Showing posts with label katalana. Show all posts
Showing posts with label katalana. Show all posts

2014-03-23

Euskal estatuko hizkuntza

Ukrainan gertatutako istorio guztian badago Euskal Herriarekin lotura kezkagarri bat: eskualde errusieradunak eta ukraineradunak aurrez aurre jartzean, Euskal Herriko hizkuntza-maparen antzeko bat ikusten dut, gurean ere independentismoaren indarra parekoa izan baita. Azalekoa da antzekotasuna, badakit: Errusiak zapaldutako herrietan eskuindarra izan ohi da nazionalismoa, eta mendebaldean ezkertiarra. Badago beste ezberdintasun garrantzitsuago bat: herritartasuna eta naziotasuna argi bereizten dituzte ekialdean, eta hori onerako izan badaiteke ere, bereizketa etnikoa betikotzen du: borondatearen gainetik determinismoa dago, eta demografiak baino ez du aldatzen estatuaren banaketa etnikoa. Jakin dugu Krimeako ehuneko 58 errusiarrak direla eta herena ukrainar eta ehuneko 12 tatariar, elkarrengandik bereizitako konpartimenduak balira legez. Gurean ez gara gutxiengo etnikoez mintzatzen, eta ondorioz —zorionez—, ez dugu bereizten Euskal Herrian zenbat diren espainiarrak eta zenbat... euskaldunak? euskotarrak? Hitzik ere ez daukagu «euskal etnikoa» izendatzeko. «Euskal herritar» asmatu genuen euskaldun eta erdaldunez osatutako herri honetako biztanleentzat, baina ez daukagu bereizketa etniko hori egiteko berbarik. Ezta beharrik ere. Oso garrantzitsua da modu inklusiboan ulertzea gure herria. EH11Kolorek eztabaida beharrezko hori planteatu berri du. Baina gaitik pixka bat urruntzen ari naiz.

Irakurleei galdetuz gero, euskal estatuko hizkuntza ofiziala euskara izango dela esango lukete ziur aski. Ez al dugu urtetan eskatu, bada, euskara Euskal Herri osoan ofiziala izan behar dela? Euskal konstituzioan hitz ederrekin aldarrikatuko da «berezko hizkuntza», «euskal nazioaren zutabea» edo horrelako zerbait. Badakigu horrelako izendapenak eremu sinbolikoan geratzeko arrisku handia dagoela, Irlanda adibide. Sobietar Batasun ohiko estatu gehienetan ere, errusiera da oraindik hizkuntza nagusia, estatuko hizkuntza ofiziala bertakoa izanda ere. Hizkuntzok gaelikoa baino indartsuago daude, baina diglosiari ezin bueltarik eman, independentziatik bi hamarkadara. Hortik nire kezka: espainierak izango du aitortzarik euskal estatuan?

Viktor Janukovitx errusieraren aldeko hizkuntza-legea egitear zela 2012an, hala ziostan Refat Txubarov tatariar buruzagiak Krimean: «Errusierari babesa emateak ukrainera mehatxatzen du. Denok dakigu errusieraz azken batean, eta absurdua da Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna aipatzea, hizkuntza mehatxatuei baitagokie. Errusierak ez dauka inolako mehatxurik».

Katalunian ere bada eztabaida hori. Oriol Junqueras ERCko buruak aspaldi esan zuen espainiera ko-ofiziala izango dela Kataluniako Errepublikan. Berehala egin zioten aurre, horren arriskuaz gaztigatzeko: espainiera legez babestea katalanaren normalizazioaren oztopo izango da, hartarako eskubide legala aldarrikatuko baitute aurkariek. Badago planteamendu interesgarriagorik: Espainia kopiatu barik, Kataluniak ez dezala hizkuntza-ofizialik izan. Aldiz, estatu-hizkuntza katalana izango da, Parlamentutik epaileetara eta Poliziara. Administrazioak hizkuntza horretan lan egingo du. Herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartuko dira halaber, beste hizkuntza batzuk (espainola zein beste edozein) mintzatzen diren lekuetan. Bi mezu, bakarrean: espainierak ez du babesik behar, baina espainiera-hiztun, zaude lasai; herri hau denona da eta beste herritarren pareko eskubideak dituzu. Sezesiorako ezin dituzu herritarrak uxatu. Ez eta engainatu ere.

Euskal Herrirako abiapuntu izan daiteke. Dagoenetik abiatuta, jakinik hainbat udalerritan hamarkadatako bidea dagoela euskalduntzeko, bai; alde batetik administrazioa euskaraz ari dela, eta bestetik herritarrei nahi duten hizkuntzan aritzeko askatasuna emanda.

Kataluniako estatua jaiotzean, automatikoki, bertako biztanle guztiak Kataluniako herritar bihurtuko dira. Hala izango da Euskal estatuan ere, automatikoa eta unibertsala, euskaldun zein erdaldun izan. Hortik aurrera, baina, zehaztu beharko da zelan lortu herritartasuna, gainontzeko estatuek egiten duten legez: katalan nazioa Estatutik harago doanez, edozein valentziar edo mallorcarrek Estatu katalaneko herritartasuna hartu ahal izatea proposatu dute, moldaviar askok errumaniarra daukan legez. Euskal estaturik sortzekotan, Espainiako estatutik bereizita sortuko da, baina bermatu beharko lioke herritartasuna hala nahi lukeen lapurtarrari. Diasporarako ere mekanismoak bideratu beharko dira.

Baina hizkuntzak ekarri nau hona. Euskaraz jakitea eskatuko al zaie euskal herritartasuna nahi duten biztanle berriei? Hala egiten dute estatu askok, Espainiak zein Frantziak esaterako. Baina ez dut uste hizkuntza-azterketarik behar denik. Ez dugu esan administrazioa euskaraz ariko dela? Bada herritar berriei «proba» euskaraz egingo die. Horrek hurrengo puntura garamatza. Antton Lukuk dioenez, «euskalduna zira?» galdetzean ez gara jatorriaz ari, bost axola Gernikan zein Dakarren jaio zaren. Euskal estatuak ezingo lioke herritartasuna ukatu ezein euskalduni. Hau da, euskara jakitea ez da baldintza, bermea da herritartasunerako. Bestela esanda, ez litzateke azterketarik behar euskal herritar izateko; kafe bat, bost minutuko solasaldia euskaraz, aski da euskal errepublikako herritartasuna lortzeko.

Europako herritar bihurtzeko ate nagusia euskara ikastea izanen litzateke, hala. Eta gure leku erdaldunduetan espainolaren hegemonia hautsiko da hura ez dakiten baina beste dozenaka hizkuntza, ohitura eta sineskera darabiltzaten herritar berriekin. Denak ere euskararen zubiak lotuta.

BERRIAn argitaratua

2013-09-29

Kamiseta berdeak

Iraila katalanei buruz berbetan eman dut, eta amaitu ere hurbilen daukagun Mediterraneo horretan amaituko dut. Asko ibili zarete handik joan den udan, eta benetan badoazela sinetsita etorri zarete. Diadan egon gabe ere, leiho eta balkoiak apaintzen dituzten estelada mordoa gogora ekarrita, independentzia atzera bueltarik gabea dela ondorioztatu dute han ibili diren euskaldunek.

Herenegun bertan erreferendumaren aurreko ekintza garrantzitsuena adostu zuten: urtea amaitu baino lehen, 2013an bertan beraz, jakinarazi beharko dira galdeketaren data eta galdera. Mariano Rajoyk hiru hil ditu doi-doi Artur Masekin erreferenduma negoziatzeko. Garrantzitsua da ostiralean erabakitakoa, baina CiU eta ERCren gobernu-itunean dagoena berretsi baino ez du egiten.

Kataluniako Printzerrian legez, Menorca ere euskaldun jatorren, patxada eta naturazaleen oporgune kuttunetarik izan da joan diren hiletan. Zuetako zenbat ibili zarete joan den udan Menorcan? Beraz, Kataluniako independentismoarekin legez, sobera ezagutu dituzue Balear Uharteetatik gaur dakartzadanak. Uda beroa izan baita Mao eta inguruetan. Eta ikasturte hasieran lehertu egin da haserrea. Ezetz, hondartza eta kalak eta hotela eta tabernak ezagutu dituzuela, eta gune arkeologikoren bat bisitatu, baina zazpi edo hamar egunetan ez duzuela astirik izan menorcar bakar bat ezagutzeko, galdetzeko, solasaldi bat izateko? Norberak gura bezala antolatzen ditu bere oporrak. Baina etxeko lan pixka batek, zerbait irakurtzeak, kontakturen bat lotzeak, edozein leku ezagutzeko parada ematen du, bisitatze soilaz harago. Gaur Mallorcan eta beste hiru uharteetan inoizko manifestazio jendetsuena espero dute. 50 mila lagun baino gehiago, 850.000 biztanleko uhartean, jendetza da.

Katalanezko murgiltze-eredua kendu, eta TIL hirueleduna inposatu du Jose Ramon Bauza Balear Uharteetako presidenteak. Gehiengo absolutua dauka PPk. Pentsa zitekeen Galizian edo Nafarroan baino are errazago ezarriko zutela, turismoa hain garrantzitsua den lekuan. Baina ezetz esan zuten Mao hiriko hiru institututako zuzendariek. «Bitxia da ingelesa jakiteko matematikak gaztelaniaz egin beharra», dio guraso batek Vilaweb-ek egunotan egindako dokumentalean. Gobernuak gogor egin zien: kargugabetu eta espedientea ireki zien.


Olatu berdearen hastapena zen. Ikasturte hasieran greba mugagabea iragarri zuten. Ikastetxeak hutsik daude bi astez, kaleak protesta sinbolo den kamiseta berdeekin beteta. Gurasoak irakasleen alde, eta antolatuta, seme-alabak gaur aita honekin eta bihar ama horrekin uzteko. Espainiako Kongresuak LOMCE Hezkuntza legea onartzear den honetan, L'estaca kantatu dute egunotan Mallorcan, Parlamentuko atarian. Eta protestari eusteko indartsu daude, katalanez eta kalitatezko hezkuntzaren alde. «Ikusiko dun, nola nola, laster eroriko den».

Menorcako hiru zuzendarik hasitako protestak lurrikara ekarri du Illesetan: greba mugagabea, 200 mila euroko baino gehiagoko erresistentzia kutxa, gizarteko sektore guztietara zabalduta greba... eta PPko sektore erregionalistenak aztoratuta. Tòfol Soler Balearretako lehendakari ohi eta PPko kide historikoak publikoki adierazi die babesa grebalariei, eta berdin egin dute PPren Mallorcako hainbat udalerrik.

Galiziar idazle batek ziostan, eskuin abertzalea falta zutela han, PPk betetzen zuela eremu kontserbadorea osorik. Nortasun erregionalista antikatalanismoz osatzen da Kataluniatik kanpo. Baina Balearretako bideak erakusten du ukazioan oinarritutako gatazka identitario espainiarzale horren porrota. Eta oso lezio garrantzitsua dakar, abertzaletasuna ustez ahula den eskualdeetan haserrea kanalizatzeko eta mobilizazioa zelan piztu ikasteko.

BERRIAn argitaratua

2013-05-19

Mediterraneoko hizkuntzak

Errepublikari eta Konstituzioaren bigarren artikuluari zirrikitua Hexagonotik kanpo hasi zaio urratzen. Herenegun, bederatziak baino lehenxeago, bi eguneko eztabaida luzearen ondotik onartu zuen Korsikako Biltzarrak korsikeraren koofizialtasuna aitortzen duen testua. Erabakia Parisen defendatu behar dute orain, baina irekitako bidea biziki garrantzitsua da. Hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan hartu beharreko neurriak banan-banan bozkatu zituzten ehundik gora emendakinetan. Pierre Ghionga Korsikeraren Kontseiluko buru eta testuaren idazleak dio onartezina litzatekeela Frantziako Errepublikak uko egitea eskualde baten borondate demokratikoari. Luze joko du oraindik, baina historia idatzi zuten Aiacciun herenegun.

