Showing posts with label ANC. Show all posts
Showing posts with label ANC. Show all posts

2014-04-07

384 egun Kataluniako errepublikarako

Urtebete eta 19 egun, Kataluniako estatua jaiotzeko. Horrek esan gura du datozen hilabeteetan gertatzen den guztia azken aldiz gertatuko dela Espainiako mugen baitan: azken maiatzaren 1a, azken errenta-aitorpena, azken hamahiru nominak (baina ez azken pentsioak, Espainiak mehatxu eginda ere: Espainian kotizatu dutenei berdin ordaindu beharko die, Frantziak nafar basomutilei edo Espainiak atzerrian diren jubilatuei ordaintzen dien gisan), azken uda Espainiaren baitan, munduko azken Futbol Txapelketa Kataluniarik gabe, azken ikasturtearen hasiera irailean… eta azken Diada independentista, 2014koa. Garaipenaren V batekin, eta demokraziaren sinbolo den botoaren V-arekin agur esan asmo diote Espainiari, atzo ANC Kataluniako Biltzar Nazionalean onartu zutenez. Ez da erraza, ondo baino hobeto dakite. Baina aitortu beharko zaio ANCri konfiantza baino zerbait gehiago irabazi duela.

Nork ez du izan zalantza, kezka edo mesfidantza unerik prozesu honetan guztian? Udal galdeketetan sortu zen batzuen errezeloa; Etxarri Aranatzek bide berari helduko dio gaur zortzi. Aitortzen dut duela bost hil izan nuela beldurrik, galdera adosteko zeuden zailtasunak ikusita. Baina hura ere heldutasunez gainditu zuten. Horren ondotik, argi eta garbi: erabateko konfiantza dut ANCrengan. Signa un vot per l'independència (sinatu boto bat independentziaren alde) kanpainari ergelkeria iritziko nioke (alferreko zenbat sinadura-bilketa egin ote ditugu?), atzetik ANC ez balego. Atzo argi utzi zuten: sinadura horiek legitimazio (eta akuilu, bistan da) izango dira alderdientzat Aldebakarreko Independentzia Adierazpena egiteko. Eta egunotan Bartzelonako Diagonal etorbidea betetzeko egitasmoa filtratu delarik, arriskutsu iritzi nion: ekimen arrakastatsuen ondotik, bi milioiko manifestazio soila proposatzeak gutxitxo zirudien; irabazteko gutxi —indarra frogatu dute honezkero— eta galtzeko asko: badirudi milioi eta erdi kalera atera eta porrot egin duzula. Baina proposamena osorik ezagututa, V horrek, munduari egindako dei horrek, dena aldatzen du.

Kataluniako sezesioak, Kataluniako errepublika independenteak, etzi dauka tramite garrantzitsuenetakoa. Madrilen, Espainiako Parlamentuan, erreferenduma egiteko baimena eskatu eta ezetz esango diete. Badakigu emaitza, noski, baina ez dezagun gutxietsi: Kataluniak aldarrikatuta dauka subiranotasuna, eta estatu bezala egituratzeko, ahalik modu txukun eta demokratikoenean negoziatu nahi du orain arteko estatuarekin. Lana demokratikoki eta garbi egiteko. Espainiarekin azken eztabaida dauka Kataluniak etzi. Honezkero utzi dio Gaztelara begiratzeari, eta munduari mintzatzen zaio. Isilik dago mundua, baina uste baino begi gehiago daude auziaren gainean. Asteartean, argi geldituko da nork negoziatu gura duen eta nork ez, nork bozkatu nahi duen eta nork debekatzen duen botoa, nor oinarritzen den demokrazian eta nor nazionalismo baztertzailean. Hortik aurrera, independentziak baino ezingo du ekarri demokrazia.

Ekainaren 8an Europari berba egingo diote (proposamen interesgarria dakar orriotan gaur Martxelo Otamendik), hainbat hiritan casteller-ak altxatuta. Udan dena berotzen da, eta irailean tramuntana ekaitzak daude Mediterraneoan. Ordurako espero dute Espainiaren oldarraldi gogorrena, eta horren araberako jokalekuak prestatu ditu ANCk. Lau bide, 2015eko independentzia-aldarrikapenera iristeko (tartean, hauteskunde plebiszitarioetan zerrenda bakarra aurkeztea. Europakoetan ere proposatu zuen, eta ez da irten. Baina CUPek berak esana du CiUrekin bat egiteko aukera bakarra, une zehatz horretan baino ez dela). Hortik aurrera, Konstituzioa prestatu eta 2015eko Diadan onartu beharko lukete.

ANCren bide-orria betez gero, ez dakit 2015eko udal hauteskundeekin zer gertatuko litzatekeen. Nafarroako erregimena amaitzeko unea litzateke, baita Valentzia eta Balear Uharteetan aldaketa gertatzekoa ere. ANCren bide-orrian aipatzen dira «nazioaren beste lurraldeak»… eta aitortzen die halaber Aran ibarreko biztanle okzitanoei naziotasuna, modu federalean Kataluniako Errepublikarekin bat egiteko, betiere autodeterminazio eskubidea bermatuta. Horri buruz, egingo dugu berba datozen egunetan. Baina oso ederra da Mediterraneoko bazter horretan gertatzen ari dena.

BERRIAn argitaratua

2014-03-16

Kataluniako Bide-orria 2015eko Sant Jordi egunera

Aipatu dizuet behin edo behin: ez naiz behin ere egon Katalunian Diada Nazionalean, baina katalan adiskideekin ospatu dut azken urteotan. Belgraden 2011n, esaterako. 2012an, Korean. Iaz, Islandian animatu gintuzten lagunek gure giza-katetxoa egitera.

Euskal eta katalan PENeko lagunak batu ginen Belgradeko hartan. Josep Maria Terricabras irakasle eta ERCren Europako hautagaiak azken hilabeteetako mugimenduak aipatu zizkigun, zenbat hitzaldi egin zituen Girona aldean eta Kataluniako beste hainbat lekutan, eta esan zigun hurrengo urtean aurkeztuko zutela egitasmo osatua. BERRIAn munduko begirada hauekin hasi berria nintzen, baina laster usaindu nuen Terri-k iragarritakoa 2012ko martxo hartan, ANC Kataluniako Biltzar Nazionala aurkeztu zuenean. Distantziak eragotzi egiten zigun kontatzen zigun haren dimentsioa baloratzea: eremu intelektualean egindako urratsak ote ziren, mugimendu independentistak indarrak biltzeko ekimena ala zer. Eta «ala zer» erraldoia zen, inondik ere. Hasierako sekretu haietatik gaur artekoa ezaguna da: milaka hitzaldi, agerraldi eta kolore guztietako ekimen, manifestazio erraldoia eta giza-kate sinestezina, eta Katalunia independentziara zuzen eta abiada bizian jartzea. Urte biko balantzea da hori. Badakigu hori guztia ez datorrela hutsetik, Auzitegi Konstituzionalaren sententzian hasi eta udalerrietako galdeketetara, egungo egoera azaltzeko baldintzatzaile asko daudela.

Aitortu behar dut plangintza haren seriotasunak eta epe zorrotzek —sei hileko tarteetan eginda, 2012ko martxoaren 11n abiarazi, urte erdira Diada eta hortik aurrera— eskemak apurtzen zituztela, helburua argi markatuta zeukalako: Kataluniako estatuaren aldarrikapena 2014 honetako Diada egunerako. Ez da zehazki horrela izango, baina ezin uka 24 hilotan oso zehatz joan direla gainditzen markatu zituzten mugarriak. Beraz, plangintza doituz joan dira, baina era berean protagonismoa irabazten, eta katalan politikako akuilu transbertsal indartsuena bihurtu da ANC.

Hala, data egokitu dute: 2015eko apirilaren 23a. Nekez data ederragorik. Esan dut Diadan ez naizela egon Katalunian, baina Sant Jordi egunez bai, bizpahiru aldiz, eta berez ederra bada, zer esan literaturazaleontzat, inbidia magiko bat pizten du liburu-egunak Bartzelonan. Ordurako joana izango da 2014 hau, jakingo dugu zer erabaki duten eskoziarrek, eta atzean geldituko da azaroaren 9a, Espainiako debekuarekin eta horri aurre egiteko erabilitako hautuarekin, izan hauteskundeak zein beste edozein. Egiaren ordua iristen den horretan beraz, «unplug» unean, zilbor-hestea mozteko orena iristean, eskuak zikintzea dator, norbaitek atera behar du entxufea.

ANCk ez du bazter utzi gaia; politagoa da, noski, indarrak biltzea, musika-emanaldiak, manifestazioak zein giza-kate erraldoiak antolatu eta kudeatzea, baina helburuaren perspektiba galdu barik: estatua sortzeak sezesioa gauzatzea dakar halabeharrez. Asko dira independentzia-aldarrikapena egin dutenak, Palestinan hasi eta han-hemengo protesta talde zein indigena-erakundeetara. Baina begi bistakoa da inork ez duela zinez gauzatu. Besteak beste, egiaz independente izateko, hori egiaztatu egin behar delako, hau da, lurralde hori ez dela gehiago lehengo Estatuaren «dependente». «Full de ruta» edo Bide-orriak hamasei orrialdetan jaso ditu independentziarako lau bideak: galdeketa adostua, adostu gabea, hauteskunde plebiszitarioak edo, autonomia ere kenduz gero, udal-ordezkarien biltzarra. Unea iritsita, lurraldearen kontrola herritarrek hartzea aurreikusten du, segurtasunetik hasi eta muga eta portuetara, eta datozen asteetan hasiko den lanaren bidez, argi erakustea munduari lurralde burujabea dela. Besteak beste, herritar gehienek zergak Katalunian utziko dituztelako. Krimearekiko konparazioak eskatu dituztenak, ez bilatu gaurko galdeketan, katalanek hori baldintza demokratikoetan egin gura dute eta: bilatu lurraldea kontrolpean eta ordura arteko Estatutik bereizita izateak —nahiz eta inbasio baten bidez izan Errusian— dauzkan ondorioak.

Hautsak harrotu ditu Espainian ANCren egitasmoak. Errepresio-eskari gogorrak ohi bezala egunkari ultretan hasi dira, eta zirimiria bezala Gobernuraino iritsiko delakoan nago. Geroz eta serioago joan, prozesua edo Gobernua kolpatu baino lehen, ANC bera jarriko dute jomugan. Euskal Herrian balitz, egon ziur, aspaldi legoke Auzitegi Nazionaleko epaileren batek debekatua. Eta buruzagiak espetxean. Katalunia hain hurbil, eta Estatu beraren menpe egotea, euskaldunok sekula eskertu ezingo dugun zortea da.

BERRIAn argitaratua

2014-01-12

Urratsez urrats

Kataluniatik Euskal Herrira dagoen bidea inoiz baino laburragoa izan zen atzo. Ezingo dugu 2014ko 52 asteak urte historikoan gaudela esaten eman, baina behin baino gehiagotan ezinbestean beharko du. Kataluniaren lobby-a izan zein berariaz etorri, Europan ari da bere bidea egiten, eta politika eta gizarte-zientzietako aldizkari garrantzitsuetan hasi dira agertzen gaiari buruzko analisiak. Independentisten aurkako mehatxu gehienen absurdua agerian uzten du: Europatik kanpo geldituko zara, inork ez zaitu onartuko, automatikoa izango da... Bereizi gura duen emazteari senarrak egindako mehatxuetan laburbil liteke: «Nora joango zara zu ni barik ba?»

Lehengo astean esan bezala, Europan ez dio inork esan Kataluniari independentzia ezinezko dela, ez daukala bereizterik, Espainiak batuta egon behar duela. Ez diote horrelako babesik eman Madrili. Eskoziako erreferendum adostua hain hurbil egoteak ere lagundu egiten du: benetan uste du norbaitek Europako estatuek bost milioi biztanle kanporatuko lituzketela? Europar Batasunean egon nahi duten Europa aberatseko bost milioi lagun? Bada Katalunia are handiagoa da. Azken inkestetan, Erresuma Batuko biztanleen ehuneko 33k baino ez dute nahi EBn gelditu, eta alde egitearen aldeko dira % 50. Eta uharteko nazio europazaleena kanporatu? Egia da, ezinbestean, kide den estatu baten zatiketak eta estatu berri baten sorrerak eragin handia leukakeela Bruselan. Hau da, Martinika edo Guyana edo Karibeko beste koloniaren bat Frantziatik bereiziz gero, litekeena da Europar Batasunetik kanpo geratzea. Baina Eskozia eta Katalunia edo Euskal Herria edo Flandria, ez. Europarentzat ere absurdua litzateke-eta gaur hutsunerik gabe mapan horrelako zuloa sortzea. Sarritan ahazten da zenbat arazo dakartzan Errusiaren menpeko Kaliningraden estatus bereziak, Lituania eta Poloniaren artean. Ezer bada, pragmatikoa da Europa. Ez du horrek esan gura estatu berriak automatikoki bat egingo lukeenik. Baina kanporatu edo integratu dikotomian, zalantza gutxi, pragmatismoa gailenduko dela bai. Espainia haserretuta ere, jaramon gutxi egiten diote Kosovon.

Bide horretan, urrats txiki baino esanguratsuak izan dira egunotan. Eskozian, Alex Salmond lehen ministroak iragarri du hirugarren mailara arteko umeek dohainik bazkalduko dutela eskoletan. Mezua erraza bezain sinplea da: independentzia, hobeto bizitzeko. Erresuma Batuak, bide horretan, eztabaida erraztu ere egiten du, tory-ek eskuin muturrarekin Londresen daukaten lehiari esker. Ingalaterra geroz eta eskuinerago horrekin bizi, ala Eskandinaviako babes sozialera begira ari den Eskozian? Independentistak Sareak Eskoziari buruz argitaratu zuen liburuan, Salmonden jarrerari oztopo garrantzitsu bat antzematen zioten: independentzia hain era sosegatu eta patxadazkoan saldu nahi izatea. Hau da, gauza bat da herritarrei lasaitasuna ematea, unionistek iragartzen duten hondamendiaren aurrean, eta beste bat esatea denak berdin jarraituko duela. Zeren eta, berdin jarraitzeko, hobeto etxean gelditu. Beraz, polarizazio bat beharrezko du estrategia independentistak.

Katalunian polarizazio hori ez da ia bilatu ere egin behar. Biltzar Nazionalak 2014ko egitasmoa aurkeztu du, mezu argi batekin: independentzia ez bada lortzen, katalan herritarren erantzukizuna izango da. Hau da, oraindik ere kalera irten beharko da, inoiz baino gehiago, gainera. Inoiz ez dut sinadura bilketetan askorik sinetsi, baina asteburu honetan era masiboan egin dute, eta Katalunian egiten diren urratsetara sinetsi beharrean gaude, azken urteotan zenbat aldiz txunditu gaituzten jabetuta.

Bultzada horrek hurrengo pausu garrantzitsua datorren astean du. Ados, barregarri samarra da Espainiari erreferenduma egiteko baimena eskatzea. Baina eskatzetik askatzera doan bideko azken urratsetakoa da.

BERRIAn argitaratua

2013-11-24

Bidea argitzen

ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak atzo argitara emandako agiriak puntu interesgarriak ditu. Lehen bietan erreparatu da orduotan, baina berritasun gutxien dutenak dira: 2014an galdeketa ezinbestekoa dela, eta ANCren proposamena maiatzaren 31 baino lehen egitea dela ezaguna zen lehen ere. Europako hauteskundeen ingurumarian antolatzea mahai gainean egon izan den planteamendua da, baina baztertu ere egin da horrexegatik beragatik: nazioarteko legitimazioak berebiziko garrantzia dauka, eta beste hauteskunde batzuekin batera egiteak ez litzateke Bruselaren oso gustuko.


Hurrengo bost puntuetan dago adierazpenaren mamia: Espainiari galdeketa egiteko baimena eskatzea ez du baztertzen, baina tramite gisa ikusiz gero («ezin da aitzakia izan galdeketa atzeratzeko»). Hortxe dago gakoetako bat: Kataluniako gizarteak borondatea argi adierazi du, 2010ean Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurkako erabakiak 2012 eta 2013eko jendetzak ekarri ditu Diadan, baina jendearen erantzun hori data bat zeukan konpromisoarekin gertatu da: «mobilizatu zaitez, eta 2014an estatu independentea lortuko dugu». Datak berebiziko garrantzia dauka, mobilizaziorako bezainbat desmobilizaziorako. 37 egun falta dira 2014an sartzeko. Erreferendumaren data eta galdera izateak areago indartuko du independentismoa, aktibazioa ekarriko du muga horren hurbil ikusteak. Gizartearen polarizazioa ere bai, noski, prozesu sezesionista guztietan legez, baina asteon agerian gelditu da ERCren independentismo eta Ciutadans-en unionismo argiek erakarri dituztela herritarrak, CiUren, PSCren eta PPren kaltetan.

«Katalunia estatu independentea izatea nahi al duzu?» da ANCk proposatzen duen galdera. Beste batzuek «izan» aditzaren ordez «bihurtu» hobetsi izan dute, baina ñabardura txikiak dira. Lehen hiru hitzek dute garrantzia, galdera zehatz eta laburra izateko. Baztertu samar zeuden UDC eta PSCren sasiproposamen eta ustezko hirugarren bideak behin betiko ezabatzen ditu gainera. Funtsean, herri batek erabaki dezake bereiztea eta estatu berria sortzea bere kabuz, baina federatzea edo antzeko erabakiak hartzeko, ezinbestekoa da beste aldearen oniritzia. Dibortziorako aski da batek nahi izatea, ezkontzeko, bien borondatea behar da. Ez da hutsala, halaber, biltzarrean ziren Convergencia alderdiko ordezkariek esatea bat datozela galderarekin, eta esku artean dutenaren ildoan doala.

Izan ere, Artur Masen alderdiaren keinuak, ANCk egiten dion keinuari ere erantzuten dio. Adierazpenaren bost eta seigarren puntuek katalanak batu beharra azpimarratzen dute. Teorian denak bat datozen zerbait da, independentzia lortu duten lurralde guztietan gertatu da hori. CUPek berak esana du CiUrekin bat egingo duen une bakarra, hori bera izango dela, independentzia-aldarrikapenean denak batuta egon behar diren horretan. Baina seigarren puntuan jauzia Europako hauteskundeetara daroa ANCk. Boz horietara elkarrekin aurkeztearen alde CDC baino ez dago gaur egun, inkestek adierazten duten porrota ezkutatzeko bide gisa. Baina ERCk ere adierazi du inkesta horiek ez direla garrantzitsu, ez eta hauteskundeak irabaztea ere... eta alderdi batek, oso une berezietan baino ezin du hori esan. Gure herrian gutxi bezala, europeista konbentzitua naiz, baina hauteskunde horiek, tamalez, ondorio gutxi: Europako «gobernua» estatuena da eta Parlamentuaren rola aski txikia, eta Espainiako barruti bakarra iruzur handia da. Paradoxikoki, Katalunia Europatik kanpo geratuko litzatekeela diotenentzat, argudio polita da: zelan da posible herritarrak kanpo eta ordezkariak Parlamentuan egotea?

Hilabete falta dugu 2014rako, eta bidea argitu behar da independentzia benetako aukera izateko. Horixe egingo du Alex Salmondek etzi, Liburu Zuria aurkeztuta. Independentzia ezkertiarra izango da Eskozian edo ez da halakorik izango: independentziak Ingalaterra kontserbadoretik bereiztea esan nahi du, UKIPeko antieuroparrez libratzea, klasismoa eta neoliberalismo basatia baztertzea, eta eskubide sozialetan eta Estatuaren babesean oinarritutako herrialde berria eratzea. Eskozian ere, 2014an, herritarrak informatzeaz bat, Westminsterrek eskuinerantz jotzen jarraitzea dute itxaropen. ANCk argi esan du argi hitz egin behar dela. Eta azken puntuan ohartarazten die alderdiei: behin eta berriz herriak eskatu dizuena egin, ala herriak berriz ere kalera irten beharko du. Inoiz baino gehiago, herritarren ordua da, eta ordezkariak estu hartzekoa.

BERRIAn argitaratua

2013-06-30

UDIa nola egin

Urteak bide erdia egin du gaur. Kataluniako sezesio-prozesuan mugarrietako bat behar zuen datak Artur Masek Espainiako Gobernuari erreferendumerako baimena eskatzeko epea baitu. Nola-hala, betetzat jo dute urrats hori, Erabakitze Eskubidearen Aldeko Itun Nazionala eratuta, eta hor adostutakoa Madrilera bidaliko dutela iragarrita. Solidaritat alderdi independentistak kritika egin dio Masi eta ERCri, Gobernu itunean dakarrenaren arabera («Espainiako estatuarekin negoziazio eta elkarrizketa-prozesua irekitzea, erabakitze-eskubidea egikaritzeko, erreferendumera deitzeko aukera ere barne duela»), erreferendumeko galdera honezkero egon beharko litzatekeela iritzita. Datozen sei hilotan egingo ei dute urrats hori, kontsulta bera iragartzeko unean.

Basquitis deitu izan diote katalanen euskaldunokiko lilurari. Katalanitisa ere puztu da gurean aspaldion. Euskal Herriak daukan lagunik onena non dagoen zalantzarik balego ere, bart Nou Campen izan dira Gorka Knorr eta Fermin Muguruza, jendetza bildu duen ekitaldian. Hausturaren edo deskonexioaren unean basquitis edo euskal suhartasun pixka bat beharko dutelakoan daude geroz eta gehiago. Espainiari lotzen dituen entxufea ateratzeko uneaz ari dira, zero momentu hori zelan landu.

Duela urtebete ANC Kataluniako Biltzarrak aurkeztutako plangintzan ameskeria zirudien 2014ko irailean erreferendumera deitzea. Egun, epe luzeegia dirudi, adituren batek adierazi legez: ezin da herria etengabe mobilizatuta egon. Herri-ordezkariek ere beren lana egin behar dute. Kataluniako herriak bultzatuta, ERCk babestuta, Artur Masen gobernuak agindutako urrats kolektiboak bete ditu orain arte. Madrilekikoak Masek berak egin behar ditu, herria atzean eta aurkaria aurrez aurre duela, konfrontaziora doala jakitun. Espainiarekin negoziatzea alferrik baina egin beharrekoa dela jakinik. Galdeketa legezkoa izatea zail du; beraz, legitimitatean dago gakoa. Auzia gero nazioartean jokatzen baita. Zuk lana txukun egin baina inork aintzat ez bazaitu hartzen, alferrik ari zara. Espainiak daukan karta garrantzitsuenetakoa da hori.

Kataluniako herria prest eta gogotsu dago 2014an estatua eratzeko. Sinetsita dauka egungo arazo askoren konponbidea estatu horretan dagoela. Europan eskualdeak haurren patioa dira, erabaki ezinik, eta nagusien patioa, estatuena begi bistan dauka Kataluniak. Badaki horra joan behar duela, are gehiago, atea zeharka dezakeela uste du. Eskoziak, estatu burujabeen zelaian jokatzeko, erreferenduma irabazi behar du atea zeharkatzeko. Hala adostu du atezainarekin, eta etxekoak konbentzitzea dator orain. Hori da ideala, galdeketa lasaia, eta irabaziz gero trantsizio epe labur bat, agintea eskutik eskura pasa, banderak jaistearen protokoloa eta hori guztia. Erresuma Batuak inork baino gehiagotan egin du hori XX. mendean mundu zabalean.

Baina Espainian, denik eta amesgaizto handiena da bandera jaiste hori. Kataluniak etxea konbentzituta dauka, baina ateaz beste aldera joateko Espainia abusatzailea dauka, pasatzen ez uzteko. Mas lehendakariak garbi eta aratz sartu nahiko luke estatuen klubean. Atera hurbiltzen ari da Katalunia, eta ziur aski atezainari bultza egitea eta arineketan irtetea beste biderik ez du izango. Sakada bakar baina irmo bat abusatzailea botatzeko; altxatzen denerako, kanpoan egongo dira, agian Islandia edo antzeko herrialderen baten oniritziarekin. Guk ere atezainik ez dagoen une horretan irten beharko genuke, behingoan «gu» nor garen adosten badugu.

Horrek praktikan esan nahi du Kosovon bezalako Aldebakarreko Independentzia Adierazpena egitea (UDI, ingelesez). Une horretan, eskuak zikintzea dator, eta Espainiako Estatua neutralizatzea Katalunian. Izan ere, independentziarako lehen neurria zure lurraldearen gaineko kontrola da, gurean kontrol berdeek behin eta berriz argi uzten diguten legez. Lurraldearen kontrolik gabe UDI bat inork ez du serio hartuko. Katalunian are zailago dute, Madrilek finantzaketa etenda.

Lurrikara unea da hori, bai. Ahalik laburrena izan behar du, baina lurrikara dakar zure territorioaren kontrola hartzeak, Estatuko ordezkaria indargabetzeak, esaterako. Une horretara arte, nazioarteak ez du atzamarrik mugituko. Gero Europak, beti bezala kontserbadore, gatazka eragoztea izango du lan nagusi; une horretan lehen aldiz, aintzat hartuko ditu bi subjektuak, Espainia eta Katalunia.

Hirugarren subjektua zelan izan geu? Euskal Herrian ere ari gara erabakitze-eskubidean eta gizarte-aktibazioan lanean. Aurrez aurreko elementua falta zaigu, ordea: Bartzelona, Generalitat-a, president bat. Iruñea, Gasteiz, nork bideratuko du hori? Elkarrekin egingo duzue? Planifikazioak beharrezko dira, baina jakin behar da karta guztiak ez daudela zure esku. Eta urtebete barru Espainia KO egon liteke, 1898tik egon ez den legez, Kataluniak independentzia aldarrikatuta eta Europaren presiopean, negozia dezan. Pentsatu beharko da Gasteizek, Iruñeak, biek ala bietako batek, nork gidatzen duen herri hau handien patiora. Agian abusatzailea berriz jaiki eta atea beste 116 urtean itxiko du eta.

BERRIAn argitaratua

2013-03-24

Edinburgo eta Diyarbakir

Eskoziak independentzia prozesuaren lehen detaileak argitaratu zituenean, duela urtebetetik gora, euskal independentista batek baino gehiagok galdetu zuen ea olatua hartzeko gai izango zen. Inplizituki, ezetz zioen erantzunak, ordura arteko olatuak, Quebec eta abar, hartu ez ziren legez. Kurduentzat historikoa izan den Newroz egun berean Edinburgon azken kartetako bat argitu dute: independentzia erreferenduma ez da 2014ko udagoienean izango, uda amaitzear dela baizik, irailaren 18an, ostegunarekin.

Entzun dut Abdulla Ocalan, ikusi ditut kurduak hunkituta, eta entzun dut Alex Salmond. Inbidia ematen du, baina ez duela urtebete beste. Kurdistan Ekialde Hurbilean dago, ustez hain urrun, eta, bertaratzean, gugandik uste baino askoz hurbilago dagoen nazioarekin egin nuen topo: ez gerrilla armatuagatik, horren balioa onartuta ere, estatuaren aurka bezainbat tradizio feudalaren eta patriarkatuaren aurka. Hizkuntzaren defentsak, ukazioak, berehalako zubia eratzen du. Baina begi bistakoa da 2013ko Euskal Herriak hurbilago beharko lukeela Eskoziako prozesutik Kurdistanen zabaldu denetik baino. Areago, Kurdistan bera Euskal Herriko urratsen arrastoan suma daitekeelarik.

Eskozia ere ez dut urruneko. Are hurbilagoko beharko luke, baina gaur-gaurkoz Kurdistanen dirudi begiak —gatazken konponketan, bakegintzan—, Eskozian baino gehiago —sezesio-prozesuan—. Berriz diot, maite dut Kurdistan, eta pozgarriak dira azken hilotan Euskal Herritik eta Euskal Herrirantz dauden loturak. Bakegintzan zer ikasia baldin badago, bikain. Kurduentzako gure lezio handiena gaur bertan eman dezakegu, Baionan, hamaika egunez egin dugun korrikaldian. Baina begiradak Edinburgon behar zuen, eta Newrozen suak liluratuta geunden.

Katalunian aurkako kasua daukate. Han Eskoziatik urrundu beharra nabarmendu dute, baina ez data goizegi delako, beranduegi baizik. Hala adierazi du Oriol Junquerasek, galdeketa 2013an bertan egitea proposatu duelarik. Katalanentzat gaur Londresek dauka interesa, ez Edinburgok.

Errezeloa handitzen ari da independentisten artean, Artur Masek ez ote duen isilpeko planik Madrilekin negoziatzeko. Estu hartu beharko dute. Urrunegi joan dira honezkero gutxienez, atzera egiteko. Joan den astean ANC Biltzar Nazional Katalanak argi erantzun zion aurtengo Diadako erronkari: iazkoa bikaina, perfektua izan zen, alferrik saiatuko lirateke —ai, euskaldun demazaleak— hura hobetzen, jende gehiago erakartzen. Giza-katera deitu dute. Hasieran manifestazio erraldoia baino gutxiago dirudi. Baina 1988an Baltikoko ekintza sinboliko garrantzitsuenetakoa izan zen, Vilniustik Tallinnera osatu zuten bi milioi laguneko giza-katea. Handik etorri zen independentzia aldarrikapena. Galdeketarako ate oro itxiz gero, Kataluniari ere geratuko zaion bide bakarra Parlamentuaren aldarrikapena izango da. Halaxe gertatu da gehienetan, azkena Kosovon, baina aurretik ere sarritan. Katalanak 1988ko Lituaniara begira, eta ni 1988ko Halabjara.

Galdeketa 2014ko maiatzaren 31 baino lehen egitea eskatu du ANCk; Europako hauteskundeekin batera izatea ere iradoki izan da. Urte bereko irailean erantzungo diote eskoziarrek «Eskoziak herrialde independente bihurtu behar al luke?» galderari. Galdeketa sezesionista bien artean, hirugarrena, beste bide bat planteatzen duena: 2014ko uztailaren 20an Belgikako hauteskundeek azken dibortziorako emaitza garrantzitsua ekar dezakete. N-VA Flandriako Aliantza Berriak argi esan du bozak irabazita ere ez duela independentzia aldarrikatuko. Baina iragarri ditu Walloniarekiko azken loturak eteteko asmoak: Gizarte Segurantza, fiskalitatea eta enplegu-politika Belgikatik Flandriara pasatzea nahi du N-VAk. Urratsez urratseko bide horri begiratu beharko dio halabeharrez Euskal Herriak, beste bi nazioen erritmoari jarraitzerik ez badu. Non eta, lehen galdeketa ez den Euskal Herrian bertan egiten, Nafarroako biztanleei hitza itzulita. Bakegintzaren ondoan lurraldetasunaren auzia baita oztopo nagusi, euskal alderdiak gerarazten dituena, prozesu independentistarik abiarazteko.

BERRIA-n argitaratua

2012-09-09

Diada

Jendetza bilduko da etzi Kataluniako egun nazionalean Bartzelonan. Eta katalan suharrenetatik urardotuena bildu ohi duen ekitaldian independentismoak hartuko du protagonismo osoa. Arrakasta handia ari da izaten Biltzar Nazionalaren deialdia, eta gogoan izan behar da Biltzar horrek bide-orria osorik markatuta daukala, bi urte barruko Diadarekin batera independentziarako erreferenduma egiteko. Gauzak nola doazen, horrenbeste eutsiko dioten ere izan da galdera. Ferran Requejo katedradunak ere orria argi ikusten du —bidenabar, ostiralean Bilbon izatekoa da—: Espainiak ezetz esango dio Kataluniako Parlamentuak onartutako itun fiskalari, eta Artur Masek hauteskundeak aurreratu beharko ditu. Itun fiskalik gabe, katalanek inoiz baino argiago ikusten dute ez daukatela Espainiaren baitan bizitzerik, Espainiak ez diela bizitzeko aukerarik ematen, katalanek horretarako prest egon arren. Eta hauteskundeen ondoren, independentziaren aldeko guztiek osatu beharko lukete gobernua, hori ondo bideratzeko. Auzi korapilatsua, eta gutxitan aintzat hartzen dena, nazioarteko aliantzak bilatzea da.

Eskoziak edo Quebecek ez dute halakorik behar, bertako mugimendu independentistei bost axola zer esaten duten Kanada eta Erresuma Batua ez beste herrialdeek. Badakite Londres eta Ottawarekin negoziatu behar dituztela negoziatu beharrekoak. Azken hilabeteotan mendebaldeko demokrazia liberaletako fenomeno sezesionistak zertxobait ikertuta, agerikoa da Espainia dela besteekiko desberdin. Eta «dena ala ezer ez» politikarekin historikoki dena galdu duena. Kataluniak behin eta berriz egindako proposamenei iseka egin diete. Asteon aipatu du Josu Erkoreka parlamentari jeltzaleak, nazionalista katalan baten berbak gogora ekarriz: «Galdetu ziotenean zeren inbidia zuen Quebecekiko —Kataluniak baino botere eta eskumen gutxiago dituen probintzia izanik— Kanada erantzun zion: 'Quebecetik falta dudana —esan zion— Kanada da; erreferenduma antolatzeko prest den Estatu demokratikoa, bere lurraldeetako bateko herritarren gehiengoak hala eskatuz gero'. Orain euskal nazionalista batek Eskoziatik mira egiten duena Erresuma Batua da».

Garrantzitsua da oharra, Quebecen independentismoak gora egin ei duen honetan. Han zein Eskozian, prozedurak du garrantzia, independentzia ala status quo-a hautatzen duten gutxienekoa da. Baina aski hedatutako ideia da Estatu demokratiko batek berre herritarren legitimitatea behar duela. Argudiatu daiteke autonomia daukana autodeterminatzen dela bertako gobernua hautatzen duenero. Baina herritarrek behin eta berriz adierazi badute Estatuarekiko beste harreman bat nahi dutela, Kataluniak bezala, Estatu horren betebeharra da eskaera horri erantzutea. Financial Times-eko David Gardner-ek argi azaldu du: independentistek ikusi dute Raxoiren gobernu intrantsigentea aliatu ordainezina dutela euren kausarako. Kataluniara begira egongo diren euskaldunez dihardu.

Etziko mugarria izango da Katalunian. Baina bidea aspaldi hasi zela gogoan hartu behar da. Espainiak hauspotu egin du baretzen saiatu ordez. Eta egiaren ordua hurbiltzen ari da. Eskuin muturrak bota ditu mezu kolpistak. Hori bera iragarri zuen euskaldunontzako analisi onenetakoa egin zuen Alberto Pradillak duela hiru urteko Gara-n. Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari emango zion erantzuna asmatu zuen, bidenabar, Folklorearen eta Hardcorearen artean artikuluan, hainbat udalerritan antolatutako galdeketei buruz: «Kontsultak rol joko bihurtzea da arriskua, non berdin bozka daitekeen Kataluniako independentzia zein Lord Gandalfi jarraitzea elfoen diada batean. Baina arrisku degeneratiboa gaindituz gero, espainiarren betoa benetan gaindi daiteke. Orduan erabaki beharko dute katalanek pin-desfileen, itsasgailuen eta kamiseta independentisten folklorearen eta hardcorearen artean, hori izango baita Espainiaren erantzuna independentziaranzko urratsak eraginkorrak baldin badira».

Arrazoi du Requejok independentismoak diplomazia lan garrantzitsua egin behar duela gogora ekartzean. Espainiar eskuin muturrak dio Eskoziaren eredua dutela katalanek, eta Kosovokoa euskaldunek. Eta Raxoi Milosevic bada, zein ate jo beharko da independentziak babes ditzan otsoaren aurrean? Washington? Berlin? Buenos Aires?

BERRIAn argitaratua