Jendetza bilduko da etzi Kataluniako egun nazionalean Bartzelonan. Eta
katalan suharrenetatik urardotuena bildu ohi duen ekitaldian
independentismoak hartuko du protagonismo osoa. Arrakasta handia ari da
izaten Biltzar Nazionalaren deialdia, eta gogoan izan behar da Biltzar
horrek bide-orria osorik markatuta daukala, bi urte barruko Diadarekin
batera independentziarako erreferenduma egiteko. Gauzak nola doazen,
horrenbeste eutsiko dioten ere izan da galdera. Ferran Requejo
katedradunak ere orria argi ikusten du —bidenabar, ostiralean Bilbon
izatekoa da—: Espainiak ezetz esango dio Kataluniako Parlamentuak
onartutako itun fiskalari, eta Artur Masek hauteskundeak aurreratu
beharko ditu. Itun fiskalik gabe, katalanek inoiz baino argiago ikusten
dute ez daukatela Espainiaren baitan bizitzerik, Espainiak ez diela
bizitzeko aukerarik ematen, katalanek horretarako prest egon arren. Eta
hauteskundeen ondoren, independentziaren aldeko guztiek osatu beharko
lukete gobernua, hori ondo bideratzeko. Auzi korapilatsua, eta gutxitan
aintzat hartzen dena, nazioarteko aliantzak bilatzea da.
Eskoziak
edo Quebecek ez dute halakorik behar, bertako mugimendu
independentistei bost axola zer esaten duten Kanada eta Erresuma Batua
ez beste herrialdeek. Badakite Londres eta Ottawarekin negoziatu behar
dituztela negoziatu beharrekoak. Azken hilabeteotan mendebaldeko
demokrazia liberaletako fenomeno sezesionistak zertxobait ikertuta,
agerikoa da Espainia dela besteekiko desberdin. Eta «dena ala ezer ez»
politikarekin historikoki dena galdu duena. Kataluniak behin eta berriz
egindako proposamenei iseka egin diete. Asteon aipatu du Josu Erkoreka
parlamentari jeltzaleak, nazionalista katalan baten berbak gogora
ekarriz: «Galdetu ziotenean zeren inbidia zuen Quebecekiko —Kataluniak
baino botere eta eskumen gutxiago dituen probintzia izanik— Kanada
erantzun zion: 'Quebecetik falta dudana —esan zion— Kanada da;
erreferenduma antolatzeko prest den Estatu demokratikoa, bere
lurraldeetako bateko herritarren gehiengoak hala eskatuz gero'. Orain
euskal nazionalista batek Eskoziatik mira egiten duena Erresuma Batua
da».
Garrantzitsua da oharra, Quebecen independentismoak gora
egin ei duen honetan. Han zein Eskozian, prozedurak du garrantzia,
independentzia ala status quo-a hautatzen duten gutxienekoa da.
Baina aski hedatutako ideia da Estatu demokratiko batek berre
herritarren legitimitatea behar duela. Argudiatu daiteke autonomia
daukana autodeterminatzen dela bertako gobernua hautatzen duenero. Baina
herritarrek behin eta berriz adierazi badute Estatuarekiko beste
harreman bat nahi dutela, Kataluniak bezala, Estatu horren betebeharra
da eskaera horri erantzutea. Financial Times-eko David Gardner-ek
argi azaldu du: independentistek ikusi dute Raxoiren gobernu
intrantsigentea aliatu ordainezina dutela euren kausarako. Kataluniara
begira egongo diren euskaldunez dihardu.
Etziko mugarria izango
da Katalunian. Baina bidea aspaldi hasi zela gogoan hartu behar da.
Espainiak hauspotu egin du baretzen saiatu ordez. Eta egiaren ordua
hurbiltzen ari da. Eskuin muturrak bota ditu mezu kolpistak. Hori bera
iragarri zuen euskaldunontzako analisi onenetakoa egin zuen Alberto
Pradillak duela hiru urteko Gara-n. Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari emango zion erantzuna asmatu zuen, bidenabar, Folklorearen eta Hardcorearen artean
artikuluan, hainbat udalerritan antolatutako galdeketei buruz:
«Kontsultak rol joko bihurtzea da arriskua, non berdin bozka daitekeen
Kataluniako independentzia zein Lord Gandalfi jarraitzea elfoen diada
batean. Baina arrisku degeneratiboa gaindituz gero, espainiarren betoa
benetan gaindi daiteke. Orduan erabaki beharko dute katalanek
pin-desfileen, itsasgailuen eta kamiseta independentisten folklorearen
eta hardcorearen artean, hori izango baita Espainiaren erantzuna
independentziaranzko urratsak eraginkorrak baldin badira».
Arrazoi
du Requejok independentismoak diplomazia lan garrantzitsua egin behar
duela gogora ekartzean. Espainiar eskuin muturrak dio Eskoziaren eredua
dutela katalanek, eta Kosovokoa euskaldunek. Eta Raxoi Milosevic bada,
zein ate jo beharko da independentziak babes ditzan otsoaren aurrean?
Washington? Berlin? Buenos Aires?
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment