2006-12-03

Ruper Ordorika: Disko hau ospakizun bat da

Garako 7K gehigarrirako egindako elkarrizketa

Azken urteak Mugalaris taldearekin eman ostean, urrian eman zituen Ruper Ordorikak azken kontzertuak eta egitasmo berriak ditu datozen hileetarako. Akustikoaren bidetik egingo ditu oñatiarrak azken diskoaren aurkezpen-emanaldiak, Jon Pirisen kontrabaxuak lagunduta. Joseba Sarrionandiak idatzi eta berak ahotsa eta musika jarritako lan aberatsarekin datorkigu eta.

Disko berria besapean, ospakizun gisa ulertzen du Ruper Ordorikak azken lana. Lagun zaharrekin topo –eta topa– egitea da nolabait, beti hortxe egon den asmo edo ametsa betearaztea. Sarrionandiak osatutako kartografia intimoa da Memoriaren Mapan, eta gauza jakina da horrelako berba jario zehatz eta bikainak neurriko musikaria behar duela. Zer hobeto ore horren okina adiskide izatea baino. Halaxe dator hamaika pistadun diskoa, hamaikaren zentzu zabalean, inoiz baino biluziago, beti bezain jori eta aberats.

Hasi eta buka ibili da Ruper Ordorika lanaren gainean, berak grabatu eta ohiko dituen euskal eta amerikar lagunen azken gindarekin. Durangotik Antilletara, Latin Amerikara eta Asia Erdialderaino garamatzate Ruperrek kantatutako Sarrionaindiaren berbek. Eta berriz entzun gura dugu, biluzian zer hartu asko dagoela jakitun, liburuxkari adi egonda ere, letra bakoitzaren jatorria dakarren istoriotxoa eta guzti, patxadaz hausnartzeko lana baita.


Galtzetan gordetzeko koblak, Martin Larralde, Alberto Caeiroren bisita... ez da gaur goizekoa Ruper Ordorikaren abildadea Sarrionandiaren berbak musikatzeko orduan. Oraingoan diskoko kanta guztien letrak izenpetzen ditu iurretarrak, hasi 1914an Guram Sulakauri georgiarrari egozten dioten Lera zakurren balada kantatik eta hamaikagarrena osatzen duen Izen zaharrak indartsuraino, Michel Durruty baigorriarrari luman jarria berau. “Lurrak eta hezurrak/ zer geratuko da/ leku izenak” diosku, “gero eta gutxiago gara/ ginenak/ gero eta urrutiago/ ginena”. Bien artean bederatzi kanta, tartean “Ibaizabal” eta nostalgiako Durango berezia, “Hondartza galduan” hirugarren pistako naufragoa, “Hiriak” singlea, “Goizalbada” Zangozatik ei dakarkigun egunsentiari buruzko balada edo “Ez da itzuliko”: Ni ez naiz itzuliko/ Nora itzuliko naiz ba?/ Non hemen bertan baino hobeto/ leku kanpo, zahartzeko/ bakarrik/ inoren agurrik gabe.


Urrian eman zenituen Bilboko Kafe Antzokian Mugalarisekin azken kontzertuak. Nola joan ziren?

Kontzertuak oso ondo, uste dut zintak ere oso ondo daudela, teknikariek esan didatenez. z ditut entzun oraindik baina badut esperantza horrekin ere zerbait egiteko aurrerago. Baneukan aurreikusia disko honen ondoren ez nintzela ibiliko taldearekin, azken sei urteetan elkarrekin ibili gara, nahiz diskoetan eta Hiru Trukun ez. Baina tartean-tartean beti elkarrekin egon gara, kanta asko oso barneratuta geneuzkan. Eta halako batez oso argi ikusi nuen behar nuela hau egitea.


Nik inpresioa daukat gustura sumatzen zaitudala formatu txikian.

Bietara. Taldearekin batez ere azken urteetan izugarri laketzen naiz, baina bada beste harreman bat, beste eszenatoki bat, beste sonoritate bat, eta beno, asko ibiltzen gara eta beti nahi diozu jarraitzaileei beste zerbait eskaini, hariari tiraka. Niretzako badu zailtasun berezi bat ere.

Disko biluzi samarra da, denak Joseba Sarrionandiaren hitzekin. Zein izan da prozesua?

Bakar-bakarrik grabatu nuen dena. Halako batez oso garbi ikusi nuen, nahi nituzkeela horrelako tinbre batzuk, kolore batzuk, eta Ameriketara joan nintzen. Hemen ere Xaby Peryk parte hartu du bi kantatan, baita Jon Pirisek ere, azkenaldian nirekin ibili da zenbait saiotan kontrabaxuan. Beste denak hango lagunak dira, denak musikari handiak, eta di-da egin nuen, halako katarsi moduko zerbait. Nahastu ere bai New Yorken egin nuen, aurretik baneukalako oso garbi soinu bat buruan.

Hasiera-hasieratik kantatu izan ditut Sarriren letrak, lagun zaharrak gara. Niretzako, etengabe esango dut, egia delako, disko hau bada ospakizun bat. Ospatzen dut nire zaletasuna, nire gertutasuna, edo beste modu batera esanda, Sarrionandiaren berbetak nigan lortzen duen oihartzuna, uste dut disko hau horren ondoren datorren zeozer dela. 80etako garai haietan hasi nintzen jada bere testuekin, nik esango nuke 81erako kantatzen nituela, Galtzetan gordetzeko koblak eta Alberto Caeiroren bisita eta horrelakoak. Iturri ezberdinak etorri dira erreka batera disko honetan.

Baina kasu honetan berak argitaratu gabeko poemak dira, urtetan eraikitako harremanaren ondorio?

Niretako ez dira poema kantatuak, kantuak dira, eta horren gainean aspaldi izandako elkarrizketen ondorioz dator baita ere. Poema kantatuak, Sarriren kasuan, ugari dira, kantari askok egin dituzte, nik ere bai, batzuk aski ezagunak, Martin Larralde-eta. “Galtzetan gordetzeko koblak” ez, horretarako idatzitako bertso moduko zerbait izan zen. Eta kasu honetan ez dago horrelakorik, denak moldatu ditut neure modura.

Izan du berak entzuteko paradarik?

Ez, dagoenetan ez.

“Hondartza galduak” kantan dio: Ez naiz itzuliko, nora itzuliko naiz ba?, sarritan ageri den deserrotuaren figura da. Nola dago bera?

Ez dakit. Uste dut bere liburuen izenburuak ikustea aski dela, gai hauek normaltzat hartzeko bere eginkizunean, Ni ez naiz hemengoa, Ez gara gure baitakoak, Han izanik hona naiz. Baina horiek dira nire belaunaldiaren parte baten ahotsa, uste dut disko hau mintzo dela egiazki nire belaunaldiko batzuen ahotik.

Kantautore hitza aipatu izan dizute. Ez dakit kutsu latinoarekin baino anglosaxoniarrarekin, formatu txikiarekin, countryarekin-eta gehiago identifikatzen zaren.

Kantautore berba bat baino ez da. Bere garaian oso konnotazio negatiboak izan zituen, jendea aspertu egin baitzen horrelako kantariekin, mezuarekin engaiatuak eta abar. Gaur egun kantautore, hitz zatarra baina aski deskriptiboa da espainolez, esateko bere kantuak egin eta kantatzen duela. Maiz deitzen zaio sekula kanta bat idatzi ez duenari, eta orduan aski hutsala den berba da. Ingelesez ez dago horretarako hitzik, singer song writer erabiltzen da, kantari eta kantagilea. Beti esaten dut nik jakin nuela kantautorea nintzela lehendabizikoz Madrilen jo nuenean, behin ere ez nuen horrelakorik pentsatu. Nire lagun gehienek jotzen zuten rock taldeetan, eta horrelako giroan bizi nituen gauzak. Estilistikoki zaila da batzuetan gauzak sailkatzea, baina ez daukat eragozpenik.

Mugarri batzuk izan dituzu zure ibilbidean, Londres, New York, Hiru Trukuren esperientzia... Joseba Tapiak oraintsu aipatu zuen beretzat ere garrantzia izan zuela zuek eta ahalik eta biluzien jotzeko molde hori ezagutzea

Niretzat gauzatze bat izan zen, Hiru Truku horretarako egin zen. Kantu zaharrak nik modu baten ulertzen nituen, ez bitan edo hirutan, eta behar zen formazio bat eta ez gehiago ez gutxiago hori egiteko. Hortik abiatu ginen. Esan nahi dudana da nik pertsonalki horraino iristeko asko deliberatu behar izan nuela, eta garbi neukan nora joango nintzen joatekotan. Gero talentu handiko bi musikarirekin elkartu nintzen eta hortik atera zen. Niretzat Hiru Truku da Hiru Trukuk kantatzen zituen kantuak eta moldeak, horiek eskatzen zutena.

Batetik bigarrena eta hirugarrena ekarri zituen, bada zerbaiten seinale.

Kantu molde hori, baladak-eta, hor zeuden, askotan hizkuntzagatik jasoak eta ez musika aldetik, eta halako bide bihurrietatik nigana iritsi ziren batzuk aspaldiko denboretan. Nire zaletasun handia da kantu zaharra, Euskal Herrikoa eta mundukoa, eta horren ondorioz etorri zen. Beste diziplina bat izan da, kantatzeko beste modu bat.

Baina ekarri dio Ruper Ordorikari bakarkako lanerako ikasgairik?

Horrek beti dakar. Baina ni bakarrik hasi nintzen. Lehendabiziko grabazioa bakar-bakarrik egin nuen Donibane-Lohizunen, nahiz ez ditudan zintak tamalez, Jean Phocasek grabatu zidan 78 edo 79an, soldadu nintzela.

Orain, Memoriaren Mapak-en, oso kartografia zabal baten datoz hitzak. Kantu zaharrak izan gabe badaukate han-hemenka jasotakoaren itxura, aurkezpenari dagokionez.

Azkenengo diskoetan egin izan ditut taldearekin estudioan kantuak. Erakusten nizkien hona etortzen zirenean eta orduan grabatzen genituen. Eta halako batean pentsatu nuen egin nezakeela alderantziz, neuk atondu eta itxi kantua. Saiatzen naiz ahalik eta malgutasun handiena edukitzen, musikariekin harreman hori probesteko, kantuak itxi barik, egiten ditut egiturak, harmoniak, letrak ere bai, eta gero grabatzeko tenorean erakutsi egiten diet kantua. Hortxe saiatzen naiz euren input-a ahalik eta handiena izan dadin. Kasu honetan pentsatu nuen alderantziz egin nezakeela, horretarako behar da, sukaldari batek esango lukeen moduan, genero ona. Nik oso garbi ikusi nuen proiektua, sonoritate bat dator, badakit jendeari hori ez zaiola gehiegi ardura eta ez du zertan gainera, baina metodoa izugarri inportantea edozein prozedura tekniko behar den eginkizunetan. Eta metodoa guztiz ezberdina izan da azken diskoen aldean, niretzat ez izan lan erraza alde horretatik. Antzinako moduan grabatzea ez da erraza.

Baina esan duzunez, behin sartutakoan bulkada modukoa izan zen.

New Yorkera joan nintzenerako bai, baina hemengo lana ez. Ordurako Azkaraten dena neukan grabatuta.

Lera-zakurren kantarekin abiatzen da diskoa, galdera asko dauzkan kanta da, bai zuk kantetan, bai Sarrionandiak bai zuk ohi dituzuen galdera asko daude, gero “Ibaizabal”, Durangori buruz, Hiriak singlea, goranzko bide moduko bat darama, geroz eta jantziago doaz kantak bere biluzian, eta amaiera oso biluzia eta era berean indartsua da.

Horrelako disko batean, hain gertu eta gauzak mahai gainean daudenean ez da hain nabarmena gauzak nola sailkatu.

Zalantzak izan dituzu ?

Bai, beti izan ditut. Ez zaitut gustatzen nik egitea horrelakorik. Eta bai, batzuetan ni bakar-bakarrik nago eta beste zenbaitzuetan badaude horrelako ukitu batzuk. Nik argazkia ikusten dut eta hala da, uste dut badagoela osotasun bat, badagoela hari bat hor nonbaiten, eta niretzat esperientzia bat izan da horrela egitea, eta asko ikasi dut.

Hari horrekin, kanta bakoitzak bere ñabardura du, “Ez da itzuliko”n perkusioa adibidez.

Bai, tinbrikoki oso ezberdina da, oso anitza da.

Eta azken kantan ahotsa bera.

Baina denetan dago ahotsa oso presente. Nik uste dut hau dela egin dudan luzeena, gertuena, ahalik eta tresneria gutxien nigandik eta entzulearen artean, alde horretan oso garbia da.

Lurrak eta hezurrak-ek badauka Ameriketako indiarren ikuspegi hori, hainbeste errepiderekin hemen ahaztuxe daukaguna. "Gero eta gutxiago gara ginenak”… belaunaldiaren kontua dator.

Iruditzen zait aski kanta dramatikotzat har daitekeela, baina badu lehen aipatu duzun oihartzun hori beste kulturetan, desagertutako kulturetan entzun ohi diren kantu molde horiek. Bada gai zentrala euskaldun askorentzat.

Atzera begiratzen duzu? Badira urte batzuk, disko asko, “bagaituk nor” pentsatzeko moduan

Bai, hori ere egoten da, edozeinek ikusten du hori bere eginkizunean eta nik ere bai. Baina gauza bitxia da, nik sentitzen dut oraindik gauza asko ditudala ikasteko. Esaterako Hiru Truku osatzeko ideiatik gero hiru disko horietara dagoen tartea, zenbat kontzertu dagoen. Horrek guztiak babestu egiten zaitu, ibilbide batek, gehitxoago bizi izan dugu eta horrek asko balio du. Ni beti ari naiz pentsatzen hurrengo gauzekin, disko bat ni bezalako musikarientzat da zuzenean aritzeko aitzakia da askotan, beste molde batean. Nik beti gogoetan dihardut, nola egin zuzenekoak-eta.

Baina aspaldion asko zabiltza.

Asko ibili gara, bai, orain dela urtebete arte Hiru Trukurekin ibili ginen negu batez jo eta su, eta gero taldearekin etengabe, beste zenbaitzuetan kontzertu akustikoak egin ditut kontrabaxuarekin, eta abenduan hastekoa naiz horrekin, bakarrik tarte batean.

Beraz, hasierako urteetan egondako beste zalantzak uxatuta daude? Oso zentratuta zabiltza, bai kontzertuetan bai sormenean.

Bai, nire zalantzak uneotan beste batzuk dira, ez dira sasoi errazak musikarientzat, eta ni ez nago lehengo sasoi horretan.

Jon Pirisekin ibiliko zara aurrerantzean kontrabaxuarekin. Zer izango da?

Disko honen ardatzean, abenduaren erdialdean hasiko gara lurralde guztietan, aretoak gehiago zainduta. Aurkezpenak izango dira, eta bistan da, beste kantu batzuk ere bai. Egin izan ditudan emanaldietan oso gustura aritu naiz, sentitzen dut polita izango dela.

Badakizu gaztetxo publikoarena baino kultu kantaria zarena. Entzule leiala daukazu, asko jarraitzen dizuna.

Bai, jakitun naiz. Halaxe da, askotan entzungo zenidan, ez dut inoiz faltan izan, nahiz kopuruak aldatzen diren. Beharrezkoa da, denok behar dugu jende hori, eta nik gogoan edukitzen dut gauzak egiteko orduan. Kostatu zait hori ere ikastea, batzutan jakintzat ematen duzu edo iruditzen zaizu ez dela elegantea horrelako pentsakizunetan ibiltzea. Beste sasoi batekoak gara, behar duzu denbora bat konturatzeko lehendabizikoz entzuten dizunak beti gauza berria entzungo duela, baina betidanik zure gauzekin laketu denak behar du zerbait berezia. Niri ondo etortzen zait horrelako gauzetan pentsatzea noizean behin.

Ez dakit horrek baduen eraginik sortzerakoan.

Nik uste dut nekez egingo duzula aurrera zeure gauza egin gabe. Egin dezakezu merkatu bat dagoen mundu batean, talentu handiz diseinatu ditzakezu proiektuak, baina gure arloan balio duen bakarra norberaren gauzak dira. Gero, bide askoren konfluentziarekin, suerte apur batekin, besterik ez baituzu alde, ez dago babes lekurik, norberak ganbaran gauzak gordez gero, eta zentzuekin jokatuz gero artistikoki, denborarekin baduzu abagunea hori gauza dadin.

Elkarrekin dakarzu lan hau, aurrekoak Metaken eskutik etorri ziren.

Libertate handia izan dut lana egiteko. Ez naiz horretaz mintzatu lagunekin eta, aski traumatikoa izan da berriz hartzea bidea. Gertatu zenean ez nintzen hainbeste jabetu, zeren eta bagenuen bide asko egina, hainbat etxetan diskoa, Madrilen-eta, banituen beste lauzpabost Metaken. Eta bai, harreman pertsonalak aldatu behar dira, baina hemen askatasun handia izan dut.

Hitzetara itzulita, zer gaineratu? Gelditu dira kanpoan batzuk?

Landutakorik ez. Bai zirriborro batzuk, beti bezala, baina iruditu zitzaidan hor zegoela behar nuena.

Izenburuan bertan doa kartografia, atlas itxura dauka diskoa.

Galdera izango litzateke ote den atlas geografikoa ala nonbait barreneko geografiaren batena. Nik behintzat esango nuke norabide horretatik ezarri niola Memoriaren mapan, nahiz Hondartza Galduan kantan agertzen den zerbait den. Esaten dute gizakiaren lehen borroka hori dela, non dagoen, lekuaz jabetzea, umearen ingurune hori, eta gutariko askorentzako horrela da bizi guztian. Bai formalki, bai ideologikoki, bai fisikoki.

Non gauden etengabe galdetu beharra, beti euskaldun agertu beharra.

Aspaldiko ideia da, Liliput. Bada Sarrionandiaren atal bat gutxi aipatzen duguna, bere umorea eta maitasunaren eta sexuaren inguruko testuak. Lehengoan bere hiru libururen berrargitalpenean egon nintzen, eta Bernardo Atxagak esaten zuen hori. Disko honetan ere badago bere parte hori. Sarriren konpromiso handiena niretzat bere berbeta da, badu zehaztasun oso berezi bat hizkuntza erabiltzean betitik. Eta hori kanturako oso baliagarria da, ez dakit hor ote den hainbeste jendek erabiltzearen arrazoia, baina litekeena da, badirudi zenbait testu ikusi egiten dituzula entzutearekin batera, eta niretzat hori dohain handia da. Hori guztia nire harreman pertsonalaz aparte.

Aipatu duzu Galtzetan gordetzeko koblak, koplak direla eta beraz kanturako sortuak, egituraz eta.

Baina oso egitura berezia, Etxepareren neurri zaharra.

Kasu honetan ere badago behin edo behin kopla antzeko egitura, baina ia beti egitura librea dauka. Hori kanturako zailtasuna ala askatasuna da?

Nik uste dut gure eztabaiden artean beti dagoela hori presente, errimarena eta. Errima lotsa ematen dien errekurtsoa da oraindik gure belaunaldiko idazleei, baina kantuan errima badabil. Badaude gauza oso libreak eta beste batzuk beste era batera eginak. Niretzat estilistikoki oso kantu ezberdinak dira euren artean. Badira poema izateko sortuak, baina nik nire alorrera ekarriak, badira kantu izateko sortuak, eta ezertako sortuak ez direnak ere bai.

Kantak beste hedapen bat erdiesteko bide direla esan izan dute poeta batzuek.

Ez, nik ez dut inongo asmorik, bera aski adierazkorra da bere idatzien bidez. Berak badu abantaila bat, ez da jabetzen bere alde mitikoaz, ez dauka inongo eraginik bere eginkizunean eta hori ere ezagun da. Nolabait ere idazle-gorputz txiki horretako tirabirek eta tokia hartzeko borrokek ez dute ukitzen, horrek asko balio du eta ezagun da bere obran.

Sarrionandiaren hitzekin orain, bestelakoan zer irakurri ohi du Ruper Ordorika?

Denetik irakurtzen dut, ez ardatz bati jarraiki, ez bada disko bat daukadanean esku artean, orduan irakurtzen ditut zenbait gauza. Eta horiek, ez besterik. Momentu honetan nire irudipena da euskaraz irakurtzen dudan gauza gehienetan badagoela uniformizazio handiagoa, hizkuntza bat, badago estandarizazio bat, mendetan euskaldunek jarraitu dutena beharbada, baina ondorio ez hain positiboak ere baditu. Badago halako berdintasun bat, hizkera aldetik eta abar. Eta bestetik iruditzen zait fikzioan ez ote den falta bizipenik, eskertuko nuke eskarmentu handiagoko lekutik mintzatzea idazleak, askotan erretorikarako joera handia dagoela iruditzen zait. Eta ikusten dudanean idazle batek edaten duela beste iturri batzuetatik laketzen naiz. Badu loturarik hizkuntzarekin berarekin, aitortu behar dut. Baina oro har orain daukadan sentsazioa hori da, ugaltzen ari da erdiko maila, musikan bezalatsu, asko igo da, baina gutxiagotan entzuten dira ahots ezberdinak. Horrek badu alde positiboa: lortzen ari gara estandarra.

Eta musikan?

Esango nuke ez gabiltzala aparte, badago horrelakorik. Baina oinarrizko maila asko igo da urte hauetan, izugarri.

Ia hogeita hamar urte lanean eta Pott-eko lagunen soka luzea da.

Horrela etorri da gauza, ez zait iruditzen inoren ahalegina denik, afinitate selektiboak edo kointzidentzia. Aipatzen ditugu izen horiek baina jende asko dago lagun dudana, eta lehen nola entzuleagatik galdetzen zenidan, iruditzen zait oinarrizkoa dela. Beharrezkoa den heinean ezin da sortu berez, norberak bilatu behar du nahi izanez gero eta behartu ere bai, hor badago, nahiz ez ikusi aspaldi... horregatik esan dizut ospakizunarena. Oso urrutikoak izan arren, disko honek ospatzen du bere berbak eta nigan lortzen duen oihartzuna. Kantuaren gauza galduak kantatu nuen azken diskoak, eta hor ere oso gauza zehatzak esaten ditu jendeari eta gure sasoiari buruz. Niretzako disko hau pausu bat da horretan.

Oraintsu Emine Sevgi idazleak ziostan Istanbulera zihoanean bere garaikideak jende gaztearen aurpegietan bilatzen zituela, duela berrogei urte alde egin arren. Horrelako zerbait pasa dakioke kanpoan dagoenari?

Iruditzen zait toki horren bila denok gabiltzala. Erbestetik mintzo denak ere, beharbada bere berbak mintzatu zaizkigu zehazki, guk entzun nahi ditugun gauzak ulertuko ditugu, zergatik? Beharbada barrenean badaukagulako guk ere erbeste hori, bestelako bihotz bat, ez direlako betetzen ametsak, ez direlako maitasunak osatzen, badirelako gai batzuk oinarrian daudenak. Idazle handiak egiten ditu gai horiek ukitu, eta nonahikoa den arren, gure hizkuntzan mintzo bada, eta mintzo bada edertasunez eta jakituriaz, mintzo da zuk nahi zenukeen bezala. Horrelako zerbait dago, ez dut esaten belaunaldi zentzu horretan. Baina badago ospakizun bat, Etxeparek esaten zuen bezala, benedika fortuna, hala enkontru hona! Halako batean elkartu eta hona etorri gara.

2006-11-26

Estrategiak

Berrian 2006-XI-26an argitaratua
Ikastolen aldeko Bizkai-Gipuzkoako jaietan entzuten den espainieragatik amorratzea, eta poztea Herri Urratsen frantsesak izan duen gorakadagatik, ez da kontraesana. Lehena euskara politikatik baztertu eta aurpegi alaiz aurkeztu eta disneytar itxura emateko asmoen ondorio da. Borroka hitza ezabatu guran, edukiz hustu dute helburua ahalik eta jende gehien hurbil dadin. Bigarrenak ere bide berbera har dezake ziur aski, baina oraindik orain errezeloz begiratzen zion jende askorekiko -euskaldunak asko-harresiak hausteko urratsa dela pentsatu gura dut.
EHEko lagun batek (euskaldunak %80tik gorako herri batetik Nafarroa erdialdera bizitzera joan ondotik) aspaldi aipatu zidan zer-nolako eztabaidak zituen beste kide askorekin lan-ildoak desberdinak behar zutela zehazterakoan.
Balantzea geure barrura begira ere egin dezagun: Araba-Nafarroako mugako herri txikiak, orain hamarkada gutxi erdaldunduak eta erabat abertzaleak, euskaldunduta ote daude honezkero? Espraia berdin erabili behar da eremu administratibo guztietan? Eta legearen aurrean ondoen gauden euskaldunok, ba ote dakigu legeak aitortzen dizkigun eskubide guztiak baliatzen? Euskaraz egin diezaguten dugun eskubidea gorabehera, ez ote da inteligenteagoa euskara erabiltzeko eskubidea muturrera eroatea? Osakidetzan, INEMen, unibertsitatean, bulego orotan ilarak sorrarazi, ez langile euskaldunak eskatzen, euskaraz egin eta kito, ea nork daukan komunikazio-arazoa. Askok nahiko lukete teorian aitortuta dauzkagun eskubideak izatea, bada horiei zuku gehiago ateratzeko ordua.

2006-11-25

Gara-nTasmania "deskubritzen"

Kazetariak badaki dabilenari gertatzen zaiola, eta badago aski kontu presaka begiratzeko denborapasen inguruko orrialdeetan ere zuzenketetan ibiltzeko, baina antologikoa Garako gaurko efemeridea:
1642- Abel Janzoon Tasman descubre la isla que lleva su nombre: Tasmania (Abel Janzoon Tasman-ek bere izena daraman uhartea aurkitzen du).

Eta irudika dezakezu delako Tasman horren harridura aurpegia, uharte batera heldu eta bere izena daukala aurkitzen duelarik. Ez da gutxi, uhartea aurkitu eta kasualitatea, norbere izenez deitzen diotela ikusi! Tasmaniako aborigenen begirunea erabatekoa, galduta ei zeudenez aurkitu eta urte gutxian sarraskitu eta erabateko genozidioaren biktima egingo zituztenekiko.

2006-11-20

Arkaitz Estiballes nagusi Gernikan

Garan 2006-XI-20an argitaratua

Pronostikoak bete eta aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txepelketarako faborito nagusietakoa dela nabarmendu zuen atzo Arkaitz Estiballesek Gernikan jokatutako lehen finalaurrean. Bilboko finaleko lehen txartela eskuratu zuen galdakoztarrak. Xabi Paia geratu zen atzetik, eta hark ere ia ziur dauka Euskaldunan egotea. Besteek hurrengo saioen zain egon beharko dute.

Ustekabe handirik gabe 2004ko finalistak izan ziren sei bertsolarietan finen ibili zirenak, baina bitxikeria hurrengo hiru sailkatuen artean dago: Gorka Ostolaza, Joseba Artza eta Oihana Bartra; 494, 493 eta 492,5 puntu dituzte hurrenez hurren. Hamalau bertsoren ostean sei epaileren puntuazioak direla kontuan izanik, begi bistakoa da hiruren artean egon zen berdintasuna.

Seigarren lekua Juanjo Respaldizarentzat izan zen. Txapelketei agur esateko eguna zuen atzo, azken bertsoan aitortu zuenez: Bizkaiko bertsolaritzako izen garrantzitsua da orozkoarra. Finalak Arriaga antzokian egiten zirenetik etxeko euskara dotorean ondu ditu bertsoak; ausarta izan da aurten ere txapelketan parte hartzen, eta finalaurreko txartela izan du sari. Atzo ez zuen bere onena eman, baina utzi zuen ale ederrik tarteka.

Respaldizak berak eta Joseba Artzak ekin zioten saioari, etxera bidalitako senegaldarren paperean. «Guri zergatik tokatu jaku munduko alde baltzena?» eta «esperantzea euki behar dau berez ezer ez daukonak» amaiera politak biribildu zituen orozkoarrak, eta elkarrizketa polita osatu zuten biek ere.

Xabi Paiak umoretik jo zuen mendiko etxola batean babestuta hogeita lau ordu zeramatzatela gaitzat jarri ziotenean. «Hemen be badauz neure gustuko beste mendi batzuk» arrazoiari indartsu erantzun zion Oihana Bartrak «mendi honeek zuk ezetz igon oxigenoagaz ere», eta «ibiliko naz betiko legez gustora/ oxigenoa emon ezkero biok ahotik ahora» jarraitu zuen Paiak, baina ez zuten asmatu ofizioaren amaieran.

Gorka Ostolazak eta Arkaitz Estiballesek ale ederrak bota zituzten, baina ez zuten elkarrizketa ontzen asmatu alaba espetxean daukaten gurasoen paperean. Saioan aurrera egin ahala egin zuten biek gorantz.

Poto eta guzti, polito

Zortziko txikian Xabi Paiak dotore osatu zituen bertsoak, hozkailuan letxuga orria soilik zeukala. Hurrengo ofizioan (hamar urte elkarrekin dagoen bikotea, bakoitza bere etxean oraindik) oso ondo aritu ziren Bartra eta Ostolaza, azkenak azkenean poto egin bazuen ere. Bilbotarrak aurreko gaiko letxuga gaian sartzen asmatu zuen, eta bigarren bertso bikaina utzi zuen: «Bueno, baina ez gara ondino agure/ nirea ondino nire ta zure zure/ ta ez daigun bihurtu hori dana gure/ ez gendun aguantauko hamar minutu be».

Azken ofizioan komunean jarri zituzten Estiballes eta Artza; berriz ere ale eder askoak joan ziren. Gaia entzunda ezin harritu eskatologiko samar aritzea. Estiballesek ofizioa zabaltzen daukan abilezia agertu zuen goitik behera deskribapenez hornitutako lehen bertsoan, eta Artzak ederto osatu zuen elkarrizketa bere papera finkatuz («gorputz honetan ez dut faltako indarrik/ baina ateratzen zait haizea bakarrik»). Galdakoztarrak bigarrenean poto eginda ere (bera ez zen konturatu, «eta eskerrak», saioaren amaieran aitortu zuen legez), entzuleak eskertzen duen solasaldi fresko eta irrigarria egin zuten. Azken bertsoetan, egunkaria hizpide, «pasako al dizkizut erdiko orriak?» galdetu zion Estiballesek, eta Joseba Artzak erantzun: «prentsak kakalarria ekartzen didanez/ altuan irakurri zaidazu mesedez».

Hamarreko txikiko saioak gorabehera gehiago izan zuen; ez zen ofizio biribilik izan baina banakako ale ederrak bai. Ostolazak eskale rolean botatako «aurrera egingo dugu atzea lagata/ izar azpian ondo moldatzen gara ta» adibidez, edo Paia eta Estiballesek abade lanean kantatutako zenbait puntu.

Kartzelan gora

Azken lanean nabarmendu zen Arkaitz Estiballes. «Bakearen herria ei dogu Gernika» puntuari honela erantzun zion: «Faxistek utzi zuten guztia kiskalita/ horregatik du izen horixe jarrita/ ordukoa ez dadin berriz errepika». Gaia zabala zen, etxeko atea itxi eta ohean sartuta ez zeudela lasai zioten. Senarren mehatxua zuten emakumeen paperean fin ibili ziren Xabi Paia eta Gorka Ostolaza, baita Artza bezperako istilu baten ostean beldurrak itota, eta Oihana Bartra preso ohiaren lekuan ere. Baina atzoko garaileak doinu berria ekarri zuen, Benito Lertxundiren “Loretxoa”ri Unai Ormaetxeak egindako bertsotarako moldaketa, eta oso ondo aritu zen. Lagunak atxilotu ostean bere bila etor zitezkeen beldurrez, «orain daukadan ezinegona ez diot opa inori» amaitu zuen lehen bertsoa, eta bigarrena, bikaina: «Mila zalantza, milaka beldur etortzen zaizkit burura/ erropak jantzi kotxea hartu eta zeharkatu muga/ edo bestela egin dezaket ez dakidanan itxura/ bertan gelditu baina horrek ere kendu behar dit logura/ zenbat polizi ze atxiloketa sufrimendu ta tortura/ lagun arteko ametsa zena amesgaizto bihurtu da». Goi mailako bertsoa eginda burutu zuen atzoko lana Estiballesek: «etor daitezela Polizia, Ertzaintza, Guardia Zibila/ entre- gatzeko asmorik ez dut etor daitezela bila». -


2006-11-19

Artozkitik Urbinara

Berrian 2006-XI-19an argitaratua


Marka da gurea: Euskal Herria batu eta bake eta autodeterminaziora bidean dagoela sinetsita asko, eta AHT bezalako egitasmoak gelditzea ezinezkoa dela sinetsita.

Ondo ei daude protesta eta eztabaida, baina aurretik Itoitz, Boroa, Urbina-Maltzaga autobidea, kirol-portuak, Zabalgarbi eta beste hainbat ziri sartu dizkigutelarik, ezinezkotzat jotzen dute besteak geldiaraztea. Estatu baten gobernu, polizia, militar, epaile eta enparauei aurre egiteko gai, eta autonomiatxo bateko eta bizpahiru diputaziotako ideia zoroekin ezin. Hamaika ikusteko jaioak.

Herri honetan egitasmo txikitzaileak geldiarazi dituen borroka molde bakarra su-etenean dago uneotan. Baina ez dago negoziazio mahaiko gai zerrendan, afera garrantzitsuagoak daude, noski.

Eta armak isilduta dena posible zela, sekulako mobilizazioa eta desobedientzia zibila iragarri zutenak ez dira inon ageri. Borroka armatua edo gose-greba, rotaflexak edo garabietara kateatuta, betikoak ikusi ditut nik ekinean.

Norbaitek esan zuen mende laurdenean lur zati hau kudeatu dutenak urduri zebiltzala, audientziak ezker abertzalea eta PSOE soilik eskatzen dituela eta. Inork ez ei die jaramonik egiten, eta urduri. Urduritasuna baino, isilpeko lana nabari diet nik, pagotxa amaitu aurretik dena lotuta uzteko. Lotuta eta ondo lotuta. Ea deskuiduan bestea bideratu eta jendearen arreta beste norabait doan. Baina ordurako berandu izango da.

2006-11-12

Arriskuak

Berrian 2006-XI-12an argitaratua


Badakit, apoak irentsi beharko direlarik, berbak kontuz erabili behar direla eta eufemismoak ere zilegi direla, baina PPri aitortu beharko zaio bera mintzo dela argien. Kataluniako estatutuan, PSOEk saldu gura zuen nazio urardotuaren gainetik, berak nabarmendu zuen nazioaren aitortza ez zela espainiar nazionalistak lasaitzeko paper sinboliko hutsala. Burujabetza eta aukeratzeko eskubidea dakar. ÒBai baina ez da ezer gertatzenÓ, kontzeptu ia ezdeusaren gainetik, argi eta garbi aipatu zituzten zeintzuk ziren nazio izatearen ondorioak. PP ez dago ondoriook onartzeko prest. PSOE gai ote den, hortxe gakoa. Sinple, gordin, baldar, baina argi eta garbi mintzo dira. Edo erresistentzia zapaldu edo berarekin negoziatu.

Oso ondo baliatu zuten erabateko gehiengoa izan zituzten lau urteak, oposiziorik gabe eta disidentzia klandestino bihurtuz. Eta oso ondo asmatu dute boterea galduta ere botereari eusten. Propaganda-sistema indartsua daukate oraindik, baina benetako boterea hurrengo gobernuak txokoan uzkur egotera behartzen dituen lege mordoak eta epaile leialek ematen dizkiote. Espainiako gobernua gidatzen duen alderdia berak bultzatutako sarean harrapatuta dabil. Ibarretxe eta Lopez auzibidean, eta bat baino gehiago gogoraraziz Espainiako konstituzioak ahalbidetzen duela presidentea kentzea traizio kasuan. Zalantzarik, egongo dela hori ere itsu-itsuan sinatuko duen epailerik?

Baina zer axola batzuen konplexuak eta besteen tentazio kolpistak heriotza-zigorra daukanari?

2006-11-05

13. Kalea

Berrian 2006-XI-5ean argitaratua

Donostiako taldea» esan diete parajeotan, munduan atentzio apur bat jarri dutenek «espainiar»deitu diete buelta larregi eman barik. Euskaldunok ezer gutxi egiten dugu hor, noski, trikitia Grammy latinoetan horixe egiten da, latino, hau da, hispano. Baina donostiarrok lehendik zeudenez hispaniartuta, bejondeiela.

Poza Calle 13 bikoteak eman dit, «industriakoen» haserrea bestekoa. Reggaetona reggaearen sasikumea zela ikasi genuen, erritmo pobre baten perbertsioa, erritmoak eta merkatuak horiekin egiten duena aparteko kontuak direla erakutsi ziguten arte. Onartu dute nekatu egiten duela behin eta berriz gauza bera den reggaeton horrek, baina gogorarazi halaber besterik ikasterik izan ez duten askoren lehen erritmoak direla. Eta gero berbak datoz, noski.

Lehendik zeuzkaten umorez eta gordintasunez betetako kantak, «iparraldekoei» barre egiten dieten letra gaziak. Eta orduan estatubatuarrek Filiberto Ojeda hil zuten iazko irailean. Querido FBI kanta gogorra da, basakeria bati emandako erantzun bortitza. «Gaur gauean hamar marinel urkatu ditut», «iparralderantz jo behar da, hotz egiten duen lekura». Residente Calle 13.

Alternatiboak, bai, baina «masentzako» gura zuela bota zuen Residentek: «Nekatuta nengoen sektoreek bakarrik ulertzen zuten gauzak esaten, artearen sektoreak, bohemiaren sektoreak, doktore bihurtutako poetek, nik auzoetara iritsi gura nuen». Bere izena gogorarazteko diosku, kalearen pisua senti dezagun, Puerto Ricon, borikua eta harro.

2006-10-29

Noiz arte

Berrian 2006-X-29an argitaratua

Erantzunik gabeko galdera. Egitasmo erraldoiak beharrezkoak direla onartuko bagenu -eta asko ematea da hori ere-, ezingo lukete erantzun noiz arte daukaten horrela jarraitzeko asmoa. Non dagoen muga, bi erreik hirugarrena eta hiriaren eraztun batek bigarrena dakarrela ikusita, zenbateraino jarraitzeko asmoa daukaten. Berba potoloen atzean oso epe meharrak daude. Alferrikakoak direla helburuak, bidean dago dena, geroz eta gehiago ekoiztea da kontua. Dabilen harrian...

Hizkuntzarekin ere asfaltoaren politika berbera da, egitasmoren bat badaukagun itxura egitea, beti itxura, baina inoiz ez eperik. Bota dirua adabakietan, baina ezin esan noiz arte den. 25 urtean ehuneko hamar «elebidundu» omen da. Biba zuek, datu gezurtiok sinetsita ere Mendebalde euskalduna... 150-200 urte barru izango da. Bidaia perfektua, «konponbidea» hitzean garrantzitsua bidea dela. Bestea, hor konpon. Nork eskatu kontuak mende bi barru?

Lagun batzuek esan didate Osakidetzako oposizioak erdaraz egitea aukeratu dutela. «Aurrekoan euskaraz eta erdarazko erantzunak ez zetozen bat. Eta, noski, zuzena espainolez zegoen». Internetez izena ematen ikusi nituen. Euskarazko bertsioan, betikoa, akatsak, erdarazko pasarteak... Itxurakeria eta gezurra nagusi elebitasunaren aitzakian. Erdaraz pentsatu, sortu, bizi, eta gero dena itzuli.

Badakite ez dela ezer gertatzen euskarazkoa txarto badago. Beti izango da ekialdekoena baino gehiago. Bada ez. Ekialdean argi utzi dute arrotza dela nagusi, mendebaldean arrotz garela dioskute behin eta berriz.

2006-10-22

Baraurik

Berrian 2006-X-22an argitaratua

Oso oker ez banabil, datozen lau urteotan ere Boise izango da alkate euskalduna daukan hiriburu bakarra. Gure metropoli kosmopolitan behinik behin, jeltzaleek ez dute topatu medikuntza ikasketak Frantzian egiteko gai eta euskararako tarterik atera ez duen gizona baino hoberik.

Auzo berri-berria da gurea, azken urte parean eraikitako hiru mila etxebizitzaz osatua. Parkea umez josita dago arrastiko lehen ordutik, dozena erditik gora kafetegiak berdintsu, sekulako baby-boom-a daukagu. Ikastolak igarri du igoera, noski. Gaztez eta umez betetako parke eta kaleetan ibili gara beraz, egunotan Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala hizkuntza-erabileraren neurketa egiten. Hirurehun lagun zenbatu ditugu ordu bian, bederatzi euskaraz. Ehuneko hiru, hiri osoko datu altuenetakoa da. Hara hor EAEn herenak ei diren euskaldunak, hara hor gazteria elebiduna, tori Bilboko ehuneko hamabost euskaraduna. Taberna bakarrean dago BERRIA. Besteek hiriko egunkari bat eta Espainiako beste bizpahiru dauzkate.

Ismail ez dator tabernatik, igogailuan egin dut berarekin topo. Semetxoarekin dator, ohi baino hiztunago, pozik. Mutikoak gizontxo baten moduan egiten du berba euskaraz ere. Aitak dio bizkorregi ikasi duela mizkinkerian, «baina patata-tortilla polito irensten du munstrotxoak». «Tortilla!» egin du oihu haurrak. Berak ere pila-pila maite du.

Egun bereziak dira etxetik urrun dagoenarentzat. Bihar, kito baraua. Eid-al-Fitr zoriontsua denoi.

2006-10-15

Genozidioak

Berrian 2006-X-15ean argitaratua


Arrazarena Hispanitate egun bihurtu zuten, eta PSOEren gobernuak aurten hori ere aldatu gura izan duela iruditu zait. Jai nazionalaren eguna deitu diote euskaraz ere egindako iragarkietan, nolabait uztailaren lauarekin eta hamalauarekin parekatu guran edo. Herri handi guztiek dauzkate euren miseriak, baina lotura gutxi urriaren hamabian ospatzen denaren parekorik. Kolonialismoak, arrazismoak, munduko gaurko desorekek, Ameriketako genozidioa eta Afrikako lau mendeko esklabo-merkataritza daukate iturri, eta horiek Kolonen lehorreratzea abiapuntu. Badakit Gaztelako ontziak heldu ezean portugesak laster zirela han, edo frantsesak edo holandarrak edo ingelesak... Historia historia da, baina besterik da pasarte ilunenak ospakizun bihurtzea. Bere historiaz lotsa den herri bakarra Alemania izango da ziur aski.

Ostegunean bertan galarazi zuen Frantziak armeniarren genozidioa ukatzea, eta Orhan Pamuken Nobel Saria jakinarazi zuten. Genozidioa salatzeagatik epaitu duten berberak kritikatu du Frantzia, salatzeko legez ukatzeko eskubidea dagoela jakitun. Eta frantsesa jarrera harroa delako, odolez betetako bere historia berrikusi gura ez duenarena. Inperio izan diren herri gehienetan dago bere krimenekiko jarrera errebisionista. Geuk ere izan dugu gure putakume galeria munduan barna inoren mertzenario lanean, baina inperiorik ez. Osterantzean militar euskaldunak ibiliko ziren Iruñean, euskalduntasuna munduan inposatu eta hedatzeaz harro. Aukeran, nahiago Berara joan.

2006-10-08

Euskaldunak eta euskal herritarrak

Argian 2057. zenbakian argitaratua

Badakigu euskal herritar guztiak ez direla euskaldun. Baina euskaldun guztiak euskal herritar ote? Euskal Herriko biztanle gehienak ziur aski jatorri euskalduneko erdaldunak dira. Ez ditzagun ahaztu halaber, gaurko milaka euskaldunek ez dute arbaso euskaldunik. 50-60etako inmigrazioa antolatzeko aukera gutxi egon zen, oraindik ere mesprezuzko berba asko dago, euskararen galeran izandako eragina herri gutxi batzuetara mugatu arren. Inmigrazio berri honek badakartza aukerak. Latinoamerikarren salbuespenarekin agian, hizkuntza ikasteko prest datoz, hala behar izanez gero. Baina euskara «behartzea»ren konplexua daukagu. Alde gizatiarretik batetik -horren larri irudikatzen dugun pertsona zelan behartu, geuk ere ondo dakigun bezala, ezertarako beharrezko ez den hizkuntza ikastera?- eta hipokresia ere badagoela jakitun bestetik: orain arte hainbat eta hainbat abertzaleri, senideri, laguni, «barkatu» diogun kontraesana, zelan behartu heldu berriari? Integrazio-tresna aipa genezake, espainiarrek eta beste herri askok argi daukaten moduan. Leku askotan naziotasuna hartzeko beharrezko izaten da hizkuntza jakitea. Baina herri honetako gehienak polito «integratuta» bizi dira euskararen inolako beharrik gabe, euskaldunak ikusezinak bagina legez. Badakite aski dutela erdaraz bizitzea. Makurtuko gara eurenera. Alde espainolistek sarri salatu dute dirutza xahutu izana oso emaitza urriak lortzeko, eta onartu beharko diegu ez dabiltzala okerregi. Alderantzizko froga egin dezagun osterantzean: emandako urratsekin jarraituz gero noizko Euskal Herri euskalduna (barkatu, gaur ez da politikoki zuzena, erabil dezagun terminologia ofiziala, beraz: noizko hizkuntza ofizialetan -gutxienez- elebidun den Euskal Herria?). Argi dago: inoiz ez. Onar dezagun badagoela biztanleriaren zati bat inoiz ez dena euskaldunduko, baina noizko gainontzekoa? Esan hamar, hogei, berrogei urte, baina jarri epeak, eta bideak eta betebeharrak. Etorkinak ditugu horretarako jarrera malguena daukatenak. «Euskaldun» nozioari ondorio politikoa ematea. Euskal herritar oro euskalduna ez dela onartuta ere, euskara «behartu» gabe ere, saritu euskararen ezagutza, horretarako modurik errazenean: euskaldun orok euskal herritar izateko eskubidea aitortuta. Ondorio guztiekin, noski, paperak, lan-eskubidea eta abar, edozein europarrek dituen eskubideak aitortuta. Labur-labur: euskaraz dakienak automatikoki baditu paperak. Euskalduntzen dena euskal herritarra dela aitortzea baino ez da. Eta kito euskararen inposaketaren, hizkuntzaren zailtasunaren eta antzeko aitzakiak. Orduan bai Euskal Herri euskaldun eta koloreanitza. Baina, noski, horretarako euskal herritartasuna badela onartu beharko da aurrez.

Kazetari bat hil dute

Larunbatean heldu zen albistea, labur: «Kazetari bat hil dute Moskun». Beste bat, pentsatu nuen, Vladimir Putinen zerrenda luzean bat gehiago. Beste bat zen, baina ez zen edonor. Anna Politkovskaia zen ziur aski iragarritako hilketarako txartel gehien zuen kazetaria Errusian, baina horrexegatik ez genuen sinetsi gura gai izango zirenik.
Bere ausardiak, kazetaritza-lanek eta salaketek Mendebaldean lortutako oihartzunak nolabaiteko bizi-aseguru zituela sinetsi gura genuen. Sinetsi beharra geneukan, idaztea eta kazetaritza lan duinak ez eze beharrezkoak direla erakutsi digun emakume honengan.
Inork gutxik egin ez duen lan arriskutsuan ibili zen Anna Politkovskaia, Txetxeniako basakeriei buruzko zertzelada bakanak berari esker heldu dira Mendebaldera hein handi batean, Errusiako ustelkeriaren eta Kaukasoarekiko politika arrazista genozidaren berri eman digu, Putinen atzeko patioan sartzea debekatuta dagoen sasoiotan.
Bagenekien arriskutsua zela, hegazkinean pozoitzen saiatu dena atzera ere saiatuko dela, eta agian beldur ginen Groznin edo Ingushetiako bazterren baten betiko desagerraraziko ote zuten.
Moskun gertatu zen, egun argiz. Lapurretatik eta hilketatik bizi direnek beharrezko duten iluntasuna erdietsi dute, lapurretan eta genozidioan lasai jarraitzeko.
Guri salatzea baino ez zaigu gelditzen, amorrua adieraztea aldez edo moldez Anna Politkovskaiaren ahotsa isilarazteak mesede egiten dien kriminal guztiei. Hori, eta Izua Txetxenian, Gerra zikin bat, Txetxenia: Errusiar desohorea eta Putinen Errusia bezalako liburuak berrirakurri eta zabaltzeko konpromisoa.

Zelan emititu bost ordu euskaraz

Berrian 2006-10-8an argitaratua
Egin ezazue gura duzuena, inork ez du ikusiko», esan zien enpresako arduradunak lau gidoilariei. Hori du abiapuntu Tonino Benacquistaren Saga eleberriak. Frantziako telebista-kate bateko jabeak, legeak agindutako barne-produkzioko gutxieneko orduak bete ez dituztela ikusita, kuotari eusteko telesaila agintzen diete protagonistei. Ahalik merkeen, goizaldeko ordu txikietan emitituko da, inork ikusi ez arren.
Nobela hura etorri zitzaidan gogora lekuko telebisten araudia irakurrita. Eskualde gehienetan 19 ordu eta hamabi minutu emititu ahalko dituzte erdaraz, eta gainontzeko ia bost orduek euskaraz beharko dute. Barne-produkzioak hor ere telebistan orokorrean dagoen mailan egon beharko ei du, eta gainontzean ez nuen mugapen gehiagorik ikusi araudian.
Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban lau ordu eta 48 minutukoa izango da euskararen kuota, 24 orduz emitituz gero. Gutxienez lau orduko barne-produkzioa eskatzen denez, horietatik 48 minutuk beharko dute gure hizkuntzan.
Tristeena da egun erdara hutsezkotzat ditugun kate batzuk kuotatik hurbil dabiltzala, tartekako kirol-emanaldiren bat, musika-programen aurkezpena eta duela hogei urteko euskara ikasteko programak emititzen. Ez dirudi oso zaila «euskararen hesia» gainditzen. Bestela, beti egongo da falta diren minutuak goizaldeko ordu txikietan ematea. Eta pornoak audientzia handiegia badauka kentzeko, merke-merke azpititulatu euskaraz eta hortxe beste ordu eta erdi. Kitto horrela kuotatxoen arazoak.

2006-10-06

Euskaldunak eta euskal herritarrak

Argian 2057. zenbakian argitaratua

Badakigu euskal herritar guztiak ez direla euskaldun. Baina euskaldun guztiak euskal herritar ote? Euskal Herriko biztanle gehienak ziur aski jatorri euskalduneko erdaldunak dira. Ez ditzagun ahaztu halaber, gaurko milaka euskaldunek ez dute arbaso euskaldunik. 50-60etako inmigrazioa antolatzeko aukera gutxi egon zen, oraindik ere mesprezuzko berba asko dago, euskararen galeran izandako eragina herri gutxi batzuetara mugatu arren. Inmigrazio berri honek badakartza aukerak. Latinoamerikarren salbuespenarekin agian, hizkuntza ikasteko prest datoz, hala behar izanez gero. Baina euskara «behartzea»ren konplexua daukagu. Alde gizatiarretik batetik -horren larri irudikatzen dugun pertsona zelan behartu, geuk ere ondo dakigun bezala, ezertarako beharrezko ez den hizkuntza ikastera?- eta hipokresia ere badagoela jakitun bestetik: orain arte hainbat eta hainbat abertzaleri, senideri, laguni, «barkatu» diogun kontraesana, zelan behartu heldu berriari? Integrazio-tresna aipa genezake, espainiarrek eta beste herri askok argi daukaten moduan. Leku askotan naziotasuna hartzeko beharrezko izaten da hizkuntza jakitea. Baina herri honetako gehienak polito «integratuta» bizi dira euskararen inolako beharrik gabe, euskaldunak ikusezinak bagina legez. Badakite aski dutela erdaraz bizitzea. Makurtuko gara eurenera. Alde espainolistek sarri salatu dute dirutza xahutu izana oso emaitza urriak lortzeko, eta onartu beharko diegu ez dabiltzala okerregi. Alderantzizko froga egin dezagun osterantzean: emandako urratsekin jarraituz gero noizko Euskal Herri euskalduna (barkatu, gaur ez da politikoki zuzena, erabil dezagun terminologia ofiziala, beraz: noizko hizkuntza ofizialetan -gutxienez- elebidun den Euskal Herria?). Argi dago: inoiz ez. Onar dezagun badagoela biztanleriaren zati bat inoiz ez dena euskaldunduko, baina noizko gainontzekoa? Esan hamar, hogei, berrogei urte, baina jarri epeak, eta bideak eta betebeharrak. Etorkinak ditugu horretarako jarrera malguena daukatenak. «Euskaldun» nozioari ondorio politikoa ematea. Euskal herritar oro euskalduna ez dela onartuta ere, euskara «behartu» gabe ere, saritu euskararen ezagutza, horretarako modurik errazenean: euskaldun orok euskal herritar izateko eskubidea aitortuta. Ondorio guztiekin, noski, paperak, lan-eskubidea eta abar, edozein europarrek dituen eskubideak aitortuta. Labur-labur: euskaraz dakienak automatikoki baditu paperak. Euskalduntzen dena euskal herritarra dela aitortzea baino ez da. Eta kito euskararen inposaketaren, hizkuntzaren zailtasunaren eta antzeko aitzakiak. Orduan bai Euskal Herri euskaldun eta koloreanitza. Baina, noski, horretarako euskal herritartasuna badela onartu beharko da aurrez.

2006-10-01

Mugak eta bide-seinaleak

Berrian argitaratua 2006-10-1ean
Curoniako penintsula munduko paraje berezienetakoa da. Ehun kilometro luze eta kilometro bat baino gutxiago zabal lekurik estuenean. Dunak, Baltikoa eta Curoniako aintzira alde banatara, pinuak eta hegaztiak, eta halako batean, parke nazionalaren erditik doan errepidean muga-seinaleak ageri dira, eta mugaldeko parafernalia: banderak, poliziak, diru-trukeak, miaketak, hesiak. Duela hamabost urte existitu ere egiten ez ziren zazpi muga zeharkatu ditut azken egunetan. Erraz askoak egun Europar Batasunean dauden herrialdeetakoak, zorrotzagoak EBtik kanpora dauden estatuetakoak... eta denetan zorrotzenak, atzera ere Batasuneko lurraldera sartu gura izanez gero, kanpotik barrurakoak. Gure Europa hau geroz eta gotorrago dago, itsasoa militarizatu hegoaldean eta ekialdean hesiak jaso, beti barbaroen beldur.
Mugazainari pasaportea eman eta agiriak zekarrena zekarrela euskalduna nintzela esan nion, armadunen aurrean eurak gura dutena izan ohi naiz paretik bizkor kentzeko balio badu, baina aizue, lituaniarra zen. Irribarre egin zidan. Gero autobusean aldamenekoak galdetu zidan: baina horixe bera gura duzue zuek, ezta? Esan nion nire inbidiak ez zeukala zerikusirik Ebro gaineko zubietan ikurrinak, hesiak edo pasaporteak eskatu eta miaketak euskaraz egingo zituzten poliziekin.
Mugak muga, hemengo errepide-seinaleetan Minsk, Helsinki, Varsovia, Berlin bezalako lekuak irakurtzen dituzu, bisarik eta mugarik ez baleude legez. Gurean oraindik mundua Pirinioetan edo Bidasoan amaitzen dela iragartzen duten "Frantzia" horiek ageri dira.
Baina nire inbidia Vilniusko geltokiko kioskoan dago, zabor-aldizkari mordo hori lituanieraz ikusita. Etxeratzeko ordua da.

2006-09-24

Hamaika eta kuotak

Berrian 2006-9-24an argitaratua

Telesail amerikarrak ingelesez, latinoamerikarrak gaztelaniaz, errusiarrak errusieraz, dena azpititulatuta, eta beste bi, hiru, lau kanal bertako hizkuntzan, estonieraz, letonieraz, lituanieraz. Asteon ezagutzeko parada izan dugu. Elebakar jokatzen dute, eleanitz izateko bide bakarra delakoan, diglosiak ito ez ditzan.
Euskal Herriko hiri handienean dozena erdi telebista kate ditugu, denak erdara hutsez. «Hutsez?» Ez, antza, euskarak ba ei dauka bere zenbatekoa zenbaki orokorretan. Doako egunkariak ez dira telebistak baino gutxiago izango, horiek bai ia elebakarrak, ingelesezko orrialdea daukan hori salbu. Mende laurden -gutxienez- hizkuntza normaldu guran. Telebista kateen ehuneko hogeita bost euskaraz geneukan behinola, gaur ez da ehuneko bostera heltzen. Ez genituen hamaika telebista nahi, baina baditugu, euskaraz nahi ditugu.
Oraindik kuoten gaineko eztabaidak dituzte batzuek, azpitituluekiko itsu asko dagoen legez. Gureak baino nabarmen indartsuago diren hizkuntzek ingelesaren oldarretik babesteko neurriak hartzen badituzte, zelan jarri zalantzan kuoten beharra? Argi eta zehatzak: euskaldun edo ia euskaldun kopurua izan kuotarako neurgailu, zehaztu beharra dago euskaraz zer -inori erositako produktu zaharrak edo norberak ekoitziak- eta noiz -goizaldeko ordu txikietan euskararen zenbatekoa polito igo daiteke, gaia arautu ezean- egiten den.
Oraingoz inbidia baltiko honekin jarraituko dugu, telebistan eta, batez ere, kalean. A, eta ongi etorri, Hamaika.

2006-09-21

Eta kitto Urruzuno...

Lo gutxi eginda amaitu ohi dira Urruzuno lehiaketako egunak, eta halaxe ekin diot nik ere, urruzunotarrak Frankfurtera bidean egon behar duten honetan. Vilniusen gelditu naiz bakarrik, aukera aprobetxatu eta inguruko herrialde ezezagun horretatik txangoa egiteko asmoz. Baina bakardadearen zama ere ez da erraza hamar egunez gauak eta egunak eta bisitak eta parrandak eta literatura ahalik ondoen elkarbanatzen ahalegindu ostean. Badirudi isiltasun handi batek hartu duela Vilniusko txoko hau, bisatua noiz amaituko zain nagoela. Bitartean, erraz irudikatzen ditut hegazkineko barre eta malkoak, oroitzapenen jiran. Urnieta, Lekeitio, Oiartzun, Vilnius, gaur gaua euskalkiz eta azentuz jantzi da, luze jo du, nekea aldean. Eta irribarrea egun eder horiengatik, geuk eman behar genuelakoan, neka-neka, zelan indarberritzen garen ikusiz, egite hutsean sormena zelan lehertzen den so. Ea zer dakarren mugaz bestaldeak.

2006-09-17

Inbidia

Berrian 2006-9-17an argitaratua

Jauregi inguruko zalaparta ikusita, hurbildu zaio turismo-gidaria sarrerako ertzainari, eta gazteleraz galdetu dio zer gertatzen den. Hark euskaraz erantzun dio, eta herritarrak, haserre, gazteleraz erantzuteko agindu dio. Poliziak, berriz, ezetz, «zuk euskaraz jakin beharko zenuke, eta ulertu ere egiten duzu» ihardetsita. Ez dirudi oso anekdota sinesgarria, baina halaxe entzun dugu hemen, Baltikoko errepubliketan. Hamabost urtean, euskararen legeen denboraren erdian. Pentsa, BERRIA bera kide den hizkuntza gutxietuetako hedabideen Midas elkarteko kide dela egun Letonian errusieraz argitaratzen den egunkaria.

Poesian berrogeita hamar liburu berri urtean eta helduentzako nobelak apurtxo bat gehiago, neurri apal horretan dago estonierazko literatura, euskarazkotik hurbil samar. Estonierak berak milioi bat hiztun pasatxo ditu, ofizialki euskarak dituenak baino apur bat gehiago. Halako batean estatistiketatik kalera irten eta Tallinn hiriburuan -zer esanik ez, herrietan- estoniera nagusitasun osoan dagoela ikusten duzu, gazteak estonieraz dabiltzala, denek ingelesa -noizko ehortziko dugu bikoizketa eta azpitituluak hartu?- eta askok errusiera onartu baino hobeto ezagututa ere, etxekoa jaun eta jabe. Eta sartzen zara euskarak sinbolikotik beherako presentzia izan ohi duen saltoki horietako batean, liburu dendarik komertzialenean, eta sinetsi ezinik begiratzen dituzu aldizkari koloretsuak, itzulitako liburuak, bertako egileenak, onak eta txarrak. Eta bejondeiela eta sekulako inbidia diegula baino ezin diegu esan.

2006-09-15

Lehen geltokitik abian

Etorri ginen eta bagoaz. Urruzunotarren lehen geltokia atzean uztear, hegoalderantz egiteko txanda heldu da, askok mapan ondo kokatuko ez lituzketen hiru herrialdeetatik bigarrenera. Lau egun bete izan dira Estonian, Tallinngo Alde Zaharra turista berriez eta mota guztietako ostatuz beteta. Eta estonieraz dena.

Hogei urte bete ditu Urruzuno lehiaketak, orduko irabazleen sasoian egungoak jaio barik zeuden. Bitartean ehunka gazte urruzunotar, gipuzkoarrak gehienak, bizkaitarrak gainontzeko ia guztiak, arabar, nafar eta lapurtar bakanak, beti gutxiegi. Inoiz baino urrunago heldu gara aurten, inoiz baino hurbilago dauzkagun herrialdeetara. Urruzunoko lehen bidaietan estaturik ez zeukaten herrialdeeak ziren, hizkuntza errusieraren betiko mehatxupean. Gaur independente dira, iparreko latitude honetan posible den berotasun handienean hartu gaituzte, eta halaxe erantzuten saiatu urruzunotarrak. Ez da falta parrandarik, ez da falta musikarik, ez da falta poesiarik.

Estonian Institute eta Estoniako Idazle Elkartekoekin egoteko aukera izan dugu, independente ere hizkuntza txikia dutela jakin dugu, literatura txikiak ere zelan defendatu daitezkeen zerbait gehiago ikasi dugu. Maite dugu txikitasuna, halaxe etorri gara Tartu unibertsitario honetara, eta halaxe eroan gaituzte gaurko bideek Värska-ra, setu etniako kideek munduan daukaten txokora. Altzairuzko Hesi berriak Setumaa erdibitu eta Errusiaren menpe utzi du setuen lurraldearen bi heren. Gutxi dira, antigoaleko ohitura eta hizkuntzari tiraka, naturaren harreman berezi horri eutsi diote eta halaxe heldu gara aintzira, lautada eta baso arteko mugaldera. Itzuleran, pinudiek babestutako hilobiak, mendetako historia; aldamenean, bide galduen ertzean taberna txikiak, denak wifi. Ahots txikiak, munduari geure talaiatxoetatik oihuka.

2006-09-10

Dodotik ziber-uhartera

Berrian argitaratua 2006-9-10ean

Mascarenhas artxipelagoa Indiara bidean geltoki garrantzitsuena izan zen mendetan. Esperantza Oneko Lurmuturra igarota, edateko urez hornitzeko uharteak ziren. Portugaldarrek biztanlerik ez, baina dodo (ergel) izena jarri zioten txoria aurkitu zuten. Gizakiengana jakin-minez hurbiltzen zen lapikora bidean zela sumatu ezinik, mendetan inolako harraparirik gabe, hegaz egiteko gaitasuna galdu eta arrautzak edonon jartzen ohitu zen. Nederlandarrek eta eurekin heldutako arratoiek egin zuten beste guztia, urte gutxian ez zen dodorik. Lewis Carrollek Alicerentzat berreskuratu zuen. Gaur Maurizio uharte turistikoa da, eta oroigarri salduena existitzen ez den animalia baten irudi, postal eta panpinak dira.

Frantsesekin esklaboak heldu ziren, eta britainiarrekin langile indiarrak. Ingelesa da egun hizkuntza ofiziala, baina ia egunkari guztiak dira frantsesez, eta kreolera da nagusi kalean. Independentziaz geroztik nortasunaren ikur nagusi bihurtu da kreolera, bitxia da indiarrak frantses ukituarekin entzutea. Eurak izan dira kreoleraren bultzatzaileak, nortasun nazionala sendotu guran. Deskolonizazio urteetan zuri apurrek eta gutxiengo kreoleak -uharteko aberats eta txiroenek- independentziaren aurka bat egin zuten, gurago britainiar kolonia indiarrak nagusi ziren estatu baino. Gaur Afrikako bigarren estatu aberatsena dira, lehen zibez-uhartea bihurtzear. Eta bada dodoaren hezurduretako ADNarekin txoria berpiztea eskatzen duenik ere. Batzuetan gogoa ematen du dena pikutara bidali eta hiru mende barru berpizteko.

2006-08-30

Mahfuz

Hil da Nagib Mahfuz, hiltzeko adin onean inondik ere, menderako bost urte falta. Eta azken une horretantxe lortu dugu euskaldunok azkenean Mahfuz euskaraz irakurri ahal izatea, Patxi Zubizarretari esker lehenik, berak itzuli baititu Mila eta bat gauen gauak eta laster argitaratuko den Mirarien kalezuloa, eta hor atzean etsi gabe egon direnak, ezjakintasunaren eta gutxiespenaren gainetik. Txalapartako ez dakit zenbat editore saiatu den Mahfuz itzultzeko eskubideak lortzen, intrasigentzia-harresi batekin topo egiteko. Euskaratzerik gura ez zenbait agente-literariok, euskara ez ei da Mahfuz irakurtzeko hizkuntza egokia, hura idazle bakezalea izan eta euskara... enfin, badakigu zer esan gura zuen, sinetsi gura ez dugun arren.
Jaramon gutxi egiten diren borrokatxo astun eta nekagarriak dira itzulpen-eskubideak lortzea, latinoamerikar idazleren batekin ere gertatu bezala. Agenteak ez ei zion zentzurik ikusten euskaldunok ulertzen genuen hizkuntza batera itzultzea. Eta Iparraldekoek? "Horiek frantsesa daukate, jatorrizkotik askoz hurbilago". Batzuek Nobel saria behar izan dute nor izateko Mendebaldearen aurrean, beste batzuk Mendebaldean ei gaude, baina oraindik oso zubi meharrak lotzen gaitu beregana.

2006-08-28

Kitto beste bat

Agur beste Aste Nagusi bati. Balorazioa norberaren araberakoa izan ohi da, ez dut esango beraz potenteena izan denik niretzat lanez gainezka ibili ostean. Baina atera ditugu parrandarako gure tarteak ere, latza lehen egunekoa.
Gero, atzetik ibiltzea egokitu zaigu sarri, Aste Nagusiaren berri ematea, Mari Jaia dela, txupinera, pregoilaria... pregoilaria? Aipatu nuen bideoren batean, karu zegoela aurten pregoilaria ikustea, eta hala ere, zeuden aukeren artean onenetakoa begitandu zitzaidan bere egunean.
Igaz jadanik aurreratu zuen udalak konpartsei sartu gura zien gola, bere atean ere sartuko zuela konturatu barik ziur aski. Itsukeria handia da batzuengan, eta demokrazia SMS eta internetez bozkatzera mugatu eta fribolizatu dutenei, zer eskatu? Igaz jaietako kartela erabakitzeko sistema izan zen, aurten pregoilaria bera halaxe erabaki ei da... baina udaletik proposatutako hamar kideren artean, eta COPE, Correo eta enparauen bidez berri eman ostean. Hedabide euskaldunek ez ei dute Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria hautatzeko sisteman zeresanik, euren bidez ez dugu ezer jakiterik, eta hamar hautagaietatik euskaldun bakarra Anne Igartiburu zen, beste bederatziak ere pentsa, azkenean nor irten zen. Eta konpartsak txupin garbia eskatzen, sartu berri dieten gol zikinari erantzuteko ezinean-edo. Egia da ez dela erraza udalagaz etengabeko borrokan ibiltzea, sekulako lana egiten dutela, baina eurak barik Aste Nagusirik ez dagoela jakitun, aurre egin beharko zaio behingoan jarrera autoritario horiei. Demokratikoz mozorrotu arren...

2006-07-30

Badator Durangoko Azoka

Berrian 2006-VII-30ean argitaratua

Heldu da, urte osoko nekeen ostean. Beharginak beharrezko du atsedena, ordezkoek noizbait ordezkatu beharko dituzte finkoak, eta Durangorako liburuak noizbait idatzi beharko dira. Dozenaka irakasle, kazetari eta administrazioko behargini oporretako txanda heldu zaie. Eta berdin idazleok jasan behar dituzten bikote eta senideei.

Durangoko uztaren ereiaroa da, urte osoan pilatutako ideia eta ahaleginen azken txanpa. Gero, zuzenketa eta ukitu gutxi batzuk, argitaletxera joan-etorriak, eta lana egilearen eskuetatik kanpo dago, inprimategira bidean. Hortik aurrera, banaketa eta promozioa. Gure mundutxoan bizpahiru eguneko arreta eta ospe apur bat, liburua aurkeztu osteko egunetan. Eta azkenik, Durango, noski. Baina horiek guztiek, beharrezko izanda ere, zerikusi gutxi literaturarekin.

Literaturzale onak urte osokoak direla esango dizute, neguko egun laburretan ere leitzen dutenetakoak direla gogorarazteko. Beste batzuek urtean zehar astirik ez omen, eta udarako uzten dutela zaletasuna. Irakurleez dihardut, baina idazleak ere antzeratsu. Idazkuntzari urte osoan tartetxoa ateratzen diotenak ez dira beharbada etorkizuna ziurtatuen daukatenak, baina ziur nago ez dietela inbidia handirik idazteko ardura aisi eta opor uneei kentzen dietenei. Batzuek eta besteek ontzen dute gure literatura, aurtengo Durangon eta datorren urteko udan ere zer irakurria falta ez dadin.

2006-07-23

Mediterraneoa

Berrian 2006-VII-23an argitaratua

Ez, ez, bizirik inoiz ez. Hilda bakarrik». Halaxe esan zidan arrantzaleak, egia zela itsasoan gauza asko ikusitakoak zirela eta baietz, ezikusi ere egin ziotela jitoan topatutako gorpuren bati. «Sekulako dirutza da, txo, eta patroiak argi esan zigun». Izan dira Dakarren, Abidjanen eta beste portu batzuetan polizoi igo eta Europa edo Kanarietara inoiz iritsi ez direnak. Gorpurik ez, deliturik ez, eta inork ez daki zer jazo den itsasoan. Berak izango du zerrenda. Desagertuen arima.

Katalan Herrietan, Andaluzian, Korsikan oporretan zaudetenok, heltzen ote dira Mediterraneoko misilen oihartzunik? Ala udako modako herrialdera joan zarete, Zipreko charter-a aprobetxatuz? Han bai hurbil ikuskizuna.

Patetikoa, negargarria, lotsagarria, berbak ere gutxi asteongo ikuskizunerako. Hortxe dago Malta, Europar Batasunera sartu berri, harro, bere hizkuntza txikia Bruselan ofizial, La Valletako harresiak apur bat gehiago goratzen. Andaluziako ontziak jaso zituen migratzaileak, ez dakit diru-kalkulurik eginda ala barrenak aginduta. Bost axola. Jarrera duinak estatuen merkealdiari bide egin zion, Libia, Malta, Andorra, Espainia eta Italia tartean «hamar beltz niretzat eta hik bost ametituz gero, horrenbesteko diru-laguntza».

Bitartean ontzia ez atzera ez aurrera, eguna joan eguna etorri Maltako uretan sartu ezinik, elkartasunaren prezioa ordaintzen itsasoko beharginak. Eta zer aurpegiratuko diote ezikusi egiten duen hurrengo patroiari? Zeinen ederra Mediterraneoa.

2006-07-16

Ondareak

Berrian 2006-VII-16an argitaratua


Pozgarria da Bizkaiko zubia gizateriaren ondarearen zerrendan egotea. Bazterrotan antzina genekien bera zela dotoreena. Horregatik harritu nau beharbada entzuteak sei urte behar izan dituztela zerrendan sartzeko. Hain garrantzitsua balitz, hainbesteko lanik gabe ere egongo zen, ezta? Ala Egiptoko piramideetarako lan hori guztia egin behar izan da (bidaiak eta otorduak ordainduta, noski).

Bizkaiko zubiarekin batera sar litekeen leku mordoa otu zait laster, Bilbon bertan hasi eta Barakaldon, Sestaon, Urtuellan, Abanton edo Muskizen jarraituta. Ondare industrial handia daukagu Bizkaiko txoko honetan, baina ikuspuntu ekonomiko hutsa gailentzen denean, errazagoa da leku bakarra saritu eta hura egin erakarpen-leku. Askoz garestiagoa izango litzateke lantegi zaharrak mantendu edo egokitzea, museo duinak egitea, daukagun ondarea behar bezala gordetzea. Leku bakarrak gutxieneko inbertsioa eta irabazi handia ziurtatzen ditu. Eta ez dira eragozpen Zorrotzaurre , Abandoibarra edo Olabeaga egitasmoetarako.

Inork gutxik esan arren, lehendik zeuden Done Jakue bideko hainbat leku zerrendan, hala nola Ospitale-Pea, Baionako katedrala eta Donibane Garaziko Donejakue atea. Bertsolaritzak egin du ahalegina ondare ukiezin eta ahozkoaren zerrendan egoteko. Sardiniarren, georgiarren eta Baltikoko herrietako kantuak daude hor, baita Erdi Amerikako garifunen ohiturak eta hizkuntza ere. Bizkaiko zubirako erakutsitako borondatea eta gogoa ez dadila horretan gelditu.

2006-07-09

Kanibalak

Berrian 2006-VII-9an argitaratua

Hildako gizonaren kutxa du izena Johnny Depp protagonista duen Karibeko piraten bigarren zatiak. Ostiralean estreinatu zuten Estatu Batuetan eta kritikak gogor egurtu du, baina dolarrak egiteko makina ei da. Hori baita filmen bigarren eta ondorengo zatien zeregin nagusia.

Oihartzun txikiagoa izan du filmatu duten Dominika uharteko indigenen kritikak. Historia ofizialak indiar baketsuen paperean sartu zituen gaztelarrak iritsi eta ia berehala desagertutako -desagerrarazitako- taino indigenak. Karibeei, berriz, rol odoltsua egokitu zaie, tainoen antzeko patua izan arren. Dominika eta Saint Vincent uharteetan baino ez daude gaur, hizkuntza galduta. Garinagu-a XVIII. mende amaieran Hondurasera deportatutakoen ondorengoek bakarrik gorde dute. Eta hala ere, kanibal beldurgarri-irrigarriak dira Johnny Deppen ondoan.

Garifunen Kontseiluak salatu duenez, «filmak ematen duen irudia, indigenak haragi-irrikaz dauden basatien pare agertzen, gezur handia da». Esklabotza justifikatzeko hedatutako mitoetako bat izan zen basati kanibalena. «Basatiek» arimarik ote zuten izan zen estreinakoa. Baietz erabaki zuten, arimarik ezean alferrekoak baitziren zibilizatzeko asmook, animaliak ez daude zibilizatzerik. Eta orduan kanibalak asmatu zituen Ingalaterrako erregeak: esklabotza egokia zen arima izan arren zibilizatu beharra zutenentzat. Kanibalentzat, adibidez. Edo komunistentzat, edo terroristentzat, edo...

2006-07-02

Liburuak

Berrian argitaratua, Koldo Izagirrek aurreko igandean idatzitakoaren harira.
Norbaitek esan behar zuen, eta gehienok, negozioa hurbilegi dugulako-edo, isilik. Berriz ere Koldo Izagirrek urratsa. Liburua plastifikatzen irakatsi ziguten, gogoratuz ez direla idazteko, horretarako daudela koadernoak eta, zerbait idaztekotan, lapitzez eta ahalik finen egin behar dela. Eta, neba-arreba nagusirik gabe ere, gurasoen lagunen seme-alaba nagusiei deitzen irakatsi ziguten, ikastolan ia berbarik egiten ausartzen ez ginen haiei liburuak eskatzen. Edo agian inork ez zigun beren-beregi irakatsi, baina ikasi genuen ondo zaindu beharreko ondarea zela liburua. Eta guk jakin ez euskararen aurka ari ginela liburuari azala jartzen genion bakoitzean, norbaiti eskatzerakoan, eta fotokopiak egiten genituenean.
Bai, beste edozein ondare legez, ahalik luzeen iraun zezan ahalegindu behar zela ikasi genuen, izan liburu, garbigailu edo zapata. Eta gaur, garbigailu eta zapatak legez, apurtu eta berria erosteko eredua nagusitu da. Liburua ere hartu, idatzi, margotu eta bota, edizio berria hurrengo urtean. Denok dakigun legez, ingelesa, matematikak, natur-zientziak edo geografia izugarri aldatzen baitira urterik urte.
Kleenex-kultura da. Euskararen mesede, nonbait. Denean nagusitzen ari den eredua da: berria erostea baino garestiago bihurtu da ondo zaintzea eta, apurtuz gero, konpontzea. Testu-liburuen kontsumismoak eusten ei dio literatur-ekoizpenari etxe batzuetan. Eta pentsatzen jarrita, dena alderantziz balitz?

2006-06-26

En castellano

Aizu-rako idatzia
Bilbon -eta Gasteizen, eta Iruñean, eta Barakaldon, eta...- euskaraz dakiela dakizunarekin baino ez duzu egiten euskaraz. Milaka euskaldun egonagatik, oraindik irribarre egiten diozu ezezagun hori euskalduna dela jakitean. Dendariari, kalegarbitzaileari, autobus-gidariari, ibilian dabilenari euskaraz egitea arazo bila ibiltzea da. Aurpegi arraroa jarriko dizute gehienek, baten batek apal esango dizu -agian “barkatu” ere gaineratuz- ez dakiela, eta askok haserre erantzungo dizute “niri espainolez”. 2006n. Gauzak lasai zeuden eta zertan zatoz gure armonia apurtzera politika-kontuekin? Ez, barkatu, nik Urlia kalea non zegoen baino ez nuen jakin gura.
Euskaraz egitea, leku askotan, hori guztia da oraindik. Industriala izandakoa zerbitzu-hiri bihurtu da, “We speak English” afixa dabil bazterretan, lotsagabe.
Bartzelona inguruko hirietan oso katalan gutxi entzuten da, baina katalanak ez du zertan uzkur ibili, honek jakingo ote du bere buruari galdezka. Denek dakite. Horrexegatik, parajeotako apustua ezagutza dela diot, erabilera baino gehiago. Nirekoikeri hutsez. Bost axola bizitza osoa espainolez egiten duen, euskaraz egin badezaket. Inposaketarik gabeko leloekin dabiltzanei arrazoi eman, bakoitzak gura duena erabil dezala. Baina elkarrekin bizi behar badugu, biak ezagutu behar. Guk aspaldi ikasi genuen eurena.
Behingoan ikusarazi behar zaie euskararen aurka egon ez arren, ikasi ezean ez digutela uzten euskaraz egiten. Traumarik ez sortzeko geure bizkar hartu dugu trauma, euskarara inposaketarik gabe limurtu guran erdararen inposaketa onartu dugu. Eta ez diegu ikusarazi “euskararen arazoa” barik “erdaldunen arazoa” dela gurean daukaguna.

2006-06-25

10.600 euro

Berrian 2006-VI-25ean argitaratua

Estatu Batuetan zero pare bat gehiago jarriko zizkioten atzetik kalte moralak eta baloratzeko hain errazak ez diren kontu horiengatik, baina bego bere horretan kopurua. 10.600 euro euskararik ez irakasteagatik.
Denok genekien legea ez zela betetzen. Selektibitate-probetan irrigarria iruditzen zitzaigun euskarako proba, are gehiago, Lengua-koarekin alderatuz gero. Oraindik ere hori baita pentsamoldea, Lengua dago batetik, Hizkuntza maiuskuloa, eta gero besteak, euskara, ingelesa, frantsesa... Koofizialtasunaren lurraldean bi hizkuntzen egoera alderatzeko froga polita da unibertsitateko eskakizuna. Gaztelaniazko gramatika eta barne-egituraren goi maila eskatzen den artean, euskarazkoa ulermen proba apal-apala baino ez da.
Euskara ez da beharrezko, aspaldi ikusi genuen. Orain Europara zuzen gaitezkeela esan digute. Jaurlaritza arduratuko da bitartekari egiteaz -itzulpena ordainduko du berak, hau da, guk-. Bitartean, ostiralean bertan, Bilbon ibili nintzen erakunde publiko batetik bestera. Hasi epaitegitik -Madrilen menpe- eta aspaldi Gasteizek hartutako eskuduntzetara, erdaraz derrigor. Unibertsitatera matrikula egiteko hurbildu direnek aipatu didatenez, zaharrak berri han ere: erdaldunak atezainak, erdaldunak kafetegian, erdaldunak leihatilan. 2006an.
Badu Behatokiak salatzeko telefonoa, eta beharrezkoa da, baina horrekin ere erosoegi daude oraindik. Eta protestak protesta, gero eta argiago dut bakoitzak berea egin behar duela. Guk ez dugu arazorik eurena ulertzeko, zuk erdaraz nik euskaraz. Ea behingoan ikusarazten diegun «euskararen arazoa» «erdaldunen arazoa» dela.

2006-06-18

Hain txikiak

Berrian 2006-VI-18an argitaratua
Ez dut uste euskarazko prentsa idatziak aldaketa handirik igarriko zionik salmentetan, baina telebistak bai. Badakit helburua ez dela audientzia-lortze hutsa, baina badira egunak jakitun zarena ohi baino jende gutxiagok ikusiko duela zure lana. Euskal Herritik hain urrun gelditzen ei diren espainiar folklorikoen kasua nabarmena da: esanak esan, antzeko jarraipena egiten diete txutxumutxu hispanikoei Andaluziako herririk galduenean eta Hego Euskal Herriko herri euskaldunetan. Oraintsu hildako kantariaren antzera. Egun horietan igartzen diozu zeinen txiki garen askotan, informazio eta interes-agenda bat ezartzeko ezdeus. Badakizu euskal ikusleek ere espainiar kateetara joko dutela, haiek emango baitiete zehatz-mehatz azken orduaren berri. Bazterretan audientzien arduradunak topatuko dituzu, ea albisteko protagonista geureratzerik daukagun, ea euskal loturaren bat topatzen diozun geuk ere tartetxoa egiteko. Alferrik.
Joan den asteazkenean ere, beste horrenbeste: hamar teleikusletik lauk ikusi ei zuen Espainiako futbol taldearen matxa. Aurretik, Angola-Portugal, jarraian -aurten Irlandarik ez dagoenez- Trinidad eta Tobago-Ingalaterra. Kolonia ohiak metropolien kontra. Azken Olinpiar Jokoetan Puerto Ricok AEBei irabazi zien saskibaloian, eta kubatarrak ohitu dira honezkero beisbolean estatubatuarrak garaitzen. Dena ez da politika, aizue, baina NBEk asteon onartu du AEBen aurkako idatzia, Puerto Ricoren latinoamerikartasuna aldarrikatzen eta independentzia eskubidea eskatzen. Kubak aurkeztuta, noski.

2006-06-12

Football, football, football...

Berria-rako idatzi
Araba Euskaraz-en geunden, arbolaren gerizpean bazkaltzen, tabernatik zetozen oihuei adi. Irlandak 90. minutuan egin zuen gol eta garagardo gehiagorako aitzakia izan zen. Gero penaltiak. Eireri txalo eta biba, baina kanporatu egin zuten. Final-laurdenak astebete beranduago izan ziren. Orain bai, penaltietan Korea aurrera, eta Espainia KO. «Ez zuten esaten korearrak ginela? Aupa Korea!» hasi ziren Otxarkoagakoak. Telebistan negarra eta tristura, mundua hortxe bertan amaituko balitz bezala. Nekez puztuko dira hainbeste hormona hispanikoak, eta kostako da horren burumakur ikustea auzoak. Gauza batzuek ez dute preziorik.

Esango didazue euskal selekziorik balego antzeratsu ibiliko ginatekeela, barre eta negar. Baliteke, baina independentziarik gabe selekziorik izango ez dugunez -zertarako selekzioa independentziarik ez badaukagu?-, hobe espainiarren testosterona apal ibiltzea. Eta Munduko Txapelketak susara jartzen ditu lau urterik behin.

Normala ere bada, horratik. Negozioan eta zaleen arteko gehiegikeriak onartuta ere, pasioa erraz kutsatzen den gaitza da. Eta norbaiten alde edo norbaiten kontra egon ezean, kontu aspergarria da futbola, tartean Brasil-edo ez badabil.

Eta antifutbola ez dagoenez horren modan, hippy-entzat hor daude Togo edo Trinidad eta Tobago. Nik aukeran, Angola, badakizue Afrikako negarra sintoma da. Futbolik ez balego antzeko zerbait asmatu beharko litzateke. Dena ez da literatura, aizue.

2006-06-07

Ederra gola!

Bizkaie aldizkari elektronikoaren gaurko alean irakurri dut Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izateko hautagaiak jakinarazi dituztela. Azken aldian ohiko bihurtu den modu "demokratikoa" erabili dute, jendeak bere proposamenak egin eta boto gehien dituztenak hautagai gisa hartu... baina nire inguruko jendeari galdetuta inork ere ez zuen horren berririk, non eta zelan eman botoa. Baina hara, albisteak berak dakar zelan egin duten: "ekimenean parte hartu gura izan dabebek lekuko komunikabideen bidez egin dabe (Canal Bizkaia, Telebilbao, Canal Euskadi, Tele 7, 20 Minutos, Qué!, Onda Cero, COPE eta El Correo)". Denak ere euskararen defendatzaile sutsuak diren hedabideak, euskara barra-barra darabiltenak. Berria edo Berton-en irakurleek, Bizkaia, Tas Tas edo Bilbo Hiria Irratiko entzuleek ez dute zeresanik.

Azkenean Marivi Bilbao, Igor Yebra, Javier Clemene, Ane Igarteburu, Jose Antonio Nielfa “La Otxoa”, Jose María Iñigo, Alex de la Iglesia, Jon Aldeiturriaga, Iñaki López eta Txetxu Ugalde dira hautagaiak, bederatzi erdaldun eta euskaldun bakarra oker ez banabil. Ez dakit udalaren bueltan nork erabaki duen sistema "demokratiko" hau, baina azken urteotako pregoilarien aldean (Julio Ibarra, Gaztedi dantza-taldea, Unai Iturriaga, Loli Astoreka, Irkus Robles...) perfila ederto aldatu dela onartu beharko dugu. Eta konpartsei gol "demokratiko" ederra sartu dieten susmoa daukat.

2006-06-04

Bisitari iraultzaile

2006-VI-4ko Berriarako idatzia.

Ipar Kurdistango basakeriak geldiarazteko zer egin genuen galdetu ziguten, eta mindu egin zituen batzuk ama elebakarraren galderak (kurdu elebakar izatea analfabeto izatearen sinonimo da han). Eta haren moduan galdetuko digute bihar, adibidez, itsasoan hilen ahaideek, horren esplotatutako proletariook uko egin diegun lanen bila itoek.

Badakit geure artean zenbat miseria eta bazterketa dagoen, espekulazioan lotsagabe diharduen zenbat ustezko ezkertiar dagoen badakidan legez. Tartean, erruduntasunetik (ez derrigor kristauak, alemanak, santujale izan barik, ondo barneratuta daukate konplexua eskuin-ezker) ukaziora doan eremu zabala. Azken horiek, kurduak, beltzak edo latin amerikarrak legez esplotatuen taldean daudela sinetsarazi guran. Zapaltzaileek berdintzen ei gaituzte. «Pertsona berberek ostu digute lan-indarra». Baliteke. Baina ostutakoak beti norabide berbera izan du, handik hona.

Feudalismoa eta esklabotza, edo industri-iraultzatik sortutako proletalgoa eta kolonialismoak ekarritako arrazismoa parekatzea da hori. Ez nintzen Hernan Cortes eta ez naiz Bush, baina ez niri saldu geu ere irakiar garela. Geuk gura zein ez, gure bizimodua errazteko dihardu gerran, geure American Way of Life hau, hainbeste kostatako autoa merke ibil dadin.

«Marxen liburua, doktrina bezala abiatu zen gure kamarada», kantatzen zuen Negu Gorriak-ek. «Ongi etorri iraultzailea, agur berriz, turista azkarra, hurrengo arte bisitaria, hemen pringau bat besterik ez zara».

2006-06-03

Oinez

2006ko ekaineko Aizu!-rako idatzia

Gertatu behar zuen eta gertatu da azkenean. Autobide bat lehenik, bi, hiru; errei bakarreko errepideak bikoiztu jarraian; herriak eurak paretik kendu jarraian, bost axola saihesbideak mendi magaletan edo nekazaritzarako gelditzen diren lur apurretan egin, zeresanik ez baserriak eta bestelako ondarea traban badaude. Bideek ez dituzte lekuak lotzen jadanik, herriak saihestu egiten dituzte, eta Atik Bra joateko ez da C edo Dtik pasa behar gehiago, onena ziztu bizian ibiltzea da, ahalik bizkorren heldu eta inon gelditu barik. Paradoxa ematen du, saihesbideak bide artez bihurtu dira, eta erdibidean topa ditzakegun lekuetara joateko bide nagusitik irten eta beren-beregi sartu behar dugu jadanik gehienetan.

Gertatzekoa zen, beraz. Herriak, paisaiak, baserriak sobera dauden ereduan, pertsonek eurek ere traba izan behar zuten azkenean. Autorik gabeko egunen leloarekin hasi zirenean erreportajea egitea egokitu zitzaidan, eta gogoan dut hirigintzako kontu horietan zihardutenetako batek ziostana, pertsonek biderik laburrena hartzeko joera dutela, berez. Hala, Bilboko Kale Nagusian bada errepidea diagonalean zeharkatzeko bide bat, hori baita gehienok hartuko genukeen bidea. Baina salbuespena da. Ia beti, asfaltotik bereizteko eskudel gris edo berdeek eragozten diote oinezkoari bidea lekurik laburrenetik zeharkatzea. Eta azkenean, ausartu dira. Zebrabidetik pasa ezean zigortu egingo gaituztela esan digute. Bost axola kale estua eta luzea izan eta zebrabideak urrun egon, behar den lekutik pasa, edo zigorra. Errazagoa zuten oinez ibiltzea debekatzea.

2006-05-29

Montenegro, gu eta besteak

2006-V-28
Espainiarrak Euskal Herri independentearen bideragarritasun ezaz gezurretan hasten direnean, lagun asko sutzen dira. Aurkakoa dela diotset, beldurraren taktika hori erabakitze-ahalmena onartzeko lehen urratsa dela. Nahi duten desastre guztiak sal ditzatela, erabakitzen utziz gero. Geure ardura datuoi aurre egitea eta gehiengoa independentziaren alde jartzea.

Kalkuluak garrantzitsuak dira edozein erreferendumetan. Baina sentimendu-kontua da azken finean. Eslovakiarrek bizkor erabaki zuten bereiztea, lehen urteetan estatu pobreagoan biziko zirela jakin arren. Montenegro salbuespena da agian, gehienengan kalkulu politikoek eta ekonomikoek pisu handiagoa izan baitute.

Ulertzekoa da Euskal Herrian piztutako ilusioa, Europan autodeterminazio-prozesuak dramatismo handirik gabe egin daitezkeen erakusle. Baina erreferendumak berak behar luke interesgarri, emaitzaz haratago. Erreferente beharrak itsutzea ez da komeni. Guk bezalaxe, abkhaziarrek ere begiratu diote Montenegrori, eta Vladimir Putinek argi utzi du: jarraian Kosovoren independentzia onartzen bada, zergatik ez Abkahzia edo Hego Osetiarena? Inperio baten titere direlako, adibidez, Georgia bezalako estatu txiki bat areago ahultzeko. Edo egin dezatela erreferenduma, baina 1992an egotzitako georgiarrak kontuan izanda.

Ez ditut kasuak inolaz ere alderatu gura, baina ezin ahaztu herri gutxituengana hurbiltzeko gogoak Lega Nord-eko sasi faxistengana eroan zituela zenbait abertzale orain ez hainbeste, Padaniaren askatasuna eskatzen.

Gakoa Kosovo da

Gara-n 2006-V-29an argitaratua


Euskal Herritik aparte aste pare bat emanda, urrundik jarraitu ditut etxeko albisteak eta etxean interesa piztu duten kanpokoak. Ulertzekoa da Montenegroren gainean sorturiko ikusmina, nahiz eta, susmatu bezala, duela aste batzuk arte mapan kokatu ere egingo ez zutenek betiko ahaide bagenitu legez ikusi. Kurdistandik etxera bidean egondako aireportuetan Frantziako eta Alemaniako egunkariak ziren nagusi; lehenentzat gaia agortuta dago, alemanek, berriz, tinta ugari darabilte oraindik Balkanetako herrialdeari buruz.

Istorio triste baten azken urratsa izan da Serbia eta Montenegroren bereizketa, elkar errespetatuz batera bizitzea posible zela erakutsi zuen proiektuaren behin betiko ehorzketa. Serbiar nazionalismoaren erantzukizuna gutxietsi barik, Alemaniak eta Vatikanok babesturiko kroaziarren basake- riek, Ante Gotovina atxilotuta ere, gertakari burutuen politikarekin egiten dute topo: 2006an oso gutxi dira Kroaziako Krajinetara itzuli diren serbiarrak.

Esanguratsua da Montenegrok hamabost urtean egindako aldaketa: Serbiaren anaia txikia, nazionalismo ortodoxoan zutabe ezinbesteko izana, badoa han- diaren aldamenetik. 1992an %90ek batasunaren alde egin zuten, orain erdira jaitsi da kopuru hori. Eta aipagarria da hamabost urteotako gertakarien ostean oraindik ere biztanleriaren ia erdiak Serbiarekiko leialtasun hori agertzea, hiru gerraren ostean estatu paria bihurtu arren. Balkanetako ohiko esaera ziniko batek dioenez, orain bertan aukera balute serbiarrak eurak ere independizatuko lirateke Serbiatik. Ez baita edonolako pagotxa: Balkanetako gerretan Jugoslaviako Armada Federalaren hornitzaile garrantzitsuenetako izana, dozenaka gerra-kriminalen esportatzaile ­ez ahaztu Radovan Karadzic montenegroarra dela­, erabat libre geldituko ei da iraganeko «bekatuez»: Jugoslaviaren ondarea Serbiari dagokio nonbait, eta EBn sartzeko negoziazioetan argi utzi beharko du iraganeko kontuekiko etena. Montenegrok, berriz, eskuak libre Batasunean Kroaziaren ostean sartzeko ­deskuiduan, harekin batera, turista alemanek Kotor inguruari gustua hartuz gero. Serbia Batasunean sartzetik inoizko urrunen dago, Karadzic eta Mladic entregatu ez dituelako. Montenegrori, ostera, nork eskatuko dio erantzukia, kontuan izanik bere borondatez jarraitu zuela Batasun Federalean, eta haren izenean egindako gerra-krimenetan parte hartu? II. Mundu Gerra osteko Austria gogorarazten du: aliatuek egun batetik bestera aldatu zioten izendapena, eta Alemania naziko zati izatetik herrialde oku- patu izatera ­biktima, beraz­ pasatu zen. Montenegron asko dira, ordea, inor serbiar izatekoan eurak direla uste dutenak, mendietan libre, eliza ortodoxoari leial eutsi diotenak, inoiz ere Inperio Otomanoaren menpe jausi gabe.

Hamabost urteren buruan hizkuntza berbera daukaten lau estatu dauzkagu Balkanetan. Titok baturiko serbokroazieraren ordez, serbiera, kroaziera, bosniakoa eta, aspaldion, «montenegroera» izeneko hizkuntza ere entzuten da baz- terretan. Estatu katoliko indartsu bat dago, musulmanak nagusi diren estatu zatitu bat, Serbia handiaren ideiak baztertuta hutsetik ekin beharko dion estatu galtzaile bat eta ideologia eta historia bazter utzita kalkuluak ondo egin eta independentziaren bidea hartu duen laugarrena.

Esan dut lehen ere proi- ektu interesgarri baten hilobiratzea dela. Etxekoak ez baina hurbileko adibideak erabiltze aldera, Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak eta Rossellok estatu bana eratu balute legez. Baina Tudjman, Milosevic eta enparauak atzean utzi ostean, Jugoslaviaren ideia gero eta leku gehiagotan entzuten da. Karahasan, Ugresic edo Jergovic bezalako idazleen hausnarketak oso interesgarriak dira sarean bilatu gura dituenarentzat, baita Emir Kusturica zinemagilearen polemika ere, islama utzi eta eliza ortodoxora bildurik. Oraingoz Jugoslavia hura berregitea ezinezkoa da, baina epe laburrean ez bada, ertainean, zauriak itxi ahala, Jugoslaviaren garrantzia eta onurak atzera ere azaleratuko direlakoan nago. Istriatik Bulgariako mugara hizkuntza bakarra dagoela gogoraraziz, historiako tragedien, izenen eta erlijioen gainetik. Berriz ere benetako burujabetza lantzeko sasoia izan liteke, Alemania, Vatikano, Turkia, Errusia edo Grezia bezalako konpainia txarrak bazter utzita.

Montenegron gutxiengoei esker erdietsi dute eskaturiko gehiengoa, estatu txikian euren pisua handiago izango dela jakitun. Baietza ia erabatekoa izan da albaniarren herrietan eta Sandzakeko bosniako askok ere kalkulu berdina egin du. Azken horiek independentzian gehiegi sinetsi gabe, musulmanak nagusi diren Sandzak eskualdea zatitzen ari baitira, baina iragan hurbila gogoan, ulertzekoa da konfiantza handiagoa izatea Montenegro independentean. Askoren azken helburua, ordea, atzera ere Bosniarekin bat egitea da, 1878ra arte egon ziren legez. Eta hor hasten dira aurrera begira sor daitezkeen gatazkak. Kosovokoa dator orain, eta Bosniako serbiarrek gero eta ahots ozenagoz diote hori onartuz gero eurek ere badutela eskubidea estatutik bereizi eta Serbiarekin bat egiteko. Jugoslavia desegiteko prozesua amaitu da, sei errepublika federalak bereizi dira eta estatu bana daukate. Jugoslaviak bazeukan klausula hori, besterik dira geroko basakeriak, baina estatutik bereizteko aukera aurrez ikusita zegoen legean.

Kosovoko kasua desberdina da. Serbiar nazionalismoaren eraginez ­Kosovo nazioaren sorlekutzat baitute­ eta Jugoslaviaren es- laviar izaerarekin ez ze- torrenez bat Kosovoko gehiengoaren albaniartasuna, Serbiako barruko probintzia izan zen Errepublika Federalean. Titoren azken urteetan, Milosevic baino lehen, de facto sei errepublika federalen pare egon arren. Baina ez zitzaien Jugoslaviatik edo Serbiatik bereizteko aukera edo ahalmena eman. Gertatutako guztiaren ostean, argi dago kosovoar albaniarrek ez dutela independentzia baizik onartuko, orain arteko legedian sartzerik ez dagoen arren. Esan dut, Montenegrorena, atsegin ez arren ­EBn pisu handiena duten estatuek ez dute begi onez ikusten mugak ukitzea, etxeko ispiluari begira; Alemaniak izan ezik, noski­ legezko aurreikuspen bezala onar zitekeen. Kontuak kontu, Kosovo independente izango da laster.

Gaur Montenegro, bihar Euskal Herria entzun dugu, baina gureak etzi beharko du. Bihar Kosovoren txanda da. Independente dira izatez, gu ez bezala, naziorik gabeko estatu dira, baina horrelakoak badira gehiago, hara Zipre. Bost axola kosovoar naziorik ez existitzea, Kosovok bere estatua izango du. Oraintsu irakurri nuen banderarik ere ez daukatela oraingoz, Albaniakoa erabili baitute. Baina estatuek banderak dauzkate eta, hala bada, ez dago auzoaren oihalarekin ibiltzerik. Berria egin dezakete, Bosnian legez, inor gutxi identifikatuko bada ere. Arazoak arazo, nazioarteko legedia eta antzeko berba potoloak irentsiko ditu laster Europak, autodeterminazio-eskubideari buruzko erretolika faltsuekin batera, eta Kosovo independentea onartuko dute. Orduan bai, motorrak berotu eta esango dugu: hurrengoak geu.

2006-05-21

Ekialdetik

Berria-n 2006-V-21ean argitaratua
Gaur ekialdera begira jarri zaretela denok esan didate, badagoela nazioren bat independentziaren atarian. Herri gogorra omen, mendietan gotortuta etsaiari aurre egiten jakin izan duena. Inperio otomanoari ere haginak behin baino gehiagotan erakutsitakoa. Ondo dago horrelako leku txikietara begiratzea, mapan kokatzeko lupa hartu eta mendi beltz hori non den jakiteko.

Ekialdera etorri gara gu ere, mendiko herria da hau ere, independentzia gura du honek ere. Turkia urduri dago. Estatua zatituko digute! dioen beldur hori da, Iran eta Siria moduko aurkariengana hurbilarazten duen gezurra. Hegazkinak, tankeak, uniformedunak eta uniforme gabeak, ez dira gezurra. Eta armak ere ez, Euskal Herrian eginagatik, hemengo lagunak hiltzeko.

«Mendiak ditugu lagun bakar» dio kurduen esaera zahar batek. Azken urteotan berritu egin dute, «mendiak eta kalashnikova». Egun batzuetan bada ere, Europako baztertxo batek ez dituela ahazten, lagun dituela esan gura izan diegu gure txikian. Ez da asko eman dieguna, ordu erdiko emanaldi laburrak, musika, kantak, bertsoak... Amed hiriko auzo guztietan izan da biba eta txalo, itxurosoenetik hasi eta adreilua adreiluaren gainean aterpea eraiki duten iheslarienean. Soineko berdea daroa aurkezleak, buruan zinta hori eta gorriak, debekatutako banderaren koloreak. Eta ikurrinari ere keinu egin diote, gurutzea beilegitzea baino ez da falta. Baina hor daude beti besteak, argi uzten eurena dela soka, orain lasaitu eta orain estutzeko. Eta Kurdistanik ez dela gogorarazi gura diguten arren, Kurdistanen gaudela esaten digute behin eta berriz.

2006-05-14

From Spain

Berria-n 2006-V-14an argitaratua


Euskalduna» erantzun eta aurpegia zelan aldatzen zaion antzematen diozu, «barkatu, atsegina baino ez nuen izan gura» edo «ondo, ondo, niri bost axola politika kontuak» esango balu legez.Izan ere, nongoa zaren galdetzea, ia beti, solasari ekiteko aitzakia baino ez da. «Espainiarra», «australiarra» edo «alemana» bezalako erantzun arruntak espero dituzte.

Euskaldunak aurpegi arraroak topatuko ditu leku gehienetan. Ezinbestean euskaldun abertzalea dela ulertuko du solaskideak. Denak gara euskal herritar, ados, baina hori espainiar edo frantses izatearekin bateratzen dutenek gutxitan agertu ohi dute euskal herritartasuna kanpoan. Erosoagoa da, noski, nekeza baita beti lelo berarekin ibiltzea, Frantzia eta Espainia arteko herri txiki bat, Europako hego-mendebaldeko ez dakit zer, hizkuntza berezi bat... bertsio laburrago edo luzeagoa, mintzaidea nor den.

Txikikeria horiez gain, ahalik naturalen saiatu izan naiz beti euskaldun agertzen, naturala balitz legez, garrantzirik ez duela nabarmenduz. Polizia salbuespen. Armen aurrean egiak leku gutxi,gura dutena erantzun eta aurrera.

Asteon, baina, ohi baino espainiarrago agertu gara, bestela ere ez baita erraza Anatoliako bazterrotara iristen. Gutxien espero duzuna ei da polizia eta, zer gerta ere (guri eta bertako lagunei), «Spain» ahoan gabiltza. Hasieran kosta egiten da, baina zeinen erosoa den gero.

Neurri baten, ulertzen ditut ulertzen ez gaituzten espainiarrak. Baina ez genuen geuk erabaki kurdu sortzea. Edo agian bai.

2006-05-08

Turkiako bihotzetik

Planak estu hartzea ez dela komeni bagenekien, eta Turkiari buruz esandakoekin ere ez ginen lartxo fidatzen, baina aitortu behar. Lagunak baino egun batzuk lehenago abiatu ginen, behin hain urrun etorriko eta egun batzuk gehiago hartzea merezi zuelakoan. Esan eta egin, zapatu gauean urteroko afaria bertso-eskolakoekin, hiruzpalau ordu lo eginda tira Loiura, Parisen konexioa ondo hartu eta Istanbulen ginen arrastiko hiruretarako.
Planak okertzerako alternatibak komeni dira, ordea, eta beldur ginen legez, ez genuen Ankararako hegaldirik lortu. Asmoa, Istanbul azkenerako utzi eta atzo bertan hiriburura iristea zen, baina hegazkin guztiak beteta edo oso garesti zebiltzan. Esan ziguten, horratik, hemen garraioa izugarri ondo dabilela. Turismo bulegoan azaldu ziguten zelan hartu metroa Istanbulera, gero tranbia Eminonu ingurura, Galata zubitik pasa eta azkenik ferrya Asiako partera pasatzeko, hirian mila bider izan bagina legez. Minutu gutxitan kontinente batetik bestera pasa eta Haydarpasa tren-geltokian ginen, Kaiser alemanak sultan otomanoari duela ehun urte egindako "oparia", alemanek Inperioko trenbide sarea eraiki ostean. Antza denez, kilometroko kobratu zuten, eta horregatik ei daude hainbeste bihurgune. Egia da autobusez bospasei ordutan iritsiko ginela, baina zer egingo genuen Ankara gauerdi inguruan helduta. Trena, berriz, elegantea zen, biontzako literadun gela bat, hozkailu eta guzti, gosaria ahaztu barik.
Hainbeste lekutan ibili izan gara, baina ezin inoiz lortu tren-literatan ibiltzea. Goizean konturatu gara hizkuntzarekin latz pasa behar dugula, Ankarako tren-geltokian bertan ingeles edo alemanik dakien inor ez baitugu topatu. Azkenean, utzi ditugu bizkar-zorroak kontsigna antzeko batean, eta Anatoliako zibilizazioen museo ikusgarria bisitatu dugu. Institutuan ikasitako guztia bertan: neolitikoa eta Catal Hoyuk, asiriarrak, idazkera kuneiformea... museotik irtenda, ziudadela, hiri osoaren ikuspegi zabala ematen du eta kontraste erabatekoa da ordura arteko mendebaldar kutsuarekin. Sarajevoko kalexkak gogorarazi dizkigu, alderantzizkoa dela jakin arren. Astiro-astiro jatetxez betetzen ari bada ere, europar alde-zaharren itxura komertziala hartuz, oraindik antzematen zaio ez direla ankarar aberatsenak ziudadela bizi direnak. Jantzi tradizionalak, buruko zapia eta tarteka turkiera iruditu ez zaigun hizkuntza entzun ditugu.
Ankarako "otogar" itzelean bazkaldu eta Kapadokia alde honetara autobusa hartu dugu. Sinestezina da zenbat autobus dabiltzan, zeinen puntualak diren, eta alde guztietara doaz! Ados, Goreme herri hau oso turistikoa da, baina egin kontu, Lekeitio-Izaba autobusez egitea Bilbon edo Irunean transbordorik egin barik. Bada, hori bera daukazu hemen. Eta autobusek hegazkinen itxura daukate, are gehiago, low-costen zerbitzua baino hobea ere bada: azafato bat dabil etengabe kafea edo tea eskaintzen, edo fanta laranja, galletaren bat... komentatu ziguten zeinen ondo zebilen, baina esandakoa, sinestezina.
Egun pare batean ia dena ederto irten zaigu, badakigu datorren asteko kontuak desberdinak izango direna, baina dena unea iristen denean. Oraingoz, uste baino modernoagoa da, emakume gehienak orain arte mendebaldeko erara jantzita doaz, pentsatzen dugu ekialderantz egin ahala kontua tradizionalago bihurtuko direla. Kontraesanak ere asko dira "Errepublika laiko" honetan, badakigu, eta ez bakarrik datozen asteko kontuei begira: harrigarria da zeinen leku militarizatuak diren, zeinen lasai saltzen diren edozein lekutan Hitlerren liburuak, edo umeentzako uniforme militarrak. Bai, tarteka beldurra ere ematen du.
Bihar eskualde honetan txango egingo dugu txangoa, eta etzirako oparitxoa geure buruarentzat, kontako dugu aurrerago.

2006-05-07

Oinezkoak sobera

larrepetit">Berriako 2006-V-7ko alerako idatzia
Ordutegiak beharrezkoak dira. Egizu sasoian». Herritarrak ergeltzeko kanpainak mugaren bat izango zuela, baina ez, gainditzeko gai dira oraindik. Irratian behin eta berriz bonbardatu digutenaren arabera, EAEn autoek harrapatutako bi lagunetatik bat behar ez den lekutik ari zen bidea gurutzatzen. Beraz, behar den lekutik pasatzen ari zirela harrapatu zituzten beste erdiak. Baina esan dut, ergeltze-kanpaina bete-betean dabil, eta nonbait helburua bakoitza bere bidean ibiltzea eta denek arauak fin-fin betetzea da. Arauak beharrezkoak dira eta bizitza goitik behera arautu behar da. Arauak parranda noiz eta nola egin erabakitzeko, arauak kaletik ibiltzeko, arauak eta zigorrak gure bizimodua nola egin zehazteko. Autoa bere bidetik, oinezkoa beretik, gurdirik eta traktorerik ez, noski, XXI. mendeko Euskal Herri modernoan. A, eta txirrindularientzat ere bideren bat edo beste europar itxura izateko, bost axola egitasmo orokorrik ez badago sareak osatzeko. Gauza da guk ere gure bidegorritxoak badauzkagula erakustea, hain dira politak turismo-liburuxketan sartzeko!
Oinezkoak sobera gaude. Denak ginela oinezko uste nuen, etxetik autora bidean ez bada ere. Baina ez, beste espezie bat da, autodunaren parean, eta bere bidea dauka, beraz. Behar den lekutik ibili, edo zigorra. Horrela, datozen estatistiketan datu biribila irtengo zaie: autoek harrapatutako oinezkoen ehuneko ehun behar den lekutik ari zen pasatzen.

2006-05-02

Azken agurra

Guk paper zati bat utzi genien hotelean, ordurako ez zeudela jakin barik. Arrastiko seietan itzuliko ginela esan genien, gura bazuten elkarrekin joateko Point des Almadiesera, Afrikako azken ilunabarra ikustera. Gero Goree uhartera joan ginen, eta bueltan ginen seiak baino lehen. Ez zeudela esan ziguten. Ez ginen arduratu, Lac Rose-n edo egongo zirela pentsatu genuen. Etorriko ziren, egina zuten erreserba. Hondartzan egon ginen apur batean, Atlantikoko olatuak ikusten. Atzera hotelera, berandutzen ari zen. Aurretik joatea pentsatu genuen, beste ohar bat utzita, eta kasualitatez zabaldu nuen barra gaineko egunkaria. "Espainiar bikote bi" aipatzen zituen albiste laburrak, Casamancen hilak, izenik ez. Eztarrian igarri genuen korapiloa. Arineketan irten ginen, ziberkaferen baten bila. Gero zurrunbiloa, deia enbaxadara, etxera, ez ginela gu. Eurak zirela. Xavi, Tamara, Xixo eta Sara.
Aireportuan dei gehiago. Casamanceko lagunak arduratuta zeuden, non ote geunden, dena ilun, eta argi gauza bakarra, ez zeudela. Nik ez dakit zer den shock egoera, baina ordukoa ez zegoela urrun uste dut. Isilik geunden biok, bakarrik aireportuan. Jendeen agurrak, irribarreak eta malkoren bat, edozein aireportutan legez. Eta han gu, korapiloa barruan, ideiak ordenatu guran, galderak edo erantzunak edo nik dakit-ba zer bilatu guran. Oroitzapen bat pizten zen han, berba baten akordua, asmoren batena, betiko baldintzak, egon bagina, gelditu bagina, egin bagenu...
Gero hegaldia, agur Afrika, Madril, elurra, autobusa eta etxera. The End, amaitu da filma.
Tarteka interneten jarraitu genuen albistea, argazkiak disko gogorrera pasa ditugu, bizitza arruntera itzuli eta bide-bazterren batean oroitzapenak atzera jo gaitu. Mezuak atzera eta aurrera ibili dira Casamancerantz, eta halako batean jo zuen telefonoak. Silvia lehenengo, Xaviren arreba, Toni gero, Xixoren anaia, Carme azkena, Sararen ahizpa. Gura zutenean joango ginela, baina goiz zen oraindik, apur bat aurrerago esan ziguten, ondo hartu gura gintuztela.
Eta bikain hartu gaituzte Bartzelonan, eskerrak eman dizkigute, eta korapiloa loditu egin zaigu, begiak itxita Xixo eta Sara entzuten genituen. El Prat-eko Mamiferos tabernan izan ginen zapatuan, ezagutzen genuen. Zenbat une Afrikako gau izarniatuan txoko hartaz berbetan. Tamarak atera behar zigun caipirinha eskatu genion tabernariari, eta isilik gelditu atzera.
Triste tarteka, negarren bat eta aurrera, gu isilik, gaia gura zutenean atera eta gorde, aldamenean. Urtebetze jai hippya prestatu ziguten Colonia Güelleko gazteek domekan, aza-ortu batean okela erretzen, akordeoia jotzen, alai. Xixo eta Sararen etxea ezagutu genuen, eskuz margotutako oheburua, arbelean idatzita hegaldiaren ordua, horma gorriak, CDak nongura, anplifikagailua eta ohe-gainean istripuaren ostean bidali zizkieten gauza guztiak.
Astelehen arratsaldean azken musuak, agurrak eta etxerako bidea hartu genuen. Gero, bi hilabetetan egin ez dugun negarra irten zaigu, hor barruan gordeta zegoen hori, eta bakarrik sentitu gara, urrun, urrun denboran, urrun lekuan. Inork ulertu barik bakarrik eta triste.
Berandu iritsi gara etxera, nekatuta agian, eta Xixo eta Sararen ezkontzako bideoa ikusi dugu. Lagun arteko parranda ederra izan zen, udaletxean hasi eta kostaldeko etxean amaitu. Ez zen euren asmoa, Txinatik Abril ekarri ahal izateko baino ez ziren ezkondu, baina zeinen jai ederra. Ismael Lo-ren Tajabone entzun dugu, etxez etxe santa-eskearen antzera dabiltzan haurren kanta, zerutik jaisten den Abdou Jabar aingeruaz dihardu, eta Carla Bruni, gero.

On me dit que nos vies ne valent pas grand chose,
Elles passent en un instant comme fanent les roses.
On me dit que le temps qui glisse est un salaud
que de nos chagrins il s'en fait des manteaux

pourtant quelqu'un m'a dit...
Que tu m'aimais encore,
C'est quelqu'un qui m'a dit que tu m'aimais encore.
Serais ce possible alors ?

On me dit que le destin se moque bien de nous
Qu'il ne nous donne rien et qu'il nous promet tout
Parais qu'le bonheur est à portée de main,
Alors on tend la main et on se retrouve fou
Pourtant quelqu'un m'a dit ...

Parranda doinuak hautatu zituen segidan Xixok, Big Beñat eta Fermin Muguruza. Eta bere irribarrea agertu zaigu pantailan.