2012-11-18

Ez da 2008, ez da 'berun urtuna'

Istorioa ezagunegia da. 2008-2009ko Berun urtua operazioaren ondoren, hauteskundeetarako kanpainaurre odoltsu klasikoa dirudi palestinarren hilkintzak. Zerrendatik datozen misil-jaurtiketak geldiarazteko aitzakian, Israel Gazari erasotzen hasi zaio atzera ere. Ahmad Jabari buruzagia hil zuen asteazkenean. Hamasek berrogei urtean iritsi ez diren lekuetaraino jaurti ditu misilak segidan. Lerrook idazterako, ia berrogei palestinar zenbatzen dira balantzaren alde batean, hiru israeldar bestean. Eta tankeak Zerrendako mugan, inbasiorako aginduaren zain. Mendebaldea, Ameriketako Estatu Batuak eskuarki, gidoia betetzen, «Israelek defentsarako eskubidea dauka». Lau urte eta ura bere bidean Israelen. Ezer aldatu ez balitz legez. Israel Mendebaldea da. Baina Gaza ez. Palestina da, arabiar lurraldea, eta islamaren munduak zerikusi gutxi orain lau urtekoarekin.

Inor ere ez da orduan zena. Libano ez da ordukoa, Siria ez da ordukoa, Jordanian ikusi gabeko protestak dauzkate, erregearen abdikazioa eskatzeraino, eta zer esan Egiptoz. Hamas dauka agintean Egiptok, Anaia Musulmanak. Hixam Qandil Egiptoko lehen ministroak Ismail Haniya Gazan bisitatzea, irudikatu dezakezue antzeko ezer Berun urtua abian zela mugak itxita zeuzkan Hosni Mubarakekin? Atzo Tunisiako atzerri ministro Rafik Abdesslem Gazan izan zen.

Palestina aldatu egin da urteotan, baita Hamas ere. Zirt edo zart egin beharrez aliatu militar nagusiei bizkar eman die, Sirian hasi eta Iranera. Hezbollahrekin beste horrenbeste, baditu aski arazo Libanoren baitan. Baina Egiptoren eta Mendebaldearen aliatu diren beste erregimen suniten babesak presio diplomatiko garrantzitsuagoa ekar diezaioke. Are gehiago, Libia eta beste matxinaden ondoren, Gazan ere ez da armarik falta. Hamasek iragarri du orain arte baino gehiago eusteko eran dagoela. Bi mezu esaldi bakarrean: eusteko eran daude, ez Israeli irabazteko, baina luzeago eusteak eta egunotako indar erakustaldiak zer pentsatua ematen dio Israeli ere.

Ziur asko lehendik gura zuen Tel Avivek egunotako erasoa. Baina agerikoak izan dira oztopoak. Orain ere, nork esan behar zuen Avigdor Liebermann Defentsa ministro ultrak botatakoa: Gazaren aurkako lurreko erasoa ez dagoela erabakita, eta egitekotan ere, ez dutela Hamas gobernutik botatzeko asmorik. Palestinan omen zegoen deabru handiena on egin dute Gazan bertan, Sinaiko penintsulara hedatzen, hilabeteotan ibili diren talde salafistek.

Azaroaren erdialdean gaudela, hil bi falta oraindik Benjamin Netanyahuk deituriko hauteskundeetarako. Elkarrekiko mesfidantzan bizi arren, aliatu ere badiren Mendebaldeko eta musulman herrialdeetako diplomaziaren esku dago neurri handi batean indarkeria espirala amaitzea. AEBak, Qatar, Egipto, alde berean daude. Siria eta Iranen aurrean, esaterako. Azken datu bat: Palestinak Nazio Batuetan begirale legez onar dezaten eskatuko du datozen asteetan. Eta babes handia izango du.

Ezer ez da duela gutxi arte zen modukoa, esan dugu. Palestinarrak biztanleen erdiak dituen Jordaniari oso arreta gutxi jarri zaio orain arte, baina protestak zabalduz eta indartuz doaz. Monarkia haxemitak birritan aldatu du gobernua, baina monarkiaren aurkako mezuak ere entzun dira. Eskualdeko orekan pieza txiki baina ezinbesteko zirudien erregimena kolokan egoteak iragarri ezin den astindua ekar dezake. Siria, Irak, Palestina, Israel, Egipto eta Saudi Arabiaren artean egotea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Turkiak ez du ahotsa gehiegi goratu orain arte, paradoxikoki. 2009an Erdoganek egindako salaketek babes handia eman zioten arabiarren artean. Ume palestinarren hilketa salatu duen artean, berdintsu jokatu du herri kurduaren aurka. Dozenaka ume kurdu hil ditu, eta kazetarien espetxe handiena bihurtu du Turkia. Gose greban hilzorian ditu presoak. Bakarra hiltzeak indarkeria espirala ekarriko du atzera ere. Baina Mendebaldeak Gazarekiko isiltasunaren antzekoa dauka ezkerrak kurduekiko, Noam Chomsky eta beste salbuespen gutxi batzuk kenduta.

Arabiar udaberri deitu zitzaion, eta udazken ilun bihurtu da. Heriotzak Gazan, Sirian, Kurdistanen sarraskiak. Amazigek Libian piztutako itxaropenak zapuztu, eta Azawaden independentzia hondora. Eta Sahara mendebaldea, Tunisiaren aurreko matxinadetan abiapuntua, basamortuan ahaztuta.
BERRIAn argitaratua

No comments: