Showing posts with label YPG. Show all posts
Showing posts with label YPG. Show all posts

2013-11-17

Kurdistango aste historikoa


Oso gertakari garrantzitsu bi jazo dira asteon Kurdistanen. Lehendabizikoa Sirian gertatu da: Kurdistan autonomoko trantsizio gobernuaren sorrera iragarri zuen PYD alderdiak (Batasun Demokratikoaren Alderdia). Hari lotutako YPGko indar armatu kurduek (Herriko Defentsa Unitateak, PKK-ko gerrillan ibilitako kide ugariz osatuta), Al Kaidaren inguruko taldeen eskutan ziren dozenaka herri «askatu» dituzte azken asteotan. Eta asteartean lurralde horren gaineko gobernua aldarrikatu zuten Qamishlin, eskualdeko hiri garrantzitsuenean. Hala, Rojavan (mendebaldea kurdueraz, Siriako Kurdistan aipatzeko) biltzar bana izango duten hiru kantoi iragarri dituzte. Kurduez gain, arabiar, kristau eta txetxeniar komunitateetako ordezkariak ere izan ziren (txetxeniarrak XIX. mendean Errusiako inperioak kanporatutakoen ondorengoak dira). Izan ere, kurdu ez diren askok ere indar askatzaile gisa ikusi dituzte YPG taldeak jihadisten aurrean: besteak beste, armeniar zein asiriar jatorriko kristauek, eta arabiar askok.





Erreakzioak berehala iritsi ziren: Turkia haserre bizian, baita hark aterpetzen duen Siriako oposizioa ere. Kurduak pozarren irudikatuko dituzue. Ospakizunak izan dira, eta egunotan herri gehiago hartu dituzte kontrolpean. Baina kritika gogorrena kurdu batek egin die; ez edozeinek gainera: Masud Barzani Hego Kurdistango (Irakeko zatia) lehendakariak Turkiarekin bat egin eta autonomia gutxietsi zuen. Berdin egin dute PKKren ideologiatik urrunago dauden Siriako alderdi kurduek, Barzanirekin eta Siriako oposizioarekin bat datozenek eskuarki. Al Assadekin batzea leporatu diote PYDri, horren arabera, presidenteak lurraldea «opari» eman, oposizioa eta Turkia ahultzeko asmoz. Egia da PYD ez dela Siriako kurduen alderdi bakarra, eta baduela kritikarik, hasierako hilabeteetan erabilitako autoritarismo eta indarkeriagatik. Baina aurkariek ere aitortzen diote egindako lana, herriak askatzen, eskolak irekitzen edo emakumea iraultzaren erdigunean jarrita.

Sakoneko arazoa kurduen baitako zatiketa eta Ekialde Hurbileko egoera dira. Batak besteari eragiten dio. Masud Barzani kurduen nazionalismo tradizionalaren ordezkari da, eta PKK eta haren inguruko taldeak Abdullah Ocalanen ideologia iraultzaileak gidatzen ditu. Lehenak asmatu du historian zehar irauten eta berrasmatzen, Ekialde Hurbileko aliantza bereziak egiten, gaur honekin eta bihar harekin, Sobietar Batasunarekin hasi eta Estatu Batuetara segitu. Irakeko Kurdistan autonomoa aberats egin dute barzanitarrek, herritar asko genozidioa sufritzetik segurtasunera igaro dira, oparotasunera, eta —Ekialde Hurbileko testuinguruan— mendebaldearen antzekoa izan litekeen demokrazia batean bizi dira. Hala ere, ustelkeria salaketak asko dira Hego Kurdistanen.

Ipar Kurdistan modernoagoa eta mendebaldarragoa da. Turkiako zapalkuntzak paradoxikoki errepublika laikoaren eragina ere ekarri du. Eta 70eko hamarkadako mugimendu iraultzaileekin bat egitean PKK-k, ez zuen Turkiako zapalkuntza soilik salatu, baita nazionalismo tradizionala ere, feudalismoaren garrantzia esaterako. Abdullah Ocalanek etengabe azpimarratu du ez dagoela Kurdistan askatzerik emakumeak eskubide guztiak bereganatu eta kurduen feudalismoa gainditu ezean.

Turkiak Siriako oposizio sunita hauspotu zuen hasieran, baita gerora Al Kaidari lotutako matxinoak ere. Gero Al Assadek, armada Alepon eta Damaskon kontzentratuta, PKKri lotutako kurduek Siria-Turkiako mugaldea eskuratzea ahalbidetu du. Barzani kurdu guztien batasuna lortzen saiatu da, Siriako Kurdistanen daukan eragina ez dadin PYDren eskuetan gal. Baina asteongo adierazpenek argi utzi dute kale egin duela. Eta atzo lehen aldiz Diyarbakirrera joan zen, Ipar Kurdistango hiriburu ez-ofizialera, Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroaren eta haren AKP alderdiaren eskutik. Milaka lagunek egin zioten ongietorri. Kurdistango bandera debekatua lasai ibili zen atzo Diyarbakirren, eta kurduerazko afixak jarri zituen Erdoganek Barzaniri ongietorri egiten.

Aste gogoangarria izan da Kurdistanen, egunik egun idazten ari diren aro historiko honetan.
Donostiako Bake Konferentzian egon zen Osman Baydemir alkateak ere harrera egin zien, baina haren alderdiak, Bakearen eta Demokraziaren Alderdiak (BDP), gogor kritikatu du Barzani: AKPk datozen martxoko udal hauteskundeetan kurduei keinua egin nahi diela diote, eta Barzani erabili dutela horretarako. Ez hori bakarrik: 80ko hamarkadatik erbestean zen Siwan Perwer ere aritu zen atzo kantuan. Oso mingarria zaie askori gerrillariek hainbatetan entzun duten kantaria Erdoganen ondoan entzutea. Baina inkestetan, BDP jaun eta jabe da Kurdistango hiri eta herrietan oraindik.

BERRIAn argitaratua

2013-08-25

Gerrako irudiak

Berriz ez ikustea espero nuen irudiak itzuli dira azken egunotan. Koloretsuak dira kurduen arropak, emakumeen soinekoak eta zapiak. Baina etxetik ihesi doazen milaka kurduk dakartzaten istorioak ilunak dira oso. Al-Qaedari lotutako Al-Nusra taldekoen sarraskien berri eman dute. Turkiaren babesean Siriako muga zigorgabetasun osoz gainditzen duten jihadistak duela hilabete iritsi ziren Tel Abyad eta beste herri batzuetara, eta meskitetatik aldarrikatu halal (zilegi) zela kurduak hiltzea edo bortxatzea. Etxez etxe labana eskutan egindako hilketak aipatu dituzte. YPG gerrillari kurduek duela urtebete baino gehiago herri kurduak hartzean agindutakoa egin dute: gerra inora ez eroan eta etxeak defendatu, erasoa gobernutik zein haren aurkariengandik etorri. Siria arabiarra edo Siria islamikoa, kurduentzat ez dago lekurik batean ere. 1991ko irudien gomuta etorri da orduan, Saddam Husseinen aurka matxinatu ostean, mendirantz alde egin behar izan zutenekoa. Milaka hil ziren udaberri hartan, eta ehunka mila erbesteratu mugaz beste aldera Turkiaren menpeko Kurdistanen. Oraingo honetan alde dute badela Kurdistan ofizial bat, orduan Saddamen biktima ziren haiek eratutako estatu ia independentea, hain zuzen ere.

Hegoaldeko kurduak dira arma kimikoez gehien dakitenak. Aurten bete dira hogeita bost urte Halabjan bost mila gizon, emakume eta haur hil zituztela. Asteazkenean berriz ere itzuli ziren haien lotura izan zezaketen irudiak. Ez zen odolik ageri, hasiera batean dena amarrua izateko itxaropena ere bazenuen. Gero, gorpu gehiago agertu ziren, eztulka, garrasika hilzorian ageri zirenak helduak ez eze umeak ere baziren. Dena izugarria, antzezpena izateko. Hobe hala balitz. Baina ezezkoan nago. Hiltzailea hiltzaile, Damasko ekialdean eraso kimikoa benetan gertatu zelakoan nago, goizalde hartan pozoiak itota hil zirenak sekula itzuliko ez direlakoan. Hobe bai, dena gezurra balitz. Baina ia mundu guztiak onartu du krimena egon dela, ñabardura handiak egon arren: mendebaldetik hasi eta Errusiara, eta Siriak berak azkenik, matxinoei egotziz erantzukina —eta atzo bertan oposizioaren armategi kimikoa atzeman zutela adierazita—.

Bizitza errazagoa da dena mendebaldeko gaiztoen jukutria dela irudikatuta. Dena manipulazio mediatikoa, Europa eta Ipar Amerikako gizarteak lokartzeko, eta zernahi egiteko libre izateko agintari doilorrak. Baina interes larregik bat egiten dute Sirian zuri eta beltz baino ez diren irakurketa horietarako. Turkiaren babesean sartu diren mertzenarioak ez dira Estatu Batuen gustuko, hain gutxi beren burua al-Qaedako adar gisa aitortu eta gero. Areago, gerra jihadistek irabazi baino Libanon bezala sektario bihurtu eta urteetan luzatzea izan liteke orain han Mendebaldeko askoren apustua. Al-Assadi irabazi ezinik, Errusiaren babesa daukan artean, gutxienez herrialdea ahuldu dadila.

Eta al-Assad gerrako balantza bere alderantz ekartzen ari zen unean, zein zentzu luke azeleragailua zapaltzea, Estatu Batuek adierazitako marra gorri bakarra gainditzeko? Noiz eta, Nazio Batuetako ikerleak etxean dituzunean, zeuk baimena emanda? Badira, noski, bestelako bertsioak, Jordaniatik AEBek entrenatutako talde armatuak sartu ote ziren, eta haiek txikitzeko ahalegina, armadaren zati baten oldarra baina ez erregimenarena... Washingtonek baino indar handiagoz heldu diete bertsio horiei Londresek eta Parisek, Sirian itsas edo aire erasoren baterako gogotsu. Presioa Baxar al-Assadi egin zaio, NBEko ikerleei Ghutan ikertzen utz diezaien. Horraino logikoa, Damaskon bertan izanik ikerleok, gainera. Baina Moskuk gogora ekarri du auzune horiek matxinoen esku daudela eta haiek bermatu behar dutela ikerleen segurtasuna.

Galdera larregi, eta ziur antzeko gauza bakarra, norbait eraso kimiko bat egitera ausartu dela. Gerra krimenetan larrienetakoa egin duela, debekatutako armekin. Mugarik Gabeko Medikuek argitara eman berri duten oharrean diotenez, erakunde horrek diharduen Damaskoko hiru ospitaletan 3.600 lagun artatu zituztela asteazkenean, eta 355 hil zirela. Mundua lozorroan zeukan gerrak astindua hartu du, NBEko Segurtasun Kontseilura iritsi da auzia, geldiadia hautsi da. Eta geldialdi hori Al-Assadden aldekoa zen. Edo gerraren norabidea aldatzeko krimen izugarria egin dute hura galtzen ari zirenek, edo Al-Assaden aldekoek krimen eta hanka sartze itzela. Okerrena, alde biak horretarako gai direla pentsatzea.

BERRIAn argitaratua

2013-05-19

Mediterraneoko hizkuntzak

Errepublikari eta Konstituzioaren bigarren artikuluari zirrikitua Hexagonotik kanpo hasi zaio urratzen. Herenegun, bederatziak baino lehenxeago, bi eguneko eztabaida luzearen ondotik onartu zuen Korsikako Biltzarrak korsikeraren koofizialtasuna aitortzen duen testua. Erabakia Parisen defendatu behar dute orain, baina irekitako bidea biziki garrantzitsua da. Hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan hartu beharreko neurriak banan-banan bozkatu zituzten ehundik gora emendakinetan. Pierre Ghionga Korsikeraren Kontseiluko buru eta testuaren idazleak dio onartezina litzatekeela Frantziako Errepublikak uko egitea eskualde baten borondate demokratikoari. Luze joko du oraindik, baina historia idatzi zuten Aiacciun herenegun.

Uhartetik mendebaldera Katalunia dugu; urtebete barru katalan estatuari buruz bozkatzeko asmoz. Azken hilotan hizkuntza ere eztabaidagai izan da independentisten artean. Funtsean, 2014an eratu nahi duten Estatua nolakoa izango den irudikatzeko unean dira. Vicent Partalek Kataluniako estatuak hizkuntza ofizialik ez izatea proposatu du. Katalana litzateke Estatuko hizkuntza nazionala eta de facto erabiliko litzatekeena, eta gainontzekoak lekuaren eta erakundeen arabera erabiliko lirateke. Izan ere, katalana ofizial egiteak espainierari ere koofizialtasunerako bidea irekitzea ekar lezake, eta normalizazioa behin betiko oztopatzea hain hizkuntza handiaren presiopean. Asko dira munduan zehar hizkuntza ofizialik gabeko estatuak. «Konbentzituta nago Kataluniako estatu berriaren erronka garrantzitsuenetakoa dela ulertzea munduan gauzak ez direla halabeharrez Espainian diren bezala, eta ez direla kopiatu behar Espainiako estatuaren jokabide guztiak» dio Partalek. Gurean ere euskara ezagutzea beharrezko izatea proposatu izan dute abertzaleek, Espainiaren kalko eginez. Hobe administrazioa euskaraz bizitzea, udaletatik epaitegietara, poliziak herritarrekiko harremanak euskaraz bideratzea, funtsean Estatu-hizkuntza edo hizkuntza nazionala izatea.

Mediterraneoaren beste muturrean, nekez heltzen da albiste onik Siriatik. Baina sarraski hartan ere itxaropena herri ukatuen eskutik dator. Azken urteotan Iraken burujabetza lortu ondoren, orain Kurdistan mendebaldean (Sirian), banan-banan askatu dituzte herri kurdu gehienak iazko uztailetik. Eta burujabetza-esperientzia paregabea ari dira garatzen. Eskola da lehen urratsa; dozenaka ireki dituzte Siriako Kurdistanen. Hamarkada luzetako arabiartze behartuaren lekuan, lehen aldiz kurdueraz egin dute ikasturtea umeek. Neska-mutilak elkarrekin gelan, elkarrekin erakunde berrien agintean eta elkarrekin gerra-frontean eta kontroletan. PKKren Siriako adar diren YPG miliziek daukate eskualdearen kontrola. Asteon bi irudi eder iritsi dira Kurdistandik: umeek eskola-agiriak erakutsi dituzte harro, kurdueraren eguna ospatzeko. Bigarrena, Turkiako estatua utzi duten gerrillariak Irakeko Kurdistango mendietara iristen. Litekeena da hainbatek Siriako bidea hartzea, egun kurduen apustu garrantzitsuena den Rojava-n («mendebaldea» kurdueraz), autonomia behin betiko finkatzen laguntzeko. Nazioarteko laguntza eskatu dute. Berriki zenbait kaxa botika iritsi zitzaizkien Nafarroatik.

Sirian bertan bada gutxiago ezagutzen den gutxiengoa. XIX. mendean Errusiak Kaukasotik kanporatu eta otomandar inperioan sakabanatu ziren zirkasiarrak, Zirkasia hutsik gelditu zen, biztanleen ehuneko 90 galduta, bertan zein Itsaso Beltzean hilda edo deportatuta. Hala sortu zuten Amman hiria esaterako, egun Jordaniako hiriburu. Siriako zirkasiarrek berriz, arbasoen lurraldera itzultzea eskatu dute. Ehunka gutxi batzuei baino ez die Moskuk utzi, ordea. Etzi, maiatzaren 21ean, Zirkasiako konkistaren eta zirkasiar nazioaren suntsiketaren 149. urteurrena gogoraraziko dute. Krasnaya Polyana izeneko zelaian izan zen azken borrokaldia 1864an. Urte bakarra falta mende eta erdirako, eta orduan Krasnaya Polyanako zelaietan egingo dituzte Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoak. Berariaz ezkutatu du orduko sarraskia Errusiak, zirkasiar kulturari ez dio oihartzun txikiena eman, ezta folklorikoki ere. «Gure arbaso sarraskituen hilobien gainean ibiliko dira eskiatzen» salatu dute diasporako zirkasiarrek.

BERRIAn argitaratua