2012-10-21

Eztabaidan (militarrik gabe)

Segovia Espainia erdialdean dagoen hiri txikia da, Gaztelan. Segoviako PSOEko alkateak bereizi egingo dela aldarrikatu du egunotan, kokoteraino dagoela PPko gobernuaren utzikeriaz. Bereizi ez eze, batu ere bai, Kataluniara (anatema!), edo Frantziara edo Alemaniara. Euskal Herria aipatzeraino ez zen iritsi; probokazioa gauza bat da eta traizioa beste bat.

Amorrazioak sortutako esaldia da. Segoviak ez du Espainia utziko. Auzi edo amorru ekonomikoek independentismoa sustatu dezakete, katalizatzaile bihur daitezke eta, prozesuaren arabera, erabakigarri ere bai. Baina horretarako, oinarri bat behar du, deitu naziotasun-zentzua, deitu nortasun berezitua, deitu nahi bezala. Eskozia gai izan da prozesua osatzeko krisirik gabeko garaian, Islandia eta Irlanda eredu zirela, bai horiek porrot egin ostean ere. Jakin du diskurtsoa unean unekora moldatzen. 426-332, Eskoziako Alderdi Nazionaleko biltzarrak orain arteko jarrera antimilitarista alboratu, eta Eskozia independentea NATOn egotearen alde bozkatu zuen herenegun (Alex Salmondek tartean). Esana dugu: gal ditzakeen boto independentistak baino gehiago dira sektore zalantzatietatik irabaz ditzaketenak. Susmoa dut, gure kasuan Eskoziarenean baino gehiago, AEBek independentzia lasai hartzea ere balio erantsia izan dezakeela. Horiek paradoxak: Israelgo Haaretz-ek ongi etorri Katalunia independentistari, eta Palestinak Madrilen duen enbaxadorea horren aurka mintzatu berri da.

Ez litzateke gutxietsi behar SNPren izaera ezkertiarra. Ez ezker iraultzailearen ikuspegian, baina Eskozia soziologikoki Ingalaterra baino aurrerakoiagoa izateak azaltzen du neurri handi batean independentismoa. Sezesioari buruzko ikerketa askok azaltzen dutenez, Estatuko ideologia nagusitik urrun egoteak garrantzi handia dauka mugimendu independentistan. Agerikoa da —eskuinetik— Europa ekialdean, agerikoa Euskal Herrian ezkerretik. Alderdi espainiarrek gaur hartuko duten jipoiak ia legitimazio guztia kentzen die Madrildik etor daitezkeen aginduei. Arauak gauzak bat dira, baina zein balio demokratiko dute urrungo Gobernu baten aginduek, herritarrek inolako babesik ematen ez badiote Gobernuko alderdiari?

Eskozian hezkuntza eta osasun publikoa biziki estimatzen diren ondasunak dira. Alderdi Kontserbadorea Erresuma Batuan agintean dagoenean, nabarmen egiten zaie eskoziarrei erabat arrotza zaien gobernua daukatela —Westminsterren toriek ez daukate diputatu eskoziarrik—, euren nortasunetik eta ideologiatik oso urrun dagoen jarrera batetik erabakitzen euren bizitzaren gainean. Horrelakoetan, logikoa da zure nortasunetik hurbilago dagoen Estatua eratu nahi izatea.

Asteleheneko Salmond-Cameron akordioak bete-betean jotzen du Madrilgo jardunaren aurka. Erresuma Batuan eta Espainian, gobernuei dagokie erreferendumetara deitzea, ez Eskoziak ez EAEk ez dute eskumenik. Baina David Cameronek bazekien zilegitasuna falta zutela kontserbadoreek Eskozian. Euskal Herriko mendebaldean gaurtik aurrera faltako duten legez (eta Nafarroako auzirako elementu garrantzitsu bihurtzen ari den gisan. Unionistek —PSNk barne— boterea galtzean bideratuko da euskal gatazka). Madrili presioa, ezinbestekoa da konparazioz. Herriari hitza ez ematea geroz eta zailago da defendatzen.

Esanguratsua da, halaber, unionismoak darabiltzan beldur-estrategiak: eurotik/Europako Batasunetik kanpora, pentsiorik ez... Oso deseroso dabilen eztabaidan parte hartzera behartuta dagoela onartzen ari dela iruditzen zait. Arnaldo Otegik esan ohi duenez, laster jabetu zen, nazioarteko adituen aurrean, oso erraz irabaz dakiokeela Espainiari ideien eztabaidan. Militarki baino askoz errazago. Militarren mehatxurik gabe, oso urrats positiboa egin du unionismoak. Hurrengoa falta du: batzuen argudio apokaliptikoak eta besteen mezu independentistak eman ondoren, herritarren erabakia betetzea. Horixe egingo dute Eskozian.

Asko da Espainiaren baitako nazioetako independentistentzat, katalanentzat eskuarki, unionismoarekin eztabaidara iristea.
BERRIAn argitaratua

No comments: