2006-09-15

Lehen geltokitik abian

Etorri ginen eta bagoaz. Urruzunotarren lehen geltokia atzean uztear, hegoalderantz egiteko txanda heldu da, askok mapan ondo kokatuko ez lituzketen hiru herrialdeetatik bigarrenera. Lau egun bete izan dira Estonian, Tallinngo Alde Zaharra turista berriez eta mota guztietako ostatuz beteta. Eta estonieraz dena.

Hogei urte bete ditu Urruzuno lehiaketak, orduko irabazleen sasoian egungoak jaio barik zeuden. Bitartean ehunka gazte urruzunotar, gipuzkoarrak gehienak, bizkaitarrak gainontzeko ia guztiak, arabar, nafar eta lapurtar bakanak, beti gutxiegi. Inoiz baino urrunago heldu gara aurten, inoiz baino hurbilago dauzkagun herrialdeetara. Urruzunoko lehen bidaietan estaturik ez zeukaten herrialdeeak ziren, hizkuntza errusieraren betiko mehatxupean. Gaur independente dira, iparreko latitude honetan posible den berotasun handienean hartu gaituzte, eta halaxe erantzuten saiatu urruzunotarrak. Ez da falta parrandarik, ez da falta musikarik, ez da falta poesiarik.

Estonian Institute eta Estoniako Idazle Elkartekoekin egoteko aukera izan dugu, independente ere hizkuntza txikia dutela jakin dugu, literatura txikiak ere zelan defendatu daitezkeen zerbait gehiago ikasi dugu. Maite dugu txikitasuna, halaxe etorri gara Tartu unibertsitario honetara, eta halaxe eroan gaituzte gaurko bideek Värska-ra, setu etniako kideek munduan daukaten txokora. Altzairuzko Hesi berriak Setumaa erdibitu eta Errusiaren menpe utzi du setuen lurraldearen bi heren. Gutxi dira, antigoaleko ohitura eta hizkuntzari tiraka, naturaren harreman berezi horri eutsi diote eta halaxe heldu gara aintzira, lautada eta baso arteko mugaldera. Itzuleran, pinudiek babestutako hilobiak, mendetako historia; aldamenean, bide galduen ertzean taberna txikiak, denak wifi. Ahots txikiak, munduari geure talaiatxoetatik oihuka.

No comments: