2010-05-16

Iran eta euskaldunak

Iragan igandean, Irango erregimenak beren herriaren askapena nahi zuten lau abertzale kurdu exekutatu zituen Teherango espetxean. Farzad Kamangarren kasua nazkagarria da, horrelakoetan alderaketarik egiterik badago. Herri txiki bateko irakasle eta sindikalista zen, eta inork gutxik uste zuen urkatuko zutenik, Iranek gutxitan exekutatzen baititu nazioarteko kanpaina handien protagonista direnak. Badauka, bestela ere, non hautatu zigortutakoen zerrenda amaigabean. Baina exekutatu egin zuten. Sirin Elem Huli pertsierarik ez zekien emakumea zen, eta hala ere torturapean sinarazitako aitorpena baliatu zuten urkatzeko.

Mendebaldeko hedabideetan oihartzun apala izan du, tamalez, Iranen egitasmo nuklarrekin alderatuta adibidez. Baina Ekialde Hurbilean, eta Kurdistanen bereziki, jendeak negar eta garrasi egin du. Kurdistan autonomoan egin dute protesta, Ipar Kurdistanen haserretu dira, eta Iranen, urkamendiaren mehatxuak kurduei, emakumeei, homosexualei, laikoei, oposizioko edonori erasaten dion erregimen basati horren herrialdean, manifestazioak eta greba orokorra egin dituzte.

Europan ere protestak izan dira Londresen, Norvegian, Suedian, Italian; Parisen enbaxadako atariari eraso diote. Eta zain egon naiz Euskal Herrian ahotsa nork altxatuko, imajinatzen zer egingo luketen Kolonbiak lau nekazari exekutatuko balitu, Israelek Tel Aviveko espetxean lau palestinar urkatuko balitu. Are gehiago, Iranen ordez Turkia izan balitz hiltzailea, izango zuen protestaren bat edo beste. Baina, noski, zelan altxa ahotsik Venezuelaren lagunari, Hezbollaren eta Hamasen aita pontekoari, Estatu Batuen etsaiari? Gringoen arerio bada, gure lagun, noski, zertan galdu hausnarketa sakonagoetan.

A ze nazka. Eta gero kexatuko dira bizardun hiltzaileengandik libratzeko laguntza Israeli eta Washingtoni eskatzen diotelako.

No comments: