Astindua itzela izan da, iragarrita egonagatik. «Betiko»
independentistek errezelo handia daukate Convergencia i Unio alderdiak
hartuko duen jarrerarekin. Mesfidantzaz bat, erabateko ustea dago nekez
mugituko zela bere borondatez independentismorantz. Baina hara Artur Mas
ere, Kataluniako estatuaren alde. Ostegunean Mariano Raxoirekin
biltzekoa da, eta aitortzen dut, badaukat interesik jakiteko zer eskain
diezaiokeen behin honaino helduta, Kataluniarekiko umiliazioz umiliazio
ibili ondoren. Aspaldi deitu behar zuen bilerara, eta zabal negoziatu,
baina Espainiako tradizioaren guztiz aurka doala ematen du. «Dena ala
ezer ez» egiteko joera izan du beti, negoziatzeko gaitasunik gabe,
beranduegi den arte, «ezer ez» den arte. Gero negarra dator, eta 98ko
malkoak, inperio galduak... ea Espainiari belaunaldi literario berri
baterako bazka ematen diogun, krisi ekonomikoari, nortasun inperial
horretan beste eztenkada independentista batekin. Euskal Herrian ere
badago «dena ala ezer ez» joera, koherentziaren izenean. Katalunian
pragmatismoa eta gisako berba itsusiak gailentzen dira, konplikatuak.
Uztailean itun fiskalaren alde bozkatu zuten ia alderdi guztiek, baina
aurki gaztigatu zioten Masi ez zutela utziko itun fiskala bihurtzea
Diadako aldarrikapen. Espainiari ituna galdegin eta independentzia
aldarrikatu, elkarren aurka izan arren, bide-orriak biak onerako
direlakoan, elkarrekin doazen prozesuak izan daitezke. Egiaz, zail da
horrelakorik irudikatzea gurean. Ez hobeto ez txarrago, tradizioak aski
ezberdinak dira.
Quebeceko hauteskundeek ireki zuten iraila, eta
mahaira ekarri berriz ere erabakitze-eskubidea. Handik astebetera etorri
da Kataluniako Diada. Jendetzak lurrikara eragin du, Bartzelonan ere
mugiarazi dute elefantea. Hiru esparru landu behar ditu sezesio prozesu
batek: garrantzi handia dauka, asteotan gogorarazi dugun legez,
nazioarteko lanak, ustez estatua independentziaren aurka tematzen bada
bereziki. Kosovo adibide argia da. Bigarren lana, estatuarekiko
negoziazioa da. Beti da beharrezko, ahalegina gutxienez, nahiz eta
demokrazia aurreratuenetan funtzionatu ohi duen batez ere: Eskoziak
Erresuma Batuarekin, Quebecek Kanadarekin. Hirugarren lana,
oinarrizkoena da —baina ez bakarra, askok uste dutenaren aurka, aurreko
bi puntuak ere ezinbestekoak baitira— etxe barrukoa da. Herritarrak
independentziaren alde jartzea. Egoera demokratikoei dagokie nagusiki,
osterantzean borrokak —armatuak sarri, munduko hainbat lekutan— bete ohi
du mezu independentista bake bidez ezin garatzea. Baina Kataluniako
lezioak zein Eskoziak adierazten dute etxeko lan hori zelan garatu,
herritarrak zinez estatua sortzea posible eta beharrezko dela
sinetsarazi arte. Diskurtso teorikoetatik eta aldarrikapenetan izatetik
urratsa egin eta eskuragarri ikustera katalanek egindako jauziak euskal
independentista bat baino gehiago harritu duelakoan nago. Kataluniako
Estatutuaren lezioetako bat da, hura Parlamentutik eta alderdien artean
bultzatu zutela nagusiki; azken orduan baino ez zutela herritarren indar
erakustaldia izan. Orain, berandu da estatutu eta itun fiskaletarako
honezkero, herritarrek aurrea hartu eta independentzia nahi dute.
Ez
da erabakitze-eskubidearen edo autodeterminazioaren aldeko
mobilizazioa. Estatuari ez zaio ezer eskatzen. Orain arte ezer egin ez
duenez, ezer ez egiten jarraitzea baino ez, Kataluniak bere bidea landu
dezan. Agian inozoegitzat hartzen dira Euskal Herritik jarrera horiek,
militarrak hortzak erakusten hasi diren honetan. Baina posible dela
sinetsita daude katalanak. Eskoziarrek ere badakite erreferenduma
irabaztea dutela estatua sortzeko bide. Datorren asterako manifestazio
handia antolatu dute Edinburgon. Ez da aski —baina bai beharrezko—
gobernu batek, edo alderdi politiko batek, ekimena izatea; herritarrak
mugiaraztea ere ezinbesteko da. Ilusioa piztea azken batean. Hortik
aurrera, badakigu zer datorren, guk ere bi urterik behin egiten dugun
Korrika; besteekin batera ibiltzen hasitakoan, milaka kilometro egin
daitezke.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment