Bederatzi lagun hil zituen bonba-auto batek astelehenean, hiru ume
tartean, Antep hirian (Gaziantep ofizialki). Gobernuak berehala PKKri,
Kurdistango Langileen Alderdiari, egotzi zion erantzukizuna, gerrilla
horrek biharamunean bertan ukatu arren atentatuarekin zerikusirik
izatea. «Ez dugu zibilen aurka jotzen», erantsi zuen PKKren agiriak.
Hala ere, BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduaren zortzi
eraikin erre dituzte astean zehar.
Kurdistango mugimenduak
Antepeko erasoa gaitzetsi du berriz ere. Baina Turkiako Gobernua
tematuta dago. Beste alternatiba oso itsusia zaiolako, Espainiakoari
martxoaren 11ko atentatuekin gertatu bezala. Erasoa Siriatik etorri
zaiola esan gura du. «Turkia Europan sartzear egotetik Ekialde Hurbilean
murgildu da, bere atentatu eta ume hilketekin», idatzi du asteon
herrialdeko iritzi emaile batek. Eta horixe da hain justu ere gertatu
dena. Egia da ez dela lehen aldia. Kurduek sarri salatu dute, Recep
Tayyip Erdogan lehen ministroak gogor hitz egiten du Israelen aurka
Gazako umeengatik, baina berdin-berdin dihardu Kurdistango umeen aurka.
Siriako
erregimenaren eta PKKren arteko lotura bilatzen ari da, ezin urduriago,
eta Washingtoni keinuren bat eskatzen. Siriako Kurdistanen, itxura
batean, ederto ulertu dute une historikoaren garrantzia: Turkiarekiko
eraso edo mehatxu txikienak pikutara bidaliko luke lortzen ari direna.
Eta asko ari dira lortzen, Karlos Zurutuzaren erreportajeek erakutsi
digutenez; kurduerazko irakaskuntzatik hasita.
Ankarak Siriari
leporatzen dio PKK indartzea, Turkia desegonkortzeko. Baina arabiar
udaberria baino lehendik dago, askoz ere lehenagotik, Kurdistango gerra.
Eta frogatzerik ez dagoen salaketa horrekin Siriari erasotzeko mehatxua
dator. Aldiz, aski frogatuta dago aurkakoa: Turkiak Siriako Armada
Askea deiturikoari baseak eman dizkio, handik Sirian sartu eta
Al-Assaden aurkako erasoak egiteko. Frogatu gabeko salaketarekin Siria
inbaditu badezake, zer egin beharko luke Damaskok denek onartzen
dutenaren aurrean? Ankara urduri dago, kurduak indartzen ikusita. Eta
Siriari ezin erasota. Iranek gaztigatu dio dagoeneko Turkiari ez dakiola
horrelakorik otu. Eta Errusia ere badago Damaskoren atzean, ezin
ahaztu. Washington ere geroz eta mesfidatiago ei dabil oposizioko
«bizardunekin», eta Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak ematen dioten
babesarekin. Kurdu laiko ezkertiarrek lurralde zati bat liberatzea,
azken batean, islamismoa mugatzeko era ere bada.
Baina horrek
Turkiaren moral bikoitza agerian uztea dakar ostera ere. Siriako suniten
aldarrikapenak babestu baina oposizioari presio egin kurduen eskaririk
eta autonomiarik onar ez dadin etorkizuneko Sirian. Turkiaren
zapalkuntza inoiz baino argiago geratzen ari baita. Kurduak bizi diren
eskualde txikienak, Iraken eta Sirian, burujabetzan sartuta daude. Eta
kurduen erdiak dauzkan estatuak, irekiera kosmetiko txiki baten ondoren,
gerrarekin erantzun du atzera ere 2009tik. Espainiako legez kanporatze,
egunkarien itxiera, alderdi, sindikatu eta gizarte zibileko
ekintzaileen espetxeratze eta antzeko neurriekin, gainera. Antzekoegiak,
kasualitatean sinesteko. Roboskik itxi zuen iazko urtea, 34 lagun hil
zituen bonbardaketak, 13 urteko ume ugari tartean. Joan diren
hilabeteotan etengabeak izan dira biktimen senideen atxiloketak,
sarraskia salatzeagatik. Asteazkenean, inguru berean, 21 soldadu
zeramatzan furgoneta maldan behera amildu zen. Bederatzi hil ziren, eta
dozena bat zauritu. Roboskiko herritarrek atera zituzten burdin artetik
eta sendagilearenera eroan. Hori da abegikortasun kurdua, ez sinestekoa.
Ekialderago, Semdinlin, Kurdistango borroka historiako orrialde berria ari da idazten. Hit-and-run
(jo eta alde egin) taktikak zerabiltzan gerrilla eremu askea lantzen
hasi da. Hilabete daramate borrokan eta Turkiako armada ezinean dabil
Iran eta Irakeko Kurdistango mugek bat egiten duten eremua
bereganatzeko. Euskaldunon lagun handia da Semdinliko alkate Sedat Tore.
Hernaniko alkate zela Marian Beitialarrangoitiarekin bat egin zuen
Veneziako topaketetan, eta tematuta dabil ordutik —urtebetetik gora—
herriak senidetu daitezen, eta loturak sendotu. Hilabeteko bonbardaketen
ondoren, baina, ez zaio elkartasunezko mezu bakar bat iritsi oraindik
Euskal Herritik. Sahararra-palestinarra-venezuelarra-andaluza balitz,
besterik izango zen, eta Bilboko Aste Nagusian bandera kurduren bat ere
egongo zen. Eta Erdoganez eta Gazako umeekiko hipokrisiaz akordatzen
gara.
BERRIAn argitaratua
1 comment:
Thankss for posting this
Post a Comment