Hegosudandar beltzak sudandar arabiarren aurka borrokatu dira egunotan,
Hego Sudanek Hegligeko petrolio gunea berari dagokiola ebatzita.
Khartumek, berriz, Kordofan hegoaldeko matxino beltzei laguntzea egotzi
dio Jubari. Independentziak ez du arabiar eta beltz animisten arteko
gatazka ezabatu, baina inori ez zaio otu lehengoratzea eta denak Sudan
bakarrean bizitzea.
Tuaregak Azawadeko eremu zabalean ibili izan
dira ahuntz eta dromedario taldeekin. Gaur jeep asiarretan arma
modernoak darabiltzatela esan nahi diote munduari, basamortuko eremua
beraiei dagokiela. Iparrera, Frantziara eta Aljeriara begiratu beharko
dugu haizeak zer dakarren jakiteko. Baina Afrika mendebaldeko estatuek
muturra sartzera, pentsatu beharko lukete, Nigerrek bereziki, etxeko
tuaregak ere matxina dakizkiokeela.
Itsaspeko lurrak dardara egin
du berriz Indiako Ozeanoan, eta Aceh hor dagoela jakinarazi, Sumatrako
muturrean. Tsunamiak independentzia gerraren amaiera eta bake hitzarmena
ekarri zuen. Urak gora egin ahala espetxetik ihes egitea lortu zuen
Irwandi Yusuf independentista egon da ordutik agintean, Zaini Abdullah
gerrillakide ohiak hauteskundeak irabazi arte. Eta Indonesiako beste
muturrean Papua Askeko Mugimenduak.
Afrika mendebaldetik Asia
ekialdera, tamilak, balutxeak, kurduak, uigurrak, tibetarrak, riftarrak,
kabiliarrak, Myanmarko katxin eta karenak, Nigerko deltako ogoniak...
Munduak hartu duen abiadan, zail dago zail hurrengo estatua non sortuko
den iragartzea. Baina sortuko dela erraz esan daiteke, asmakeriatan
ibili barik ere.
Ez dago urrun Nazio Batuetako Batzar Nagusian
200. aulkia jarriko den eguna. Hamarkada honetan, badaude lauzpabost
galdeketa iragarrita, eta etorriko dira gehiago. Arma eta indar bidez
askatu dute bere burua gehienek. Norvegiak 1905ean beste bide bat
erakutsi zuen, Suediatik bereiztea bozkatu ondoren.
Europan izan
dira gero ere erreferendum gehienak, baina baita odoluste handiak ere,
estatuaren mugak noraino iristen ziren ebazteko. Herriek bere burua
gobernatzera tematuta jarraitzen dute, eta estatu tradizional, itxi eta
atzerakoiek hori eragoztera. Geroz eta gehiago, horratik, iparraldeko
haize demokratikoak hartzen dituenak, herritarren borondatea aintzat
hartzekoa dela sinetsita. Nork esan behar zigun asteon Le Monde-n agertutakoak irakurriko genituela: Azawaden hasi eta Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoarekin amaitu.
Jon Maiak bildu du hori guztia Gazta zati bat
dokumentalean: mundua gazta handi bat bada, denok izan dezagun geure
zatia. Aralarko artzain-borda batetik Eskoziako erreferendumeraino
eroango gaitu Idiazabaldik abiarazitako Nazioen Munduaren bidetik.
Larunbatean da estreinaldia, eta izango du segidarik han-hemenka.
Eskozian piztu dute eztabaida, Katalunian bete-betean erantzun,
Flandrian mahai gainean dago auzia, Irlandan ere jarri diote data,
Faroeetan hurbil dute, eta Euskal Herriak ere bere gazta zatia behar du.
Nork berea. Norbere gazta bakea ere bada, ingelesezko piece (zati) eta peace
(bake) hitzekin jolas eginda. Afrikan, Europan zein Asian, herri
bakoitzak bere bidea hautatzeko aukera izatea lasaitasunerako eta
bakerako bidea da. Arbizun berriki arte egon den pintaketa batek
zekarrenez: Hau zerbaiten hasiera da.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment