Sarritan kontatu dut hemen zer nola aldatzen zaien kurduei aurpegia Euskal Herriari buruz mintzatzean. Bi estatu, hizkuntza gutxitua, legez kanpoko alderdiak, preso politikoak, terroristekin ez da negoziatzen eta gisako leloak... oso ezagun zaien kantaren hitzak dira, eta inork urruneko herri batez era horretan berba egindakoan, sinpatiazko irribarre batek gainditzen ditu bost mila kilometro.
Baina inbidia ere ez da txikia. Ikasketak euskaraz egin ditugula esatea, frankismo beltzenean seme-alabak euskaraz eskolatzeko egindako apustuak, gerora etengabeko hobekuntza pedagogikoan murgilduta ikastolak Europako hezkuntza aipamen garrantzitsuenak eskuratu dituela entzutea, beren ametsetako egitasmoak bihar bertan betetzea legez da. Ondo bidean, Euskal Herrian bertan egongo dira aurki, kurdueraren sua hauspotzeko bideak ikertzen.
Lagunak gaizki pasa zuen eskolan. Ez dira bere haurtzaroko kontu soilak: lehengo astean Onur Tekin hamar urteko mutikoa jipoitu zuen irakasleak kurdueraz egiteagatik. Gure garairik ilunenak egunerokotasuna dira goizero-goizero turkiar bandera jaso eta zeinen turkiar izanik zoriontsu diren milioika umerentzat. Gurean egindako bidea amets, berehala ulertu du lagunak hemen berba ponposoetan ezkutatu gura dutena: Meliton Manzanasen senideak ikastoletan gura dituztela Argala eta Txiki eta Otaegi terrorista gaiztoak zirela esaten.
«Ez duzue horrelakorik onartuko, gero!» gaztigatu dit lagunak, ordenagailuaren bestaldean sututa. Ez dugu onartuko. Lau hamarkadan izpiritu nazionala formatu nahi zutenen aurrean ikastolak sortu bagenituen, basatiak zibilizatzera datozen kolono berriek gela hutsak topa ditzatela. Kalean kantatuko diogu Txikiari eta Kantauriri: «Geroari esaiok olatuetan, herri izarrak ez direla itzaltzen, gure haurrek biharko ikastoletan, haien izenak abestu ditzaten, herriarentzat biak hil baitziren».
No comments:
Post a Comment