Uhartetik mendebaldera Katalunia dugu; urtebete barru katalan estatuari buruz bozkatzeko asmoz. Azken hilotan hizkuntza ere eztabaidagai izan da independentisten artean. Funtsean, 2014an eratu nahi duten Estatua nolakoa izango den irudikatzeko unean dira. Vicent Partalek Kataluniako estatuak hizkuntza ofizialik ez izatea proposatu du. Katalana litzateke Estatuko hizkuntza nazionala eta de facto erabiliko litzatekeena, eta gainontzekoak lekuaren eta erakundeen arabera erabiliko lirateke. Izan ere, katalana ofizial egiteak espainierari ere koofizialtasunerako bidea irekitzea ekar lezake, eta normalizazioa behin betiko oztopatzea hain hizkuntza handiaren presiopean. Asko dira munduan zehar hizkuntza ofizialik gabeko estatuak. «Konbentzituta nago Kataluniako estatu berriaren erronka garrantzitsuenetakoa dela ulertzea munduan gauzak ez direla halabeharrez Espainian diren bezala, eta ez direla kopiatu behar Espainiako estatuaren jokabide guztiak» dio Partalek. Gurean ere euskara ezagutzea beharrezko izatea proposatu izan dute abertzaleek, Espainiaren kalko eginez. Hobe administrazioa euskaraz bizitzea, udaletatik epaitegietara, poliziak herritarrekiko harremanak euskaraz bideratzea, funtsean Estatu-hizkuntza edo hizkuntza nazionala izatea.

Mediterraneoaren beste muturrean, nekez heltzen da albiste onik Siriatik. Baina sarraski hartan ere itxaropena herri ukatuen eskutik dator. Azken urteotan Iraken burujabetza lortu ondoren, orain Kurdistan mendebaldean (Sirian), banan-banan askatu dituzte herri kurdu gehienak iazko uztailetik. Eta burujabetza-esperientzia paregabea ari dira garatzen. Eskola da lehen urratsa; dozenaka ireki dituzte Siriako Kurdistanen. Hamarkada luzetako arabiartze behartuaren lekuan, lehen aldiz kurdueraz egin dute ikasturtea umeek. Neska-mutilak elkarrekin gelan, elkarrekin erakunde berrien agintean eta elkarrekin gerra-frontean eta kontroletan. PKKren Siriako adar diren YPG miliziek daukate eskualdearen kontrola. Asteon bi irudi eder iritsi dira Kurdistandik: umeek eskola-agiriak erakutsi dituzte harro, kurdueraren eguna ospatzeko. Bigarrena, Turkiako estatua utzi duten gerrillariak Irakeko Kurdistango mendietara iristen. Litekeena da hainbatek Siriako bidea hartzea, egun kurduen apustu garrantzitsuena den Rojava-n («mendebaldea» kurdueraz), autonomia behin betiko finkatzen laguntzeko. Nazioarteko laguntza eskatu dute. Berriki zenbait kaxa botika iritsi zitzaizkien Nafarroatik.

Sirian bertan bada gutxiago ezagutzen den gutxiengoa. XIX. mendean Errusiak Kaukasotik kanporatu eta otomandar inperioan sakabanatu ziren zirkasiarrak, Zirkasia hutsik gelditu zen, biztanleen ehuneko 90 galduta, bertan zein Itsaso Beltzean hilda edo deportatuta. Hala sortu zuten Amman hiria esaterako, egun Jordaniako hiriburu. Siriako zirkasiarrek berriz, arbasoen lurraldera itzultzea eskatu dute. Ehunka gutxi batzuei baino ez die Moskuk utzi, ordea. Etzi, maiatzaren 21ean, Zirkasiako konkistaren eta zirkasiar nazioaren suntsiketaren 149. urteurrena gogoraraziko dute. Krasnaya Polyana izeneko zelaian izan zen azken borrokaldia 1864an. Urte bakarra falta mende eta erdirako, eta orduan Krasnaya Polyanako zelaietan egingo dituzte Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoak. Berariaz ezkutatu du orduko sarraskia Errusiak, zirkasiar kulturari ez dio oihartzun txikiena eman, ezta folklorikoki ere. «Gure arbaso sarraskituen hilobien gainean ibiliko dira eskiatzen» salatu dute diasporako zirkasiarrek.

BERRIAn argitaratua

2012-10-14

Erabakitzea eta hizkuntzak

Eskoziak Londresekin akordioa lortu zuela iragarri zuten egun berean atzera bota zuen Espainiako Kongresuak herritarrei galdetzeko aukera. ERCk egin zuen proposamena, eta Alfred Bosch-ek defendatu zuen: «Bozkatzea zelan izan daiteke legezkoa Erresuma Batuan eta ez Espainian? Britainiarrak izan nahi duzue, ala sobietarrak, eta sistema hondoratzea? Eskoziako erreferendumera deitzeko legezko xedapena gaur hemen proposatzen dugunaren oso antzekoa da. Kataluniaren independentziaren aurkakoei ere eragotzi nahi diezue ezetz bozkatzea, jabetzen al zarete? Debekuekin, formaltasunekin, mehatxuekin, ukazioarekin, benetan uste al duzue horrela irabaz daitekeela eztabaida bat, beste aldean eskaintzen diegularik askatasuna, demokrazia, sufragioa, parte hartzea? Bozkatu nahi dugu eta bozkatuko dugu, ez da hain zaila ulertzen». Eskoziaren paralelo joateak Espainiaren defizit demokratikoa are nabarmenago jartzen du. Bidenabar, mendebaldeko Europan independentismoa indartsu den hirugarren herrian, Flandrian, hauteskunde garrantzitsuak dituzte gaur. Fokoa Anberesko udalean egongo da, sozialistek galdu eta independentisten eskura igarotzen ote den.

Biharamunean haur katalanak espainoltzeko asmoa zuela bota zuen Jose Ignacio Wert ministroak. Eskandalua piztu da Espainian, baina ez hainbeste Katalunian. Ez independentisten artean gutxienez. Egunotan egokitu zaizkidan bizpahiru katalanek irribarre zabala egin dute, «lobby independentistak kontratatu balu, ez zukeen hobeto egingo». Barça zirudien, partidaren kontrola izan eta baloiaz gozatzen, ia ezer egin gabe aurkariak zenbat gol aukera sortzen dizkion ikusita, zenbat independentista sortzen dituen Espainiatik horrelako urratsen bat egiterakoan. Eta asko egiten dituzte, zein baino zein baldarrago.

Katalan epelenak sutu dira. Espainiatik bereizi nahi ez baina errealitateaz ohartzen diren katalanak dira, Espainiaren irain eta umiliazioez jabetu eta mindu egiten direnak. La Vanguardia-n Enric Juliana kazetariak zioenez, «hankasartze kolosala» artikuluan. «1975-80an, Badalonako langileek bi gauzagatik egin zuten borroka: lanpostuaren alde eta seme-alabentzako eskolen alde; katalana ongietorri hizkuntza izango zuten eskolen alde. Hori izan zen hitzarmen soziala. Eskola da elkarbizitzaren lokailua. Eta baldintza, jatorri eta ideologia orotako katalanek balio handia ematen diote elkarbizitzari. Hain zaila da ulertzea? Katalunia ez da bigarren Euskal Herria izango, zenbait horretan tematuta ere». Euskal Herriak, bistan da, gizarte zatiketa irudikatzen du. Ez euskalduntzeko eskola-sistema prestatu zutenek, ghetto kolonialak balira legez, erantzun beharko lukete. Alderdi espainolak hondora doaz, katalanak ofentsiban doaz Estatuaren bila. Eta hor, ezin aipatu gabe utzi Eduardo Apodakak Lapiko Kritikoan idatzitako Post Nazionalismoaren ordua (http://basque. criticalstew.org/? p=9133 ). Halaxe dakusa Estatua lortzeko bidea: «Nazionalismoa atzean utzirik, estatu propioa, errepublika, herri honetan bizi diren guztientzako proiektu askatzailea dela sinestea eta sinestaraztea. Jokoan dagoena herri subiranoa da. Eta horretan denok irabazle». Aholkua utziz gero: bilatu Lapiko Kritikoan eta lasai leitu osorik.

Espainiera (ko)ofizial?

«Hasieratik argi utz dezagun, Katalunia independentean katalana izango da herrialdeko berezko hizkuntza eta ofiziala, denon hizkuntza komuna. Baina gaztelania ere ofiziala izango da, inork zalantzarik baleuka ere». Oriol Jonqueras, ERCko burua, Sant Vicenç dels Horts-eko alkate ere bada. Bartzelona inguruko etorkinen hiri industrialetan lehena izan da Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartean sartzen. Jonquerasek dioenez, bere herritarren ehuneko laurogei espainieraz mintzo da.

Berehala iritsi zaizkio kritikak Jonquerasi. Vilaweb-eko Vicent Partalek «ukrainar erako independentziaren» arriskuaz oharrarazi du, badakizue Ukrainan errusierari ofizialtasuna eman berri diotela. Gabriel Bibilonik dioenez, independentziak botoak gehitzeko beharra duen unean espainiera-hiztunei egindako keinua da. Baina gogora dakar goizegi abiatutako eztabaida dela, itsumustuan, eta Parlamentuak erabaki beharreko zerbaiti buruz. «Espainierazko elebakarraren figura desagertu egin behar da. Mila aldiz esan dugu, normalizazioaren giltza da katalana izatea hizkuntza komun bakarra, eta norberak erabaki dezala zein beste hizkuntza jakin nahi dituen (ingelesaz gain). Independentziaren ondoren jaioko diren katalanek ez dute lehentasunik izango eskolan hastean. Gurasoen hizkuntza edozein izanda ere, denek hitz egin nahiko dute irakasleek, ministroek, poliziek eta epaileek hitz egiten dutena. Izan ere horiek, Estatuko ordezkari dihardutenean, Estatuko hizkuntzan egin beharko dute, hizkuntza ofizial bakarra badago. Hortxe dago prozesuaren gakoa».

Eskema erraza da, Eskozian legez: oraingoz, liberarekin eta Elizabeth erreginarekin jarraitzea proposatzen du Alex Salmondek, eta gaztelaniaren ofizialtasuna Oriol Jonquerasek. Independentistek, horren aurka egonda ere, erreferendumean baietz bozkatuko dutela jakitun, eta zalantzatiak limurtzeko aukera izan daitekeelakoan. Eskoziakoa herritarrek alda dezaketen Estatu-egitura da. Espainiera ofizialtzea, bete beharreko agindua, balizko Estatua hipotekatu dezakeen konpromisoa. Bistan da zuhur jokatu behar dela, herritarrak erakarri eta mezua modulatu inor ez uxatzeko gisan. Baina independentzia zertarako den argi utzita. Bibilonik dioenez, «herrialde serioetan hizkuntza ofiziala hizkuntza ofiziala da». Irlandaz diharduela dirudi, baina Bartzelonatik Dublinera Euskal Herritik pasatzen da.
BERRIAn argitaratua

2012-07-29

Independentziara bidean

Hiru albiste nagusitu dira asteon munduan: Siria, Londres eta Espainia. Nork non egin, horrek arreta nagusia. Turkia sutan haserre da kurduek Sirian egindako urratsekin. Arabiarrak matxinatzea zilegi da, goitik behera salatu behar da suniten aurkako zapalketa, hiltzailea Damaskon zein Tel Aviven egon. Baina arabiartzeko asmoz lurrak kendu dizkieten kurduak altxatzen badira, orduan dardara egiten du Ankarak. Eta zakur amorratuaren moduan lehertu da Recep Tayyip Erdogan. Manipulazioak hasi du bidea: Baxar al-Assadek «terroristei» lurrak eman ei dizkie, Turkiak matxino sunitei babesaren kontraeraso gisa. Bost axola gezurra izatea, Qamishlin egunotan egondako borrokek argi adierazten dutenez. Erdoganek argi erantzun du, galdetu diotelarik ea Siriari erasoko dioten PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla nagusitzen bada: «Hori eztabaidagai ere ez da, emanda dator hori. Hori dugu asmoa, hori da egin beharrekoa». Izan zitekeen belatz sionista bat Gazari buruz berbetan, baina ez, Erdogan da, palestinarren babesle handia. Domina, ereserki eta malkoak ikusiko ditugu asteotan. Nik Afrin herriko lagun gazte baten zirrara ekarri gura dut. Durangon egon zen Siwar duela urte eta erdi, asteon egin dugu berba. Zaila da azaltzea zeinen hunkituta dagoen, bere herrian Kurdistango bandera ikusita.

Londresen, datu pare bat: duela lau urte ez zuen parte hartu Hego Sudanek. Aurten bai. Baina Kosovok ez. Serbiarekin akordioa lortu ezean jai dauka, mendebaldeak babestuta ere. Independentzia aldarrikatu daiteke eta estatu gisa funtzionatzen hasi, baina jatorrizko estatuaren onarpena lortu arte —borondatez zein behartuta—, bereizitako estatu berri batek ez du normaltasunik izango. Horretan ibili da Ban Ki-moon egunotan Belgraden eta Pristinan. Badira ukoan tematutako estatuak, eta badira errealitatea onartzeko arazorik ez dutenak: barkamena eskatu diote Joe Allen galestar futbolariari, eta Olinpiar Jokoetako liburuxkak berriz argitaratu, nazionalitatearen lekuan «ingelesa» zekarrelako.

Gales nazioa dela onartzeak ez du galestarren independentismoa hazten edo murrizten. Kataluniari naziotasuna ukatzeak, berriz, ekarri du independentismoaren hazkundea. Egunotan umiliazioa izan da nagusi Espainian: mezu arrazistak Empordako suteetan laguntza katalanez eskatu zutelako, eta zer esan Generalitateak asteartean erreskatea iragarri zuelarik. Morrontza hori gainditzeko finantzaketa eredu berriaren alde bozkatu zuten parlamentuan biharamunean, eta Artur Masek oharra egin zuen: Madrilen erantzunak «garrantzi handiko ondorioak izango ditu Kataluniaren eta estatu osoaren arteko harremanean». Estatutu urardotuari ezetz esan zioten legez aurreratu daiteke finantzaketari emango zaion ezezkoa. Bide orria argi markatu du Ferran Requejok El Temps astekarian: hauteskundeak aurreratuko ditu Masek, krisiak estatuak autonomien aurka egingo duelako, edo finantzaketa ukatutakoan. CiUk Ogasun katalanaren promesa baztertu eta erradikalago jokatuko du. «Gero koalizio gobernua eratu beharko lukete —ERCk eta CiUk gutxienez». Independentzia prestatzeko gobernua, dio Requejok, nazioartean batez ere: «Aliatuak bilatu behar dituzu edo, gutxienez, saiatu gutxitzen prozesuaren aurkako aktoreak. AEBekin, Nazio Batuekin hitz egin behar da, eta Europan aliatu egokiak izan. Argi izan behar da Katalunia Espainiatik joaten bada, Espainia ahuldu egingo dela, eta EBko estatu batzuentzat hori interesgarria izan daiteke. Hori guztia gertatzen bada, estatuak gogortasun handiz erantzungo du: mediatikoa, politikoa, juridikoa, nazioartekoa, setio egoera dei dezake edo autonomia suspenditu...». Ezker-eskuin zalantzei aurre egiteko: «Eguneroko kudeaketa ere egin behar da. Baina argi izanda zein den lehendabiziko helburua. Munduan Kataluniaren lekua indartzeko gobernua da. Eta ez dago indarketa hoberik, Europaren baitan estatu berria eratzea baino».

Zinez jakingarria da Requejok dioena. Etxeko lanei eta, batez ere, kanpokoei begira, horrelako sezesiorik ia inoiz gertatu ez dela jakitun: «Ez dago erreferente enpirikorik, eta gauzak zorrotz egin behar dira, urratsez urrats eta mugimendu bakoitzaren kostu eta onurak kalkulatzen. Hori diot batzuetan su-zelaiko independentismo moduko bat nabari dudalako, esaten duena katalanen esku dagoela soilik independente izatea. Ez. Prozesua askoz konplikatuagoa da. Bide horretatik joan behar dugu, baina ez da bide erraza. Helburuetan irmo eta sendoa izan behar da, baina egiteko urratsetan profesionaltasun handia, aliantzak, azkartasuna eta konplizitateak».

Bide orria markatzen du, baina orria idaztea, herri bakoitzari dagokio.

BERRIAn argitaratua