2006-10-08

Zelan emititu bost ordu euskaraz

Berrian 2006-10-8an argitaratua
Egin ezazue gura duzuena, inork ez du ikusiko», esan zien enpresako arduradunak lau gidoilariei. Hori du abiapuntu Tonino Benacquistaren Saga eleberriak. Frantziako telebista-kate bateko jabeak, legeak agindutako barne-produkzioko gutxieneko orduak bete ez dituztela ikusita, kuotari eusteko telesaila agintzen diete protagonistei. Ahalik merkeen, goizaldeko ordu txikietan emitituko da, inork ikusi ez arren.
Nobela hura etorri zitzaidan gogora lekuko telebisten araudia irakurrita. Eskualde gehienetan 19 ordu eta hamabi minutu emititu ahalko dituzte erdaraz, eta gainontzeko ia bost orduek euskaraz beharko dute. Barne-produkzioak hor ere telebistan orokorrean dagoen mailan egon beharko ei du, eta gainontzean ez nuen mugapen gehiagorik ikusi araudian.
Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban lau ordu eta 48 minutukoa izango da euskararen kuota, 24 orduz emitituz gero. Gutxienez lau orduko barne-produkzioa eskatzen denez, horietatik 48 minutuk beharko dute gure hizkuntzan.
Tristeena da egun erdara hutsezkotzat ditugun kate batzuk kuotatik hurbil dabiltzala, tartekako kirol-emanaldiren bat, musika-programen aurkezpena eta duela hogei urteko euskara ikasteko programak emititzen. Ez dirudi oso zaila «euskararen hesia» gainditzen. Bestela, beti egongo da falta diren minutuak goizaldeko ordu txikietan ematea. Eta pornoak audientzia handiegia badauka kentzeko, merke-merke azpititulatu euskaraz eta hortxe beste ordu eta erdi. Kitto horrela kuotatxoen arazoak.

1 comment:

markel said...

Lotsagarria baten. Espero dut halakorik ez gertatzea.

Badakizu zein eskualdetan gertatuko den hau? Gehiengoa euskalduna denetan, guztia izango da euskaraz, ala minimo bat izango du?