Showing posts with label Europa. Show all posts
Showing posts with label Europa. Show all posts

2013-12-29

2014: Historia ate-joka

Ez dakit gure bizitzako urterik garrantzitsuenean sartzear gauden. Asko esatea da hori, noski, nork bere urte garrantzitsuena izango du. Baina 2014a indar handiz dator. Eta munduko fokuak Atlantikotik Ozeano Barera joan direla dirudien honetan, jokaleku nagusia Asia bihurtu ei den honetan, Europak protagonismo berezia izango du.

Kataluniak eta Eskoziak hitzordua daukate historiarekin. Lehenek eskubide historikoen galeraren hirugarren mendeurrena baliatu nahi dute behin betiko eskubidea lortzeko: independentzia. Bigarrenek helburu berbererako duela zazpiehun urteko garaipen militarra dute gogoan. Bi nazioek egin diote erronka historiari, egungo estatuari, kontinenteari. Eta kontinente zaharrak ezin begirik kendu, hark ere urteurren ezin seinalatuagoa baitu: Gerla Handiaren mendeurrena. Berriz ere pasaporte espainoldun euskaldunok ezin gertakizunaren dimentsioa neurtu, horren luzaroan apartean bizita. Baina geuk ere badugu sasoia Espainiari eta hispanitateari bizkar emateko eta dagokigun etxera, Europara begiratzeko.


Ordura arteko hilkintza handienaren oroitzapenak hartuko du kontinentea datozen 365 egunetan. Orduko mapetan ez zegoen Irlandako estaturik, ez Finlandia edo Poloniarik, Alemaniak Errusiarekin zeukan muga eta Austriako inperioak otomandarrarekin egiten zuen topo Balkanetako Sandzaken. Euskaldun joan zirenak frantses itzuli ziren, eta itzuli ez zirenen oroitzapenak pour la France atzendu zuen euskara.


Gaur ezagutzen dugun Ekialde Hurbila ere gerra haren ondorio da: otomandar inperioa europarren artean banatzea (Palestina britainiarrentzat), Turkiako errepublika sortzea eta Kurdistan desagertzea. Siriak datorren hilean erronka garrantzitsua dauka Genevan. Eta aste bi beranduago, Kaukason Olinpiar Jokoen hasiera. Berrogei egun baino gutxiago falta, eta Vladimir Putinek espero ez zuen urte-amaiera dauka. Siriako konponbideak, Irango akordioak, Errusia berriaren adierazle behar zuten, baina Sotxin dena dago idazteko. Moskun botere-borroka, eta zirkasiarrak, Sotxiko jatorrizko biztanleak, basamortuan oihuka urtetan egon ondoren, munduko arreta lortzen ari dira. 2014an mendeurrena ez, Errusiako konkistaren eta genozidioaren 150. urteurrena dute. Eta Sotxin gertatu zen hori guztia 1864an.

Potentzia berrietan berrienetakoarentzat, Brasilentzat, esangura berezia dauka hastear den urteak. Urtea ez zaio erraza izan, protestek Munduko Futbol Txapelketa eta Brasil berriaren ustelkeria eta desberdintasunak agerian utzi dituzte, baina 2014ak Hego Amerikako potentziaren kontsolidazioa ekarri beharko luke. Ez da hutsala futbolaren eragina: Brasilen gorakadarekin batera, hainbat sezesionismoren errezeloak dakartza. Katalunian berariaz aipatu zuten Futbol Txapelketatik urrundu beharra, Espainiaren balizko garaipenaren eragina mugatzeko. Eskozian ere Londresko Olinpiar Jokoetatik urrundu gura izan zuten erreferenduma. Eta Flandrian, Bart De Weverren independentistek perspektiba bikainak dauzkate udaberriko hauteskundeetan... hain onak ze, Belgikaren zaleek itxaropen handia jarri baitute «deabru gorrien» futbol-selekzioan, guztiz zatituta dagoen estatuaren ideia indartuko duelakoan.

Brasilek futbolean hasi eta 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan itxaropen handia dauka. 2014an hori ere badago jokoan: Eskoziak edo Kataluniak berezko taldeekin parte har lezakete Joko horietan. Baita Kaledonia Berriak ere, Frantziarekin adostutako erreferenduma gauzatuz gero. Izan ere, Frantzia jakobinoa eta zentralista da, baina paradoxikoa iruditu arren, Espainiak falta duen malgutasuna du beharrezko zaionean: Alsazian posible da erreferenduma, Korsika lurralde-elkargo da, baina Euskal Herriari (oraingoz) ukatu. Kanakian posible da herritarrei galdetzea, baina Nazio Batuek Polinesia deskolonizatu behar dela esaten diotelarik, Parisek erantzun gauzatu dutela autodeterminazioa unionisten alde bozkatuta. Gogorra da Frantzia, baina posible dira aldaketak, ekinaren ekinez.

Espainian ez. Aldatu behar duela jakinda ere, geldi egotearen apologia egiten du Mariano Rajoyk. Espainia hondoratzen den urtea izan liteke 2014a, bi joerek bat egiten dutena: Kataluniak kanporako bideari eutsita, Bartzelonatik irten liteke Euskal Herria ere, ordurako Nafarroan gobernu berria balego. Eta orduan bai, lasai kenduko dituzte autonomiak eta dena zentralizatu Gaztelan.


Gure kontinente zaharrean hasi eta amaitu behar, beraz. Maiatzeko europar hauteskundeek gutxitan bezalako interesa piztu dute. Eskuin muturrak eta euroeszeptizismoak aulki asko lortu ei ditu. Eta Eskozia kanporatzeaz dihardute batzuek, denok jakin arren Katalunia ahoskatu behar dela. Gerta bailiteke, Eskozian SNP europazaleak irabaztea Europako hauteskundeak, eta Ingalaterran UKIPeko eskuin muturrak. Eta ea zer seriotasun duen Eskoziari kanporatzeko mehatxua egiteak, Cameronek Erresuma Batuan EBtik irteteko erreferendumera deitzen duen egunean.

BERRIAn idatzia

2013-04-28

Europako kontu bi

Bat. Askotan aipatu dudan anekdota etzidamu ziur asko errepikatuko da: Maiatzaren Lehena, istiluak Berlingo Kreuzbergen. Ehunka polizia (pilotak guztiz debekatuta), kargak tarteka, manifestarien harri eta botila jaurtiketak. Atxilotu dute gazte bat, eta nirekin zegoen kameralaria ziztu bizian joan da harantza. Mutila atxilotuta daukan poliziarengandik metro batera dago grabatzen. Eta agentea bera da burua jiratzen duena, irudietan ez agertzeko. Otu ere ez kameralariari hitz erdirik esatea, hain gutxi lana nondik egin behar duen edo non kokatu behar den gori-gori den egoera grabatzeko. Akreditazioa, bakoitzak berea, noski, ezer agerian eramateko beharrik gabe. Euskal Herrian, udaltzain batek ere esana dit kamera itzaltzeko, etxeko atari bat grabatzen ari ginela parean egokitu zelako. Askegunean gertatutakoak dimisioak ekarriko lituzke Alemanian, eta poliziak auzipetzea. Eta, hala ere, badu pozgarritik Lander Arbelaitzi jazotakoak: duela hamar urte nekez gaindituko zuen bizpahiru hedabideren oihartzuna. Euskal PENekook izan ginen salatzen lehenak, hura gertatu zen ostiralean bertan, Arbelaitzek berak zabaldutako irudi nahasiak ikusi eta berehala. Ezagutzen ditugulako, bai Lander bai gurean dabiltzan poliziak. Beste batzuek bizpahiru egunera egin zuten, erasoaren bideo editatuak isiltasuna halabeharrez hautsarazi zienean. Ostiralean prentsa askatasunaren eguna izango da, eta bazterrotako elkarteek munduko kazetari espetxeratuen berri emango dute. Baina ez dituzte aipatuko Teresa Toda, Jabier Salutregi eta Egin-eko langile giltzaperatuak, bost urte baino gehiago honezkero preso. Hain gutxi Ernairen webgunea ixteko agindua; hor ere terrorismoa goratzearen komodina darabilte. Argi esan dezagun: etakide bat goratzea —edo ETA bera— maila politiko edo moralean izan liteke kritikagarri, mingarri ere bai batzuentzat, baina adierazpen askatasunak hori zigortzea eragozten du Europako edozein herrialdetan. Eta Euskal PENen berdintsu salatu ditugu Egunkaria-ren itxiera, Egin-eko lagunen atxiloketak, kazetari mehatxatuak, ETBren aurkako atentatua edo Apurtu.org-ren aurkako operazioa.

Bi. Catherine Ashton erdian, Serbia eta Kosovoko lehen ministroak albo banatara. Ez dago besarkadarik, ez irribarrerik. Europak behartuta akordioa lortu dute, baina Europak baino ez du ospatzen. Kosovok nahi ez duen autonomia ematen die iparraldeko serbiarrei, Vetevendosje —Autodeterminazioa— taldeak Bosniako Srpska berri bat sortuko dela dio, Troiako zaldia etxean. Beste aldean, Serbia jakitun da Kosovo aitortzen ari dela praktikan. Hamalaugarren puntuak («alde batek ere ez du blokeatuko beste aldearen aurrerapausua EBrako bidean») ondorio hori du funtsean. Gogora dezagun: 2007 osoan negoziatzen ibili eta akordiorik ez lortzean, 2008ko otsailean Kosovoko Parlamentuak aldebakarreko independentzia aldarrikapena (UDI ingelesez) egin zuen. Serbiak Hagako Justizia Auzitegira jo zuen, eta 2010ean argi ebatzi zuen: nazioarteko legedian inon ez da debekatzen UDIa. Europar Batasunean Kosovo onartzen ez duten bost estatuetatik, Espainiak du jarrera zurrunena. Madrilen baldarkeriak erakarri du nazioarteko hedabideen arreta Kataluniara eta Euskal Herrira. Kosovoko akordioa onuragarri zaio Europako Batasunari —beti bezala joko motzera begira— Serbiarekiko korapiloa askatzeko, eta EBra batzeko negoziazioei ekiteko. Akordioa serbiarrek bozkatzea planteatu dutelarik, beldurtu egin dira batzuk. Iaz berdintsu gutxietsi zuten Kosovo iparreko serbiar udalek egindako galdeketa. Beti ditu arriskuak hitza herritarrei emateak, bistan da. Demokrazia konplikatua da. Baina ez litzateke behartu beharko etxe berean egotera elkarrekin bizi nahi ez dutenak. Kontuak kontu, Europari komeni zaio, eta Espainiari ez. Katalunian berehala ikusi dute akordioak zelan hauspotzen duen euren bidea: UDIa zilegi dela agerian geratu da, eta hasierako korapiloak bost urteren buruan ia askatuta daudela. Espainia inoiz baino bakarrago dago.

Asteko onena, Tomislav Nikolic serbiar presidente nazionalistaren berbak. «Belauniko jarrita barkamena eskatzen dut Srebrenican egindako krimenagatik». Biharamunean Gernika omendu genuen.

BERRIAn argitaratua

2012-10-07

Estatua, Europan ala kanpoan?

Vivianne Redingek, Europako Batzordeko ekonomia lehendakariordeak argi esan berri du, Katauniako Estatuak Europarko Batasuna utzi behar duen galdetuta: «Bai zera, nazioarteko araudiak ez dio horren antzekorik deus ere». Independentistentzako mezu positiboa dirudien horren bestelako bertsioa eman du Elmar Brok Euroganbera Atzerri arazoetako buruak: aitortu du ez dagoela kide bihurtzerik beste kideren batek betoa jarriz gero.

Bestela esanda: Europak ez dauka araubiderik, ez dauka ezer iragarrita katalanek «barne hazkundea» deitzen dioten horretarako. Hau da, Estatu batetik bi edo gehiago sortzeko hipotesia ez dute aintzat hartu orain arte. Auzia konplikatua da, baina aski logikoa ere bai: bikote bateko kideak edozein erako klub bateko kide badira, ez dirudi bikotearen baitako gorabeherek kidetzari eragin beharko lioketenik. Aldiz, mezua baldin bada Katalunia edo Eskozia ez direla Europako Batasuneko kide, horien estatu diren Erresuma Batua edo Espainia direlako kideak, bestelako ideia helarazten da: Katalunia edo Eskozia Europako Batasunean nahi badituzue, osatu ezazue estatua eta sar zaitezte izen horiekin.

Funtsean, mehatxua ez da Europa, estatua baizik. Eskoziak aurki iragarriko du erreferendumerako Londresekin adostu duen galdera. Hala, Londresek ez dio inolako blokeorik jarriko balizko Eskozia independenteari. Gogoan har dezagun, urte hasieran erreferendumaren bidea serio zihoala iragarri zuelarik, zein izan zen zalantza: ez Londresek Eskozia sartzen utziko zuen ala ez, Espainiak, mimetismoa eragozteko, betoa jarriko ote zion baizik. Azkenean, erantzun logikoa eman behar izan zuen Madrilek: sezesioa Londresekin adostuta baldin bazegoen, Espainiak ez zuen oztoporik jarriko. Ez genuen besterik behar.

Arazoa da, beraz, Kataluniari betoa Espainiak jarriko ote liokeen. Eta berriz ere ikusten dugunez, Auzitegi Konstituzionalarekin, armadarekin zein Europarekin mehatxu egin, pilota beti leku berera doa: Espainiara. Brokek argi esan zuen: «negoziatzea da gakoa, eta ez beste ezer», armada erabiltzerik ote zeukan galdetu ziotenean. Egun berean erantzun zuen Alejo Vidal-Quadrasek, autonomia kentzea eta Guardia Zibila bidaltzea eskatu zuenean txantxetan ibili zela. Grazia latza gizonak, bai. Ea antzekorik planteatzera ausartzen den, Gibraltar UEFAn onartu dutela eta. Ederra izango da Espainia-Gibraltar partidaren bat egokitzea zozketan.

Katalan elkarteak, herritarrak azken batean, sutsu ari dira lanean. Bideari serio ekinez gero, garrantzitsua da amaieraraino tinko heltzea. Nolabait esateko, bizitzako aukera da, hordagoa, herritarrak mugiarazi ondoren bururaino eroan behar dituzu, eta ez utzi ilusioa zapuzten, belaunaldi oso baterako galduko baita. Horrexegatik ari dira estu hartzen Artur Mas. Erreferenduma lau urteren buruan gura duela esan berri du, eta hori da promesak lausotzen hasten diren denbora tartea. ERC eta Solidaritat alderdiek, gainera, ez dute akordiorik lortu hauteskundeetara independentistak elkarrekin joateko. Euskal Herriko ispilura begiratzean, garrantzitsua da aintzat hartzea zenbat denbora behar izan den Bildu sortzeko. Hauteskunde bezpera da horrelako egitasmo serioa osatzeko une txarrena.

Alderdietatik kanpo, katalan herritarrek eurek egin beharko diete agintari eta alderdiei presio berriz ere. Orain artean ederto behartu dituzte. Espainia oso urduri jartzea lortu dute (eta urduriago gaur, mundu guztiko milioika lagun Nou Campera begira daudela Els Segadors kantatzen hasten direnean). Ari dira lanean Europan ere. Eta ziur badutela bide orria zehaztuta. Hauteskunde sasoia da orain: flandriar independentistek itxaropen handia daukate gaur zortziko udal hauteskundeetan, hurrengo asteko EAEko bozekiko irrikaz daude katalanak ere, eta Kataluniakoak datoz handik hilabetera.

Ordurako, Eskoziak argituko du ziurrenik zein izango den 2014ko erreferendumeko galdera. Sinplea, argia eta laburra behar du. Eta, galdera kopiatuta, Eskoziaren lekuan Katalunia jartzen badute katalanek, arazo polita sortuko zaio Espainiari.
BERRIAn argitaratua