Showing posts with label Rajoy. Show all posts
Showing posts with label Rajoy. Show all posts

2014-01-26

Rajoyren plana

Kataluniarako plana daukala esan du asteon Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Ohi bezala, Moncloako bizilagunak ez du gehiagorik esan, baina biharamunean eskuin muturreko egunkari batek jaso du ustezko plan horrek dakarrena. Konstituziora eta Espainiako legeetara mugatu ordez —baina horiek baztertu barik— eremu politikora jauzi egitea ebatzi ei du PPko buruak. Horretarako, bere gobernu osoa jarriko du lanean, gai ekonomikoetan dihardutenak batez ere, independentziaren ondorio txarrak nabarmentzeko: gainbehera ekonomikoa, pentsiorik ez, eta imajina ditzakezuen beste hainbat hondamendi.

Bartzelonara joan da Rajoy bera, hainbat ministrorekin batera, Kataluniako PPren biltzarrera. Eta independentziaren aurkako dozena bat argudio azaldu ditu. Aspaldi egin behar zuena egin duela, alegia. Baina, horrekin batera, betiko ezetza: «Erreferenduma ez da egingo eta Espainia ez da zatituko». Lehenago ere esan du egunotan, presidente den artean ez dela independentziarik izango. Eta hori erraz uler daiteke, Kataluniak sezesioa gauzatzean presidentzia utzi beharko du.

Ñabardura erretorikoak eta bular-kolpeak bazter utzita, zer egin ez dakien gobernu baten etsipenaren bidea da. Geldirik badago, aurrera doa independentismoa, eta mugitzen bada, hitz egiten badu, berdin ugaritzen dira independentistak. Kataluniari buruz izan duen jarrerak ekarri du hori. Espainian gehiengo absolutua inoiz baino bizkorrago hondatu duen Gobernua sinesgarritasunik gabe geratu da, baita Gaztelako leku eskuindarretan ere.

Hortxe arazo nagusia. Duela urte bi ekin balio erretorikari, argudio unionistak baliatzeari, sedukzioari, katalanak limurtzeari, Espainian nazio bezala izan dezakeen lekua aitortzeari, askoz zailago iritsiko zen Katalunia gaurko lekura. Agian iritsi ere ez zen iritsiko. Baina datorren astean, katalan bezain espainiar sentituta ere independentista egin diren Súmate elkarteko aurkezpenean UPyD eta PPko hautagai ohi bi izango dira. Horixe Espainiaren lorpena.

Urte bian agindutako ia guztia apurtu duenak sinesgarritasuna falta du. Zer mezu ekonomiko eman dezake, pentsioez zein mehatxu egingo du lan-erreforma egin duenak, pentsiodunak ere beldurtuta dituen gobernuak? Mezu argia: konponbidea, gobernu honetatik eta are, Estatu honetatik libratzea da. Espainiarrek eurek, Estatu berria behar dutela geroz eta argiago dutelarik, zein argudio erabil dezakete katalanak egungo Estatuan gera daitezen? Ezer ederrik badakar Kataluniako prozesuari jarraitzeak, eraikiko duten estatu berriari buruzko hausnarketak, proposamenak dira. Ametsak nahi baduzue: zein hizkuntza erabiliko den, nor den herritar, nola antolatuko den lurraldea... ekintza kolektibo historiko eta itzel baten partaide sentitzearen ilusioa da hori. Horren aurrean, ezetza, ukoa eta mehatxua dira Espainiaren eskaintzak.

Hor ere badago, Espainiaren eta Erresuma Batuaren —edo Frantziaren, guri hurbil dagokigunez— arteko aldea: lehenak independentziaren ondorio kaltegarriez mehatxu egin behar du, elkarrekin egotearen propaganda positiboa berak ere sinetsi ezinik. Londresek eta Parisek, bere miseria guztiekin, nor badiren estatu garrantzitsuetako zati izatea eskaintzen dute. Eta horrek badu pisua, Edinburgon zein Baionan.

Azken detaile bat, egunotan bisitatu gaituzten Europar Batzordeko adituek berretsi digutena: guztiz zentzugabea litzateke egungo Europako Batasuneko mapan bi zulo egitea, Eskoziako arrantza edo Mediterraneo mendebaldeko portu garrantzitsuena galtzea. Europako estatuen jarrera, ahalik bizkorren eta pragmatikoen konpontzea litzateke. Salbuespen bakarrarekin, noski. Baina beste egun batean komentatuko dugu zelan dabilen arduratzen Berlin, salbuespen hispanikoaren purrustadekin.

BERRIAn argitaratua

2013-12-15

Espainia hondora

Zer diren paradoxak: Katalunian iragarri duten gisako erreferenduma Eskozian nahi zuten, devo-max proposamena hautatzeko —Britainiar Estatuaren barruan geratzea, baina herrialde burujabe bihurtuta, zerga subiranotasunarekin—. Katalunian, berriz, gehiengo handi batek «eskoziar» galdera gura zuen. Behinolako federalista gehienak, gainera, independentista bihurtu ditu Espainiak urteotan. Baina oso argazki indartsua lortu dute: mahaiaren bueltan negoziatzen ageri diren hori, UDCtik CUPera.

Bigarren paradoxa: ostegunean heldutasun handia azaldu zuten Kataluniako alderdiek. Noizbait idatziko dute azken egunotako zurrunbiloa zer izan den, ERCko eta ANCko buru nagusien ohartarazpen eta guzti. Prozesuak benetako arriskuan zirudien, kontsentsurik lortu ezinik, zertarako eta, egingo ez den erreferendum baten galdera adosteko. Lorpen itzela da. Hasieran, niri ere proposamen urardotua iruditu zitzaidan bi itaunen eskema, baina jokaldi bikaina da: askoz errazagoa da Bai-Bai erantzutea, Bai-Ez baino.

«Nahiko banu ere —eta ez dut nahi—, ezin dut» esan du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak egunotan. Espainiako presidentearen aginte-gaitasuna gorabehera, estatu horrek zeinen demokrazia estu eta mugatua daukan adierazten dute berbok. Eskubideak bermatu beharko lituzkeen konstituzioak berak, eragotzi egiten du herritarrek botoa emateko eta erabakitzeko eskubidea. Tenperatura igo egingo da aurki, eta agerian geratu konstituzioaren bermea ez direla ez espainol herria ez demokrazia; haren atzean, funtsean, armada dagoela. Espainiaren obsesio eta mamuak ezin ageriago daude, 1898tik inoiz ez bezala. Motibo gutxiagorekin inbaditu dute Bartzelona historian zehar. Askoz gutxiagogatik ere egon dira estatu kolpeak Espainian.


Galdeketa Madrilera joango da, Kataluniako Parlamentuan onartu ostean. Tramite hutsa da, baina ez hutsala: Katalunia zaku bete ezezko ari da biltzen, sezesiorako argudio ezin indartsuagoak direnak. Otsail-martxoetan izango ei da Madrilgoa. Juan Jose Ibarretxe gizajoaren irudia baino hobea lortu beharko du Artur Masek, lintxamenduari aurre egiteko. Kontsulta legeak ere ziurra du helegitea eta suspentsioa, beste bat zakurako. Laburbilduta, Espainiako legedian diren ate guztiak jo behar dira lehendabizi, denak itxita daudela jakinda ere. Ezinbesteko tramitea da Espainiaren izaera antidemokratikoa nabarmentzeko, nazioartera jotzen denean. Behin eta berriz negoziatzen saiatu arren, beste biderik ez dela egon argi uzten duten argudioak.

Info7 irratian argi zioen Quim Arrufat CUPeko diputatuak: «Ez digute utziko galdeketa egiten. Baina borondatea utzi, eta determinaziora jo beharra zegoen. Gatazka demokratikora jauzi egingo dugu». Martxelo Otamendik ostiralean azaldu zuen alternatiba: hauteskunde plebiszitarioak eta independentzia aldarrikapena. Hala egin zen Kosovon, baina alde garrantzitsu bat dago: 2008an Kosovo bazen independente, hau da, ez zen Serbiarekiko dependente. Kataluniako lurraldea, baina, Espainiaren menpe dago gaur. Eta hilez hil soldatak ordaintzeko dirua Madrildik dator. Baina hauteskunde horiek ere bertan behera uztea gerta liteke.

Autonomia bera kentzea da azken karta. Senatuak eta auzitegiek ez diote oztopo handirik jarriko Rajoyren Gobernuari. Baina okupazio militarraren esangura bera dauka, eta Espainiako autonomien estatuaren amaiera. Milioika katalanek aurre egiten dietenean, orduan bai, Europak ezingo du entzungor egin. Balkanetako memoria hurbilegi dago. Ukazioen zakua ondo beteko du Kataluniak. Sinetsita nago diplomazian ere sukalde lana ederto dabiltzala egiten.

Espainiatik inor ez da askatu bakebidez. Baina Madrili askoz zailago zaio Katalunia jotzea euskal independentismoa baino. Horregatik, Euskal Herrian ilusioa eta zuhurtzia, biak behar dira. 1898tik ataka larrienean dago Espainian, historiako hilabeterik garrantzitsuenetakoak izan ditzake aurrean. Kataluniatik hurbilen Nafarroa dago, eta ez geografikoki soilik. Usteldutako erregimen batekiko amorrua eta aldatu beharra, nafarrek adierazten dute argien asterik aste, mobilizazioetan. Erabakitzeko eskubidearen dinamikak ere egunez egun ari da hauspotzen, Durango-Iruñea giza katerako urte erdi falta dela oraindik.

Alfonso Alonso Alderdi Popularreko bozeramaileak ostiralean esan zuen galdeketak legearen harresiarekin egingo duela talka. Berlingo Harresiak ere sendo zirudien duela 25 urte, 1988 amaieran. Hamaika hilabete baino ez zuen iraun. Azaroak bederatzi zituen orduan ere.

BERRIAn argitaratua

2013-10-20

Independentzia irudikatzen

Bide-orria markatuta dauka Eskoziak. Datorren urteko irailean erreferenduma irabaziz gero, urte eta erdi inguru beharko dutela kalkulatu dute, beharrezko estatu-egiturak lortzeko, eta Londresekin horiek adosteko. Laburbilduta, Union Jack britainiar bandera zelan jaitsi negoziatu beharko dute. Orduan iritsiko da, esate baterako, Europaz hitz egiteko txanda. Nork ukatu lezake Londresek eta Edinburgok adostu dutena?

Hortxe alde handiena, Kataluniarekin. Zalantzarik balego ere, independentziaren aurka dagoela argi esan duen Josep Antoni Duran i Lleidak hori bera eskatu zion asteartean Mariano Rajoyri: negoziatu dezala, ez dezala pentsa trenen talka gertatu baino segundo bat lehenago Artur Mas bagoitik jaitsiko dela, Espainiako bagoia handiagoa delako soilik. Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapena —UDI, ingelesez— hauspotzen ari dela gaztigatu zion Rajoyri; egoera distantzia pixka batetik aztertzen duen edonork ondorioztatuko luke hori. Espainia ez da sekula fin ibili inor limurtzen, eta orain ere irmotasuna du estrategia. Etsaia bezatzea, beldurragatik izan arren. Ziurgabetasuna dakar Eskozian ez bezala adostasunik gabeko aldarrikapenak; UDIak beldurra ematen du bai, baina morrontzak are handiagoa.


Independentzia erreferendumaren aurreko azken kongresua egin du SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. Azaroaren 26an Independentziaren Liburu Zuria argitaratuko dutela iragarri dute, estatu berriari buruzko zehaztasun guztiekin. Inkestak aurka izan arren, argi ikusi dute informazio gehien daukan jendea dela independentziaren alde dagoena. Nicola Sturgeon lehen ministrordeak gogora ekarri du 2011ko hauteskundeak baino lau hil lehenago laboristak zirela nagusi inkestetan, eta gehiengo osoa lortu zuten gero independentistek.

Eskoziako estatua irudikatzeak ilusioa dakar. Eskoziarren gehiengoak amesten duena papereratzea da. Londresen laguntza dauka David Cameronen azken neurriekin: posta pribatizatzea, etxebizitzarako laguntzak murriztea, gutxieneko errenta... Egunerokotasunetik eraikiko da Eskoziako estatua, ongizatean eta justizia sozialean oinarrituta. «Posta publikoa izango da Eskoziako estatuan» entzun, eta pentsatzen duzu erraz argudiatu litekeela Espainiaren baitako nazioetan ere: ez dela LOMCErik izango, botiken berrordainketarik ez dela izango, pentsioak KPIarekin igoko direla gutxienez, curriculum propioa eta kalitatezko irakaskuntza publikoa izango direla gidari, edo Espainiako lan-erreforma indargabetuko dela.

Salmondek eta Sturgeonek badakite 2014ko irailaren 18an Eskoziako nazioak hiru mendeotako hitzordu garrantzitsuena duela. Baina bide horretan, Independentziaren Liburu Zuria inkestak iraultzeko mugarria izan daiteke. Eskoziako herriarekin bat egiteko unea izango da, hurrengo hamar hileetan eskoziarrek lor dezaketena paperean erakusteko tenorea.

Aukera dena, eskura jarriko diete eskoziarrei. Katalunian ere 2014ko udagoienean dirudi helmugak, baina egiaz datozen asteetan jokatuko da partidaren zati garrantzitsuenetakoa. Cameronek eta Sturgeonek herria ekarri behar dute independentziara. Artur Masek eta Oriol Junquerasek badakite herria alde dutela, areago, herriaren aldamenean dihardutela, eta hala daudelako dutela herria alde —beharrezko ñabardurak jarri herri kontzeptuari, baina inkestak, mobilizazioa, eta parlamentua, hirurak bat datoz independentismoan—. Urratsak astiro baina sendo ari dira egiten. Espainia zein urratsetan oldartuko den, horixe zalantza. Abenduan, erreferenduma deitzean? Tira, epaileek erraz baliogabetuko dute. Hauteskunde plebiszitarioekin? Ala hori ere debekatu eta parlamentuaren esku utziko ote dute independentzia aldarrikapena? Edozelan dela, Masek data eta galdera jartzeak, Eskoziako Liburu Zuriaren besteko garrantzia edo are handiagoa izango du: Kataluniako estatua eskura dutela ikusiko dute katalanek. Eta zain dagoen Espainia hori mugitzen hasten bada, independentziarako urratsak bizkortzea baino ez zaie geldituko Bartzelonan. Eskoziaren mesedetan, gainera.

BERRIAn argitaratua

2013-09-29

Kamiseta berdeak

Iraila katalanei buruz berbetan eman dut, eta amaitu ere hurbilen daukagun Mediterraneo horretan amaituko dut. Asko ibili zarete handik joan den udan, eta benetan badoazela sinetsita etorri zarete. Diadan egon gabe ere, leiho eta balkoiak apaintzen dituzten estelada mordoa gogora ekarrita, independentzia atzera bueltarik gabea dela ondorioztatu dute han ibili diren euskaldunek.

Herenegun bertan erreferendumaren aurreko ekintza garrantzitsuena adostu zuten: urtea amaitu baino lehen, 2013an bertan beraz, jakinarazi beharko dira galdeketaren data eta galdera. Mariano Rajoyk hiru hil ditu doi-doi Artur Masekin erreferenduma negoziatzeko. Garrantzitsua da ostiralean erabakitakoa, baina CiU eta ERCren gobernu-itunean dagoena berretsi baino ez du egiten.

Kataluniako Printzerrian legez, Menorca ere euskaldun jatorren, patxada eta naturazaleen oporgune kuttunetarik izan da joan diren hiletan. Zuetako zenbat ibili zarete joan den udan Menorcan? Beraz, Kataluniako independentismoarekin legez, sobera ezagutu dituzue Balear Uharteetatik gaur dakartzadanak. Uda beroa izan baita Mao eta inguruetan. Eta ikasturte hasieran lehertu egin da haserrea. Ezetz, hondartza eta kalak eta hotela eta tabernak ezagutu dituzuela, eta gune arkeologikoren bat bisitatu, baina zazpi edo hamar egunetan ez duzuela astirik izan menorcar bakar bat ezagutzeko, galdetzeko, solasaldi bat izateko? Norberak gura bezala antolatzen ditu bere oporrak. Baina etxeko lan pixka batek, zerbait irakurtzeak, kontakturen bat lotzeak, edozein leku ezagutzeko parada ematen du, bisitatze soilaz harago. Gaur Mallorcan eta beste hiru uharteetan inoizko manifestazio jendetsuena espero dute. 50 mila lagun baino gehiago, 850.000 biztanleko uhartean, jendetza da.

Katalanezko murgiltze-eredua kendu, eta TIL hirueleduna inposatu du Jose Ramon Bauza Balear Uharteetako presidenteak. Gehiengo absolutua dauka PPk. Pentsa zitekeen Galizian edo Nafarroan baino are errazago ezarriko zutela, turismoa hain garrantzitsua den lekuan. Baina ezetz esan zuten Mao hiriko hiru institututako zuzendariek. «Bitxia da ingelesa jakiteko matematikak gaztelaniaz egin beharra», dio guraso batek Vilaweb-ek egunotan egindako dokumentalean. Gobernuak gogor egin zien: kargugabetu eta espedientea ireki zien.


Olatu berdearen hastapena zen. Ikasturte hasieran greba mugagabea iragarri zuten. Ikastetxeak hutsik daude bi astez, kaleak protesta sinbolo den kamiseta berdeekin beteta. Gurasoak irakasleen alde, eta antolatuta, seme-alabak gaur aita honekin eta bihar ama horrekin uzteko. Espainiako Kongresuak LOMCE Hezkuntza legea onartzear den honetan, L'estaca kantatu dute egunotan Mallorcan, Parlamentuko atarian. Eta protestari eusteko indartsu daude, katalanez eta kalitatezko hezkuntzaren alde. «Ikusiko dun, nola nola, laster eroriko den».

Menorcako hiru zuzendarik hasitako protestak lurrikara ekarri du Illesetan: greba mugagabea, 200 mila euroko baino gehiagoko erresistentzia kutxa, gizarteko sektore guztietara zabalduta greba... eta PPko sektore erregionalistenak aztoratuta. Tòfol Soler Balearretako lehendakari ohi eta PPko kide historikoak publikoki adierazi die babesa grebalariei, eta berdin egin dute PPren Mallorcako hainbat udalerrik.

Galiziar idazle batek ziostan, eskuin abertzalea falta zutela han, PPk betetzen zuela eremu kontserbadorea osorik. Nortasun erregionalista antikatalanismoz osatzen da Kataluniatik kanpo. Baina Balearretako bideak erakusten du ukazioan oinarritutako gatazka identitario espainiarzale horren porrota. Eta oso lezio garrantzitsua dakar, abertzaletasuna ustez ahula den eskualdeetan haserrea kanalizatzeko eta mobilizazioa zelan piztu ikasteko.

BERRIAn argitaratua

2013-07-21

Rajoy, eta gero?

Europa osoa harrituta dabil, egunik egun Espainian ezagutzen diren ustelkeria kasu larriek inongo ondorio politikorik ez dutela ikusita. Betiere urruneko begirada horretatik, eskandaluaz harritu eta lasaitu puntu bat ere hartzen dute: Rajoyren alderdiak Madrilgo kongresuan gehiengo absolutua izateak egonkortasuna dakar, Bruselak eta Berlinek agindutakoa gutxienez otzan-otzan betetzeko. Arazoa, ordea, alderdi horren barrutik dator, bere sektore ultrenetik, Jose Maria Aznar lehendakari ohiak ordezkatuta, baita itxura liberalaren pean gupidagabe astindu duen El Mundo egunkaritik ere. Oposizioaren oldarrari erraz eusteko moduan legoke Mariano Rajoy, ukazioaren eta ezer ez egiteko orain arte daukan estrategiarekin. Edozein herrialde demokratikotan onartezina izan arren, horrela egin du agintaldi osoa orain arte Rajoyk. Baina etxe barruko zafraldiez libratzea ez da hain erraza.

Giro nahasi horrek Katalunian zein ondorio izan dezakeen ere aztertu dute azken egunotan. Espainian gertatzen dena zerbait arrotza balitz legez, eta interes bakarra, horrek zelan eragin dezakeen independentzia-prozesuan. Ebidentzia bat dago: bidea ukatzen dizun estatua geroz eta ahulago izan, orduan eta hobe estatu horretatik bereizita sezesioa gauzatzeko. Aspaldi, hamarkada askoan ez da egon Espainia horren jota. Horrekin ohartarazi dugu askotan: euskal abertzaleak batzeko ahaleginak, gizartea erabakitze-eskubidera ekartzeko ekimenak, horiek guztiak ezinbesteko eta beharrezko dira. Aspaldiko ilusio handiena piztu dute, gainera. Baina horrekin batera, ringean erdi zonbi dabilen inperio zahar hori part jaus daitekeela ere aintzat hartu behar da. Kataluniak bere estatua eratzeaz herritarrei galdetzea baino ez du nahi. Baina KOrako azken ukabilkada izan daiteke Espainiarako.

Vilaweb-ek iradoki du 2014ko irail hasieran izan daitekeela galdeketa. Datozen bost hiletan argitu beharrekoa da, bai eguna bai galdera, eta, hedabide berak dioenez, CiUk eutsi egiten dio ERCrekin izenpetutako hitzarmenari. Vicent Partalek dioenez, ezin da jakin «bonba lehertzean zein paisaia geldituko den: izan liteke PPk, eskuin muturretik irtetea, bai eta harrigarriki irteera liberalagoa egitea, katalan prozesuarekiko hurbilketa zibilizatuago batekin». Azken horretan ez nuke lar sinetsiko, historiari begiratuta, Espainiak/Gaztelak ez du sekula bere menpeko lurralderik «galdu», tartean gatazkarik —aski odoltsuak gehienetan— egon gabe.

Katalan katedradunen batek gerra arriskuaz ere ohartarazi du. Baina, oro har, ezinegona da nagusi, esango nuke. Ezin esan zer gertatuko den bihar. Orain arteko jarrera ezer ez egitea zuen Rajoyk, egon eta egon, jaramonik ez, auzitegietara bideratu adierazpenak, eta judizializazioarekin kudeatu —ezen ez konpondu— auzia. Baina galiziarraren eskuinerantz daudenen presioak arrakasta balu, zer? Eskuin muturra noraino irits liteke herritarrei galdetzera tematuta dagoen Kataluniako Gobernu eta Parlamentuaren aurrean?

Horren aurrean, karta garrantzitsua daukate katalanek. Ez da nahi luketen bidea, baina behar bada hori baino ez zaie geldituko: Espainiako erasoaren aurrean, UDIa, aldebakarreko independentzia aldarrikapena. Erraz asko irabaziko lukete Parlamentuan bozketa. Esandakoa, asmoa herritarrei galdetzea da, ahal dela legalki, baina bestela ere bideren bat aurkituta. Baina bide guztiak ixtean, aldebakartasuna baizik ez da geratzen.

Euskal Herrian ere, bakegintza, lurraldetasuna eta bestelako auziak dirudite estatua eratzearen aurretik ezarrita. Baina azken hilabeteotan ere argi samar geratu da planifikatutako guztia ez dela betetzen, eta beharrezko dela aldebakartasunean sakontzea. Pentsa, Kataluniak atea ireki eta beste ehundik gora urtean itxiko balitz.

BERRIAn argitaratua