Hiru albiste nagusitu dira asteon munduan: Siria, Londres eta Espainia.
Nork non egin, horrek arreta nagusia. Turkia sutan haserre da kurduek
Sirian egindako urratsekin. Arabiarrak matxinatzea zilegi da, goitik
behera salatu behar da suniten aurkako zapalketa, hiltzailea Damaskon
zein Tel Aviven egon. Baina arabiartzeko asmoz lurrak kendu dizkieten
kurduak altxatzen badira, orduan dardara egiten du Ankarak. Eta zakur
amorratuaren moduan lehertu da Recep Tayyip Erdogan. Manipulazioak hasi
du bidea: Baxar al-Assadek «terroristei» lurrak eman ei dizkie, Turkiak
matxino sunitei babesaren kontraeraso gisa. Bost axola gezurra izatea,
Qamishlin egunotan egondako borrokek argi adierazten dutenez. Erdoganek
argi erantzun du, galdetu diotelarik ea Siriari erasoko dioten PKK
Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla nagusitzen bada: «Hori
eztabaidagai ere ez da, emanda dator hori. Hori dugu asmoa, hori da egin
beharrekoa». Izan zitekeen belatz sionista bat Gazari buruz berbetan,
baina ez, Erdogan da, palestinarren babesle handia. Domina, ereserki eta
malkoak ikusiko ditugu asteotan. Nik Afrin herriko lagun gazte baten
zirrara ekarri gura dut. Durangon egon zen Siwar duela urte eta erdi,
asteon egin dugu berba. Zaila da azaltzea zeinen hunkituta dagoen, bere
herrian Kurdistango bandera ikusita.
Londresen, datu pare bat:
duela lau urte ez zuen parte hartu Hego Sudanek. Aurten bai. Baina
Kosovok ez. Serbiarekin akordioa lortu ezean jai dauka, mendebaldeak
babestuta ere. Independentzia aldarrikatu daiteke eta estatu gisa
funtzionatzen hasi, baina jatorrizko estatuaren onarpena lortu arte
—borondatez zein behartuta—, bereizitako estatu berri batek ez du
normaltasunik izango. Horretan ibili da Ban Ki-moon egunotan Belgraden
eta Pristinan. Badira ukoan tematutako estatuak, eta badira errealitatea
onartzeko arazorik ez dutenak: barkamena eskatu diote Joe Allen
galestar futbolariari, eta Olinpiar Jokoetako liburuxkak berriz
argitaratu, nazionalitatearen lekuan «ingelesa» zekarrelako.
Gales
nazioa dela onartzeak ez du galestarren independentismoa hazten edo
murrizten. Kataluniari naziotasuna ukatzeak, berriz, ekarri du
independentismoaren hazkundea. Egunotan umiliazioa izan da nagusi
Espainian: mezu arrazistak Empordako suteetan laguntza katalanez eskatu
zutelako, eta zer esan Generalitateak asteartean erreskatea iragarri
zuelarik. Morrontza hori gainditzeko finantzaketa eredu berriaren alde
bozkatu zuten parlamentuan biharamunean, eta Artur Masek oharra egin
zuen: Madrilen erantzunak «garrantzi handiko ondorioak izango ditu
Kataluniaren eta estatu osoaren arteko harremanean». Estatutu
urardotuari ezetz esan zioten legez aurreratu daiteke finantzaketari
emango zaion ezezkoa. Bide orria argi markatu du Ferran Requejok El Temps
astekarian: hauteskundeak aurreratuko ditu Masek, krisiak estatuak
autonomien aurka egingo duelako, edo finantzaketa ukatutakoan. CiUk
Ogasun katalanaren promesa baztertu eta erradikalago jokatuko du. «Gero
koalizio gobernua eratu beharko lukete —ERCk eta CiUk gutxienez».
Independentzia prestatzeko gobernua, dio Requejok, nazioartean batez
ere: «Aliatuak bilatu behar dituzu edo, gutxienez, saiatu gutxitzen
prozesuaren aurkako aktoreak. AEBekin, Nazio Batuekin hitz egin behar
da, eta Europan aliatu egokiak izan. Argi izan behar da Katalunia
Espainiatik joaten bada, Espainia ahuldu egingo dela, eta EBko estatu
batzuentzat hori interesgarria izan daiteke. Hori guztia gertatzen bada,
estatuak gogortasun handiz erantzungo du: mediatikoa, politikoa,
juridikoa, nazioartekoa, setio egoera dei dezake edo autonomia
suspenditu...». Ezker-eskuin zalantzei aurre egiteko: «Eguneroko
kudeaketa ere egin behar da. Baina argi izanda zein den lehendabiziko
helburua. Munduan Kataluniaren lekua indartzeko gobernua da. Eta ez dago
indarketa hoberik, Europaren baitan estatu berria eratzea baino».
Zinez
jakingarria da Requejok dioena. Etxeko lanei eta, batez ere, kanpokoei
begira, horrelako sezesiorik ia inoiz gertatu ez dela jakitun: «Ez dago
erreferente enpirikorik, eta gauzak zorrotz egin behar dira, urratsez
urrats eta mugimendu bakoitzaren kostu eta onurak kalkulatzen. Hori diot
batzuetan su-zelaiko independentismo moduko bat nabari dudalako,
esaten duena katalanen esku dagoela soilik independente izatea. Ez.
Prozesua askoz konplikatuagoa da. Bide horretatik joan behar dugu, baina
ez da bide erraza. Helburuetan irmo eta sendoa izan behar da, baina
egiteko urratsetan profesionaltasun handia, aliantzak, azkartasuna eta
konplizitateak».
Bide orria markatzen du, baina orria idaztea, herri bakoitzari dagokio.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment