2014-04-08

Irakurketa moduko bat V. Mapa Soziolinguistikoaz

Lehendabiziko datua: esanguratsua egin zait pesimismo orokortua; datu nabarmenena, titular handietarako beharko lukeena, euskaldunen hazkunde bikaina izanik. Zerbait adierazten digu: 20-30 urtean EH mendebaldea nagusiki euskalduna izango da!

Mapa bat nabarmendu dute hedabide gehienek: azpimarragarriena, eta poz handiena dakarrena, noski, berde kolore hori zelan hedatu den, zelan desagertu den urdina Gipuzkoatik, eta Bizkaian ere galzorian den, Ezkerralde industriala salbuespen. Enkarterrin, bederatzi udalerrik % 20tik gorakoen kolore berdea dute, eta sei urdinarekin daude oraindik. Eta zer esan Arabaz, erabat berdetutako Aiaraldeaz eta Lautadaz? Eskualdeka jarrita, Añana da % 20ra iristen ez den bakarra, baina hamar urtean bikoiztu baino gehiago egin da euskaldun kopurua, % 7tik 16ra.

Datuon ifrentzua, % 80tik gorako kolore gorria zelan desagertu den hainbat herritatik, Bilbotik hurbilen direnetan bereziki. Hirigintza eta Hizkuntzari buruzko eztabaida ezinbestekoa da kasu horietan. Zalantzarik ez, Bilboko hurbiltasunak eta urbanizazio berriek ekarri dute euskaldun kopuruak behera egitea Uribe-Butroeko (Mungialdeko) herri horietan. Baina ezin ahaztu, bestela ere, oso erdaldundutako (Plentzia, e.a.) herrietatik hurbil egoteak etorkizun iluna zekarkiela guztiz euskaldun iraun zuten herri horiei.

Makroan ikusita beraz, oso mapa itxaropentsua da, baina arnasguneen kezka ere hor dago. Behin baino gehiagotan esan dut, euskarari sendo eta bizi eusteagatik herri euskaldunei aitortza egiten diegun legez, Arabako udalerri horiei ere laster omenaldia egin beharko diegula. Horien artean dago “berreuskaldundutako lehen udalerri” izendatuko duguna; ez dakit noiz izango den, hamar edo hogei urte barru, eta zein irizpideren arabera, baina denbora-kontua da. Ez du arnasguneetako soslaia izango, erdaraz euskaraz baino hobeto dakiten herritar euskaldunak izango dira, baina berreuskaldundutako herria izango da. Eta merezi dugu geure buruari aitortza hori egitea. Munduan non berreskuratu dute galduta zeukaten hizkuntza, hizkuntza hegemoniko berri eta handiaren aurrean? Hau da, zein herritan gertatu da hizkuntza-ordezkapena burututa zeuden eskualdeetan (Arabako Lautada, esaterako), desagertutako hizkuntza hori berriz ere nagusitzea? Irlandan ezin izan dute, Finlandian diglosia egoerari buelta eman zioten eta finlandiera normaldu, baina hizkuntza hori zen finlandiarrek zerabiltena, eta Israel ezin azaldu Holokaustoa eta hainbat hizkuntzatako herritarrak estatu berean batu zirela ulertu barik. Gure eskualde erdaldunduetan ez zegoen/dago komunikazio-arazorik, euskara galdu zen baina espainolez mintzo dira/ziren herritarrak. Eta nolabait, miraria gertatzen ari da, herritarren euren borondatez: baditugu % 30era hurbiltzen diren herriak.

ERABILERAZ


Kezka ekarri duen datua etxeko erabileran dagoen jaitsiera da. Horri ekiteko, erabileraren diskurtsoa agerian utzi behar dela uste dut. Oso lurralde txikiaz baina aski errealitate ezberdinez ari gara. Horregatik, errezeloz begiratu diot beti euskararen erabileraren diskurtsoari, administrazioaren ardura euskaldunongan jartzen duelakoan: “hara, guk euskaldundu dugu herri hau, baina zuek abandonatu duzue eta ez duzue erabiltzen”. Nerabetan, institutuan hasi berritan, Atxagari bezala hautsi zitzaidan anfora: bilbotarra izan baina euskara hutsez bizi izan nintzen ordura arte, ikastolako umeekin euskaraz genbiltzan egunero -eta hala egiten dugu 25 urte igarota-, eta institutuan hasi eta ikaskideak erdaraz barra-barra entzutea oso mingarria zitzaidan. Gerora hobeto ulertu dut, baina arantza hori luzaroan izan dut. Kontua da, baina, sasoi hartan bertan udak oso herri euskaldun batean eman ohi nituela, eta han ere, ez denak zorionez, baina nerabe taldetxo bat txitean-pitean espainolera igarotzen hasi nuen. Hark, mina baino, ia barrea eragiten zidan. Erridikulua iruditzen zitzaidan euskaraz hain ondo, eta espainolez sarritan hain baldar moldatzen zen jende haren grina espainolez berba 

5.000 eta 25.000 biztanle arteko Bizkaiko eta Gipuzkoako herri euskaldun mordo bateko kezka da, eta susmoa dut erabilera aipatzean horri buruz ari direla asko. Gertatzen da, baina, herri abertzale euskaldunak direla horiek guztiak, udaletan euskarari arreta handia eman ohi zaiona, eta konplexu eta arlotekeria zaharkitu batek oraindik ere espainolera aldarazten diela jende batzuei. Euskara gauza atzeratua eta espainola mundu modernoarekin lotze hori, barkatu baina oso kasposoa da gaur egun. Eta hala nabarmendu beharko genuke.

Oso bestelako errealitatea da periferia erdaldunduetan bizi duguna. Gutxiengo oso txikia gara etxetik euskara jaso eta gure ingurua erabat edo ia erabat euskalduna dugunak; irudia oso egokia izan ez arren, nukleo oso euskaldundu txiki bat litzateke, eta hortik aurrera, zirkulu kontzentrikoak zabal litezke, euskararekiko harremanari buruz. Bigarren zirkulu bat osa lezakete euskaraz eta espainolez berdin-antzera elebidun direnak, hirugarren batean ustez berdin izan arren, ama euskalduna izan dutelako esaterako, espainola nagusitu dena, eta hortik aurrera, eskolak euskaldundutako herritarren profil ugariak: etxe erdaldun baina abertzale/euskaltzale izan duenak euskal kulturan murgilduta haziko zen neurri batean, eta azken muturrean, azken zirkuluan, ikastetxean euskaraz ikasi bai baina beste inolako harremanik izan ez duena euskaraz: euskaltzaletasunik ez, euskarazko jai edo kultur ekitaldirik ia ez, eta espainolezko munduan erabat murgilduta. Ikastoletan ikasitako jende bati euskara ia ahazteraino herdoildu zaiola onartu beharko dugu. Umearen bila goazenean ikusten dugu, ikastolako ikasle ohi den guraso batek baino gehiagok, espainolez egiten diola umeari... eta hala ez den askotan, jendaurrean umeari euskaraz eginda ere, umeak salatzen du etxeko errealitatea, espainolez egitean gurasoari.

Bigarren errealitate horri erreparatu behar zaiola uste dut. Erabileraren arazoa, lehen multzoko herri euskaldun horietan soilik da zinezko arazo, baina lekuan-lekuan aritu eta zaindu beharreko kontua da, bertako udal eta mankomunitateetako euskara arloetan landu beharrekoa. Ikuspegi makroan, bigarrenari erreparatu behar zaio batez ere, eta hor ezin gara eskolak euskaldundutako belaunaldi horiek euskara gutxi erabiltzen dutela-eta kexatu. Europako beste herri minorizatuen lekuan, betiko galdutako belaunaldiak lirateke. Gurean lortu dugu ezagutza zabaltzea eta unibertsalizatzeko bidean gaude. Ikusi dugu baina, ezagutza, handitu legez, gutxitu eta desagertu ere egin daitekeela. Euskaraz ikasi duen jende bat gaur egun ez da gai bost minutuko solasaldiari eusteko gure hizkuntzan, hainbeste urte da ez duela euskararik egin. Eta beraz, erabilerari zuzenean baino, euskararen prestigioari eta eskolaz kanpoko lekuari erreparatu beharko diogu. Bestea, etorriko da. Baina uste dut ez dela bidezkoa berdintzea herri euskaldunetan arlotekeriaz erdaraz dabiltzanak, eta periferia erdaldunduan euskararako irabazi dugun jende hori. Benetan, 2014an cool izateko espainolez egitea oso kasposoa da. Edozein hiritan erdaraz diharduen euskaldunak aitortuko dizu hori: erraztasunagatik, euskaraz baliabide nahikorik ez duelako egin ohi du hark erdaraz, baina herri euskaldun batekoak hala egitea kutrea da. Autogorrotoaren ideia hori landu behar dugu noizbait.

Espainolez askoz hobeto moldatzen den jende horri erabileran tematzea, eta euskararen gaitzak horiei leporatzea, ez da bide zuzenena. Esanguratsua da, bertso-eskoletako esperientzia: familia euskaldun zein erdaldunetatik etorri, esperientziak dio (Arabatik zenbat dagoen ikasteko!) euskara hutsezko gozamenezko eremu horretan murgiltzen denak, hiztun oso bihurtzen dela, euskaraz aritzeko berariazko motibaziorik landu gabe ere. Bertsoa lantzean, hitzarekin olgetan, ez dago zertan esan: “egin euskaraz”.

Eskubideez ari bagara, argi esan dezagun: elebiduna libre da nahi duen hizkuntzan erabiltzeko, eta ez gara nor zeinetan mintzatu esateko. Elebakarrak ez du hautatzerik. Areago, elebakarrak ez digu euskaraz bizitzen uzten. Erdaraz bizi den euskaldunak bai, bere lagunartean espainola erabilita ere, lasai asko egin dezakegu euskaraz. Bartzelona inguruko udalerri askotan ez da katalan askorik entzuten, baina katalan hiztunek lasai egiten dute katalanez, eta ez hizkuntzen antzekotasunagatik soilik. 

AISIALDIA EUSKALDUNDU

Baina bai, euskal herritarrak euskalduntzea nahi badugu, euskara Euskal Herriko hizkuntza nagusi eta normala izatea nahi dugulako da, nola islandiera Islandian edo esloveniera Eslovenian. Txikia baina normalizatua. Kontua da, ezin dugula mundu guztia bertso-eskolara eroan, eta ez dela zertan bertsozale izan, zorionez, euskaldun bizitzeko. Baina bilatu beharko dugu motibazio hori. Eta ondo egindakoen aldean, oso txarto egiten ditugunak ere nabarmendu beharko ditugu: aisialdian txarto gabiltza oso. Konparaziora: ikastolek lortu zuten euskarari eustea, familia abertzaleetan euskaldunek euskaraz ikastea eta abertzale erdaldunen seme-alabak euskalduntzea. Hori gabe ezin ulertu gaurko errealitatea. Baina ikastolak ere badiren Nafarroara begiratuta, aldea agerikoa da: D eredua orokortu eta espainolezko eskolak euskalduntzetik etorri da euskaldunen kopurua emendatzea.

Aisialdira etorrita, oraindik “ikastolen” fasean gaude, euskarazko ekimenak sortzen, baina ez egon dauden ekimenak euskaratzen. Ziur aski beharrezko urratsa izango da, baina euskarazko bizimodua egiteko, euskarazko ekimenak egoteaz gain ezinbesteko da erdarazkoen lekua hartzea. Kiroldegietan euskarazko hiruzpalau ikastaro sortzea eta espainolezko hogei horiei eustea, kultur-etxeetako hitzaldi, tailer, mahai-inguru eta abarrak nagusiki espainolez izatea, ume, gazte zein helduentzat, oztopo objektiboa da euskararentzat. Horietako gehienak gure erakundeetatik, diru publikoz egindako ekimenak dira. Udako ikastaroen berri eman dute gaur:

Umeen kasuan euskarazkoak izan daitezen egiten dugu ahalegina, tarteka gutxienez, baina helduaroan administrazioa euskalduna izatea baino ez dugu eskatzen. Eta euskarazko ekimenak egitea, gehien jota, ez ekimenak euskaraz izatea.

ETXEKO ERABILERA ETA TELEBISTA

Aisialdia esan eta etxetik kanpokoa datorkigu burura. Eta datuek diote, etxeko euskararen erabilerak egin duela behera. Bi datu: eguneko lau orduz ikusten da telebista EH mendebaldeko erkidegoan. Hitz egin nuen horretaz beste post honetan. Egunotan Xabier Landabidearen tesi ezin interesgarriagoaren berri ere badugu, telebista ohiturei buruz (hemen Euskadi Irratiko elkarrizketa). Eta argi diosku zer ikusten duten gazteek, zeinen beharrezko den sozializaziorako, zelan ezagutu behar dituzten telesaio batzuk, koadrilan egoteko, eta abar. Eta horiek guztiak, ia denak espainolez egiten dira. Ez erdaraz soilik, baita euskara ordezkatzen duen erdaraz ere. Arnasgunean zein periferian, euskararen supazter horretan ere, lau ordu egunean telebista aurrean. Kendu loa, kendu lan/ikas-orduak, bidean emandako ordua, otorduetako denbora, eta geratzen den ia denbora guztia da. Zati handi bat bai, behintzat. Telebistari emanak. Espainolezko telebistari emanak ia osoki. Eskolan euskalduntzen duguna, etxean lau orduko kolonizazio espainol etengabean hondatzen dugu.

LTDak kanalez bete zizkigun telebista-aparailuak. Euskara gure telebistan % 30 izatetik, 7-8 kanal izatera igaro zen, eta LTDak dozenaka kanal erdaldunen artean euskarazko kanal ertain-handi bat eta bizpahiru txiki utzi dizkigu. Mundu osoan arrakasta duten fikziozko telesailak ezin ditugu herri normaletan legez ikusi, baina ez zaizkigu ezezagun horratik: espainierari esker, munduarekin lotuta gaude. Mundua euskaratzeko apustua egin ezean, Jon Sarasuak esan bezala, botilak zuloa izango du, erdi bete zein erdi hutsik ikusi. LTDk ekarri dituen kanal ugariak, telezaborretik kanal espezializatuetara, MTVtik Discovery Channelera, halaxe ikusten dituzten Europako herri ertain-txiki guztietan: Greziatik Norvegiara, ingelesez emititu eta azpidatzita jasotzen dituzte. Guk, espainolera bikoiztuta. Azpidatzien beharraz nahikoa idatzi genuen hemen, gura izanez gero sakontzeko.

Post horretan azpidatzien argudioa indartzeko, euskaldunen errealitate berria ere aipatzen dugu. Etxeko erabileran dagoen puntu biko erabilera ulertzeko giltzarrietako bat etxe mistoetan aurki dezakegulakoan nago, EHUko NorTaldekoen grafikoak lagunduta. 1991tik 2006ra doa (aldiz, Mapa Soziolinguistikoa 2011raino). Zer dioskute datu horiek:

1991n euskaldunen % 63, edo 323 mila lagun beste euskaldun batzuekin bizi ziren, eta % 37 erdaldunekin batera (188 mila). 2006rako, % 40 baizik ez dira etxean euskaldunak baizik ez dituztenak, eta hamar euskaldunetatik sei erdaldunekin batera bizi da. Normalizaziorako ezinbesteko egoera, arriskua eta erronka dakartzan errealitatea da. Datu absolutuetara jotzen badugu, 304 mila euskaldun bizi dira etxe mistoetan, erdaldunekin batera. Aldiz, erdaldunekin bizi ez direnak -etxeko denak euskaldunak direnak- 306 mila dira. Hau da, % 5,26 inguruko jaitsiera (2006ra, gogoan hartu). Biztanleriaren igoera aintzat hartuz gero, etxeko erabileraren jaitsiera berez legokiokeena baino txikiagoa dela esango nuke.

Ondorioa: euskaldunak, ahal duenean, euskaraz egiten du. Baldintza berdinetan, euskararen alde egiten du. Etxe mistoetan, eskuarki, guraso erdaldunak eta ume euskaldunak daudenean, baita gurasoetako bat euskalduna denean ere -aita denean batez ere- espainiera da jaun eta jabe, zelan komunikatu dira bada, osterantzean?

Etxeetan, telebista ikustea da gehien egiten den ariketa. Lau ordu, espainolaren uretan txipli-txapla, garai bateko supazterraren lekuan. Esan genuen: “ezin dugu bizilagun guztiak euskaldunak dituzten etxe horietarako soilik telebista egiten jarraitu. Hobeto esanda, ziur aski horri eutsi beharko zaio, baina pentsatu beharko dugu euskarak irabazi dituen hiztun berri horiek, gaur egun EAEko euskaldunen % 60 diren horiek, zelan mantenduko dituen euskaldun. Etxeko mistoetako euskaldun horien tipologia erraz asmatu baitaiteke: gazteak, guraso erdaldunak, espainolez askoz hobeto moldatzen dira, eta euskara eskolarako dute nagusiki (edo soilik). Ez dute arazorik euskarazko film edo telesaio bat ikusteko, baina ohitura eta pizgarririk ere ez: gurasoek telebista espainolez ikusi dute beti, etxeko hizkuntza espainola da, eta ez dago bien arteko zubi-lana egiteko modurik oraingoz”.

Azpidatziak espainolez, azpidatziak euskaraz eta azpidatzi bikoitzen aukera aipatzen genuen orduko hartan. Euskarazkoa indartzea, eta espainolezkoa zelan mugatu ere aztertu behar da. Frantziak ingelesaren eragina mugatu behar duela uste badu, zelan ez dugu euskararentzako gutxieneko babes-neurririk hartuko?

Euskaldunak, (gutxienez) elebiduna izan arren, euskararen alde egin ohi du aukera daukanean. Gaur, gehiegitan, ez du horrelako aukerarik. Euskarazko aisialdia bai, antolatzen da, baina aisialdia, adjektibo barik, erdaraz da. Telebistak, zinemak, ikusentzunezkoek oro har geroz eta leku handiagoa daukate gure bizitzan, Europa eleanitza etorkizun baino errealitatea da, hainbat hizkuntza nahasten dira gure kultur-kontsumoan, aisialdian; baina Espainiara - eta Hego Euskal Herrira berdin - espainolaren galbahetik datoz. Eta ia inor ez da horretaz arduratzen ari. Egiten ditugu euskarazko eskakizunak lanpostuetan, batzuek besteek baino gehiago, arduradun instituzionalek geroz eta euskara gehiago darabilte -batzuek besteek baino gehiago, berriz ere-, baina zoaz edozein herritako kultur agendetara, euskaldunena eta independentistena izan arren, eta hilero hilero izango dituzu dozena erdi nazioarteko ekitaldi, beti bezala espainolaren bidetik aurkeztuta. Estatuaren esku hartzerik gabe, geure erakundeetatik antolatzen ditugu ekitaldiak, sustatzen dugu espainola, eta itxuraz, ez da inorentzat kontraesana espainolaren makuluarekin ibili beharra. Euskaraz dugu euskaldunon kultur ekoizpena, eta munduko gainontzeko ia guztia espainolez. Espainolez Vila-Matas eta espainolez Kureishi edo Berger edo Pamuk edo Müller. Euskara etxerako eta mundua espainolez. Eta egunero 234 minutu zure, nire eta haren etxean telebista piztuta. Denak euskaldunak diren etxeetan, ehuneko 7-10 ei da euskarazko telebistaren jarraipena. Etxe mistoetan, egin kontu. Goizean ikasitakoa, arrastian hondatu. 
Eta guretik egiten dugunean ere, espainola sustatzen dugu eta euskaldunak baztertzen udalerri independentistetan. Hurrengo post-erako, gure miseriatxoak.

2 comments:

Anonymous said...

Lan ederra hartu duzu! Nik kontu pare bat: nire kezka 2011ko datuak, 2014an jakin dugulako. Hizkuntza Politikako Sailordetzak ezin al du ba lehenago atera? Bi. Iruditzen zait beti oso antzeko konklusioetara iristen direla, 15-20 urte daramatxatela errosario berbera errezatzen (erabilera da gakoa): eta bitartean, batzordeak eta txostenak egin beste lanik egiten ez dakitela...Eta, bukatzeko,fikziozko normaliazioa gauzatzen ari dela euskararekin, 30 urte pasa eta gero, oraindik ere umeen eskola, aisialdi, etab.ei begira dagoena bakar-bakarrik, eta helduen bizimoduarti eragiten dioten esparru inportanteenak nahikoa utzita dituena (lana, komunikabide fundamentuzkoak...) Normalizaio sinboliko eta irreal samarra iruditzen zait euskararena...bizitzaren/hizkuntzaren esparru inportanteeni ekiten ez diena...30 urte pasa eta gero. Horregatik harritzen ez, etxean gutxiago erabiltzen dela esaten denean...oro har, normalizazio-mota axalekoa egiten ari delako...30 urte eta gero

Anonymous said...

Esaten dituzunetan, ados. Gauza bat azpimarratu nahi nuke nire aldetik, helduen munduari lotuta, neu ere talde horretakoa bainaiz. Susmoa dut helduok errazegi jokatu nahi dugula, politikariek bezala: euskaldundu ditzagun umeak, funtzionarioak, berba batean, besteak. Baina gu geurean, erdararen altzoan. Izan dut neure esperientziatxoa herri itxura batean euskaldun izan daitekeen holako bateko ikastola batean (ondo idatzi dut, ikastola batean). Gurasoen paperak eta hizkuntz ohiturak duen garrantziaz jabeturik, beste gurasokideei erakutsi, eta askok mendiko larrera joandakotzat jo! Etxea eta kalea euskarak beretzat hartzen ez dituen arte, Jaurlaritzak nahi dituen datuak aterako ditu, baina hor ez dago benetako errekuperaziorik, inguru erdaldunetan eta euskaldunetan ere ez. Garai batean debekuei egozten genien errua, gero komunikabide eta inguru erdaldunari; baina benetan geure buruari begiratu beharko genioke, euskaldun bakoitzarengan baitago euskara desagertzea edo bizirik mantentzea, inguru euskaldunagoan bizitzea, ohiturak aldatzea (norberaren esku daudenak). Gehiago garen neurrian eta ohiturak sendotzen ditugun neurrian eskatu ahal izango dugu gehiago eraginkortasunez. Baina lehenengo zeregina geugan dago.