Eskoziari buruz Westminsterko parlamentarien Batzordeak eman du iritzia:
Eskoziak ez dauka erreferendumera deitzeko eskumenik. 1998an
erreferendumean onartutako devolution edo autonomiak Londresen
esku uzten du erreferendumak antolatzeko eskumena. Gutxi gorabehera,
Espainian dagoen antzera. Edo Kanadako Auzitegi Gorenak Quebeci
autodeterminazio eskubidea ukatu zion gisan.
Gertatzen da, bere
egunean idatzi eta adostutako arauak gainditzen dituen borondate bat
dagoela Eskozian, lehen Quebecen egon den legez. Eta borondate hori
demokratikoki bideratzeko, eta iritzi horren pisua neurtzeko, unean
uneko araudia horretara doitu behar da. Badakigu Espainiaren neurri
demokratikoa non dagoen: 1978ko Konstituzioak langa jarri zuen lekuan
jarri zuen —goregi, aspaldion entzuten direnen arabera— eta beraz langa
horren pean ibili behar dute Espainiaren baitako proposamenek. Hortik
kanpokorik ez da sartzen, katalanek estatutuarekin ikusi zuten legez,
eta itun fiskalarekin aurki ikusiko duten legez. Eta Juan Jose
Ibarretxek Madrilen sufritu zuen umilazioa legez. PSOE zegoen orduan
agintean, eta umiliatu baino ez zuten egin. Alderdi Popularrak araututa
zeukan ordurako Konstituzioa gaindi lezaketen lehendakarientzako
espetxe-zigorra. Horretan laburbiltzen dira Espainiaren proposamenak,
batek esango dizu zeure proposamena defendatu dezakezula, baina
egikaritu ez, eta besteak espetxeratzeko mehatxua. Baina batak zein
bestek ezin aintzat hartu herritarrei hitza ematea.
Arazoak
daudenean, horiek detektatzea da konponbiderako lehen urratsa. Eskoziak
independentzia erreferenduma egin nahi du. Eskoziak ez dauka
erreferendumera deitzeko eskumenik. «Etengabeko eztabaida politiko eta
legala, eta etorkizuneko ziurgabetasuna», horiek Eskozaren arriskuak
erreferenduma «zalantzako oinarri legaletan» eginez gero. Ondorioz,
«uste dugu egokiena gobernuak Eskoziako Parlamentuari 30. Atalean
oinarritutako proposamen zehatza egitea dela boterea emateko, hark
banaketari buruzko galdeketa antola dezan». Tankeak Edinburgora? Alex
Salmond espetxera? Ez ba. Auzia bide berri batean sartzen da
aurrerantzean, litekeena baita Eskoziako Gobernuak hirugarren aukera ere
sartzea, devomax, independentziarik gabeko burujabetza gutxi
gora behera, fiskalki batez ere. Horrek eztabaida berria dakar, ordea,
gerta bailiteke Erresuma Batuak hori ez onartzea. Hau da, etxetik joan
nahi baduzu, zoaz, baina etxean gelditzekotan, arau hauekin.
Txekoslovakiako bereizketa gogorarazten du: ez zen erreferendumik egin
eta inkestek ez omen zuten eslovakiar independentismoaren indar handirik
erakusten. Baina estatu konfederala nahi izan zuten, botere zentral
lausoa izango zuena. Eta Txekiak ez zuen onartu era horretan antolatzen
estatua. Horretarako nahiago zuela Eslovakiarik gabe aurrera egitea, eta
azkenean dibortzioa gauzatu zen.
Espainiako perspektibatik oso
urrun geratzen diren kontuak dira. Baina Katalunian bidea oso markatuta
dago. Itun fiskala da independentzia galdeketaren aurreko azken dikea.
Bere burua gobernatzeko autonomia fiskala behar duela aldarrikatu du
Parlamentuak. Espainiak, erdi demokratikoa balitz, negoziatzeko eskatuko
lioke, baina oso urrun dauka kultura hori. Beti bezala muturretan
ematea espero du mundu guztiak. Eta horra helduta, hauteskundeak eta
erreferenduma.
Vilaweb-eko Vicent Partalek honela zioen
herenegun: «Mas presidenteak herritarren babes osoa eskatu du itun
fiskalerako eta normala da (...) esan izan dut gobernuaren ondoan egon
behar dugula itun fiskalaren negoziazioan, baina Irailaren Hamaikako
manifestazioak (...) independentziaren alde izan behar du. Ondo jokatu
ditu kartak Masek (...) I-11n kalean independentismoa ikusiko da,
independentismo transbertsal eta jendetsua, zeinaren zati den CiU ere.
Horregatik ez dut irudikatzen itun fiskala eskatzen duen pankartarik:
independentzia behin betiko itun fiskala da, ezin, beraz, zatia
aldarrikatu, dagoeneko osoa eskatzen ari zarelarik». Zinez merezi du
Partalen editoriala irakurtzea.
Batzuk eta besteek bide-orri
argia daukate. Beren nazioak daukan autonomiako gobernuak deituko du
erreferendumera, eta irabaziz gero independentzia aldarrikatu. Gure
nazioak autonomia bat, bi edo zero ditu, nork hitz egiten duen. Baina
erakunde batek deitu behar du erreferendumera, gutxienezko
legezkotasunik izango badu. Aldundiek, erkidegoetako gobernuak edo dena
delakoak. Zirt edo zart egin behar da. Kataluniak egin du. Euskal
nazioaren izenean dihardutenek oraindik ez. Urtebete barru bi euskal
erkidegoen buru euskal nazioaren ordezkariak egongo direlakoan?
Espainiaren kasuan, B plana behar da beti. Eta Euskal Herrian C, eta
D...
BERRIAn argitaratua
1 comment:
This is a greeat post thanks
Post a Comment