2006-12-03

Ruper Ordorika: Disko hau ospakizun bat da

Garako 7K gehigarrirako egindako elkarrizketa

Azken urteak Mugalaris taldearekin eman ostean, urrian eman zituen Ruper Ordorikak azken kontzertuak eta egitasmo berriak ditu datozen hileetarako. Akustikoaren bidetik egingo ditu oñatiarrak azken diskoaren aurkezpen-emanaldiak, Jon Pirisen kontrabaxuak lagunduta. Joseba Sarrionandiak idatzi eta berak ahotsa eta musika jarritako lan aberatsarekin datorkigu eta.

Disko berria besapean, ospakizun gisa ulertzen du Ruper Ordorikak azken lana. Lagun zaharrekin topo –eta topa– egitea da nolabait, beti hortxe egon den asmo edo ametsa betearaztea. Sarrionandiak osatutako kartografia intimoa da Memoriaren Mapan, eta gauza jakina da horrelako berba jario zehatz eta bikainak neurriko musikaria behar duela. Zer hobeto ore horren okina adiskide izatea baino. Halaxe dator hamaika pistadun diskoa, hamaikaren zentzu zabalean, inoiz baino biluziago, beti bezain jori eta aberats.

Hasi eta buka ibili da Ruper Ordorika lanaren gainean, berak grabatu eta ohiko dituen euskal eta amerikar lagunen azken gindarekin. Durangotik Antilletara, Latin Amerikara eta Asia Erdialderaino garamatzate Ruperrek kantatutako Sarrionaindiaren berbek. Eta berriz entzun gura dugu, biluzian zer hartu asko dagoela jakitun, liburuxkari adi egonda ere, letra bakoitzaren jatorria dakarren istoriotxoa eta guzti, patxadaz hausnartzeko lana baita.


Galtzetan gordetzeko koblak, Martin Larralde, Alberto Caeiroren bisita... ez da gaur goizekoa Ruper Ordorikaren abildadea Sarrionandiaren berbak musikatzeko orduan. Oraingoan diskoko kanta guztien letrak izenpetzen ditu iurretarrak, hasi 1914an Guram Sulakauri georgiarrari egozten dioten Lera zakurren balada kantatik eta hamaikagarrena osatzen duen Izen zaharrak indartsuraino, Michel Durruty baigorriarrari luman jarria berau. “Lurrak eta hezurrak/ zer geratuko da/ leku izenak” diosku, “gero eta gutxiago gara/ ginenak/ gero eta urrutiago/ ginena”. Bien artean bederatzi kanta, tartean “Ibaizabal” eta nostalgiako Durango berezia, “Hondartza galduan” hirugarren pistako naufragoa, “Hiriak” singlea, “Goizalbada” Zangozatik ei dakarkigun egunsentiari buruzko balada edo “Ez da itzuliko”: Ni ez naiz itzuliko/ Nora itzuliko naiz ba?/ Non hemen bertan baino hobeto/ leku kanpo, zahartzeko/ bakarrik/ inoren agurrik gabe.


Urrian eman zenituen Bilboko Kafe Antzokian Mugalarisekin azken kontzertuak. Nola joan ziren?

Kontzertuak oso ondo, uste dut zintak ere oso ondo daudela, teknikariek esan didatenez. z ditut entzun oraindik baina badut esperantza horrekin ere zerbait egiteko aurrerago. Baneukan aurreikusia disko honen ondoren ez nintzela ibiliko taldearekin, azken sei urteetan elkarrekin ibili gara, nahiz diskoetan eta Hiru Trukun ez. Baina tartean-tartean beti elkarrekin egon gara, kanta asko oso barneratuta geneuzkan. Eta halako batez oso argi ikusi nuen behar nuela hau egitea.


Nik inpresioa daukat gustura sumatzen zaitudala formatu txikian.

Bietara. Taldearekin batez ere azken urteetan izugarri laketzen naiz, baina bada beste harreman bat, beste eszenatoki bat, beste sonoritate bat, eta beno, asko ibiltzen gara eta beti nahi diozu jarraitzaileei beste zerbait eskaini, hariari tiraka. Niretzako badu zailtasun berezi bat ere.

Disko biluzi samarra da, denak Joseba Sarrionandiaren hitzekin. Zein izan da prozesua?

Bakar-bakarrik grabatu nuen dena. Halako batez oso garbi ikusi nuen, nahi nituzkeela horrelako tinbre batzuk, kolore batzuk, eta Ameriketara joan nintzen. Hemen ere Xaby Peryk parte hartu du bi kantatan, baita Jon Pirisek ere, azkenaldian nirekin ibili da zenbait saiotan kontrabaxuan. Beste denak hango lagunak dira, denak musikari handiak, eta di-da egin nuen, halako katarsi moduko zerbait. Nahastu ere bai New Yorken egin nuen, aurretik baneukalako oso garbi soinu bat buruan.

Hasiera-hasieratik kantatu izan ditut Sarriren letrak, lagun zaharrak gara. Niretzako, etengabe esango dut, egia delako, disko hau bada ospakizun bat. Ospatzen dut nire zaletasuna, nire gertutasuna, edo beste modu batera esanda, Sarrionandiaren berbetak nigan lortzen duen oihartzuna, uste dut disko hau horren ondoren datorren zeozer dela. 80etako garai haietan hasi nintzen jada bere testuekin, nik esango nuke 81erako kantatzen nituela, Galtzetan gordetzeko koblak eta Alberto Caeiroren bisita eta horrelakoak. Iturri ezberdinak etorri dira erreka batera disko honetan.

Baina kasu honetan berak argitaratu gabeko poemak dira, urtetan eraikitako harremanaren ondorio?

Niretako ez dira poema kantatuak, kantuak dira, eta horren gainean aspaldi izandako elkarrizketen ondorioz dator baita ere. Poema kantatuak, Sarriren kasuan, ugari dira, kantari askok egin dituzte, nik ere bai, batzuk aski ezagunak, Martin Larralde-eta. “Galtzetan gordetzeko koblak” ez, horretarako idatzitako bertso moduko zerbait izan zen. Eta kasu honetan ez dago horrelakorik, denak moldatu ditut neure modura.

Izan du berak entzuteko paradarik?

Ez, dagoenetan ez.

“Hondartza galduak” kantan dio: Ez naiz itzuliko, nora itzuliko naiz ba?, sarritan ageri den deserrotuaren figura da. Nola dago bera?

Ez dakit. Uste dut bere liburuen izenburuak ikustea aski dela, gai hauek normaltzat hartzeko bere eginkizunean, Ni ez naiz hemengoa, Ez gara gure baitakoak, Han izanik hona naiz. Baina horiek dira nire belaunaldiaren parte baten ahotsa, uste dut disko hau mintzo dela egiazki nire belaunaldiko batzuen ahotik.

Kantautore hitza aipatu izan dizute. Ez dakit kutsu latinoarekin baino anglosaxoniarrarekin, formatu txikiarekin, countryarekin-eta gehiago identifikatzen zaren.

Kantautore berba bat baino ez da. Bere garaian oso konnotazio negatiboak izan zituen, jendea aspertu egin baitzen horrelako kantariekin, mezuarekin engaiatuak eta abar. Gaur egun kantautore, hitz zatarra baina aski deskriptiboa da espainolez, esateko bere kantuak egin eta kantatzen duela. Maiz deitzen zaio sekula kanta bat idatzi ez duenari, eta orduan aski hutsala den berba da. Ingelesez ez dago horretarako hitzik, singer song writer erabiltzen da, kantari eta kantagilea. Beti esaten dut nik jakin nuela kantautorea nintzela lehendabizikoz Madrilen jo nuenean, behin ere ez nuen horrelakorik pentsatu. Nire lagun gehienek jotzen zuten rock taldeetan, eta horrelako giroan bizi nituen gauzak. Estilistikoki zaila da batzuetan gauzak sailkatzea, baina ez daukat eragozpenik.

Mugarri batzuk izan dituzu zure ibilbidean, Londres, New York, Hiru Trukuren esperientzia... Joseba Tapiak oraintsu aipatu zuen beretzat ere garrantzia izan zuela zuek eta ahalik eta biluzien jotzeko molde hori ezagutzea

Niretzat gauzatze bat izan zen, Hiru Truku horretarako egin zen. Kantu zaharrak nik modu baten ulertzen nituen, ez bitan edo hirutan, eta behar zen formazio bat eta ez gehiago ez gutxiago hori egiteko. Hortik abiatu ginen. Esan nahi dudana da nik pertsonalki horraino iristeko asko deliberatu behar izan nuela, eta garbi neukan nora joango nintzen joatekotan. Gero talentu handiko bi musikarirekin elkartu nintzen eta hortik atera zen. Niretzat Hiru Truku da Hiru Trukuk kantatzen zituen kantuak eta moldeak, horiek eskatzen zutena.

Batetik bigarrena eta hirugarrena ekarri zituen, bada zerbaiten seinale.

Kantu molde hori, baladak-eta, hor zeuden, askotan hizkuntzagatik jasoak eta ez musika aldetik, eta halako bide bihurrietatik nigana iritsi ziren batzuk aspaldiko denboretan. Nire zaletasun handia da kantu zaharra, Euskal Herrikoa eta mundukoa, eta horren ondorioz etorri zen. Beste diziplina bat izan da, kantatzeko beste modu bat.

Baina ekarri dio Ruper Ordorikari bakarkako lanerako ikasgairik?

Horrek beti dakar. Baina ni bakarrik hasi nintzen. Lehendabiziko grabazioa bakar-bakarrik egin nuen Donibane-Lohizunen, nahiz ez ditudan zintak tamalez, Jean Phocasek grabatu zidan 78 edo 79an, soldadu nintzela.

Orain, Memoriaren Mapak-en, oso kartografia zabal baten datoz hitzak. Kantu zaharrak izan gabe badaukate han-hemenka jasotakoaren itxura, aurkezpenari dagokionez.

Azkenengo diskoetan egin izan ditut taldearekin estudioan kantuak. Erakusten nizkien hona etortzen zirenean eta orduan grabatzen genituen. Eta halako batean pentsatu nuen egin nezakeela alderantziz, neuk atondu eta itxi kantua. Saiatzen naiz ahalik eta malgutasun handiena edukitzen, musikariekin harreman hori probesteko, kantuak itxi barik, egiten ditut egiturak, harmoniak, letrak ere bai, eta gero grabatzeko tenorean erakutsi egiten diet kantua. Hortxe saiatzen naiz euren input-a ahalik eta handiena izan dadin. Kasu honetan pentsatu nuen alderantziz egin nezakeela, horretarako behar da, sukaldari batek esango lukeen moduan, genero ona. Nik oso garbi ikusi nuen proiektua, sonoritate bat dator, badakit jendeari hori ez zaiola gehiegi ardura eta ez du zertan gainera, baina metodoa izugarri inportantea edozein prozedura tekniko behar den eginkizunetan. Eta metodoa guztiz ezberdina izan da azken diskoen aldean, niretzat ez izan lan erraza alde horretatik. Antzinako moduan grabatzea ez da erraza.

Baina esan duzunez, behin sartutakoan bulkada modukoa izan zen.

New Yorkera joan nintzenerako bai, baina hemengo lana ez. Ordurako Azkaraten dena neukan grabatuta.

Lera-zakurren kantarekin abiatzen da diskoa, galdera asko dauzkan kanta da, bai zuk kantetan, bai Sarrionandiak bai zuk ohi dituzuen galdera asko daude, gero “Ibaizabal”, Durangori buruz, Hiriak singlea, goranzko bide moduko bat darama, geroz eta jantziago doaz kantak bere biluzian, eta amaiera oso biluzia eta era berean indartsua da.

Horrelako disko batean, hain gertu eta gauzak mahai gainean daudenean ez da hain nabarmena gauzak nola sailkatu.

Zalantzak izan dituzu ?

Bai, beti izan ditut. Ez zaitut gustatzen nik egitea horrelakorik. Eta bai, batzuetan ni bakar-bakarrik nago eta beste zenbaitzuetan badaude horrelako ukitu batzuk. Nik argazkia ikusten dut eta hala da, uste dut badagoela osotasun bat, badagoela hari bat hor nonbaiten, eta niretzat esperientzia bat izan da horrela egitea, eta asko ikasi dut.

Hari horrekin, kanta bakoitzak bere ñabardura du, “Ez da itzuliko”n perkusioa adibidez.

Bai, tinbrikoki oso ezberdina da, oso anitza da.

Eta azken kantan ahotsa bera.

Baina denetan dago ahotsa oso presente. Nik uste dut hau dela egin dudan luzeena, gertuena, ahalik eta tresneria gutxien nigandik eta entzulearen artean, alde horretan oso garbia da.

Lurrak eta hezurrak-ek badauka Ameriketako indiarren ikuspegi hori, hainbeste errepiderekin hemen ahaztuxe daukaguna. "Gero eta gutxiago gara ginenak”… belaunaldiaren kontua dator.

Iruditzen zait aski kanta dramatikotzat har daitekeela, baina badu lehen aipatu duzun oihartzun hori beste kulturetan, desagertutako kulturetan entzun ohi diren kantu molde horiek. Bada gai zentrala euskaldun askorentzat.

Atzera begiratzen duzu? Badira urte batzuk, disko asko, “bagaituk nor” pentsatzeko moduan

Bai, hori ere egoten da, edozeinek ikusten du hori bere eginkizunean eta nik ere bai. Baina gauza bitxia da, nik sentitzen dut oraindik gauza asko ditudala ikasteko. Esaterako Hiru Truku osatzeko ideiatik gero hiru disko horietara dagoen tartea, zenbat kontzertu dagoen. Horrek guztiak babestu egiten zaitu, ibilbide batek, gehitxoago bizi izan dugu eta horrek asko balio du. Ni beti ari naiz pentsatzen hurrengo gauzekin, disko bat ni bezalako musikarientzat da zuzenean aritzeko aitzakia da askotan, beste molde batean. Nik beti gogoetan dihardut, nola egin zuzenekoak-eta.

Baina aspaldion asko zabiltza.

Asko ibili gara, bai, orain dela urtebete arte Hiru Trukurekin ibili ginen negu batez jo eta su, eta gero taldearekin etengabe, beste zenbaitzuetan kontzertu akustikoak egin ditut kontrabaxuarekin, eta abenduan hastekoa naiz horrekin, bakarrik tarte batean.

Beraz, hasierako urteetan egondako beste zalantzak uxatuta daude? Oso zentratuta zabiltza, bai kontzertuetan bai sormenean.

Bai, nire zalantzak uneotan beste batzuk dira, ez dira sasoi errazak musikarientzat, eta ni ez nago lehengo sasoi horretan.

Jon Pirisekin ibiliko zara aurrerantzean kontrabaxuarekin. Zer izango da?

Disko honen ardatzean, abenduaren erdialdean hasiko gara lurralde guztietan, aretoak gehiago zainduta. Aurkezpenak izango dira, eta bistan da, beste kantu batzuk ere bai. Egin izan ditudan emanaldietan oso gustura aritu naiz, sentitzen dut polita izango dela.

Badakizu gaztetxo publikoarena baino kultu kantaria zarena. Entzule leiala daukazu, asko jarraitzen dizuna.

Bai, jakitun naiz. Halaxe da, askotan entzungo zenidan, ez dut inoiz faltan izan, nahiz kopuruak aldatzen diren. Beharrezkoa da, denok behar dugu jende hori, eta nik gogoan edukitzen dut gauzak egiteko orduan. Kostatu zait hori ere ikastea, batzutan jakintzat ematen duzu edo iruditzen zaizu ez dela elegantea horrelako pentsakizunetan ibiltzea. Beste sasoi batekoak gara, behar duzu denbora bat konturatzeko lehendabizikoz entzuten dizunak beti gauza berria entzungo duela, baina betidanik zure gauzekin laketu denak behar du zerbait berezia. Niri ondo etortzen zait horrelako gauzetan pentsatzea noizean behin.

Ez dakit horrek baduen eraginik sortzerakoan.

Nik uste dut nekez egingo duzula aurrera zeure gauza egin gabe. Egin dezakezu merkatu bat dagoen mundu batean, talentu handiz diseinatu ditzakezu proiektuak, baina gure arloan balio duen bakarra norberaren gauzak dira. Gero, bide askoren konfluentziarekin, suerte apur batekin, besterik ez baituzu alde, ez dago babes lekurik, norberak ganbaran gauzak gordez gero, eta zentzuekin jokatuz gero artistikoki, denborarekin baduzu abagunea hori gauza dadin.

Elkarrekin dakarzu lan hau, aurrekoak Metaken eskutik etorri ziren.

Libertate handia izan dut lana egiteko. Ez naiz horretaz mintzatu lagunekin eta, aski traumatikoa izan da berriz hartzea bidea. Gertatu zenean ez nintzen hainbeste jabetu, zeren eta bagenuen bide asko egina, hainbat etxetan diskoa, Madrilen-eta, banituen beste lauzpabost Metaken. Eta bai, harreman pertsonalak aldatu behar dira, baina hemen askatasun handia izan dut.

Hitzetara itzulita, zer gaineratu? Gelditu dira kanpoan batzuk?

Landutakorik ez. Bai zirriborro batzuk, beti bezala, baina iruditu zitzaidan hor zegoela behar nuena.

Izenburuan bertan doa kartografia, atlas itxura dauka diskoa.

Galdera izango litzateke ote den atlas geografikoa ala nonbait barreneko geografiaren batena. Nik behintzat esango nuke norabide horretatik ezarri niola Memoriaren mapan, nahiz Hondartza Galduan kantan agertzen den zerbait den. Esaten dute gizakiaren lehen borroka hori dela, non dagoen, lekuaz jabetzea, umearen ingurune hori, eta gutariko askorentzako horrela da bizi guztian. Bai formalki, bai ideologikoki, bai fisikoki.

Non gauden etengabe galdetu beharra, beti euskaldun agertu beharra.

Aspaldiko ideia da, Liliput. Bada Sarrionandiaren atal bat gutxi aipatzen duguna, bere umorea eta maitasunaren eta sexuaren inguruko testuak. Lehengoan bere hiru libururen berrargitalpenean egon nintzen, eta Bernardo Atxagak esaten zuen hori. Disko honetan ere badago bere parte hori. Sarriren konpromiso handiena niretzat bere berbeta da, badu zehaztasun oso berezi bat hizkuntza erabiltzean betitik. Eta hori kanturako oso baliagarria da, ez dakit hor ote den hainbeste jendek erabiltzearen arrazoia, baina litekeena da, badirudi zenbait testu ikusi egiten dituzula entzutearekin batera, eta niretzat hori dohain handia da. Hori guztia nire harreman pertsonalaz aparte.

Aipatu duzu Galtzetan gordetzeko koblak, koplak direla eta beraz kanturako sortuak, egituraz eta.

Baina oso egitura berezia, Etxepareren neurri zaharra.

Kasu honetan ere badago behin edo behin kopla antzeko egitura, baina ia beti egitura librea dauka. Hori kanturako zailtasuna ala askatasuna da?

Nik uste dut gure eztabaiden artean beti dagoela hori presente, errimarena eta. Errima lotsa ematen dien errekurtsoa da oraindik gure belaunaldiko idazleei, baina kantuan errima badabil. Badaude gauza oso libreak eta beste batzuk beste era batera eginak. Niretzat estilistikoki oso kantu ezberdinak dira euren artean. Badira poema izateko sortuak, baina nik nire alorrera ekarriak, badira kantu izateko sortuak, eta ezertako sortuak ez direnak ere bai.

Kantak beste hedapen bat erdiesteko bide direla esan izan dute poeta batzuek.

Ez, nik ez dut inongo asmorik, bera aski adierazkorra da bere idatzien bidez. Berak badu abantaila bat, ez da jabetzen bere alde mitikoaz, ez dauka inongo eraginik bere eginkizunean eta hori ere ezagun da. Nolabait ere idazle-gorputz txiki horretako tirabirek eta tokia hartzeko borrokek ez dute ukitzen, horrek asko balio du eta ezagun da bere obran.

Sarrionandiaren hitzekin orain, bestelakoan zer irakurri ohi du Ruper Ordorika?

Denetik irakurtzen dut, ez ardatz bati jarraiki, ez bada disko bat daukadanean esku artean, orduan irakurtzen ditut zenbait gauza. Eta horiek, ez besterik. Momentu honetan nire irudipena da euskaraz irakurtzen dudan gauza gehienetan badagoela uniformizazio handiagoa, hizkuntza bat, badago estandarizazio bat, mendetan euskaldunek jarraitu dutena beharbada, baina ondorio ez hain positiboak ere baditu. Badago halako berdintasun bat, hizkera aldetik eta abar. Eta bestetik iruditzen zait fikzioan ez ote den falta bizipenik, eskertuko nuke eskarmentu handiagoko lekutik mintzatzea idazleak, askotan erretorikarako joera handia dagoela iruditzen zait. Eta ikusten dudanean idazle batek edaten duela beste iturri batzuetatik laketzen naiz. Badu loturarik hizkuntzarekin berarekin, aitortu behar dut. Baina oro har orain daukadan sentsazioa hori da, ugaltzen ari da erdiko maila, musikan bezalatsu, asko igo da, baina gutxiagotan entzuten dira ahots ezberdinak. Horrek badu alde positiboa: lortzen ari gara estandarra.

Eta musikan?

Esango nuke ez gabiltzala aparte, badago horrelakorik. Baina oinarrizko maila asko igo da urte hauetan, izugarri.

Ia hogeita hamar urte lanean eta Pott-eko lagunen soka luzea da.

Horrela etorri da gauza, ez zait iruditzen inoren ahalegina denik, afinitate selektiboak edo kointzidentzia. Aipatzen ditugu izen horiek baina jende asko dago lagun dudana, eta lehen nola entzuleagatik galdetzen zenidan, iruditzen zait oinarrizkoa dela. Beharrezkoa den heinean ezin da sortu berez, norberak bilatu behar du nahi izanez gero eta behartu ere bai, hor badago, nahiz ez ikusi aspaldi... horregatik esan dizut ospakizunarena. Oso urrutikoak izan arren, disko honek ospatzen du bere berbak eta nigan lortzen duen oihartzuna. Kantuaren gauza galduak kantatu nuen azken diskoak, eta hor ere oso gauza zehatzak esaten ditu jendeari eta gure sasoiari buruz. Niretzako disko hau pausu bat da horretan.

Oraintsu Emine Sevgi idazleak ziostan Istanbulera zihoanean bere garaikideak jende gaztearen aurpegietan bilatzen zituela, duela berrogei urte alde egin arren. Horrelako zerbait pasa dakioke kanpoan dagoenari?

Iruditzen zait toki horren bila denok gabiltzala. Erbestetik mintzo denak ere, beharbada bere berbak mintzatu zaizkigu zehazki, guk entzun nahi ditugun gauzak ulertuko ditugu, zergatik? Beharbada barrenean badaukagulako guk ere erbeste hori, bestelako bihotz bat, ez direlako betetzen ametsak, ez direlako maitasunak osatzen, badirelako gai batzuk oinarrian daudenak. Idazle handiak egiten ditu gai horiek ukitu, eta nonahikoa den arren, gure hizkuntzan mintzo bada, eta mintzo bada edertasunez eta jakituriaz, mintzo da zuk nahi zenukeen bezala. Horrelako zerbait dago, ez dut esaten belaunaldi zentzu horretan. Baina badago ospakizun bat, Etxeparek esaten zuen bezala, benedika fortuna, hala enkontru hona! Halako batean elkartu eta hona etorri gara.

No comments: