarri ez, ezinezko zaio gaurkoz euskarazko ikasgairik hartzea. Bada ispiluaren aurrean jartzeko sasoia; feminismoak landu duen bidetik, batzuek empowerment soilaz gain, hegemonia duenak hori galtzeko prest egon behar du, etengabeko kristalezko sabaiarekin topo egingo ez bada. Geroz eta karrera gehiagotan ikasgairen bat edo beste ingelesez izaten da, eta denok normal eta onuragarritzat dugu, unibertsitatean nazioarteko hizkuntza nagusiaren ezagutza bat beharrezko delakoan. Bada, hori horrela bada, baita espainolarekin (zeina denok dakigun) eta euskararekin ere, ezta?

Funtsean, administrazioak euskara, eskatu ez, egin egin behar du. Euskaraz eta espainolez, nahi baldin bada. Praktikoak izan gaitezen.

2013-12-30

Azpidatziak, anekdotatik harago


Sarean oihartzun pixka bat izan du egun pare batean egindako ekimenak: Mandelaren omenaldian Zarautzen film bat espainolera bikoiztutako bertsioan emango zutela jakin, eta erronka hartu film horretako azpidatziak euskaratu eta euskaraz proiektatzera. Abenduaren 28an Igor Susaetak gaiari buruzko erreportajea egin zuen BERRIAn, hari horri tiraka. Elkarrizketan esan nizkionak eta azpidatzien beharrizana nabarmentzen duten beste zenbait argudio hemen bildu ditut zabalago.

Printzipioz, blogean Zarautzi idatzitakoak adibide izan gura zuen euskaraz ikusentzutekoetan behar duen bidea azpidatziak direla nabarmentzeko. Urtean bikoizten diren filmak hiru, lau, bost aldiz gehiago balira ere, herren geundeke oraindik, herritar arruntak ikusten dituen filmen, ikusentzuteko kontsumoaren zati txiki bat baino ez litzateke.

Baten batek galdetu dezake nondik datorkidan azpidatzien obsesioa. Benetan uste dut garrantzi txikiegia ematen ari zaion gaia dela. Euskaratu dugu twitter, baita interneteko beste hainbat kontu ere, eta harro gaude; euskarak esparru berriak behar dituela aldarrikatzen dugu, onartzen dugu eskolatik aisialdira eraman behar dugula euskara. Eta aisiaren zati handiena, gaur eta hemen, telebista ikusten egiten da. 2012an ia lau orduz ikusi zen telebista Bizkaia, Gipuzkoan eta Araban, eta gorantz ei doa datua (Nafarroako datu zehatza ez da ematen, “resto” taldean urtuta baizik). Eguneko lau ordu, asteko 28, ehuneko 90ean espainolaren uretan plisti-plasta. 

Txosten osoa gura duenak, hemen du PDFa.

Euskararen arnasguneetan ere, eskatzen ditugu auzitegi euskaldunak, mediku euskaldunak, baina han ere behar-beharrezko da espainola bizitzeko. Europa mendebaldeko gainontzeko herritarren antzera bizitzeko, gutxienez, antzeko kultur-kontsumoa izateko. Literaturan egin dira ahaleginak, punta-puntako nazioarteko literatura, klasikoa eta berriena, gurera ekartzeko. Bai, kioskoak eta autobus-geltoki zein aireportuetako dendetan BERRIA aurkituko duzu doi-doi, ez bilatu euskarazko alerik aldizkarien edo best-selleren artean. Eta ikusentzutekoetan antzeko utzikerian dihardugu, administrazioak edo ETBk dena konpondu behar baligu legez. 

Gure aurrekoek Casablancako "siempre nos quedará París" eta "tócala otra vez, Sam" ikasi zuten. Eta Godfather-eko "Te voy a hacer una oferta que no vas a poder rechazar". Eta joan ziren urteak, eta esaldi gehiago utzi dizkigu zinemak memoria kolektiboan:


- ET, mi casa, teléfono ("E.T. phone home.").
- Le haré una oferta que no podrá rechazar ("I'm going to make him an offer he can't refuse.")

- Pongo a Dios por testingo que nunca más volveré a pasar hambre ("As God is my witness, I'll never be hungry again".
- ¡Buenos días, princesa! ("Buongiorno principessa!")
- Tonto es el que hace tonterías ("Stupid is as stupid does".
- En ocasiones veo muertos ("I see dead people").
- Que la fuerza te acompañe ("May the Force be with you").

Nork ezagutzen ditu esaldi horiek euskaraz? Eta jatorrizkoan? Eta benetan uste dugu euskara normalduko dugula euskaldun petoenak ere, euskaltzale suharrenak ere, mundu globalizaturako espainolaren makulua darabilen artean? Los Angelestik Berlinera edo Estokolmora, mundu guztiaren memorian dauden esaldiak dira, baina guk Murtzia eta Cadizkoekin soilik erabil ditzakegu, horien mundu-ikuskera dugunez. Ezin Baionara ere iritsi, gure memoria kolonizatuarekin.

NON ETA NOLA AZPIDATZI
Gertatzen da, gainera, espainolak guztiz bere duen esparru horretan urratsak eman litezkeela. Zarauzko adibidea erraz zabal liteke hainbat eremutan. Bi esparru bereiz litezke: batetik, era amateurra, kultur elkarte edo gaztetxeetan baliatu daitekeena filmak euskaratzeko. Luistxo Fernandezek aspaldi abiarazi zuen azpitituluak.com webgunea. Ziur eremu honetan askoz gehiago badagoela egitea, baina hasi behintzat, hasita dago, Luistxoren urteotako adibideak, edo Zarautzen egin berri dugun esperientzia xumeak ageri duenez. Gasteizen EHUn Itzulpengintza ikasten dihardutenentzat ere trebatzeko eta euren eskualdeetako taldeekin lan egiteko aukera eman lezake.

Bigarren eremua askoz gutxiago landu da. Arlo profesionala, noski. Adibide bat: BERRIAk umeentzako bost DVDren eskaintza egin du egunotan, euskarara bikoiztuta, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin. Zergatik ez antzeko egitasmo bat landu BERRIA, EIZIE eta erakundeen artean, zinemaren historiako 25 edo 50 film garrantzitsuenak banatzeko egunkariarekin astean bizpahiru aldiz? Interesgarria litzateke jatorrizko audio-bertsioarekin eta euskarazko azpidatziekin batera, Euskal Herriko erdara nagusietan ere egotea azpidatzi horiek (DVDan ikusteko aukeran, ez derrigor pantailan egon behar), geroz eta garrantzi handiagoa daukan segmentu batentzat: familia mistoak, erdaldunak eta euskaldunak elkarrekin bizi diren familiak.

Bide bera telebistan ere landu liteke, bi azpidatzi lerro jarrita. Hala egiten dute hainbat leku elebidunetan (Finlandiako eskualde suediarretan, Bruselan...) Hori da, esaterako MUTelebistak darabilen bidea. Hara bideo hau: 



ETXE MISTOAK

Baten batek konplikatu iritziko dio sistemari, baina gure gizartea ere konplexua da. EHUko NorTaldekoek grafiko dinamiko ezin interesgarriagoa egin dute euskal eta erdal etxeen tipologia aztertzen, 1991tik 2006ra. Horren arabera, 1991n hiru euskaldunetatik ia bi (% 63, edo 323 mila lagun) beste euskaldun batzuekin bizi ziren, eta % 37en etxeetan baziren erdaldunak ere. 2006rako, pixka bat behera egin zuen euskaldunak baizik bizi ez ziren etxeetako euskaldun kopuruak, baina etxe mistoetako euskaldunen hazkundeari esker, hamar euskaldunetatik seiren etxeetan erdaldunak ere bizi ziren, eta % 40 baizik ez dira etxean euskaldunak baizik ez dituztenak. 

Euskarari arrisku eta erronka dakarkion egoera da, noski, baina normalizaziorako ezinbestekoa. Ezin dugu, alabaina, bizilagun guztiak euskaldunak dituzten etxe horietarako soilik telebista egiten jarraitu. Hobeto esanda, ziur aski horri eutsi beharko zaio, baina pentsatu beharko dugu euskarak irabazi dituen hiztun berri horiek, gaur egun EAEko euskaldunen % 60 diren horiek, zelan mantenduko dituen euskaldun. Etxeko mistoetako euskaldun horien tipologia erraz asmatu baitaiteke: gazteak, guraso erdaldunak, espainolez askoz hobeto moldatzen dira, eta euskara eskolarako dute nagusiki (edo soilik). Ez dute arazorik euskarazko film edo telesaio bat ikusteko, baina ohitura eta pizgarririk ere ez: gurasoek telebista espainolez ikusi dute beti, etxeko hizkuntza espainola da, eta ez dago bien arteko zubilana egiteko modurik oraingoz. Gura bada, hortxe sistema bat, azpidatzi bikoitzekin. Ez da post honen gai nagusia, baina etxe mistoetarako telebista-eredua ere ahalik bizkorren landu beharko da.  

TELESAILAK

Esan dugu: euskarak eskolatik irten eta aisialdia eskuratu behar du; eta aisialdiko lau ordu telebistari ematen dizkiogu. Mendebaldeko herrialdeetan gutxienez, geroz eta garrantzi handiagoa dauka fikzioak telebistan. Telesailek, besteak beste. Gaur eguneko telesail ugarik, AEBetatik datorren zinemari ere aurre hartzen diola iritzi izan diote. Baina euskaldunok galdutzat daukagun esparrua da, Homeland, Game of Thrones, CSI, House, Lost, Breaking Bad edo beste edozein serieren denboraldi bakarra bikoiztearen kostuaz jakitun. Eta zer esan telesail bakarraren ordez AEBetan urtean egiten diren ekoizpen garrantzitsuenak osotasunean aintzat hartuz gero. Telebista goitik behera aldatu zuten hamar telesailen artean, bakar bat ez daukagu euskaraz ikusterik.  Baina ikusten ditugu telesailok, Espainian edo Danimarkan bezain globalizatuta gaude, eta han beste ezagutzen ditugu pertsonaje eta trama garrantzitsuenak.

Aurtengo iraileko Emmy sarietako irabazleak Europa osoko telebistetan daude ikusgai, edo aurki egongo dira. Euskaldunok nahiko genuke horiek ere euskaraz egotea, mundua etxera euskaraz ekartzea. Baina ez zaigu beharrezko. Eta ez gainontzeko europarrengandik desberdinak garelako, telebista edo telesailak maite ez ditugulako, espainola daukagulako baizik. Euskaldunon hizkuntza-eskubideak aldarrikatzen ditugu, baina gure etxeko supazterreko behinolako tximiniaren lekua hartu duen telebistarekin lau ordu ematen ditugu egunero, horietako hiru eta erdi gutxienez espainolez. Euskararen mehatxu edo ordezkatzaile den hizkuntzan ematen dugu aisialdiaren ia erdia, baita euskararen arnasgune den edozein herritan ere. 

ELKARTASUNA DENEKIN, ETXEKOEKIN SALBU

Badugu ordua horri guztiari buelta emateko. Hasteko, erakundeek bultzatutako zinemaldi, kultur-aste, ziklo, dokumental eta ikusentzuteko gainontzeko ekitaldi guztiek euskarazko azpidatziak izatea aldarrikatzen. Zinema ikusezina izeneko zinemaldi ederra daukagu Bilbon eta Bizkaiko hainbat herritan. Film sozialak proiektatzen dira. Hainbat udal, aldundi, Jaurlaritza eta beste hainbat erakunderen babesa dauka, baina benetan ikusezina eta baztertua euskara da. Euren webean diotenez, aurten 66 film eman dituzte Bizkaiko dozena erdi herri eta hiritan, 11.600 ikusle egon dira, eta horietako ehuneko 60 DBHko ikasleak izan dira. Aukera paregabea ematen du munduko errealitateak geureganatzeko eta hainbat balore transmititzeko. Festibaleko katalogoa deskargatuta, baina dena ez du hain eder. Gai ezin interesgarriagoak, baina baita honako datuak ere:

- Bi film euskara hutsez. Beste hirutan euskaraz gain arabieraz, espainolez edo katalanez egiten dute. Bost horiek espainolezko azpidatziak dituzte.

- Hamabost film hizkuntza arrotzetan, ez euskaraz ez espainolez. Beste hamar film eleanitz, espainola tartean dela (euskarazko goiko hirurez gain). 25 film horiek espainolezko azpidatziak dituzte.

- 31 film espainol hutsez. Azpidatziak ingelesez batzuetan (baita espainolez ere bizpahiru filmek!), besteetan bat ere gabe. Euskarazkorik ez.

- Elkarrizketarik gabeko bost film.

DBHko zazpi mila ikasle bizkaitar eroan ditugu film sozialak ikustera, Elorriotik Portugaletera. Erdiak espainol hutsez ziren. Besteek espainolezko azpidatzidak zituzten. Euskarazko azpidatziak, zero. Haiti, Mozanbike, edo India ezagutzeko espainola behar da. Ikasiko zuten jarrera sexistez, zapalkuntzaz, indigenen eskubideez, ekologiaz, miseriaz eta beste mila balorez. Baina baita euskara ikasgelan geratzen dela ere. Mundua espainolez jaso dezagun. Adibide bat baino ez da, gurean egiten diren dozenaka festibaletako bat hartuta. Sentsibilitate handienetakoa adierazi nahi duena, baina euskaldunokiko oso txikia adierazten duena halaber.

NORMALIZAZIORAKO GILTZA

Tristeena da euskarak ia galduta daukan eremua merke eta erraz antzean eskuratu dezakeela. Utzikeriaz daukagula galduta. Onartezina irudituko litzaiguke UEMAko udalerri baten gaztelania hutsezko beste edozein ekimen, baina film zein dokumentaletan etsita onartzen dugu, konponbiderik ez baleuka legez. Konponbidea badago, horratik. Oso noizean behin film bat bikoiztuta, beti egongo gara espainolezko bikoizketaren menpe. Baina azpidatzien aldeko apustu argia eginda, urrats handia egingo genuke. Gaur zazpi-zortzi urtekoak, Finlandian edo Portugalen legez, filmetako aktoreak beren ahotsez entzutera ohituz gero, hamar urte barruko nerabe-gazte horiek ez dute berehalakoan onartuko bikoizketa. Eta bikoizketaren % 98 espainolez dugu gurean. Azpidatzietara ohituta, 

a) aisialdirako euskarak esparru handia irabaziko du.
b) aisialdirako espainolak are esparru handiagoa galduko du.
c) Euskaratik espainola ez diren erdaretara, ingelesera nagusiki, zuzenean jauzi egiten ohituko gara, eta espainolaren hegemonia apurtuko dugu. 
Euskarak alde du XXI. mendean nagusituko den ideia bat: hizkuntzan ezagutzan sakondu behar dugu, Europan batez ere. Elebakartasuna analfabetismoaren antzeko errealitate gisa agertuz gero, gainditu beharreko zerbait bezala, Euskal Herrian asko irabaziko dugu: euskaldunok ere ekingo diogu hirugarren, laugarren... hizkuntzak ikasteari. Baina erdaldunek euskaratik igaro beharko dute hirugarrenera iristeko. Analfabetismoa gainditzeko. Eta ezagutza orokortuta, erabilerari erreparatuko diogu. Baina gai hori beste baterako utziko dugu.


2013-11-13

Hizkuntzaren morrontzak, adibide beltz batekin

Hamarkadatako gatazkak higadura nabarmena izan du hizkuntzan. Eta badira absurdurainoko egoerak. Tamalez, egiten denaren erreferentzia, ia beti, gaztelania da. Espainolen hizkuntzak ezartzen du neurria.

Ezker abertzalearen inguruko prentsak "asesinato" hitza ahal bezala saihestu du hamarkada hauetan. Neuk ere gutxi erabiltzen dut, eta egin dudanetan, urruneko errealitateen berri emateko. Batetik, hitzak ageriko karga negatiboa daukalako, eta kazetarion lana, errealitatea ahalik neutroen erakustea da. Baina bigarren motibo bat ere badago: adierazpen askatasunaren neurri murriztaileek, ia derrigortu egin dute Espainian hitz batzuk erabiltzera, eta beste batzuk debekatzera. Eta zenbait hilketari "asesinato" deituz gero, arazo larria izan lezake kazetariak. Poliziak norbait hiltzen badu, esate baterako. Jurista izan barik ere, erraz argudiatuko lukete: "asesinato" berariaz egindako hilketa litzateke, eta Poliziak beti "halabeharrez" egingo luke tiro, edo istripuz, beraz ez da zilegi "asesinato" erabiltzea. Edo agian kazetariok autozentsura lar egin dugu. Baina inork ez du "asesinar" aditzik erabili horrelako kasuetan. Besteetan, beti izan dira "asesinato"ak, "asesino"ak baitziren.

Arazoa da, gaztelaniak heriotzarako dauzkan formek (morir/matar), pixka bat zaildu egiten dutela erabilera ("fue matado" ez da erabiltzen, eta "fue muerto" ere gutxi). Eta "morir"-ek "muerte" sustantiboa badu ere, "matar"ek ez dauka parekorik... edo bai, "muerte" da "matar" sustantiboa ere. Horri, hizkuntza gatazkaren alde batekin lerratzea gehituta, "asesinar" aditza erabat orokortzea ekarri duela. Hau da, ETAk hildakoak "asesinato" izan behar dira ia ezinbestean (GALenak ere bai), kazetariok ere nabari dugun presioaren ondorioz, baina polizien hilketak "muerte" dira. Iritzi sailerako behar lukeen aditza ("asesinar") albisteetan orokortu da.

Ingelesez banaketa agerikoagoa da: "to die" (norbera hiltzea), "to kill" (norbaitek hiltzea, baita norbera hiltzea ere, istripuz, itota edo autoan esaterako. Adiera neutroa, edozelan ere), eta "to murder" (gaztelerazko "asesinar"-en pareko edo gogorrago, hitzari karga emateko). Ohi bezala, ez da banaketa zehatza... hizkuntzen arteko zubiak ez direlako inoiz kalko. Baina desberdintasuna agerikoa da.

Euskarak, paradoxikoki, ez du bereizten aditzean ("hil"), hura jokatzen baizik, NOR forman edo NOR-NORK egin (transitiboan). Baina aditza sustantibatzerakoan, bereizi egiten dira: heriotza edo hilketa. Biak dira hitz neutroak. Bistan da, hilketa batek heriotza dakar.

Zenbat aldiz irakurri dugun "heriotza", "hilketa" behar lukeen lekuan, prentsa abertzalean. Azaldu beharko da, agian: "hilketa" ez da "asesinato". Arazoa gaztelerak dauka, hiltzearen ekintza aktibo eta pasiboa ez dituelako bereizten. Baina euskaraz ez litzateke morrontza hori izan behar.

Euskal gatazkak hizkuntza atrofiatu digu neurri batean. Hitz bat edo beste erabiltzeak, kazetari batzuei, auzitegietara deitzea ekar ziezaiekeen, eta kontuz hautatu behar ziren hitzak, batez ere norbere koherentziari eutsi gura bazitzaion Espainiako legedia ezin zurrunagoa hautsi gabe. Baina horrek euskaran ere ekarri du higadura. Eta badugu hizkuntza askatzen hasteko tenorea, gure territorio librean batez ere.

2012-10-14

Erabakitzea eta hizkuntzak

Eskoziak Londresekin akordioa lortu zuela iragarri zuten egun berean atzera bota zuen Espainiako Kongresuak herritarrei galdetzeko aukera. ERCk egin zuen proposamena, eta Alfred Bosch-ek defendatu zuen: «Bozkatzea zelan izan daiteke legezkoa Erresuma Batuan eta ez Espainian? Britainiarrak izan nahi duzue, ala sobietarrak, eta sistema hondoratzea? Eskoziako erreferendumera deitzeko legezko xedapena gaur hemen proposatzen dugunaren oso antzekoa da. Kataluniaren independentziaren aurkakoei ere eragotzi nahi diezue ezetz bozkatzea, jabetzen al zarete? Debekuekin, formaltasunekin, mehatxuekin, ukazioarekin, benetan uste al duzue horrela irabaz daitekeela eztabaida bat, beste aldean eskaintzen diegularik askatasuna, demokrazia, sufragioa, parte hartzea? Bozkatu nahi dugu eta bozkatuko dugu, ez da hain zaila ulertzen». Eskoziaren paralelo joateak Espainiaren defizit demokratikoa are nabarmenago jartzen du. Bidenabar, mendebaldeko Europan independentismoa indartsu den hirugarren herrian, Flandrian, hauteskunde garrantzitsuak dituzte gaur. Fokoa Anberesko udalean egongo da, sozialistek galdu eta independentisten eskura igarotzen ote den.

Biharamunean haur katalanak espainoltzeko asmoa zuela bota zuen Jose Ignacio Wert ministroak. Eskandalua piztu da Espainian, baina ez hainbeste Katalunian. Ez independentisten artean gutxienez. Egunotan egokitu zaizkidan bizpahiru katalanek irribarre zabala egin dute, «lobby independentistak kontratatu balu, ez zukeen hobeto egingo». Barça zirudien, partidaren kontrola izan eta baloiaz gozatzen, ia ezer egin gabe aurkariak zenbat gol aukera sortzen dizkion ikusita, zenbat independentista sortzen dituen Espainiatik horrelako urratsen bat egiterakoan. Eta asko egiten dituzte, zein baino zein baldarrago.

Katalan epelenak sutu dira. Espainiatik bereizi nahi ez baina errealitateaz ohartzen diren katalanak dira, Espainiaren irain eta umiliazioez jabetu eta mindu egiten direnak. La Vanguardia-n Enric Juliana kazetariak zioenez, «hankasartze kolosala» artikuluan. «1975-80an, Badalonako langileek bi gauzagatik egin zuten borroka: lanpostuaren alde eta seme-alabentzako eskolen alde; katalana ongietorri hizkuntza izango zuten eskolen alde. Hori izan zen hitzarmen soziala. Eskola da elkarbizitzaren lokailua. Eta baldintza, jatorri eta ideologia orotako katalanek balio handia ematen diote elkarbizitzari. Hain zaila da ulertzea? Katalunia ez da bigarren Euskal Herria izango, zenbait horretan tematuta ere». Euskal Herriak, bistan da, gizarte zatiketa irudikatzen du. Ez euskalduntzeko eskola-sistema prestatu zutenek, ghetto kolonialak balira legez, erantzun beharko lukete. Alderdi espainolak hondora doaz, katalanak ofentsiban doaz Estatuaren bila. Eta hor, ezin aipatu gabe utzi Eduardo Apodakak Lapiko Kritikoan idatzitako Post Nazionalismoaren ordua (http://basque. criticalstew.org/? p=9133 ). Halaxe dakusa Estatua lortzeko bidea: «Nazionalismoa atzean utzirik, estatu propioa, errepublika, herri honetan bizi diren guztientzako proiektu askatzailea dela sinestea eta sinestaraztea. Jokoan dagoena herri subiranoa da. Eta horretan denok irabazle». Aholkua utziz gero: bilatu Lapiko Kritikoan eta lasai leitu osorik.

Espainiera (ko)ofizial?

«Hasieratik argi utz dezagun, Katalunia independentean katalana izango da herrialdeko berezko hizkuntza eta ofiziala, denon hizkuntza komuna. Baina gaztelania ere ofiziala izango da, inork zalantzarik baleuka ere». Oriol Jonqueras, ERCko burua, Sant Vicenç dels Horts-eko alkate ere bada. Bartzelona inguruko etorkinen hiri industrialetan lehena izan da Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartean sartzen. Jonquerasek dioenez, bere herritarren ehuneko laurogei espainieraz mintzo da.

Berehala iritsi zaizkio kritikak Jonquerasi. Vilaweb-eko Vicent Partalek «ukrainar erako independentziaren» arriskuaz oharrarazi du, badakizue Ukrainan errusierari ofizialtasuna eman berri diotela. Gabriel Bibilonik dioenez, independentziak botoak gehitzeko beharra duen unean espainiera-hiztunei egindako keinua da. Baina gogora dakar goizegi abiatutako eztabaida dela, itsumustuan, eta Parlamentuak erabaki beharreko zerbaiti buruz. «Espainierazko elebakarraren figura desagertu egin behar da. Mila aldiz esan dugu, normalizazioaren giltza da katalana izatea hizkuntza komun bakarra, eta norberak erabaki dezala zein beste hizkuntza jakin nahi dituen (ingelesaz gain). Independentziaren ondoren jaioko diren katalanek ez dute lehentasunik izango eskolan hastean. Gurasoen hizkuntza edozein izanda ere, denek hitz egin nahiko dute irakasleek, ministroek, poliziek eta epaileek hitz egiten dutena. Izan ere horiek, Estatuko ordezkari dihardutenean, Estatuko hizkuntzan egin beharko dute, hizkuntza ofizial bakarra badago. Hortxe dago prozesuaren gakoa».

