2006-10-01

Mugak eta bide-seinaleak

Berrian argitaratua 2006-10-1ean
Curoniako penintsula munduko paraje berezienetakoa da. Ehun kilometro luze eta kilometro bat baino gutxiago zabal lekurik estuenean. Dunak, Baltikoa eta Curoniako aintzira alde banatara, pinuak eta hegaztiak, eta halako batean, parke nazionalaren erditik doan errepidean muga-seinaleak ageri dira, eta mugaldeko parafernalia: banderak, poliziak, diru-trukeak, miaketak, hesiak. Duela hamabost urte existitu ere egiten ez ziren zazpi muga zeharkatu ditut azken egunetan. Erraz askoak egun Europar Batasunean dauden herrialdeetakoak, zorrotzagoak EBtik kanpora dauden estatuetakoak... eta denetan zorrotzenak, atzera ere Batasuneko lurraldera sartu gura izanez gero, kanpotik barrurakoak. Gure Europa hau geroz eta gotorrago dago, itsasoa militarizatu hegoaldean eta ekialdean hesiak jaso, beti barbaroen beldur.
Mugazainari pasaportea eman eta agiriak zekarrena zekarrela euskalduna nintzela esan nion, armadunen aurrean eurak gura dutena izan ohi naiz paretik bizkor kentzeko balio badu, baina aizue, lituaniarra zen. Irribarre egin zidan. Gero autobusean aldamenekoak galdetu zidan: baina horixe bera gura duzue zuek, ezta? Esan nion nire inbidiak ez zeukala zerikusirik Ebro gaineko zubietan ikurrinak, hesiak edo pasaporteak eskatu eta miaketak euskaraz egingo zituzten poliziekin.
Mugak muga, hemengo errepide-seinaleetan Minsk, Helsinki, Varsovia, Berlin bezalako lekuak irakurtzen dituzu, bisarik eta mugarik ez baleude legez. Gurean oraindik mundua Pirinioetan edo Bidasoan amaitzen dela iragartzen duten "Frantzia" horiek ageri dira.
Baina nire inbidia Vilniusko geltokiko kioskoan dago, zabor-aldizkari mordo hori lituanieraz ikusita. Etxeratzeko ordua da.

No comments: