2012-11-25

Ez tramite soila, baina ia-ia

Espainian debekatuta dago inkestak argitaratzea hauteskundeetarako astebete baino gutxiago falta dela. Baina araua Espainiari dagokio, noski, eta interneten garaian, erraz asko gaindi daitekeen absurdua da. Ostiralean The Guardian-ek Kataluniako hauteskundeei begira agindutako galdeketaren berri zekarren. Horrek bere horretan adierazten du Europan Kataluniako prozesuak lortu duen oihartzuna.

Britainiar kazetaren datuak ez ziren onak Convergencia i Unio alderdiarentzat eta Artur Mas egungo president-arentzat. Egungo 62 diputatuen ordez 58 aulki aurreikusten zizkion, kanpainan Masek aldarrikatutako gehiengo absolutua baino hamar gutxiago, alegia. Unionistak urrun zeuzkan: 21 edo 22na ematen zizkien PSCri eta PPri, eta zertxobait atzerago, hamaseirekin, ERC ageri zen. 135 diputatuetara iristeko falta ziren ia 20 aulkiez ez zekarren berbarik, ez eta, ustez, horiek eskuratuko lituzketen Solidaritat, CUP, ICV eta Ciutadans-i buruz. Hauteskundeetatik hurbil egin izanaren balioa zuen, datuen konsistentzia baino gehiago.

Edozeri buruz galdetzeko anglosaxoniar tradizioan, The Guardian-en inkestak bazekartzan beste datu bitxi batzuk: Bartzelona futbol taldeak Espainiako Ligan jarraitzearen alde daudela %38 (%22 Kataluniako Liga eratzearen alde), eta bi herenek gaztelaniak nolabaiteko ofizialtasuna izatea nahi dutela. Katalunia independentean herritarren erdiek espainiar naziotasunari ere eutsiko omen liokete katalanarekin batera, laurdenak katalana baino ez luke izango, eta %17,9k espainiarra baino ez lukete nahi. Pragmatismo kontua ere bada: independentzia osteko urteak gogorrak dira, eta beti dator ondo pasaporte homologatu bat izatea estatu berriarena egonkortu arte.

Ñabardurak eta bitxikeriak gora-behera, une historikoak dauka garrantzia, hauteskundeek baino gehiago. Artur Mas tematu da erabateko gehiengoaren beharraz limurtzen, «Eskozia izateko, eta ez Quebec». Hau da, Eskozian independentismoak gehiengo absolutua izan duenean abiarazi dute prozesua; Quebecen, berriz, independentistek boterea lortu arren, ez dutela erreferendumik egingo iragarri dute, harik eta gehiengo hori izan arte. Baina Kataluniako prozesua desberdina da oso. Prozesuak alderdiak eta gobernua behar ditu, baina ez ditu gidari, trenera halabeharrez igotako bidaiari baizik, parean harrapatuko ez bazituen.

«Autodeterminazioa gai inportanteegia da politikarien esku uzteko», dio Angel Oiarbidek Gazta Zati Bat dokumentalean (bidenabar, a ze emanaldi eta ikusle piloa izan dituen. Ea datorren ostiralean Bilboko Arriaga antzokia ere betetzen duen). Eta horixe agerian Katalunian. Artur Masek irabaziko ditu hauteskundeak, itxuraz gehiengo absoluturik gabe, baina badauka aukeraren bat. PSCk hondoa joko duela ere iragarri dute, federalismoaren ideia zelan usteldu den adierazten argi. PPk eta Ciutadans-ek emaitza txukunak lortu litzateke, Kataluniako espainolismoaren indarra agerian uzteko, baina baita zeinen minoritarioa den ere: 20-25 diputatu lortuta ere, egungo autonomia-estatutuaren dikeak zeinen ahulak diren adieraziko dute, ez beste ezer.

Eskozian eta Quebecen ez bezala, estatu katalanaren aldekoek eta galdeketa egitearen aldekoek erabateko garaipena lortuko dutela, zalantzarik ere ez. Prozesua bidean da, eta hauteskundeak mugarri bat gehiago dira. Ez tramite soil, baina bai neurri batean: Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari ateak itxiz gero, tramite edo etapak gainditzen ari dira: udal galdeketak, Biltzarraren Sorrera, itun fiskalaren aldeko aldarrikapena Parlamentuan, Diada, Mas-Raxoi bilera, eta autodeterminazio-erreferendumaren aldeko bozketa Parlamentuan, hura desegin eta hauteskundeak deitu baino lehenxeago.

Unionismoa gutxiengoan eta independentismoa gehiengoan agertuko da gaur gauean berriz ere Katalunian. Baina katalanek ez dute Gobernu berririk bozkatu nahi. Independentziari buruz erabaki nahi dute. Gaur beteko dute tramitea, baina historia bihar idatziko dute, galdera adostean, galdeketa deitzean.

Espainiarekin negoziatzea egokituko da hurrena. Eskoziako prozesua hala izan da, baina Montenegro eta Serbiaren artekoa ere halakoxea izan zen. Espainiak, Serbiak Montenegrorekin bezala joka dezake. Edo Kosovorekin bezala, ateak itxi. Eta orduan, hirugarrenez, jo beharko dute bozetara, argi utzita CiUtik CUPera doazen alderdien alde bozkatzeak estatu katalana bozkatzea esan gura duela. Eta Espainiak behartu bezala, Kosovoren papera hartuta aldarrikatu estatua. Montenegro, Quebec eta Eskoziako bidea da egokiena. Baina besterik ez denean, esanda dauka Hagak: Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapenak ez daude debekatuta nazioarteko legedian.
BERRIAn argitaratua

2012-11-18

Ez da 2008, ez da 'berun urtuna'

Istorioa ezagunegia da. 2008-2009ko Berun urtua operazioaren ondoren, hauteskundeetarako kanpainaurre odoltsu klasikoa dirudi palestinarren hilkintzak. Zerrendatik datozen misil-jaurtiketak geldiarazteko aitzakian, Israel Gazari erasotzen hasi zaio atzera ere. Ahmad Jabari buruzagia hil zuen asteazkenean. Hamasek berrogei urtean iritsi ez diren lekuetaraino jaurti ditu misilak segidan. Lerrook idazterako, ia berrogei palestinar zenbatzen dira balantzaren alde batean, hiru israeldar bestean. Eta tankeak Zerrendako mugan, inbasiorako aginduaren zain. Mendebaldea, Ameriketako Estatu Batuak eskuarki, gidoia betetzen, «Israelek defentsarako eskubidea dauka». Lau urte eta ura bere bidean Israelen. Ezer aldatu ez balitz legez. Israel Mendebaldea da. Baina Gaza ez. Palestina da, arabiar lurraldea, eta islamaren munduak zerikusi gutxi orain lau urtekoarekin.

Inor ere ez da orduan zena. Libano ez da ordukoa, Siria ez da ordukoa, Jordanian ikusi gabeko protestak dauzkate, erregearen abdikazioa eskatzeraino, eta zer esan Egiptoz. Hamas dauka agintean Egiptok, Anaia Musulmanak. Hixam Qandil Egiptoko lehen ministroak Ismail Haniya Gazan bisitatzea, irudikatu dezakezue antzeko ezer Berun urtua abian zela mugak itxita zeuzkan Hosni Mubarakekin? Atzo Tunisiako atzerri ministro Rafik Abdesslem Gazan izan zen.

Palestina aldatu egin da urteotan, baita Hamas ere. Zirt edo zart egin beharrez aliatu militar nagusiei bizkar eman die, Sirian hasi eta Iranera. Hezbollahrekin beste horrenbeste, baditu aski arazo Libanoren baitan. Baina Egiptoren eta Mendebaldearen aliatu diren beste erregimen suniten babesak presio diplomatiko garrantzitsuagoa ekar diezaioke. Are gehiago, Libia eta beste matxinaden ondoren, Gazan ere ez da armarik falta. Hamasek iragarri du orain arte baino gehiago eusteko eran dagoela. Bi mezu esaldi bakarrean: eusteko eran daude, ez Israeli irabazteko, baina luzeago eusteak eta egunotako indar erakustaldiak zer pentsatua ematen dio Israeli ere.

Ziur asko lehendik gura zuen Tel Avivek egunotako erasoa. Baina agerikoak izan dira oztopoak. Orain ere, nork esan behar zuen Avigdor Liebermann Defentsa ministro ultrak botatakoa: Gazaren aurkako lurreko erasoa ez dagoela erabakita, eta egitekotan ere, ez dutela Hamas gobernutik botatzeko asmorik. Palestinan omen zegoen deabru handiena on egin dute Gazan bertan, Sinaiko penintsulara hedatzen, hilabeteotan ibili diren talde salafistek.

Azaroaren erdialdean gaudela, hil bi falta oraindik Benjamin Netanyahuk deituriko hauteskundeetarako. Elkarrekiko mesfidantzan bizi arren, aliatu ere badiren Mendebaldeko eta musulman herrialdeetako diplomaziaren esku dago neurri handi batean indarkeria espirala amaitzea. AEBak, Qatar, Egipto, alde berean daude. Siria eta Iranen aurrean, esaterako. Azken datu bat: Palestinak Nazio Batuetan begirale legez onar dezaten eskatuko du datozen asteetan. Eta babes handia izango du.

Ezer ez da duela gutxi arte zen modukoa, esan dugu. Palestinarrak biztanleen erdiak dituen Jordaniari oso arreta gutxi jarri zaio orain arte, baina protestak zabalduz eta indartuz doaz. Monarkia haxemitak birritan aldatu du gobernua, baina monarkiaren aurkako mezuak ere entzun dira. Eskualdeko orekan pieza txiki baina ezinbesteko zirudien erregimena kolokan egoteak iragarri ezin den astindua ekar dezake. Siria, Irak, Palestina, Israel, Egipto eta Saudi Arabiaren artean egotea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Turkiak ez du ahotsa gehiegi goratu orain arte, paradoxikoki. 2009an Erdoganek egindako salaketek babes handia eman zioten arabiarren artean. Ume palestinarren hilketa salatu duen artean, berdintsu jokatu du herri kurduaren aurka. Dozenaka ume kurdu hil ditu, eta kazetarien espetxe handiena bihurtu du Turkia. Gose greban hilzorian ditu presoak. Bakarra hiltzeak indarkeria espirala ekarriko du atzera ere. Baina Mendebaldeak Gazarekiko isiltasunaren antzekoa dauka ezkerrak kurduekiko, Noam Chomsky eta beste salbuespen gutxi batzuk kenduta.

Arabiar udaberri deitu zitzaion, eta udazken ilun bihurtu da. Heriotzak Gazan, Sirian, Kurdistanen sarraskiak. Amazigek Libian piztutako itxaropenak zapuztu, eta Azawaden independentzia hondora. Eta Sahara mendebaldea, Tunisiaren aurreko matxinadetan abiapuntua, basamortuan ahaztuta.
BERRIAn argitaratua

2012-11-11

Hitzaren indarra

Gerra hotzaren irudi faltsu batekin ireki genuen herenegungo BERRIA, mailu eta igitai handiekin azalean, eta gizonak txiki, oso txiki, trajez, alkondara zuriz eta korbata gorriz (hiruzpalau emakume zenbatu nituen, ez gehiago, alderdiko mahai nagusian). Aste osoan izango dira Kongresuan, baina kolorerik ez Florida eta Ohio artean ikuskizun betean eman genuen gau gringoarekin alderatuta (Puerto Rico inor gutxik aipatu du, baina iragarri genuena jazo da: AEBak anexionatzearen alde izan dira ia bi heren, baina Washingtonek iragarri du ez duela balio. Boto zuri asko izan zirela, eta anexioaren aldekoak ez zirela erdiak izan ondorioztatu du; anexioaren aurkako hautagaiak irabazi ditu bozak gainera. Esan bezala, ez dute anaia pobrerik gura berehalakoan. Ikusi beharko da hauteskundeetako lezioak boto latinoarekiko jarrera aldarazten dion, bai Alderdi Demokratari baita, batez ere, Errepublikarrari). Deitu freaky, baina Twitter eta AEBetako telebista kateen artean jauzika gaua uste baino bizkorrago ere joan zen. Ikusgarria NBCkoen muntaia Rockefeller zentrutik, izotz pista gainean AEBetako mapa eta etxe-orratzean kolore gorri eta zuriak igotzen zirela alderdi bata edo bestea 270era hurbildu ahala. Badakit, badakit, horixe da guztia, ikuskizuna eztabaidaren eta hausnarketaren gainetik, emozio azalekoa iritzi trukaketaren ordez. Eta azkenean, mundu guztiak —Netanyahuk eta haren belatzek salbu— gura zutenak irabazi, zintzoa garaile film onenetan legez. AEBen dekadentzia eta Txinaren gorakada nabarmendu da, baina inperio baten gaitasun garrantzitsuetakoa erakutsi du Washingtonek: garaian garaira egokitu eta inperio izaten jarraitu. Datorrena datorrela, hura hartu eta irentsi, WASP ideiak kale egin duela sinestarazi arte. Aldiz, ustelkeriak eta barne-eztabaidek higatutako Txina ageri zaigu Alderdi Komunistaren kongresuan. Paradoxikoki, ostiralez idazten ari naizela, Tibeteko ordezkarien txanda da, baina immolazioek eta tibetarren eskubideek ez dirudi leku handirik hartu behar dutenik.

Tibeten legez, etsipena borroka-indar bihur daiteke, denik eta beldurgarriena menturaz. Tibeten, Barakaldon zein Kurdistanen. «Kurduak alfabetatzeko eskola garrantzitsuena da egunkaria», zioskun Tayip Temelek BERRIAri emandako elkarrizketan. Orain hilzorian da, bihar bete behar ditu 60 egun baraurik. Eta Temelekin beste ehunka preso. Milaka, azken asteotan batu direnak. Urte eta erdi daroa isolamenduan Abdullah Ocalan kurduen buruzagi historikoak. Debekatua dute berba, debekatua Turkiako errepublikako bost biztanletik batek ama-hizkuntza erabiltzea. Urtetan egon dira ama elebakarrak seme-alabak espetxean isilean bisitatzen, kurduerazko lehen berba egiteak bisita amaitzea zekarren eta. Tayip Temelek ondotxo daki kazetaritza militantean diharduela: «Ocalanek esandako hitzak argitaratzea propaganda ei da. Baina nola izango gara egunkari kurdua eta ez idatzi kurduen arazoez? Gure irakurleek jakin gura dute». Soka luzea da: Musa Anter, kurdueraren sustatzaile handienetakoa Diyarbakirgo kaleetan bahitu eta bide-bazterrean tiroz hilda bota zuten 1992an. Europak duela bospasei urte zigortu zuen Turkia. Temel ez zen orduan ere —ustezko zabalkunde sasoian zen Tayip Erdogan lehen ministroa— Ankararen ekimena: «Ez dute konbikzioz onartu auzi kurdua, gure erresistentziak behartu ditu horretara. Ekimen demokratiko deitzen diote baina gerra egiten jarraituko dute, eta guk ere erresistitzen jarraituko dugu gure eskubideak izateko».

Esan dugu sarritan beste gatazka batzuen ondoan zeinen toki txikia daukan gugandik hain hurbil den horrek. Hizkuntzaren ukazioak batzen gaitu, elkar ulerrarazten gaitu. Baina txalotu ere egin behar da aintzat hartzen denean. Bihar da hitzordua, Bilboko Arriaga antzoki aurrean, Turkiari esateko mundua begira duela eta ez dagoela onartzerik ama-hizkuntzan bizi gura duten presoak hiltzen uztea. Bihar lehena, eta ostegunean hurrena, Idazle Espetxeratuen Nazioarteko Egunean, arratsaldeko seietan Donostiako Bulebarrean, Europan kazetariak espetxeratzen dituzten bi herrialdeak gogoan izateko: Turkia eta Espainia.
BERRIAn argitaratua

2012-11-04

Bozkatzera

Postura egingo nuke irakurleak erdi bana bereiz ditzakegula: Obamaren alde bozkatuko luketenak eta etxean geratuko liratekeenak. BBCk joan den udan 21 herrialdetan egin zuen galdera: erdiek Obamaren alde bozkatuko lukete, eta ehuneko bederatzik baino ez Romneyren alde. Frantzia, Obamaren zaleen; Espainia, Romneyren aurkakoen.

Badakigu, duela lau urteko amets asko ez dira bete —ai, Guantanamo, ai Afganistango haur sarraskituak—, eta aldaketa nagusiak etxe barruan egin ditu Obamak, zergetan, behartsuenekiko babesean eta abar. Baina zalantza gutxi, halaber: Bushen oroitzapena nabarmen okerragoa da. Notableak beti gailentzeko arriskua ondotxo ezagututa ere —Frantziako herritartasuna duzuenok, bereziki— , bipartidismoak, edo itzuli bitara egindako bozek badute balio hori: zeurearen alde egiteko aukera, eta aukera, halaber, nahi ez duzunaren aurka egiteko. Eta marka da, A edo B ideologiakoei baino gehiago, herritar epel eta urardotuenei egin behar zaiela keinua, azken boto horiek lortzeko. Zalantzatienak limurtu. Euriteen balioa ondotxo daki Gerhard Schroederrek: inkesta guztiak aurka zituela, Alemania erdia urpean zeuzkan urioletan botak jantzita agertu zen 2002an; Edmund Stoiberrek —Angela Merkeli hautagaitza kendu zion bavariar hura— erreakzionatu zuenerako, berandu zen. Bai, ezkertiarrenak ere Obamak irabaz dezan nahi duela uste dut, aitortu ez arren. Romneyk gal dezala, gutxienean. Paul Ryan presidenteordetzarako hautagaiaren iritziak irakurtzea beldurgarria da.

Ez dugu Hegoaldean ohitura demokratiko handirik, alderdi bati botoa eman eta kito. Biltzarrak hautatzen ditugu, ez agintariak. Hain gutxi eguneroko gaiez, salbuespenak salbu. Etzi 176 galdeketa izango dira AEBetako 38 estatutan, heriotza zigorraz, marihuanaz eta abar. Inbidiarekin batera, bada bide horri buruzko zalantzarik pizten duenik: Maine, Maryland eta Washington homosexualen arteko ezkontzen alde bozkatzen duten lehenak izan litezke. Sei estatuk legeztatu dute orain arte, denek ere auzitegietan edo biltzarretan araudia aldatuta. Baina herritarrei hitza eman zaien 32 estatuetan ezetz esan dute. Zein neurritaraino ebatz daiteke galdeketa bidez beste inori eragiten ez dion eta norbanakoaren askatasunari dagokion horrelako neurri bat?

Marihuanari buruz ere hainbatek galdetuko dute. Gobernu federalak dauka azken hitza, baina inori ez zaio burutik pasa horregatik erreferenduma debekatzea. Beste galdeketa interesgarri bat, orain arteko prozesuari begira: Kalifornian genetikoki eraldatutako produktuak etiketan adierazi behar diren bozkatuko dute. Monsanto eta antzeko janari eta kimika multinazionalek 41 milioi dolar erabili dituzte neurria atzera botatzeko, aldekoek baino hamar aldiz gehiago.

Galdeketak interes handiena behar lukeen lekua azkenerako utzi dugu. Ez dute presidentea hautatuko Puerto Ricon; AEBetako herritar dira baina ez dute ez presidentea ez Ganberak hautatzerik, estatus berezia dela eta. Bi galdera dauzkate Antilletan: gaurko estatusari (Estatu Libre Elkartua) eutsi ala ez, eta ezezkoa bada, zein estatus nahi duten. Estatusa aldatzearen alde dira bi mutur: independentistak, eta AEBetan estatu gisa erabat integratu nahi dutenak, Luis Fortuño gobernadorea buru. Aurka dira oposizioko Herritar Alderdi Demokratikokoak (PPD), AEBetako Alderdi Demokrataren parekoak, nolabait ere, eta Estatu Libre Soberanoaren aldekoak, baina independente bihurtu barik. Independentziak, orain arteko hiru erreferendumetan legez, doi-doi eskuratuko ei du ehuneko bost. Integrazio osoak babes handia dauka, baina arazoa bestelakoa da: kontu bat da puertorricarrek AEBetan integratu nahi izatea, eta beste bat Washingtonek onartzea bere klubarekin berdintasunean bat egin dezan ingelesez egiten ez duen eta nabarmen behartsuagoa den nazio latinoamerikarra. Rosario Ferre idazleak badauka ipuin bat, puertorricarren amesgaiztoa azaltzen, barra eta izarren bandera San Juango eraikinetatik jaisten dutela. Erreferendumak zilegi dira AEBetan, baina aukera handiagoa dauka babes txikiena daukan independentzia gertatzea —AEBek bandera jaistea, uhartearekiko dagoeneko interesik ez daukalako—, AEBetan integratzea baino. Morroiak nagusiaren etxean bizitzea erabaki dezake, baina ugazabak dauka azken berba.
BERRIAn argitaratua

2012-10-28

Askatasun gosez, justizia gosez

 (Txomin Ziluagari)

Gose da mundua, eta goseak ere hil egiten du. Hala hil dira itota, goseari txalupan ihesi heriotza aurkitu duten 1, 2, 3, 4… 14 lagun. Hogeitaka asteon beste ontzi batzuetan. Aspaldi galdetu genuen: zer erantzungo dugu Gibraltargo itsasarteko sarraski etengabeaz galdetzen digutelarik bihar? Non egon zineten, zer egin zenuten? Indarkeriarik ez entzungo ote dugu, milaka (hamar mila irakurri dugu? hogei mila?) lagun, gizon, emakume, zenbat ume, itsasoan desagertu zirela? Hamalau gehiago, Alhucemasen itoak, hamazazpi, errusiar erruleta horretatik bizirik irten direnak.

Andaluziara nahi zuten. Lanik eta itxaropenik ia ez duen Andaluziara, hiru lagunetik batek lana behar duen Andaluzia umiliatura. Folklore soila, inperioaren bufoi-eskualdea ageri zen lekuan, topiko otzanduen herrialdean, Santi Brouard plaza dauka Marinaledak. Elkartasuna etxetik urrun egin daiteke, eta hurbilago egin daiteke, eta ez dago etxetik zertan irten elkartasuna eta justiziaren alde borrokatzeko. Abertzale izanik internazionalista behar duzula gutxik legez erakusten du Txomin Ziluagak, eta nekez izango zarela zinezko internazionalista etxeko bidegabekeriei, ukatutako etxe zaharrari, zeurea eman ezean.

Ez baita urrunera joan behar askatasun gose hori, justizia gose hori sentitzeko. Cheren berbak datoz, barren-barrenean senti dezagun edonoren aurka, edonon, egindako bidegabekeriak. Gure usteak astindu arren, barren-barrenean sentitu. Bidegabekeriak ez dira gure lagunen aurka soilik egiten, gure alde ei dihardutenek egiten dituztenean ere senti ditzagun barren-barrenean.

Eta Andaluzia hartzen du goseak izen. Goseari ihesi Andaluziara bidean hil. Bizitzeko goseak Andaluzian ihesi. Ezin bizitzeak heriotza dakar, suizidio deituta ere. Etxea baino lehen bizia eman du Jose Miguel Domingok. Zer kendu diote, etxea? Zer etsipen behar duzu duela bost urte itxaropentsu hartutako etxeari ere eutsi ezin diozularik? Dena amiltzen da. Andaluzian legez, Burjassoten, Herrialde Katalanetan, etsipena etxean zeukan Manuelek ere, ohean etzandako emaztean. Semeari musu eman dio, eta bigarren solairutik bota du bere burua. Hark ere etxea bankuari uzteko agindua, espainiar pasaportedun orok urtero 1.800 euro ematen dizkiogun banku horri berari

Bankuen diktaduran matxinatu beharra, bidegabekeriaren aurrean alde egokia hautatu beharra aipatu zuen Periko Solabarriak Lagako hondartzan. Itsasoaz beste aldean ere askatasun gosez ziren maputxeen berri izan dugu, euskal abizendunen erregimen arrazista horren aurka tinko. Pinochet Ugarteren lege antiterroristekin jazarri zaizkie maputxeei Txilen. Baina ez dituzte garaitu. Eta azkenean maputxeek utzi legez eutsi diote gose-grebari mila preso kurduk. Nik Tayip Temel ezagutu nuen, baditu 45 egun baino gehiago baraurik Diyarbakirgo espetxean. Azadiya Welat kurduerazko egunkariko zuzendariari birritan egin diot elkarrizketa. Argi zeukan zergatik ez zuten elkartasunik jasotzen hedabide handietatik, «ez garelako haiek bezalakoak, ez omen dugu kazetaritza haiek bezala egiten. Ez, ez dugu haiek bezalako kazetaritza egiten, ezta nahi ere. Gure jendearentzako kazetaritza egiten dugu, ezer ez daukatenentzat, hizkuntza ere ukatu dietenentzat».

Goxo dago Laga, udagoiena aurrera joanda ere, bizkor amiltzen ari den mundu honetan. Egunsentia dirudien Euskal Herrian badoa eguna, ilunabarrerantz, Ogoño iluntzen ari da, Izarotik urruntzen argia. Eta unerik ilunenetan ere, beti dago argi izpi hori. Lagako hondartzan Txomini agur esan eta etxera bueltatzerako sartu da gaua. Besarkada beroena Haizeari, Izaskuni. Eta ez, ez da itzali argia.
BERRIAn argitaratua

2012-10-21

Eztabaidan (militarrik gabe)

Segovia Espainia erdialdean dagoen hiri txikia da, Gaztelan. Segoviako PSOEko alkateak bereizi egingo dela aldarrikatu du egunotan, kokoteraino dagoela PPko gobernuaren utzikeriaz. Bereizi ez eze, batu ere bai, Kataluniara (anatema!), edo Frantziara edo Alemaniara. Euskal Herria aipatzeraino ez zen iritsi; probokazioa gauza bat da eta traizioa beste bat.

Amorrazioak sortutako esaldia da. Segoviak ez du Espainia utziko. Auzi edo amorru ekonomikoek independentismoa sustatu dezakete, katalizatzaile bihur daitezke eta, prozesuaren arabera, erabakigarri ere bai. Baina horretarako, oinarri bat behar du, deitu naziotasun-zentzua, deitu nortasun berezitua, deitu nahi bezala. Eskozia gai izan da prozesua osatzeko krisirik gabeko garaian, Islandia eta Irlanda eredu zirela, bai horiek porrot egin ostean ere. Jakin du diskurtsoa unean unekora moldatzen. 426-332, Eskoziako Alderdi Nazionaleko biltzarrak orain arteko jarrera antimilitarista alboratu, eta Eskozia independentea NATOn egotearen alde bozkatu zuen herenegun (Alex Salmondek tartean). Esana dugu: gal ditzakeen boto independentistak baino gehiago dira sektore zalantzatietatik irabaz ditzaketenak. Susmoa dut, gure kasuan Eskoziarenean baino gehiago, AEBek independentzia lasai hartzea ere balio erantsia izan dezakeela. Horiek paradoxak: Israelgo Haaretz-ek ongi etorri Katalunia independentistari, eta Palestinak Madrilen duen enbaxadorea horren aurka mintzatu berri da.

Ez litzateke gutxietsi behar SNPren izaera ezkertiarra. Ez ezker iraultzailearen ikuspegian, baina Eskozia soziologikoki Ingalaterra baino aurrerakoiagoa izateak azaltzen du neurri handi batean independentismoa. Sezesioari buruzko ikerketa askok azaltzen dutenez, Estatuko ideologia nagusitik urrun egoteak garrantzi handia dauka mugimendu independentistan. Agerikoa da —eskuinetik— Europa ekialdean, agerikoa Euskal Herrian ezkerretik. Alderdi espainiarrek gaur hartuko duten jipoiak ia legitimazio guztia kentzen die Madrildik etor daitezkeen aginduei. Arauak gauzak bat dira, baina zein balio demokratiko dute urrungo Gobernu baten aginduek, herritarrek inolako babesik ematen ez badiote Gobernuko alderdiari?

Eskozian hezkuntza eta osasun publikoa biziki estimatzen diren ondasunak dira. Alderdi Kontserbadorea Erresuma Batuan agintean dagoenean, nabarmen egiten zaie eskoziarrei erabat arrotza zaien gobernua daukatela —Westminsterren toriek ez daukate diputatu eskoziarrik—, euren nortasunetik eta ideologiatik oso urrun dagoen jarrera batetik erabakitzen euren bizitzaren gainean. Horrelakoetan, logikoa da zure nortasunetik hurbilago dagoen Estatua eratu nahi izatea.

Asteleheneko Salmond-Cameron akordioak bete-betean jotzen du Madrilgo jardunaren aurka. Erresuma Batuan eta Espainian, gobernuei dagokie erreferendumetara deitzea, ez Eskoziak ez EAEk ez dute eskumenik. Baina David Cameronek bazekien zilegitasuna falta zutela kontserbadoreek Eskozian. Euskal Herriko mendebaldean gaurtik aurrera faltako duten legez (eta Nafarroako auzirako elementu garrantzitsu bihurtzen ari den gisan. Unionistek —PSNk barne— boterea galtzean bideratuko da euskal gatazka). Madrili presioa, ezinbestekoa da konparazioz. Herriari hitza ez ematea geroz eta zailago da defendatzen.

Esanguratsua da, halaber, unionismoak darabiltzan beldur-estrategiak: eurotik/Europako Batasunetik kanpora, pentsiorik ez... Oso deseroso dabilen eztabaidan parte hartzera behartuta dagoela onartzen ari dela iruditzen zait. Arnaldo Otegik esan ohi duenez, laster jabetu zen, nazioarteko adituen aurrean, oso erraz irabaz dakiokeela Espainiari ideien eztabaidan. Militarki baino askoz errazago. Militarren mehatxurik gabe, oso urrats positiboa egin du unionismoak. Hurrengoa falta du: batzuen argudio apokaliptikoak eta besteen mezu independentistak eman ondoren, herritarren erabakia betetzea. Horixe egingo dute Eskozian.

Asko da Espainiaren baitako nazioetako independentistentzat, katalanentzat eskuarki, unionismoarekin eztabaidara iristea.
BERRIAn argitaratua

2012-10-14

Erabakitzea eta hizkuntzak

Eskoziak Londresekin akordioa lortu zuela iragarri zuten egun berean atzera bota zuen Espainiako Kongresuak herritarrei galdetzeko aukera. ERCk egin zuen proposamena, eta Alfred Bosch-ek defendatu zuen: «Bozkatzea zelan izan daiteke legezkoa Erresuma Batuan eta ez Espainian? Britainiarrak izan nahi duzue, ala sobietarrak, eta sistema hondoratzea? Eskoziako erreferendumera deitzeko legezko xedapena gaur hemen proposatzen dugunaren oso antzekoa da. Kataluniaren independentziaren aurkakoei ere eragotzi nahi diezue ezetz bozkatzea, jabetzen al zarete? Debekuekin, formaltasunekin, mehatxuekin, ukazioarekin, benetan uste al duzue horrela irabaz daitekeela eztabaida bat, beste aldean eskaintzen diegularik askatasuna, demokrazia, sufragioa, parte hartzea? Bozkatu nahi dugu eta bozkatuko dugu, ez da hain zaila ulertzen». Eskoziaren paralelo joateak Espainiaren defizit demokratikoa are nabarmenago jartzen du. Bidenabar, mendebaldeko Europan independentismoa indartsu den hirugarren herrian, Flandrian, hauteskunde garrantzitsuak dituzte gaur. Fokoa Anberesko udalean egongo da, sozialistek galdu eta independentisten eskura igarotzen ote den.

Biharamunean haur katalanak espainoltzeko asmoa zuela bota zuen Jose Ignacio Wert ministroak. Eskandalua piztu da Espainian, baina ez hainbeste Katalunian. Ez independentisten artean gutxienez. Egunotan egokitu zaizkidan bizpahiru katalanek irribarre zabala egin dute, «lobby independentistak kontratatu balu, ez zukeen hobeto egingo». Barça zirudien, partidaren kontrola izan eta baloiaz gozatzen, ia ezer egin gabe aurkariak zenbat gol aukera sortzen dizkion ikusita, zenbat independentista sortzen dituen Espainiatik horrelako urratsen bat egiterakoan. Eta asko egiten dituzte, zein baino zein baldarrago.

Katalan epelenak sutu dira. Espainiatik bereizi nahi ez baina errealitateaz ohartzen diren katalanak dira, Espainiaren irain eta umiliazioez jabetu eta mindu egiten direnak. La Vanguardia-n Enric Juliana kazetariak zioenez, «hankasartze kolosala» artikuluan. «1975-80an, Badalonako langileek bi gauzagatik egin zuten borroka: lanpostuaren alde eta seme-alabentzako eskolen alde; katalana ongietorri hizkuntza izango zuten eskolen alde. Hori izan zen hitzarmen soziala. Eskola da elkarbizitzaren lokailua. Eta baldintza, jatorri eta ideologia orotako katalanek balio handia ematen diote elkarbizitzari. Hain zaila da ulertzea? Katalunia ez da bigarren Euskal Herria izango, zenbait horretan tematuta ere». Euskal Herriak, bistan da, gizarte zatiketa irudikatzen du. Ez euskalduntzeko eskola-sistema prestatu zutenek, ghetto kolonialak balira legez, erantzun beharko lukete. Alderdi espainolak hondora doaz, katalanak ofentsiban doaz Estatuaren bila. Eta hor, ezin aipatu gabe utzi Eduardo Apodakak Lapiko Kritikoan idatzitako Post Nazionalismoaren ordua (http://basque. criticalstew.org/? p=9133 ). Halaxe dakusa Estatua lortzeko bidea: «Nazionalismoa atzean utzirik, estatu propioa, errepublika, herri honetan bizi diren guztientzako proiektu askatzailea dela sinestea eta sinestaraztea. Jokoan dagoena herri subiranoa da. Eta horretan denok irabazle». Aholkua utziz gero: bilatu Lapiko Kritikoan eta lasai leitu osorik.

Espainiera (ko)ofizial?

«Hasieratik argi utz dezagun, Katalunia independentean katalana izango da herrialdeko berezko hizkuntza eta ofiziala, denon hizkuntza komuna. Baina gaztelania ere ofiziala izango da, inork zalantzarik baleuka ere». Oriol Jonqueras, ERCko burua, Sant Vicenç dels Horts-eko alkate ere bada. Bartzelona inguruko etorkinen hiri industrialetan lehena izan da Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartean sartzen. Jonquerasek dioenez, bere herritarren ehuneko laurogei espainieraz mintzo da.

Berehala iritsi zaizkio kritikak Jonquerasi. Vilaweb-eko Vicent Partalek «ukrainar erako independentziaren» arriskuaz oharrarazi du, badakizue Ukrainan errusierari ofizialtasuna eman berri diotela. Gabriel Bibilonik dioenez, independentziak botoak gehitzeko beharra duen unean espainiera-hiztunei egindako keinua da. Baina gogora dakar goizegi abiatutako eztabaida dela, itsumustuan, eta Parlamentuak erabaki beharreko zerbaiti buruz. «Espainierazko elebakarraren figura desagertu egin behar da. Mila aldiz esan dugu, normalizazioaren giltza da katalana izatea hizkuntza komun bakarra, eta norberak erabaki dezala zein beste hizkuntza jakin nahi dituen (ingelesaz gain). Independentziaren ondoren jaioko diren katalanek ez dute lehentasunik izango eskolan hastean. Gurasoen hizkuntza edozein izanda ere, denek hitz egin nahiko dute irakasleek, ministroek, poliziek eta epaileek hitz egiten dutena. Izan ere horiek, Estatuko ordezkari dihardutenean, Estatuko hizkuntzan egin beharko dute, hizkuntza ofizial bakarra badago. Hortxe dago prozesuaren gakoa».

Eskema erraza da, Eskozian legez: oraingoz, liberarekin eta Elizabeth erreginarekin jarraitzea proposatzen du Alex Salmondek, eta gaztelaniaren ofizialtasuna Oriol Jonquerasek. Independentistek, horren aurka egonda ere, erreferendumean baietz bozkatuko dutela jakitun, eta zalantzatiak limurtzeko aukera izan daitekeelakoan. Eskoziakoa herritarrek alda dezaketen Estatu-egitura da. Espainiera ofizialtzea, bete beharreko agindua, balizko Estatua hipotekatu dezakeen konpromisoa. Bistan da zuhur jokatu behar dela, herritarrak erakarri eta mezua modulatu inor ez uxatzeko gisan. Baina independentzia zertarako den argi utzita. Bibilonik dioenez, «herrialde serioetan hizkuntza ofiziala hizkuntza ofiziala da». Irlandaz diharduela dirudi, baina Bartzelonatik Dublinera Euskal Herritik pasatzen da.
BERRIAn argitaratua

2012-10-07

Estatua, Europan ala kanpoan?

Vivianne Redingek, Europako Batzordeko ekonomia lehendakariordeak argi esan berri du, Katauniako Estatuak Europarko Batasuna utzi behar duen galdetuta: «Bai zera, nazioarteko araudiak ez dio horren antzekorik deus ere». Independentistentzako mezu positiboa dirudien horren bestelako bertsioa eman du Elmar Brok Euroganbera Atzerri arazoetako buruak: aitortu du ez dagoela kide bihurtzerik beste kideren batek betoa jarriz gero.

Bestela esanda: Europak ez dauka araubiderik, ez dauka ezer iragarrita katalanek «barne hazkundea» deitzen dioten horretarako. Hau da, Estatu batetik bi edo gehiago sortzeko hipotesia ez dute aintzat hartu orain arte. Auzia konplikatua da, baina aski logikoa ere bai: bikote bateko kideak edozein erako klub bateko kide badira, ez dirudi bikotearen baitako gorabeherek kidetzari eragin beharko lioketenik. Aldiz, mezua baldin bada Katalunia edo Eskozia ez direla Europako Batasuneko kide, horien estatu diren Erresuma Batua edo Espainia direlako kideak, bestelako ideia helarazten da: Katalunia edo Eskozia Europako Batasunean nahi badituzue, osatu ezazue estatua eta sar zaitezte izen horiekin.

Funtsean, mehatxua ez da Europa, estatua baizik. Eskoziak aurki iragarriko du erreferendumerako Londresekin adostu duen galdera. Hala, Londresek ez dio inolako blokeorik jarriko balizko Eskozia independenteari. Gogoan har dezagun, urte hasieran erreferendumaren bidea serio zihoala iragarri zuelarik, zein izan zen zalantza: ez Londresek Eskozia sartzen utziko zuen ala ez, Espainiak, mimetismoa eragozteko, betoa jarriko ote zion baizik. Azkenean, erantzun logikoa eman behar izan zuen Madrilek: sezesioa Londresekin adostuta baldin bazegoen, Espainiak ez zuen oztoporik jarriko. Ez genuen besterik behar.

Arazoa da, beraz, Kataluniari betoa Espainiak jarriko ote liokeen. Eta berriz ere ikusten dugunez, Auzitegi Konstituzionalarekin, armadarekin zein Europarekin mehatxu egin, pilota beti leku berera doa: Espainiara. Brokek argi esan zuen: «negoziatzea da gakoa, eta ez beste ezer», armada erabiltzerik ote zeukan galdetu ziotenean. Egun berean erantzun zuen Alejo Vidal-Quadrasek, autonomia kentzea eta Guardia Zibila bidaltzea eskatu zuenean txantxetan ibili zela. Grazia latza gizonak, bai. Ea antzekorik planteatzera ausartzen den, Gibraltar UEFAn onartu dutela eta. Ederra izango da Espainia-Gibraltar partidaren bat egokitzea zozketan.

Katalan elkarteak, herritarrak azken batean, sutsu ari dira lanean. Bideari serio ekinez gero, garrantzitsua da amaieraraino tinko heltzea. Nolabait esateko, bizitzako aukera da, hordagoa, herritarrak mugiarazi ondoren bururaino eroan behar dituzu, eta ez utzi ilusioa zapuzten, belaunaldi oso baterako galduko baita. Horrexegatik ari dira estu hartzen Artur Mas. Erreferenduma lau urteren buruan gura duela esan berri du, eta hori da promesak lausotzen hasten diren denbora tartea. ERC eta Solidaritat alderdiek, gainera, ez dute akordiorik lortu hauteskundeetara independentistak elkarrekin joateko. Euskal Herriko ispilura begiratzean, garrantzitsua da aintzat hartzea zenbat denbora behar izan den Bildu sortzeko. Hauteskunde bezpera da horrelako egitasmo serioa osatzeko une txarrena.

Alderdietatik kanpo, katalan herritarrek eurek egin beharko diete agintari eta alderdiei presio berriz ere. Orain artean ederto behartu dituzte. Espainia oso urduri jartzea lortu dute (eta urduriago gaur, mundu guztiko milioika lagun Nou Campera begira daudela Els Segadors kantatzen hasten direnean). Ari dira lanean Europan ere. Eta ziur badutela bide orria zehaztuta. Hauteskunde sasoia da orain: flandriar independentistek itxaropen handia daukate gaur zortziko udal hauteskundeetan, hurrengo asteko EAEko bozekiko irrikaz daude katalanak ere, eta Kataluniakoak datoz handik hilabetera.

Ordurako, Eskoziak argituko du ziurrenik zein izango den 2014ko erreferendumeko galdera. Sinplea, argia eta laburra behar du. Eta, galdera kopiatuta, Eskoziaren lekuan Katalunia jartzen badute katalanek, arazo polita sortuko zaio Espainiari.
BERRIAn argitaratua

2012-09-30

'Voice or Exit'

Euskaldunon Egunkaria izan zen lehena burujabetasunez jokatzen eta Euskal Herria eta nazioartea natural bereizten, ordura arte hedabide guztiek zeukaten Estatua eufemismoaren ordez. Baina, nahi gabe ere, uste baino nazioarte hurbilagoa zaigula Espainia. Aste honetan agentzietatik iritsitako albisteetan leku zabala hartu du. Ohi baino zabalagoa, esan nahi dugu. Eta benetan, Espainiak telebistako minutu eta albisteetako lerro asko bete ditu azken hilotan. Ekonomian hasita, krisi politiko sakonean dago Espainia, estatu-egitura goitik behera zalantzan jartzera daramana: monarkiatik gobernura, ezegonkortasunak harrapatutako herrialdea da. Baina azken egunetan zurrunbilo betean da Espainia.

Ez dira hogei egun Diada historikoa izan zela. Hamar egun ere ez Artur Mas eta Mariano Raxoi batzartu eta itun fiskalari ezetz esan ziola Espainiako lehendakariak. Asteon zurrunbiloa espiral zoro bihurtu da: asteartean hauteskundeetara deitu zuen Masek, autodeterminazioaren aldarrikapenarekin. Handik egun bira, ostegunean, Parlamentuaren ia bi herenek autodeterminazio-erreferenduma egitearen alde bozkatu zuten (eta aurka ehuneko hamabostek doi-doi).

Militarrak aztoratzen hasi, eta Espainiako tik kolpistak era arriskutsuan hasi dira hedatzen: El Mundo egunkariak dio Ibarretxe espetxeratzeko Aznarren legea berreskuratu behar dela, eta Alejo Vidal-Quadras Europako Parlamentuko lehendariorde katalan ultra autonomia kentzeko eta Guardia Zibileko jenerala bidaltzeko eskatzen ari da. Lehen militarrak mehatxatzen hasi zirenean, alderdi katalanek, demokrazia liberaleko herrialde batean baleude legez, horien aurkako neurriak eskatu zituzten. Isiltasuna izan dute erantzun. Eta mehatxuak hedatuz doaz, armadaren eremutik hedabideetara, politikariengana. Gobernuak berak harrokeriaz esan du legea eskutan geraraziko duela erreferenduma. Noski, Auzitegi Konstituzionalera jotzea dauka, baina Masek esandakoa betez gero, zein balio dauka Konstituzioa interpretatzen duen auzitegi horrek, Konstituzio horri berari ezetz esan eta estatu berri baten alde bozkatzen duen erkidego baten aldean?

Espainia oso deriba arriskutsurantz doa. Hedabide guztiek nabarmendu dute mundu zabalean. Gehienek, oraingoz, ez diote aukera handirik ematen Kataluniako independentziari, dena esan behar bada. Munduko analistek Espainiako Konstituzioan ikusten dute oztopo handiena. Oztopo hori erreferendumerako da ordea, ez independentziarako. Argitu dezagun: Estatuak bide demokratikoa onartu duenetan, herritarrek ez dute sezesioa hautatu behin baino gehiagotan, Quebecen nabarmenen. Quebectarrek badakite Kanadak eskubide nazionalak bermatzen dizkiela, baita bereizi nahi balute ere. Espainiak erraztu zezakeen bide hori Kataluniarekin garaiz negoziatuta. Baina beranduegi da orain. Aldiz, 90eko hamarkadatik gertatu diren sezesio gehienak Estatuaren onarpenik gabe jazo dira.

Europak ere ez du Kataluniaren aldeko suhartasun handirik. Espainiak aski buruko min ematen ditu, beste bat gehitzeko. Baina ez litzateke Espainiaren aldeko jarreratzat ulertu behar; Estatuak, definizioz, kontserbadoreak dira edozein sezesioren aurrean; beren klubean sartu nahi duten hautagaien aurrean nahiago dute, printzipioz, dagoeneko klubean dagoena —Espainia— babestu. «Lasaitasunaren» izenean ez bada ere. Independentismo katalanak orain arte egin duen bide eredugarriari erreparatuta, erraz irudika ditzaket orain bertan diplomatiko katalanak Berlinen, Washingtonen, Tel Aviven (Haaretz-ek atera du Kataluniaren aldeko artikulu argiena), edo botere txikiagoko baina tradizio demokratiko sakoneko herrialdeetan (Islandia...). Funtsean, sezesio adosturik lortzen ez duzunean, alde bakarrekoa irabazi behar duzu. Etxean eta nazioartean.

Paradoxikoa da, hauteskunde-estrategia izanagatik, Euskal Herrian «dibortziorik ez» bezalako esaldiak entzutea. Mendebalde liberalaren aldeko alderdiek eskuin katolikoaren moral zaharkitua hartu balute legez. Samuel P. Huntingtonek (bai, Zibilizazioen Talka idatzi zuen pentsalari eskuindarrak) aspaldi esan zuen: «Dibortzio politikoaren, hau da, sezesioaren aurkako hogeigarren mendeko joera hemeretzigarren mendean ezkontzako dibortzioaren aurkakoa» bezain indartsua zela ohartarazi zuen. Eta hura aspaldi gainditu zen legez, XXI. mendean dibortzio politikoa natural onartuko zela iragarri zuen. Antzekorik entzun dugu egunotan: «Eskoziari, Flandriari, Quebeci buruz ari gara, lehen munduko herrialdeez. XXI. mendean, nazioa baino gehiago, demokrazia egongo da debatearen erdigunean, boterea herritarrari itzultzea. Binomio horri ingelesez voice or exit esaten zaio, ahotsa edo kanpora, edo ahotsa eman eta errespetatzen nauzu edo banoa». Eta lerrootan erabili dugun argudio bera: «Nik ez nuen uste Estatua behar nuela, baina esaten badidazue futbol-selekzioa izateko Estatua behar dudala, nire hizkuntza Europar Batasunean ofiziala izan dadin, nire erabakiak Ecofinean defendatzeko, nire kultura nazioartean sustatzeko estatua izan behar badut, bada nik, horretan pentsatu ez banuen ere, estatua behar dut». Mas? Salmond? Ez, Juan Jose Ibarretxe asteazkenean. Dibortzioaren aurkako Urkullu lehendakarigaia zeukan aurrean entzule, baina Mintegi lehendakarigaiaren erabakitze-eskubidearen aldeko itun nazionala gogorarazten zuen.
BERRIAn argitaratua

2012-09-23

Bartzelona-Edinburgo

Badu onetik asko era paraleloan gauzatzen ari diren sezesio prozesuak aztertzeak, Eskozian eta Katalunian. Lehenean alderdi independentistaren estrategia garrantzitsuena izan da hauteskundeak irabazi, boterea eskuratu eta herritarrak konbentzitzea. Irlanda eta Islandia ziren behinola eredu, baina estatu horien porrotaren ondotik ere gehiengo absolutua lortu zuen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. Hemendik aurrera, herritarren mobilizazioak hartzen du garrantzia. Eta irribarrea ere ateratzen zitzaigun, eskoziar adiskideek esaten zigutelarik ez zekitela zelan aterako zitzaien atzoko martxa. Historikoa nahi zuten, baina horrelakoetarako ohitura galduta, ez ziren gai sentitzen neurria hartzeko. Manifestazioaren aurretik idazten nabilela, milaka lagun ari dira Eskozia osotik Edinburgorantz jaisten.

Yes, Scotland independentziaren kanpainatik kanpo antolatutako mugimendua izan da, baina alde dauden alderdien babesa jaso du, Alex Salmond lehendakaritik hasita. Eta hor hasten dira Kataluniarekikoak bereizten, goitik behera eta behetik gorakoaren aldeak ikusita. Zer esanik ez Euskal Herritik begiratuz gero. Zail da azaltzen botoen %51ren alde borrokan ari direnei abertzaleak izango direla EAEko lehen bi alderdiak, baina bietako batek ere ez daramala programan euskal estatua sortzeko egitasmorik kanpainan. Imajinatzerik bai, Bilbon zein Iruñean, Edinburgo edo Bartzelonako irudirik, independentziaren alde.

Artur Mas eta Mariano Raxoi bildu dira egunotan. Bien bileraren oihartzun erdirik lortu ez badu ere, Alex Salmond eta David Cameron ere batzartu dira asteon Londresen. Eguneroko auziez berba egin dute, eta erreferendumaz ere bai. Eskoziako lehen ministroaren arabera, «eztabaida ona» izan dute. Datozen asteotan erreferendumaren formatua zehazteko «borondate ona» dagoela erantsi zuen Salmondek. Raxoik, berriz, independentisten gidoiak aurreikusitakoa bete zuen berbarik berba. Iragarria zuen Espainiako lehendakariak aurreikusteko moduko gizona dela, ezusteko gutxira emana. Nahiko zukeen Cameronek independentziarako asmoak Artur Masek bezain merke salduko lituzkeen lehendakaririk Eskozian. Baina Espainiak, ezusteko gutxi, ezetz eta ezetz.

Merke saldu zuen Kataluniako Estatutua Masek 2006an, oposizioan zela, Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin ezkutuan bilduta. Alfonso Guerra Espainiako lehendakariorde ohiak Barakaldon gogorarazi legez, marrusketatze polita egin zioten, baina horrekin ere konforme ez, eta independentismoa hauspotzera jo zuen Alderdi Popularrak Auzitegi Konstituzionalaren bidez. 2010eko epaiak ekarri zituen udalerrietako erreferendumak, eta duela hamar eguneko Diadaraino eroan duen olatua. Nekez hain estatu baldarrik Europa osoan, independentziarik nahi ez duena ere hartara behartzen. (Bidenabar, Guerraren ekitaldi hartan egotea egokitu zitzaidan Barakaldon 2006ko apiril hartan. Oraindik gogoan, PSEko ehunka euskal gazte haien algarak, jakobinoaren txantxekin. Arrastian Santiago Carrillok hartu zuen berba, eta argi gogorarazi zuen: «Nazionalismoari aurre egiteko, lehendabizi izan behar ez dena espainiar nazionalista da»).

Cameron eta Salmond erreferendum legea adosten, Londresko Parlamentua arazo teknikoak zelan desblokeatu proposatzen (Eskoziak ez baitauka erreferendumik deitzeko eskumenik, baina legezko oztopoetan katramilatu ordez herritarren borondatea zelan bideratu bilatu ohi dute benetako demokratek), eta independentistak herritarren mobilizazioaren bila. Katalunian atzekoz aurrera doa prozesua, herritarrak mobilizatuta eta alderdiak, epelenak ere, mugitzera behartuta. Felipe Gonzalez bera federalismoaz berbetan entzuteak Espainiaren sinesgarritasunaren neurria ematen du. Bero dago Katalunia, CiU batez ere estu, oso estu hartzen. Artur Masekiko mesfidantza aski ulergarria da. Salvador Cardusek zioen legez, independentismoaren erronka handienetakoa hori da. Herritar mugimenduak egindako indar erakustaldiaren ondoren, neurria eman behar duten politikarien txanda da. Eta horiekiko dira mehatxuak: Kataluniako parlamentarien %13 dituen PP hasi da esaten zer egin daitekeen eta zer ez (metropolian gailentzen den alderdia herrialde sezesionistan ahula izateak are zilegitasun gutxiago ematen die beti prozesu independentistei). Espainian legea irakurri, eta militarrak ageri dira. La Razon egunkariak argi zekarren: Gobernuak bertan behera utziko ditu hauteskundeak Masek estatu berrirako boz eratzaile gisa planteatuz gero. Otsoa haserretzen hasi da, eta bazterretik begiratzeko oso interesgarri. Esan genuen, inbidia ez dator manifestazioa antolatzeko gai doi-doi diren eskoziarrengandik. Marka da David Cameron harroputzaren miran ibiltzea. 

BERRIAn argitaratua

2012-09-16

Manifestazio aroa

Astindua itzela izan da, iragarrita egonagatik. «Betiko» independentistek errezelo handia daukate Convergencia i Unio alderdiak hartuko duen jarrerarekin. Mesfidantzaz bat, erabateko ustea dago nekez mugituko zela bere borondatez independentismorantz. Baina hara Artur Mas ere, Kataluniako estatuaren alde. Ostegunean Mariano Raxoirekin biltzekoa da, eta aitortzen dut, badaukat interesik jakiteko zer eskain diezaiokeen behin honaino helduta, Kataluniarekiko umiliazioz umiliazio ibili ondoren. Aspaldi deitu behar zuen bilerara, eta zabal negoziatu, baina Espainiako tradizioaren guztiz aurka doala ematen du. «Dena ala ezer ez» egiteko joera izan du beti, negoziatzeko gaitasunik gabe, beranduegi den arte, «ezer ez» den arte. Gero negarra dator, eta 98ko malkoak, inperio galduak... ea Espainiari belaunaldi literario berri baterako bazka ematen diogun, krisi ekonomikoari, nortasun inperial horretan beste eztenkada independentista batekin. Euskal Herrian ere badago «dena ala ezer ez» joera, koherentziaren izenean. Katalunian pragmatismoa eta gisako berba itsusiak gailentzen dira, konplikatuak. Uztailean itun fiskalaren alde bozkatu zuten ia alderdi guztiek, baina aurki gaztigatu zioten Masi ez zutela utziko itun fiskala bihurtzea Diadako aldarrikapen. Espainiari ituna galdegin eta independentzia aldarrikatu, elkarren aurka izan arren, bide-orriak biak onerako direlakoan, elkarrekin doazen prozesuak izan daitezke. Egiaz, zail da horrelakorik irudikatzea gurean. Ez hobeto ez txarrago, tradizioak aski ezberdinak dira.

Quebeceko hauteskundeek ireki zuten iraila, eta mahaira ekarri berriz ere erabakitze-eskubidea. Handik astebetera etorri da Kataluniako Diada. Jendetzak lurrikara eragin du, Bartzelonan ere mugiarazi dute elefantea. Hiru esparru landu behar ditu sezesio prozesu batek: garrantzi handia dauka, asteotan gogorarazi dugun legez, nazioarteko lanak, ustez estatua independentziaren aurka tematzen bada bereziki. Kosovo adibide argia da. Bigarren lana, estatuarekiko negoziazioa da. Beti da beharrezko, ahalegina gutxienez, nahiz eta demokrazia aurreratuenetan funtzionatu ohi duen batez ere: Eskoziak Erresuma Batuarekin, Quebecek Kanadarekin. Hirugarren lana, oinarrizkoena da —baina ez bakarra, askok uste dutenaren aurka, aurreko bi puntuak ere ezinbestekoak baitira— etxe barrukoa da. Herritarrak independentziaren alde jartzea. Egoera demokratikoei dagokie nagusiki, osterantzean borrokak —armatuak sarri, munduko hainbat lekutan— bete ohi du mezu independentista bake bidez ezin garatzea. Baina Kataluniako lezioak zein Eskoziak adierazten dute etxeko lan hori zelan garatu, herritarrak zinez estatua sortzea posible eta beharrezko dela sinetsarazi arte. Diskurtso teorikoetatik eta aldarrikapenetan izatetik urratsa egin eta eskuragarri ikustera katalanek egindako jauziak euskal independentista bat baino gehiago harritu duelakoan nago. Kataluniako Estatutuaren lezioetako bat da, hura Parlamentutik eta alderdien artean bultzatu zutela nagusiki; azken orduan baino ez zutela herritarren indar erakustaldia izan. Orain, berandu da estatutu eta itun fiskaletarako honezkero, herritarrek aurrea hartu eta independentzia nahi dute.

Ez da erabakitze-eskubidearen edo autodeterminazioaren aldeko mobilizazioa. Estatuari ez zaio ezer eskatzen. Orain arte ezer egin ez duenez, ezer ez egiten jarraitzea baino ez, Kataluniak bere bidea landu dezan. Agian inozoegitzat hartzen dira Euskal Herritik jarrera horiek, militarrak hortzak erakusten hasi diren honetan. Baina posible dela sinetsita daude katalanak. Eskoziarrek ere badakite erreferenduma irabaztea dutela estatua sortzeko bide. Datorren asterako manifestazio handia antolatu dute Edinburgon. Ez da aski —baina bai beharrezko— gobernu batek, edo alderdi politiko batek, ekimena izatea; herritarrak mugiaraztea ere ezinbesteko da. Ilusioa piztea azken batean. Hortik aurrera, badakigu zer datorren, guk ere bi urterik behin egiten dugun Korrika; besteekin batera ibiltzen hasitakoan, milaka kilometro egin daitezke.

BERRIAn argitaratua

2012-09-09

Diada

Jendetza bilduko da etzi Kataluniako egun nazionalean Bartzelonan. Eta katalan suharrenetatik urardotuena bildu ohi duen ekitaldian independentismoak hartuko du protagonismo osoa. Arrakasta handia ari da izaten Biltzar Nazionalaren deialdia, eta gogoan izan behar da Biltzar horrek bide-orria osorik markatuta daukala, bi urte barruko Diadarekin batera independentziarako erreferenduma egiteko. Gauzak nola doazen, horrenbeste eutsiko dioten ere izan da galdera. Ferran Requejo katedradunak ere orria argi ikusten du —bidenabar, ostiralean Bilbon izatekoa da—: Espainiak ezetz esango dio Kataluniako Parlamentuak onartutako itun fiskalari, eta Artur Masek hauteskundeak aurreratu beharko ditu. Itun fiskalik gabe, katalanek inoiz baino argiago ikusten dute ez daukatela Espainiaren baitan bizitzerik, Espainiak ez diela bizitzeko aukerarik ematen, katalanek horretarako prest egon arren. Eta hauteskundeen ondoren, independentziaren aldeko guztiek osatu beharko lukete gobernua, hori ondo bideratzeko. Auzi korapilatsua, eta gutxitan aintzat hartzen dena, nazioarteko aliantzak bilatzea da.

Eskoziak edo Quebecek ez dute halakorik behar, bertako mugimendu independentistei bost axola zer esaten duten Kanada eta Erresuma Batua ez beste herrialdeek. Badakite Londres eta Ottawarekin negoziatu behar dituztela negoziatu beharrekoak. Azken hilabeteotan mendebaldeko demokrazia liberaletako fenomeno sezesionistak zertxobait ikertuta, agerikoa da Espainia dela besteekiko desberdin. Eta «dena ala ezer ez» politikarekin historikoki dena galdu duena. Kataluniak behin eta berriz egindako proposamenei iseka egin diete. Asteon aipatu du Josu Erkoreka parlamentari jeltzaleak, nazionalista katalan baten berbak gogora ekarriz: «Galdetu ziotenean zeren inbidia zuen Quebecekiko —Kataluniak baino botere eta eskumen gutxiago dituen probintzia izanik— Kanada erantzun zion: 'Quebecetik falta dudana —esan zion— Kanada da; erreferenduma antolatzeko prest den Estatu demokratikoa, bere lurraldeetako bateko herritarren gehiengoak hala eskatuz gero'. Orain euskal nazionalista batek Eskoziatik mira egiten duena Erresuma Batua da».

Garrantzitsua da oharra, Quebecen independentismoak gora egin ei duen honetan. Han zein Eskozian, prozedurak du garrantzia, independentzia ala status quo-a hautatzen duten gutxienekoa da. Baina aski hedatutako ideia da Estatu demokratiko batek berre herritarren legitimitatea behar duela. Argudiatu daiteke autonomia daukana autodeterminatzen dela bertako gobernua hautatzen duenero. Baina herritarrek behin eta berriz adierazi badute Estatuarekiko beste harreman bat nahi dutela, Kataluniak bezala, Estatu horren betebeharra da eskaera horri erantzutea. Financial Times-eko David Gardner-ek argi azaldu du: independentistek ikusi dute Raxoiren gobernu intrantsigentea aliatu ordainezina dutela euren kausarako. Kataluniara begira egongo diren euskaldunez dihardu.

Etziko mugarria izango da Katalunian. Baina bidea aspaldi hasi zela gogoan hartu behar da. Espainiak hauspotu egin du baretzen saiatu ordez. Eta egiaren ordua hurbiltzen ari da. Eskuin muturrak bota ditu mezu kolpistak. Hori bera iragarri zuen euskaldunontzako analisi onenetakoa egin zuen Alberto Pradillak duela hiru urteko Gara-n. Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari emango zion erantzuna asmatu zuen, bidenabar, Folklorearen eta Hardcorearen artean artikuluan, hainbat udalerritan antolatutako galdeketei buruz: «Kontsultak rol joko bihurtzea da arriskua, non berdin bozka daitekeen Kataluniako independentzia zein Lord Gandalfi jarraitzea elfoen diada batean. Baina arrisku degeneratiboa gaindituz gero, espainiarren betoa benetan gaindi daiteke. Orduan erabaki beharko dute katalanek pin-desfileen, itsasgailuen eta kamiseta independentisten folklorearen eta hardcorearen artean, hori izango baita Espainiaren erantzuna independentziaranzko urratsak eraginkorrak baldin badira».

Arrazoi du Requejok independentismoak diplomazia lan garrantzitsua egin behar duela gogora ekartzean. Espainiar eskuin muturrak dio Eskoziaren eredua dutela katalanek, eta Kosovokoa euskaldunek. Eta Raxoi Milosevic bada, zein ate jo beharko da independentziak babes ditzan otsoaren aurrean? Washington? Berlin? Buenos Aires?

BERRIAn argitaratua

2012-09-02

Berriz ere Quebec

Itxura guztien arabera, Parti Quebecois independentistak irabaziko ditu etzi Quebeceko hauteskundeak. Inkestek bozen herena ematen diete, boterean diren liberalek eta Quebeceko Etorkizunerako Koalizioak baino bospasei puntu gehiago. Biek ere botoen % 27-28na eskuratuta, independentistek gutxieneko gobernua baino ezingo lukete osatu, eta nekez lortu independentziarako hirugarren erreferendum bat deitzeko beharrezko botoak. 1980 eta 1995ean bozkatu zuten Quebeceko herritarrek Kanadatik bereiztearen aurka. Lehen aldian independentziaren aldekoek nabarmen galdu zuten, baina hurrengoan emaitza estuagoa izan zen: %49, 42k bozkatu zuten baietz.

Euskal Herritik interesez baina errezeloz ere jarraitu izan zaio Quebeci. Nolabait, berezko hizkuntza daukan herrialdeak ikastekorik ezer gutxi baleuka legez kolonoen ondorengoen Amerikako nazio bati. Nazio hori, gainera, euskarari mehatxu egiten dioten bi hizkuntzetako baten nazionalismoan, frantsestasunean oinarritzen delarik.

Azken batean, sezesio prozesu baten garrantzitsuena, emaitzaz haratago, prozesua bera da. Eta Quebecen erreferendumak mugarria izan dira mundu osoan. Sarritan han-hemengo independentistek bestela saldu arren, sezesio-prozesuak asko dauka dramatikotik, estaturik demokratikoenean eta gerra mehatxurik ez dagoenean ere. Estatuarekiko kexuak dituen lurralde bat bere buruaren jabe dela erakusten duen froga argienetakoa da sezesiorako baldintzak adostea. Kanadak heldu zion bide horri, eta Quebecek bereizteko balizko baldintzei buruz galdera egin zion Auzitegi Gorenari 1998an. Paradoxikoa badirudi ere, independentziari buruz egin diren erreferendum askotan biztanleek ez bereiztearen alde egin dute. Nolabait, estatuarekiko kexuen aurrean, estatu horrek berak aski zabaltasun baduela erakusteak, grina sezesionistak baretuko balitu legez. Liberalismo anglosaxoniarraren abaroan bozkatu dute Quebecek (birritan), Bermudak (1998an), Puerto Ricok (aurten hirugarrenez egingo du, eta independentziak babes txikia dauka), Karibeko Nevis uharteak, eta behin ere ez da gauzatu independentzia. Montenegrok doi-doi eta Hego Sudanek botoen ia ehuneko ehunarekin, aldiz, bereiztearen alde egin zuten.

Esan bezala, Quebeceko erreferendumaren garrantzia, gerora Kanadako Auzitegi Gorenak adierazitako bidean datza neurri handi batean, gatazka sezesionisten konponbiderako bide-orri ezin egokiagoa markatzen duena. Hainbat puntu garrantzitsu ditu:

Probintzia batek (Quebecek), ez dauka autodeterminazio eskubidea aldarrikatzerik sezesiorako. Eskubide hori egoera kolonialetarako eta bere burua gobernatzen ez duten lurraldeetarako dela ulertzen du epaiak.

Halaber, probintziak ez dauka bere kabuz, aldebakarrez, independentzia aldarrikatzerik.

Baina, probintziak era nabarmenean estatutik bereizteko borondate argia adierazten badu, bi aldeak —probintzia eta estatua, edo hura ordezkatzen duen gobernu zentrala— behartuta daude fede onez negoziatzera.

Erreferenduma sezesiorako biderako abiapuntu gisa adierazten du, beraz. Ur handiagoetan ere sartzen da epaia. Botoen erdiak aski diren galdetu zuen Kanadak. Quebecek hala dela dio. Auzitegi Gorenak, gehiengo nabarmena eskatzen du, kopurua zehaztu barik. Hori aintzat hartuta, Montenegrok erreferenduma antolatu zuenean Veneziako Batzordea deiturikoak botoen % 55 inposatu zion Podgoricari. Oso boto gutxigatik lortu zuten. Beldur handienetakoa zen zer gertatuko ote zen baietzak hori baino gutxiagogatik irabazi balu, % 53rekin esaterako. Eskozian argi geratu den beste auzi bat ere Quebeceko erreferendumak nabarmendu zuen: erreferendumeko galderak argia behar duela.

Esanguratsua halaber, Montenegrok gutxiengoei esker (albaniarrak, bosniarrak, e.a.) irabazi zuela erreferenduma, eta Quebecek gutxiengoen erruz (etorkinak, anglofonoak, cree, inuit eta gainontzeko indigena amerindiarrak) galdu. Kanadako Auzitegi Gorenak argi adierazten ez badu ere, Quebec aurka egon arren, logikoa dirudien argudio bat darabil, iparraldeko cree indigenen alde: Kanada zatikagarria baldin bada, berdintsu izan beharko luke zatikagarri Quebecek. Are gehiago, probintziaren zati handi bat inoiz frantsesa izan ez delarik, baizik eta 1912ko erabaki administratiboa, horren ondorioz baitira Quebeceko zati iparraldeko cree lurralde zabalak. Pentsa liteke, gurean lurralde historikoek duten garrantzia kontuan izanik, antzeko balioa izan lezakeela argudio horrek balizko galdeketa batean: Espainiako estatua zatikagarri bada, berdintsu ebatzi ahalko dute Euskal Herriko balizko lurraldeek haren zati izan nahi duten ala ez. Hortik behera, udalerri edo eskualdeei ere eragingo liekeen, Kanadak aipatu «fede oneko» derrigorreko negoziazioaren zati beharko luke.

Munduan ia ez dago autodeterminazioa berariaz aitortzen duen edo estatuko zati bat nola bereiz daitekeen arautzen duen estaturik. Baina egoera horren aurrean, herri demokratikoek auzia negoziatzen eta arauak ezartzen saiatzen dira. Horretan ari dira Eskozian. Quebecen hori egingo du Parti Quebecoisek gehiengo nahikorik daukanean, baina ez orain, irabazita ere ez baldin badu halakorik. Quebectarrek badakite, ordea, zein den bidea: sezesioa nahi izateko lehen baldintza hori bultzatuko duen gobernua hautatzea da, eta bat egingo duen babes zabala bilatzea, Parlamentutik hasita.

Katalunian halaxe egin dute bide-orria, datozen urte parean Parlamentaren %80k erreferenduma babestuko duelakoan. Datorren astean, Diadaren atarian egingo dugu horretaz berba. Gaurkoz gera gaitezen horrekin: independentzia prozesua abiarazteko, ezinbestekoa da independentistek estaturako nahi d(it)u(z)ten lurralde(et)an boterea lortzea.

BERRIAn argitaratua

2012-08-26

Kurduak geopolitikan

Bederatzi lagun hil zituen bonba-auto batek astelehenean, hiru ume tartean, Antep hirian (Gaziantep ofizialki). Gobernuak berehala PKKri, Kurdistango Langileen Alderdiari, egotzi zion erantzukizuna, gerrilla horrek biharamunean bertan ukatu arren atentatuarekin zerikusirik izatea. «Ez dugu zibilen aurka jotzen», erantsi zuen PKKren agiriak. Hala ere, BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduaren zortzi eraikin erre dituzte astean zehar.

Kurdistango mugimenduak Antepeko erasoa gaitzetsi du berriz ere. Baina Turkiako Gobernua tematuta dago. Beste alternatiba oso itsusia zaiolako, Espainiakoari martxoaren 11ko atentatuekin gertatu bezala. Erasoa Siriatik etorri zaiola esan gura du. «Turkia Europan sartzear egotetik Ekialde Hurbilean murgildu da, bere atentatu eta ume hilketekin», idatzi du asteon herrialdeko iritzi emaile batek. Eta horixe da hain justu ere gertatu dena. Egia da ez dela lehen aldia. Kurduek sarri salatu dute, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak gogor hitz egiten du Israelen aurka Gazako umeengatik, baina berdin-berdin dihardu Kurdistango umeen aurka.

Siriako erregimenaren eta PKKren arteko lotura bilatzen ari da, ezin urduriago, eta Washingtoni keinuren bat eskatzen. Siriako Kurdistanen, itxura batean, ederto ulertu dute une historikoaren garrantzia: Turkiarekiko eraso edo mehatxu txikienak pikutara bidaliko luke lortzen ari direna. Eta asko ari dira lortzen, Karlos Zurutuzaren erreportajeek erakutsi digutenez; kurduerazko irakaskuntzatik hasita.

Ankarak Siriari leporatzen dio PKK indartzea, Turkia desegonkortzeko. Baina arabiar udaberria baino lehendik dago, askoz ere lehenagotik, Kurdistango gerra. Eta frogatzerik ez dagoen salaketa horrekin Siriari erasotzeko mehatxua dator. Aldiz, aski frogatuta dago aurkakoa: Turkiak Siriako Armada Askea deiturikoari baseak eman dizkio, handik Sirian sartu eta Al-Assaden aurkako erasoak egiteko. Frogatu gabeko salaketarekin Siria inbaditu badezake, zer egin beharko luke Damaskok denek onartzen dutenaren aurrean? Ankara urduri dago, kurduak indartzen ikusita. Eta Siriari ezin erasota. Iranek gaztigatu dio dagoeneko Turkiari ez dakiola horrelakorik otu. Eta Errusia ere badago Damaskoren atzean, ezin ahaztu. Washington ere geroz eta mesfidatiago ei dabil oposizioko «bizardunekin», eta Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak ematen dioten babesarekin. Kurdu laiko ezkertiarrek lurralde zati bat liberatzea, azken batean, islamismoa mugatzeko era ere bada.

Baina horrek Turkiaren moral bikoitza agerian uztea dakar ostera ere. Siriako suniten aldarrikapenak babestu baina oposizioari presio egin kurduen eskaririk eta autonomiarik onar ez dadin etorkizuneko Sirian. Turkiaren zapalkuntza inoiz baino argiago geratzen ari baita. Kurduak bizi diren eskualde txikienak, Iraken eta Sirian, burujabetzan sartuta daude. Eta kurduen erdiak dauzkan estatuak, irekiera kosmetiko txiki baten ondoren, gerrarekin erantzun du atzera ere 2009tik. Espainiako legez kanporatze, egunkarien itxiera, alderdi, sindikatu eta gizarte zibileko ekintzaileen espetxeratze eta antzeko neurriekin, gainera. Antzekoegiak, kasualitatean sinesteko. Roboskik itxi zuen iazko urtea, 34 lagun hil zituen bonbardaketak, 13 urteko ume ugari tartean. Joan diren hilabeteotan etengabeak izan dira biktimen senideen atxiloketak, sarraskia salatzeagatik. Asteazkenean, inguru berean, 21 soldadu zeramatzan furgoneta maldan behera amildu zen. Bederatzi hil ziren, eta dozena bat zauritu. Roboskiko herritarrek atera zituzten burdin artetik eta sendagilearenera eroan. Hori da abegikortasun kurdua, ez sinestekoa.

Ekialderago, Semdinlin, Kurdistango borroka historiako orrialde berria ari da idazten. Hit-and-run (jo eta alde egin) taktikak zerabiltzan gerrilla eremu askea lantzen hasi da. Hilabete daramate borrokan eta Turkiako armada ezinean dabil Iran eta Irakeko Kurdistango mugek bat egiten duten eremua bereganatzeko. Euskaldunon lagun handia da Semdinliko alkate Sedat Tore. Hernaniko alkate zela Marian Beitialarrangoitiarekin bat egin zuen Veneziako topaketetan, eta tematuta dabil ordutik —urtebetetik gora— herriak senidetu daitezen, eta loturak sendotu. Hilabeteko bonbardaketen ondoren, baina, ez zaio elkartasunezko mezu bakar bat iritsi oraindik Euskal Herritik. Sahararra-palestinarra-venezuelarra-andaluza balitz, besterik izango zen, eta Bilboko Aste Nagusian bandera kurduren bat ere egongo zen. Eta Erdoganez eta Gazako umeekiko hipokrisiaz akordatzen gara.

BERRIAn argitaratua

2012-08-19

Denak ongi etorriak, bertakoak salbu - Itsaso Beltzetik (III). Zirkasia

2014an, zirkasiarren genozidioaren 150. urteurrenean, Neguko Olinpiar Jokoak egitekoak dira Sotxin; Errusiaren aldetik jasaten duten ukazioa salatu dute zirkasiarrek.
Urtzi Urrutikoetxea Sotxi. Berriemaile berezia

Urteak zeramatzan Vladimir Putinek Erresuma Batura joan barik. Londresen eta Moskuren arteko tentsioak asko izan dira, Aleksander Litvinenkoren polonio pozoitzetik Ahmed Zakaev txetxeniar buruzagiaren britainiar erbesteraino. Baina duela bi aste, Downing Streeten izan zen KGBko espioi ohia. David Cameronekin bildu zen, eta gero Tagir Khaibulaev judoka kaukasoarra (Dagestangoa da, avar etniakoa) ikustera joan zen. Londresek Rio de Janeirori eman dio Olinpiar Jokoen bandera, 2016rako. Baina aurretik, urte eta erdi barru, negukoak izango dira.

Errusiak hartuko ditu jokoak, eta ez edonon. Kaukasora ekarriko ditu, Sotxira, itsasertzera, non klima subtropikala duten. Milaka udatiarren artean, zaila da Neguko Olinpiar Jokoen hirian gaudela irudikatzea. Soineko laburrak eta takoi altuak emakumeek, kamiseta marradun estuak eta slip bainujantziak gizonezkoek, gihar erakustaldia dirudi Errusiako Rivierako hiriburuak. Ezin burutik kendu Putin bera, Dmitri Medvevekin batera, horren ohituta gauzkan udako argazkia egitera agertu zenekoa, taberna batean hanburgerra jan, ingurukoekin garagardo bat hartu eta txantxa matxistak egiten. Neguan ere hamar gradu inguruko tenperatura atsegina dauka Sotxik, baina Europako mendirik garaienen magalean dago. Inguru paregabea dirudi, baina Kaukaso nahasian gaude.

Autobide bizkor eta moderno bat doa Itsaso Beltzaren ertzetik. Adler hirian porlan eta asfaltozko hautsak hartu gaitu. Lana etengabea da mendira bidean, Mzymta ibaiaren haranean. Aireportuaren ondotik, tren garaia eraikitzeko lanak, tunelak eta mendiari kendutako zatiak. Haserre daude ekologistak. Haserre herritar asko, lanak egiteko ia kalte-ordainik gabe kanporatu dituztelako etxetik. Ustelkeria da nagusi eraikuntza lanetan, eta, ohi bezala, ikertu edo protesta egin gura duenak arriskua hartzen du Sotxin.

Bertako jatorrizko biztanleak ere, zirkasiarrak, haserre daude. Itsusia da, itsusia denez, hain mendi ederren magalean egiten ari direna. New Jerseyn daude Estatu Batuetan diren 5.000 zirkasiarretatik gehienak, eta geroz eta indartsuago ari dira «genozidioaren Olinpiar Jokoen» aurkako protestan. Beste horrenbeste Turkian, han erbesteratu baitziren errusiarrek ia zirkasiar guztiak kanporatu zituztenean XIX. mendeko konkistan. NoSochi2014 taldea osatu zuten, eta hainbat zirkasiar egon dira Londresen protestan.

Hilobien gainean

Zirkasiarrek oso garesti ordaindu zuten sen independentea eta matxino izaera. Horregatik, sutu egin ziren Sotxi hautatu zutelarik 2014ko Olinpiar Jokoen hiriburu. Zaurian gatza botatzea dela diote. «Gure genozidioaren 150. urteurrenean egingo dituzte Neguko Jokoak, eta ospakizun gisa agertu nahi dute, Errusiako inperioaren nagusitasunaren aldarri. Zirkasiar herriaren sarraski sistematikoa du sinbolo. Olinpiar Hiria eraildako arbasoen hilobien gainean ari dira eraikitzen, izugarrikeria hura ezabatzeko!», dio Lisa Jakarsi ekintzaileak.

Bidean ageri den txikizioa biderkatu egiten da Krasnaia Polianara iritsitakoan. Izen hori hartu zuen zirkasierazko Kbaada haranak. Zelai Gorria esan nahi du errusieraz, «zirkasiarren aurkako azken batailan hildako milaka borrokalariren odolagatik. Eta leku horretxen gainean ari dira egiten Olinpiar Hiria!», esan digu Salitx gidariak. Herriko sarreran oroitarri txiki bat dago, monumentu handi baten barruan. «Hemen, 1864ko maiatzaren 21ean, errusiar tropen desfilea antolatu zen, Kaukasoko gerra luzearen amaiera ospatzeko». Errusieraz eta ingelesez dago, hitzik ez zirkasieraz. Zirkasiar hitza ere ez da ageri. Azken sarraskiaren lekuan aipatu ere ez dituzte egiten.

Ukazioa arau izan du Errusiak orain arte. Sotxi izendatu zutenean, 2007an, Putinek gogoan izan zuen lekuaren historia aberatsa, greziarretatik kosakoetara. Baina berbarik zirkasiarrez. «Leku multietnikoa», «Itsaso Beltzeko historia aberatsa» eta antzerako esaldien atzean ezkutatzen dira zirkasiarren aldarrikapenak. Kaukasoko nart izeneko kondairetako pertsonaia eta jainkoek antzekotasun handia dute sarri greziar mitologiarekin.

Pizkundea

John Colarusso Kanadako hizkuntzalariak kondaira horiek ikertu ditu. Baina Ipar Kaukasoko ikerketek bertako politika ezagutzera ere badaramate, eta esperientzia hori baliatu zuen, esaterako, Bill Clintonek, Colarusso eskualdeko aholkulari izendatu baitzuen. «Errusiarrek zilarrezko erretilua eman diete zirkasiarrei, urtetako arrangurak zabal ditzaten». Ez berariaz, noski. Baina Olinpiar Jokoak hurbildu ahala, hazten ari dira zirkasiarren ekintzak. «Zirkasiar gazteentzat, berpizkunde nazionalaren sinbolo bihurtu da auzia», dio Oliver Bullough kazetariak, zeinak 2010ean errusiar konkistari buruzko liburu bikain bat idatzi zuen.

Zirkasiar guztiak ez datoz bat boikoterako deiarekin. Errusiaren barruan daudenek jarrera epelagoa dute, eta Colarussoren aholkuak helarazten dizkiete entzungor jarraitzen duten antolatzaileei: «Vancouverko jokoetako adibidea ekarri dut, eredu bikaina baita zelan landu genituen indigenen sentsibilitateak eta kultura». Folklore hutsetik harago zerbait ote den galde daiteke beti. Horixe baino ez dute eskatzen eskualdeko zirkasiar bakanek, «ez gaude Olinpiar Jokoen aurka, gure kulturak eta historiak dagokien lekua izatea nahi dugu», dio Anzaur Allalok, Adige Khassa elkarteko ordezkariak.

Aitorpena

Beste Adige Khassa batzuek, diasporakoek, jarrera gogorragoa dute. Errusiari genozidioa aitortzeko eta barkamena eska dezala exijitzen diote. Geopolitikak bere lekua dauka hor, Moskuren etsai nagusietako batek, Georgiak, zirkasiar sarraskiei buruzko konferentzia jendetsua antolatu baitzuen iazko maiatzean. Gero, parlamentuak aho batez aitortu zuen zirkasiar genozidioa. Estatu batek aitortzen zuen lehen aldia zen.

Kaukasoko segurtasun egoeraren eta zirkasiarren ekinbideen ondorioz, Sotxi berebiziko testa bihurtu zaio Putini, Akbar Ahmed eta Frankie Martin islamiar ikasketetako ikerleek Al Jazeeran idatzi dutenez. «Jokoak horrelako giza tragedi bat gertatu zen lekuan egiteko erabakia, onenean, ezjakintasun izugarriaren adierazle da, eta, okerrenean, berariazko kultur umilazio ezin baldarragoa». Putinek iragarri duen Errusia berriaren azterketa izango dira Olinpiar Jokoak. «Sotxiko zirkasiarrekin jokatzeko moduak, Errusiaren norabidea adieraziko du. Iraganeko akatsak aztertu eta zuzenduz gero, Errusiak XXI. mendeko munduko potentzia gisa duen estatusa erabaki dezake, eta, era berean, herri bat desagertzea eragotziko du».

Mendebaldeak isilik eta errezeloz jarraitu du Sotxi 2014ren garapena. Zirkasiarren beldur baino gehiago, bestelako borrokalari batzuek ekintza armatuak egingo dituzten beldur da. Sotxi izendatu eta urtebetera, Txetxeniako operazio militarren amaiera iragarri zuen Moskuk, baina jamaat islamistak Kaukaso iparraldera zabaldu dira. Ekialdeko Dagestanera, Itsaso Beltzerantz baino gehiago, baina mendebalderantz ere izan da borrokarik, baita zirkasiarren errepubliketan ere.

Diaspora

Ez da erraza irudikatzea Errusiaren konkistak zer ekarri zuen Europako literatura erromantikoa liluratuta zeukan herrialde honetara. Herrialdea bera desagertu egin zen mapetatik. Herriak banan-banan txikitu zituen tsarraren armadak, eta biztanle ia guztiak (Sotxi inguruko ubikh herriaren kasuan, guzti-guztiak), hil edo kanporatu egin zituzten. Euskal Herriak egun duen antzera, 2,5 eta 3 milioi biztanle artean zituen Zirkasiak; erdiak hil zituztela diote zirkasiar ikerleek, eta beste horrenbeste kanporatu. Hurrengo erroldetan 80.000 zirkasiar baino ez ziren ageri. Hainbat hamarkadatako zirkasiar gerretan lau milioi lagun hil zirela diote diasporako zirkasiarrek, Errusiak 300.000 «baino ez» ditu onartzen. Edozelan ere, XIX. mendeko odoluste handienetakoa izan zen. Historia modernoko lehen genozidioa izan dela salatzen dute zirkasiarrek, eta hala gogorarazten dute urtero maiatzaren 21ean.

Leon Tolstoi Kaukason izan zen Errusiako armadarekin. Esperientzia hura izan ei zuen bultzatzaile ezaxola aberatseko bizimodutik sormen, espiritualtasun eta bakezaletasunera eramateko. Honela idatzi zuen: «Ohitura zen mendiko herrixkei gauez eraso egitea, ezustean harrapatuta, emakumeek eta umeek ihes egiterik ez zeukatenean, eta ilunaren babesean zetozen izugarrikeriak». Gosetea, sarraskiak, gaixotasunak, gainez egindako ontzietatik hilotzak botatzen, eta hilzorian ziren pertsonak Turkian lehorreratzen... asko dira 1864ko kronikak zirkasiarren tragediaz. Errusiar idazleek, otomandar kronistek eta britainiar diplomazialariek idatzi zituzten.

Balkanetatik arabiar basamortuetara artean sakabanatu ziren Otomandar Inperioan, eta Mendebaldera ere iritsi ziren hainbat, Ameriketako Estatu Batuetaraino. Ez dute irlandarrek edo armeniarrek bezalako lobby-rik, baina asko dira, Turkian batez ere. Boris Johnson Londresko alkateak zirkasiar arbasoak omen ditu. Cem Ozdemir Alemaniako Berdeen buruak protesta egin zuen, Vladimir Putini eman behar zitzaiolako iaz Quadriga saria, eta bertan behera geratu zen ekitaldia azkenean. Zirkasiar jatorria dauka Ozdemirrek. Euskal Herrian diasporarik ez, baina euskararekiko grina aspaldikoa da. Euskaldunari etengabe galdetuko diote mendi edo euri edo haran zelan esaten den, hizkuntzalariek galdutako kate-begiren bat topatzeko asmoz. Erraz irudika daiteke ahaidetasuna: hizkuntzen bakartasuna, biek ergatiboa erabiltzea, bokal sistema pobrea eta kontsonante kopuru ezin aberatsagoa... baina gutxieneko lotura seriotasun zientifiko batekin bermatzeko ehun froga behar balira, ez ei dira dozenatik gora aurkitu, aditu optimistenen berbetan. Paisaiak eta kulturak ere hauspotzen dute ahaidetasun ustea: Pirinioetako herria eta Kaukasokoa erraz lot litezke itsasoraino doazen haranetan. Eta alderatu zirkasiarren askatasun gosea, auzolanaren kultura, matxinadarako, erronkarako eta borrokarako joera edo armen zaletasuna (ai, gure baserrietako eskopetak). Ahaide zein ez, lagun handiak ditugu euskaldunok Kaukason.

Zirkasiarrek osatzen dute Jordaniako erregearen zaintza pertsonala, eta estatuko goi kargu asko dituzte; eurek sortu zuten Amman hiriburua. Israelen ere badira zirkasiar herriak. Tel Avivek ondo mimatu ditu, eta diasporako komunitate sendoak dituzte, beren eskola, ikerketa zentro eta ohiturak babestuta. Sirian 55.000 eta 100.000 zirkasiar artean dago. Egun, herrialdetik ateratzeko eskaria egin dute, baina errezeloz hartu du beti Errusiak XIX. mendean kanporatutakoen ondorengoen «etxeratzea». Ehunka gutxi batzuk Kabardino-Balkariara iritsi ziren neguan, eta beste batzuk Abkhaziara. «Gehienak ez dituzte ekarri nahi, eta ekarri dituztenak ez datoz beren jatorrizko lekura», dio Murat izeneko gazteak. 1998an beste horrenbeste egin zen Balkanetan geratzen zen azken zirkasiar herriarekin, Kosovotik Kaukasora «itzuli» zituzten. Kanporatutakoen itzulera amets dute zirkasiarrek, baina ez da erraza. Turkian dira gehienak, aski hurbil, baina belaunaldi gazteek hizkuntza galdu dute han, oraingoz nortasunari eutsita ere. Eta Kaukaso ere geroz eta errusiartuago dago, halaber. Tragediek behartuta gertatu dira orain arteko mugimendu handienak. Eta Siriako zirkasiarren kasuan, Kaukasoko ahaideek Moskuri presio egiten jarraitzen dute, haien eskaria entzun dezaten. Ahmed eta Martinek gogorarazten dutenez, «indigenekin oso txarto portatu diren nazioek, AEBek eta Australiak esaterako, formalki barkamena eskatu dute. Errusiak horrelako zerbait egiteak zauria sendatzen lagunduko luke. Konfiantza sortzeko eta biziak salbatzeko beste urrats garrantzitsu bat Siriako zirkasiarren itzulera baimentzea da».

Diasporako zirkasiarren kexua argia da: «Olinpiar Jokoen aitzakiarekin mundu guztia Sotxira etortzeko eskatu dute errusiarrek. Denak dira ongi etorriak, sarraskitu eta bertatik kanporatu zituzten indigenak izan ezik».

2012-08-17

Sotxiren itzalean, Zirkasia -Itsaso Beltzetik II

Konkistak eta genozidioak munduan zehar sakabanatu ditu zirkasiarrak, etxean ia desagerrarazteraino; gaur egun, Errusiako hiri turistikoenaren abaroan bizirik irauten ahalegintzen dira milaka gutxi batzuk.

Munduko hiririk luzeena omen da Sotxi, Los Angelesen ondoren. Itsaso Beltzaren ertzean hedatzen diren hainbat hiri biltzen ditu Errusiako kostaldeko perlak. Harrizko hondartzetan, eta hareazko baten batean, ur-kirolak daude, gauez diskotekak eta jatetxeak dituzte, jolas-parkeak eta lorategi botanikoak, eta siberiar neguen ondotik indar hartzeko sanatorium ugari. Munduko estatu handienak ur epeleko kosta-lerro txikia dauka turismorako. Errusiar inperioko dozenaka etnia biltzen dira Sotxin; eslaviarrez gain, badira armeniarrak, georgiarrak, begi arraildudun asiarrak... baita zirkasiarrak ere. Milaka gutxi batzuk dira, baina argi daukate hau dutela etxea, gainontzeko herriek jatorria beste nonbaiten daukaten gisan Kaukasoko bazter hau dela zirkasiarren sorleku. Historiak, konkistak eta genozidioak munduan barna sakabanatu arren, eta etxean ia desagerrarazi.

Sobietar Batasunaren garaitik, milaka kilometrotatik heltzen dira trenak honaino errusiar bisitariez gainezka. «Zuek ohituta zaudete mendiak ikustera, baina turistak lautada hotzetatik datoz, eta hunkitu egiten dira Kaukasora heltzean, liluratuta», diost autotik Muratek, Fatima Tlisova kazetari erbesteratuak Sotxin lotu didan kontaktuak. Salitx adiskidearekin etorri da, eta badakit datozen egunetan denetarik izango dudala, Kaukasoko abegikortasun lege zorrotzek agindu bezala. Zirkasiarrak dira, Europako txoko honetako herri mitiko, ezezagun eta zigortuenetako biztanleak.

Errusian ia milioi bat zirkasiar bizi dira, baina milaka gutxi batzuk baino ez historikoki xapsug eta ubikh etnien etxea izan ziren Xapsugian eta Ubikhian, Sotxin alegia. «Milioi erdi dira Kabardino-Balkarian, 50.000 Karatxaevo-Txerkesian, 120.000 Adigeian». Kaukasoko bihotzean diren hiru errepubliketan aitortuta daukate naziotasuna bertako biztanleek. «Kabardak, txerkesak eta adigeak herri bera gara; errusiarrek banatu zituzten izen horiek, eta gero turkiarrak diren baina haiek ere herri bera osatzen duten balkar eta karatxaiekin nahastu. Zatitu eta garaitu; betiko politika da». Eta non dira kostaldeko zirkasiarrak? «Munduan zehar sakabanatuta, milioika laguneko diaspora daukagu, eta Xapsugian 5.000 lagun izango gara». 1864an konkistatu zuen Errusiak eskualdea, herrixka guztiak banan-banan txikitu eta lur errearen taktika zorrotza beteta. Armen eraginez edo gosez hil ez zirenak Otomandar Inperiora ontziratu zituzten. «Asko hil ziren itsasoan, eta Turkiara oso ahul iritsi zirenetako askok ere gutxi iraun zuten». Xapsugiako biztanleen %90 kanporatu zituzten, eta Ubikhiako %100. Sotxi zuten hiriburu ubikhek. Tevfik Esenç azken ubikhera hiztuna Turkian hil zen, duela hogei urte. Zirkasiarrek ez dute Itsaso Beltzeko arrainik jan luzaroan, itota hildako ahaideekiko begirunez.

Zirkasiar ordezkariak Turkiatik etorri ziren 2009ko maiatzean Euskal Herrira, Euskaltzaindia bisitatzera eta Henrike Knorri egindako omenaldian parte hartzera. Georges Dumezil eta beste hainbatek ikerketak egin zituzten zirkasiar hizkuntzaren eta euskararen balizko ahaidetasuna ikertzeko. Hemen mundu guztiak dauka gure berri. Abkhaziako atzerri ministro Viatxeslav Txirikba hizkuntzalariak euskara-abkhaziera hiztegi txiki bat osatu zuen aspaldi. «Georgierarekin alderatu beharrean, abkhaziera-zirkasiera askoz hurbilago daude euskararen egituratik. Baina bitxia da: hungariarrak etengabe ahaide bila ari dira, eta euskal hizkuntzalariek, berriz, tematuago dirudite munduan bakarrak direla frogatzen», esan zigun duela bi urte BERRIAn argitaratu genuen elkarrizketan.

Toponimia

«Loo du izena herri honek», dio Muratek. «Zirkasiar jainko baten izena da, baina armeniarrak eta errusiarrak bizi dira hemen gaur egun». Hurrengo herriko biztanleak georgiarrak eta greziarrak dira. «Izenak gureak dira, baina beste jende bat bizi da». Joseba Sarrionandiaren berbak datozkit: «Gero eta gutxiago gara ginenak/ gero eta urrutiago ginena/ jendeak misterio aire batekin ahoskatuko ditu izen zaharrok».

Xakhe ibaian haranean gora joan gara. Kamioi militarra daukagu atzean, baina ez dakartza soldaduak, Sotxiko turistak baizik. Gutxi batzuk Zorik Atxmizoven museo txikian geratzen dira Bolxoi Kichmay herrian. Bidearen beste aldean te soroak daude, munduan iparraldeen daudenak omen. Edalontzi bana te hartzen ari garela, zirkasiar kulturari buruzko azalpentxoa eman die Atxmizovek. Laburra behar du, badaki hoteletako eskaintza inguruko ur-jauziak bisitatzea dela. «Turismorako ere ez digute babesik ematen agintariek», kexu da Murat. XIX. mendeko Iermolov konkistatzaile ankerraren hitzen oihartzuna dator: «Lurralde hau behar dugu, zirkasiarrik gabe».

«Txerkes hitza turkieratik dator: gerratik datorren gizona esan nahi du. Baina geure buruari adiga deritzogu, txetxeniarrek euren buruari nokhtxi deitzen dieten legez». Tradizio estuenaren arabera hezitakoa da Zorik zaharra; haurra zela, herriko beste familia bati eman zioten. «Ohikoa zen mutilekin hala jokatzea, auzoek hezita gogortu zitezen, etxekoek beti bigunago heziko zutelakoan». Armak, borrokak eta agintearekiko matxino izpirituak gaur egunera arte iraun dute Kaukason. Olinpiar Jokoetan ere, zirkasiarrek eta txetxeniarrek lortu dituzte borroka-kiroletan Errusiak irabazitako dominak. «Hona turista asko datoz, baina ez dute guri buruz ideiarik ere; arazo handia da hori. Errusiar literaturan hain garrantzitsua den Kuban ibaiak sakon esan gura du zirkasieraz, bazenekiten? Bada ezinbestekoa da Errusiako herriak ezagutzea elkarbizitzarako», Kaukason gaudela aintzat hartuta, ia adierazpen politikoa dirudi.

Munduari emandako lexikoa ere badauka aipagai: «Sa labana da, eta blai sugea. Sablea laban handia da». Eta txerkeska berokia beretzat hartu zuten tsarraren militarrek. Ez da dotorea eta erosoa soilik, baita erabilgarria ere, dena aldean eroateko. Bala zorroen gisako gazid gordelekuak dira, edaria, janaria, tabakoa edo armaren bat eramateko. Haranean gora doazen turistentzat prest dauzkate txerkeska dotoreak, papakha txapelarekin eta kindzhal labanarekin, argazkiak egin ditzaten, uda betean egonda ere. «Adigak Kaukason beti izan dugu frantsestuen fama, modagatik, dotoreziagatik».

Eskolarik ez

«Hobe horrelako osperik izan ez bagenu. Errusiarren konkista eta genozidioa baino lehen milaka zirkasiar atzeman zituzten turkiarrek sultanaren harenera eramateko», dio Aslan Gvaxev historialariak. Genozidioaren oroitarria erakutsi digu; eskualde osoko bakarra, turistengandik urrun. Kostaldean toponimia baino ez da zirkasiarra, oroitarriak errusiar militarrentzat dira. Herriko ikastetxean dihardu Gvaxevek. Adigeraz irakasten den azken bi herrietako bat da Bolxoi Kichmay. Xapsugiya aldizkariko Anzor Nibo zuzendariak dioenez, azken urteotan kendu dituzte zirkasiera eskolak. «Hemen ez daukagu errepublikarik, Stalinek gure eskualdea administratiboki Errusiako lurralde bat gehiago bihurtu zuenetik. Baina gure hizkuntza irakatsi izan zen hala ere». Hori dute egun eskari nagusi: «Stalinek kendu zigun eskualde autonomoa berreskuratu behar dugu, gure hizkuntzak eta herriak gutxieneko babesa izan dezaten».

Trikuharriak daude haranean, baita sasiek jandako hilobiak ere. Turisten kamioiak abiada bizian doaz ia urik gabeko errekaren arroan. Gauean herrian geratu dira batzuk afaltzera; zirkasiar dantzen ikuskizun paregabea antolatu dute, agertokiko alde batean Errusiako bandera eta bestean zirkasiarra dagoela. Herria biziberritzeko balioko duen ustea daukate, baina nortasuna indartzera doan ekimen orok, turistikoki izanda ere, agintarien eragozpenak baino ez ditu izaten. Sotxiko 2014ko Neguko Olinpiar Jokoak horren adibide. Ekialde Hurbileko eta Amerikako diasporak boikoterako deialdia egin badu ere, Kaukasoko zirkasiarrek euren kulturaren ispilu izatea baino ez dute eskatzen, Errusiak ez dezala ondarea ezkuta. «Moskuk kosakoen irudia hauspotu du, eta bertoko herriarena desagerrarazi». Bihar joango gara Olinpiar Jokoen egoitzara.

Errusiako Far West

Kaukasoko herri indigenaren paradigma izan ziren zirkasiarrak XIX. mendeko erromantizismoan; mende bat behar izan zuen Errusiak Kaukaso konkistatzeko.
Lau kilometro estu da Kertx-eko pasabidea Port Krym-dik Port Kavkaz-era. Sobietar Batasunean Krimeara lotzeko zubia egiteko asmoa izan zen, baina gaur Ukraina eta Errusia bereizten dira. Ez da beti horrela izan. Penintsulan turkiar tartariarrak izan ziren mendetan nagusi. Errusiako aldean, Itsaso Beltzak elezaharretakoa dirudien herrialde bat busti zuen 1864ra arte, mapa zaharrek agertzen duten legez: Zirkasia. Hitzak berak askatasuna adierazten zuen, Kuban ibaitik hegoaldeko lautadetan barna Europako mendirik garaieneraino. Kaukasoko herri indigenaren paradigma izan ziren zirkasiarrak XIX. mendeko erromantizismoan —mendebaldean euskaldunek jokatu zuten antzeko rola, bidenabar. Eta, aldeak alde, Errusiaren konkista luzea alderatu liteke halaber karlistadekin—. Zirkasiar gizonen eta, batez ere, emakumeen edertasunaren oihartzuna mendebalderaino iritsi zen, tragedia baten bidez: Otomandar Inperioko harenetan gutiziatuenak ziren esklabo çerkes haiek. Greziarrek aipatu zituzten kroniketan lehendabizi; Itsaso Beltzaren beste aldean bizi ziren menditarrak ziren. XVIII. mendean ekin zion konkistari Errusiak, neguan izoztuko ez ziren itsaso epelen bila. Itsaso Beltzera iritsi zen, gainbehera zihoan Otomandar Inperioraino. Baina inoiz erabat konkistatu gabeko nazioak ez zuen ontzat eman tsarrarekiko morrontza.

Mende bat behar izan zuen inperioak Kaukaso konkistatzeko. 1859an Xamil imana errenditu egin zen Gunib herrixkan. Kaukaso ekialdea, Txetxenia eta Dagestan menperatuta zeuden. Baina Asiatik hurbileko lurraldea baino gehiago gutiziatzen zuten mendebaldea, Itsaso Beltzera eta Europara begira, berdea eta nekazaritzarako lur zabalekin. Zirkasia zen lurralde hori.

Port Kavkaz-etik (Kaukaso portua, errusieraz) mendiak urrun dira oraindik; 400 kilometroko bidea daukagu aurretik Sotxira iristeko, Itsaso Beltzaren ertzean. Anapa dator lehendabizi, Gelendzhik gero, Tuapse... mendetan portu libreak izan ziren. Gero Errusiak gotorlekuak eraiki zituen; Estatu Batuek Far West-arekin, mendebalde urrunarekin, egin bezala. Kaukasoko indiarrek erasotzen zieten gotorleku haiei. Ameriketan Mississippi ibaiak legez, Kubanek adierazten zuen inperioaren eta lurralde basatien arteko muga. Astiro-astiro ibaiaz hegoaldera joan ziren ezartzen errusiar nekazari-gerlariak. Cowboy-en eta kosakoen antzekotasuna begi bistakoa da.

Lazarevskaia herrian dago kostaldeko zirkasiarren Adighe Khasa elkarteko egoitza. Sotxi inguruko herri turistikoa da Lazarevskaia, eskualdeko hondartzarik handienetakoa baitauka. Herriak Mikhail Lazarev almirantearen omenez hartu du izena. Txetxeniako gerra betean, ekintza txiki batek bazterrak harrotu zituen 1996an: milaka turista jaisten den tren geltokian bertan, Lazareven estatuari sudurra moztu zioten zirkasiar abertzaleek. Mende eta erdi geroago, mendeku hartzen ari ziren. «Haren aginduetara bost lehorreratze izan ziren eskualdean», diosku Anzaur Allalok. «Oso pertsonaia mingarria zaigu; administrazioak ulertu beharko luke. Lazarevi jar diezaiotela estatua jaio zen lekuan, ez hemen. Gure herrien txikizioaren sinbolo da». Hamasei urteotan hogei bat aldiz egin diote eraso estatuari, eta agintariek beste horrenbeste bider ezarri dute atzera. Estatua zena monumentu izendatu berri dute; hau da, babes handiagoa hartu du Lazareven irudiak. Eta kalte egiten diona espetxeratzea ahalbidetzen du. 
 
BERRIAn argitaratua

2012-08-15

Odisea ez da amaitu - Itsaso Beltzetik (I) Krimeako tartariarrak

Turkiar, tartariar, izuaren sinonimo izan da mendeetan, gaur egun beste berba batzuk erabiltzen diren legez. Asia ekialdetik abiatuta Vienako ateetara iritsi ziren Erdi Aroan. Krimean ezarri zuten estatu garrantzitsuena, Itsaso Beltz osoa kontrolatzen. Gerora, Errusiak, inperioa osatzean, konkistatu zuen, eta Stalinek sarraskitu zituen 1944an. Hogei urte daramatzate etxera itzultzen, Sobietar Batasuna erortzeaz bat, sinestekoa ere zaila den epika idazten. Baina ez da erraza.

Saia gaitezke irudikatzen zer den nazio oso bat, jaioberrietatik atso-agureetara, traidoreetatik estatuarekiko leialenetara, denak, salbuespenik gabe, trenetan sartu eta milaka kilometrotara eroatea. Saia gaitezke, baina ia ezinezkoa da neurria hartzea. Ezinezko izan zen Krimeatik kanporatu zituzten ia erdientzat. 240.000 deportatu zituzten, eta 100.000 baino gehiago hil ziren urtebeteko epean. Bidean batzuk, goseak besteak, bizi-baldintzak jasanezinik beste milaka. Horrek bakarrik adierazi beharko luke tartariarrek jasandakoa genozidioa izan zela, baina berbak ere higatuegi dirudi gaur egun.

Valery Vozgrin historialariak dioenez, «deportazioaren asmoa Krimea eslaviartzea zen, errusiarrak nagusiki, baita ukrainarrak ere, baina turkiarrik, musulmanik ez. Eta horretarako estakurua izan zen traizioa. Herri oso bat zelan izango da traidore, ume zein heldu? Krimea tartariarrez hustu nahi izan zuten». 1944ko maiatzaren 18a izan zen E eguna. Aurreko otsailean Kaukasoko herriekin (txetxeniarrak, inguxak, balkarak...) goizaldean operazioari ekin eta egun bakar batean burutu zuten. Deportazioa planifikatua zela frogatzen duten agiri ugari daude. Goizaldeko lauretarako zeukaten agindua soldaduek. Bostetarako etxetik kanpo behar zuten tartariar guztiek, eta trenetan seietarako, aldean zeukatena doi-doi hartuta. Ordu laurden eman zieten. «Nik 7 urte nituen, eta ahizpak, 13; hobeto konturatzen zen zer ari zen gertatzen», gogoratu du Vozgrinek.

Itzulera

Ia mende erdiko deportazioaren ondoren, Asia erdialdetik itzuli ziren tartariarrak Sobietar Batasuna desagertu zenean. Baina tartariarren etxeak ez zeuden hutsik, errusiarrak bizi ziren. «Ez ginen etxeok berreskuratzen saiatu, inoren aurka ez gentozela argi uzteko, eta geure etxe eta etxolak eraiki genituen», dio Mustafa Jemilev Tatariarren Parlamentuko presidenteak. Aitorpen mugatua daukan erakundea da, estatuaren ofizialtasuna dauka, baina ez du inongo lurralderekiko aginterik. Ondorioz, tartariarren hizkuntza eta kultura bultzatzeko lobby-a da nagusiki. «Errusiarren errezeloa handia da, hasieratik argi utzi arren geure herrira gentozela eta ez inor kanporatzera», dio Jemilevek. Borrokak ere izan dira azken urteotan errusiarren eta tartariarren artean. Krimea errepublika autonomoa izanik, bertako agintari errusiarrek sarri oztopatu diete etxeok eraikitzea, eta eraistera ere bidali dituzte hondeamakinak.

Penintsularen definizio bikainena osatzen du Krimeak, iparraldeko tarte estua salbu, Azov itsasoak eta Itsaso Beltzak bustitzen baitute Euskal Herria baino handixeagoa den eskualde hori. Simferopol hiriburuko aireportutik lautada luze bat hedatzen da Ukrainarantz. Hegoalderantz, muinoetan kiribiltzen doa paisaia, harik eta arroila batean sartu, eta Bakxisaraira iristen garen arte. Itsasoz inguratutako herrialdean barnealdera jo zuen tartariar aginteak, mendien abaroan Krimeako hiriburua sortzera. Khanaren jauregitik lau mendez kontrolatu zuten eskualde osoa. XXI. mendean ere Bakxisarai bihurtu da tartariar berpizkundearen bihotza.

Tsarren Errusiaren konkista, ondorengo triskantza eta Stalinen deportazioaren memoria ezin lazgarriagoa biltzen dira gaur herrixka turistikoa baino ez den Bakxisarain. Murat Uzbekistanen jaio zen, bere senide gehienen moduan. «Gurasoak ere Asian sortu ziren, baina beti izan genuen presente aitona-amonek esandakoa, zeinen herrialde ederrean bizi ziren. Eta zeinen ankerra izan zen deportazioa». Tartariar berpizkundearen adierazle izan liteke arbasoen erbestean jaio, arbasoen herrialdera itzuli, turismo enpresa sortu eta etsai historiko biekin lan egitea, eslaviar zein tartariar, errusiar zein turkiar. «Geroz eta gehiago dira Itsaso Beltzaren beste aldetik Krimea ezagutzera etortzen direnak, Istanbuldik hegaldia daukagunetik batez ere».

Bakxisaraira bidean, tartariarren auzune bateko porlanezko hezurdurak ageri dira. Krimeako 300.000 tartariarretatik gutxiengo bat —5.000— etxerik gabe dago oraindik, ur eta argindarrik gabeko etxoletan bizitzen. Gainontzekoek bideratu dituzte etxeko arazoak, hala adostu baitzuten Sobietar Batasun ohiko errepublikek. Turkiako eta Arabiar Emirerrietako laguntza ere izan dute.

Berpizkundea

Bakxisaraiko alde zaharraren erdigunean Ismail Gasprinski (1851-1914) idazle eta ikerlariaren estatua dago. Hemen egin zuen eskola Errusiako inperioko tartarierazko lehen egunkari librearen sortzaileak. Terciman (Itzultzailea) turkiar herri guztientzat pentsatutako kazeta zen, Asia bitarteko herriek uler zezaketen hizkuntza batuan idatzia. Kazetari eta modernotasunaren bultzatzaile sutsua izan zen Gasprinski, Krimeako kultura Europako olatuekin bat egitearen aldeko. Hizkuntza sustatu eta eskolaren garrantzia azpimarratu zuen, eta gizon zein emakumeen hezkuntza bultzatu zuen.

Baina Sobietar Batasunak Bakxisarairen gainbehera ekarri zuen. «Duela hamar urte, dena suntsituta zegoen. Berreraiki eta tartariar museoa egin dugu. Gure deportazioaren ondorioz, Krimea desegin egin zuten, baina hogei urteotan dena aldatu eta berreraiki egin dugu. Nazio bat hizkuntza eta kulturarekin hasten da». Tartariar idazle elkarteko ordezkari batek egin digu aurkezpena: «Nazio guztiek garatu behar dute beren hizkuntza». Tartariera bizi-bizirik dago, tinko eutsi diote erbestean, eta ez dute orain galtzen utziko. Baina Krimeako biztanleen %13 dira tartariarrak. Irakaskuntzan, administrazioan zein hedabideetan, etengabeko oztopoari aurre egin behar diote.

«Elkarrekin bizi izan ginen luzaroan, baina dena eslaviartu beharra zegoen, sobera ginen tartariarrak, eta krimenaren bidez ezabatu gintuzten. Asia erdialdera bidean hil ziren erdiak, eta Krimea eslaviartu egin zen, noski», azaldu du Munduko Tartariarren Biltzarreko buru Refat Txubarovek. PEN Internationaleko presidente John Ralstonek, hain zuzen, nabarmendu du hizkuntza galtzea dela adierazpen askatasunaren aurkako jipoirik gogorrena. «Gure lana da munduari erakustea hizkuntza eskubideen alde egin behar dela».

Turista asko doaz Krimeako khanaren jauregira, baina horietarik oso gutxi barneratzen dira Eski Jurt hiri zaharrera. Gazte batzuk hammana edo bainuetxea zaharberritzen ari dira. Madrasa zaharra ere berrituta dago. Bakxisaraitik hegoaldera Jalta eta bestelako gune turistikoak daude; horietan oso urrunak dirudite tartariarren saminek. Errusiako turistak pilatzen dira hondartzan eta inguruko taberna eta hoteletan. Tartariar kulturak badu lekurik, folklorikoa, baina ez hori soilik: iparraldeko lautadako sukaldaritzari turkiar espezia eta zaporeak erantsi dizkio, eta errusiarrek maite dute hori. Maiteko lukete tartariarrak horretara mugatuko balira, jatetxeak ireki eta musika jotzera. Baina behin eta berriz ezetza jaso dute etxeak eta herriak atzera itzultzeari, eta hizkuntza sustatzeko ekinbide apurrak ere atzerantz datoz.

Simferopolgo autobus geltokian errusiera da nagusi. Jaun eta jabe. Muratek lagundu dit txartelak erosten. Bera ere errusieraz mintzatu da. Krimeako bihotzean dago hiriburua. Lau orduko bidea Kertxeraino, muinoak, gero Feodosiara, hareazko hondartzak, mendixkak biribildu egiten dira ekialderantz, Itsaso Beltzaren paralelo. Kertxen amaitzen da bidea. Azoveko itsasora dagoen pasabide estua da: Mediterraneoa Gibraltarko pasabide estutik lotzen da Atlantikora, eta hemen berriz estutzen. Gero estepa baino ez dator, turkiar eta mongoliar herriak Japoniaren pare Ozeano Barera iritsi arte. Errusia dago Krimeatik ekialdera itsasoa jarraituta, baina oso Errusia berezia. Kaukasora iritsi gara.

BERRIAn argitaratua

2012-08-12

Erreferenduma ez bada legezkoa...

Eskoziari buruz Westminsterko parlamentarien Batzordeak eman du iritzia: Eskoziak ez dauka erreferendumera deitzeko eskumenik. 1998an erreferendumean onartutako devolution edo autonomiak Londresen esku uzten du erreferendumak antolatzeko eskumena. Gutxi gorabehera, Espainian dagoen antzera. Edo Kanadako Auzitegi Gorenak Quebeci autodeterminazio eskubidea ukatu zion gisan.

Gertatzen da, bere egunean idatzi eta adostutako arauak gainditzen dituen borondate bat dagoela Eskozian, lehen Quebecen egon den legez. Eta borondate hori demokratikoki bideratzeko, eta iritzi horren pisua neurtzeko, unean uneko araudia horretara doitu behar da. Badakigu Espainiaren neurri demokratikoa non dagoen: 1978ko Konstituzioak langa jarri zuen lekuan jarri zuen —goregi, aspaldion entzuten direnen arabera— eta beraz langa horren pean ibili behar dute Espainiaren baitako proposamenek. Hortik kanpokorik ez da sartzen, katalanek estatutuarekin ikusi zuten legez, eta itun fiskalarekin aurki ikusiko duten legez. Eta Juan Jose Ibarretxek Madrilen sufritu zuen umilazioa legez. PSOE zegoen orduan agintean, eta umiliatu baino ez zuten egin. Alderdi Popularrak araututa zeukan ordurako Konstituzioa gaindi lezaketen lehendakarientzako espetxe-zigorra. Horretan laburbiltzen dira Espainiaren proposamenak, batek esango dizu zeure proposamena defendatu dezakezula, baina egikaritu ez, eta besteak espetxeratzeko mehatxua. Baina batak zein bestek ezin aintzat hartu herritarrei hitza ematea.

Arazoak daudenean, horiek detektatzea da konponbiderako lehen urratsa. Eskoziak independentzia erreferenduma egin nahi du. Eskoziak ez dauka erreferendumera deitzeko eskumenik. «Etengabeko eztabaida politiko eta legala, eta etorkizuneko ziurgabetasuna», horiek Eskozaren arriskuak erreferenduma «zalantzako oinarri legaletan» eginez gero. Ondorioz, «uste dugu egokiena gobernuak Eskoziako Parlamentuari 30. Atalean oinarritutako proposamen zehatza egitea dela boterea emateko, hark banaketari buruzko galdeketa antola dezan». Tankeak Edinburgora? Alex Salmond espetxera? Ez ba. Auzia bide berri batean sartzen da aurrerantzean, litekeena baita Eskoziako Gobernuak hirugarren aukera ere sartzea, devomax, independentziarik gabeko burujabetza gutxi gora behera, fiskalki batez ere. Horrek eztabaida berria dakar, ordea, gerta bailiteke Erresuma Batuak hori ez onartzea. Hau da, etxetik joan nahi baduzu, zoaz, baina etxean gelditzekotan, arau hauekin. Txekoslovakiako bereizketa gogorarazten du: ez zen erreferendumik egin eta inkestek ez omen zuten eslovakiar independentismoaren indar handirik erakusten. Baina estatu konfederala nahi izan zuten, botere zentral lausoa izango zuena. Eta Txekiak ez zuen onartu era horretan antolatzen estatua. Horretarako nahiago zuela Eslovakiarik gabe aurrera egitea, eta azkenean dibortzioa gauzatu zen.

Espainiako perspektibatik oso urrun geratzen diren kontuak dira. Baina Katalunian bidea oso markatuta dago. Itun fiskala da independentzia galdeketaren aurreko azken dikea. Bere burua gobernatzeko autonomia fiskala behar duela aldarrikatu du Parlamentuak. Espainiak, erdi demokratikoa balitz, negoziatzeko eskatuko lioke, baina oso urrun dauka kultura hori. Beti bezala muturretan ematea espero du mundu guztiak. Eta horra helduta, hauteskundeak eta erreferenduma.

Vilaweb-eko Vicent Partalek honela zioen herenegun: «Mas presidenteak herritarren babes osoa eskatu du itun fiskalerako eta normala da (...) esan izan dut gobernuaren ondoan egon behar dugula itun fiskalaren negoziazioan, baina Irailaren Hamaikako manifestazioak (...) independentziaren alde izan behar du. Ondo jokatu ditu kartak Masek (...) I-11n kalean independentismoa ikusiko da, independentismo transbertsal eta jendetsua, zeinaren zati den CiU ere. Horregatik ez dut irudikatzen itun fiskala eskatzen duen pankartarik: independentzia behin betiko itun fiskala da, ezin, beraz, zatia aldarrikatu, dagoeneko osoa eskatzen ari zarelarik». Zinez merezi du Partalen editoriala irakurtzea.

Batzuk eta besteek bide-orri argia daukate. Beren nazioak daukan autonomiako gobernuak deituko du erreferendumera, eta irabaziz gero independentzia aldarrikatu. Gure nazioak autonomia bat, bi edo zero ditu, nork hitz egiten duen. Baina erakunde batek deitu behar du erreferendumera, gutxienezko legezkotasunik izango badu. Aldundiek, erkidegoetako gobernuak edo dena delakoak. Zirt edo zart egin behar da. Kataluniak egin du. Euskal nazioaren izenean dihardutenek oraindik ez. Urtebete barru bi euskal erkidegoen buru euskal nazioaren ordezkariak egongo direlakoan? Espainiaren kasuan, B plana behar da beti. Eta Euskal Herrian C, eta D...

BERRIAn argitaratua