Vivianne Redingek, Europako Batzordeko ekonomia lehendakariordeak argi
esan berri du, Katauniako Estatuak Europarko Batasuna utzi behar duen
galdetuta: «Bai zera, nazioarteko araudiak ez dio horren antzekorik deus
ere». Independentistentzako mezu positiboa dirudien horren bestelako
bertsioa eman du Elmar Brok Euroganbera Atzerri arazoetako buruak:
aitortu du ez dagoela kide bihurtzerik beste kideren batek betoa jarriz
gero.
Bestela esanda: Europak ez dauka araubiderik, ez dauka ezer
iragarrita katalanek «barne hazkundea» deitzen dioten horretarako. Hau
da, Estatu batetik bi edo gehiago sortzeko hipotesia ez dute aintzat
hartu orain arte. Auzia konplikatua da, baina aski logikoa ere bai:
bikote bateko kideak edozein erako klub bateko kide badira, ez dirudi
bikotearen baitako gorabeherek kidetzari eragin beharko lioketenik.
Aldiz, mezua baldin bada Katalunia edo Eskozia ez direla Europako
Batasuneko kide, horien estatu diren Erresuma Batua edo Espainia
direlako kideak, bestelako ideia helarazten da: Katalunia edo Eskozia
Europako Batasunean nahi badituzue, osatu ezazue estatua eta sar
zaitezte izen horiekin.
Funtsean, mehatxua ez da Europa, estatua
baizik. Eskoziak aurki iragarriko du erreferendumerako Londresekin
adostu duen galdera. Hala, Londresek ez dio inolako blokeorik jarriko
balizko Eskozia independenteari. Gogoan har dezagun, urte hasieran
erreferendumaren bidea serio zihoala iragarri zuelarik, zein izan zen
zalantza: ez Londresek Eskozia sartzen utziko zuen ala ez, Espainiak,
mimetismoa eragozteko, betoa jarriko ote zion baizik. Azkenean, erantzun
logikoa eman behar izan zuen Madrilek: sezesioa Londresekin adostuta
baldin bazegoen, Espainiak ez zuen oztoporik jarriko. Ez genuen besterik
behar.
Arazoa da, beraz, Kataluniari betoa Espainiak jarriko ote
liokeen. Eta berriz ere ikusten dugunez, Auzitegi Konstituzionalarekin,
armadarekin zein Europarekin mehatxu egin, pilota beti leku berera doa:
Espainiara. Brokek argi esan zuen: «negoziatzea da gakoa, eta ez beste
ezer», armada erabiltzerik ote zeukan galdetu ziotenean. Egun berean
erantzun zuen Alejo Vidal-Quadrasek, autonomia kentzea eta Guardia
Zibila bidaltzea eskatu zuenean txantxetan ibili zela. Grazia latza
gizonak, bai. Ea antzekorik planteatzera ausartzen den, Gibraltar UEFAn
onartu dutela eta. Ederra izango da Espainia-Gibraltar partidaren bat
egokitzea zozketan.
Katalan elkarteak, herritarrak azken batean,
sutsu ari dira lanean. Bideari serio ekinez gero, garrantzitsua da
amaieraraino tinko heltzea. Nolabait esateko, bizitzako aukera da,
hordagoa, herritarrak mugiarazi ondoren bururaino eroan behar dituzu,
eta ez utzi ilusioa zapuzten, belaunaldi oso baterako galduko baita.
Horrexegatik ari dira estu hartzen Artur Mas. Erreferenduma lau urteren
buruan gura duela esan berri du, eta hori da promesak lausotzen hasten
diren denbora tartea. ERC eta Solidaritat alderdiek, gainera, ez dute
akordiorik lortu hauteskundeetara independentistak elkarrekin joateko.
Euskal Herriko ispilura begiratzean, garrantzitsua da aintzat hartzea
zenbat denbora behar izan den Bildu sortzeko. Hauteskunde bezpera da
horrelako egitasmo serioa osatzeko une txarrena.
Alderdietatik
kanpo, katalan herritarrek eurek egin beharko diete agintari eta
alderdiei presio berriz ere. Orain artean ederto behartu dituzte.
Espainia oso urduri jartzea lortu dute (eta urduriago gaur, mundu
guztiko milioika lagun Nou Campera begira daudela Els Segadors
kantatzen hasten direnean). Ari dira lanean Europan ere. Eta ziur
badutela bide orria zehaztuta. Hauteskunde sasoia da orain: flandriar
independentistek itxaropen handia daukate gaur zortziko udal
hauteskundeetan, hurrengo asteko EAEko bozekiko irrikaz daude katalanak
ere, eta Kataluniakoak datoz handik hilabetera.
Ordurako,
Eskoziak argituko du ziurrenik zein izango den 2014ko erreferendumeko
galdera. Sinplea, argia eta laburra behar du. Eta, galdera kopiatuta,
Eskoziaren lekuan Katalunia jartzen badute katalanek, arazo polita
sortuko zaio Espainiari.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment