2010-01-10

Bizarra

Alferkeriaz hasieran, gero proba gisara, koketeria puntu batekin ere bai azkenean, bizarrari hazten utzi diot egunotan. Ez dizuet lagun arteko erreferendumaren emaitzarik emango, baina bai bizarraren aurkako argumentu sendoena: «Motel, habilen moduan aireporturik aireportu ibiltzeko, bizar trinko eta beltza uzteak arazoak baino ez dizkik ekarriko».

Eta, hala ere, behingoan saiatuko, eta bizar eta guzti abiatuko naiz islamak antzina konkistatuko lurretarantz. Ezer egin ez duenaren lasaitasunarekin; pedigree-dun, jatorri kristauko europar herritar arrunta banintz legez. Nahiz eta jakin ez dela egia. Euskalduna izateak berez darama aduanakoak errezelo puntu batekin behatzea pasaportea, salatzen zaituen mugimenduren bat egitea, uniformedunaren aurrean patxada gordetzen saiatuta ere, nahi gabe ere susmagarri zerrendako kide zarela aitortzea.

«Bizarrak salatu? Biluz-biluzik miatzen zaituenari zer axola dio aurpegiko edo beste edonongo ileak?». Egunero ehunka edo milaka aireportutan ibiltzen diren milioika bidaiarien artean milaka zaindari daude balizko atentatugile bakar horren bila. Segurtasuna balio absolutua da, ez dauka preziorik; edo bai, badauka, eta ordaintzeko prest gaude, tori txekea hutsik eta jarri zuek zeroak. Espetxeetan inor biluzi ez dadin ere jar zitezkeen tresna horiek, baldin eta helburua segurtasuna balitz eta ez senideen umiliazioa.

Psikosia benetakoa da, ez dut ukatuko. Mehatxua ere bai, horrenbeste musulman gorrotora zerk bideratzen dituen arrazoi ugarietan sakondu barik ere. Urtetako irainen zerrenda luzeari ez diogu begiratuko, Palestina gatazkan hasitakoak abar asko ditu, eta nahasiak. Afganistandik alde egitea ez da konponbidea jadanik, eta Yemengo Gobernu otzanari armetarako diru gehiago agindu diote. Segurtasuna ere azpikontratatzen den sasoietan bizi baikara.

No comments: