2010-05-30

Estatu sakona

Zapateroren hil kanpaiak hasi dira jotzen Espainia aldean. Pentsatu gura dut euskal prozesu berriaren zutabeak jarri dituztenek aintzat hartuko zutela Espainian Alderdi Popularra agintean egongo dela ziur aski berandu baino goizago. Raxoik inoiz ez du gaur bezain erraz irabaziko hain meritu gutxirekin.

Ez du zertan kalterako izan. Estatua beti kontrolatu duenak gobernua ere kontrolatzea ekarriko du. Zer axola dio katalanari Zapatero egotea agintean, lehendabizi hitza jan eta gero erreferendumean onartutakoa estatuak atzera botatzen badu? Euskal Herrian azken prozesuan ikusi genuen: Zapaterok auzia konpontzeko benetako borondatea zuela emanda ere -eta asko ematea da-, estatuak aski izan zuen epaile bakar bat aktibatzea euskal ordezkariak espetxeratzen hasteko. Kolpismo light-a da.

Turkian estatu sakona deitzen diote. Militar kolpistak, armadari eta estatu laikoari lotutako burgesia kemalista eta bestelako indar ilunak izan dira estatu kolpeen, milaka kurdu eta ez-kurduren exekuzioen eta bestelako triskantzen erantzule. Estatu egiturak irautearen erantzule dira. Espainiak, armadaburua estatuburu izanda ere, lortu du bere herritar gehienei sinetsaraztea mendebaldeko demokrazia homologatu batean bizi direla. Baina estatu sakonak zain luzeak ditu oraindik, gobernua abenturaren batera ausartuz gero.

Estatu sakonaren ordezkari den PP, edo behinola hari aurka egin eta gerora haren mugak onartuta bizi izan den PSOE, horiek Espainiako gobernu aukerak. 1978an sortutako egitura kolokan dago, horratik; urduri dago estatu sakona. Zer egin katalanek eta euskaldunek demokratikoki estatu horretatik bereiztea erabakitzen dutenean? Krisiak nabarmen indartu ditu independentismoak. Estatu sakonaren mugak amiltzen ari dira. Espainia edo demokrazia erabaki beharko dute laster. Bada garaia estatu sakon horri probokatzeko, benetako aurpegia erakuts dezan. Aurpegi beldurgarria izan arren.

No comments: