2012-11-25

Ez tramite soila, baina ia-ia

Espainian debekatuta dago inkestak argitaratzea hauteskundeetarako astebete baino gutxiago falta dela. Baina araua Espainiari dagokio, noski, eta interneten garaian, erraz asko gaindi daitekeen absurdua da. Ostiralean The Guardian-ek Kataluniako hauteskundeei begira agindutako galdeketaren berri zekarren. Horrek bere horretan adierazten du Europan Kataluniako prozesuak lortu duen oihartzuna.

Britainiar kazetaren datuak ez ziren onak Convergencia i Unio alderdiarentzat eta Artur Mas egungo president-arentzat. Egungo 62 diputatuen ordez 58 aulki aurreikusten zizkion, kanpainan Masek aldarrikatutako gehiengo absolutua baino hamar gutxiago, alegia. Unionistak urrun zeuzkan: 21 edo 22na ematen zizkien PSCri eta PPri, eta zertxobait atzerago, hamaseirekin, ERC ageri zen. 135 diputatuetara iristeko falta ziren ia 20 aulkiez ez zekarren berbarik, ez eta, ustez, horiek eskuratuko lituzketen Solidaritat, CUP, ICV eta Ciutadans-i buruz. Hauteskundeetatik hurbil egin izanaren balioa zuen, datuen konsistentzia baino gehiago.

Edozeri buruz galdetzeko anglosaxoniar tradizioan, The Guardian-en inkestak bazekartzan beste datu bitxi batzuk: Bartzelona futbol taldeak Espainiako Ligan jarraitzearen alde daudela %38 (%22 Kataluniako Liga eratzearen alde), eta bi herenek gaztelaniak nolabaiteko ofizialtasuna izatea nahi dutela. Katalunia independentean herritarren erdiek espainiar naziotasunari ere eutsiko omen liokete katalanarekin batera, laurdenak katalana baino ez luke izango, eta %17,9k espainiarra baino ez lukete nahi. Pragmatismo kontua ere bada: independentzia osteko urteak gogorrak dira, eta beti dator ondo pasaporte homologatu bat izatea estatu berriarena egonkortu arte.

Ñabardurak eta bitxikeriak gora-behera, une historikoak dauka garrantzia, hauteskundeek baino gehiago. Artur Mas tematu da erabateko gehiengoaren beharraz limurtzen, «Eskozia izateko, eta ez Quebec». Hau da, Eskozian independentismoak gehiengo absolutua izan duenean abiarazi dute prozesua; Quebecen, berriz, independentistek boterea lortu arren, ez dutela erreferendumik egingo iragarri dute, harik eta gehiengo hori izan arte. Baina Kataluniako prozesua desberdina da oso. Prozesuak alderdiak eta gobernua behar ditu, baina ez ditu gidari, trenera halabeharrez igotako bidaiari baizik, parean harrapatuko ez bazituen.

«Autodeterminazioa gai inportanteegia da politikarien esku uzteko», dio Angel Oiarbidek Gazta Zati Bat dokumentalean (bidenabar, a ze emanaldi eta ikusle piloa izan dituen. Ea datorren ostiralean Bilboko Arriaga antzokia ere betetzen duen). Eta horixe agerian Katalunian. Artur Masek irabaziko ditu hauteskundeak, itxuraz gehiengo absoluturik gabe, baina badauka aukeraren bat. PSCk hondoa joko duela ere iragarri dute, federalismoaren ideia zelan usteldu den adierazten argi. PPk eta Ciutadans-ek emaitza txukunak lortu litzateke, Kataluniako espainolismoaren indarra agerian uzteko, baina baita zeinen minoritarioa den ere: 20-25 diputatu lortuta ere, egungo autonomia-estatutuaren dikeak zeinen ahulak diren adieraziko dute, ez beste ezer.

Eskozian eta Quebecen ez bezala, estatu katalanaren aldekoek eta galdeketa egitearen aldekoek erabateko garaipena lortuko dutela, zalantzarik ere ez. Prozesua bidean da, eta hauteskundeak mugarri bat gehiago dira. Ez tramite soil, baina bai neurri batean: Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari ateak itxiz gero, tramite edo etapak gainditzen ari dira: udal galdeketak, Biltzarraren Sorrera, itun fiskalaren aldeko aldarrikapena Parlamentuan, Diada, Mas-Raxoi bilera, eta autodeterminazio-erreferendumaren aldeko bozketa Parlamentuan, hura desegin eta hauteskundeak deitu baino lehenxeago.

Unionismoa gutxiengoan eta independentismoa gehiengoan agertuko da gaur gauean berriz ere Katalunian. Baina katalanek ez dute Gobernu berririk bozkatu nahi. Independentziari buruz erabaki nahi dute. Gaur beteko dute tramitea, baina historia bihar idatziko dute, galdera adostean, galdeketa deitzean.

Espainiarekin negoziatzea egokituko da hurrena. Eskoziako prozesua hala izan da, baina Montenegro eta Serbiaren artekoa ere halakoxea izan zen. Espainiak, Serbiak Montenegrorekin bezala joka dezake. Edo Kosovorekin bezala, ateak itxi. Eta orduan, hirugarrenez, jo beharko dute bozetara, argi utzita CiUtik CUPera doazen alderdien alde bozkatzeak estatu katalana bozkatzea esan gura duela. Eta Espainiak behartu bezala, Kosovoren papera hartuta aldarrikatu estatua. Montenegro, Quebec eta Eskoziako bidea da egokiena. Baina besterik ez denean, esanda dauka Hagak: Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapenak ez daude debekatuta nazioarteko legedian.
BERRIAn argitaratua

No comments: