2012-10-28

Askatasun gosez, justizia gosez

 (Txomin Ziluagari)

Gose da mundua, eta goseak ere hil egiten du. Hala hil dira itota, goseari txalupan ihesi heriotza aurkitu duten 1, 2, 3, 4… 14 lagun. Hogeitaka asteon beste ontzi batzuetan. Aspaldi galdetu genuen: zer erantzungo dugu Gibraltargo itsasarteko sarraski etengabeaz galdetzen digutelarik bihar? Non egon zineten, zer egin zenuten? Indarkeriarik ez entzungo ote dugu, milaka (hamar mila irakurri dugu? hogei mila?) lagun, gizon, emakume, zenbat ume, itsasoan desagertu zirela? Hamalau gehiago, Alhucemasen itoak, hamazazpi, errusiar erruleta horretatik bizirik irten direnak.

Andaluziara nahi zuten. Lanik eta itxaropenik ia ez duen Andaluziara, hiru lagunetik batek lana behar duen Andaluzia umiliatura. Folklore soila, inperioaren bufoi-eskualdea ageri zen lekuan, topiko otzanduen herrialdean, Santi Brouard plaza dauka Marinaledak. Elkartasuna etxetik urrun egin daiteke, eta hurbilago egin daiteke, eta ez dago etxetik zertan irten elkartasuna eta justiziaren alde borrokatzeko. Abertzale izanik internazionalista behar duzula gutxik legez erakusten du Txomin Ziluagak, eta nekez izango zarela zinezko internazionalista etxeko bidegabekeriei, ukatutako etxe zaharrari, zeurea eman ezean.

Ez baita urrunera joan behar askatasun gose hori, justizia gose hori sentitzeko. Cheren berbak datoz, barren-barrenean senti dezagun edonoren aurka, edonon, egindako bidegabekeriak. Gure usteak astindu arren, barren-barrenean sentitu. Bidegabekeriak ez dira gure lagunen aurka soilik egiten, gure alde ei dihardutenek egiten dituztenean ere senti ditzagun barren-barrenean.

Eta Andaluzia hartzen du goseak izen. Goseari ihesi Andaluziara bidean hil. Bizitzeko goseak Andaluzian ihesi. Ezin bizitzeak heriotza dakar, suizidio deituta ere. Etxea baino lehen bizia eman du Jose Miguel Domingok. Zer kendu diote, etxea? Zer etsipen behar duzu duela bost urte itxaropentsu hartutako etxeari ere eutsi ezin diozularik? Dena amiltzen da. Andaluzian legez, Burjassoten, Herrialde Katalanetan, etsipena etxean zeukan Manuelek ere, ohean etzandako emaztean. Semeari musu eman dio, eta bigarren solairutik bota du bere burua. Hark ere etxea bankuari uzteko agindua, espainiar pasaportedun orok urtero 1.800 euro ematen dizkiogun banku horri berari

Bankuen diktaduran matxinatu beharra, bidegabekeriaren aurrean alde egokia hautatu beharra aipatu zuen Periko Solabarriak Lagako hondartzan. Itsasoaz beste aldean ere askatasun gosez ziren maputxeen berri izan dugu, euskal abizendunen erregimen arrazista horren aurka tinko. Pinochet Ugarteren lege antiterroristekin jazarri zaizkie maputxeei Txilen. Baina ez dituzte garaitu. Eta azkenean maputxeek utzi legez eutsi diote gose-grebari mila preso kurduk. Nik Tayip Temel ezagutu nuen, baditu 45 egun baino gehiago baraurik Diyarbakirgo espetxean. Azadiya Welat kurduerazko egunkariko zuzendariari birritan egin diot elkarrizketa. Argi zeukan zergatik ez zuten elkartasunik jasotzen hedabide handietatik, «ez garelako haiek bezalakoak, ez omen dugu kazetaritza haiek bezala egiten. Ez, ez dugu haiek bezalako kazetaritza egiten, ezta nahi ere. Gure jendearentzako kazetaritza egiten dugu, ezer ez daukatenentzat, hizkuntza ere ukatu dietenentzat».

Goxo dago Laga, udagoiena aurrera joanda ere, bizkor amiltzen ari den mundu honetan. Egunsentia dirudien Euskal Herrian badoa eguna, ilunabarrerantz, Ogoño iluntzen ari da, Izarotik urruntzen argia. Eta unerik ilunenetan ere, beti dago argi izpi hori. Lagako hondartzan Txomini agur esan eta etxera bueltatzerako sartu da gaua. Besarkada beroena Haizeari, Izaskuni. Eta ez, ez da itzali argia.
BERRIAn argitaratua

No comments: