Udaberriagaz batera etorri zara, Añes. Kurduek Newroz besta dute gaur; suaren gainean jauzika ospatzen dute urte berria eta herriaren askapena. Maiek piramideko eskaileretan gora ikusten dute sugea, eta txetxeniarrak elaiak noiz itzuliko zain daude. Gurean ere ezin sinetsita gaude neguaren amaierak amestutako udaberria dakarrela. Baina gurera etorri zara, Añes, eta zoriona ekarri duzu. Zure etorrera hutsak ekarri digun poz bera bizi osoan izan dezazun gura genuke, beti erraza izango ez dela jakinda ere.
Zorioneko zara, gurasoen maitasunaz gain jatekorik eta sendagilerik faltako ez zaizun herrian munduratuta. Zorioneko, irakurtzen eta idazten ikasiko duzulako, eta are zorionekoago, zure hizkuntzan egingo duzulako, Añes. Ezin antzekorik esan goizero «zorioneko bere buruari turkiar deritzona» kantatu behar duten milioika haur kurduk, ezin horrelakorik irudikatu elaiak itzuli ez diren txetxeniarren etxeetan, ezin zure logela xumea amestu artoaren alaba izateak gizarteko azken katebegian jarritako neskatoek. Zuk euskaraz ikasiko duzu etxean, Añes, eta euskaraz izango ikasketak. Eta nahi eta nahi ez espainola ere ikasiko duzu, ikastolan bertan. Ikusiko duzu mundua eta etxea ez daudela gura bezain ondo, Arabako Añes herritik Eskiularaino amestu genuen euskal herri librea ez dela ez euskaldun ez eta libre. Hau ez da Txetxenia, ez Kurdistan, ez dugu gerrarik, baina gerra ez da bukatu eta bakea ere ezin iritsi.
Ez zatoz, ez, amestutako mundura, amestutako Euskal Herrira. Baina sinetsita gaude, euskaraz biziko zarela, espainola mundua aberasteko erdara bat gehiago izango zaizula, eta hazitakoan historiako amesgaizto izango direla erbesteak, espetxeak eta urteotako sufrimenduak oro. Gero ere ez da beti erraza izango euskaldun izatea, baina munduko txokorik onenetakoan jaio zara, Añes. Suaren gainean dantzan ospatuko dugu udaberria ekarri duzula eta atzetik datozkizula etxera bakea dakarten elaiak.
No comments:
Post a Comment