Eskema erraza da, Eskozian legez: oraingoz, liberarekin eta Elizabeth erreginarekin jarraitzea proposatzen du Alex Salmondek, eta gaztelaniaren ofizialtasuna Oriol Jonquerasek. Independentistek, horren aurka egonda ere, erreferendumean baietz bozkatuko dutela jakitun, eta zalantzatiak limurtzeko aukera izan daitekeelakoan. Eskoziakoa herritarrek alda dezaketen Estatu-egitura da. Espainiera ofizialtzea, bete beharreko agindua, balizko Estatua hipotekatu dezakeen konpromisoa. Bistan da zuhur jokatu behar dela, herritarrak erakarri eta mezua modulatu inor ez uxatzeko gisan. Baina independentzia zertarako den argi utzita. Bibilonik dioenez, «herrialde serioetan hizkuntza ofiziala hizkuntza ofiziala da». Irlandaz diharduela dirudi, baina Bartzelonatik Dublinera Euskal Herritik pasatzen da.
BERRIAn argitaratua

2012-02-26

Hizkuntzak

Ama-hizkuntzen eguna izan dugu asteon, asteartean, hilaren 21ean. Yucatan maiatik Txile maputxera, Hegoafrikatik Malira, Asia Hegoaldean, Australian zein Kanadan, izan da ospakizunik. Bakea eta Demokraziaren Alderdi (BDP) kurduko diputatu batek, kurdueraz, armenieraz, grezieraz, lazeraz, asirieraz, zirkasieraz, arabieraz eta turkieraz esan zuen: «neba-arrebok, ohorea da norbere ama-hizkuntza». Amed hiriburuan Ehmede Xani Hizkuntza eta Literatura Kurduaren Institutua ireki dute. Ez da meritu txikia, azken urteotako turkiar oldarraldi basatienaren erdian.

Inperioetako hizkuntzek ez zituzten menperatutako herrienak ordezkatu oso berandu arte. Herrien sumisioa eta zergak ordaintzea aski izan ohi zuten otomanoek, austriarrek eta bestek, erabateko asimilazioa bilatu gabe ere. Egun, estatu-hizkuntza nagusitzeko ahaleginean dihardute askok oraindik, Pekinetik Riadera. Mendebaldean, berriz, ingelesa gailendu dela jakitun, hizkuntzak babesteko politikak nagusitzen dira Australiatik Estatu Batuetara. Beranduegi denean, ahal dena jaso, museoan eder geratu dadin. Hala diosku Joxe Manuel Odriozolak: «asimilazioak bere lana egina baldin badu (...) hildurak jotako hizkuntza eskolaratzeak zer-nolako ondorioak dakartza? Hutsaren hurrengoak, uste izatekoa denez. Ez dauka zertan kezkaturik Estatuaren nazionalismo totalitarioak» (Estatu etnozidaren kontra, 2011). Frantzian eta Ipar Euskal Herria gogoan hizkuntzaren folklorizazioa deitzen dio, «hainbat jende pozarren lehertu ohi da. Eta ez da harritzekoa, zeren ez baitu halakorik ezagutu seguru asko bizitza osoan». Bada, Nicolas Sarkozyk badu zertan kezkatua, nonbait, Frantzia maite duenak ezin baitu eskatu Europako Hizkuntzen Karta izenpetzea. Berak sinesten ei du hizkuntzen iraupenean, baina «gutxiengo guztiei hizkuntza eskubideen aitorpenean, horiek Europako Gorte baten kontrolpean uzteko, zeinak gure historia nazionala eta tradizio errepublikanoa aintzat hartu gabe jujatuko baitu». Ezin ukatu argi mintzo dela. Aitor Renteriak bikain laburbiltzen du kazeta.info-n: «Esklabista zaharren garaira itzuliz, jabe onak esklaboei erran zien askatasuna ezinezkoa dela, baina eskuzabala dela eta badakiela ezikusiarena egiten. Akta ofizialak frantsesez egiten direla eta ondoan euskarazko itzulpena jar daitekeela. Txineraz, bantuz edo proto-euskaran eginen balira bezala, apaingarri, exotiko».

Exotismoa ez da beti haizu, baina: Ama-hizkuntzen egunaren biharamunean, paragrafotxo baten irakurri genuen Izarbeibarko euskararen ordenantza Legearen aurkakoa dela, ezin dituela dokumentuak elebitan egin. Izena ere ukatzen dio, Valdizarbe soilik behar du. Izenik gabe izanik ez. Lehenago Tafallak legez, Miranda Argak eskatu berri du eremu mistoan sar dezatela herria.

Bitartean, BBCk, Txillardegitik abiatuta, galesaren eta euskararen antzekotasunak (azalera, hiztun kopurua), eta desberdintasuna nabarmentzen zituen: Hegoaldeko erakundeek Galeskoek baino lau aldiz diru gehiago ei darabiltzate euskara bultzatzeko. Politikoki britainiar pragmatismoa goratzen ari garen aldian, ifrentzuak beldurra ere badakar. Irlandako gaelikozko telebista zuzendariak hala zioen abenduan Bilbon egindako jardunaldietan: Nazioarteko Diru Funtsak erreskatatutako herrian, zelan konbentzituko ditut Gobernua eta herritarrak gaelikozko telebista beharrezko dela eta dirua behar duela, ospitaleak ixten ari direlarik?

Txillardegik berak esan zuen Irlanda ez zela eredu. Baina inspirazio iturri ziren herrialde baltikoek ere zer ez egin erakutsi dute berriki. Letoniak ezetz esan zion errusiera ofizialtzeari, espero bezala, duela astebete egindako erreferendumean. Eslaviar biztanleen hankasartze estrategikoa izan da, letoniar abertzaletasuna hauspotu du errusiar «mehatxuaren» aurrean. Estatu gisa hondoa jota dago, biztanleen ehuneko 15 boto-eskubiderik gabe oraindik eta ofizialki baztertuta egon arren, errusiera da nagusi bai Rigan bai hainbat hiritan, ekialdean bereziki.

Haserretu da Vladimir Putin Letoniarekin, lehen Estonian istiluak hauspotu zituen legez. Haserre egin zuen herenegun berba, datorren asteko hauteskundeetan datu guztiak alde ez dituelakoan. Errusiartasunez hanpatuta, hilak 23 zituela ezaxola. Txetxeniarren genozidioaren urteurrena da, Stalinen aginduetara nazio osoa trenetan sartu eta Kazakhstanera bidaliko zituenekoa. Erdiak ez ziren iritsi. 
BERRIAn argitaratua

2012-01-22

Letonia-Nafarroa-Txillardegi

2001ean Adios herriko (orduan Adiotz deitu behar genion euskaraz, gerora gaztelerazkoaren parekoa erabiltzea onartu du Euskaltzaindiak) galdeketaren albistea egin nuen, Euskal Telebistako albistegietan. Uxue Barkos nuen editore, lanbide honetan konfiantza handienetakoa eman didan pertsona, beti zorrotz, beti euskaltzale.

Azken orduan agindu zidan Izarbeibarko udalerri haren berri ematea. Herria eremu ez-euskaldunetik mistoan sartzea bozkatu zutela uste dut (marka da interneten dena ei dagoen garaian duela hamar urteko albisterik ezin topatzea. Baina Egunkaria-ren absoluzio eta guzti, 1991-2003 arteko artxibo bikain hori desagertuta dago, liburutegi osoa erreta Iñigo Aranbarrik esan bezala). Kontua da, euskararen aldekoek irabazi egin zutela. Ez dakit zelan eman nuen albistea, baina gauza positibotzat hartu genuela bai. Biharamunean, Gara-k bestelako irakurketa egiten zuen: eskubideak ez dira bozkatzen. Hau da, gehiengoaren iritzia eremu ez-euskaldunean geratzea balitz ere, euskaldunek eskubideak izaten jarraituko lukete. Hau da, gehiengoak ez dauka gutxiengoari eskubideak ukatzerik.

Horixe ekarri dit gogora egunotan Letoniako kazetari adiskide batek esandakoak, eta Nafarroako Legebiltzarrean gertatu denak (eremu ez-euskalduna misto bihurtzeko proposamenari PSNk emandako ezetzak, PP eta UPNrekin batera). Txillardegi zenak aspaldi adierazi zuen herrialde baltikoetako bidea, independentzia lortu eta hizkuntza galdu zuen Irlandaren aurretik (hori Euskal Herriko paradoxa: euskarak estatua/independentzia behar du bizitzeko, baina independentziak erdaldunak —ere— beharko ditu, balizko galdeketan gehiengoa izateko). Estatu baltikoetako errealitatea, Letoniakoa batez ere, ondoen ezagutzen dutenetakoa da Asier Blas, eta ñabardura eta kritika ugari egin dizkio eredu horri. Aski interesgarria da Blasen blogean barneratzea, hizkuntza normalizatzeko ereduaren —eta balizko independentzia eta estatua eratzeari buruzko— porrotaren berri izateko. Datu soil bat: duela hogei urte independentzia lortu zuenean 2,6 milioi herritar zituen Letoniak, egun ez da bi milioira iristen. «Biztanleen % 25 baino gehiago galdu ditu, gerra gogor eta lazgarria sufritu duen herrialde baten datuak dira» argitu izan du Blasek.

Testuinguru hori ahaztu gabe, hizkuntzaren auzia berriz ere hizpide daukate Letonian. Eta errusiera ofizialtzea eskatzen duen erreferenduma egingo dute otsailaren 18an. Errusieraren aurkako neurriak gogortu ahala, eslaviar jatorriko herritarrak antolatu eta erreferendumaren aldeko 187 mila sinadura lortu zituzten. Letoniako zentsuaren %10ak (154 mila lagunek) erreferendum eskaera eginez gero, hala egin behar da. Ostiralean Auzitegi Gorenak galdeketa berretsi zuen, eta atzera bota eskuineko bi alderdiren eskaera, bertan behera gera zedin. Ez dago zalantza askorik emaitzari buruz: zentsuaren erdiaren botoak beharko lituzkete errusieraren aldekoek. Biztanleen ehuneko berrogei inguruk dute eslaviar jatorria, baina ehuneko hamabostek ez dauka herritartasunik (bote eskubiderik ere ez, beraz), besteak beste letonieraz ez dakitelako. Hala ere, letonieraz bikain dakiten milaka herritarren aurkako arrazakeriaren berri eman izan du Asier Blasek sarritan, eslaviar jatorria izan edo ezkerreko alderdietan (gehienetan bat datoz) aritzeagatik.

Bestelako politikak egon dira Lituanian, baita errusiar jatorriko biztanle asko dituen Estonian ere. Txillardegiren sokak merezi du jarraipenik, Baltikoko, Irlandako eta beste herrietako arrakasta eta porroten berri izateko. Baina hizkuntza-eskubideak eta herritarren borondatea ere aintzat hartu beharko lirateke. Duela 25 urte euskal eremuan sarturiko udalerri batzuetan zegoen euskaldun kopurutik gora daukate gaur eremu ez-euskalduneko zenbait udalerrik. Eta parlamentuek edo udalbatzek dena erabaki ordez, herritarrei hitza ematea ez da esperientzia txarra, norbere herria non kokatu erabakitzeko.
BERRIAn argitaratua

2010-05-23

Erdara atzera

Katalanak aurrera egiteko, gaztelania atzerarazi behar da». Albert Pla i Nualart Avui-ko edizio buruari irakurri berri diogu ARGIAn, beste perla honekin batera: «Biolentzia politikotik baino ezin daitezke defendatu hizkuntzak». Badakit zeinen gogaituta dauden katalan asko beraiek hizkuntza normalizatuta daukatela entzuteaz, zergatik eta, Europako beste edozein hizkuntza gutxitu baino tinkoago dihardutelako. Eta, hala ere, gaztelaniaren presiopean, eta sarri normalizatuta dagoen ustean, atzerantz zenbait esparrutan, hirietako erabileran eta abar. Ustezko baldintza ezin hobeetan ere, elebitasunak handienaren alde egiten du, azken batean.

Eta ondorioa argia da, Pla i Nualarten arabera: «Ofizialki elebakarrak izatea (...) nik ez diot hori egin behar denik, nik esaten dut hori egin behar dela katalana salbatu nahi bada. Ezin dena da jendea engainatu». Onartzen du gatazka dakarrela horrek, baina argi dauka hori ezean katalanarenak egin duela: «Ez litzateke mundua akabatuko. Baina gezurrik ez, mesedez. Ezin gara elkarri xaboi ematen ibili, ze ondo gauden».

Zure hizkuntza nagusitzeak zure hizkuntza garatzen uzten ez dizunaren kontura behar du. Hizkuntzak galtzen dira hiztunek hura ordezkatzen dutelako. Horretarako aldarrikatzen du elebakartasuna katalanak, baina gero ezin bat etorri: Estatu propioarena utopiko samarra baita. Estatu propioa ofizialtasun elebakarra bezain utopikoa da, baina hura da ezinbestekoa hizkuntza normalduko bada. Estatua ez da aski, baina estaturik gabe, jai.

Bestelako ikuspegia dugu sarri Euskal Herrian. Ezker abertzaleak berak ere, Euskal Herriko hirugarren hizkuntza ikastearen garrantzia nabarmendu ei du berriki: nazio gisa indartzeko, euskararen oinarrizko lekuaz gain, hegoaldean frantsesa eta iparrean espainola ere ikasi beharra. Eta ni ezezkoan; euskaraz ezin badut, Baionako erdaldunarekin ingelesez egin nahi dudala. Are Bilbokoarekin ere.

2010-04-25

Izpiritua formatzen

Sarritan kontatu dut hemen zer nola aldatzen zaien kurduei aurpegia Euskal Herriari buruz mintzatzean. Bi estatu, hizkuntza gutxitua, legez kanpoko alderdiak, preso politikoak, terroristekin ez da negoziatzen eta gisako leloak... oso ezagun zaien kantaren hitzak dira, eta inork urruneko herri batez era horretan berba egindakoan, sinpatiazko irribarre batek gainditzen ditu bost mila kilometro.

Baina inbidia ere ez da txikia. Ikasketak euskaraz egin ditugula esatea, frankismo beltzenean seme-alabak euskaraz eskolatzeko egindako apustuak, gerora etengabeko hobekuntza pedagogikoan murgilduta ikastolak Europako hezkuntza aipamen garrantzitsuenak eskuratu dituela entzutea, beren ametsetako egitasmoak bihar bertan betetzea legez da. Ondo bidean, Euskal Herrian bertan egongo dira aurki, kurdueraren sua hauspotzeko bideak ikertzen.

Lagunak gaizki pasa zuen eskolan. Ez dira bere haurtzaroko kontu soilak: lehengo astean Onur Tekin hamar urteko mutikoa jipoitu zuen irakasleak kurdueraz egiteagatik. Gure garairik ilunenak egunerokotasuna dira goizero-goizero turkiar bandera jaso eta zeinen turkiar izanik zoriontsu diren milioika umerentzat. Gurean egindako bidea amets, berehala ulertu du lagunak hemen berba ponposoetan ezkutatu gura dutena: Meliton Manzanasen senideak ikastoletan gura dituztela Argala eta Txiki eta Otaegi terrorista gaiztoak zirela esaten.

«Ez duzue horrelakorik onartuko, gero!» gaztigatu dit lagunak, ordenagailuaren bestaldean sututa. Ez dugu onartuko. Lau hamarkadan izpiritu nazionala formatu nahi zutenen aurrean ikastolak sortu bagenituen, basatiak zibilizatzera datozen kolono berriek gela hutsak topa ditzatela. Kalean kantatuko diogu Txikiari eta Kantauriri: «Geroari esaiok olatuetan, herri izarrak ez direla itzaltzen, gure haurrek biharko ikastoletan, haien izenak abestu ditzaten, herriarentzat biak hil baitziren».