Showing posts with label korsikera. Show all posts
Showing posts with label korsikera. Show all posts

2013-06-23

Territorio libreak

Korsikara zihoan ferry batean daukat lehen irudia, ez dakit zergatik; agian zorroa fakturatu egin nuen eta ordura arte ezin atera. Dena dela, Bastiara ginderamatzan ferry harekin lotzen dut BERRIAren lehen zenbakia. Pozik, harro baina kezkaz ere atera genuen ale hura motxilatik, beste inork ulertzen ez zuen dokumentu arriskutsua balitz legez. Hala zen, neurri batean. Lau hilabete lehenago ikusi genuen zeinen hauskorrak ginen, zeinen babesgabe geunden. Euskarak herri bat zeukan atzetik, euskal erakunde gehienek —abertzaleek baino ez, hasiera hartan— protesta egin zuten, elkartasuna adierazi. Baina hareazko gaztelu baten gisan ikusi genuen geneukan hura txikitu zigutela.

Korsikako bazterretan inbidia sumatu genuen. Urrun zekusaten horrelako zerbait egiteko aukera. Harrotasun berarekin inbidia bera sumatu dut munduko bazterretan, Ameriketako herri indigenetatik Europako hizkuntza gutxituetara.

Oso gutxi dira eguneroko egunkaria daukaten hizkuntza gutxituak. Kurduen Azadiya Welat, Turkiaren erasoetan dozenaka kazetari galdu dituena, eta kito. Europan bertan, Midas elkarteko zerrendari begiratuta, auzo herrialdean estatu hizkuntzak dira nagusi: alemanak Italian, hungariarrak Errumanian, suediarrak Finlandian eta abar. Katalanak dira salbuespen bakar egunkari bat baino gehiagorekin. Eta hortik kanpo? Galizierak duela urte bi galdu zituen Galicia Hoxe eta A Nosa Terra, PPren Xunta glotozidak itota. Irlanderak La Nua galdu zuen. Galeserazko Y Bid egitasmoa jaio ere ez.

Euskara eta katalana kenduta, bi hizkuntza gutxituk baino ez dute egunkaria Europan, biak ere aski txiki eta, gehienentzat, ezezagunak: Alemania ekialdeko sorabiarrek Sorbske Nowiny dute, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren garaian lortutako eskubideei esker, erakunde publikoek finantzatuta. Suitzan bizi diren erromantxera hiztunek ere La Quotidiana daukate, Konfederazioak eta Grisoniako kantoiak ordainduta.

Beste inork ez dauka egunkaririk. Arazoa ez da hizkuntza edo hiztun kopurua, gutxitu izaera baizik. 300.000 hiztun dituen islandieraz badira sei-zazpi egunkari, eta 50.000 hiztuneko faroerak ere baditu egunkariak. Hegemonia da gakoa. Irakurleak faroeraz edo islandieraz irakurtzen du; hortik aurrera helduko dio danieraz edo ingelesezkoari. Baina inoiz ez alderantziz. Estatua izanda eta hizkuntza normalizatzeko neurri zorrotzak egin dituzten Estonian eta Letonian, milioia pasatxo hiztunekin, badituzte dozena bat egunkari, eta errusierazkoak ere badauden arren, estoniera eta letonierazkoak dira jarraitzaile gehien dutenak. Ez dute euskarak baino askoz hiztun gehiago, baina hegemonia bai. Estatuak ematen duen hegemonia. Livonierak aitorpen ofiziala dauka oraindik Letonian, sinbolikoa agian. Livoniera ama-hizkuntza zeukan azken pertsona egunotan hil da, eta ikasi dutenak dozena batzuk dira.

Euskaldunon grina gogorarazi dit BERRIAren urteurrenak. Livonierak, okzitaniar auzoez oroitarazi nau. Atlantikotik Alpeetaraino arnasa hartzeko lekurik ez. Tira, bat bai, Pirinioetan bera. Aran ibarra Kataluniako zati da, eta pribilegioa da hori. Horri ere erreparatu baitiote estatu berria horrenbesteko mimoz landu dutenek. Ibarra Kataluniako eremu burujabe izango da, hala nahi balu estatutik bereizteko gaitasunarekin, egoki deritzon burujabetzarekin eta hizkuntza politikarekin. Aranerak Katalunia independentean dauka etorkizuna segurtatuen. Okzitaniako eremu libreena izango da Aran ibarra.

BERRIAn argitaratua

2013-05-26

Tahiti-Baiona

Frantziako zentralismoak mugimendu independentisten radarretik atera ohi du errepublika Erresuma Batuaren edo Espainiaren aldean. Baina Frantzia da urtetan independentzia-erreferendum bat adostuta izan duen Europako estatu bakarra. Noumeako akordioen arabera, Kaledonia Berriak 2014 eta 2020 bitartean gauzatuko du Frantziaren menpe jarraitu ala bereizi erabakitzeko galdeketa. Horri esker, Ozeaniako artxipelagoa Nazio Batuetako autogobernurik gabeko lurraldeen zerrendatik kendu zuten.

Joan den astean, berriz, Pazifikoko estatu txikiek bultzatuta eta estatu indartsuenak —Frantzia bera, AEB, Erresuma Batua— aurka egon arren, Polinesia Frantsesa lurralde ez-burujabeen, hau da, deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendan sartu zuen Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak. Erreakzio sutsua berehalakoa izan da, bai Parisen bai Tahitin, independentistei boterea kendu berri dieten autonomisten artean. Izan da gogora ekarri duenik denbora luzeago duela Polinesiak Frantziako zati, Hexagonoko zenbait lurraldek baino: Savoia eta Niza 1860an sartu ziren Errepublikan. Giusseppe Garibaldi Nizako seme zen. Historiak baino, ikerleek saltwater test edo itsaso-froga deritzena dago, azkenean: horren arabera, kolonia-izaera, eta horrek dakarren autodeterminazio-eskubidea, metropoliak itsasoaz haraindi dituen lurraldeei legokieke.

Paradoxa bat: 2004tik bost aldiz izan da lehendakari Oscar Temaru independentista, baina ezin izan du erreferendumera deitu, autodeterminazioa kolonia-egoeran daudentzat erreserbatuta dagoelakoan. Maiatzaren 15ean Gaston Flosse autonomistari eman zion aginte-makila, hil hasierako bozak irabazi baitzituen. Baina handik egun bira NBEren erabaki garrantzitsu hori gertatu da, eta hara zelan itzuli den Temaru New Yorketik Tahitira heroi gisa. Berehalako ondorioa izan du: «Deskolonizatu beharreko herrialdea, Jainkoarren! Ahalik bizkorren amaitu behar da horrekin», esan du Flossek. Eta zer hoberik NBEk agindutako autodeterminazio-eskubidearen aldeko ebazpena egitea baino, «gogorarazteko polinesiar herriak daukan eskubide ukaezina Frantziako Errepublikaren baitan bizitzeko». Independentziari ezetz esateko nahi du Flossek, hain zuzen ere, galdeketa.

Ipar Irlandan ere unionista batek baino gehiagok begi onez ikusi zuen Sinn Feinen proposamena, 2016an Irlanda batzeari buruzko erreferenduma egiteko. Hori irabazteak auzia belaunaldi baterako atzeraraziko duela sinetsita daude. Konparazioa aski erraza da: Nafarroaren borondatea argi dagoela esan ohi dutenak behin ere ez dira saiatu nafarrei horren argi zegoena galdetzen. Galdeketa hori irabazteak euskal abertzaletasunaren estrategia guztia hondora bidaliko luke, behin betiko garaipena litzateke espainolismoarentzat, baina ez dira behin ere ausartu.

Aurkako helburuekin izan arren, konponbidea herritarrei galdetzea dela argi dute Polinesiako autonomistek zein independentistek. Auzia hortxe dator, ordea: nortzuk dira herritarrak, zein da subjektua? Egoera kolonialetan ohi denez, independentistek ez dute uste metropolitik denboraldi bat egitera datozenek bozka dezaketenik. Oscar Temaruk argi esan du: «1966tik, saio nuklearren ondoren heldu diren guztiek ez dute bozketan parte hartzeko eskubiderik. Sakoneko aldaketa hori gurean saio nuklearrak egiteak ekarri baitu. Europako Justizia Batzordeak onartu du Kaledonia Berrian hamabost urtez bizi izana (bozkatu ahal izateko). Ni urrunago joango nintzateke; orain, eztabaidan jarri behar da». Gaston Flossek ezetz erantzun du, hori bazterketa litzatekeela.

Hara non, maiatzaren hamazazpian Frantziako oinarrietarik bi astindu ziren. Parisen ia espanturik sortu gabe, bidenabar. Korsikeraren ofizialtasunaren alde bozkatu zuten Aiacciun. New Yorken Polinesia Frantsesa kolonia bat zela aldarrikatu zuten. Heldu den astean autodeterminazio-erreferendumaz mintzatuko dira Tahitin. Aiacciu zein Tahitiko erabakiak, bistan da, Parisa doaz segidan. Lehenak zail du, bigarrenak erraz.

Parisek deskolonizazioa, Errepublikako beste hizkuntzak eta herritarrei hitza emateari buruzko ebazpenak mahai gainean izanen dituelarik, on litzateke Euskal Herritik ere mezurik igortzea. Eta argiena, heldu den larunbatean Baionako karriketan jendetza biltzea Lurralde Elkargoaren alde. Sekula une aproposagorik.

BERRIAn argitaratua

2013-05-19

Mediterraneoko hizkuntzak

Errepublikari eta Konstituzioaren bigarren artikuluari zirrikitua Hexagonotik kanpo hasi zaio urratzen. Herenegun, bederatziak baino lehenxeago, bi eguneko eztabaida luzearen ondotik onartu zuen Korsikako Biltzarrak korsikeraren koofizialtasuna aitortzen duen testua. Erabakia Parisen defendatu behar dute orain, baina irekitako bidea biziki garrantzitsua da. Hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan hartu beharreko neurriak banan-banan bozkatu zituzten ehundik gora emendakinetan. Pierre Ghionga Korsikeraren Kontseiluko buru eta testuaren idazleak dio onartezina litzatekeela Frantziako Errepublikak uko egitea eskualde baten borondate demokratikoari. Luze joko du oraindik, baina historia idatzi zuten Aiacciun herenegun.

Uhartetik mendebaldera Katalunia dugu; urtebete barru katalan estatuari buruz bozkatzeko asmoz. Azken hilotan hizkuntza ere eztabaidagai izan da independentisten artean. Funtsean, 2014an eratu nahi duten Estatua nolakoa izango den irudikatzeko unean dira. Vicent Partalek Kataluniako estatuak hizkuntza ofizialik ez izatea proposatu du. Katalana litzateke Estatuko hizkuntza nazionala eta de facto erabiliko litzatekeena, eta gainontzekoak lekuaren eta erakundeen arabera erabiliko lirateke. Izan ere, katalana ofizial egiteak espainierari ere koofizialtasunerako bidea irekitzea ekar lezake, eta normalizazioa behin betiko oztopatzea hain hizkuntza handiaren presiopean. Asko dira munduan zehar hizkuntza ofizialik gabeko estatuak. «Konbentzituta nago Kataluniako estatu berriaren erronka garrantzitsuenetakoa dela ulertzea munduan gauzak ez direla halabeharrez Espainian diren bezala, eta ez direla kopiatu behar Espainiako estatuaren jokabide guztiak» dio Partalek. Gurean ere euskara ezagutzea beharrezko izatea proposatu izan dute abertzaleek, Espainiaren kalko eginez. Hobe administrazioa euskaraz bizitzea, udaletatik epaitegietara, poliziak herritarrekiko harremanak euskaraz bideratzea, funtsean Estatu-hizkuntza edo hizkuntza nazionala izatea.

Mediterraneoaren beste muturrean, nekez heltzen da albiste onik Siriatik. Baina sarraski hartan ere itxaropena herri ukatuen eskutik dator. Azken urteotan Iraken burujabetza lortu ondoren, orain Kurdistan mendebaldean (Sirian), banan-banan askatu dituzte herri kurdu gehienak iazko uztailetik. Eta burujabetza-esperientzia paregabea ari dira garatzen. Eskola da lehen urratsa; dozenaka ireki dituzte Siriako Kurdistanen. Hamarkada luzetako arabiartze behartuaren lekuan, lehen aldiz kurdueraz egin dute ikasturtea umeek. Neska-mutilak elkarrekin gelan, elkarrekin erakunde berrien agintean eta elkarrekin gerra-frontean eta kontroletan. PKKren Siriako adar diren YPG miliziek daukate eskualdearen kontrola. Asteon bi irudi eder iritsi dira Kurdistandik: umeek eskola-agiriak erakutsi dituzte harro, kurdueraren eguna ospatzeko. Bigarrena, Turkiako estatua utzi duten gerrillariak Irakeko Kurdistango mendietara iristen. Litekeena da hainbatek Siriako bidea hartzea, egun kurduen apustu garrantzitsuena den Rojava-n («mendebaldea» kurdueraz), autonomia behin betiko finkatzen laguntzeko. Nazioarteko laguntza eskatu dute. Berriki zenbait kaxa botika iritsi zitzaizkien Nafarroatik.

Sirian bertan bada gutxiago ezagutzen den gutxiengoa. XIX. mendean Errusiak Kaukasotik kanporatu eta otomandar inperioan sakabanatu ziren zirkasiarrak, Zirkasia hutsik gelditu zen, biztanleen ehuneko 90 galduta, bertan zein Itsaso Beltzean hilda edo deportatuta. Hala sortu zuten Amman hiria esaterako, egun Jordaniako hiriburu. Siriako zirkasiarrek berriz, arbasoen lurraldera itzultzea eskatu dute. Ehunka gutxi batzuei baino ez die Moskuk utzi, ordea. Etzi, maiatzaren 21ean, Zirkasiako konkistaren eta zirkasiar nazioaren suntsiketaren 149. urteurrena gogoraraziko dute. Krasnaya Polyana izeneko zelaian izan zen azken borrokaldia 1864an. Urte bakarra falta mende eta erdirako, eta orduan Krasnaya Polyanako zelaietan egingo dituzte Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoak. Berariaz ezkutatu du orduko sarraskia Errusiak, zirkasiar kulturari ez dio oihartzun txikiena eman, ezta folklorikoki ere. «Gure arbaso sarraskituen hilobien gainean ibiliko dira eskiatzen» salatu dute diasporako zirkasiarrek.

BERRIAn argitaratua