2010-04-04

Ezohikoa

Ismail Kadareren Hiru hil kanta Kosovogatik eleberriak honako abiapuntua dauka: «Sekula ez zen gertatu berehalako gerraren zurrumurruen ostean bakea egitea. Aurkakoa baina, bake itxaropenen ondotik bat-batean gerra piztea, ia ohitura zen penintsula handian». 1389ko neguaren amaieran, Balkanetako borrokaldirik ezagunenaren atarian kokatu zuen nobela. «Menditarrak gailur elurtuetara begiratu eta burua astintzen zuen. Elur maiteak han goian iraun artean, ez zen armadarik bidera irtengo, ez zen gerrarik hasiko. Udaberrian ziurtasun hori guztia birrindu egiten zen, eta elurra urtzeaz bat aldatzen ziren pentsamenduak».

Kurduek naturaren iratzartzea eta udaberriaren iritsiera Urte Berriarekin lotu ohi dute. Irlandarren Saint Patrick ere antzeko datan dator, eta data horren pareko dute 1916ko Pazko Altxamenduko oroitzapena. Ohitura kristaura jo zuten 1932ko lehen Aberri Egunaren antolatzaileek, baina baita Berpizkundearen ideiarekin lotu ere. Nazionalismo guztiek sarri erabili duten figura da iratzartzen ari den herriarena. Baina natura ziklikoa da, urtero iratzarri eta lotara joaten da, eta nazioek behin betiko iratzartzea dute amets.

Ilusioa eta gogoa nabari zaie Espainiak gogorren jo dituzten abertzaleei. Baita autonomiaren kudeaketa eta independentismoaren arteko dantzatik azken horren hautu irmoa egin dutenei ere. Mesfidati, baina bat egingo dutela esan dute ezkerreko beste independentista batzuek. Eurekin bat, milaka abertzale, oraingoa benetako dela sinetsi guran.

«Ezohiko bakea gailenduko zela zioten albisteak iritsi eta berehala beste albiste bat iritsi zen esanez gerra egongo zela eta gerra hori ere ezohikoa izango zela», amaitzen du lehen kapitulua Kadarek. Ezohiko bakearen hautua dago herri honetan ere. Hitza errespetatuta independentzia eskuratuko duen bakearen aldekoa, hain zuzen ere. Bake hori baino, gerra nahi duen jende asko dago, ordea. Ohiko gerra, ezohikoa, zein gerra zikina.

No comments: