2010-07-25

Kosovo

Munduan bizitako egun seinalatuetatik, gutxi dira Kosovoko independentzia bezain bereziak. 2008ko otsailaren 17a, arrastiko hirurak, Pristina jai erraldoia da. Burrundadaren erdian, bi gizon oroitzen ditut, elkarri besarkatuta negarrez, parlamentuak independentzia aldarrikatu berritan. Bizitza osoan zapaltzaile izan zuten serbiar boteretik guztiz libre ziren.

2006an montenegrotarrek doi-doi independentzia erreferenduma irabazi zutenean idatzi nuen benetako erronka Kosovo zela, han legea herritarren borondatearen aurrean ageri baitzen: Kosovoarren %90ek bultzatzen zuten independentzia, baina Jugoslaviako errepubliketako bat izan ez, eta ez zegoen Kosovoko estatua sortzeko legezko heldulekurik. Joan Puigcercos katalanak berretsi du egunotan (Nazioarteko Gorteak) «NBEko epai organo nagusiak aitortu du demokrazia lurralde batasunaren printzipioaren gainetik dagoela». Espainiak Serbiaren alde aurkeztutako argudio guztiak atzera bota ditu bidenabar.

Duela hamar urte, albaniarrek ezin abegikorrago hartu zituzten lagun batzuk espainiar pasaportea zeukatelako. Javier Solana NATOko burua zen horrek Serbia bonbardatu eta albaniarren garbiketa etnikoa eragotzi zuenean. Iaz itzuli nintzelarik, Espainiako banderak zerabiltzaten manifestari serbiarrek. Serbiar enklabe bateko eski estazio batean, «ez dut espainiarrekin berbarik egiten», gaztigatu zidan gazte batek. «Euskalduna naiz», zuzendu nuen aurkezpena, eskiatzailea albaniarra zela ohartuta. «A, orduan bai, badakizu Espainiak zuen erruz ez digula independentzia aitortzen, ezta?», bota zidan irribarretsu.

Turkiak asmatu zuen kurduei ukatzen diena albaniarrei aitortzen, auzia ez da gehiago eztabaidagai. Espainia bere matazan korapilatu da urteotan. Bagenekien gatazka politiko desberdinak zirela, baina Espainiaren beldurrak berdindu ditu. Eta Nazioarteko Gortea argia da: «Ez dago independentzia debekatzen duen nazioarteko legerik». Armadaren mehatxua daukaten konstituzio nazionalak baino ez daude.

2010-07-18

Uztailaren 18koak

Uztailaren 18a astebete aurreratu eta «garaipen banderak» itzuli ziren. Kuadrila bat auzoko tabernan ui eta ai-ka, bolandera batzuk partida amaitu osteko minutuan. Handik laster, erabateko bakea. Espainol asko dago, baina Bilbo ez da espainola.

Uztailak 18 dituenean duela hamabi urte egunkari bat itxi zigutela oroitzen gara. Ez da protesta ozenik egon, ez da nazioarteko begiralerik joan Madrilera, Kubako presoak hartzen dituen gisan gatibu dituen Egin-eko bederatzi kazetari eta langileak behingoan aska ditzan. Teresa Todak, Jabier Salutregik eta euskal prentsa independentea ahalbidetu zuten beste zazpi lagunek Espainiako ziegetan jarraitzen dute. Espetxera bidean nahi dituzte Udalbiltzako hautetsiak ere. Zuberoa laguntzea ez da haizu.

Espainia gorria futbolera desaktibatu dute. Espainia hautsia dute betitik buruhauste handiena, 1898ko traumatik altxatu ezinik, beren mapa noiz aldatuko beldurrez. Konkistaren mapa da, eta ondo dakite gaur astebete Bilboko Moiua plazan ospakizunetan zebiltzanek: Deia-k erakutsi digu PPko buruzagi mordoa Agirre lehendakaria inguratzen bandera horigorriarekin, abertzaleekiko irain merkean.

Uztailaren 18koak dira. Joan den astean Iñigo Urkullurekin bildu ziren berberak dira Agirreri espainola jarri diotenak, katalanei Espainiako mugak gogorarazi dizkietenak. Oposizioarekin legez, bere ezintasun eta gezurretan harrapatutako Zapaterorekin ere negoziatzeko prest jeltzaleak. Jaurlaritza kendu dioten alderdi biekin. Garesti daude Madrilgo sei boto jeltzaleak. Etziko bozketan PSOEri selekzioak, naziotasunaren aitorpena eta beste zenbait gauza eskatuz hasi du enkantea. Beldurra ematen du, onartuko ez dituzten hainbat eskarirekin batera Trebiñu eta Villaverde, gure mapako zuloak, tartekatu dituztelako. Horiek lortze hutsak merezi lezake Zapaterori agonia urtebete luzatzea. Baina aldundiei eustearekin aski dutela diote zenbait mihik. Ikasiko ahal zuten zerbait iazko hauteskundeetatik.

2010-07-11

Kolono beldurtuak

Polita behar du gaur espainola izateak. Edo holandarra. Ahaztu langabezia, eta egun batez gozatu zure herria ordezkatzen duen futbol taldearekin. «Inoiz ez nuen pentsatuko hori-gorria aurpegian margotuta ibiliko nintzenik» aitortu zidan bere burua ezkertiartzat daukan madrildar lagunak. Ondo zegoela esan nion, baina galdetzen hasita, ez ote zeukaten beren taldea bultzatzea monarkia frankistaren koloreak hartu barik, faxismoak fusilatutako errepublikarren banderarekin.

Espainiar hedabideak barregarri geratu dira Plaza Eliptikoko dozenaka espainiazaleak erakutsita. Askoz handiagoa baita Espainiako taldearen aldeko sentimendua. Zenbat abertzale dabilen aztoratuta, semea -alabak gutxixeago- zaletuta dabilela eta. Etxean kamiseta gorria eskatu duen mukizurik ere ba ei dabil bazterrotan.

Hortxe dago Espainiaren gola. Frankismoa urrun ikusten duen belaunaldi gazteari hori-gorria gauza normalizatua dela sinetsarazten saiatu da, kutsu faxista edo antieuskaldunik gabea, eta izan du arrakasta pixka bat. Futbola norbaiten alde egoteko da. Egon liteke aurka, baina nekez gozatzen da futbolaz horrela. Ez da beti erraza azaltzen kamiseta horrek beste batzuk ukatzen dituela, estatu horrek gure udal ordezkariak eta euskal nazioko zutabe sendoenetakoa, Udalbiltza, auzipetuko dituela datorren astean. Bandera horrek ukazioa, tortura eta hilketa adierazi du beti Euskal Herrian, baina zelan azal hori talde ilusioak kutsatutako eskolan.

Espainia banderaz eta ilusioz beteta dago, eta normala da. Gure auzo batzuen oihuak jasan beharko ditut Espainiak golik eginez gero, badakigu milaka espainol daudela hemen ere. Eta are gehiago direla diote, baina beldur ei dira adierazteko. Kolonoaren prezioa beti da indigenekiko beldurrez eta mesfidati egotea. Beren etxean nahi dutena ospa dezatela, geurean egingo genukeen legez gure talderik bagenu. Baina ukatzen diguten artean, piperpoto hori probokazioa izango da gurean. Eta oso jarrera sanoa ukatzen zaituenari hortzak erakustea.

2010-07-04

'Eppur si muove'

«Country?», esan izan didate irribarre konplizearekin, Basque Country-koa naizela esan izan dudanean. Aspalditik dakigu hitzen eremu semantikoak ez duela zertan aldameneko hizkuntzaren berbera izan. País Vasco/Basque Country/Pays Basque, Euskal Herria adierazteko hainbat era dira. Baina País/Pays-ek, ez dauka ezkutuko esangurarik. Herrialde independentea izan daiteke, baina baita nazio baten barneko eskualde xumea ere, bereizgarri etnikorik gabe. Ingelesez, «Basque Region» esan izan ohi dute hedabideek, erkidego autonomoaren izen ofiziala, unionistek ere badarabiltena, Basque Country izanagatik.

Aurkako kasua daukagu nazio hitzean. Ipar Irlandan tiroka zebiltzan eta eskoziarrek parlamenturik ere ez zuten garaiko turismo liburuxka ofizial bat begiratu dut egunotan. Natural-natural aipatzen du Britainia Handia lau naziok osatzen dutela. País Vasco berba neutroa den Espainian, berriz, sei epaile nahiko dira nazio bakarra dagoela ezartzeko. Baina katalan eta euskal herritar gehienak euskal eta katalan nazioetako kide sentitzen dira. Hori ukatzen duenak erridikulua egiten du lehendabizi. Hurrena, beldur izugarria adierazten du, eta atzetik, beldur horri aurre egiteko erridikulua ez eze terrorea ezartzeko borondatea. Nazio izateak erabakitzeko eskubidea baitakar, egungo mugak aldatuta ere. Indarrez eraiki dute inperioa, 1713an, 1839an, 1937-1939an, 1978 eta 1981ean. Esan zuen Kissingerrek Txileri buruz: «Ez dut uste egonean egon behar dugunik ikusten nola herri bat komunista bihurtzen den herritarren axolagabekeriagatik». Komunistaren lekuan «independente» irakurri, eta hara espainiar mentalitatea. Konstituzioaren mugak ezin argiago geratu dira, inork zalantzarik baleuka ere. Euskal erregioak, erkidego autonomoak, badauka lekua Espainiako demokrazian. Euskal nazioak ez, eta, beraz, nazio horretako kideok ere ez.

Alderdikeriak utzita, independentistak kalean behar du uztailaren 10ean, Bartzelonan zein Donostian.

2010-06-27

Zapiak eta abar

Iparrean hasi eta hegoan jarraitu, Europa zeharkatzen ari den olatu xenofoboa Euskal Herri osoan jazarri zaie emakume musulmanei. Bitxia da eskoletatik gurutzerik kendu gura ez dutenek, abortatzeko eskubidea ukatzen dutenek, zeinen sutsuki defendatzen duten zapiak emakumea zapaltzen duela.

Hala ere, zuzen dabil eskuinak darabilen argumentu xenofobo horietako bat: mendetan, azken hamarkadetan batez ere, hainbat eskubide lortu ditugu mendebaldean. Konkista sozial horiek, giza eskubideetan eta, batez ere, emakumeek horren prezio altuan eskuratutako esparruak, ez dira negoziagarri kultur askotarikotasunaren izenean.

Kasu, beraz, ezkerretik datorren jatortasunarekin. Sexismoa ez da herri musulmanetan soilik gertatzen, ados. Baina norbanako eskubideetan izandako konkistak mendebaldera mugatu dira orain artean. Kontua ez da ereduak beste kulturetara esportatzea (ikusi dugu «demokrazia esportatzeak» zein ondorio izan dituen). Baina bitxia da indibidualismoa bultzatzen duen gizarte-eredu honetan zelan dabiltzan jantz daitekeena debekatzen.

Eskuinak hipokrisiaz dihardu, bai. Xenofobia arriskutsua dago atzean, bai. Zapia edo gurutzea eramatea eskubideak dira, noski. Eta mezetara joatea. Fededuna jende zintzoa da askotan, edozein erlijiotan. Baina oro har ezkerrak eliza eta erlijioaren erakundeak gauza ustel gisa hartu izan ditu, gainditu beharreko zerbait bezala. Kultura musulmaneko nire lagunek ez daroate zapirik, luzaz borrokatu dira islamak eta tradizioak inposatutako arauen kontra. Kasu, beraz, etxeko xenofoboei aurka egiteko asmoz kultura musulmaneko feminista ausartei bizkarra eman eta apaizei onartuko ez geniekeena imam-ei ametitzen. Bost axola Biblia edo Korana dagoen atzetik, ezkerrak ez du onartu behar kontrol soziala bultzatu eta emakume libreak zapaldu nahi duen erakunderik, izan meskitetatik zein elizetatik.

Susmoa baitaukat islamistek eta ultrakatolikoek elkar elikatzen dutela bien intereserako den erlijio gatazka.

2010-06-20

Abiapuntua

Batzokitik datoz batzuk, besteen jatorria ezkerrerago dago, frankismoaren aurka iraultza sozialista amestu eta haren alde borrokatu direnen artean. Euskal Herria ataka historikoan dagoela ulertu eta erantzukizunezko urratsa egingo dute gaur Euskaldunan. Ez dira berehalakoan erauziko elkarren aurka egin eta esandakoak, mesfidantzak bere lekua izango du, baina hitzez denok esan izan duguna, denak batzea zaila zela baina batu ezean independentziarik ezin zela lortu, behingoan gauzatzear dago.

NaBaik ez zituen emaitza txarrak izan 2007an, ezker abertzalea legez kanpo eta Katalunia eta Galiziako ispiluei begira aldaketaren leloa hauspotuta. Eskarmentua ere halakoxea izan zen: Nafarroa Espainiako egitura ez apurtzea ahalbidetzen duen pieza ukigaitza da. Independentziaren aurrean Espainiak daukan dike garrantzitsuena. Espainiaren menpeko euskal lurraldeek bat egiten ez duten artean, Madrilek badaki euskaldunek ez dutela independentzia aldarrikatuko. Eta badaki, halaber, dike hori erori eta euskal lurraldeak baturik egotean zinez larritu beharko duela.

Lehen eskarmentua duela hiru urteko negoziazioetan heldu zen. 2009ko Europako hauteskundeetan, baldintzarik aldrebesenetan leihatu zen ezker abertzalea gailendu zitzaion Nafarroako alternatiba behar zuen koalizioari. Badakit kalkulagailua arriskutsua dela politikan, zure boto-emaileek gehi nireek ez dutela zertan bion batura izan. Gehiago izan litezke, baina baita gutxiago ere.

Argi dago 2007ko NaBaik, ikurrinik gabeko abertzaletasun urardotuak, izan lezakeela erakarpenik PSNren traizioa sentitzen duen sektore aurrerakoian. Baina iaz gailendu zitzaion ezkertiar eta abertzale mordo horrekin lehiatu beharra ere badakar. Ezker abertzalearekin batera joateak bertigoa ematen diete urtetan sektore hori kriminalizatzen ibili diren guztiei, baina horrela daude gauzak. Ez luke zertan hala izan, baina hala da. Euskara gorroto duen eskuin muturra edo Euskal Herriko batasuna, horiexek hautuak. Euskalduna da abiapuntua.

2010-06-13

Afrikara

Mundua Afrikara begira zegoela eta, gu ere hegoaldera so jarri ginen. Ez genuen dantza koloretsurik ez futbolari milioidunik ikusi. Uharte txiki bat baino ez, Ameriketara esklabo bidaltzeko bahitu eta zoriz erdibidean geratu ziren kreolera hiztunak, eta zuri burusoil bat haiekin futbolean, igandean goizean goiz, urteetan oporrik gabe egindako lanean tartea uzten dion une bakarrean. Josu Martinezek gogorarazi zigun gizona nola aldatu zen egun batetik bestera, gaztetxoen aurrean isil eta uzkur zegoena zelan harrapatu zuen Zuberoatik Kristiane izeneko energia zurrunbiloa aireportura iritsi bezain laster.

Belaunaldi gazteenei biktima errugabeen eta biktimatzaile ankerren gezurrak kontatu nahi dizkiete eskoletan. Guk gezurrik gabeko istorioak nahi ditugu, bere gordinean, mitorik gabe. Halaxe irakurri genuen Alfonso Etxegarairen Regresar a Sara-n (Sarara itzuli). Euskal iheslariak eta GAL oso urrun dituzten belaunaldi berriak datoz. Ekuador, torturak, berriz desagertzea eta Sao Tome. Eta joan doaz urteak. Domintxaineko sagarrondoak zainduz pasako dugu denbora. Alfonso nor den galdetu genion Kristianeri; «gudari bat da» laburbildu zigun azalpena. Gero zalantza, euskaldunak beti daukan beldurrezko zalantza.

Sao Tomen maite duenarekin delarik Kristiane, herria ments, herrian delarik, maitea ments. Eta joan doaz urteak. Lehengo astean ezagutu nuen Kristiane, Hamaika Telebistako harreran. Gero berriz bildu ginen Larrabetzuko tabernetan. Baiona izan zen herenegun, Ainhize eta Bilbo dira hurrenak. Josu Martinez eta lagunei inbidia sanoa diedala esango nuke, baina miresmen handia eta bekaizkeria ezin ukatua aitortu behar ditut, lehenago besteok egiten asmatu ez dugun lana egiteagatik Alfonso Etxegarai euskal deportatuaren eta Kristiane Etxaluzen istorioa filmatzean. Josu, Txaber, Hibai, IPESekook, eskerrik asko. Kristianeri, plazer bat ezagutzea. Eta besarkada beroa Alfonsori. Bilboko metroaren azken geltokia da Plentzia.

2010-06-06

Zer datorren

«Orain bai» diote erredakzioetan, lehen ere «orain bai» askotan pentsa izan dutela jakitun, «orain benetan ote?» irteten zaiela ohartuta. Espainiako gobernutik hurbilen dagoen prentsak hala zekarren ostiralean, orain arteko tarterik zabalena ematen bide politikoen alde ezker abertzalea egiten ari den ahaleginari. Lehen ere, azken asteotan, erreparatu genizkion independentismoarekiko «deus ez» Espainiaren politikari lehen ñabardurak. Ezin asmatu, ordea, independentismoaren erronka benetakoa dela ikusita hasi den espainiar ontzia jiratzen, edo gainontzeko gaietako hanka-sartze eta porrot izugarriek azken aukera gisa jarri duten euskal auzia konpontzea. Urtetako gerra deien ostean bakeak hauteskunderik irabazarazten ez badu ere, hori edo Espainiak Munduko Txapelketa irabaztea geratzen zaizkio Zapaterori.

Egunotan Belfasteko komunitate bietako pertsonak ibili dira Bilbo inguruan, preso ohi errepublikanoak eta talde loialisten inguruan ibilitako jendea tartean. Ez zuten askorik ibili behar hemengo sinpatiak non dauden jakiteko, baina taldeak jakin du iraganeko gorrotoetatik elkarrekiko begirunea eta are laguntasuna lantzen. Batzuei gogorra eta gehiegizkoa ere egin zaie lagun giro hori ikustea loialista eta errepublikanoen artean. Gatazka simulakroa izan dela pentsa liteke tarteka elkarren etsai izandakoen artean hain giro jatorra ikusita. Nork bere bisita izan du gustukoago, batzuek berehalako hurbiltasuna sentitu dute euskal preso ohiekin izandako solasaldia, eta loialistentzat aurkakoa izan da. Baina zerbaitek harritu baditu, Alderdi Sozialistarekin izandako topaketa: beren ideiak defendatu ez eze, gatazkaren erabateko ukazioa, bestearekiko gutxiespen eta ezaxola, inongo konponketarik nahi ez duen jarrera da.

Eta horrek meritu handiagoa ematen dio gatazka konpondu gura duen aldeari. Baina aintzat hartu beharko du gauzak bere horretan uzten ezin gusturago dagoen estatua daukala aurrean.

2010-05-30

Estatu sakona

Zapateroren hil kanpaiak hasi dira jotzen Espainia aldean. Pentsatu gura dut euskal prozesu berriaren zutabeak jarri dituztenek aintzat hartuko zutela Espainian Alderdi Popularra agintean egongo dela ziur aski berandu baino goizago. Raxoik inoiz ez du gaur bezain erraz irabaziko hain meritu gutxirekin.

Ez du zertan kalterako izan. Estatua beti kontrolatu duenak gobernua ere kontrolatzea ekarriko du. Zer axola dio katalanari Zapatero egotea agintean, lehendabizi hitza jan eta gero erreferendumean onartutakoa estatuak atzera botatzen badu? Euskal Herrian azken prozesuan ikusi genuen: Zapaterok auzia konpontzeko benetako borondatea zuela emanda ere -eta asko ematea da-, estatuak aski izan zuen epaile bakar bat aktibatzea euskal ordezkariak espetxeratzen hasteko. Kolpismo light-a da.

Turkian estatu sakona deitzen diote. Militar kolpistak, armadari eta estatu laikoari lotutako burgesia kemalista eta bestelako indar ilunak izan dira estatu kolpeen, milaka kurdu eta ez-kurduren exekuzioen eta bestelako triskantzen erantzule. Estatu egiturak irautearen erantzule dira. Espainiak, armadaburua estatuburu izanda ere, lortu du bere herritar gehienei sinetsaraztea mendebaldeko demokrazia homologatu batean bizi direla. Baina estatu sakonak zain luzeak ditu oraindik, gobernua abenturaren batera ausartuz gero.

Estatu sakonaren ordezkari den PP, edo behinola hari aurka egin eta gerora haren mugak onartuta bizi izan den PSOE, horiek Espainiako gobernu aukerak. 1978an sortutako egitura kolokan dago, horratik; urduri dago estatu sakona. Zer egin katalanek eta euskaldunek demokratikoki estatu horretatik bereiztea erabakitzen dutenean? Krisiak nabarmen indartu ditu independentismoak. Estatu sakonaren mugak amiltzen ari dira. Espainia edo demokrazia erabaki beharko dute laster. Bada garaia estatu sakon horri probokatzeko, benetako aurpegia erakuts dezan. Aurpegi beldurgarria izan arren.

2010-05-23

Erdara atzera

Katalanak aurrera egiteko, gaztelania atzerarazi behar da». Albert Pla i Nualart Avui-ko edizio buruari irakurri berri diogu ARGIAn, beste perla honekin batera: «Biolentzia politikotik baino ezin daitezke defendatu hizkuntzak». Badakit zeinen gogaituta dauden katalan asko beraiek hizkuntza normalizatuta daukatela entzuteaz, zergatik eta, Europako beste edozein hizkuntza gutxitu baino tinkoago dihardutelako. Eta, hala ere, gaztelaniaren presiopean, eta sarri normalizatuta dagoen ustean, atzerantz zenbait esparrutan, hirietako erabileran eta abar. Ustezko baldintza ezin hobeetan ere, elebitasunak handienaren alde egiten du, azken batean.

Eta ondorioa argia da, Pla i Nualarten arabera: «Ofizialki elebakarrak izatea (...) nik ez diot hori egin behar denik, nik esaten dut hori egin behar dela katalana salbatu nahi bada. Ezin dena da jendea engainatu». Onartzen du gatazka dakarrela horrek, baina argi dauka hori ezean katalanarenak egin duela: «Ez litzateke mundua akabatuko. Baina gezurrik ez, mesedez. Ezin gara elkarri xaboi ematen ibili, ze ondo gauden».

Zure hizkuntza nagusitzeak zure hizkuntza garatzen uzten ez dizunaren kontura behar du. Hizkuntzak galtzen dira hiztunek hura ordezkatzen dutelako. Horretarako aldarrikatzen du elebakartasuna katalanak, baina gero ezin bat etorri: Estatu propioarena utopiko samarra baita. Estatu propioa ofizialtasun elebakarra bezain utopikoa da, baina hura da ezinbestekoa hizkuntza normalduko bada. Estatua ez da aski, baina estaturik gabe, jai.

Bestelako ikuspegia dugu sarri Euskal Herrian. Ezker abertzaleak berak ere, Euskal Herriko hirugarren hizkuntza ikastearen garrantzia nabarmendu ei du berriki: nazio gisa indartzeko, euskararen oinarrizko lekuaz gain, hegoaldean frantsesa eta iparrean espainola ere ikasi beharra. Eta ni ezezkoan; euskaraz ezin badut, Baionako erdaldunarekin ingelesez egin nahi dudala. Are Bilbokoarekin ere.

2010-05-16

Iran eta euskaldunak

Iragan igandean, Irango erregimenak beren herriaren askapena nahi zuten lau abertzale kurdu exekutatu zituen Teherango espetxean. Farzad Kamangarren kasua nazkagarria da, horrelakoetan alderaketarik egiterik badago. Herri txiki bateko irakasle eta sindikalista zen, eta inork gutxik uste zuen urkatuko zutenik, Iranek gutxitan exekutatzen baititu nazioarteko kanpaina handien protagonista direnak. Badauka, bestela ere, non hautatu zigortutakoen zerrenda amaigabean. Baina exekutatu egin zuten. Sirin Elem Huli pertsierarik ez zekien emakumea zen, eta hala ere torturapean sinarazitako aitorpena baliatu zuten urkatzeko.

Mendebaldeko hedabideetan oihartzun apala izan du, tamalez, Iranen egitasmo nuklarrekin alderatuta adibidez. Baina Ekialde Hurbilean, eta Kurdistanen bereziki, jendeak negar eta garrasi egin du. Kurdistan autonomoan egin dute protesta, Ipar Kurdistanen haserretu dira, eta Iranen, urkamendiaren mehatxuak kurduei, emakumeei, homosexualei, laikoei, oposizioko edonori erasaten dion erregimen basati horren herrialdean, manifestazioak eta greba orokorra egin dituzte.

Europan ere protestak izan dira Londresen, Norvegian, Suedian, Italian; Parisen enbaxadako atariari eraso diote. Eta zain egon naiz Euskal Herrian ahotsa nork altxatuko, imajinatzen zer egingo luketen Kolonbiak lau nekazari exekutatuko balitu, Israelek Tel Aviveko espetxean lau palestinar urkatuko balitu. Are gehiago, Iranen ordez Turkia izan balitz hiltzailea, izango zuen protestaren bat edo beste. Baina, noski, zelan altxa ahotsik Venezuelaren lagunari, Hezbollaren eta Hamasen aita pontekoari, Estatu Batuen etsaiari? Gringoen arerio bada, gure lagun, noski, zertan galdu hausnarketa sakonagoetan.

A ze nazka. Eta gero kexatuko dira bizardun hiltzaileengandik libratzeko laguntza Israeli eta Washingtoni eskatzen diotelako.

2010-05-09

Elur makina

Iaz, aspaldiko partez Kurdistanera itzulita, euforia unean zeuden: milioi bat lagun Newrozeko ospakizunetan. Ezin indartsuago ageri ziren, oztopo eta debekuei jaramonik egin gabe, Europari izaera demokratikoa erakutsi nahi zion Estatuari kontraesanak agerrarazi nahian. Etxean, berriz, hodei ilunak. Independentismoa ahul sumatu eta mendebaldeko ehun mila abertzale kanporatu ostean, Espainiak Jaurlaritzako konkistari ekin zion. Francoren 25 bake urteen zinismo berarekin, joan den urtearen normaltasuna saldu digute. Egin dituzten balentriak goratu beharrean, espainiarrak agintean egonda gauzak berdin daudela sinestarazteko ahalegin patetikoa da. Konkista eta umiliazio asmoak baino ez dituzte ikusten milaka lagunek normaltasun horretan.

Urtebetera, itzuli naiz Kurdistanera. Soldadu gehiago ikusten dira errepideetan, egunero daude borrokaldiak gerrillaren eta armadaren artean, dozenaka hildako azken asteotan. Gutxi iraun du itxaropen demokratikoaren udaberriak. Inoiz utzi ez dituzten mendietan jarri dute esperantza kurduek, berriz jabetu dira geratzen zaien bide bakarra dela. Ez da erraza azaltzea gurean gauzak desberdinak direla; erasoak eraso, matxinada armatua independentismoari berari kaltegarri eta oldar konkistatzaileari aitzakia bihurtu zaizkio. Aldiz, sasiezker jakobinoaren eta nazionalismo baztertzaile espainolaren batasunak bidea erakutsi digu. Autonomismoaren arriskuak agerian utzi dituzte, eta independentzia amestu baina haren beldur zenari argi geratu zaio ez dela ametsa, beharra da kolono antieuskaldunek den-dena berenganatu baino lehen.

Ezker abertzalearen prozesuari Elur makina deitu dio Espainiako gobernuaren asmoak argitaratzen dituen egunkariak. Labur esanda, armarik gabeko testuingurura «astiro baina jende guztia bilduz» iristea ei da. Nik bestela ere ikusten dut: independentziara bidea libre eta garbi uzten ari da elur makina.

2010-05-02

Kanpoko ereduak

Armeniar genozidioaren urteurreneko ekitaldiak aprobetxatuta, Kaukaso aldean eman ditugu egun batzuk. Izoztutako gatazka deiturikoetan bakarra falta nuen bisitatzeko, eta Armenia eta Azerbaijanen arteko Nagorno Karabakh-en ibili naiz beste zenbait kazetarirekin. Sobietar Batasuneko gerra latzenetakoa sufritu zuen eskualdeak, eta hamabost urtez gerrarik gabe baina bakea erdietsi ezinik dihardute, alde bietan milaka iheslari dituztela etxera itzuli ezinik.

Azerbaijango hiriburuan jaio eta hazitako armeniarrekin bildu gara. «Armeniar ginela ia ohartu gabe hazi ginen, errusieraz bizi izan ginen, eta egun batetik bestera alde egin behar izan genuen etxetik». Baku kosmopolitaren ordez Nagorno Karabakh menditsu eta hotza dute gaur bizileku, seme-alabek gurasoek baino hobeto dakite armenieraz, eta errusierak atzera egin du eskualdean. Inork aitortzen ez dien eta egiaz ia inork nahi ez duen estatu independentean bizi dira. 1988an eskualdea Armeniako errepublikako zati izatea eskatu zuten, betiere Sobietar Batasunaren baitan, aldaketa administratibo erraza izango zelakoan. Gutunetatik manifestazioetara, azerbaijandarren aurkako protestak, lehen sarraskiak, Sobietar Batasuna erortzea eta gerra betea, azkenik. Hura irabazi, auzoa etsai bihurtu, kanporatu, eta independentziak nahi zuenetik gutxi ekarri die: Armeniarekin bat egin ordez, estatua aldarrikatu behar izan dute, osterantzean Azerbaijanek Armeniari bere lurraldea okupatzea leporatuko lioke eta.

«Nazionalismoek hauxe dakarte» ondorioztatu du espainiar kazetariak. «Herritarrek hitz egiteko aukera dutenean, askatasunaren alde egin ohi dute. Herritarren erabakia ukatzeak dakar hau, Karabakhen zein Txetxenian» gaztigatu diot. «Espainiak ez ote lituzke tankeak bidaliko?». Harrituta begiratu dit, Espainian horrelakoak pentsaezinak balira legez. Baina gogorarazi diot, gogorarazi diodanez, Egunkaria-ren itxieratik zazpi urtera haserretzeak ez duela balio.

2010-04-25

Izpiritua formatzen

Sarritan kontatu dut hemen zer nola aldatzen zaien kurduei aurpegia Euskal Herriari buruz mintzatzean. Bi estatu, hizkuntza gutxitua, legez kanpoko alderdiak, preso politikoak, terroristekin ez da negoziatzen eta gisako leloak... oso ezagun zaien kantaren hitzak dira, eta inork urruneko herri batez era horretan berba egindakoan, sinpatiazko irribarre batek gainditzen ditu bost mila kilometro.

Baina inbidia ere ez da txikia. Ikasketak euskaraz egin ditugula esatea, frankismo beltzenean seme-alabak euskaraz eskolatzeko egindako apustuak, gerora etengabeko hobekuntza pedagogikoan murgilduta ikastolak Europako hezkuntza aipamen garrantzitsuenak eskuratu dituela entzutea, beren ametsetako egitasmoak bihar bertan betetzea legez da. Ondo bidean, Euskal Herrian bertan egongo dira aurki, kurdueraren sua hauspotzeko bideak ikertzen.

Lagunak gaizki pasa zuen eskolan. Ez dira bere haurtzaroko kontu soilak: lehengo astean Onur Tekin hamar urteko mutikoa jipoitu zuen irakasleak kurdueraz egiteagatik. Gure garairik ilunenak egunerokotasuna dira goizero-goizero turkiar bandera jaso eta zeinen turkiar izanik zoriontsu diren milioika umerentzat. Gurean egindako bidea amets, berehala ulertu du lagunak hemen berba ponposoetan ezkutatu gura dutena: Meliton Manzanasen senideak ikastoletan gura dituztela Argala eta Txiki eta Otaegi terrorista gaiztoak zirela esaten.

«Ez duzue horrelakorik onartuko, gero!» gaztigatu dit lagunak, ordenagailuaren bestaldean sututa. Ez dugu onartuko. Lau hamarkadan izpiritu nazionala formatu nahi zutenen aurrean ikastolak sortu bagenituen, basatiak zibilizatzera datozen kolono berriek gela hutsak topa ditzatela. Kalean kantatuko diogu Txikiari eta Kantauriri: «Geroari esaiok olatuetan, herri izarrak ez direla itzaltzen, gure haurrek biharko ikastoletan, haien izenak abestu ditzaten, herriarentzat biak hil baitziren».

2010-04-18

Mendekua

«Guk ez genuen independentzia nahi. Gustura biziko ginen geneukan autonomiarekin, gure eskubideak bermatuta. Baina ezinbesteko bihurtu zen independentzia. Ezin ginen Serbia barruan gehiago egon». Kosovoko egunkari garrantzitsueneko zuzendariak esan zidan behinola. Berriki antzeko zerbait entzun diet hainbat katalani: orain arte ez zuten askorik pentsatu Kataluniak estatua eraiki beharra zeukanik. Egia zen Espainiatik, Madrildik bereziki, katalanekiko ezin ulertua sumatzen zutela, baina Jose Maria Aznarren azken urteei eta haren ondorioz geratu den antikatalanismo agerikoari zor diote begiak irekitzea: katalanek ez daukate lekurik Espainian. Sinetsi nahi ez zuten Espainiarekin topo egiten milaka independentista sortu ditu Katalunian. Espainiak Espainia izateko ukazioa barik atxikimendua bultzatzea txalogarria izan daiteke ezkertiar borondatetsu horientzat. Baina beren naziokideak limurtzerakoan egingo dugu berba.

Eduardo Galeanoren Gobernuak erabaki du errealitatea ez dela existitzen lana datorkit gogora: Santa Maria sumendia erupzio betean dela, pregoilaria Guatemalako gobernuko oharra aldarrikatzen ari da: normaltasuna nagusi da esaten eta besterik diotenak zurrumurruak hedatzen ari diren ordenaren aurkakoak dira. Auzitegi Konstituzionala, berdintsu, nazio katalana existitzen ote den eztabaidan ari da, katalanek zer sentitzen diren ebazteko gai balitz legez.

Euskaldunen aurka ez da hainbesteko eztabaidarik izaten. Eta presio jasangaitzari men eginda, Egunkaria kasuko salbuespena gertatu denean ere, benetako Espainiak, boterea inoiz utzi ez duen hiltzaile berde horrek, laster agertu du mendeku gosea eta gorrotoa. Asetzen dakien era bakarrean: egunotan hustutako hamar ziegak berriz ere hamar euskaldunekin betez.

Inoren aurka barik, era positiboan pentsatu izan dut beti estatua behar dugula. Baina hori aski ez balitz, Espainiak berriz utzi digu argi ahalik bizkorren moztu behar ditugula kateak torturaren aberritik.

2010-04-11

Amesgaiztoaren amaiera

Bihar euskal kulturako pertsonaia garrantzitsuenek bizitako amesgaiztoa amaituko da. Ezin da bestela izan, Espainia Espainia izanda ere. Gero gerokoak, baina biharkoak ospatzeko eguna behar du, Espainiaren terroreak kale egin duela ozen esan behar dugu, kale eginarazi diogula erakusteko eguna behar du.

Gero gerokoak. Euskal kazetaritzako pertsona garrantzitsuenetakoenek aspaldi merezitako loa berreskuratzeko data historikoa behar du biharkoak. Baita gerokoari heltzen hasteko ere. Bidegabekeria bat amaitzeak ez du hura konpontzea esan gura. Eta milaka euskalduni kendu ziguten egunkaria itxita dago. Eta munduari kendu zioten Egunkaria zarratuta dago, ale historikoak ere ezin kontsulta daitezke sarean. Hamabi urteko ondarea Espainiako katakunbetan dago oraindik.

Espainiar tsunamia gerarazteko lehen dike sendoa eraiki behar da bihar. Gertatu behar dena gertatuta, ez diegu sinetsiko Justizia independenteaz esan ditzaketenak. Euskal Herria beldurtzeko itxi ziguten egunkaria, Euskal Herria izutzeko torturatu zituzten, eta hala behar duelako absoluzioa besterik ezin da egon bihar.

Ospatzeko eguna behar du, eta salatzeko Espainian oso merkea dela euskaldunak torturatzea, euskara debekatzea. Ez dugu ahaztuko Teresa Toda, Jabier Salutregi eta Egin-eko hainbat kazetari espetxean daudela, kazetaritza egiteagatik sei urtetik gorako espetxe zigorrekin. Eta Egin eta Egin Irratia ere betiko itxita. Euskal egunkariak ixtea merkeegia da Espainian. Falangek baino ezin baititu espainiar inkisidoreak auzitara eroan.

Argi esan behar da: bihar ez da egindako kaltea konponduko. Kalte handiagoa eragotziko da. Bidegabekeriari muturrekoa eman eta behingoz geraraziko da. Ez eskatu aukera egiteko torturatuak isilarazten dituzten inkisidore aurrerakoien eta horiek auziperatzen dituzten falangisten artean. Biak daude sobera herri honetan, Aberri Eguneko milaka independentistek argi utzi bezala.

2010-04-04

Ezohikoa

Ismail Kadareren Hiru hil kanta Kosovogatik eleberriak honako abiapuntua dauka: «Sekula ez zen gertatu berehalako gerraren zurrumurruen ostean bakea egitea. Aurkakoa baina, bake itxaropenen ondotik bat-batean gerra piztea, ia ohitura zen penintsula handian». 1389ko neguaren amaieran, Balkanetako borrokaldirik ezagunenaren atarian kokatu zuen nobela. «Menditarrak gailur elurtuetara begiratu eta burua astintzen zuen. Elur maiteak han goian iraun artean, ez zen armadarik bidera irtengo, ez zen gerrarik hasiko. Udaberrian ziurtasun hori guztia birrindu egiten zen, eta elurra urtzeaz bat aldatzen ziren pentsamenduak».

Kurduek naturaren iratzartzea eta udaberriaren iritsiera Urte Berriarekin lotu ohi dute. Irlandarren Saint Patrick ere antzeko datan dator, eta data horren pareko dute 1916ko Pazko Altxamenduko oroitzapena. Ohitura kristaura jo zuten 1932ko lehen Aberri Egunaren antolatzaileek, baina baita Berpizkundearen ideiarekin lotu ere. Nazionalismo guztiek sarri erabili duten figura da iratzartzen ari den herriarena. Baina natura ziklikoa da, urtero iratzarri eta lotara joaten da, eta nazioek behin betiko iratzartzea dute amets.

Ilusioa eta gogoa nabari zaie Espainiak gogorren jo dituzten abertzaleei. Baita autonomiaren kudeaketa eta independentismoaren arteko dantzatik azken horren hautu irmoa egin dutenei ere. Mesfidati, baina bat egingo dutela esan dute ezkerreko beste independentista batzuek. Eurekin bat, milaka abertzale, oraingoa benetako dela sinetsi guran.

«Ezohiko bakea gailenduko zela zioten albisteak iritsi eta berehala beste albiste bat iritsi zen esanez gerra egongo zela eta gerra hori ere ezohikoa izango zela», amaitzen du lehen kapitulua Kadarek. Ezohiko bakearen hautua dago herri honetan ere. Hitza errespetatuta independentzia eskuratuko duen bakearen aldekoa, hain zuzen ere. Bake hori baino, gerra nahi duen jende asko dago, ordea. Ohiko gerra, ezohikoa, zein gerra zikina.

2010-03-28

Gaur zortzi

Nazioa garela eta independentzia behar dugula aldarrikatzera deitu dituzte independentistak. Batzuek agertu dute atxikimendua, besteek kritikatu egin dute beren alderdia aintzat hartu ez dutelako, eta EAJk abertzale mozorroa jantzi, eta ohiko ekitaldi folklorikoa egingo du, Bilbon.

Ezkerreko edozein mugimendutan ezinbestekoa dira eztabaida eta kritika. Beti dago arriskua lelo eta ideia handien atzean uniformizazioa eta inposaketa nagusitzeko, baina denerako behar da astia: eztabaidarako eta ekintzarako. Eta historian badira uneak, txikikerietan galdu barik, bat eginda jotzea ezinbesteko direnak, ñabardurak aitzakia direnak. Aberri Egunak oraindik ere kristau berpizkundearen erritoarekin lotzea jarriko nuke nik zalantzan, beste hainbat konturen artean, baina horren gainetik egoteko unea delakoan nago.

Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak Urruñan deitu dute ekitaldia Aberri Egunaren bezperan, ezin jakin biharamunekoa ez oztopatzeko, edo susmoa baino gehiago dutelako abertzale gehienak, euren alderdikideak barne, Irun-Hendaiara joango direla. Zail baita ulertzen alderdi abertzale batek Aberri Egunerako ezer ez prestatzea. Zein dei egiten diete alderdi horiek beren militanteei? Urruña, bai, baina bezperan da hori. Aberri Egunean etxean geratzera deitzen diete?

Kritikak kritika, Abertzaleen Batasunak Irun-Hendaiara ordezkaritza bidaliko ei du, eta Aralarrek ez ei du jarrera argitu. Biek dakite nora joango diren euren militante eta jarraitzaileak. Sinetsi nahi dut, nahi duten kritika guztiekin, buruzagiak ere han egongo direla. Batzuk oso urduri daude egoera berri honetan, eta egia da egon litekeela errebantxa gogoa ere beste alderen baten. Txikikeria horien gainetik Euskal Herriaren alde bat egiteko ez bagara gai, ez dugu independentziarik merezi.

2010-03-21

Ongi etorri

Udaberriagaz batera etorri zara, Añes. Kurduek Newroz besta dute gaur; suaren gainean jauzika ospatzen dute urte berria eta herriaren askapena. Maiek piramideko eskaileretan gora ikusten dute sugea, eta txetxeniarrak elaiak noiz itzuliko zain daude. Gurean ere ezin sinetsita gaude neguaren amaierak amestutako udaberria dakarrela. Baina gurera etorri zara, Añes, eta zoriona ekarri duzu. Zure etorrera hutsak ekarri digun poz bera bizi osoan izan dezazun gura genuke, beti erraza izango ez dela jakinda ere.

Zorioneko zara, gurasoen maitasunaz gain jatekorik eta sendagilerik faltako ez zaizun herrian munduratuta. Zorioneko, irakurtzen eta idazten ikasiko duzulako, eta are zorionekoago, zure hizkuntzan egingo duzulako, Añes. Ezin antzekorik esan goizero «zorioneko bere buruari turkiar deritzona» kantatu behar duten milioika haur kurduk, ezin horrelakorik irudikatu elaiak itzuli ez diren txetxeniarren etxeetan, ezin zure logela xumea amestu artoaren alaba izateak gizarteko azken katebegian jarritako neskatoek. Zuk euskaraz ikasiko duzu etxean, Añes, eta euskaraz izango ikasketak. Eta nahi eta nahi ez espainola ere ikasiko duzu, ikastolan bertan. Ikusiko duzu mundua eta etxea ez daudela gura bezain ondo, Arabako Añes herritik Eskiularaino amestu genuen euskal herri librea ez dela ez euskaldun ez eta libre. Hau ez da Txetxenia, ez Kurdistan, ez dugu gerrarik, baina gerra ez da bukatu eta bakea ere ezin iritsi.

Ez zatoz, ez, amestutako mundura, amestutako Euskal Herrira. Baina sinetsita gaude, euskaraz biziko zarela, espainola mundua aberasteko erdara bat gehiago izango zaizula, eta hazitakoan historiako amesgaizto izango direla erbesteak, espetxeak eta urteotako sufrimenduak oro. Gero ere ez da beti erraza izango euskaldun izatea, baina munduko txokorik onenetakoan jaio zara, Añes. Suaren gainean dantzan ospatuko dugu udaberria ekarri duzula eta atzetik datozkizula etxera bakea dakarten elaiak.

2010-03-14

Hamaika aurrekari

Latinoamerikako gaztelaniaz zirrara sortu izan didan aditz bat dago: desagertu, desaparecer. Euskaraz legez, aditz iragangaitz edo intransitiboa da, baina Mexikotik Argentinara era transitiboan ere jokatzen da sarritan. Le han desaparecido gramatikaz oker egonda ere, desagerrarazi dute esateko erarik indartsuena da espainolez.

Ez duela ulertzen dio Baionako fiskalak. Erraza du, doala Euskal Herriko edozein bazterretara, eta berehala jakingo du zer ulertu duen Barne ministroa propagandaren eta gezurraren bozeramaile ikusten duen herriak. Badakigu tiroak airera eta gomazko pilotak gerritik behera tiratzen dituztela, baina zer diren gauzak, euskaldun hegalariak batzuk, euskaldun txikiegiak besteak. Eta heriotza naturala argudiatzeko bihotza geratu dela esan behar. Bihotza geratzeak heriotza baitakar, eta heriotzak bihotza geratzea.

Hamaika eguneko hutsunea. Hamaika egun, eta buruan Espainiaren tortura berdea. Hamaika irudi lazgarri. Ez susmo hutsez. Gure tragediaren esperientzia traumatikoa da, Joxe Arregi, Joxean Lasa, Joxi Zabala, Mikel Zabaltza, Xabier Kalparsoro, Gurutze Iantzi, Josu Zabala, Jose Luis Geresta. Eta azken urteotako bahiketak eta basorako bisitak. Gaur Espainiari sinesten dionak sinetsi nahi diolako da.

Egia, justizia eta erreparazioa ere ez dira posible gurean. Badakigu alferrik dela ezer eskatzea Espainiari. Inoiz ezer eman ez duenarengandik ezin ezer espero. Edo bai, gerra estrategia dauka eta ez dauka ezkutatzeko lotsarik. Antzarak ferratzera bidali ditu NBEren torturari buruzko gomendioak, lotsarik gabe. Galdetu Anjel Berruetaren senideei. Heroiak ez dituzte zigortzen, eta egitekotan laster dute saria. Bada, gorde ditzatela beraien heroiak, Espainiako historia loratzen duten beste hiltzaile guztiekin batera. Guk egia eta independentzia behar ditugu, eta Espainiak ez ditu inoiz eman ez bata ez bestea. Beti kendu behar izan dizkiote, Flandestik Kubara.

2010-03-07

Hitzaren mugak

Lagun batek baino gehiagok proposatu dit Facebook-eko «Frankismoaren apologia delitu izan dadila» taldearekin bat egitea. Ez dut egin. Baina mugagabea behar ote du adierazpen askatasunak? galdetzen didate. Teorian, bai, nire ustez. Ñabardurak gero egin litezke, baina, kontuan izan, askatasunari mugak jartzen hasita, denek izango dutela tentazioa «bere» muga handitzeko. Ulertzekoa da nik hemen inorekiko gezur eta salaketa faltsuak jartzeak izan beharko lukeela muga bakar horietakoa. Edo beste norbaiten datuak (helbidea, telefonoa...) ematea eta haren aurkako delituak egitera dei egitea. Kitto.

Irainak ere ez luke delitu behar. Idaztearen -oro har edozein adierazpideren- helburuetako bat da entzulearengana iristea, eta zerbait sorraraztea. Eta batzuetan oso mingarriak dira adierazpenak, ezin uka. Hirurogei urtez fusilatuen senide eta lagunek horrelakoak entzun beharra ezin mingarriagoa da. Bortxatuak bortxatzailearen matxokeriak entzutea nazkagarria da. Baina eremu moralean dihardugu. Bortxatzea, fusilatzea izan da krimena. Besteak, kriminal horien izaera adierazten dute soilik.

Turkian ez dago armeniar genozidioa hitz horiekin aipatzerik. Eta horren aurka borrokatu eta bizia eman zuen -barka, bizia kendu egin zioten, guk ere ken dezagun epika hori- Hrant Dink armeniar kazetaria Frantziaren aurka mintzatu zen, armeniar genozidioaren ukazioa zigorgarri izatea bozkatu zuten egunean.

Izan ere, zelan baloratu irainak inorengan sortzen duen mina? Horri helduta, aspaldi hasi ziren apologia delituaren eremua zabaltzen, eta hasitakoan mugak gura bezain lausoak bihurtzen dira. Preso politiko esatea zigorgarri egin gura dute. Hurrengoa Argala omentzea ei da. Dabiltzala. Meliton Manzanas eta Carrero Blanco biktima eta Argala terrorista diren estatuan gaude. Baina berriz ere estatu horren izaera baino ez du uzten agerian. Debekatuta dago, baina maite zaituztegu.

2010-02-28

Galtzaileekin bilduta

Gatazken konponbidea daukate hizpide asteburuan Kurdistanen bildu diren euskaldun, katalan, galiziar, irlandar, galestar, hegoafrikar eta enparauek. Horrelakoetan Xuan Bello asturiar idazlearen Paniceirosko istorioetako bat etorri ohi zait gogora. Bretainian egin zuten bilkura batear joan ziren asturiarrez dihardu, han beste nazio ukatu batzuekin topo egitera. Galtzaileen bilkura funtsean, borroka guztiak galdu dituztenen batzarra. Euskaldune ixetie, hegoafrikar ixetie edo indixue ixetie lakue da...

Eta badu horretatik zerbait, zalantzarik ez, baina galtzaileek ere maitasun falta daukate, galtzaileek inork baino gehiago menturaz. Zutabea idazterako, ez dakit euskaldunekiko harrera zelangoa izango den. Hau da, badakit beroa eta abegikorra izango dela, zalantza gutxi horretan, baina gurean piztu denaren/pizten ari denaren oihartzuna zenbaterainokoa den asmatzea ez da erraza. Interesa badagoela, badakit, jakin-minetik harago ilusioa, itxaropena... bihar esango dizuet zein neurritaraino.

Azadiya Welat kurduerazko egunkariko argitaratzaile ohiak garaiz lortu du ihes egitea, 21 urteko espetxe zigorra ezarri diote. Haren ondorengoak, Vedat Kursun-ek zori bera ez eta urtebete egin du espetxean. Fiskaltzaren eskaria betez gero, beste bostehun egin beharko ditu. Desberdintasunak desberdintasun, badira oso antzekoak diren gauzak.

Beste gauza batzuetan, nork bere bidea egiten du. Gure unea den? Nahiago hala balitz. Europako egunkari garrantzitsuenak irakurtzeko beta izan dut Kurdistanera bidean, eta denetan Espainiarekiko ardura, Greziaren ispilu ote. Eta sentitzen dut espainiar langile eta langabetuek berriz ere ordaindu beharko dutelako eurek sortu ez duten krisia. Baina izatea ukatzen dizun estatua zulorantz doanean, atezuan egoteko unea da. 1988an inork ez zuen espero 1991n Sobietar Batasunik ez eta hamabost errepublika egongo zirela. Adi gero.

2010-02-21

Herriak ez du barkatuko

Ikusi dut jende pila bat manifestazioan oihuka Herriak ez du barkatuko zioen pankarta baten gibeletik, eta pentsatu dut barkatzen ez duen herri bat ez dela inoiz sendatzen». Kristiane Etxaluzek zioen duela hil batzuk Larrun-en. Eta bi belaunaldik ezagutu ez dugun une historikoaren ataurrean egon gaitezkeen honetan, asko dago barkatzeko. Iraganaz abstrakzio egiteko unea behar du, Espainiari jaramonik ez egin oraingoz, eta haserre pertsonalak, are ideologikoak, irentsi, bost axola zeinen nardagarri izan daitekeen zenbaitentzat honekin edo harekin ibiltzea.

Ze hau benetan bada, eta askok sinetsi gura dugu benetan dela, iraganekoak barkatu, erdi ahaztu edo gura duzuen bezala deitu eta aurrera egiteko sasoia da. Eta horretan, iragana barkatu edo erdi ahaztu legez, etorkizunean bada barkatuko ez dugunik: ez dago barkatzerik uneak eskatzen duen gisan aritzeko prest ez egotea, ez dago barkatzerik denok bat egin beharreko unean eztabaida antzuetan galtzerik, ez dago barkatzerik lidertza historikoaren aitzakian partekatzeko gaitasuna, malgutasuna ukatzea, eta ez dago barkatzerik azken urteotan beren bidea egiteko gai izanaren aitzakian independentisten batasunerako oztopo izatea egindako bide hori betiko ezker independentistan urtzeko beldurrez.

Bost axola bihar berriz lagun edo maitale izango garen, edo bi pinudi eta testamentuko lau sosengatik borrokan hasiko garen. Lehengo astean abkhaziarrei galdetu nien ea zein alde zegoen euren estatu independentearen eta txetxeniarren porrotaren artean. Badakite antzeko kasuak direla, baina zinismo puntu batekin ere bota zidaten: «Motel, guk jakin diagu independentziari eusten, eta haiek ez». Indarra izan dute, eta inteligentzia, unean uneko kartak jokatzen asmatu dute, hori da dena, ez auzoak baino arrazoi gehiago edo gutxiago izatea. Etsaiak tortura eta gezurra dakartza, ezer berririk horretan? Baina beharrezko denean batzeko gai den herriak baino ez du irabazten.

2010-02-14

Bronxeko euskara

Zinemarekin loturiko albiste pare bat izan ditugu berriki: Kataluniako aretoek greba egin dute emanaldien erdiak katalanez izatera behar dituen legearen aurka. Gurean, berriz, filmak euskaratzean erabiltzen den hizkuntza ereduari buruz egindako tesia. Horren arabera, hizkuntza jasoan barik informalean dago arazoa, zer esanik ez argotean eta hiri-tribuen hizkeren munduan sartuz gero.

Funtsean betiko arazoa da, zelan itzuli zurean ez dagoena. Manhattango idazleak etxetik irten eta Bronxen paseatzea baino ez du behar hango hizkera lantzeko. Gasteizen edo Bilbon gau giroa, droga mundua, euskalgintzatik urrundutako edozeinen berri eman gura duenak errealitatetik abstrakzioa egin behar du. Jakina, hori ez da inork inon darabilen hizkuntza erreala, baina hortik ondorioztatu behar ote da ahozkotasunetik hurbil legokeen (hikak inongo lekurik ez, noski!) euskañolera bikoiztu beharko genituzkeela Bronxen girotutako filmak? Gure hirietan egiten den euskara apurra guraso erdaldunak dituzten gazteengan baitago nagusiki. Gehienentzat, eskolatik kanpo ia adierazkortasunik ez daukan hizkuntza zurruna da. Beste hautuak, eskualde euskaldun ez horren urbanoetan belarria jartzeak, hizkuntza biziagoa dakar, sarritan txokokeriara jotzeko arrisku eta guzti. Funtsean, argota bera txokokeria baita.

Baina berdinean gaude, existitzen ez den mundua birsortzen. Eta katalanez lortu ez dena, film eta telesail gutxi batzuk bikoizten erdietsiko dela pentsatzea, begiak ixtea da. Itzulpengintzan urteotan egin dena asko izan da, gehiegi sorkuntzaren eremutik begiratuz gero, baina, noski, itzultzaileari barik sortzaileari aurpegiratu beharko zaio hori. Goza ditzagun behingoan film eta telesail arrakastatsuak datozen bezala, merke-merke azpititulatuta, eta euskarazko filmak egitera bideratu dezagun gainontzeko indar hori guztia.

2010-02-07

Leku-izenak

Tabua astiro-astiro jausten ari bada ere, oso jende gutxik darabil oraindik orain Kurdistan hitza Turkian. Kurdu gehienek ere ez, konfiantza giro handian eta politikoki aski trebatuta egon ezean. Politikari kurduek behin ere ez didate Kurdistan esan elkarrizketa batean, grabagailua itzalitakoan Kurdistanen askatasunari buruzko kantei heldu arren. «Hego-ekialdea» da Kurdistan oraindik, edo, asko jota, «lurralde kurduak» edo «eskualde kurduak». Inoiz ez Kurdistan... non eta, ez diren Hego Kurdistani buruz ari. Hor bai, ari da indarra hartzen hitza; kemalista sutsuenek «Ipar Irakeko eskualdea» deituta ere, tarteka-marteka ihes egiten die Kurdistan hitzak. Nahiko lukete-eta horixe baino ez izatea Kurdistan, negozioak eta petrolio mordoa daukan mugako herrialde txikia, eta ez etxe barruan preso daukaten hamabost edo hogei milioi biztanleko nazioa.

Euskal Herria, Euskadi eta Pais Vasco esanahi berarekin ulertu zuen azken belaunaldikoa izango naiz ziur aski. Gazteagoek natural samar entzun dute «Euskadi y Navarra» hedabideetan, eta hortik hurrengo urratsa nazioa Euskal Herria eta erkidego autonomoa Euskadi zela azaltzea izan zen. Hori nork, non eta noiz zehaztu zuen argitu barik. Jeltzale batzuek ezker abertzaleari egotzi diote bereizketa ezartzea, baina kalte handiena jeltzaleak buru zituen Jaurlaritzak egin zuelakoan nago. Hogei urtez «baskoez» eta «Euskadiz» mintzatu izan zaigu lurraldearen herenari buruz hitz egiteko, bere gobernuaren propagandarako eta gero gerokoak: Euskadirekiko identifikazioa amildu nafar gehienen artean. Orain Euskal Herriko biztanle ia guztiek onartu eta natural erabilitako hitzaren txanda iritsi da. Historia luzea eta, batez ere, erabilpen normal eta neutroa daukan hitza epaitegietatik pasa eta tresna abertzale eta ideologiko bihurtu digute. Geratzen zen esparru komun bakarretakoa zen, baina ez-abertzaleei kendu egin diete. Eta hori, eskolako debekua baino larriagoa da.

2010-01-31

Politika neo-otomanoak

Herrialdea hotzak eta elurrak irentsi dute asteon ere, baina Turkiak azkenaldiko kanpo politikako ekimen ugariekin jarraitu du etengabe. Ahmet Davutoglu atzerri ministroaren agenda ezin beteagori politika neo-otomano deitu izan zaio, behinolako inperioko lurraldeetan eragina berreskuratzeko asmoa ageri duelako. Gobernuak, berriz, askoz hobeto geratzen den «auzoekin arazorik ez» izena eman dio politika horri. Duela ez asko Istanbulen gauden kazetari atzerritarrekin egindako bilera batean horri heldu zion gobernuan dagoen alderdiko arduradunetako batek. Britainiar eta estatubatuar kazetariak urduri ageri ziren, Siria eta, batez ere, Iranekiko jarrera berriak Europatik urruntzea eta itxuraz islamizazio leun batek ezkutatzen zuen benetako helburuak ageri zituelakoan. Are gehiago, «auzoekin arazorik ez» izeneko politikak salbuespena Israel izanda: duela ez asko arte eskualdeko aliatu garrantzitsuenak mokoka ari dira urtebete baino gehiagoz. Politikariak azkenean onartu zuen Estatu Juduarekikoa, nabarmenduz behinolako lotura estrategikoa indargabetuta zegoela eskualde osoarekin laguntasuna lortzen ari zen uneotan. Iranekikoak, lasaitzeko eran esan zituen, mundu osoak estu eta oldarkor hartzen zuelarik Teheran, denon intereserako zelakoan Ankarak zubi lana egitea.

Mundu musulmanarekiko hurbilketek (Gazako salaketa uler daiteke, baina zer irabazten du Turkiak gerra-krimenez akusatutako Sudango presidentea babesten?) argi ageri dute ifrentzua: «auzoekin arazorik ez» betiko etsaiekin bakea bilatzea da teorian. Eta Armeniarekin urrian izenpetutako hitzarmenak ez du ezer ekarri, muga itxita dauka Turkiak eta agiria usteltzear. Zipreko elkarrizketak blokeo egoera berean daude. Eta gobernuak «irekiera demokratikoa» deituriko prozesu kurdua indarrean dagoela berresten badu ere, atxiloketekin jarraitu eta harro aldarrikatu dute iaz 800 kurdu atxilotu zituztela. Nork zer azaldu, hura irakurketa.

2010-01-24

Galegoak eta besteak

Lankide kazetari bati, Prestige-ren eta Nunca Mais-en garaian Galiziako kostaldean lanean zebilela, erdi lotsatuta esan zioten: «Hau Euskal Herrian gertatu balitz, surtan zeuden kale guztiak, baina hemen...». Kontua da hemen, han alegia, protesta etengabean zeudela, manifestazioak egunero, poliziaren kargak sarri-sarri eta Galizia umil eta umiliatua behingoan iratzarri zelako uste osoa. Gero, udal hauteskundeak eta etsipena eta gura dituzuenak. Baina behingoan iratzarritakoan ere, euskaldunaren topikoari eutsi. 70eko eta 80ko hamarkadetako mirespen eta lilurarik gabe, elkartasuna esparru gutxi batzuetara zokoratuta ere, badago oraindik Euskal Herriko farora begiratzen duenik, haize freskoa hartzeko nazio txiki honetan ideia behar duenik. Katalan zein galiziar independentistak, noski, baina baita asturiar borrokalariak, andaluziar ezkertiarrak eta enparauak ere. Alemanian «Europako ezker iraultzaile burgesena daukazue» esaten ziguten, baina dena emateko gaitasunak, antolakuntzarako grinak udaro-udaro etorrarazten ditu dozenaka lagun.

Galizia eta Kataluniaren artean Espainiaren menpeko hirugarren nazioa gara. Sozialismo katalanista agintean da batean, indar aurrerakoi gallegistak garaitu dituen gobernu erreakzionarioa bestean. Erdian gu, birkonkista planean mendebaldean, konkista osteko arpilatze lotsagabea ekialdean. Eta erdiko nazioaren erdian, jendea, ilusioz, gogotsu, eta zain. Duela astebeteko agiriak gauza berri asko zituelakoan, baina hainbeste kolperen ostean, ilusioarekiko ere mesfidati honezkero. Bide bakarra dagoela aldarrikatu ohi da manifestazioetan. Eta bakarra bada bidea, ez dira bi, bi bideak batera ez da posible.

Ipar Euskal Herrian aspaldi heldu zioten beren bideari, Hegoaldeko eraginetatik apartean. Espainiaren menpeko nazioetan jarrera kolonialena izan duenak ere lotsarik gabe egin dio aurre gehiengo osoa hizkuntzaren gainbeheran erabili gura duen gobernuari. Eta gu? Begira eta zain.

2010-01-17

Ayiti, Ayiti

Deye mon, gen mon», «mendien atzetik, mendi gehiago» esan ohi dute haitiarrek. Ez dira mintzo geografiaz soilik, esaldia ez dator zortzi milioi lagunentzat soildutako mendiengatik, bizirik irauteko gainditu beharreko mendi erraldoiez dabil. Behin izan naiz herrialdean, egun gutxi batzuk. Ofizialki han jarraitzen dugu: muga itxita aurkitu eta Masacre ibaitik iritsi ginen Dominikar Errepublikara, irteera zigilurik ez pasaportean. Trujillo diktadoreak milaka haitiar hil baino lehendik ei du izena ibaiak, motiboa 1937an sarraski hartan berreskuratua.

Gaur Al Kaedari eta atzo komunismoari egozteko sinestezinak zirenak zegozkion Haitiri. Hiesaren jatorria buduaren lurrarekin lotu izan da orain ez hainbeste arte, eta haitiarrak noski Miami zein Quebec-eko krimen larrienen egileak. Frantzia? Beste norabait begira, bistan da. Hirukoloreduna urratu eta banderatik zuria kentzea du bekatuetan txikiena Haitik. Ekintza miserableak zenbat gura dauzkate herri kolonialek, baina nekez berdintzekoa Haitirekikoak: erraz esaten da 1825etik 1947 arte kalte-ordainak ordaintzen egon zela Frantziari, esklaboa esklabistari ordaintzen.

Papa Doc-en Tonton Macoute morroien aurkako dechoukaj mendekuak amaituta, mendian burua galduta kantari ziharduena zonbia zela gaztigatu zigun adiskideak. Jacmelgo budua, ihauteria, matxinoaren harrotasun ahaztua, denak ehortzi ei ditu azken triskantzak. Bogotan ikusi nuen Haiti azkenez, lurrikarak kendu digun Georges Anglade handiaren irribarrean.

Metropolitik askatu zen Ameriketako lehen kolonia munduko herrialderik boteretsuena da. Bigarrena, kontinenteko behartsuena, bezainbat mespretxuz begiratzen dutena Puerto Rico eta New York amesten duten dominikarrek eurek. Miresmena ere ez da gutxiago izan, Bolivarren esker onetik, Jose Marti, Nicolas Guillen edo Alejo Carpentierrera arte.

Orain ezetz, diote gringoek, laguntzera baino ez doazela. Eta nik sinetsi gura. Haitin baino ezin gertatu, eta Ayitik ere ezin jasan.

2010-01-10

Bizarra

Alferkeriaz hasieran, gero proba gisara, koketeria puntu batekin ere bai azkenean, bizarrari hazten utzi diot egunotan. Ez dizuet lagun arteko erreferendumaren emaitzarik emango, baina bai bizarraren aurkako argumentu sendoena: «Motel, habilen moduan aireporturik aireportu ibiltzeko, bizar trinko eta beltza uzteak arazoak baino ez dizkik ekarriko».

Eta, hala ere, behingoan saiatuko, eta bizar eta guzti abiatuko naiz islamak antzina konkistatuko lurretarantz. Ezer egin ez duenaren lasaitasunarekin; pedigree-dun, jatorri kristauko europar herritar arrunta banintz legez. Nahiz eta jakin ez dela egia. Euskalduna izateak berez darama aduanakoak errezelo puntu batekin behatzea pasaportea, salatzen zaituen mugimenduren bat egitea, uniformedunaren aurrean patxada gordetzen saiatuta ere, nahi gabe ere susmagarri zerrendako kide zarela aitortzea.

«Bizarrak salatu? Biluz-biluzik miatzen zaituenari zer axola dio aurpegiko edo beste edonongo ileak?». Egunero ehunka edo milaka aireportutan ibiltzen diren milioika bidaiarien artean milaka zaindari daude balizko atentatugile bakar horren bila. Segurtasuna balio absolutua da, ez dauka preziorik; edo bai, badauka, eta ordaintzeko prest gaude, tori txekea hutsik eta jarri zuek zeroak. Espetxeetan inor biluzi ez dadin ere jar zitezkeen tresna horiek, baldin eta helburua segurtasuna balitz eta ez senideen umiliazioa.

Psikosia benetakoa da, ez dut ukatuko. Mehatxua ere bai, horrenbeste musulman gorrotora zerk bideratzen dituen arrazoi ugarietan sakondu barik ere. Urtetako irainen zerrenda luzeari ez diogu begiratuko, Palestina gatazkan hasitakoak abar asko ditu, eta nahasiak. Afganistandik alde egitea ez da konponbidea jadanik, eta Yemengo Gobernu otzanari armetarako diru gehiago agindu diote. Segurtasuna ere azpikontratatzen den sasoietan bizi baikara.

2010-01-03

Bilbotik Temucora

Aseli

Oso zaila da Urte Berriarekin Euskal Herrian suma daitekeen ilusioa azaltzea. Estatuaren oztopoak ia nekerik gabe gainditu ditugu. Alderdien batasunaren putzaldi soila aski izan da karta-gaztelu baten gisan erauzteko atzoko manifestazioari ezarritako debekua. Eta zenbatek ikusi zuen atzo Bilboko kaleetan aro berri baten lehen urratsa, tunelaren amaierako lehen argirantz bidea!

Zer diren gauzak. Euskal presoak Euskal Herriratzeko mila ekimenek horma erraldoiaren aurrean egin dute topo. Eta etxetik urrundu gura izan duena, Txilek preso hartu, eta onenean, kanporatu eta etxera bidaliko dute.

Aspaldi ezagutu nuen Asel Luzarraga. Urtebete baino gehiago ez garela elkarrekin egon, PEN Klubeko nazioarteko kongresuaren ostean Bogotan bereizi ginenetik. Buenos Airesko bidea hartu eta Txilerantz jarraitu zuen eta, XXI. mendean, elkarrengandik urrunen egonda inoiz baino harreman handiagoa izan dugu. Noizean behineko bilera eta kultur topaketetatik haratago Facebook-eko solasaldi luzeak izan ditugu Txiletik Istanbulera, maputxeetatik kurduetara, literatura fantastikotik edozein lan, iraultza zein ekimenen akuilu den maitasunera.

Izaera berezia dauka Aselek. Bizitzatik eta mundutik aski ikasi eta batean eta bestean ibilita egin du bere bidea, bere literatura, bere ideologia. Autoritarismo orori ihesi eta aurkari, ahoan bilorik gabe, barre ozena ezkutatu barik. Munduko idazle, kazetari eta ekintzaileak xarmatu ditu egon den bilera eta kongresu bakoitzean, lagunak aspaldi xarmatu gintuen bezala. Punkaminetik anarkismora, linux-etik euskal nobelara, maputxe lurretik Mundakara, Asel behar dugu. Orain polizia-montaje baten erdian harrapatu dute, eta Aselek berak gezurra salatzerik ez badauka, besteok egingo dugu. Asel libre behar dugu, orain bertan.