2012-08-19

Denak ongi etorriak, bertakoak salbu - Itsaso Beltzetik (III). Zirkasia

2014an, zirkasiarren genozidioaren 150. urteurrenean, Neguko Olinpiar Jokoak egitekoak dira Sotxin; Errusiaren aldetik jasaten duten ukazioa salatu dute zirkasiarrek.
Urtzi Urrutikoetxea Sotxi. Berriemaile berezia

Urteak zeramatzan Vladimir Putinek Erresuma Batura joan barik. Londresen eta Moskuren arteko tentsioak asko izan dira, Aleksander Litvinenkoren polonio pozoitzetik Ahmed Zakaev txetxeniar buruzagiaren britainiar erbesteraino. Baina duela bi aste, Downing Streeten izan zen KGBko espioi ohia. David Cameronekin bildu zen, eta gero Tagir Khaibulaev judoka kaukasoarra (Dagestangoa da, avar etniakoa) ikustera joan zen. Londresek Rio de Janeirori eman dio Olinpiar Jokoen bandera, 2016rako. Baina aurretik, urte eta erdi barru, negukoak izango dira.

Errusiak hartuko ditu jokoak, eta ez edonon. Kaukasora ekarriko ditu, Sotxira, itsasertzera, non klima subtropikala duten. Milaka udatiarren artean, zaila da Neguko Olinpiar Jokoen hirian gaudela irudikatzea. Soineko laburrak eta takoi altuak emakumeek, kamiseta marradun estuak eta slip bainujantziak gizonezkoek, gihar erakustaldia dirudi Errusiako Rivierako hiriburuak. Ezin burutik kendu Putin bera, Dmitri Medvevekin batera, horren ohituta gauzkan udako argazkia egitera agertu zenekoa, taberna batean hanburgerra jan, ingurukoekin garagardo bat hartu eta txantxa matxistak egiten. Neguan ere hamar gradu inguruko tenperatura atsegina dauka Sotxik, baina Europako mendirik garaienen magalean dago. Inguru paregabea dirudi, baina Kaukaso nahasian gaude.

Autobide bizkor eta moderno bat doa Itsaso Beltzaren ertzetik. Adler hirian porlan eta asfaltozko hautsak hartu gaitu. Lana etengabea da mendira bidean, Mzymta ibaiaren haranean. Aireportuaren ondotik, tren garaia eraikitzeko lanak, tunelak eta mendiari kendutako zatiak. Haserre daude ekologistak. Haserre herritar asko, lanak egiteko ia kalte-ordainik gabe kanporatu dituztelako etxetik. Ustelkeria da nagusi eraikuntza lanetan, eta, ohi bezala, ikertu edo protesta egin gura duenak arriskua hartzen du Sotxin.

Bertako jatorrizko biztanleak ere, zirkasiarrak, haserre daude. Itsusia da, itsusia denez, hain mendi ederren magalean egiten ari direna. New Jerseyn daude Estatu Batuetan diren 5.000 zirkasiarretatik gehienak, eta geroz eta indartsuago ari dira «genozidioaren Olinpiar Jokoen» aurkako protestan. Beste horrenbeste Turkian, han erbesteratu baitziren errusiarrek ia zirkasiar guztiak kanporatu zituztenean XIX. mendeko konkistan. NoSochi2014 taldea osatu zuten, eta hainbat zirkasiar egon dira Londresen protestan.

Hilobien gainean

Zirkasiarrek oso garesti ordaindu zuten sen independentea eta matxino izaera. Horregatik, sutu egin ziren Sotxi hautatu zutelarik 2014ko Olinpiar Jokoen hiriburu. Zaurian gatza botatzea dela diote. «Gure genozidioaren 150. urteurrenean egingo dituzte Neguko Jokoak, eta ospakizun gisa agertu nahi dute, Errusiako inperioaren nagusitasunaren aldarri. Zirkasiar herriaren sarraski sistematikoa du sinbolo. Olinpiar Hiria eraildako arbasoen hilobien gainean ari dira eraikitzen, izugarrikeria hura ezabatzeko!», dio Lisa Jakarsi ekintzaileak.

Bidean ageri den txikizioa biderkatu egiten da Krasnaia Polianara iritsitakoan. Izen hori hartu zuen zirkasierazko Kbaada haranak. Zelai Gorria esan nahi du errusieraz, «zirkasiarren aurkako azken batailan hildako milaka borrokalariren odolagatik. Eta leku horretxen gainean ari dira egiten Olinpiar Hiria!», esan digu Salitx gidariak. Herriko sarreran oroitarri txiki bat dago, monumentu handi baten barruan. «Hemen, 1864ko maiatzaren 21ean, errusiar tropen desfilea antolatu zen, Kaukasoko gerra luzearen amaiera ospatzeko». Errusieraz eta ingelesez dago, hitzik ez zirkasieraz. Zirkasiar hitza ere ez da ageri. Azken sarraskiaren lekuan aipatu ere ez dituzte egiten.

Ukazioa arau izan du Errusiak orain arte. Sotxi izendatu zutenean, 2007an, Putinek gogoan izan zuen lekuaren historia aberatsa, greziarretatik kosakoetara. Baina berbarik zirkasiarrez. «Leku multietnikoa», «Itsaso Beltzeko historia aberatsa» eta antzerako esaldien atzean ezkutatzen dira zirkasiarren aldarrikapenak. Kaukasoko nart izeneko kondairetako pertsonaia eta jainkoek antzekotasun handia dute sarri greziar mitologiarekin.

Pizkundea

John Colarusso Kanadako hizkuntzalariak kondaira horiek ikertu ditu. Baina Ipar Kaukasoko ikerketek bertako politika ezagutzera ere badaramate, eta esperientzia hori baliatu zuen, esaterako, Bill Clintonek, Colarusso eskualdeko aholkulari izendatu baitzuen. «Errusiarrek zilarrezko erretilua eman diete zirkasiarrei, urtetako arrangurak zabal ditzaten». Ez berariaz, noski. Baina Olinpiar Jokoak hurbildu ahala, hazten ari dira zirkasiarren ekintzak. «Zirkasiar gazteentzat, berpizkunde nazionalaren sinbolo bihurtu da auzia», dio Oliver Bullough kazetariak, zeinak 2010ean errusiar konkistari buruzko liburu bikain bat idatzi zuen.

Zirkasiar guztiak ez datoz bat boikoterako deiarekin. Errusiaren barruan daudenek jarrera epelagoa dute, eta Colarussoren aholkuak helarazten dizkiete entzungor jarraitzen duten antolatzaileei: «Vancouverko jokoetako adibidea ekarri dut, eredu bikaina baita zelan landu genituen indigenen sentsibilitateak eta kultura». Folklore hutsetik harago zerbait ote den galde daiteke beti. Horixe baino ez dute eskatzen eskualdeko zirkasiar bakanek, «ez gaude Olinpiar Jokoen aurka, gure kulturak eta historiak dagokien lekua izatea nahi dugu», dio Anzaur Allalok, Adige Khassa elkarteko ordezkariak.

Aitorpena

Beste Adige Khassa batzuek, diasporakoek, jarrera gogorragoa dute. Errusiari genozidioa aitortzeko eta barkamena eska dezala exijitzen diote. Geopolitikak bere lekua dauka hor, Moskuren etsai nagusietako batek, Georgiak, zirkasiar sarraskiei buruzko konferentzia jendetsua antolatu baitzuen iazko maiatzean. Gero, parlamentuak aho batez aitortu zuen zirkasiar genozidioa. Estatu batek aitortzen zuen lehen aldia zen.

Kaukasoko segurtasun egoeraren eta zirkasiarren ekinbideen ondorioz, Sotxi berebiziko testa bihurtu zaio Putini, Akbar Ahmed eta Frankie Martin islamiar ikasketetako ikerleek Al Jazeeran idatzi dutenez. «Jokoak horrelako giza tragedi bat gertatu zen lekuan egiteko erabakia, onenean, ezjakintasun izugarriaren adierazle da, eta, okerrenean, berariazko kultur umilazio ezin baldarragoa». Putinek iragarri duen Errusia berriaren azterketa izango dira Olinpiar Jokoak. «Sotxiko zirkasiarrekin jokatzeko moduak, Errusiaren norabidea adieraziko du. Iraganeko akatsak aztertu eta zuzenduz gero, Errusiak XXI. mendeko munduko potentzia gisa duen estatusa erabaki dezake, eta, era berean, herri bat desagertzea eragotziko du».

Mendebaldeak isilik eta errezeloz jarraitu du Sotxi 2014ren garapena. Zirkasiarren beldur baino gehiago, bestelako borrokalari batzuek ekintza armatuak egingo dituzten beldur da. Sotxi izendatu eta urtebetera, Txetxeniako operazio militarren amaiera iragarri zuen Moskuk, baina jamaat islamistak Kaukaso iparraldera zabaldu dira. Ekialdeko Dagestanera, Itsaso Beltzerantz baino gehiago, baina mendebalderantz ere izan da borrokarik, baita zirkasiarren errepubliketan ere.

Diaspora

Ez da erraza irudikatzea Errusiaren konkistak zer ekarri zuen Europako literatura erromantikoa liluratuta zeukan herrialde honetara. Herrialdea bera desagertu egin zen mapetatik. Herriak banan-banan txikitu zituen tsarraren armadak, eta biztanle ia guztiak (Sotxi inguruko ubikh herriaren kasuan, guzti-guztiak), hil edo kanporatu egin zituzten. Euskal Herriak egun duen antzera, 2,5 eta 3 milioi biztanle artean zituen Zirkasiak; erdiak hil zituztela diote zirkasiar ikerleek, eta beste horrenbeste kanporatu. Hurrengo erroldetan 80.000 zirkasiar baino ez ziren ageri. Hainbat hamarkadatako zirkasiar gerretan lau milioi lagun hil zirela diote diasporako zirkasiarrek, Errusiak 300.000 «baino ez» ditu onartzen. Edozelan ere, XIX. mendeko odoluste handienetakoa izan zen. Historia modernoko lehen genozidioa izan dela salatzen dute zirkasiarrek, eta hala gogorarazten dute urtero maiatzaren 21ean.

Leon Tolstoi Kaukason izan zen Errusiako armadarekin. Esperientzia hura izan ei zuen bultzatzaile ezaxola aberatseko bizimodutik sormen, espiritualtasun eta bakezaletasunera eramateko. Honela idatzi zuen: «Ohitura zen mendiko herrixkei gauez eraso egitea, ezustean harrapatuta, emakumeek eta umeek ihes egiterik ez zeukatenean, eta ilunaren babesean zetozen izugarrikeriak». Gosetea, sarraskiak, gaixotasunak, gainez egindako ontzietatik hilotzak botatzen, eta hilzorian ziren pertsonak Turkian lehorreratzen... asko dira 1864ko kronikak zirkasiarren tragediaz. Errusiar idazleek, otomandar kronistek eta britainiar diplomazialariek idatzi zituzten.

Balkanetatik arabiar basamortuetara artean sakabanatu ziren Otomandar Inperioan, eta Mendebaldera ere iritsi ziren hainbat, Ameriketako Estatu Batuetaraino. Ez dute irlandarrek edo armeniarrek bezalako lobby-rik, baina asko dira, Turkian batez ere. Boris Johnson Londresko alkateak zirkasiar arbasoak omen ditu. Cem Ozdemir Alemaniako Berdeen buruak protesta egin zuen, Vladimir Putini eman behar zitzaiolako iaz Quadriga saria, eta bertan behera geratu zen ekitaldia azkenean. Zirkasiar jatorria dauka Ozdemirrek. Euskal Herrian diasporarik ez, baina euskararekiko grina aspaldikoa da. Euskaldunari etengabe galdetuko diote mendi edo euri edo haran zelan esaten den, hizkuntzalariek galdutako kate-begiren bat topatzeko asmoz. Erraz irudika daiteke ahaidetasuna: hizkuntzen bakartasuna, biek ergatiboa erabiltzea, bokal sistema pobrea eta kontsonante kopuru ezin aberatsagoa... baina gutxieneko lotura seriotasun zientifiko batekin bermatzeko ehun froga behar balira, ez ei dira dozenatik gora aurkitu, aditu optimistenen berbetan. Paisaiak eta kulturak ere hauspotzen dute ahaidetasun ustea: Pirinioetako herria eta Kaukasokoa erraz lot litezke itsasoraino doazen haranetan. Eta alderatu zirkasiarren askatasun gosea, auzolanaren kultura, matxinadarako, erronkarako eta borrokarako joera edo armen zaletasuna (ai, gure baserrietako eskopetak). Ahaide zein ez, lagun handiak ditugu euskaldunok Kaukason.

Zirkasiarrek osatzen dute Jordaniako erregearen zaintza pertsonala, eta estatuko goi kargu asko dituzte; eurek sortu zuten Amman hiriburua. Israelen ere badira zirkasiar herriak. Tel Avivek ondo mimatu ditu, eta diasporako komunitate sendoak dituzte, beren eskola, ikerketa zentro eta ohiturak babestuta. Sirian 55.000 eta 100.000 zirkasiar artean dago. Egun, herrialdetik ateratzeko eskaria egin dute, baina errezeloz hartu du beti Errusiak XIX. mendean kanporatutakoen ondorengoen «etxeratzea». Ehunka gutxi batzuk Kabardino-Balkariara iritsi ziren neguan, eta beste batzuk Abkhaziara. «Gehienak ez dituzte ekarri nahi, eta ekarri dituztenak ez datoz beren jatorrizko lekura», dio Murat izeneko gazteak. 1998an beste horrenbeste egin zen Balkanetan geratzen zen azken zirkasiar herriarekin, Kosovotik Kaukasora «itzuli» zituzten. Kanporatutakoen itzulera amets dute zirkasiarrek, baina ez da erraza. Turkian dira gehienak, aski hurbil, baina belaunaldi gazteek hizkuntza galdu dute han, oraingoz nortasunari eutsita ere. Eta Kaukaso ere geroz eta errusiartuago dago, halaber. Tragediek behartuta gertatu dira orain arteko mugimendu handienak. Eta Siriako zirkasiarren kasuan, Kaukasoko ahaideek Moskuri presio egiten jarraitzen dute, haien eskaria entzun dezaten. Ahmed eta Martinek gogorarazten dutenez, «indigenekin oso txarto portatu diren nazioek, AEBek eta Australiak esaterako, formalki barkamena eskatu dute. Errusiak horrelako zerbait egiteak zauria sendatzen lagunduko luke. Konfiantza sortzeko eta biziak salbatzeko beste urrats garrantzitsu bat Siriako zirkasiarren itzulera baimentzea da».

Diasporako zirkasiarren kexua argia da: «Olinpiar Jokoen aitzakiarekin mundu guztia Sotxira etortzeko eskatu dute errusiarrek. Denak dira ongi etorriak, sarraskitu eta bertatik kanporatu zituzten indigenak izan ezik».

No comments: