Showing posts with label ERC. Show all posts
Showing posts with label ERC. Show all posts

2014-03-23

Euskal estatuko hizkuntza

Ukrainan gertatutako istorio guztian badago Euskal Herriarekin lotura kezkagarri bat: eskualde errusieradunak eta ukraineradunak aurrez aurre jartzean, Euskal Herriko hizkuntza-maparen antzeko bat ikusten dut, gurean ere independentismoaren indarra parekoa izan baita. Azalekoa da antzekotasuna, badakit: Errusiak zapaldutako herrietan eskuindarra izan ohi da nazionalismoa, eta mendebaldean ezkertiarra. Badago beste ezberdintasun garrantzitsuago bat: herritartasuna eta naziotasuna argi bereizten dituzte ekialdean, eta hori onerako izan badaiteke ere, bereizketa etnikoa betikotzen du: borondatearen gainetik determinismoa dago, eta demografiak baino ez du aldatzen estatuaren banaketa etnikoa. Jakin dugu Krimeako ehuneko 58 errusiarrak direla eta herena ukrainar eta ehuneko 12 tatariar, elkarrengandik bereizitako konpartimenduak balira legez. Gurean ez gara gutxiengo etnikoez mintzatzen, eta ondorioz —zorionez—, ez dugu bereizten Euskal Herrian zenbat diren espainiarrak eta zenbat... euskaldunak? euskotarrak? Hitzik ere ez daukagu «euskal etnikoa» izendatzeko. «Euskal herritar» asmatu genuen euskaldun eta erdaldunez osatutako herri honetako biztanleentzat, baina ez daukagu bereizketa etniko hori egiteko berbarik. Ezta beharrik ere. Oso garrantzitsua da modu inklusiboan ulertzea gure herria. EH11Kolorek eztabaida beharrezko hori planteatu berri du. Baina gaitik pixka bat urruntzen ari naiz.

Irakurleei galdetuz gero, euskal estatuko hizkuntza ofiziala euskara izango dela esango lukete ziur aski. Ez al dugu urtetan eskatu, bada, euskara Euskal Herri osoan ofiziala izan behar dela? Euskal konstituzioan hitz ederrekin aldarrikatuko da «berezko hizkuntza», «euskal nazioaren zutabea» edo horrelako zerbait. Badakigu horrelako izendapenak eremu sinbolikoan geratzeko arrisku handia dagoela, Irlanda adibide. Sobietar Batasun ohiko estatu gehienetan ere, errusiera da oraindik hizkuntza nagusia, estatuko hizkuntza ofiziala bertakoa izanda ere. Hizkuntzok gaelikoa baino indartsuago daude, baina diglosiari ezin bueltarik eman, independentziatik bi hamarkadara. Hortik nire kezka: espainierak izango du aitortzarik euskal estatuan?

Viktor Janukovitx errusieraren aldeko hizkuntza-legea egitear zela 2012an, hala ziostan Refat Txubarov tatariar buruzagiak Krimean: «Errusierari babesa emateak ukrainera mehatxatzen du. Denok dakigu errusieraz azken batean, eta absurdua da Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna aipatzea, hizkuntza mehatxatuei baitagokie. Errusierak ez dauka inolako mehatxurik».

Katalunian ere bada eztabaida hori. Oriol Junqueras ERCko buruak aspaldi esan zuen espainiera ko-ofiziala izango dela Kataluniako Errepublikan. Berehala egin zioten aurre, horren arriskuaz gaztigatzeko: espainiera legez babestea katalanaren normalizazioaren oztopo izango da, hartarako eskubide legala aldarrikatuko baitute aurkariek. Badago planteamendu interesgarriagorik: Espainia kopiatu barik, Kataluniak ez dezala hizkuntza-ofizialik izan. Aldiz, estatu-hizkuntza katalana izango da, Parlamentutik epaileetara eta Poliziara. Administrazioak hizkuntza horretan lan egingo du. Herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartuko dira halaber, beste hizkuntza batzuk (espainola zein beste edozein) mintzatzen diren lekuetan. Bi mezu, bakarrean: espainierak ez du babesik behar, baina espainiera-hiztun, zaude lasai; herri hau denona da eta beste herritarren pareko eskubideak dituzu. Sezesiorako ezin dituzu herritarrak uxatu. Ez eta engainatu ere.

Euskal Herrirako abiapuntu izan daiteke. Dagoenetik abiatuta, jakinik hainbat udalerritan hamarkadatako bidea dagoela euskalduntzeko, bai; alde batetik administrazioa euskaraz ari dela, eta bestetik herritarrei nahi duten hizkuntzan aritzeko askatasuna emanda.

Kataluniako estatua jaiotzean, automatikoki, bertako biztanle guztiak Kataluniako herritar bihurtuko dira. Hala izango da Euskal estatuan ere, automatikoa eta unibertsala, euskaldun zein erdaldun izan. Hortik aurrera, baina, zehaztu beharko da zelan lortu herritartasuna, gainontzeko estatuek egiten duten legez: katalan nazioa Estatutik harago doanez, edozein valentziar edo mallorcarrek Estatu katalaneko herritartasuna hartu ahal izatea proposatu dute, moldaviar askok errumaniarra daukan legez. Euskal estaturik sortzekotan, Espainiako estatutik bereizita sortuko da, baina bermatu beharko lioke herritartasuna hala nahi lukeen lapurtarrari. Diasporarako ere mekanismoak bideratu beharko dira.

Baina hizkuntzak ekarri nau hona. Euskaraz jakitea eskatuko al zaie euskal herritartasuna nahi duten biztanle berriei? Hala egiten dute estatu askok, Espainiak zein Frantziak esaterako. Baina ez dut uste hizkuntza-azterketarik behar denik. Ez dugu esan administrazioa euskaraz ariko dela? Bada herritar berriei «proba» euskaraz egingo die. Horrek hurrengo puntura garamatza. Antton Lukuk dioenez, «euskalduna zira?» galdetzean ez gara jatorriaz ari, bost axola Gernikan zein Dakarren jaio zaren. Euskal estatuak ezingo lioke herritartasuna ukatu ezein euskalduni. Hau da, euskara jakitea ez da baldintza, bermea da herritartasunerako. Bestela esanda, ez litzateke azterketarik behar euskal herritar izateko; kafe bat, bost minutuko solasaldia euskaraz, aski da euskal errepublikako herritartasuna lortzeko.

Europako herritar bihurtzeko ate nagusia euskara ikastea izanen litzateke, hala. Eta gure leku erdaldunduetan espainolaren hegemonia hautsiko da hura ez dakiten baina beste dozenaka hizkuntza, ohitura eta sineskera darabiltzaten herritar berriekin. Denak ere euskararen zubiak lotuta.

BERRIAn argitaratua

2014-01-05

Kataluniako gutuna

Esanguratsua da zein ezberdin ikusi izan den amaitu berri dugun urtea Euskal Herrian eta Katalunian. Ekonomikoki datuak okerragoak dira Mediterraneoan, baina ilusioa borborka darie, etsipena perspektibaren gainetik ibili ohi den gure herriaren aldean.

Bartzelonan ekin diote atzerako kontaketari. Lehen erronka hamaika egun barru daukate: Espainiako konstituzioaren 150.2 artikulua baliatuta Madrilgo Parlamentuari erreferenduma baimentzea eskatuko diote. Hiru hil inguru joango ei dira hori gertatu eta ezetza jaso arte. Ordurako Europako hauteskundeen zurrunbiloan izango gara. Hor, ziur aski, elkarren aurkako interesak daude Euskal Herrian eta Katalunian. Euskal eta katalan independentisten koalizio batek potentzialitate handia dauka, EH Bildu eta ERC gutxienez barne hartuta —CUPek udaletatik maila nazionalera jauzi egiteko eztabaida asko izan zituen; ez dirudi Europako jokalekuan aritzeko asmorik daukanik orain bertan—. Baina arrisku bat ere bai: eskuin independentistari gailentzea, eta errezeloak eta zalantzak piztea CDC alderdian, hauteskundeak txarto irteten bazaizkie. Independentzia ekintza kolektiboa da, eta garrantzitsua da zalantzatia animatzea, hauspotzea gehien galduko duena —orain boterea daukana, esaterako—. ERC egiten ari den rola urtetan ikertu beharko da: CiUren Gobernuari babesa eta lasaitasuna ematen dio, baina zorrotz fiskalizatu ere bai bide independentistatik ez aldentzeko, geroz eta gehiago izango dituen tentazioei (txin txin, diruaren hotsa) muzin egiteko. Lan horrekin batera, baina, inkesta gehienek ematen dioten nagusitasunari uko egiten diote errepublikanoek. Artur Masek dauka aginte-makila, hari dagokio protagonismoa eta gidaritza. Ziur aski hortxe dago lezio handi eta eskuzabalena. Unean uneko botere kuota eta alderdikeriak baztertzea. Gasteizko Legebiltzarreko eguneroko miserietatik (ze ona IƱaki Iriondo kazetariaren txioa: «Independentistok utziko al diogu esateari EAJk zer egin behar duen eta sortu hori eginarazteko eskakizun soziala, Masi Katalunian bezala?»). Nafarroan aldaketa gauzatzeko ere ERCren lezioak aski baliagarri beharko luke abertzale suhar zein epelentzat: anbizio handieneko programa, alderdikeria txikieneko jarrera.

Kataluniako bidean, beraz, baimena eskatzea dator lehendabizi, alferrik izan arren. Baina horren aurretik egindako urratsa jakin dugu egunotan, eta ohi bezala sutu da Espainiako prentsa: Kataluniako Gobernuak Europako eta mundu osoko hainbat gobernuri bidalitako gutuna. Indartsua da. Artur Masek Angela Merkeli bidali dionak bospasei paragrafo ditu. Bertsio luzeak ez ditu bi folio betetzen (txostengintzan diharduzuenok, zailagoa baina praktikoagoa da orri bat edo biko komunikatu indartsua, bostekoa edo hamarrekoa baino): «Auzia politikoa da argi eta garbi, ez legalitateari buruzkoa (...) borondate politikoa baino ez da behar». Presidentearen agintea higatzeko Espainiatik egondako saiakerak salatzen ditu: «EBko kide izaten jarraitzea EBko estatuen erabaki politikoa izango litzateke». Hurrengo paragrafoan, gogora dakar Europako segurtasun-esparruan hutsune handia sortuko litzatekeela (Europako mapa batean oso argi ikus daiteke hori).

Espainiako erreakzioak, esperotakoak baina esanguratsuak izan dira. Haserre asko (zenbat egunkarik idatzi zuten ostiralean «traizio» hitza?), eta gutxietsi guran gehienak: «Inork ez dio jaramonik egin». Nazioarteak, Europak batez ere, geroz eta garrantzi handiagoa hartuko du, eta tentuz aztertu beharko dira adierazpen eta keinuak. Generalitat-eak dio gobernu batzuek erantzun dutela. Alemaniak, AEBk eta Erresuma Batuak berriz, gutuna jaso dutela esan dute, eta ez dutela ezer gaineratzeko gaiari buruz. Adierazpen labur hori ez da Kataluniako independentziaren aldekoa, baina aurkakoa dela esan ote dezakegu? Hau da, Espainiako Gobernuak nahiko lukeen mezua eman al du Berlinek, Kataluniako bidea hutsala dela eta ez duela independentzia onartuko? Horrelakorik ez dago arean. Espainiak martxan dauka diplomazia Kataluniako sezesioa geldiarazteko, eta «no comment» batzuk baino ez ditu lortu. Estatu onartu bat da Espainia; Katalunia Estatu horretako egitura autonomiko bat baino ez. Gaur gaurkoz, normala da auzia «barne-arazoa» dela esatea. Baina hori ez da Espainiarekiko inolako babesa. Ez dio aterik ixten sezesionismoari. Egin kontu, Kataluniak Espainiako legalitatearekin hautsi eta bere burua estatu aldarrikatzen duenean; talka une horretan, bitartekaritza lan soilak lehen aitortza ekarriko lioke Kataluniari. Eta ezusteko gehiago egongo direlakoan nago.

BERRIAn argitaratua

2013-02-24

Erreferenduma, nola eta noiz

Lehen ahalegina ez zaie oso ondo atera Eskozian: Glasgowko Unibertsitatean egindako galdeketan %62k aurka bozkatu du, eta %38k soilik alde. Hobe esanda, emandako botoei dagokie kopurua, 23.000 ikasletik %13k parte hartu zuen , 3.000 lagunek doi-doi. Baina esperientzia, Kataluniako herri-galdeketetan inspiratuta, baietzaren aldeko Yes plataformak antolatu zuen, independentista gehien biltzen den gazteen adin-multzoan gainera. Nicola Sturgeon lehen ministrordea esaterako, campusean ibili zen bozketa egunean ikasleak konbentzitu nahian. Ondorio positibo bakarra independentistentzat: hain parte-hartze txikiarekin, konbentzitu daitekeen multzo handia dagoela oraindik jokoan. Baina lasterketan atzetik doaz gaur-gaurkoz.

Katalunian egindako herri-galdeketa guztiek oso bestelako emaitza izan dute —egia da unionistek ez dutela ia parte hartu han—. Baita egunotako inkestak ere: galdekatuen %54 independentziaren alde, %20 aurka. Botorik emango ez lukeen %17 gehituz gero, hamarretik bat ageri zaigu zalantzan. Bestela esanda, erreferendumean baietzak 72-28 irabaziko luke datu horien arabera, eta parte hartzea %70aren gainetik ibiliko litzateke.

Veneziako Batzordeak Montenegrori ezarritako bi baldintzak gogora ekartzeko unea da: erdia gehi bat aski ez zela ezarri zioten Podgoricako gobernuari, botoen %55 behar zuen sezesioak, eta zentsuaren erdiak parte hartzea gutxienez. %80k bozkatu zuten. Independentziak, berriz, argi irabazi zion batera jarraitzeari, baina doi-doi gainditu zuen %55eko langa. Kataluniako joerari begiratuta, parte hartzea handitu eta unionismoa hauspotuta ere boto-emaleen %72 ageri zaigu alde. Eta balio demokratikoa ukatzeko boikota jasanda ere, itzela litzateke %54ko parte hartzea (eta kasu horretan, %100etik hurbil leudeke baiezko botoak)

Zailena den zati hori —gizartea aktibatzea eta beharrezko nerbio independentista demokratikoa— bete-betean ari dira lortzen, itxura batean. Ez alderdiek, gizarte zibilak berak lortu du, eta alderdiak behartu, CiU eskuarki, independentziaren urratsean sartzea. Muskulu horri beti eustea ezinezko dela jakitun, behin aktibatuz gero, amaieraraino joan behar da. Horra gurearekiko aldeetako bat: gatazkan katramilatuta, agian ez genuen gantz sozial handirik bilduko, baina era berean ezin inertzia zaharrak utzi gizarte muskulua eratu orain.

Garrantzitsua izanda ere, baina, urratsetako bat da hori. Zelan lortu gutxieneko zilegitasuna izango duen galdeketa bat egitea, Espainiako Gobernuak eta Justiziak berariaz debekatuz gero? Argia-ko zuzendari Xabier Letonari irakurri nion lehendabizi, eta asteon argitu du Oriol Junquerasek: «Ez badago erreferendumik, hauteskundeak egongo dira ziur aski». Espainiako Gobernuarekin negoziatu eta akordiorik lortu ezean, inork onartuko ez duen eta legezko baliorik agian ez leukakeen galdeketaren ordez —Katalunia ez dago garaipen moral soiletarako, materialki independentzia eskueran duela sinetsita—, erreferendumaren planteamendu bera luketen baina juridikoki erabat legezko diren hauteskundeek dirudite bidea. Hau da, ERCk eta CiUk puntu bakarreko programa eramango luketela iradoki du Junquerasek: independentzia.

Kataluniako Biltzar Nazionalak egunotan eskatu du erreferenduma ez dadila izan 2014ko maiatzaren 31 baino geroago. Data hori gaindituta, baina berehala, Europako hauteskundeak datoz 2014ko ekainaren 5etik 8ra (estatuaren arabera). Espainiak ezingo lituzke hauteskundeok baliogabetu horrela. Programan independentzia baino ez daramatenek irabaziz gero, mandatu bakarra leukake parlamentuak: hori eratzeaz bat independentzia aldarrikatzea, Kosovok egin zuen legez.

Negoziatzea onartu eta limurtzeko ahalegin txikiena egin ordez, ukazio du lege Espainiak. Bai gobernuan den Alderdi Popularrak eta bai oposizioko sozialistak. Bizkaiko diputatu eta PSOEko buruzagi historiko Txiki Benegasek handia bota du egunotan: «Nahasketatik inozotasunera noa. Espainia den nazioa bere burua mutilatzeko prest dagoela pentsatzea, bere lurraldearen, historiaren, ekonomiaren, kulturaren zati kutun bati agur etsipenez esanda, inozotasun politiko handia da. Hau adostu eta bakezko aukera dela planteatzea are inozotasun handiagoa da. Nekez uka dakioke Espainiari bere lurralde-batasuna defendatzeko eskubidea».

Oriol Jonquerasek aurretik erantzun dio Bizkaiko diputatuari: «Ez dut ulertzen Espainiaren burugogorkeria, beti nahi du dena ala ezer ez, eta alde handiz irabaztea. Hala galdu zituen Kuba, Portugal, Holanda, eta horrela galduko du Katalunia». BERRIAn argitaratua.