Showing posts with label afrika. Show all posts
Showing posts with label afrika. Show all posts

2013-08-04

Ngugi wa Thion'o eta inperio metafisikoa






Istanbulgo hotel batean hartu ninduen, duela ia aste bi, Erresuma Batuko koroaren oinordeko berriaren jaiotzak. CNN katean ikusi nuen albistea, Kate Middleton erditze lanetan ari zen, eta, morboz edo jakin-minez, BBCra aldatu nuen. Gero luze-zabal tratatu zuten gaia, baina une hartan, Hard Talk elkarrizketa saio bizi eta zuzena zeukaten, eta Ngugi wa Thiong'o kenyar idazlea ari zen.

Zazpi-zortzi minutu zeramatzan elkarrizketak, eta kolonialismoaren krimenez, britainiarrek 50eko hamarkadan egindako torturez ziharduen idazleak. Begirunez baina britainiar estilo zuzen horretan, aurkezleak bere herrialdearen alde ere egiten zuen. Ngugi wa Thiong'ok zera aitortu zuen azkenean: «Kultura guztietan badira elementu positiboak, humanistak, demokratikoak; ezin dituzu kultura osoak kondenatu».

Baina «burua deskolonizatu» beharra ere azpimarratu zion Ngugik, eta hor hartu zuen elkarrizketak interesa, inperio metafisiko kontzeptua sartu zuenean idazleak. «Hizkuntza kolonizazio espirituala zen» argudiatu zuen, «hizkuntza hain dago lotuta komunitate bati... Gauza interesgarri bat aurkitu dut, herri batek beste bat kolonizatzean, beti inposatzen du bere hizkuntza. Portugesek, frantsesek, herri guztiek!».

«Baina ironikoki, zuk erabaki hori [kikuyuz idaztea eta ez ingelesez] preso zeundela hartu zenuen, botere kolonialak alde egin zuenean, Kenyako estatuak zintuen preso, idazle arriskutsua zinelako», gaztigatu zion aurkezleak. «Nire galdera honako hau da, badakizu Chinua Achebek oso bestelako bidea hartu zuela, baita beste afrikar idazle batzuek ere. Chimamanda Ngozi Adichie nigeriar idazle gazteak dio 'ingelesa nire hizkuntza da'. Zure ikuspegia ez ote da beste garai batekoa?».

Ngugik ondo daki zeri buruz ari den «inperio metafisikoa» aipatzean, artez erantzuten dio: «Ingelesa ez da afrikar hizkuntza. Puntu. Esan daiteke 'adoptatu genuen', baina Nigerian igboa edo joruba, Kenyan kikuyua, horiek dira benetako afrikar hizkuntzak».

Aurkezleak ez du etsitzen, eta nigeriar idazlearen hitzak gogorarazten dizkio: «Ingelesa ere nirea da, bere jabetza hartu dut» esaten duen Ngozi Adichie, bera ere nolabait deskolonizatu da, ezta?». Ngugik: «Ez, inperio metafisikoaren zati da». Aurkezleak: «Alegia, oraindik kolonizatuta dagoela esan nahi duzu?».

Eta Ngugiren azalpena: «Ez, inperioa metafisikoa da jendeak sinetsi eta aldarrikatzen duenean espazio hau benetan nirea dela. Horrek ez du esan nahi hark ingelesarekin egiten duena zoragarria ez denik, baina bera ingelesaren zabalkundeari laguntzen ari zaio, ez joruba edo kikuyu edo swahiliaren zabalkundeari».

Ngugik berak bere nobelak ingelesera itzultzean ez ote duen gauza bera egiten, ingelesaren zabalkundeari laguntzen. «Ez, itzulpena oso prozesu garrantzitsua da herriak eta kulturak komunikatzeko. Hara, Europako idazleen lanak zabaltzeko zeinen garrantzitsua izan den».

Eta, noski, behin hartara helduta, merkatuari heltzen dio kazetariak: «Kikuyuz badakizu oso merkatu mugatua duzula, irakurle mugatuak, eta ingelesera itzulita badakizu mundu osora irits zaitezkeela».

Egileak irribarrea galdu barik erantzuten dio: «Hori falazia bat da, ingelesez idatzi eta urrun iritsiko zaren ideia hori. Zulueraz idatz dezakezu, eta lana itzul daiteke ingelesera eta frantsesera. Utzi galdetzen: imajina dezakezu frantses literatura zulueraz idatzita? Eta esan, 'hara, frantses literatura da hau, baina zulueraz idatzita dago'? Literatur lehiaketa asko daude egunotan afrikar literaturarako, baina badakizu zein baldintza daukaten? Ez idaztea afrikar hizkuntzetan. Afrikar literatura sustatu nahi dugu, baina afrikar hizkuntzetan ez idaztea da baldintza. Zorakeria da! Imajinatzen duzu ingeles literatura, txineraz? Ingeles literatura sustatu nahi dugu, baina txineraz idatzita egon behar du?».

BERRIAn argitaratua


2013-01-20

Kolonialismo berria

Unai Aranzadi kazetariak bete-betean asmatu du: atzoko Libiako «askatasunaren aldeko borrokalaria» Maliko «terrorista» bihurtu da gaur. Areago, armak ematen zizkion Frantziak gerra egiten dio orain.

Frantziak herri bati erasotzen diolarik, inbasioa, inperialismoa eta kolonialismoa ageri dira ezinbestean. Zer gertatzen da, baina, herri horretako estatuak eskatu duelarik Frantziaren parte hartzea? Are gehiago, bertako matxinoek ere txalo egiten diotelarik erasoari? Asteartean tuareg independentistek ongietorria eman zioten Frantziari, eta gogorarazi inork baino hobeto ezagutzen dutela Saharako basamortua, eta askatasunerako duten grina inork baino handiagoa?

Badira kolonialismo berri honen analisia konplikatzen duten bestelako azalpenak: Islamiar Magrebeko Al-Qaedak Aljerian egin du Maliko gerraren aurkako errepresalia erasoa. Mendebaldearen aurkako bahiketa, baina Aljeria bera ere badute helburu, bahitzaileek aitortu dutenez. Behin baino gehiagotan Frantziaren esku hartze inperialista salatu duen Aljeriak, izan ere, aire eremua ireki die orain Parisen hegazkinei. Artikulua idazteko orduan, heriotza eta nahasmena dira nagusi Saharan.

Urte bi dira libiarrak borrokan hasi zirela. Urte eta erdi NATOren babesean, Gaddafiren aurkako matxino talde nahasiak —islamistak, amazighak, e.a.—Tripoli hartu zutela. Urtebete Libiako armek Maliko tuaregen matxinada ahalbidetu zutela, eta segidan estatua bera hondoratu, militarren estatu-kolpea eta tuareg independentista laikoen, tuareg islamisten eta arabiar salafisten nahastea Azawaden gailendu zela. Aliantzak hil pare batez iraun zuen doi-doi. Independentistek gogora ekarri zuten orduan, Bamakoko gobernu ustelaz bezainbat nahi zutela libratu Saharako Al-Qaedako sukurtsalez. Baina inork ez zien jaramonik egin. Estatu Batuen agendan egon omen da tuareg karta jokatzeko aukera, baina ez dirudi oso urrun iritsi denik aukera hori. Aitzitik, Aljeriaren ageriko konplizitatea behin eta berriz salatu dute, mugako lanak batzuei errazten eta besteei eragozten. Horrela iritsi gara 2013ko gerrara, atzoko aliatuak gaurko etsai, atzoko borrokalariak gaurko terroristak.

Horrela pizten dira etengabeko kontraesanak. Frantziaren inperialismoa gobernu sozialista baten eskutik dator Afrikara. Duela aste gutxi Aljerian Frantziaren kolonialismoa bidegabea eta izugarria izan zela aitortu zuen François Hollande berak ekarri du Malira gerra. Eta zer esan, zelan ulertu Aljeriak emandako babesa, Maliko Gobernuaren eskari eta ongi etorria, eta soldadu frantsesez betetako tankeei kalean biba eta txaloka agur egiten dieten milaka maliarren irudiak?

Mundua asko konplikatu da. Jarrera antiinperialistak ezin dira eutsi Gerra Hotzaren garaian legez, kolonialismo berriak bestelako formak eta jarrerak dituenez gero. Tuaregen herrian Frantziako erreaktoreek behar duten uranioa dago, Nigerren Malin baino gehiago, baina horrek bakarrik ezin azaldu, behinola legez, gerrari ekitea. Goizeko borrokalaria arrastiko terrorista da. Goragalea eragiten dute ilehori armadunek, Afrika Beltzean bere tankeetan, Afganistanen legez.Baina inork ez du egon nahi liburu baten interpretazio ankerren arabera agintzen duten bizardun psikopaten menpe. Psikopata horiek berak, Sirian eta Libian askatzaile erakusten ditugu. Eta zinez babes eta elkartasuna merezi dutenak, tuareg abertzale laikoak, errebelde kurdu ezkertiarrak (Turkia-Iran-Siriari bezainbat etxeko patriarkatuaren aurka borrokan), islam itsu horren, panarabismo ukatzailearen eta potentzien interesen gatibu geratzen dira.

Antiinperialismoa eta, batez ere, antikolonialismoa, sendo uztartuta dauzkagun sentimenduak dira Euskal Herrian. Baina nazio zapalduetako ordezkariei ez diezaiegun aurpegiratu babesa kanpoan bilatzea; elkarren etsai diren Gobernu-oposizioak berdin-antzean pentsatu ohi dute baina nazio gutxituak zapaltzeko orduan.
BERRIAn argitaratua

2012-12-30

Begirada urteari

Hego Sudango independentzia erreferendumarekin hasi genuen 2011, eta 2012an bietarik izan dugu, independentzia aldarrikapena eta autodeterminazio erreferenduma. Lehena, Azawaden tuaregek gauzatu dute, nahiz eta jihadismoak eta Frantziaren eta Aljeriaren interes ezkutuek hondora eroan duten. AEBak zalantzati daude horratik, basamortuan gerra baino gehiago, ez ote zaien komeni basamortuko biztanleak salafisten aurkako aliatu izatea. Puerto Ricon, berriz, laugarrenez bozkatu dute estatusari buruz. AEBetan erabat integratzea hautatu dute, baina independentzia baino zailagoa dute. Azken batean, etxetik joatea erabaki pertsonala da, baina inorenera bizitzera etortzeko, bertako bizilagunen oniritzia behar da.

Anglosaxoniar tradizio berean, Falkland/Malvinetako biztanleek estatusaz bozkatuko dute bi hilabete barru. Puztuta dabil David Cameron. Hain harro britainiartasunaz eze, autodeterminazioaren bultzatzaile nagusi bihurtu den. Konplexurik gabe, Falklandetako biztanleen gisan eskoziarrek ere Erresuma Batua hobetsiko dutela sinetsita. Britainiar nazionalismoaren urtea izan da, Olinpiar Jokoek eta monarkia eraberrituak bultzatuta: Erreginaren jubileua, William printzearen ezkontza, aitatasuna... galtza bete lan Alex Salmondek eskoziarrak limurtzen, ingelesen bozkario unean. Aipatu genuen paradoxa: Eskozia europazalea Europatik kanpo geratuko da independentzia hautatuz gero. Baina euroeszeptiko ingelesek ere bide bera har lezakete. Cameronek behinola hauspotu eta orain estu hartuta daukate, EBn jarraitzeari buruzko erreferendumera deitu dezan.

Espainiak, berriz, Ingalaterraren karikatura dirudi, bai monarkian, bai estatu-egituran. Katalunian Biltzar Nazionalaren gidoia betetzen ari da: udan itun fiskala aldarrikatu zuen Parlamentuak, eta Madrilek, ohiko itsutasunarekin, atea itxi. Ordurako milioi eta erdi katalanek aldarrikatu zuten itun hori ere ez zutela aski. Orain kartak gorantz daude: berehalakoan, Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu, gero Espainiarekin negoziazio itxura egin (alferrik dela jakitun), erreferendum legea segidan, eta amaitu 2013. urtea, galdeketarako dena prest.

Madrilen ohiko zabarkeriak Eskoziari egin dio kalte batez ere. Ez zuten asko uste Edinburgon; Espainiak behartuta, Jose Manuel Durao Barrosok argitu du: estatuen kluba da Europar Batasuna, eta bereizten denak klubeko kide guztiak konbentzitu beharko ditu, Espainia barne. Izango du lanik, bai, Francesc Homsek, Artur Masek ezkutari fin jarritako kontseilariak. Espainia noraino iritsiko den ezin inoiz jakin, baina beti txarrena pentsatzea komeni da.

Brusela oztopo independentismoarentzat, baina Brusela bera independentismoak inguratuta. Flandriak bide isilagoa baina aski irmoa darama. NVA Flandriar Aliantza Berriko buru Bart de Weverrek Anberesko alkatetza lortu zuen, eta 2014ko hauteskundeetarako pauso sendoa eman. Hegoaldeko haize latino zakarrenen gisan sartu da Albert II.a erregea auzian asteon, noiz eta Eguberrietako mezuan, 30eko hamarkadako krisia eta populismoa inplizituki NVArekin lotzen («ikusi genuen zer-nolako kaltea egin zien gure demokraziei»). De Weverri erraz jarri dio, bistan da, lana ondo bete ez eta herritarrak bildu beharrean zatitzen dituela leporatu ondoren, historia gogorarazi dio: Leopold III.a, egungo Albert erregearen aita, Adolf Hitlerrekin kafea hartzera joan zen. Detaile bat: auzi nazionala bigarren mailan darabil EAJk aspaldion (EH Bilduk ere ez du profil independentistena atera), baina Sabino Arana Fundazioak De Wever bera ekarriko du, urtarril amaieran, nazioarteko saritu bakar gisa. Isileko lan independentista saritzera, azken batean.

Italian ere hasi da mugimendurik. Mario Montik eta Silvio Berlusconik betetako orrialdeen atzean gorde dira, baina Sardiniako parlamentuak 26-25, boto bakar batengatik esan dio ezetz independentziari buruzko erreferenduma egiteari (presidenteak berak autodeterminazioa aldarrikatu baina abstenitu egin zen, «Italiako konstituzioari zor diodan begiruneagatik»). Lurralde pobreek horrela badihardute, zer esan aberatsez: Venetok kontsulta juridikoa eskatu du galdeketari buruz, eta Hego Tirolgo independentistak 2013ko urriko hauteskundeen zain daude. «Gerra-harrapakina da Hego Tirol», zioen Zeit alemanak duela hilabete, Italiak 1919an konkistatu zuela gogoan.

Eskoziatik Mediterraneoraino Belgikan barna, eta erdian, Hexagono erraldoia. Otsailean behar du Marylise Lebranchuk aurkeztu deszentralizazio legea. Apirilean iragarri dute erreferenduma Alsazian kolektibitatea sortzeko. Hurrena Normandia batzea izan liteke, edo metropoli handien estatus berezia. Haserreago daude bretainiarrak, Petainek 1941ean Bretainiatik ateratako Loire-Atlantique deszentralizazio asmoetatik kanpo gera daitekeela ikusita. Lebranchu eta Jean-Marc Ayrault lehen ministroa bera bretainiarrak izateak ez dakar berehalakoan onurarik. Frantziako errepublikak egin du galdeketarik aspaldion, Korsikan aurrena, Martinikan eta Guyanan 2010ean. Denak ere, Alsazia legez, Errepublikaren baitako egiturez galdetzeko. Baina Kaledonia Berriaren data ere hurbiltzen ari da. Noumeako akordioen arabera, deskolonizazio prozesuak hainbat urrats egin ditu, eta 2014tik 2018ra Frantziatik erabat bereizi eta estatu independentea sortu nahi duten erabakiko dute.
BERRIAn argitaratua

2012-12-15

Sezesioa Konstituzioan

Modan-modan jarri zaigu/dugu Eskozia, Katalunia betitik ezagutzen genuen, eta Flandria ez zaigu arrotz. Puerto Ricon euskal jatorria dauka biztanleen zati handi batek, eta Quebecen ere ez zaigu ahaide eta lagunik falta. Sri Lankako tamilak, Tibet, Kurdistan, uigurrak ere, entzun ditu noiz edo noiz auzi independentistetan interesa daukanak. Baina nork zuen Azawaden berri duela urtebete? Nork Sudango hegoalde beltzak estatua eratzear zeukala, orain urte bi? Casamance, Cabinda, Oromia, Zanzibar, Mombasa...

Horietan guztietan, egun dauden estatutik bereizteko mugimendu politikoak daude, baita erakunde armatuak herrialde baten baino gehiagotan. Kolonialismoak Senegal frantses musulmanean kokatu zuen Casamance animista, kolonia portuges eta britainiarren artean egon arren. Cabinda ere, Angolatik kanpo Portugalen kolonia izandako eskualdea da, eta Zanzibarrek eta Mombasak Indiako Ozeanoko eskualdeetako ondare arabiar musulmana aldarrikatzen dute Kenya eta Tanzaniako «estatu zentralaren aldean». Berriki eskandalua izan da Kenyan, Mombasa aldeko alderdi independentista legezko zela ebatzi zutelako epaileek. Sezesionismoa delitu larria da herrialde gehienen iruditerian, traizioarekin estu lotua. Bost axola herrialde horiek atzo goizean sortu izana eta 1885eko Berlingo Konferentziak eraturiko mapetan izatea oinarria. Aberria apurtzea onartezina da, baita potentzia anglosaxoniarren menpe egon diren lekuetan ere, eta demokraziak britainiar tradizio protestante indibidualista izanagatik.

Eta Oromia? Oromiak Etiopia erdia hartzen du, estatuaren hego-mendebaldetik ekialdera, Kenyatik Somalia eta Djiboutiraino, eta gainontzeko etnien eskualdeen erdian dago, hau da, zail da Etiopiarik irudikatzen Oromiarik gabe. Eta asteon Bekele Gerba eta Olbana Lelisa Oromiako buruzagi politikoei hamahiru eta zortzi urteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete, «matxinada sezesionista sustatzeagatik». Erabat bidegabea dela salatu du Bekelek.

Etiopiak badu berezitasun bat. Konstituzioko 39. artikulua. Honela dio lehen puntuak: «Etiopiako nazio, nazionalitate zein herri orok (nation, nationality or people) autodeterminazio eskubide mugagabea izanen du sezesioraino». Horrelako eskubiderik lege gorenean aitortzen duen ia estatu bakarra da munduan. Gogoan izan behar da Serbiak ere izan zuela halakorik, Konstituzioan sezesioa onartuta, baina Montenegrorako baino ez, hau da, etnikoki serbiarrengandik hurbilen zen herriarentzat (erlijio eta hizkuntza bera dute biek, eta nortasun bateratua agerian gelditu zen Balkanetako gerretan), onartuta zegoen sezesiorako eskubidea, baina elkarbizitza guztiz etenda zegoen Kosovon, errepublika gehienak baino homogeneoagoa zen Kosovori, ez zitzaion horrelakorik aitortzen. Jugoslavia eta Sobiet Batasuna ere aipatu izan dira, Konstituzioak autodeterminazioa aitortu baina egiaz gauzatzerik ez zeukaten estatu gisa.

Etiopiak, azken batean, antzeratsu jokatu du. Konstituzioek estatuari bere horretan eusteko balio dezakete, Europa hegoaldean Espainiak independentismoarekin edo Frantziak hizkuntzekin egin duten bezala. Baina inozoegia da, hainbat mugimendu independentistak egin duten legez —eta ez gaitezen oso urrunera joan—, independentzia ukatzen dion Estatuari eskatzea legez onar dezala erabakitze eskubidea. Dibortzioaren kasuak konparazio ona dakar, sarritan aipatu dugu: bereizi gura duenak dibortzioa noiz eta nola gauzatu eta ondasunak zelan banatu negoziatuko ditu. Baina ez bere bikotekideak dibortzioa gogo onez onartzea. Eskoziak ez dio Londresi halakorik eskatu. Quebecek ere ez. Kosovok zelan dibortziatu negoziatu zuen, ez Serbiak hori Konstituziora eramatea, eta adostasunik lortu ez, eta aho batez aldarrikatu zuen independentzia. Jugoslaviako Konstituzioarekin lortu ez zutena nekez lortuko zuten Serbiaren baitan. Etiopia salbuespena da Konstituzioan, baina jarduna estatu gehienena da, statu quo-ari eutsi eta sezesio ahaleginak zapaldu. Mugimendu sezesionistek ez lukete alferrik saiatu beharko, beraz, metropoliek Etiopiako Konstituzioko artikulua har dezaten.

BERRIAn argitaratua

2012-06-10

Azawaden etorkizuna


Berriz ere gerra danborrak piztu dira Sahelen. Arabiar udaberriak Libiako gerra ekarri zuen, Libiako gerrak erregimen aldaketa eta amazig nortasuna indartzea, aurretik Marokon, Aljerian eta Tunisian bertan dagoen gutxiengoan gertatu legez. Muammar Gaddafirekin harreman on samarrak izan zituzten tuaregek, berriz, Libiatik etxerako bidea hartu zuten, basamortuaz hegoalderantz. Nigerren agertu ziren, eta handik gutxira matxinada piztu Malin. Bi ñabardura: Libia-Niger-Mali estatu eta lurralde ezberdinak balira legez irudikatzea ez da oso zuzena, kolonialismoaren mapei begiratzea aski da ohartzeko eremu guztia Saharako basamortua dela, tuaregen lurraldea edo Azawad alegia. Bigarren ñabardura, arantzatsuagoa: kanpotik begiratuta Libiako gerraren eta hango armategiak hustetik Maliko borroketara dagoen lotura argi samarra den arren, MNLA edo Azawaden Askapenerako Mugimendu Nazionalak ez du Gaddafirekiko esker onik adierazi, aitzitik, militante gehienek oposizioarekin bat egitetik zetozela aldarrikatu zuten. Ezin uka Parisko egoitzan askatasun handiz diharduen erakundea dela, eta Saharako bihotzean jardunda ere nazioarteko politikaren klabeak ondo ulertu dituen mugimendua dela. Inor ez haserrarazteko urratsak tentu handiz egin behar dira, geopolitika tartean dagoelarik.

Interes eta aliantzen joko horretan mesede egin zien Afrika Beltzeko gobernuen ahultasunak, Malikoak eskuarki, baina ez Magreb Islamikoko Al-Qaedarekin lotura duten taldeen aldamenean burutzeak matxinada. Egunotan hainbat informazio nahasi, eta are kontrajarri, sortu dira. Lehendabizi, MNLAk eta Ansar Dinek akordioa lortu zutela zabaldu zen. Lehenak xaria biguna ezartzea onartuko luke (MNLAk behin eta berriz nabarmendu du izaera laikoa, eta mendebaldearen neurriko doinuan darabil diskurtsoa), eta jihadistek Azawadeko independentziarekin bat egingo lukete, gerra (eta xaria ezartzeko asmoa) Mali osora eroan barik. Laster iritsi zen MNLAko oharra, akordiorik ez zegoela esanez eta zatiketaren usaina zekarrena. Ostegunean, istilu larriak egon ei ziren Kidalen, tuareg matxinada piztu zen gunean. Xariaren aurka protestan irten ziren ehunka emakume tuaregen aurka oldartu zen Ansar Dine, eta biharamunean haien bandera beltzak baino ez zeuden hirian, MNLAko ikur independentistarik ez. Jihadistek independentistei leporatu zieten aste osoan herritarrak bultzatu izana protestatzera. MNLAk bazekien, bestalde, mendebaldeari esan bezala zinez taktikoa bazen Ansar Dinerekikoa (Maliko estatuaz libratzeko urrats gisa) uneren batean edo bestean islamistekiko etena gertatu beharko zela. Horiei gailentzea eta Afrika Beltzetik iristear ei den erasoari aurre egitea nazioarteak onar lezakeen Azawad baterako prezioa litzateke.

Basamortuaren beste muturrean, Tonbuktu mitikoan, independentziaren aurkako talde armatuaren berri ere izan dugu, Niger ertzeko herri beltzek osatuta: songaiak, eta bellak. Azken horiek tuareg kultura daukaten beltzak dira, aspaldi esklabo egindakoen ondorengoak. Gauzak horrela, Malin bertan ere gaiztotu da giroa: itxura guztien arabera, armadako kolpistak dira oraindik ere boterea kontrolatzen dutenak. Formalki Dioncounda Traore parlamentuko buruak presidente kargua hartzeaz bat bideratutzat jo zuten krisia apirilaren 17an. Baina Traore Parisen dago orain, maiatzaren 21ean kolpisten aldeko manifestariek emandako jipoitik osatzen. Mali presidenterik gabe, Azawaden aliatu ohien arteko borrokan, eta Afrika Beltzeko Ecowas blokeak iragarri berri du prest dagoela matxinoek hartutako lurraldea berreskuratzeko; Afrikako Batasunaren argi berdearen zain leudeke auzia Nazio Batuetara eroateko. Bien bitartean, kontaktuak eta diplomazia lana ei dabil Sahelgo muga artifizialetan barna. Tuaregak bizi diren gainontzeko estatuen biltzarra ere aipatu dute, Niger, Burkina Faso eta, batez ere, Azawadeko auzian egiteko asko daukan Aljeriarekin. Azawadeko krisian ez du askorik adierazi, baina basamortuko muga zorrotz zelatatzen du. Goizegi da esateko, baina beste behin ere, herriei hitz egin eta etorkizuna erabakitzen utzi ordez, armen bidez ebatziko dela dirudi. Bi hilabete iraun du XXI. mendeko lehen errepublika tuaregak. Eltzea surtan jartzeko unea iritsi da.
 
BERRIAn argitaratua

2012-04-08

Azawad, gerra eta diplomazia

Bosnia eta Herzegovina Jugoslaviatik bereizi eta gerra piztu zela hogei urte bete diren honetan, operazio militarren amaierara deitu zuen Azawadeko Askapeneko Mugimendu Nazionalak (MNLA), «Azawadeko lurraldea erabat askatu ondoren, eta nazioarteko komunitatearen eskari irmoa aintzat hartuta». Biharamunean, Frantziatik deskolonizazioa hasi eta mende erdira, ametsa bete zuten tuaregek herenegun, eta independentzia aldarrikatu zuten.

Duela hiru hil esan baligute 2012an independentzia-aldarrikapenen bat egongo zela, hamar herrialdeko zerrendan ere ez genuen Azawad aipatuko gehienok. Maliko lurraldearen heren bi hartu ditu. Afrika mendebaldeko gosete eta kaos urteen ondoren, Malik demokrazia eta egonkortasun eredua zirudien, Boli Kostak hondoa jo ondoren batez ere. Eta aste gutxian desegin da estatua, hareazko gaztelu baten gisan. Tuareg matxinadak Saharako oasiak eta kasernak hartu zituen urtarrilean, eta otsailean, Libiako gerran pilatutako armekin (esanguratsua, halaber, MNLAk Gaddafigandik urruntzeko egindako ahalegina, borrokalari gehienak orduko oposizio eta egungo agintearekin egon zirela argudiatuta. Mendebaldeari egindako lehen keinua izan zuten, eta ez azkena).

Baina duela aste biko estatu kolpeak dena astindu du. Maliren aurkako bahimendua indarrean zela, Kidalen ondoren, Gao eta Tonbuktu hartu dituzte, eta Douentza hiriraino iritsita, Azawad osoa askatu dutela ebatzita, independentzia aldarrikatu dute. Bigarren keinua, Moussa ag Assarid bozeramailearen ahotik: «Malirekiko muga Douentza da. Eta gainontzeko mugek bere horretan diraute, hau da, Burkina Faso, Niger, Aljeria eta Mauritaniarekikoak. Ez daukagu urrunago joateko asmorik». Horietako guztietan bizi dira tuaregak, eta Nigerren duela urte bi amaitu zen azken matxinada. Agenda politiko landua darabilte, Europa eta Afrika lasaitzeko asmoz. Frantziari begira nagusiki. Ez alferrik, Nigerko Arliten, tuareg herriaren bihotzean, uranio meatzeak Areva frantses konpainiak ustiatzen ditu eta.

Boli Kostan bildu ziren ostegunean Afrika mendebaldeko estatuak, eta ez zuten ezkutatu militar kolpistez baino arduratuago zeudela tuareg independentistez. «Bileraren helburua herrialdean legaltasun konstituzionala itzultzea da, baina baita, eta batez ere, lurralde batasuna bermatzea», esan zuen Paul Koffi Koffik, Boli Kostako Defentsa ministroak. Eta, horretarako, eskaera egin die Afrika mendebaldeko herri txirotuei, «egutegi eta aurrekontua osa dezaten, Malira tropak bidaltzeko».

Bistan da, Afrikako Batasunak ez du ontzat eman independentzia aldarrikapena. Frantziak eta Europako Batasunak ere ez, «baliogabea» omen Afrikako herrialdeek aintzatetsi ezean. Afrika Beltzak ez du berehala onartu iparraldeko «zurikoen» bereizketa. Bai, tuaregak, azal beltzaran edo oliba kolorekoak dira, nomadak eta beltzen etsai historikoki. Eta herri beltz askok esklabo merkataritzaren memoriarekin lotzen ditu oraindik tuaregak.

Lortutakoa eustearekin batera, diplomazia lana dagokie Azawadeko agintariei. Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak keinu bat egin zien ostegunean: solaskide gisa onartu, eta Maliko estatuari negozia zezala eskatu zion. Bidenabar, Al-Qaedari lotutako taldeekiko marra ezarri zuen. Eta MNLA marraren alde «onean» dago. Jaso dute erronka tuaregek, erakunde laikoa direla azpimarratu dute, eta printzipio demokratikoei lotua. Jihadistekin inolako harremanik ez dutela nabarmentzeaz bat, Al-Qaeda Saharan indartu izanaren erantzukizuna Bamakori egotzi diote. Moussa ag Assarid bozeramaileak honela esan du: «Azawadeko lurraldean hamar urtez jardun dute Magreb Islamiarreko Al-Qaedak, droga trafikatzaileek eta beste trafikatzaile batzuek. Orain, terrorista horiek kanporatzeko borrokatuko gara, baina baita trafikatzaileen aurka eta kanpotik erasotzen digunaren aurka ere». Beste keinu bat Mendebaldeari: «MNLA da Al-Qaedari borroka egin diezaiokeen bakarra. Ezagutzen dugu lurraldea, gure etxea da, eta gure bizia, gure herritarren biziak babestu behar ditugu».

Inork ez die aitortu independentzia. Baina lurraldearen jabe dira, kanpoko arriskuak arrisku. Handiena, oraingoz, aldamenean izan dituzten jihadistak gailentzea. Tonbuktun MNLAko bandera kendu eta Ansar Dine erakunde islamistakoa ezarri zuten. Omar Hamaha buruzagiak independentismoari mesede egin diezaiokeen adierazpenak egin ditu: «Gerra santua daukagu, islamaren izenean eta Azawadeko independentziaren aurka». Ikusteko dago barruko etsaiari eta kanpoko etsaiari, biei batera, eusteko gai diren independentistak. Oraingoz, aldarrikapena onartu gabe ere, Frantziak egin die keinurik bidea erakusteko.
BERRIAn argitaratua

2012-04-01

Independentzia Afrikan

Tuareg independentistek Kidal hiria hartu berri duten honetan, Afrikako marra kolonialak handik eta hemendik etengabe higatzen ari direla ageri da. Basamortuaren gainean erregelaz marraztu zituztenek behin ere ez dute balio izan Azawaden goiti-beheti zebiltzan tuaregentzat. Etxean dagoenari alferrik ezarriko zaizkio aduanak eta muga-lerroak hareatzan.

Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko (MNLA) independentista laikoek ez dute ezkutatu Ansar Dineko islamistekin batera dihardutela Bamakoren aurka. Eta mendebaldea larritu egin da. Mahaian kolpea jotzeak hori dakar, nahi duzun fitxa baino zerbait gehiago mugi daitekeela. Zorionez, politika ez da beti erabakitzen Washingtongo sotoetan, CIA eta ezker muturreko konspirazioen zaleak ideia horretara bildu arren. Bengazin lagundutako matxinoek mendebaldearen adiskide izandako diktadorea kanporatzeaz gain, joko-mahaia goitik behera astindu du basamortuaren bi aldeetan, Sahelen, Magreben eta Saharan bertan.

Gaddafiren sarraskien, tortura gelen eta biktimen berri luzaz izan genuen. Sirten matxinoek egindako ankerkeriez askorik ez, baina artean gerra amaitzear zegoen, eta izan zen hango txikizioa dokumentatu zuenik. Joan da denbora, itzali da fokua Libian, Siria eta Iranera eta orain Malira iritsi da. Tarteka, tantaka, informazio lausotuak datoz, beltzen aurkako zapalkuntzaz, xariaren gehiegikeriez edo Nafusa mendietako amazighen protestez berriz ere baztertu dituztelako. Egunotan, Libia hego-ekialdeko basamortuan dozenaka hildako izan direla ere, ez da ia oihartzunik iritsi. Tubu afrikar herri beltzeko matxinoek ukazioa aurkitu dute berriz ere, amazighen antzera. Gaddafik naziotasuna kendu zien, Txadekoak zirela argudiatuta, eta tubu herrixkak eraisten hasi zen 2009an. Sasiezkerreko panarabismotik islamismo arabiarrera igaro dira. «Tubu frontea berriz aktibatu dugu (Gaddafi erorita desegin zuten frontea), tubuak garbiketa etnikotik babesteko, eta, beharrezko bada, nazioarteko interbentzioa eskatuko dugu, eta Hego Sudan bezalako estatu bat», adierazi zuen ostegunean Abdelmajid Issa Mansour tubu buruzagiak. Txad, Niger eta Libia artean sakabanatuta dago tubu herria, eta Nilo-Saharako familiako hizkuntza daukate, arabierarekin inongo ahaidetasunik gabea. Zwiya arabiar tribuari egotzi diote sarraskia.

Deskolonizazioa ia amaituta, egun dauden estatuetatik bereizita sortuko dira balizko estatu berriak. Hala izan da Hego Sudango kasuan, hala izango da Europan ezagutzen ditugun prozesuetan, Eskoziatik Euskal Herrira, edo Faroeetatik Kataluniara, eta baita Afrikan ere. Etxea etxetik hobeto gobernatzen den ustea aski zabaldua da. Barotseland irakurri dut egunotan, eta AEBetako film bateko errepublika imajinarioa zela pentsa zitekeen, edo horiek islatzen duten gizarte ezjakineko zati zela lerrook idazten dituena. Baina egon badago, Afrika hegoaldean, Zambiako hego-mendebaldean. Britainiarren aginte garaian protektoratua izan zen, eta Zambiako zati bihurtu zen 1964an. Baina bertako lozi herria haserre dago Lusakako agintariekin, eta asteon Clement Sinyinda Barotselandeko lehen ministroa honela mintzatu da: «1964ko hitzarmenak ez ditu bete Zambiak. Guk, Barotselandeko herriak, Barotseland bere autodeterminazioa eta etorkizuna bilatzeko askea dela aldarrikatzen dugu. Zambiako gobernuarekin bereizte baketsua lortu nahi dugu». Zambiaren ezetza berehalakoa izan da, eta Sinyinda atxilotu egin zutela zabaldu zen hasieran; gerora, gobernuak ukatu egin du hori. Eztabaida berehala piztu da: Ipar Rodesia eta Barotseland batzetik sortu bazen Zambia, bereizteko eskubidea ere izan lezake bietako batek. Baina aurkakoek diote lozi herriko biztanleek soilik nahi dutela independentzia, eta badirela Barotselanden Zambiaren baitan bizi nahi duten bertako herriak ere. Quebecen antzeko zerbait gertatu zen: iparraldeko eremu zabaleko cree eta inuit herriek diotenez, ez dute onartzen muga berririk ezartzerik Kanadako beste probintzia bateko herrikideekiko. Eta eztabaidak luze jotzen du. Ipar Amerikatik Afrika Beltzera.

BERRIAn argitaratua

2012-03-25

Udaberria (arabiarra?)

Afrika Express liburuan azaldu nuen bidaietan izandako esperientzia gogorrenetakoa: ez dirurik, ez oparirik; afaltzen ari ginen arrozetik pixka bat eskatzen ziguten songai umeek, katiluak samatik eskegita. Aldameneko mahaikoek bezala eman genien sobera geneukana. «Tunika urdinaren azpitik esku beltzaranak dituela ikusi dut. Begirada harrapatu dit eta dardara egin du eskuekin. 'Berrehun kilometro tolle ondulee dago hemendik Tinbuktura, begira oraindik ere zelan ditudan eskuak [...].' 'Tuarega?' Irribarre egin dit, baietz. Gizon zaharra da, baina ez du basamortuko herritarren harrotasun punturik galdu». Tinbuktuko ateetan daudela entzun dugu berriz ere, Niger ibaiak ziaboga hartu eta, okerraz jabetu balitz legez, basamortua utzi eta hegoalderantz ekiten duen lekuan. Munduko lekurik behartsuenetan falta liteke ura, uztak galdu, gosea egon, baina beti egongo dira armak.

«Malin militar talde bat matxinatu da, tuaregen aurka ez joateko», irakurri dugu asteon BERRIAn. Ederra zen titularra; lehen zatiak Afrikara ginderamatzan, baina bigarrenak beste Afrika bat ere bazela sinetsarazten zigun: «Militarrak MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko tuareg independentisten aurka borrokatzeari uko egin diotelako matxinatu dira». Beste Afrika baten atarian ote, non militarrek gerrari uko eta herrien askatasunari bide egiten dioten? Sudan hegoaldearen askatasunak marra kolonial guztiak aldaraziko ote ditu? Nahasmenaren ondoren, arruntagoa zen egia: «aberria hausten zuten terroristen aurka» aski borrokatu ez, eta arma zaharkituekin ibiltzeagatik kanporatu dute Amadou Toumani Toure. Tuaregek urtarrilean piztutako matxinada galtzen ari delako, alegia.

Azawad deritzo tuareg herriaren lurraldeari. Azawadeko mugimendu independentistari (MNLA) elkar lotzerik ez zeuden bi deabruak batu dizkiote: Gaddafiren aldamenean borrokatu dutenak eta Magrebeko Al-Qaedarekin lotura dutenak daude borrokalarien artean, Maliko Gobernuko salaketen arabera. Bilal Ag Acherif MNLAko idazkari nagusiak autodeterminazio eskubidea aldarrikatu du, eta tuaregez gain, songaiak, peulak eta arabiar mairuak ere batu zaizkiela dio. Eta Gaddafiren aurkako tuaregak ere badaudela, Mohammed Ag Najm komandantea adibidez. Baina ez da tuaregik izan Al-Qaedan. Besterik da, zabalak direla Saharako negozioak: Al-Qaeda dabil azken urteotan, eta Mendebaldea izutu du, lehen Europara amets zuten pertsona trafikoak izutu zuen legez. Eta ezin ahaztu eskualdean dauden uranio meatzeak.

Gernika izango dugu gogoan datozen egunetan. Eta Gernikak gogoan du lehen aire erasoak sufritu zituzten haiek. Gogor zigortu zituen espainiar kolonialismoak eta gogor altxatu ziren riftarrak. Joseba Sarrionaindiak luzebildu du. Rifekoa ekarri digu, eta Tamanrasseteko tuaregak. Gero etorri ziren erregelarekin marrak egitera basamortura, eta «hau Aljeria da», «hau Mali, hau Libia, hau Niger...». Eta hura Azawad zela, eta hareatzan marrarik ez, dunak eta ergak baizik, uste izan zuten urdin jantziko pertsonei ezetz esan zieten, aljeriarrak, maliarrak, nigertarrak zirela.

Geroztik, zenbat matxinada, zenbat odol, harea eta harrizko lur zatiarengatik. Bai, noski, eta Arliteko uranioagatik muturra sartu du behin eta berriz Parisek. Batean amaitu eta bestean hasi. Kolonialismoak estatu berean sartu zituen elkarren aurka borrokan ibilitakoak. Dena zen beltz kontinentean, berniz musulmana zutenak eta hori ere ez zeukaten animistak, basamortuko estraperloan eta abeltzaintzan ziharduten nomadak, esklabuak hartu zituztenak eta esklabu izandakoak. «Zurien aurkako bazterketa» leporatzen diete tuaregek agintari beltzei. Esan beharra ere marka da, baina tuaregak dira zuri. Eta zubi, Mediterraneo zuritik Afrika beltzera. Sahel topaleku. Esklaboen ehiza-leku mendetan. Amaigabeko hareazko autobidea.

Eta gure pasaporte bera daukaten herri gutxituetako herritarrak aipatzea eskatuz gero, esango al dituzue katalan, kortsikar, galiziar eta bretainiarrekin batera amazigak? Frantses pasaportedunek errazago ekarriko dituzue gogora kabiliarrak, baina Kabiliak mende erdi darama Frantziatik eta Europako Batasunetik kanpo, panarabismoaren izenean ukatua. Bidenabar, Euskal PENetik Gernikako bonbardaketaren kari egiten ari garen poema bilketan Noufel Bouzeboudja kabiliar poeta izan da lehenengoetakoa.

Gaur egun, Espainia da amazig lurralde bat menpean daukan Europako estatu bakarra: Melilla (edo bestela esanda, Europako Batasunak Tamazgha-Amazig Herriko zati bat du bere baitan). Mediterraneo ertzean, Europara begira diren Rif mendietan matxinatu dira martxoan amazigak, «Abd-el-Krim-en seme-alabak gara» oihuka. Eta Kantauriraino iritsi da berriz ere oihua. Etxetik hamar minutura daukat Bilbon Rifeko enbaxada den Berebar taberna. Urrunekoa miresten duenak etxea baloratzen jakin behar duen gisan, internazionalismoa eta beste kulturekiko jakinminak ere ateaz beste aldean hasi beharko luke.
BERRIAn argitaratua

2010-06-13

Afrikara

Mundua Afrikara begira zegoela eta, gu ere hegoaldera so jarri ginen. Ez genuen dantza koloretsurik ez futbolari milioidunik ikusi. Uharte txiki bat baino ez, Ameriketara esklabo bidaltzeko bahitu eta zoriz erdibidean geratu ziren kreolera hiztunak, eta zuri burusoil bat haiekin futbolean, igandean goizean goiz, urteetan oporrik gabe egindako lanean tartea uzten dion une bakarrean. Josu Martinezek gogorarazi zigun gizona nola aldatu zen egun batetik bestera, gaztetxoen aurrean isil eta uzkur zegoena zelan harrapatu zuen Zuberoatik Kristiane izeneko energia zurrunbiloa aireportura iritsi bezain laster.

Belaunaldi gazteenei biktima errugabeen eta biktimatzaile ankerren gezurrak kontatu nahi dizkiete eskoletan. Guk gezurrik gabeko istorioak nahi ditugu, bere gordinean, mitorik gabe. Halaxe irakurri genuen Alfonso Etxegarairen Regresar a Sara-n (Sarara itzuli). Euskal iheslariak eta GAL oso urrun dituzten belaunaldi berriak datoz. Ekuador, torturak, berriz desagertzea eta Sao Tome. Eta joan doaz urteak. Domintxaineko sagarrondoak zainduz pasako dugu denbora. Alfonso nor den galdetu genion Kristianeri; «gudari bat da» laburbildu zigun azalpena. Gero zalantza, euskaldunak beti daukan beldurrezko zalantza.

Sao Tomen maite duenarekin delarik Kristiane, herria ments, herrian delarik, maitea ments. Eta joan doaz urteak. Lehengo astean ezagutu nuen Kristiane, Hamaika Telebistako harreran. Gero berriz bildu ginen Larrabetzuko tabernetan. Baiona izan zen herenegun, Ainhize eta Bilbo dira hurrenak. Josu Martinez eta lagunei inbidia sanoa diedala esango nuke, baina miresmen handia eta bekaizkeria ezin ukatua aitortu behar ditut, lehenago besteok egiten asmatu ez dugun lana egiteagatik Alfonso Etxegarai euskal deportatuaren eta Kristiane Etxaluzen istorioa filmatzean. Josu, Txaber, Hibai, IPESekook, eskerrik asko. Kristianeri, plazer bat ezagutzea. Eta besarkada beroa Alfonsori. Bilboko metroaren azken geltokia da Plentzia.