Ukrainan gertatutako istorio guztian badago Euskal Herriarekin lotura
kezkagarri bat: eskualde errusieradunak eta ukraineradunak aurrez aurre
jartzean, Euskal Herriko hizkuntza-maparen antzeko bat ikusten dut,
gurean ere independentismoaren indarra parekoa izan baita. Azalekoa da
antzekotasuna, badakit: Errusiak zapaldutako herrietan eskuindarra izan
ohi da nazionalismoa, eta mendebaldean ezkertiarra. Badago beste
ezberdintasun garrantzitsuago bat: herritartasuna eta naziotasuna argi
bereizten dituzte ekialdean, eta hori onerako izan badaiteke ere,
bereizketa etnikoa betikotzen du: borondatearen gainetik determinismoa
dago, eta demografiak baino ez du aldatzen estatuaren banaketa etnikoa.
Jakin dugu Krimeako ehuneko 58 errusiarrak direla eta herena ukrainar
eta ehuneko 12 tatariar, elkarrengandik bereizitako konpartimenduak
balira legez. Gurean ez gara gutxiengo etnikoez mintzatzen, eta ondorioz
—zorionez—, ez dugu bereizten Euskal Herrian zenbat diren espainiarrak
eta zenbat... euskaldunak? euskotarrak? Hitzik ere ez daukagu «euskal
etnikoa» izendatzeko. «Euskal herritar» asmatu genuen euskaldun eta
erdaldunez osatutako herri honetako biztanleentzat, baina ez daukagu
bereizketa etniko hori egiteko berbarik. Ezta beharrik ere. Oso
garrantzitsua da modu inklusiboan ulertzea gure herria. EH11Kolorek
eztabaida beharrezko hori planteatu berri du. Baina gaitik pixka bat
urruntzen ari naiz.
Irakurleei galdetuz gero, euskal estatuko
hizkuntza ofiziala euskara izango dela esango lukete ziur aski. Ez al
dugu urtetan eskatu, bada, euskara Euskal Herri osoan ofiziala izan
behar dela? Euskal konstituzioan hitz ederrekin aldarrikatuko da
«berezko hizkuntza», «euskal nazioaren zutabea» edo horrelako zerbait.
Badakigu horrelako izendapenak eremu sinbolikoan geratzeko arrisku
handia dagoela, Irlanda adibide. Sobietar Batasun ohiko estatu
gehienetan ere, errusiera da oraindik hizkuntza nagusia, estatuko
hizkuntza ofiziala bertakoa izanda ere. Hizkuntzok gaelikoa baino
indartsuago daude, baina diglosiari ezin bueltarik eman,
independentziatik bi hamarkadara. Hortik nire kezka: espainierak izango
du aitortzarik euskal estatuan?
Viktor Janukovitx errusieraren
aldeko hizkuntza-legea egitear zela 2012an, hala ziostan Refat Txubarov
tatariar buruzagiak Krimean: «Errusierari babesa emateak ukrainera
mehatxatzen du. Denok dakigu errusieraz azken batean, eta absurdua da
Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna aipatzea, hizkuntza mehatxatuei
baitagokie. Errusierak ez dauka inolako mehatxurik».
Katalunian
ere bada eztabaida hori. Oriol Junqueras ERCko buruak aspaldi esan zuen
espainiera ko-ofiziala izango dela Kataluniako Errepublikan. Berehala
egin zioten aurre, horren arriskuaz gaztigatzeko: espainiera legez
babestea katalanaren normalizazioaren oztopo izango da, hartarako
eskubide legala aldarrikatuko baitute aurkariek. Badago
planteamendu interesgarriagorik: Espainia kopiatu barik, Kataluniak ez
dezala hizkuntza-ofizialik izan. Aldiz, estatu-hizkuntza katalana izango
da, Parlamentutik epaileetara eta Poliziara. Administrazioak hizkuntza
horretan lan egingo du. Herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartuko
dira halaber, beste hizkuntza batzuk (espainola zein beste edozein)
mintzatzen diren lekuetan. Bi mezu, bakarrean: espainierak ez du babesik
behar, baina espainiera-hiztun, zaude lasai; herri hau denona da eta
beste herritarren pareko eskubideak dituzu. Sezesiorako ezin dituzu
herritarrak uxatu. Ez eta engainatu ere.
Euskal Herrirako
abiapuntu izan daiteke. Dagoenetik abiatuta, jakinik hainbat udalerritan
hamarkadatako bidea dagoela euskalduntzeko, bai; alde batetik
administrazioa euskaraz ari dela, eta bestetik herritarrei nahi duten
hizkuntzan aritzeko askatasuna emanda.
Kataluniako estatua
jaiotzean, automatikoki, bertako biztanle guztiak Kataluniako herritar
bihurtuko dira. Hala izango da Euskal estatuan ere, automatikoa eta
unibertsala, euskaldun zein erdaldun izan. Hortik aurrera, baina,
zehaztu beharko da zelan lortu herritartasuna, gainontzeko estatuek
egiten duten legez: katalan nazioa Estatutik harago doanez, edozein
valentziar edo mallorcarrek Estatu katalaneko herritartasuna hartu ahal
izatea proposatu dute, moldaviar askok errumaniarra daukan legez. Euskal
estaturik sortzekotan, Espainiako estatutik bereizita sortuko da, baina
bermatu beharko lioke herritartasuna hala nahi lukeen lapurtarrari.
Diasporarako ere mekanismoak bideratu beharko dira.
Baina
hizkuntzak ekarri nau hona. Euskaraz jakitea eskatuko al zaie euskal
herritartasuna nahi duten biztanle berriei? Hala egiten dute estatu
askok, Espainiak zein Frantziak esaterako. Baina ez dut uste
hizkuntza-azterketarik behar denik. Ez dugu esan administrazioa euskaraz
ariko dela? Bada herritar berriei «proba» euskaraz egingo die. Horrek
hurrengo puntura garamatza. Antton Lukuk dioenez, «euskalduna zira?»
galdetzean ez gara jatorriaz ari, bost axola Gernikan zein Dakarren jaio
zaren. Euskal estatuak ezingo lioke herritartasuna ukatu ezein
euskalduni. Hau da, euskara jakitea ez da baldintza, bermea da
herritartasunerako. Bestela esanda, ez litzateke azterketarik behar
euskal herritar izateko; kafe bat, bost minutuko solasaldia euskaraz,
aski da euskal errepublikako herritartasuna lortzeko.
Europako
herritar bihurtzeko ate nagusia euskara ikastea izanen litzateke, hala.
Eta gure leku erdaldunduetan espainolaren hegemonia hautsiko da hura ez
dakiten baina beste dozenaka hizkuntza, ohitura eta sineskera
darabiltzaten herritar berriekin. Denak ere euskararen zubiak lotuta.
BERRIAn argitaratua
Showing posts with label herritartasuna. Show all posts
Showing posts with label herritartasuna. Show all posts
2014-03-23
2013-04-07
Herritartasuna
Behinola idatzi nuen Larrepetiten: Istanbulen kazetari
izateko akreditazio-paperak hartu nituenean, izen-abizen, jaiotze-data
eta ohiko datuekin batera, bi laukitxo zeuden, elkarren desberdinak: bat
herritartasunari zegokion (citizenship), eta naziotasunaz
galdetzen zuen bigarrenak. Lehena Estatuari zegokion, zure pasaporteak
adierazten duenaren arabera, Turkiako, Espainiako, Frantziako edo beste
edozein estatutako herritar izango zara. Horren aldamenekoa, baina,
erlijioa legez, pertsonala da, eta ez du zertan Estatukoarekin bat egin.
Hortik dator «gutxiengo» (minoría) kontzeptua.
Frantzian eta Espainian gauzak nahasi ohi dira. Alemania adibide duen nazionalismo etnikoaren aldean, sarri goraipatzen da frantsesaren nortasun zibikoa. Baina aski agerikoa da gauzak ez direla ez zuri ez beltz. Munduko leku gehienetan, oso erraz ulertzen da Estatuko herritar izatearen eta norbere nazioaren arteko aldea. Inperioek denak zapaldu izan zituzten berdintsu, baina ez ohi zuten Estatu modernoaren —frantses nazionalismoa eredu, berriz ere— asmo berdintzailerik izan. Estatuko herritar guztiak berdin dira, denak citoyen(ne), baina Estatua nazioaren pare bihurtzen da. Estatua berdin nazioa bada, herritar horiek guztiek naziokide bihurtu behar dira. Bihurtzea... asimilatzea, alegia. Alemaniak bazeukan herria XIX. mendea baino lehen, baina hainbat printzerri eta inperiotan zatituta, estatua falta zuen. Berdin Italiak. Frantziak eratu zuen Estatua, baina nazioa falta zuen. Eta bi mende eman ditu frantsesak sortzen. Euskaldunak eta bretoiak asimilatzen, aljeriarrak galiartzen, antillarrak frantsesten. Aleman herriko ziren alsaziarrak Frantziako herritar baziren, frantses behar zuten. Asimilazioa ia burututa, ukabila pixka bat zabaltzeko tenorea izan liteke. Alsaziak erreferendumera joko du gaur.
Turkia ere Frantziaren ispiluan sortu zuen Mustafa Kemalek, Ataturk turkiarren aitak (horregatik «naziotasuna» esatean ez dago «kurdu» jartzerik, turkiartasunean urtu baitzituen; baina bai musulman ez diren «armeniar» edo «greziar», hori ia estigma onartzea beste izan arren). Otomandar inperioaren errautsetatik eraiki zuen Turkia Ataturkek. Bazuen Espainiarekiko antzekotasunik: galdutakoaren mina baino gehiago, munduko konplotaren sentipena. Grezia, Errusia, britainiarrak, armeniarrak, kristauak oro, denak zituen etsai Turkiak. Denek nahi zuten Anatoliako lurra berentzat. Indarraren bidez eutsi zieten 1915ean, 1923an. Turkiak Estatuko ia hizkuntza guztiak desagerrarazi ditu. Baina kurduek aurre egin diote asimilazioari, belaunaldi berrietan hizkuntzak galera izugarria jasanda ere.
Kurdistanen zabaldu den prozesuan garrantzitsuak izan litezke Gobernutik esan berri direnak: Turkiako errepublika herri ugariren bilgune bada, inor ezin dela behartu turkiar izatera. Batzuetan galdetzen didate zergatik independentismoa ez den azalerazten Kurdistanen. Muga-aldaketa tabu handiegia da Ekialde-Hurbileko liztor-habian. Baina gurean are tabu handiagoa da Estatuak onartzea ez dagoela zertan espainiar edo frantses izan Espainia edo Frantziako herritar izateko. Ñabardura oso garrantzitsua da, Turkiaren izaera bera goitik behera erauzten du. Mendebaldean oso barneratuta daukagu herritarren berdintasunaren ideia, baina berdintasunaren nortasun zibiko horrek Estatuaren baitan herri ugari daudela ukatzea ere badakar. Edo Espainiako absurdura, herri eta nazio bakarra dagoela esan, eta gero zer den ondo definitu ez daitekeen zerbaitera onartzera. Turkiako Konstituzioan aldaketa semantiko horrek kurduei independentzia ematen die, kurduak Estatura asimilatu beharrean Estatua kurdu (ere) bihurtzen da. Horrek ez du zerikusirik Espainiako autonomia batekin.

Subscribe to:
Posts (Atom)