Showing posts with label kazetaritza. Show all posts
Showing posts with label kazetaritza. Show all posts

2013-11-15

Idazle Espetxeratuaren Egunean

PEN Internationalek 32. aldiz antolatu du gaurko egunez Idazle Espetxeratuaren Nazioarteko Eguna. Salaketarekin batera, adierazpen askatasunaren alde borrokan ari diren lagun guztien ausardia ospatu gura dugun data azaroaren 15a. Tamalez, Euskal Herrian berriz ere eraso berri batekin datorkigu data. Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunearen itxiera agintzea onartezina den neurria da Estatu demokratiko batean. Ahots garrantzitsu bat isilarazi nahi dute. Askorentzat oso deserosoa den ahotsa, bai; horrexek berak ematen dio balioa bere lanari. Erakundeen aldeko gehiegikeria batean baino gehiagotan, Ateak Ireki izan da haren berri eman duen lehena. Gaur herritarrak babesgabeago gaude.

Nazioartera etorrita, bost kasutan jarri du arreta PEN Internationalek, urte osoan zehar gertatu diren urraketa guztien adierazle, eta gainontzeko idazle zein kazetari guztiak gogoan. 2013 urte berezia izan da, adierazpen askatasunaren aurkako errepresioak bide berria aurkitu baitu. Nolabait kontrol digital masiboen berri azaleratu den urtea izan da. Gure komunikazioak zelatatzea aspaldi susmatu eta bizi arren (Euskal Herrian bereziki), kontrol horren neurriaren berri ari gara izaten hilotan. PEN Internationalek Askatasun Digitalaren Kanpaina abiarazi du aurten. Gura duenak, bai PEN Internationalen orrialdean bai Euskal PENenean, irakurgai du Askatasun Digitalari buruzko manifestua. Honakoak dira aurten nabarmendutako lagunak:

1.- Liberiako Rodney Sieh FrontPage Africa Interneteko egunkariko zuzendaria da. Ministro bati buruzko erreportaje batengatik egon da preso. Osasunez gaixo, 30 egunez etxeratzeko aukera eman diote, baina baliteke berriz ere espetxeratzea.

2.- Tibeteko Kuchok Tsephel Gopey Tsang. Tibeterazko kultura eta literatura sustatzen dituen Chomei webguneko editorea da. 2009ko otsailetik preso, hamabost urteko espetxe zigorra dauka «estatuko sekretuak argitara emateagatik».

3.- Hondurasko Dina Meza. COFADEHn (Hondurasko atxilotu eta desagertuen senideen batzordea) egiten duen lanagatik, hainbat mehatxu jaso ditu telefonotik, bai ahotsez bai sms bidez.

4.- Turkiako Fazil Say. Idazle eta musikaria, 2013ko irailean hamar hileko espetxe zigorra hartu zuen «biztanleriaren zati baten balio erlijiosoei publikoki irain egiteagatik», Twitterreko txio eta bertxioengatik.

5.- Irango Zahra Rahnavard. Akademiko eta idazlea. 2011ko otsailetik senarrarekin batera (Mir Hossein Mousavi, 2009ko presidentetzarako hautagaia) dago etxeko espetxeratze ez-ofizialean, Egipto eta Tunisiako herritarren aldeko protestetara dei egin zuelako sare sozialetan.

Ezin ahaztu Euskal PENeko Ohorezko kide diren Adnan Hassanpur eta Hiwa Butimar Irango kazetari kurduak heriotzaren korridorean egon zirela luzaroan. Butimar libre gelditu da aurten, baina oraindik ere arriskuan dela jakinarazi digu. Nazioartean egin genuen kanpainak lortu zuen Hassanpurri ere heriotza-zigorra kentzea, baina preso dago oraindik.

Euskal kazetariak ere beste PEN zentro batzuen ohorezko kide izan dira, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran esaterako. Tamalez, beti ez dugu oihartzun bera lortu. Aurten Egin egunkariko kazetari eta langileen aurkako errepresioa salatu du berriz ere Islandian egindako kongresuan. Ebazpena ere onartu dugu aho batez. Baina sei urte betetzear dira espetxean Egin-eko lagunak. Badaukagu poza, Teresa Toda Egin-eko zuzendari ohia datozen egunetan libre geratuko da eta. Baina egoera guztiz bidegabe batean sei urtez preso egon ondoren, zer eta, kazetaritza egiteagatik. Eta are okerrago, Jabier Salutregi eta beste langileak giltzapean geldituko dira.

Euskal gatazkak adierazpen askatasunaren aurkako eraso larriak izan ditu hainbat hamarkadatan. Hildako kazetariak, atentatuak, hedabideen itxierak, boikotak, kazetarien aurkako jazarpenak... atzean utzi dugun orri beltza izatea nahiko genuke, adierazpen librea gailenduko den sasoi berri baten abiapuntu. Badakigu horretarako gizarte kritiko eta jantzia daukagula, hedabide independenteak bultzatzen dituena. Hitza askatasunez hartuko duena, esatekoa gustuko dugunean eta, batez ere, gustuko ez ditugunak ere entzuteko.

Idazle Espetxeratuaren Egunean nabarmentzen diren ia kasu guztiak Europaz kanpokoak dira. Horregatik, aski zaila izan ohi da Euskal PENen jarrera. Nahiko genuke elkartasuna ematen duen europar elkarte arrunta izan, etxeko kasuak fiskalizatzen baina adierazpen askatasuna bermatuta dagoen herrialde batean bizita. Urrian Londresen bildu ginen PEN Internationaleko arduradunekin gure lanaren berri emateko. Orain, tamalez, Euskal Herriak arreta behar du berriz ere, adierazpen askatasuna urratzeagatik.

Amaitzeko, agur berezia mundu osoan preso edo jazarriak diren idazle eta kazetariei, hitza erabiltzeagatik errepresioa jasaten duen orori. Beste horrenbeste, gure herrian alde bateko edo besteko jazarpena jasan dutenei, eta animoa, hitza ausart balia dezaten, deserosoa izanda ere. Azkenik, Egin-eko espetxeratuei gure agurra, eta berehala askatzeko galde irmoa.

2013ko Idazle Espetxeratuaren Egunerako idatzitako artikulua
 

2013-11-13

Hizkuntzaren morrontzak, adibide beltz batekin

Hamarkadatako gatazkak higadura nabarmena izan du hizkuntzan. Eta badira absurdurainoko egoerak. Tamalez, egiten denaren erreferentzia, ia beti, gaztelania da. Espainolen hizkuntzak ezartzen du neurria.

Ezker abertzalearen inguruko prentsak "asesinato" hitza ahal bezala saihestu du hamarkada hauetan. Neuk ere gutxi erabiltzen dut, eta egin dudanetan, urruneko errealitateen berri emateko. Batetik, hitzak ageriko karga negatiboa daukalako, eta kazetarion lana, errealitatea ahalik neutroen erakustea da. Baina bigarren motibo bat ere badago: adierazpen askatasunaren neurri murriztaileek, ia derrigortu egin dute Espainian hitz batzuk erabiltzera, eta beste batzuk debekatzera. Eta zenbait hilketari "asesinato" deituz gero, arazo larria izan lezake kazetariak. Poliziak norbait hiltzen badu, esate baterako. Jurista izan barik ere, erraz argudiatuko lukete: "asesinato" berariaz egindako hilketa litzateke, eta Poliziak beti "halabeharrez" egingo luke tiro, edo istripuz, beraz ez da zilegi "asesinato" erabiltzea. Edo agian kazetariok autozentsura lar egin dugu. Baina inork ez du "asesinar" aditzik erabili horrelako kasuetan. Besteetan, beti izan dira "asesinato"ak, "asesino"ak baitziren.

Arazoa da, gaztelaniak heriotzarako dauzkan formek (morir/matar), pixka bat zaildu egiten dutela erabilera ("fue matado" ez da erabiltzen, eta "fue muerto" ere gutxi). Eta "morir"-ek "muerte" sustantiboa badu ere, "matar"ek ez dauka parekorik... edo bai, "muerte" da "matar" sustantiboa ere. Horri, hizkuntza gatazkaren alde batekin lerratzea gehituta, "asesinar" aditza erabat orokortzea ekarri duela. Hau da, ETAk hildakoak "asesinato" izan behar dira ia ezinbestean (GALenak ere bai), kazetariok ere nabari dugun presioaren ondorioz, baina polizien hilketak "muerte" dira. Iritzi sailerako behar lukeen aditza ("asesinar") albisteetan orokortu da.

Ingelesez banaketa agerikoagoa da: "to die" (norbera hiltzea), "to kill" (norbaitek hiltzea, baita norbera hiltzea ere, istripuz, itota edo autoan esaterako. Adiera neutroa, edozelan ere), eta "to murder" (gaztelerazko "asesinar"-en pareko edo gogorrago, hitzari karga emateko). Ohi bezala, ez da banaketa zehatza... hizkuntzen arteko zubiak ez direlako inoiz kalko. Baina desberdintasuna agerikoa da.

Euskarak, paradoxikoki, ez du bereizten aditzean ("hil"), hura jokatzen baizik, NOR forman edo NOR-NORK egin (transitiboan). Baina aditza sustantibatzerakoan, bereizi egiten dira: heriotza edo hilketa. Biak dira hitz neutroak. Bistan da, hilketa batek heriotza dakar.

Zenbat aldiz irakurri dugun "heriotza", "hilketa" behar lukeen lekuan, prentsa abertzalean. Azaldu beharko da, agian: "hilketa" ez da "asesinato". Arazoa gaztelerak dauka, hiltzearen ekintza aktibo eta pasiboa ez dituelako bereizten. Baina euskaraz ez litzateke morrontza hori izan behar.

Euskal gatazkak hizkuntza atrofiatu digu neurri batean. Hitz bat edo beste erabiltzeak, kazetari batzuei, auzitegietara deitzea ekar ziezaiekeen, eta kontuz hautatu behar ziren hitzak, batez ere norbere koherentziari eutsi gura bazitzaion Espainiako legedia ezin zurrunagoa hautsi gabe. Baina horrek euskaran ere ekarri du higadura. Eta badugu hizkuntza askatzen hasteko tenorea, gure territorio librean batez ere.